97. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GULIA

Ordenantza, herriko bideen, lurzati berrantolamenduko bideen eta mendiko pista eta bideen erabilera arautzen duena

Guliako Kontzejuak, 2017ko urtarrilaren 15ean egin bilkura arruntean, hasiera batez onetsi zuen Herriko bideen, lurzati berrantolamenduko bideen, eta mendiko pisten eta bideen erabilera arautzen duen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2017ko 24. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, otsailaren 3an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Gulian, 2017ko martxoaren 15ean.–Kontzejuko burua, José Luis Juanicorena Marín Erro.

ORDENANTZA, GULIAKO HERRIKO BIDEEN, LURZATI BERRANTOLAMENDUKO BIDEEN ETA MENDIKO PISTA ETA BIDEEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

Guliako landabide eta pista sarea herritar guztien ondarea da, eta berebiziko garrantzia du udal-mugarteko mendi eta landak zaintzeko eta haietara iristeko.

Funtsezkoa da herritarren arteko komunikaziorako eta bisitarien eta pasadizokoen harat-honatak errazteko. Pista eta era guztietako bideak gero eta gehiago erabiltzen baitira, beharrezkoa da haien erabilera arautzea. Xedea hirukoitza da: natur ondarea zaintzea, erabiltzaile guztiek eta bereziki herritarrek modu orekatuan erabiltzea eta erabiltzeko egoera onean mantentzea.

Helburua horixe dela, Guliako Kontzejuak ordenantza hau onetsi du hasiera batez:

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honek, indarra duen araudiarekin bat, Guliako herriko bideen, lurzati berrantolamenduko bideen eta mendiko pista eta bideen erabilera arautzen du.

2. artikulua. Bideen eta mendiko pisten kategoriak.

Guliako udal-mugarteko landabideak eta mendiko pistak nolakoak diren, horren araberako erabilerak izanen dituzte, eta debeku dira haien erabilera ezohiko eta gehiegizko guztiak, baita bideetan kalte egiten dutenak ere.

Duten erabilera nagusiaren arabera, Guliako landabide eta pistak kategoria hauetan sailkatzen dira:

1. 2 metroko zabalera edo handiagoa dutenak.

a) Pista nagusiak. Mendietako eremu zabaletara iristeko erabiltzen diren bideak, edota inguruko herrietara iristeko, eta lurzati berrantolamenduko bideak. Erabilera asko izaten dituzte: basogintza, abeltzaintza, nekazaritza, turismoa, ehiza...

b) Bigarren mailakoak. Sare nagusiaren osagarri direnak, eta aukera ematen dutenak mendi, basoberritze eta belardietara, eta beste zenbait tokitara iristeko.

c) Egurra ateratzeko bideak eta bide-adarrak. Sareko egitura meheena osatzen dute; gehienetan helburu bakarra dute, hau da, zura ateratzea edo norbanakoen lurzatietan sartzea. Anitzetan noizean behin baizik ez dira erabiltzen, eta denbora luzez ezin dira ibilgailuak sartu.

2. Meharrak, 2 metroko zabaleratik beherakoak.

Hainbat motatako bideak, pistak, orgabide zaharrak eta bidexkak, erabilera eta eginkizun bat baino gehiago dutenak, lasterbideak eta turismorako bidexkak barne.

3. artikulua. Zaintzea.

Guliako Kontzejuak zainduko du 2. artikuluan zehazten diren mendiko bide publikoak eta pistak beti egon daitezen erabiltzeko maneran. Horretaz gain, behar diren neurriak hartuko ditu gal ez daitezen interesgarritzat jotzen diren bestelako bideak (besteen adar direnak, bidexkak).

Bide publikoekin eta erabilera publikoko beste lur mota batzuekin muga egiten duten finken jabeek bide eta pista horien mugan dauden itxitura guztiak garbi-garbi edukiko dituzte, eta jabetza pribatutik atera eta itxituraren bertikala gainditzen duten oztopo guztiak kenduko dituzte. Partikularra itxituraren garbiketaz arduratzen ez bada Kontzejuak eginen du eta lan horien kostua kobratuko dio partikularrari.

4. artikulua. Ibilgailu motordunekin ibiltzeko debeku orokorra.

Debeku da ibilgailu motordunak mendiz mendi, errepidetik kanpo, landabideetan barrena, edota suebakietan nahiz zura ateratzeko bideetan barna ibiltzea, non ez diren nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin, basogintzarekin edo behar bezala baimendutako bestelako jarduerekin zerikusia duten ibilgailuak.

5. artikulua. Kontzejuaren baimena behar duten jarduerak.

a) Zurgai diren oihaneko gaiak pista eta bide horietan barrena ateratzea, baldin eta ibilgailu motordunen bidez ateratzen badira, salbu etxeko egurra.

b) Eraikuntzako materiala pista eta bide horietan barrena garraiatzea, baldin eta ibilgailu motordunen bidez egiten bada.

c) Makina astunak bide eta pista horietatik pasatzea, salbu eta Kontzejuak berak eskatuta erabiltzen badira.

d) Era guztietako materiala pilatzea bide edo lur publikoan.

6. artikulua. Baimena eskatzera behartutako subjektuak.

a) Zura denean, zurketaria edo oihan gaiak ateratzeaz arduratzen den enpresa. Halakorik ezean, zuraren jabea izanen da erantzulea.

b) Eraikuntzako materialen kasuan, obraren sustatzailea.

c) Makina astunak direnean, makina horien zerbitzuak kontratatzen dituena.

d) Aurretik aipatutakoez bestelako erabilera egiteko sartu nahi duten partikularrak.

7. artikulua. Baimena emateko eskumena.

Guliako Kontzejuak emanen du Gulian aipatutako pista eta bideetan zirkulatzeko baimena, barnean direla lurzati berrantolamendukoak.

Guliako herritarrek eta bertan erroldatuek, hala izateagatik, berez daude baimendurik, inolako baimenik eskatu behar izan gabe.

Gulia barnean duen ehiza barrutiko pertsonek, barrutikoak izateagatik, badute baimena, eskatu behar izan gabe. Horixe bera aplikatuko zaie Guliako Kontzejuko usategiak errentan hartzen dituztenei ere: ematen zaien txartelak, Kontzejuak zigilaturik, baimen gisa balioko du.

Orobat, zirkulatzeko baimena dute, automatikoki, nekazaritza lanak egin behar dituzten ibilgailuek, edo Kontzejuarentzat lanak egiten ari direnek.

Toki hauetan ibilgailuak erabili beharra justifikatzen duten pertsonek baimena eskatzen ahalko dute.

Baimenak izaten ahal dira bide orotarako eta urtebeterako edo denbora tarte baterako eta toki jakin batzuetan ibiltzeko.

8. artikulua. Zerbitzu publikoak.

Ez dute baimenik beharko erakunde eta entitate publikoen ibilgailuek, baldin beren eginkizuna betetzen ari badira, esaterako polizia, suhiltzaile eta basozainen ibilgailuek...

Inguruabar berezietan, aurreko lerroaldean aipatutakoez bestelako egoera batzuk ere aintzat har daitezke, esaterako: herri lanak, interes publikoko edo orokorreko jarduerak –Administrazio Publikoek edo horien entitate instrumentalek sustatuak–, larrialdi kasuak, istripuak, hondamendiak, etab.

9. artikulua. Ibiltzeko gehieneko abiadura.

a) Guliako mendiko pista eta bide guztietan abiadura handiena 30 kilometro orduko izanen da.

b) Istripu arriskuak gutxitzeko, eta oinezko, txirrindulari eta animaliei trabarik ez egiteko, gidariek abiadura egokitu beharko dute, maldetan eta toki arriskutsuetan behar adina motelduz, baita aziendak hurbil dabiltzanean eta oinezkoak agertzean ere, edo denbora idorra denean, pistetan eta bideetan hautsa pilatzen baita.

10. artikulua. Jarduera debekatuak.

Espresuki debekaturik daude lehiaketak, lasterketak eta taldeka ibilgailu motordunetan antolatzen diren turismo jarduerak, baita ibiltariei, txirrindulariei, etxeko animaliei eta basa-faunari arriskua ekartzen ahal dieten gidatze molde arriskutsu guztiak ere.

Salbuespen gisara, Kontzejuak baimena ematen ahalko du lehiaketa ofizialak eta taldean antolatzen diren jarduera turistikoak egiteko.

11. artikulua. Erabiltzaileen erantzukizuna.

Erabiltzaileek beren gain izanen dute ordenantza honetan aipatzen diren arauak ez betetzeagatik aipatutako pistetan eta bideetan egiten dituzten gehiegizko kalteen erantzukizuna.

12. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea arau-haustetzat hartuko da.

13. artikulua. Mugak eta fidantzak.

Kasu bakoitzean, eta jarduera nahiz bideak eta pistak erabiltzeko urte sasoia zein den, Kontzejuak egokiak iruditzen zaizkion mugak eta fidantza osagarriak ezarriko dizkie baimena eskuratuko duten ibilgailuei.

14. artikulua. Zehapenak.

Ordenantza honen arau-hausteek isuna ekarriko dute zehapen; gehienez ere 300 euro izanen da, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 52. artikuluan ezarri bezala.

Nork bere borondatez ordaintzen ez badu, premiamendu bidez eginen da isunen diru-bilketa.

Iragarkiaren kodea: L1704298