97. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

61E/2017 EBAZPENA, martxoaren 27koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena proiektu honetarako: Ultzama-Alkotz eta Ultzama-Ostitz lineak Arraitzen eta Lantzen batzeko linea elektrikoa, Lanzko eta Ultzamako udal mugarteetan. Sustatzailea Iberdrola Distribucion SA da.

2016ko irailaren 19an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean (Energiari buruzko instalazioak) sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Iberdrola Eléctrica SAUk, jarduera hau sustatu duenak, aireko lineak ixteko neurria aurreikusi du, hornidura elektrikoaren kalitatea eta ahalmena hobetzeko. Proposamen hori justifikatzen da eraztun sistemak bidea ematen duelako gorabeheren ondorioz (oro har, jatorri atmosferikokoak dira eta, beraz, zaila da horiek iragartzea) hornidurak deskonektatuta egon behar duen denbora murrizteko. Neurri horri esker azpiestazioen arteko itxiturak egiten ahal dira transformazioko beheko tentsioetan.

Proiektuaren xedeko lineak (1.243 metro luze) 13,2 KV-ko bi linearen itxitura eginen du, Ultzama BTAtik baitatoz. Hain zuzen ere, 13,2 KV-ko aireko linea bat eginen da 13,2 KV-ko “Ultzama-Alkotz” izeneko linea elektrikoaren 5204. euskarritik 13,2 KV-ko “Ultzama-Ostitz” izeneko linea elektrikoaren 22558. euskarriraino. Beste 10 euskarri proiektatu dira; horietako bik zaharrak ordeztuko dituzte linea berriak batzeko. Euskarri horiek saretako profil metalezkoen eta hormigoi armatuzko eta dardaratuzkoen bidez eraikiko dira. Tarte horren gauzatzean gurutzatzeak egiten dira Legartza errekarekin eta Mediano ibaiarekin, eta beste bi telefono-linearekin eta NA-121A eta NA-2523 errepideekin.

Iragarkia 2017ko 9. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuz, urtarrilaren 13an, proiektua jendaurrean jarri zen hogeita hamar eguneko epean, interesa zutenek aztertzeko eta, nahi izanez gero, bidezkotzat jotzen zituzten alegazioak, iradokizunak eta oharrak aurkezteko. Epe horretan ez da alegaziorik aurkeztu.

Espedienteak aldeko txostenak jasotzen ditu, Ultzamako Udalak eta Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak emandakoak. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, zenbait baldintzarekin.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: Ultzama-Alkotz eta Ultzama-Ostitz lineak Arraitzen eta Lantzen batzeko linea elektrikoa, Lanzko eta Ultzamako udal mugarteetan. Sustatzailea Iberdrola Distribucion SA da.

2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Eremuan dagoen abifauna mehatxatuaren talka arriskuak murrizteko, hegaztiak babesteko neoprenozko “x” balizak erabiliko dira 15.01 eta 15.02 euskarrien artean eta 15.07 eta 22558. euskarrien artean dauden tarteetan, 15 metrotik 15 metrora fase bakoitzaren ondoz ondoko bi balizaren artean. Horrela, alboetatik, seinaleen arteko ikusizko distantzia 5 metrokoa edo txikiagoa izanen da.
  • Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, lotzeko kateetan Bastoia + PECA 700 isolagailua erabiliko da.
  • Deribazioko euskarrietan deribazioko zubi lasaiak isolatuko dira, bai eta linea nagusikoak ere.
  • Lanak hasi aurretik, Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalari jakinarazi beharko zaio, gutxienez astebete lehenago (seguimiento.ambiental@navarra.es).
  • Zuhaitzak mozteko, Ingurune Naturalaren Zerbitzuaren baimena eskuratu behako da. Mediano ibaia gurutzatzeko gunea zuinkatuko da, ahal den neurrian landarediaren gaineko ukipena gutxitzeko.
  • Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremua lehengoratuko da.
  • Ingurumena zaintzeko plan bat beteko da, neurri zuzentzaileak aplikatzeko eta linea elektrikoak faunaren eta floraren gainean dituen eraginen jarraipena egiteko. Gorabehera berezirik agertu ezean, Ingurumena Zaintzeko Planak bi urteko iraupena izanen du, instalazioa martxan jartzen denetik hasita. Obra bukaerako txostena aurkeztu beharko da, non gorabehera aipagarri guztiak zehaztuko baitira obrak ingurumenean sortutako ukipenei eta obrak egiteari dagokienez, aurkeztutako proiektuarekin eta ebazpen honen baldintzekin bat. Halaber, hiru hilean behin eginen dira ikuskapenak funtzionamenduaren lehenbiziko urtean, eta sei hilean behin, berriz, hurrengo urtean. Ikuskapen bakoitzaren ondoren, bi hilabeteko epean, txosten tekniko bat eginen da eta sustatzaileak Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari emanen dio. Bertan neurri zuzentzaileen aplikazioa aurreikusiko da eta haien eraginkortasunaren azterketa, zein izan daitezkeen faunaren eta floraren gaineko eraginak eta zer neurri berri har daitekeen gelditu diren eragin txarrak gutxiagotzeko.

–Hirigintza arlokoak:

  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.
  • Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak sare elektrikora lotzea.
  • Bete beharko dira Herri Lan Zuzendaritza Nagusiko 2016ko azaroaren 10ean egindako txostenean ezarritako zehaztapenak:
  • 1. Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak honako determinazio hau ezarri du: Ultzama-Alkotz eta Ultzama-Ostitz lineak Arraitzen batzeko linea elektriko berrian, N-121-A errepidea gurutzatzen duen tokian, euskarriak jartzeko kontuan hartu beharko da “N-121-A errepidea 2+1 errepide bihurtzeko azterlana” izeneko proiektuan aurreikusitakoa.
  • 2. Bestalde, Zainketa Zerbitzuak honako determinazio hau ezarri du: sustatzaileak, obrak gauzatu aurretik, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren aurrean aurkeztu behar du, nahitaezko baimen eskaerarekin batera, gauzatuko duen jarduketa primeran definitzen duen dokumentazio teknikoa, N-121-A eta NA-2523 errepideen ukipenari dagokionez, hark onets dezan, bidezkoa bada.
  • Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen gainerako azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
  • Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legez beharra dago horren berri berehala ematera Arkeologia Atalari, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko 16/1985 Legearen 43.3 eta 44. artikuluak). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste larritzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101h artikulua aplikatuz.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira eta ez du eraginik izanen.
  • Jarduera uzteak ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko dituela gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Alde horretatik, 35/2002 Foru Legearen 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak eskatuko dio sustatzaileari aitor dezala konpromisoa hartzen duela lurzorua bost urteko epean gehienez lehengoratzeko, baimendutako jarduera uzten badu.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Lanzko eta Ultzamako Udalei, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari, Basozaintzari (Ultzama-Arakil barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko martxoaren 27an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1703890