10. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

54/2017 FORU AGINDUA, abenduaren 27koa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana, 2018rako “Europa Hurbilago” diru-laguntzaren deialdia onesten duena.

Gobernuak 2016ko uztailaren 27ko Erabakiaren bidez onetsitako Nafarroako Gobernuaren Europako Ekintza Planean adierazten den bezala, Bruselan egoitza dute Europako edo nazioarteko 1.500 erakundek baino gehiagok, 160 enbaxadak eta Europako lanbide elkarte eta federazio gehienek. Horrez gain, Brusela munduko prentsa zentro handienetako bat da, eta bertan aritzen dira atzerriko 60 banketxetik gora, nazioarteko 1.700 enpresa, nazioarteko 300 abokatu kabinete eta aholkularitza-etxe, bai eta nazioarteko 21 eskolatik gora ere.

Plan horren ardatzetako bat da Europar Batasuneko funtsak eskuratzeko orduan Nafarroako entitateen itzulkina hobetzea. Eskaintza eta proposamenak prestatzen direnean eskualdeko enpresa, zentro teknologiko eta unibertsitateetarako funtsak lortzeko, europar programetatik edo bestelako iturrietatik (adibidez, Europako Batzordeko zuzendaritza nagusiek berek, partzuergoek eta Europa mailako ekimenek antolatutako deialdi eta lizitazioetatik), aurretik zehaztutako metodologia edo estrategia bati jarraitu behar zaio Nafarroak arrakasta handiagoa izatea nahi bada, hots, itzulkina hobetuko bada. Bruselan gertatzen denari buruzko informazioa eta ezagutza izatea funtsezkoa da. Jakina, Europako programei eta finantzaketarako beste aukera batzuei buruzko informazioa erraz eskuratzeko bideak behar dira, eta zabalkunde kanpaina bat egin beharra dago.

Horregatik egin da Europa Hurbilago laguntza programaren deialdia, helburu duena Nafarroako enpresei laguntza zehatza izateko aukera eskaintzea Europako lankidetza proiektuaren arloan laguntzen deialdietara aurkezteko prestatzen ari diren proposamenak hobetzeko, eta modu horretan Nafarroako enpresek aurkeztutako proposamen horien arrakasta maila areagotzeko, Foru Komunitatearen lurraldera Europako funts gehiago erakarriz.

2018ko Nafarroako Aurrekontuen proiektuan honako partida dago: “B00002 B5000 4701 145100: Europa Hurbilago Programarako Laguntzak”, 10.000 eurokoa.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuan ezarritakoaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2018rako “Europa Hurbilago Programa”-ren laguntzen deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. 10.000 euroko gastua baimentzea deialdiaren ondoriozko konpromisoak betetzeko, 2018ko aurrekontuen proiektuko partida honetatik: “B00002/B5000/4701/145100: Europa Hurbilago Programarako Laguntzak”, betiere kreditu nahikoa eta egokia badago.

4. Deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Diru-laguntzen Datu Basera igortzea.

5. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2017ko abenduaren 27an.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

NAFARROAKO ENPRESENTZAKO LAGUNTZEN DEIALDIA EUROPA HURBILAGO PROGRAMAREN ESPARRUAN

1. oinarria.–Xedea.

1. Deialdi honen helburua da araubide bat ezartzea Europa Hurbilago Programan parte hartzen duten Nafarroako enpresentzako laguntzak emateko.

2. Neurri horiei esker, enpresek Europako proiektuen esparruko laguntzen deialdietara aurkezteko prestatzen ari diren proposamenak hobetuko dituzte. Hori egokitzat jotzen da, horrela proposamen horien arrakasta maila handitzen ahal delako eta, ikuspegi publikoari dagokionez, Europako funts gehiago erakarriko dituelako Foru Komunitatearen lurraldera.

2. oinarria.–Aurrekontua.

Deialdi honetarako bideratu den aurrekontua 10.000 eurokoa da, gehienez ere, 2018ko gastuen aurrekontuko “Europa Hurbilago Programarako Laguntzak” izeneko B00002 B5000 4701 145100 partidaren kargura.

3. oinarria.–Onuradunak.

Honako beharkizunak betetzen dituzten enpresak izaten ahalko dira diru-laguntzen onuradunak:

a) Helbide fiskala Nafarroan izatea.

b) Eskaera aurkezten den egunetik exekuzio epea bukatu arte, altan egotea jarduera ekonomikoen gaineko zergan eta ordainketa egina izatea.

c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluak ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskabidearen inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da hori.

d) 2018an edo 2019an deituko den Europako deialdi baterako aurkeztuko duten proiektu bat prestatzen aritzea.

4. oinarria.–Europa Hurbilago Programa

Europa Hurbilago Programak ekintza hauek biltzen ditu:

1. Proposamenak eratzeko prestakuntza ikastaroa Horizonte 2020-ren agertoki berrian (2018-2020 programa berrietarako). Prestakuntza hori Nafarroan emanen da, European Enterprise Network (EEN)-ren Nafarroako puntuekin lankidetzan, eta nagusiki praktikoa izanen da.

2. Programaren onuradun diren enpresen bidaia antolatua Bruselara, han funtsezko agenteekin bildu eta euren proposamenak hobetzeko. Horretarako, Nafarroaren Bruselako Ordezkaritzak, Bruselako CDTI-ren bulegoarekin (SOST) eta European Enterprise Network (EEN)-ren Nafarroako puntuekin lankidetzan, enpresen beharrei egokitutako bileren agenda bat antolatuko du. Hasiera batean, agendek honakoak hartuko dituzte barne:

–Taldeko lan saioak SOSTen egoitzan; horietan CDTIko ordezkariek eta Europako Batzordeko txostengileak bertatik bertara azalduko dituzte Horizon2020-ren berrikuntza nagusiak, bai eta enpresen parte-hartzearen gakoak ere.

–Europako Batzordeko Project Officers-ekin banakako elkarrizketak; aurretik zehaztuko dira, enpresek garatutako proposamenen arabera. Banakako elkarrizketak eginen dira betiere enpresak proposamen zehatza badu eta Project Officers-ek berresten badituzte.

–Bilerak Belgikako eta beste lurraldeetako erakundeekin, Bruselan antolatutako Brokerage-etan Nafarroako enpresek parte hartuz partzuergoak osatzeko.

5. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta laguntzaren zenbatekoa.

1. Gastu diruz lagungarriak izanen dira zuzenean loturik daudenak 2018ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitarte Europa Hurbilago Programan parte hartzearekin.

2. Honako gastu hauek dira diruz lagungarriak:

a) 4.1 oinarrian ekintza gisa adierazitako prestakuntza ikastaroan izena ematea.

b) Bruselarako bidaiaren gastuak: garraio publikoa (hegazkina, trena edo autobusa), ostatu hartzea (hotela) eta mantenua.

3. Ekintzaren garapenerako ezinbestean behar diren gastuak bakarrik onartuko dira.

Hegazkinez egindako joan-etorriak turista klasean eginen dira, eta gainerako garraiobideetan turista klasean edo horren baliokideetan.

Hotelean igarotako gau bakoitzeko emanen den gehieneko zenbatekoa inoiz ez da izanen 150 euro baino altuagoa (BEZa kenduta).

Bertaratze bakoitzeko onartutako gastuaren gehieneko zenbatekoa ez da izanen 1.000 euro baino gehaigokoa (BEZa kenduta).

4. Gastu horiek berariaz zehaztuak egon behar dute onuradunari igorritako fakturetan, eta espresuki adierazi behar da eginkizun horretarako zein profesional izendatu duen enpresak. Bertaratze bakoitzeko profesional bakar baten joan-etorria finantzatuko da.

Gastu diruz lagungarrien honako portzentajeak finantzatuko dituzte laguntzek:

GASTUAREN KONTZEPTUA

DIRU-LAGUNTZA (%)

Proposamenak eratzeko prestakuntza ikastaroa

%50

Bruselarako bidaia (bidaien, ostatu hartzearen eta mantenuaren gastuak)

%100

6. oinarria.–Eskaerak eta dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak 15 egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak eta aurkeztu beharreko dokumentu guztiak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskabidean adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bat eduki beharko da nahitaez. Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da. Gaitutako helbide elektronikoa eskuratzen den helbide berean egiten da harpidetza.

3. Agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskaera, eranskineko ereduaren arabera.

b) Enpresa eratzeko edo aldatzeko eskrituraren kopia, dagokion erregistroan behar bezala inskribatuta.

c) Enpresaren Jarduketa Planaren memoria, garatu nahi duen Europako proiektuaren gainekoa. Horretan gutxienez honakoak sartuko dira:

1.–Europako proiektu batean parte hartuta enpresak lortu nahi duen helburua, eta zein deialditara aurkez litekeen.

2.–Proiektuaren ideiaren azalpena.

3.–Proiektua idazteko eginen diren ekintzen kronograma.

4.–Proiektuaren garapenarekin lortu nahi dituen emaitzak.

5.–Talentuaren PIN bankuan (www.blogpin.es) sartutako pertsonen kontratazioaren aurreikuspena, eta/edo berariaz adieraztea enpresak parte hartu izana edo parte hartuko duela Nafarroako Nazioarteko Planaren nazioarteko praktiken programaren barrenean entitate hartzaile gisa.

d) Aurrekontu bat, diru-laguntzaren xedeko jardueretan parte hartzeko kostuen aurreikuspenarekin.

4. Eskaerak oinarri honetan aipatu baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak entitate interesdunari eskatuko dio gehienez 10 egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

7. oinarria.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako araubidea erabiliz emanen dira, eta, horrela, oinarri honetako irizpideen arabera baloratutako eskaerak konparatuko dira, horien arteko lehentasuna ezartzeko.

2. Balorazio irizpideak.

Gehienez ere 100 puntu lor daitezke, honela banaturik:

1. Irizpidea: Nafarroako enpresak aurkeztutako jarduketa planaren kalitatea, gehienez 85 puntu.

Atal honetan, zehaztu beharko da zein diren enpresaren helburuak eta xedea EBko programei dagokienez, eta horiek bete ahal izateko Europa Hurbilago Programan parte hartu beharra.

ATALA

EDUKIA

PUNTUAK

Enpresaren deskribapena eta xedea eta Europa Hurbilago-n parte hartzeko helburuak

Zehatzak, neurgarriak, errealistak izan behar dute

20

2018-2019rako Ekintza Plana

Interesekoak izan daitezkeen EBko deialdien deskribapena

Horien egutegia

Aurreikusitako ekintzen deskribapena

20

20

25

2. irizpidea: enpresek Talentuaren PIN bankuan (www.blogpin.es) sartutako pertsonak kontratatzea, edo enpresak parte hartu izana Nafarroako Nazioarteko Planaren nazioarteko praktiken programaren barrenean entitate hartzaile gisa, gehienez 15 puntu.

PUNTUAK

1. Kontratatutako pertsona

10

2. eta hurrenez hurrengo kontratatutako pertsonak

5 puntu horietako bakoitzeko

8. oinarria.–Laguntza emateko prozedura.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak eskabideak aztertuko ditu, eta gero organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek diru-laguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Ebazpen proposamenak ondokoa edukiko du, gutxienez:

a) Entitate onuradunen zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, laguntzen zenbatekoa adierazita.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanda. Haien artean, aurrekontuko baliabideak mugatzeagatik baztertu direnak agertu beharko dira.

2. Nafarroako Gobernuaren Bruselako ordezkaria izanen da laguntza eman edo ez ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena hiru hilabeteko epean gehienez ere eman eta jakinaraziko da, telematika bidez, eskatzaileen helbide elektroniko gaituan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe horretan eskatzaileari ebazpen espresik jakinarazi ezean, eskaerak ezetsitzat joko dira. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea hilabeteko epean, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

9. oinarria.– “De minimis” laguntzak.

1. Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamendurako Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da (L 352 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2013ko abenduaren 24koa). Inguruabar hori espresuki aipatu beharko da laguntza emateko ebazpenetan.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Enpresa bakarraren definizioa eta laguntzen metaketarena aipatutako Erregelamenduan ezarritakoaren arabera aplikatuko da.

2. Horretarako, onuradunak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko bestelako “de minimis” laguntzak aitortzera, eskaerak aurkezten dituztenean.

10. oinarria.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin. Hala ere, diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo diru-laguntzaren xedeko jarduerak izan litzakeen beste diru-laguntza, laguntza eta diru-sarrera batzuekin edo baliabide propioekin batuta, entitate onuradunak egin gogo duen jardueraren kostua baino handiagoa.

11. oinarria.–Justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa

1. Egindako ekintzaren justifikazioa aurkezteko epea 2018ko azaroaren 15ean bukatuko da.

2. Justifikazioan honako dokumentu hauek sartuko dira:

a) Egindako gastua frogatzen duten fakturak edo agiriak (jatorrizkoak edo fotokopiak), emandako diru-laguntzaren adinako zenbatekora iritsi edo gainditzen dutela. Horietan hauen gaineko datuak jasoko dira: igorlea, hartzailea, data, kontzeptua eta prezioa. Taxi, tren edo autobus txartelak aurkezten badira, edo garraio publikoa erabili izanaren bestelako frogagiriak, horiekin batera beste ziurtagiri batzuk ere aurkeztuko dira, entitatearen legezko ordezkariarenak, adierazten dutenak nork erabili dituen eta zer behar zegoen horiek erabiltzeko.

b) Egindako gastuak ordaindu direla dioten frogagiriak.

Diru-laguntza ordaintzeko ondorioetarako, justifikazioak aurkezteko epeak amaitu baino lehen, hau da, urriaren 31 baino lehen ordaindu dena baino ez da joko justifika daitekeen gastutzat.

3. Entitateak aurkeztutako programan aurreikusitako jarduera bat gauzatzen ez bada, edo laguntzaren kalkuluan baloratu diren jardueren ezaugarriak funtsean aldatzen badira, ordaindu beharreko diru-laguntza murriztu eginen da, hain zuzen ere puntu horiei dagokien zenbatekoan. Laguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izanen egindako jardueren kostua baino handiagoa.

12. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Honako betebehar hauek konplitu beharko dituzte deialdi honetako laguntzak jasotzen dituzten entitateek:

a) Diru-laguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematika bidez, laguntzen fitxa baliatuz aurkeztu beharko dute gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, aipatutako fitxan eskura dagoen ereduari jarraituz.

Onuradunak ez badu betetzen gardentasunari buruz informatzeko betebehar hori, ez da ordainduko onartutako diru-laguntza.

b) Diru-laguntza ematea ekarri duten jarduerak oinarri arautzaileei jarraikiz egitea.

c) Laguntza eman eta haren zenbatekoa finkatzeko aintzat hartu diren baldintzen aldaketa guztien berri ematea Nafarroako Gobernuaren Bruselako Ordezkaritza Zuzendaritza Nagusiari. Aldaketak behar adina arrazoitu beharko dira, aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak gertatu eta berehala, eta betiere, diru-laguntza jasotzen duen programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen. Edozer aldatuz gero, diru-laguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, edo, bidezkoa bada, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

d) Nafarroako Gobernuaren finantzazioaren berri ematea diruz lagundutako jarduera hedabideetan eta publizitatean agertzen den bakoitzean; horretarako, instituzio honen sinbolo grafikoa txertatuko dute.

e) Organo emaileak egin ditzakeen egiaztapenei men egitea.

f) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari.

g) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

h) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

i) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Aurreko betebehar horietako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriz ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. Izaera orokorrez, deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak jasotzen dituzten entitateak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte. Diru-laguntzen arloko zehapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedaturikoari jarraikiz ezarriko dira.

13. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Kudeaketa organoak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren Diru-laguntzen Datu Basearen bitartez , honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Era berean, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, organo kudeatzaileak jendaurrean jarriko ditu onetsitako diru-laguntzak, laguntzen fitxan, honako hauek zehaztuta: laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzen helburua.

14. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik zenbatuta.

ERANSKINA

Tramitazio telematikoa.

Iragarkiaren kodea: F1715245