Iragarkia
98. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 23a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
10E/2017 FORU AGINDUA, maiatzaren 10ekoa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko kontseilariak emana, idatzizko prentsarako, irratietarako eta on line hedabideetarako diru-laguntzen deialdia onesten duena.
Euskarari buruzko 18/1986 Foru Legeak, 27. artikuluan, Nafarroako Administrazio publikoak premiatzen ditu hedabide publiko eta pribatuetan euskararen presentzia sustatzera, gero eta handiagoa izan dadin.
Aipatutako legezko xedapena betetzeko, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak esleitua du Nafarroako hedabide sozial publiko zein pribatuetan euskararen presentzia sustatzeko eginkizuna, bai eta laguntza material zein ekonomikorako planak eta hitzarmenak gauzatzekoa ere, aipatu erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen abuztuaren 28ko 130/2015 Foru Dekretuak xedaturikoari jarraiki.
Nafarroako Gobernuak 2017ko urtarrilaren 25ean onartutako 2016-2019 aldirako Euskararen I. Plan Estrategikoaren barnean dago deialdi hau, zehazki Erabilera soziala izeneko lehenengo ardatzaren 4. helburu espezifikoan, eta 2017an Idatzizko prentsan, irratietan eta on line hedabideetan euskararen presentzia sustatzeko 580.000 euroko diru-laguntzen banaketarako oinarriak xedatzen ditu.
Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailearen eta administrazio publikoaren arlo juridikoko teknikariaren aldeko txostena du deialdiak, eta Kontu-hartzailetza Delegatuaren adostasuna.
Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. 2017ko aurrekontuko ekitaldian, Nafarroan zabaltzen den idatzizko prentsan, irratietan eta on line hedabideetan euskararen erabilera sustatzeko laguntzen deialdia onestea, foru agindu honek erantsita dauzkan oinarriek eta eranskinek araututa.
2. Deialdiaren oinarriak eta eranskinak onestea, foru agindu honetan biltzen direnak.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, ondotik aipatzen diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaeren arabera:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
B30002-B3200-4709-334100: (E) Hedabideetan euskararen presentzia sustatzeko laguntzak | 2017 | 580.000,00 |
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Foru agindu hau eta eranskinak igortzea Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, aipaturiko departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Ekonomia Aferetarako Bulegora, Euskarabideko Euskara Sustatzeko Atalera eta Programen Bulegora, bai eta Diru-laguntzen Datu-base Nazionalera ere, behar diren ondorioak izan ditzaten.
6. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
7. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2017ko maiatzaren 10ean.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko kontseilaria, Ana Ollo Hualde.
I. ERANSKINA
Oinarri arautzaileak
1. Deialdiaren xedea.
Deialdi honen xedea da 2017an Nafarroan zabaltzen diren idatzizko hedabideetan, irratietan eta on line hedabideetan euskararen presentzia sustatzeko laguntzak arautzea.
2. Aurrekontu erabilgarria.
Deialdi honetarako bideratu den aurrekontua 580.000,00 eurokoa da, gehienez ere, 2017ko gastuen aurrekontuko “Hedabideetan euskararen presentzia sustatzeko laguntzak” izeneko B30002 B3200 4709 334100 partidaren kargura.
3. Onuradunak.
Laguntza hauek eskuratzen ahalko dituzte Nafarroan zabaltzen den hedabide bateko titular diren pertsona fisiko edo juridiko guztiek, hauen artean baldin badira:
–Eguneroko prentsa edo aldizkariak, haien zabalkunde eremua Nafarroako Foru Komunitatearena bada, eta haien argitaratze jarduera etengabe gauzatu bada deialdi hau argitaratu arte. Toki mailako aldizkariek gutxienez ere 4 ale atera beharko dituzte urtean, eta gutxienez ere 8 orrialde izan, ale bakoitzeko, argitaraldi guztietan.
–Foru Komunitatean emititzen duten irratiak, Nafarroako Gobernuak irratiz emititzeko ematen dituen lizentzien esleipen-hartzaileak badira.
–Euskarazko on line hedabideak, edo euskara erabiltzen dutenak, hala arestian aipatutako idatzizko hedabideen edo irratien euskarri digitala direnak nola beren lana on line baizik egiten ez dutenak, haien jarduna Nafarroan garatzen dutenak. Modalitate honetan bazterturik geldituko dira beren orrietan gutxienez ere sailen %50ean euskaraz nabigatzeko aukera ematen ez dutenak.
4. Diru-laguntzen modalitateak eta laguntzen zenbatekoa.
Hedabideen jarduerari diru-laguntza emanen zaio, modalitate eta kopuru hauen arabera:
4.1. Euskaraz aritzen den eguneroko prentsa (egunkariak), gehienez ere 50.000 euro.
4.2. Euskara erabiltzen duen eguneroko prentsa (egunkariak), gehienez ere 60.000 euro.
4.3. Euskara hutsezko tokiko aldizkariak, gehienez ere 240.000 euro.
4.4. Euskara erabiltzen duten tokiko aldizkariak, Nafarroako hizkuntza eremu mistoan eta/edo ez-euskaldunean zabaltzen direnak, gehienez ere 40.000 euro.
4.5. Euskara hutsez aritzen diren irratiak, gehienez ere 140.000 euro.
4.6. Euskara erabiltzen duten irratiak, eremu misto eta/edo ez-euskaldunekoak, gehienez ere 20.000 euro.
4.7. Euskarazko on line hedabideak, edo euskara erabiltzen dutenak, gehienez ere 30.000 euro.
5. Deialditik kanpo.
Ondoko hauek ez dute diru-laguntzarik jasoko:
a) Alderdi politikoek, izaera politikoa duten elkarteek, sindikatuek edo lanbide elkargoek argitaratutako hedabideek.
b) Elkarteek, kirol elkarteek, fundazioek edo antzekoek barne kontsumo eta banaketarako argitaratutakoek.
c) Eskola aldizkariek, aldizkari espezializatuek, kultura berripaperek, eta kultura agerraldi zehatzei buruzkoak edo irakurle espezializatuei zuzendutakoek.
d) Ikuskizun gidek, denbora-pasakoek eta antzekoek.
e) Udalen informazio aldizkariek eta informazio orokorra ematen ez duten udal argitalpenek.
f) Informazio espezializatua ematen duten informazio orriek.
g) Idatzizko hedabideen kasuan, beste hedabide baten barnean banatzen diren tartekoek.
h) Lege-gordailu zenbakirik ez duten argitalpenek.
6. Aldia.
Diruz laguntzen diren jarduerak 2016ko azaroaren 1etik 2017ko urriaren 31 bitartekoak izanen dira.
7. Prozedura. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.
Eskabideak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta aurkeztu beharko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, hau da, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan aipatzen den horretan, edo bestela Euskarabidearen Erregistroan (Yanguas y Miranda kalea, 27, 1.a, 31003 Iruña), Nafarroako Gobernuko Erregistro bulegoetako edozeinetan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan zehazten diren tokietan.
Diru-laguntzaren eskaera Euskarabideari zuzenduko zaio, bertan adieraziz deialdi honen izena; eskabidea formalizatzeko erabili beharreko eredua foru agindu honen eranskinean dago, eta Nafarroako Gobernuaren web instituzionaletik ere har daiteke, helbide honetan: http://www.navarra.es/home_es/servicios/buscador-avanzado, horrekin, onartutzat joko dira deialdi hau arautzen duten oinarriak.
Eskaera postetxe batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki baten bidez eginen da, Postako langileak ziurtatu aitzin, data eta zigilua jar diezazkion. Ez da baliozkotzat joko eskatzaileen irteera-erregistroa. Mezu elektroniko bat ere bidaliko da, deialdian parte hartzeko asmoa adieraziz eta dokumentazioaren bidalketa agiria erantsita. Dokumentazioa jaso ez bada epea bukatu eta 10 egun natural iragan ondoren, ez da inolaz ere onartuko.
7.1. Aurkeztu beharreko agiriak:
7.1.1. Eskabide-orri orokorra. Posta elektronikoko helbide bat emanen da eskabidean, horren bitartez eskatzeko, beharrezkoa bada, eskaeraren zuzenketa, eta bertan jasotzeko, halaber, esleipenaren gaineko ebazpena; erantzukizunpeko adierazpen bat ere aurkeztu beharko da, entitatearen ordezkariak emana, adierazteko entitateak ez dituela diru-laguntzen onuradun izateko Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezartzen diren debekuak ezarrita. (II. eranskineko fitxa osatu)
7.1.2. Entitate eskatzailearen nortasun juridikoa frogatzen dutenak:
a) Enpresa pertsona juridikoa bada, hura eratzeko edo, kasua bada, aldatzeko eskritura, behar bezala inskribatua Merkataritza Erregistroan.
b) Elkartea bada, Nafarroako Gobernuko Barneko zuzendari nagusiaren ebazpena, elkartea Nafarroako Foru Komunitateko Elkarteen Erregistroan inskribatzen duena, baita elkartearen estatutu legeztatuak ere.
c) Eskatzailea beste baten izenean edo hura ordezkatuz ari bada, horretarako emandako ahalordearen egiaztagiria, notario eta erregistro bidez egina.
d) Irratiei dagokienez, Nafarroako Gobernuak emititzeko emandako kontzesio administratiboaren egiaztagiria behar da.
e) NANaren fotokopia, eskatzailea pertsona fisikoa bada.
Entitate edo pertsona eskatzaileari dagokion dokumentazioa Administrazio honen esku badago, ez da beharrezkoa izanen berriro aurkeztea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 53.d) artikuluarekin bat.
Kasu horretan, dokumentazio hori indarrean dagoela jasotzen duen adierazpena aurkeztu beharko da, zehaztuz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zein organotan edo tokitan eta noiz aurkeztu edo, kasua bada, eman zen.
Bide hau bakarrik erabiltzen ahalko da agirien prozedura bukatu zenetik bost urtetik baino gehiago iragan ez badira.
7.1.3. Dagokion komunikabideko euskararen erabilerari buruzko proiektu zehatza, honako xehetasun hauek dituena:
a) 2017an zehar beteko diren jardueren proposamena, bereziki aipatuz euskarazko programazioa edo edizioa, eta hura zenbateraino handitzea aurreikusten den. Aldizkako argitalpenak izanez gero, argitaratutako azken zenbakia ere aurkeztuko da.
Hedabidea on line ere ari bada edo on line bakarrik aritzen bada, bukatutako azken hiruhilekoaren gaineko txostena gehituko da, hedabidearen on line bertsioaren zabalkundeari buruzko datuekin, edo bestela sarbide bat aktibatuko zaio Euskarabideari, zuzenean kontsultatzeko. Txostenak zehaztuko ditu ikustaldiak, ikusitako orriak, ikustaldi bakoitzaren batez besteko denbora eta erreboteen portzentajea.
b) Euskarazko programazio edo argitalpenen ezaugarriak (III. eranskineko fitxa bete), erreferentzia hauekin:
Idatzizko hedabideek orrialde kopurua aipatuko dute, non argitaratzen den (kasua bada), aldizkotasuna, argitalpen egunak, gaiak, Nafarroako eduki berariazkoak, tokiko esamoldeak eta Nafarroako euskalkiak erabiltzen ote diren, egitura, eta proiektuaren ikuspegi zehatza transmititzeko behar diren argibide guztiak, hala nola inprimatutako aleen kopurua, zabalkundea, harpidedunen kopurua, salmentak (ordainduzkoa bada) eta irakurle kopuruaren kalkulua.
Irratietarako laguntzak eskatzen dituztenek aipatuko dute tarteen iraupena, zer egun eta ordutan emititzen diren, gaiak, programazioaren egitura, eta proiektuaren ikuspegi zehatza transmititzeko behar diren argibide guztiak, hala nola entzuleen kopuru potentziala, erabilitako euskalkiak edo ahozko erregistroak, eta ekoizpen propioko ordubeteko grabazioa aurkeztuko da. Ez dira ekoizpen propiotzat onartuko ekoiztetxeei edota irratiei erositako edukiak, lehenago beste hedabide batzuetan emititu badira. Beste komunikabide sozialekin batera egindako programazioen berri eman beharko dute berariaz, horrelakorik badago.
c) Aurrekontu zehaztua, diruz lagundu beharreko hedabidearen jarduerari egozten ahal zaizkion zuzeneko eta zeharkako gastuen eta diru-sarreren gaineko agiriak aurkezturik. IV. eranskineko aurrekontu-laburpena ere bete beharko da. Beste hizkuntza batzuetako hedabideek euskararen erabilerari egozten ahal zaizkion gastu eta diru-sarreren aurrekontua aurkeztuko dute, ez hedabidearen gastu eta diru-sarrera guztiak. Honako alor hauetako gastuak izango dira diruz lagungarriak: langileria gastuak, funtzionamendukoak, mekanikoak, banaketa eta ekoizpenekoak, inbertsioak ez direnak.
Ondorio hauetarako, euskarazko lanak egiteko langileak eta kolaboratzaileak kontratatzeak sorturiko gastuak, ustiapen gastu orokorrak eta funtzionamendu eta banaketa gastuak hartuko dira kontuan, betiere deialdi honetako Baloraziorako Batzorde Teknikoak onartzen baditu, kontabilitateko printzipioak, eskuarki onarturikoak, aplikatuta, diru-laguntzaren xede den jarduerari egozten ahal zaizkionak.
d) Behin diru-laguntzak esleituta, jakinarazpenetik hilabeteko epean aurkeztu beharko dute Gardentasun Legeak ezarritako betebeharrak betetzearen Aitorpena (IX. eranskina).
e) Entitate eskatzailea ez badago Nafarroako Gobernuko Transferentzia bidezko Ordainketa Sisteman (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm) alta emanda, edo datu horiek aldatu nahi baditu, Euskarabideari betetako jatorrizko inprimakia aurkeztuko dio, edo Ogasun Departamentuko Diruzaintza Atalean aurkeztu izanaren agiria.
f) Aholkularitza edo laguntza enpresek emandako ekipo ondasunen horniduren edo zerbitzuen kasuan, diru-laguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada diru-laguntza eskatu baino lehen. Hori frogatzeko, egiaztagiri bat aurkeztuko da, hornitzailea hautatzeko erabili den prozedura justifikatuko duena.
Eskabideak aitzineko oinarrietan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, entitate interesdunari eskatuko zaio hamar egun baliodunean akatsak zuzentzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko. Halaber, adieraziko zaio, hori egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela, inguruabar hori deklaratzen duen ebazpena eman ondotik.
Errekerimendua, eskatzaileak eskabidean emandako helbide elektronikora egiten ahalko da. Errekerimendua modu horretan egiten ahalko da, bakar-bakarrik, eskatzaileak berariaz baimendu baldin badu, eskabide-orri orokorrean dagoen adierazpena sinatuz.
7.2. Datuen tratamendua.
Eskaeran eta erantzukizuneko adierazpenean emandako datuak, bai eta diru-laguntzaren onuradun izanez gero aurkezten diren gainerako datuak eta dokumentazioa tratatzeko ere, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta gainerako legerian xedatutakoari jarraituko zaio. Datuetan sartu eta haiek zuzendu eta ezerezteko eskubideak aipatutako legerian oinarriturik erabiliko dira Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuan.
8. Instrukzioa.
Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak prozedura instruituko du, eskaerak ebaluatuko ditu deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera, eta, batzordeak egindako ebaluazioa ikusita, ebazpen proposamena eginen du.
Diru-laguntzak norgehiagokako prozedura erabiliz emanen dira, hainbanaketarekin.
Pertsona edo entitate onuradunek jarduera bera egiteko bateragarriak diren diru-laguntzak hartzen badituzte, diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan pertsona edo entitate onuradunek egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo diru-laguntzaren xede den jardueraren baliabide berekiekin batuta.
Pertsona edo entitate eskatzaileek gutxienez aurrekontu osoaren % 30eko autofinantzaketa maila izan beharko dute, eta, horretarako, onartutako aurrekontuaren %70 hartuko da diruz lagungarritzat, eta baldintza hori beteko ez balitz, esleitu beharreko kopurua egokituko litzateke, tarte horretan egoteko.
Instrukzio organoak ebaluatuko ditu eskaerak, deialdi honetan ezarritako irizpideak erabiliz.
9. Balorazioa: Batzorde Teknikoa eta balorazio irizpideak.
9.1. Baloraziorako Batzorde Teknikoa.
Aurkeztutako eskaeren azterketaz arduratuko da, bere erabakia loteslea izango da eta kide hauek izanen ditu:
–Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, edo hark eskuordetutakoa, batzordeburu arituko dena.
–Euskara Sustatzeko Ataleko burua, edo hark eskuordetutakoa.
–Azterlan eta Plangintza Ataleko burua edo hark eskuordetutakoa.
–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko teknikari bat, idazkari lanetan ariko dena.
–Nafarroako Gobernuko Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiko Komunikazio Zerbitzuak izendaturiko pertsona bat.
Baloraziorako Batzorde Teknikoak, aurkeztutako programen edukiaren arabera, egoki iruditzen zaizkion aditu teknikoen aholkularitza eskatzen ahalko du.
Batzordearen ebaluazioa ikusirik, Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen dio Euskarabideko zuzendari kudeatzaileari.
9.2. Eskaerak baloratzeko irizpideak eta laguntzen esleipena.
Baloraziorako Batzorde Teknikoak eskaerak aztertuko ditu ondotik adierazten diren irizpideak kontuan harturik, eta laguntzak lortutako puntuazioaren proportzioan esleituko ditu. Laugarren oinarrian ezarritako modalitateen ordenari jarraikiz:
9.2.1. Eguneroko prentsa euskaraz.
1etik 100era baloratuko da euskararen hedapenerako proposamena, eta proposamen hoberena onetsiko da, betiere betetzen baditu eskatzen diren gutxienekoak, eta 50eko edo gehiagoko puntuazioa eskuratzen badu; jaso beharreko kopurua lortutako puntuazioaren araberakoa izango da, betiere ez badu gainditzen onartutako aurrekontuaren %70. Irizpide hauek erabiliko dira:
Presentziaren maiztasuna:
Ale bakoitzeko orrialde kopurua (eguneko 4 gutxienez).
–Gehienez ere 50 puntuko balorazioa emanen zaio orrialde gehien duen argitalpenari, eta orrialde kopuruaren proportzioan jaitsiko da puntuazioa, zenbaki osotara biribilduta.
Nafarroan banatutako aleen kopia kopurua (Gutxienekoa, 1.000).
–Gehienez ere 50 puntuko balorazioa emanen zaio kopia gehien duen argitalpenari, eta kopia kopuruaren proportzioan jaitsiko da puntuazioa, zenbaki osotara biribilduta.
9.2.2. Euskara erabiltzen duen eguneroko prentsa
1etik 100era baloratuko da argitalpenean euskararen presentzia garatzeko proposamena, eta proposamen hoberenak onetsiko dira, betiere betetzen badituzte eskatzen diren gutxienekoak, eta 50eko edo gehiagoko puntuazioa eskuratzen badute; jaso beharreko kopurua 40.000 eurokoa izanen da gehienez ere proposameneko, eta lortutako puntuazioaren araberakoa izango da, betiere ez badu gainditzen onartutako aurrekontuaren %70. Irizpide hauek erabiliko dira:
Euskarazko orri kopurua (egunero orrialde bat edo 8 astean, gutxienez).
–Egunero orrialde bat edo 8 astean, 10 puntu.
–Egunero 2 orrialde edo 16 astean, 20 puntu.
–Egunero 3 orrialde edo 24 astean, 50 puntu.
Nafarroan banatutako aleen kopia kopurua (Gutxienekoa 15.000).
–Gehienez ere 50 puntuko balorazioa emanen zaio kopia gehien duen argitalpenari, eta kopia kopuruaren proportzioan jaitsiko da puntuazioa, zenbaki osotara biribilduta.
9.2.3. Euskara hutsezko tokiko aldizkariak.
Gehienez ere 200 puntuko balorazioa emanen zaio hedapen handiena duen argitalpenari. Hedapena kalkulatuko da diruz laguntzen den aldian guztira argitaratutako orri kopurua (aleak x orriak x kopiak), eta puntuak hainbanatuko zaizkie gainerako argitalpenei, zuzeneko proportzioan, zenbaki osotan. Kalkulu horri beheranzko faktore zuzentzaile bat aplikatuko zaio, %20koa, nagusiki Nafarroako eduki berariazkoak eskaintzen ez dituzten argitalpenetarako.
Kalkulu honen ondorioetarako, ulertuko da alea dela edizio bereizi bakoitza (Zenbakia) eta kopiak, berriz, inprimatze aldi bakoitzaren emaitza.
25 puntu gehituko zaizkie Nafarroako tokiko esamolde eta euskalkiak erabiltzen dituzten argitalpenei.
9.2.4. Euskara erabiltzen duten tokiko aldizkariak.
Puntuak honela banatzen dira:
EUSKARAZKO EDO EUSKARAREN GAINEKO EDUKIEN PORTZENTAJEARI DAGOZKION PUNTUAK | 1. | 2. | 3. |
Eremu mistoa | % 4 | % 8 | %12 |
Eremu ez-euskalduna | % 4 | % 6 | %9 |
Bi eremuak | % 4 | % 8 | %12 |
Modulu bakoitzari dagozkion puntuak | 20 pt | 30 pt | 50 pt |
(*) Nafarroako Foru Komunitateari dagokiona soilik hartuko da kontuan. | |||
Gehienez ere 50 puntuko balorazioa emanen zaio hedapen handiena duen argitalpenari. Hedapena kalkulatuko da diruz laguntzen den aldian guztira argitaratutako orri kopurua (aleak x euskarazko orriak x kopiak) eta puntuak hainbanatuko zaizkie gainerako argitalpenei, zuzeneko proportzioan, zenbaki osotan.
Kalkulu honen ondorioetarako, ulertuko da alea dela edizio bereizi bakoitza (Zenbakia) eta kopiak, berriz, inprimatze aldi bakoitzaren emaitza.
9.2.5. Euskara hutsezko irratiak.
Ekoizpen propioko asteko orduen urteko batez bestekoa (10 ordu gutxienez). Gehienez ere 40 puntu, ekoizpen propioko ordu gehien duenari emanen zaizkionak; gainerako entitateei puntuak banatuko zaizkie aurkeztutako ekoizpen propioko orduen proportzioan, 5 puntuko zatikietan.
Entzule potentzialen kopurua. Gehienez ere 20 puntu, entzule potentzial gehien dituen irratiari emango zaizkionak; gainerako entitateei proportzionalki banatuko zaizkie, zenbaki osotan, hedapen guneetako euskal hiztunen kopuruekin egiaztatuta.
Asteko programazioa baloratuko da (egitura, edukiak, ahozko adierazpenaren erregistroak, Nafarroako euskalkien erabilera) zenbaki osotan, eta gehienez ere 40 puntu emanen dira.
Egitura | 20 pt |
Gaiak: gazteria, genero berdintasuna, aisialdia eta kultura | 10 pt |
Euskalkiak | 5 pt |
Ahozko erregistroak | 5 pt |
9.2.6. Euskara erabiltzen duten irratiak, eremu misto eta/edo ez-euskaldunekoak.
Ekoizpen propioko asteko orduen batez bestekoa urtean. Ekoizpen propioko asteko orduen urteko batez bestekoa. Gehienez ere 30 puntu, ekoizpen propioko ordu gehien duenari emanen zaizkionak; gainerako entitateei proportzionalki banatuko zaizkie puntuak, 5 puntuko zatikietan.
Entzule potentzialen kopurua. Gehienez ere 15 puntu, entzule potentzial gehien dituen irratiari emango zaizkionak; gainerako entitateei proportzionalki banatuko zaizkie, zenbaki osotan.
Asteko programazio orduak euskaraz (gutxienez programazioaren % 10). Gehienez ere 30 puntu, euskarazko ordu gehien duen irratiari emanen zaizkionak; gainerako entitateei proportzionalki banatuko zaizkie, zenbaki osotan.
Asteko programazioa baloratuko da (egitura, edukiak, ahozko adierazpenaren erregistroak, Nafarroako euskalkien erabilera) zenbaki osotan, eta gehienez ere 25 puntu emanen dira.
Egitura | 10 pt |
Gaiak: gazteria, genero berdintasuna, aisialdia eta kultura | 8 pt |
Euskalkiak | 5 pt |
Ahozko erregistroak | 2 pt |
9.2.7. On line hedabideak.
1. | 2. | 3. | |
Euskarazko edukien portzentajea | %40 | %60 | %80 |
Modulu bakoitzari dagozkion puntuak | 10 pt | 20 pt | 30 pt |
Eguneratzearen maiztasuna | Hamabosterokoa | Astekoa | Egunerokoa |
Modulu bakoitzari dagozkion puntuak | 10 pt | 20 pt | 30 pt |
10 puntu gehiago emanen dira on line baizik ez den hedabidea denean, hau da, beste hedabide baten euskarria ez denean. | |||
Bukatutako azken hiruhilekoan izandako bisitak zenbatuko dira, eta 30 puntu emanen zaizkio emaitza altuena duenari, eta gainerakoei proportzionalki puntuatuko zaie zenbaki osotan. | |||
(*) Nafarroako Foru Komunitateari dagokiona soilik hartuko da kontuan. | |||
Hedabide eskatzaileek emandako euskarazko ekoizpenaren gutxieneko eskakizunak eta baloraziokoak egiaztatzeko, kontuan hartuko da laguntzen deialdi hau argitaratu ondorengo ekoizpena.
Idatzizko hedabideen hedapena baloratzeko, Baloraziorako Batzorde Teknikoak oinarritzat hartuko ditu Nafarroako Gobernuko Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak zabalkundeari buruz dituen datuak. Hedabide baten datu hori eskura ez badago, hedabide eskatzaileak ematen dituen zabalkunde datuak hartuko dira oinarritzat, Nafarroako Gobernuak dituen datuekin alderatutakoan.
Irratien baloraziorako, estatistikako erakunde ofizial bateko datu objektiboak izanez gero, hauek erabiliko dira audientziaren kalkulua egiteko, entzule potentzialen ordez.
9.3. Zenbatekoen kalkulua.
a) Hartutako eskaeretan oinarriturik, Baloraziorako Batzorde Teknikoak zenbatekoak esleituko ditu, modalitate bakoitzaren barnean, puntu sistema erabiliz.
b) Modalitate bakoitzean eskuratutako puntu guztien batuketa egin ondotik, dagoen zenbatekoaren arabera aterako da puntu bakoitzak eurotan duen balioa.
c) Emandako diru-laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa.
d) Puntuazioak eta eskatzaile bakoitzaren aurrekontu mugak aplikaturik modalitateren batean soberakinik sortzen bada, honela jokatuko da:
–4.1 kategorian sortzen diren soberakinak 4.3 kategoriari gehituko zaizkio.
–4.2 kategorian sortzen diren soberakinak 4.4 kategoriari gehituko zaizkio.
–4.3 kategorian sortzen diren soberakinak 4.4 kategoriari gehituko zaizkio, eta alderantziz, 4.3ko aurrebanaketa batetik ez badatoz, kasu horretan 4.5era pasako lirateke.
–4.4 kategorian sortzen diren soberakinak, 4.3an soberakinak sortzen segitzen dutenak, 4.6 kategoriari gehituko zaizkio.
–4.5 kategorian sortzen diren soberakinak 4.6 kategoriari gehituko zaizkio, eta alderantziz. Lehenengo banaketa eginda, oraindik soberakinak badaude aurreko kategorietan, 4.7 kategoriari gehituko zaizkio.
–4.7 kategorian sortzen diren soberakinak 4.3 kategoriari gehituko zaizkio.
10. Ebazpena.
10.1. Ikusirik Baloraziorako Batzorde Teknikoak prestatutako proposamena, Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du aurkeztutako eskaeren gainean, bertan azalduz eskaera bakoitzari onartutako aurrekontua, lortutako puntuazioa eta guztira esleitutako diru-laguntza, eta diru-laguntza ukatzen den kasuan horretarako arrazoiak aipatuko dira.
10.2. Ebazpenaren edukia Euskarabidearen web orrian argitaratuko da, baita Nafarroako Gobernuaren web orriko tramiteen katalogoan laguntza honi dagokion fitxan ere.
11. Emandako diru-laguntzen publizitatea.
Onuradunek behar bezalako publizitatea emanen diote hartutako diru-laguntzari, diru-laguntzaren onespenaren hasieratik eman ere. Aipamen hau Nafarroako Gobernuko sinbolo ofiziala arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuaren jarraibideekin bat eginen da, http://www.navarra.es/home_es/Gobierno+de+Navarra/Simbolo+oficial/, kasu bakoitzean aurreikusitako elementuen arabera, eta jarduera zabaltzen den denbora guztian mantenduko da.
12. Gardentasunerako betebeharrak.
12.1. Entitate onuradunek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasunerako betebeharra gorde beharko dute (betebehar hori irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautu zen) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura diru-laguntzak eskuratzen dituztenean eta ondoko bi egoerak ematen direnean:
a) Emandako diru-laguntzaren zenbatekoa 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.
b) Emandako zenbatekoa entitate onuradunaren negozio kopuruaren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.
Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu gauzatua.
b) Kasua bada, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra edo aurrekontua.
Bi egoera horietan dauden entitate onuradunek, diru-laguntza eman izana jakinarazi edo, kasua bada, ebazpena argitaratzen den egunetik hasita hilabeteko epean, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute telematika bidez Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari zuzenduta:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sorrera berriko entitateen kasuan, informazioa entitate horien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.
d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.
e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
12.2. Aurreko idatz-zatian deskribatzen diren egoerak ematen ez direlako, entitatea ez bada gardentasunerako betebeharraren mendeko, adierazpen bat aurkeztu beharko du, horren berri emateko.
12.3. Entitate onuradunek emandako informazioa Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren Gobernu Irekiko Atarian argitaratuko da, eta argitaratu eta urtebetez izanen da eskuragai, eta gehienez ere 15 hilabetez, informazioa kudeatzeko organoan sartzen den unetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.
12.4. Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.
12.5. Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak ukatu gabe, betetzen ez badira onartutako diru-laguntza ez da ordainduko, eta zenbatekorik kobratu bada, itzuli beharko da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
13. Laguntzen ordainketa.
13.1. Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da: lehenengo ordainketa partziala, %50 artekoa, 2016ko azaroaren 1etik apirilaren 30era arte gauzatutako hedapen lanaren eta gastuen arabera, eta bigarren ordainketa, kitapen izaera izango duena, kontuan hartuko duena diru-laguntza ekarri zuen jardun osoa, hedapenekoa zein ekonomikoa, behar diren doikuntzak eginda urtea amaitu baino lehen ordainduko dena.
13.2. Nolanahi ere, lehenbiziko ordainketa egin baino lehen, gardentasunerako betebeharrak justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko da, 12. oinarrian araututakoari jarraikiz.
14. Pertsona edo entitate onuradunek aurkeztu beharreko frogagiriak.
Pertsona edo entitate onuradunak beharturik daude egindako jardueraren gastu eta sarreren justifikaziorako dokumentazioa aurkeztera, zortzigarren oinarrian onartutako bideetako edozein erabilita, bi epetan:
–Lehenengo ordainketa partzialak 2016ko azaroaren 1etik 2017ko apirilaren 30a arte izandako gastua jasoko du, eta hori aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, diru-laguntzen esleipenerako ebazpeneko dataren hurrengo egunetik hasita.
–Bigarren ordainketak 2017ko urriaren 31 arte izandako gastua jasoko du, eta hori aurkezteko azken eguna azaroaren 15a izanen da.
a) Diruz lagundutako aldian egindakoaren memoria zehaztua.
b) Idatzizko hedabideek diruz lagundutako aldian argitaraturiko ale edo zenbaki guztien lagina aurkeztuko dute. Ale horiek paperean edo euskarri informatikoan aurkeztea bada. Ez da beharrezkoa izanen, argitaratu ahala Euskarabidera bidali izan badira.
c) Diruz lagundutako aldiari dagozkion gastuen zerrenda eta haien ordainketen gordekinak (BEZa kanpo), jatorrizkoak edo kopia soilak, zazpigarren oinarrian aipaturiko aurrekontuaren arabera. Euskarabideak beretako gordeko du pertsona edo entitate interesdunei jatorrizkoak eskatzeko eskubidea, alderatzeko eta haien egiazkotasuna egiaztatzeko; hala ez bada, behar diren legezko ekintzak abiarazten ahal ditu (V. eranskina). Zerrendatzen diren gastuak hurrenez hurren zenbakituak egonen dira eta frogagiriek hurrenkera horri segituko diote.
d) Diruz lagundutako aldiari dagozkion diru-sarreren zerrenda eta frogagiriak, jatorrizkoak edo kopia soilak, zazpigarren oinarriak dioen bezala. Euskarabideak beretako gordeko du entitate interesdunei jatorrizkoak eskatzeko eskubidea, alderatzeko eta haien egiazkotasuna egiaztatzeko; hala ez bada, behar diren legezko ekintzak abiarazten ahal ditu (VI. eta VII. eranskinak). Zerrendatzen diren diru-sarrerak eta diru-laguntzak hurrenez hurren zenbakituak egonen dira eta frogagiriek hurrenkera horri segituko diote.
e) Langileak kontratatuz gero, gastuak legez bidezko den bezala justifikatu beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legeari jarraikiz. Halakoetan, deialdi honen bidez diruz lagundutako jarduerak egiteko kontrataturiko langileek EGA edo titulu baliokideren bat izan beharko dute, hizkuntza-gaitasun aitortua dutenek izan ezik.
V., VI. eta VII. eranskinak excel formatuan beteko dira, deialdi honetan onartzen den ereduaren arabera, eta eredua bide telematikoetatik aurkeztuko da. VIII. eranskineko excel-a, balantzekoa, entitatearen pertsona eskudunak sinatua eta zigilatua aurkeztu beharko da.
Indarrean dagoen legeriaren arabera betetako fakturak aurkeztuko dira kolaborazio lanak egiten dituzten pertsona edo entitateei egindako ordainketak justifikatzeko.
Justifikatutako gastuen aurrekontuak handiagoa izan beharko du jasotako sarreren, beste esleipen batzuetatik jasotako laguntzen eta esleipen honetatik jaso beharreko kopuruaren batura baino. Txikiagoa balitz, jaso beharreko kopurua gutxituko litzateke, baturak berdindu arte.
Gauzatutako gastu aurrekontuak ere esleitutako kopurua baino %30 handiagoa izan beharko du gutxienez, eta hala ez balitz esleitutako kopurua egokituko litzateke baldintza hau betetzeko.
Ulertuko da diru-laguntza deialdiaren xedea beteta dagoela proposatutako jarduera komunikatibo osoa gauzatu dela frogatuta dagoenean.
Gastuaren behin betiko justifikazioa onartutako aurrekontuaren zenbateko osora ailegatzen ez bada ere, onuradunak frogatzen badu bete egin dela diru-laguntzaren xede den helburua, ez dela superabitik sortu eta gauzatutako aurrekontua gutxienez ere emandako diru-laguntza baino % 30 handiagoa dela, onuradunak justifikatzeko betebeharra bete duela ulertuko da; diru-laguntzaren emaile den organoak, betiere, aztertu eginen du gastuen justifikazioa bateragarria ote den xedea egiaz betetzearekin.
15. Jardueren kontrola.
15.1. Euskarabideak egokiak iruditzen zaizkion kontrol eta egiaztapen guztiak egiten ahalko ditu esleitutako laguntzak hartzeko ezarritako betebeharrak eta baldintzak betetzen direla egiaztatzeko. Betebeharrak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.
15.2. Onuradunak jarduera berbererako beste autonomia erkidegoetako administrazio publiko baten eta beste edozein erakunde edo entitateren, publiko zein pribaturen bestelako diru-laguntzarik jasotzen badu, haren berri eman behar dio organo emaileari.
15.3. Proiektuetarako laguntzak eskatzen dituzten pertsona edo enpresek eskaeran programaturiko epeak bete beharko dituzte. Epe horiek bete ezean, Euskarabideak, behar den ikuskapena egin ondoan, emandako laguntza berrikusiko du, eta horren arabera dagokion zenbatekoa beheititu edo osorik deuseztatuko du, hala behar badu.
15.4. Pertsona edo enpresa onuradunek genero-berdintasunaren printzipioak begiratu beharko dituzte, bai beren funtzionamenduan bai zabaltzen dituzten edukietan.
16. Oinarriak ez betetzea, itzulketak eta arau-hausteak.
16.1. Hartutako zenbatekoa osorik edo hein batean itzuli beharko da, ekintzak gauzatzen ez badira, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak ez badira betetzen, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak ez badira betetzen. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.
16.2. Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2005 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.
17. Diru-laguntzen araubide orokorra eta errekurtsoak.
17.1. Modalitate hau oinarri hauek gobernatuko dute, baita Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoak ere, horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen araubide juridiko orokorra.
17.2. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
17.3. Era berean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, haiek jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko15/2004 Foru Legean xedatuarekin bat.
II. ERANSKINA
III. ERANSKINA
Nafarroako hedabidearen fitxa teknikoa.
IV. ERANSKINA
2016KO azarotik 2017ko urrira arteko epeari dagokion aurrekontua.
V. ERANSKINA (JUSTIFIKAZIORAKO)
Gastuen justifikanteak / Justificantes de gastos.
VI. ERANSKINA (JUSTIFIKAZIORAKO)
Sarreren justifikanteak / Justificantes de ingresos.
VII. ERANSKINA (JUSTIFIKAZIORAKO)
Diru-laguntzen Justifikanteak / Justificantes de Subvenciones.
VIII. ERANSKINA (JUSTIFIKAZIORAKO)
Justifikazioaren balantzea / Balance de justificación.
IX. ERANSKINA
Gardentasunerako betebeharrari buruzko adierazpena.
Iragarkiaren kodea: F1705921
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
