97. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOBEITI

Aldaketa, udal-mugartean animaliak eduki eta babestea arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Berriobeitiko Udalak, 2017ko urtarrilaren 3an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batez onetsi zuen aldaketa Berriobeitiko udal-mugartean animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen udal ordenantzan.

2017ko 22. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 1ean, onespen erabakia argitaraturik, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza horren aldaketa behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Berriobeitin, 2017ko martxoaren 30ean.–Alkatea, Juan M.ª Albizu Andueza.

ALDAKETA, BERRIOBEITIKO UDAL-MUGARTEAN ANIMALIAK EDUKITZEA ETA BABESTEA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZAN

I. KAPITULUA

Xedea, aplikazio eremua eta xedapen orokorrak

1. artikulua. Osasunaren eta segurtasunaren aldetik behar diren baldintzak ezartzea da ordenantza honen xedea, herritarrek, animaliekin batera bizitzean, bizi kalitate egokia izan dezaten. Horrez gain, Berriobeitiko udal-mugartearen barnean animalien behar bezalako babesa bermatu eta animaliekin ikusteko duten industria, merkataritza edo zerbitzu jarduerak arautu nahi dira, Udalaren eskumen eta beharkizunen esparruaren barnean.

Udal mailako xedapen hau honako hauetan dago oinarriturik: Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legea; Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak eta bertzelakoak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legea, eta hura garatzeko martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua. Baita osasun, segurtasun eta ingurumen arloan aplika daitekeen araudia.

2. artikulua. Baimena ematen da, oro har, etxebizitza partikularretan etxeko animaliak edukitzeko, baldin osasungintza aldetik arriskurik ez bada, animaliak berak arriskutsuak ez badira, hirugarrenik gogaitzen ez bada, egokiro edukitzen badira eta higienearen aldetik bizilekuan behar diren baldintzak betetzen badira.

Animalien inguruko merkataritzako produkzio edo zerbitzuen jarduerek ordenantza honetan ezarritako baldintzak bete eta Udalaren nahitaezko baimena izan beharko dute, eta ondotik nahitaezkotzat jotzen diren zuzenketak aplikatu beharko dituzte; udal zerbitzu teknikoek noiznahi ikuskatzen ahal dute.

3. artikulua. Oro har, debekatuta daude azienden ustiategiak eta edozein azienda edo animalia haztea eta ukuiluan izatea hirigintzako sailkapen arauetan hirilurra den eremuan.

Halaber, debeku da, oro har, errentako animaliak, hau da, jabeari ondasunak ekoizten dizkioten animaliak eduki edo zaintzea.

4. artikulua. Lurzoru urbanizaezinean abeltegiak ezartzeko baimena eskuratu nahi baldin bada, ingurumena babesteko jarduera sailkatuen araudiari atxikiko zaio haren tramitazioa, eta betiere, arlo horretan indarra duen arautegiak kasu bakoitzerako zehazten duenaren arabera.

Abeltegi horiek jarduera horiei aplikatzen ahal zaien araudian ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, betiere garbitasun eta higiene egoera onean mantenduko dira, eta aldizka nahiz agintaritza eskudunak hala manatzen duenean, garbitzeko, desinfektatzeko eta intsektuak nahiz arratoiak hiltzeko jarduketak eginen dira. Halaber, sortutako hondakinak egunero bildu eta botako dira.

5. artikulua. Udal agintaritzak manatzen ahal du aurreko artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten animaliak bildu eta berak adieraziko duen tokira eramateko.

6. artikulua. 1. Animalia guztien jabeek eritasun zoonosiko eta epizootikoei aitzintzeko arauak bete beharko dituzte, eta behartuak daude, orobat, udal agintaritzak osasun arloan ezarriko dituen eskakizun guztiak betetzera.

2. Animaliendako klinika eta sendagileek zoonosiaren agerraldiaren berri baldin badute, Nafarroako Gobernuaren agintari eskudunek osasunaren aldetik ezarritako eginbeharrak beteko dituzte eta, ahalik agudoena, udal agintariei haren berri emanen diete.

7. artikulua. Debeku da animaliei tratu txarra ematea edo laidoztatzea. Haragitako animaliak hiltzeko, bete beharko dira azienden mugimenduaren gaineko xedapenak eta, betiere, animaliak babesteko araudia.

8. artikulua. Debeku da eta, hortaz, udal agintaritza eskudunak zehatuko du, animaliak abandonatzea eta abandonaturik dauden animaliei jatera ematea.

Agintariek eta herritarrek jakiten badute udal-mugartean animalia abandonaturik badela, udal zerbitzuei jakinarazi beharko diete.

II. KAPITULUA

Lagun egiteko animaliei aplikatu beharreko berariazko araudia

9. artikulua. Ordenantza hau aplikatzetik sortzen diren ondorioetarako, “lagun egiteko animalia” da gizakiarekin bizi dena, harengandik irabaziak ateratzeko asmorik gabe.

10. artikulua. Lagun egiteko animaliak dituztenena da haiek uneoro zaintzeko erantzukizuna. Lagun egiteko animaliak etxebizitzetatik at libre ibiltzen badira, abandonatutzat hartuko dira eta udal zerbitzuek biltzen ahalko dituzte. Udal agintaritzak haiekin zer egin erabakiko du jabeek, harrapatu eta hiruretan hogeita hamabi orduko epean, erreklamatzen ez badituzte. Epe hori iragandakoan, ez dago ez erreklamatzeko ez kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik, eta bidezko zehapen administratiboa aplikatuko da.

11. artikulua. Debeku da animaliak honako toki hauetan sartzea: jakiak fabrikatu, prestatu, bildu edo saltzen diren lokaletan eta horretarako erabiltzen diren ibilgailuetan; kirol nahiz kultur ikuskizun publikoak egiten diren tokietan; erabilera publikoko igerilekuetan; eta gizakiendako osasun etxeetan eta ikastetxeetan. Eraikinetako igogailuetan, berriz, sartzen ahal dira, baina animaliak daramatzaten erabiltzaileak eta ez daramatenak elkartzen badira, azken hauek igogailuan aurrenak eta bakarrik joateko eskubidea izanen dute. Animaliak daramatzatenek igogailua garbitu beharko dute, erabili ondotik beharrezkoa baldin bada.

Jendeari ostatu ematen dioten etxeen eta elikadura arlokoak ez diren establezimenduen jabeen esku gelditzen da animalien sarrera eta egonaldia debekatzea, baina kasu horretan egoitzaren sarreran ikusteko moduko seinalea paratu beharko dute.

Debeku eta lehentasun hauetatik salbuetsiak daude ikusmen eskasia duten pertsonekin joaten diren zakur gidariak.

12. artikulua. Eritasun kutsagarri baten aztarnak baldin badira eta lagun egiteko animalia batek pertsona edo animalia bati ausiki egiten badio, osasun ikuskaritzako zerbitzuei eta udal zerbitzuei jakinaraziko zaie.

13. artikulua. Udal zerbitzuek pertsonei edo beste animalia batzuei lesioak egin edo behin eta berriz haiek gogaitzen dituzten animaliak bahituko dituzte, baita honako arau hauek lehenagotik hautsi dituztenak ere, fakultatibo eskudunaren ikuskapenarekin.

Lagun egiteko animalia batek, arriskutsuak izan daitezkeenen artean hasieran sailkatua ez izan arren, bertze animalia bati edota pertsona bati eraso egiten badio, titularra behartua dago arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentzia tramitatzera 5 eguneko epean eta, halaber, horrelakoak edukitzeko arautegi berariazkoa betetzera. Bertzenaz, animalia bahituko da eta Udalaren esku geldituko.

Bertzalde, animalia erasogilearen jabe edo edukitzailea beharturik dago inplikatutako animaliaren datuak ematera erasotua gertatu den pertsonari edo haren legezko ordezkariei eta agintari eskudunei, hala eskatuz gero. Gainera, beharturik daude animalia eurekin edukitzera, albaitaritza zerbitzu eskudunek zehazten dituzten denbora eta baldintzetan.

Debeku da horiek udal-mugarte guztian abandonatzea, bai eremu irekietan bai finketan edota toki itxietan.

14. artikulua. Udal-mugartean hiltzen diren animaliak, haien tamaina egokia baldin bada, material iragazgaitzeko poltsetan sartu eta, haiek itxi ondotik, hiri hondakin solidoak biltzeaz arduratzen diren zerbitzuei emanen zaizkie, hondakinak kudeatzeko ordenantzetan ezarritakoaren arabera. Ordenantza honen 4. artikuluak aipatzen dituen abeltzaintzako ustiategietan hiltzen diren animaliak kentzeko, lerroalde honetan ezarritakoari jarraikiko zaio edo abeltzaintzako ustiategiek bete beharreko osasun, higiene eta ingurumenaren alorretako baldintzak ezartzen dituen araudiari.

Debeku da artikulu honetan aipatutakoez bertzeko baliabiderik erabiltzea animalia hilak abandonatu edo kentzeko.

III. KAPITULUA

Zakurrei aplikatu beharreko berariazko araudia

15. artikulua. Zakurrei ere aplikatuko zaizkie animaliei aplikatzen zaizkien arau orokorrak eta, zehazkiago, lagun egiteko animalien gainekoak.

16. artikulua. Nahitaezkoa da udal-mugartean bizi diren zakur guztiak erakunde eskudunek ezarritako zakur erroldan inskribatzea. Titulartasunaren edo helbidearen gaineko edozein goiti-beheiti, baja edo alta gertatzen bada, jabeak erakunde eskudunei jakinarazi behar die dena delakoa, gertatu eta gehienez ere zortzi eguneko epean.

Zakurren alta egiteko, legezko arauetan ezarritako epean eta horren araberako baliabideekin identifikatuko dira.

17. artikulua. Udal-mugartean bizi diren zakurren jabeen betebeharra da amorruaren kontrako txertoak zakurrei paratzea, legezko arauetan ezarritako egutegiaren arabera hasi eta jarraikia.

Orobat, jabeen obligazioa da arlo honetako arauetan nahitaezko gisa ezarritako txerto eta tratamendu guziak paratzea ere.

Zakurrak identifikatu eta haiei txertoak paratzen dizkieten zerbitzu baimenduek jabeari emanen diote egindakoaren egiaztagiria eta haren berri emanen zaie Udalari eta, hala behar izanez gero, Nafarroako Gobernuko zerbitzu eskudunei.

18. artikulua. Eremu publikoan zakurren joan-etorria baimenduko da soilik animaliak identifikaturik eta txertaturik badaude, eta nahitaez, ardura duen pertsonak eraman beharko ditu, gehienez ere 2 metroko kate edo uhal sendoz lotuak.

Lehenago eraso egin duten zakurrek edo aldez aurretik arriskutsuak izan daitezkeenek muturrekoa eraman beharko dute nahitaez, eta pertsona arduradunak adinez nagusi beharko du izan.

Debeku da animaliak ibiltzea edo egotea haurrendako jolastokietan, ikastetxeetako patioetan eta haurtzaindegietan.

Agintaritza eskuduneko agenteek salatu eginen dute zakurrak ez badabiltza baldintza hauetan eta ordenantza honen gainerakoan ezarritakoetan, bai eta zakurrak bildu eta gorde ere, betiere fakultatiboaren ikuskapenarekin.

Zakurrak solte jostetan ibiltzea onartuko da horretarako prestatutako guneetan soilik, hala nola libratzeko tokietan, zakurrentzako eremuetan edo Mogotes sektorean zakurrentzat berariaz mugatutako eremuan, eta betiere inguruan animaliaren arduraduna egonda eta zakurra kontrolpean izanda.

19. artikulua. Aurreko artikuluak dioena aplikatzearen ondorioz bildutako zakurrak agintaritzako agenteek identifikatuko dituzte eta jakinaraziko diote jabeari, 72 orduko epea izanen baitu zakurra erreklamatzeko.

Jabeek erreklamatu gabeko zakurrak edo identifikagarririk ez dutenak, udal zerbitzuek, lehenbizi, agintaritzako agenteei eman edo salaketa egin zuen pertsonari eskainiko dizkiote, eta bigarrenez animaliak babesteko elkarteei.

Artikulu honetan ezarritako edozein jarduketaren kostuak zakurraren jabeak edo erosleak ordaindu beharko ditu.

20. artikulua. Zakurrekin dabiltzan pertsonek galarazi behar dute zakurrek kaka egitea espaloi, galtzada, berdegune edo lorategietan, eta eremu publikoko nahiz erabilera publikoa duen eremu pribatuko bertze edozein elementuren gainean.

Zakurraren gidaria behartua dago haren gorozkiak jaso, eraman eta zerbaitetan bilduak botatzera. Horretarako etxeetarako zabor biltontziak edo Udalak paratuko dituen tokiak erabiliko ditu. Zikindutako tokia garbitzea ere gidariaren ardura izanen da.

21. artikulua. Espresuki debekatu da animaliek erabilera publiko ur txorrota edo iturrietatik zuzenean edan dezaten.

22. artikulua. Atari zakurrak libre uzten ahalko dira bakar-bakarrik jabetza partikularreko esparruetan, baldin eta eremu publikotik behar bezala itxirik badaude, alegia, kanpora ateratzea ezinezkoa dutela, eta jabea beharturik dago babestutako esparru horren sarbide guztietan seinaleak paratzera, argi ikusteko lekuan eta irakurtzeko maneran, zakurra bertan dela ohartarazteko, 2. artikuluan aipatzen diren trabak inola ere gerta ez daitezen.

23. artikulua. Debeku da etxebizitzetako komunitateko patioetan eta etxeetako jabetza komuneko terraza edo bertzelako lekuetan zakurrak egotea.

Halaber, debeku da norberaren balkoiak, terrazak, etab. erabiltzea, baldin eta gorotz eta hondakinen bidez handik kutsatu edo zikintzen badira azpiko etxebizitzak edo eremu publikoa.

24. artikulua. Ikusmen urriko pertsonen “gida-zakurtzat” hartuko dira, Itsuen Erakunde Nazionalak aitorturiko zentro nazional edo atzerrikoetan, ikusmen urriko pertsonei lagun egin, eta haiek gidatu eta laguntzeko irakatsiak izan direla egiaztatzen direnak.

Gida-zakurrek, ikusmen urriko pertsonei lagun egiten joaten direnean, agerian eraman beharko dute zer diren adierazteko ofizialki ezarrita dagoen seinale berezia.

Gida-zakurra bere lana egiteko ezgauzatzat hartuko da eri dagoela ikusten bada, oldarkor ageri bada, behar bezain garbi ez badago eta, oro har, pertsonentzat arriskutsu izan daitekeela uste bada.

Pertsona hauek arduratuko dira animalia behar bezala goberna dadin, eta berekin eramanen dute gida zakurraren osasun egoera ona dela egiaztatzen duen agiria.

IV. KAPITULUA

Etxeko animaliei lotutako jarduerak

25. artikulua. Hauek dira lagun egiteko animaliei lotutako jarduerak, ordenantza honen arabera bete beharrekoak: haztegiak, gordelekuak, saldu-erosteko dendak, apaindegiak, kontsultategiak, animaliendako klinika eta ospitaleak, hilerriak, eta aipatu horietako batzuekin batera egiten diren jarduerak edo beren funtzionamenduan animaliak erabiltzen dituztenak.

Jarduera hauek, baimenari, funtzionamenduari eta ikuskapenei dagokienez, jarduera sailkatuen gainean indarrean dagoen araudiari atxikirik daude, gainerako xedapen aplikagarriak betetzea deusetan ukatu gabe.

Lizentziak ikusteko maneran egon beharko du, jarduera egiten den toki nagusian.

26. artikulua. Alkatetzak lizentzia emateko, eta horretarako jarduera sailkatuei buruzko erregelamenduan eta gainerako xedapen aplikagarrietan ezarritakoa deusetan ukatu gabe, nahitaezko baldintza izanen da eskabideari memoria bat eranstea eta hartan honako hauek zehaztea:

a) Jardueraren izena eta non egiten den.

b) Titularraren izena, helbidea eta telefonoa.

c) Zuzendaritza teknikoaren arduradunaren izena, helbidea eta telefonoa.

d) Eskaini gogo dituen zerbitzuak.

e) Muntadura eta egoitzen zerrenda eta deskripzioa, eta haien planoa.

f) Aireztapen sistema. Ezaugarriak eta banaketaren planoa.

g) Nola garbitu eta desinfektatzen diren animaliekin erabiltzen diren lokalak, materialak eta tresnak eta, halakorik balitz, animaliak garraiatzeko ibilgailuak.

h) Animaliak hazteko tokiak, haiek altxatzeko tokiak edota salerosteko jarduerak direnean, kontratu-agiri bat, jardueraren eskatzaileak eta udalerrian diharduen albaitari batek sinatua. Hartan ezarri beharko da albaitaria arduratuko dela azienden higiene eta osasunaz eta zoonosiez den bezainbatean eta jarduera jakin horretan animaliaren babesari buruz indarra duen legerian agindutakoa bete dadin. Kontratua deuseztatzen bada, jardueraren titularra beharturik dago bertze albaitari bat kontratatzera, hamabortz eguneko epearen barnean, eta hala egin duela Udalaren osasun zerbitzuei jakinaraztera.

27. artikulua. Jarduera hauek merkataritzako lokalei aplikatzen zaizkien baldintza higieniko-sanitarioak betetzeaz gainera, ondoko hauek ere bete beharko dituzte:

a) Horretarako bakarrik prestatutako eraikin bakartuetan kokatuko dira, salerosketa jarduerak, apainketa zerbitzuak eta animaliendako kontsultategiak edo klinikak izan ezik, horiek behe solairu hutseko lokaletan bakarrik kokatzen ahal baitira.

b) Egoitzetako lurzoru eta paretetako materialak, salbu erabilera administratiboa baizik ez duten geletakoak, gogorrak, irazgaitzak eta garbitzeko zein desinfektatzeko errazak izanen dira.

c) Pareten arteko elkarguneak eta lurzoruen eta pareten artekoak borobilduak edo lantzerka izanen dira. Aitzineko lerroaldean aipatzen diren geletako zola guztiek behar den drainatze eta/edo hondakin urak husteko sistema izanen dute.

d) Jendeak edateko ura, beroa eta hotza, eta aireztapen sistema egokia eta nahikoa izanen dituzte.

e) Aldizka, garbiketa eta desinfekzio lanak eta intsektuak eta arratoiak hiltzekoak eginen dira, bai instalazioetan bai tresna eta ibilgailuetan. Horiek sistematikoki eta aldizka eginen dira, betiere jardueraren beharren arabera. Urtean behin bederen, lokalean intsektuak eta arratoiak hiltzeko lanak eginen ditu ofizialki baimenduta dagoen enpresa batek.

f) Udalaren baimenean lokal horietan batera egon daitezkeen animalien gehieneko kopurua agertuko da, zein den lokalaren edukia.

g) Beheko solairuetako lokalek behar bezalako intsonorizazioa izanen dute, indarrean den araudiari jarraituz.

h) Jardueraren ondorioz sortzen diren hondakin solidoak egunero bildu eta eramanen dira, hondakin solidoak kudeatzeko ordenantzak ezarri bezalaxe.

i) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak dituzten jarduerek animalia horientzat behar diren neurriak hartuko dituzte, behin ere libre utzi gabe, ezbeharrik suerta ez dadin.

j) Establezimenduaren kanpoko aldean animaliarik ez egoteko, behar den tamainako itxaron gela izanen da nahitaez, horrelakorik behar duten jardueretan.

k) Edozein eritasun zoonosiko sortuz gero, berehala jakinaraziko zaio Udalean eskumena duen osasun agintaritzari.

28. artikulua. Lagun egiteko animaliak hazteko tokitzat hartuko dira espezie bereko lau eme baino gehiago dauzkatenak, baldin eta haien xede nagusia ugalketa eta, horren ondotik, salmenta bada.

Erregistro-liburua izanen da jarduera horietarako eta, bertan, honako hauek zehaztuko dira: animalien espeziea, arraza, etorkia, inportazio baimena, sarrera eta irteera datak, animalien zertarakoa, bai eta legezko xedapenetan eskatzen diren bestelako guztiak ere.

Zenbait gela izanen dituzte, honako hauetarako gutxienez: umatzeko gela, hazteko gela, ariketak egiteko leku irekia eta egoteko tokia.

29. artikulua. Lagun egiteko animalien zaindegitzat hartuko dira, ordenantza honen ondorioetarako, animaliak hartu, ostatu eman, mantenuaz arduratu eta zaintzeko zerbitzuak halako denbora batez ematen dituzten establezimenduak.

Establezimendu horiek erregistro-liburua izanen dute, honako hauek zehazteko: animalien espeziea eta arraza, sarrera eta irteera datak, jabe edo edukitzailearen izen eta helbidea, bai eta legezko xedapenetan eskatzen diren bestelako guztiak ere.

Zenbait gela izanen dituzte, honako hauetarako gutxienez: eri dauden animaliak bakartzeko gelak, ariketak egiteko lekua, aterpe aldea eta sukaldea.

Establezimenduan animaliarik onartzeko, haren osasun agiriak aurkeztu beharko dira, eguneraturik.

30. artikulua. Lagun egiteko animaliak salerosteko establezimendutzat hartuko dira beren jarduera nagusia animaliak saldu edo erostea dutenak.

Lokalak erakustokia izan beharko du eta hotz-beroa erregulatu eta kontrolatzeko modua.

Establezimendu horiek erregistro-liburua izanen dute, honako hauek zehazteko: animalien espeziea, arraza, adina eta sexua, sarrera eta irteera datak, eroslearen izen eta helbidea, bai eta legezko xedapenetan eskatzen diren bestelako guztiak ere. Haztegietatik zuzenean ez datozen zakurrak hartzeko, animaliaren osasun agiriak erregistratuko dira.

Animaliak saltzen direnean erosleari egiaztagiri bat emanen zaio, eta hartan zehaztuko dira animaliaren arraza, adina, jatorria bai eta, hala behar bada, osasun agiriak ere.

31. artikulua. Animaliak apaintzeko establezimendutzat hartuko dira, haiek garbitu eta ikuzten eta haiei ilea apaintzen eta estetika zerbitzua ematen dihardutenak. Lanerako tresna egokiak izan beharko dituzte, baita ur beroa ere.

32. artikulua. Ordenantza honetaz den bezainbatean, albaitaritzako kontsultategi, klinika edo ospitaletzat hartuko dira fakultatibo espezialistek animalien diagnostikoa egiteko eta haiek tratatzeko establezimenduak, haien zuzendaritza teknikoa albaitari profesionalen esku baldin bada.

Jarduera hauetarako lokalek, nahitaez izan beharko dituzte honako gela hauek gutxienez:

–Kontsultategiak: harrera gela, kontsulta gela eta zenbait sendaketa lanetarakoa.

–Klinikak: itxaron gela, kontsulta gela, ebakuntzetarako gela, instalazio erradiologikoa, laborategia eta suspertze lanetarakoa.

–Ospitaleak: klinikarako aipatu direnak eta etengabeko zainketarako ospitaleratze gela. Jarduera honetan, arreta zerbitzuak gau eta egunekoa izan beharko du.

33. artikulua. Animalien hilerriak partikularrei hildako animalien gorpuak edo haien hondakinak lurperatzeko zerbitzua emateko instalazioak edo eremuak dira.

Haien kokapena hirigintzako planeamendurako arauei egokituko zaie eta urak hartuko ez dituen drainatze errazeko lurretan paratuko dira.

Hozkailuak edo izozkailuak izanen dituzte, hilotzak edo hondarrak ehortzi bitartean gordetzeko.

Ehorzketa zuzenean lurrean egiten baldin bada, kare biziko ohatze bat prestatuko da, hilotza edo hondarrak haren gainean utzi eta, berriz ere, kare biziz estaliko dira, hori dena lur azaletik 65 cm-tara bederen.

V. KAPITULUA

Animaliekin ikusteko duten beste jarduera batzuk

34. artikulua. Kapitulu honetan sartzen dira lehiaketak, erakusketak, agerraldiak eta antzekoak egitea xedetzat daukaten jarduerak, denbora baterakoak edo iraunkorrak izan, bai leku itxietan bai leku irekietan egiten direnak.

35. artikulua. Ezarri gogo den jarduera iraunkorra bada, bai leku itxietan bai leku irekietan izan, jarduerarako lizentzia izan beharko du, eta jarduera sailkatuen gainean indarra duen araudiaren arabera tramitatuko da.

Aipatu lizentzia emateko, eta kontuan hartu gabe jarduera sailkatuen erregelamenduan agindutakoa, beharrezkoa da ordenantza honetako 26. eta 27. artikuluetan zehaztutako baldintzak betetzea.

36. artikulua. Aldi baterako egiten diren jarduerek, hala leku itxietan nola leku irekietan, beren baimena izan beharko dute, Alkatetzak horretarako emana.

Baimen hori eskuratzeko eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Jardueraren deskribapena eta non egiten den.

–Helbide soziala eta eskatzailearen IFZ.

–Eskatzailearen izena, helbidea eta telefonoa.

–Jarduera zenbat luzatuko den.

–Jarduerako animalien kopuru eta espezieak.

–Erantzukizun zibileko asegurua, jarduerak irauten duen denborarako.

–Muntaduren onarpenari eta erregistroari buruzko egiaztagiria, behar den ministerioak luzatua.

–Instalazio elektrikoen boletina, behin-behineko loturarako.

37. artikulua. Denbora baterako diren jardueren kasuan, funtzionatzen hasteko, Udalaren osasun zerbitzuei honako hauek aurkeztu beharko zaizkie:

–Teknikari eskudunak luzatu ziurtagiria, dagokion lanbide elkargoak ikus-onetsia, instalazioak egoki muntatu direla dioena.

–Kasuan kasuko dokumentazioa (jatorri gida, osasun kartilla, CITES, animaliaren identifikaziorako txartela, etab.), jardueran dauden animaliei buruzkoa.

–Enpresa edo erakunde antolatzaileak jendeak edateko ur-hargunea eta ur beltzen hustubidea izanen ditu, behar bezala jarduteko horren beharra daukaten jardueraren osagai guztietan. Jarduteko baimendutako denboran okupatzen diren muntadura eta/edo guneak garbitzeko zerbitzuak ere ez dira faltako, eta bere jarduna bukatutakoan zehatz-mehatz garbitu eta desinfektatu beharko ditu.

VI. KAPITULUA

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak

38. artikulua. Definizioa.

1. Oro har, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak dira, berez basa izanik, etxeko gisa erabiliz, edo lagun egiteko, pertsonei nahiz beste animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza eman diezaieketen espezie edo arrazatakoak, eta ondasunei kalte egiten ahal dietenak, erasokorrak izan ala ez.

2. Etxeko animaliak edo lagun egitekoak ere arriskutsuak izan daitezkeen animaliatzat hartuko dira baldin eta erregelamendu bidez halakotzat hartuak badira (287/2002 ED, martxoaren 22koa), eta bereziki gisa honetako zakurrak: arraza jakin batekoak izanik, beren joera erasokorragatik, tamainagatik edo masailezurren indarragatik, pertsonei nahiz bertze animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza emateko eta ondasunei kalte egiteko gai direnak.

3. Arriskutsuak izan daitezkeen zakurrak dira honako arraza hauetakoak eta beren gurutzatzeak:

–Pit bull terrierra.

–Staffordshire bull terrierra.

–American staffordshire terrierra.

–Rottweilerra.

–Dogo argentinarra.

–Fila brasildarra.

–Tosa inua.

–Akita inua.

–Mallorkako ausiki-zakurra.

–Kanarietako ausiki-zakurra.

–Artzanor napolitarra.

–Bull mastiffa.

–Dobermanna.

–Bordeleko dogoa.

Ezaugarri hauek guztiak edo gehienak dituztenak: gihar sendoak, itxuraz indartsua, mardula, eite atletikoa, zolitasuna, bizkortasuna eta erresistentzia; aiurri handikoa eta adoretsua; ile motza; 60tik 80 zentimetrora arteko perimetro torazikoa, 50etik 70 zentimetrora arteko bizkar-gurutzea eta 20 kilogramotik goitiko pisua; tamaina handiko burua, kuboidea, mardula, garezur zabal eta handia, eta masail gihartsu eta atereak; masailezur handi eta sendoak; aho mardula, zabala eta sakona; lepo zabala, gihartsua eta motza; bular sendoa, zabala, handia eta sakona; saihets makotuak eta bizkar gihartsu eta laburra; aurreko gorputz-adarrak, paraleloak, zuzenak eta mardulak; atzeko gorputz-adarrak, berriz, oso gihartsuak, hanka luze samarrak, angelu txikia marrazten dutenak.

4. Nolanahi den, aurreko lerroaldekoak izan gabe ere, arriskutsuak izan daitezkeen zakurren artean sartuko dira aiurri erasokor handia dutenak edo pertsonak nahiz bertze animaliak eraso dituztenak. Halakoetan ustezko arrisku hori agintaritza eskudunak ikusi beharko du, ofizioz edo alderdi batek eskaturik, eta horrela deklaratzen ahalko da animaliak pertsonaren bat edo bertze animaliaren bat erasotzen duen unetik beretik.

5. Edozein espezietakoak izanik, eraso eta defentsarako erakutsi edo heziak izan diren animaliak.

39. artikulua. Lizentzia.

1. Ordenantza honetan oinarriturik arriskutsuak izan daitezkeenen artean sartzen den animalia baten jabe edo edukitzaileak lizentzia berezi bat izan beharko du. Lizentzia eskatu beharko da animalia eskuratu baino lehen, aurreko artikuluko 1, 2, 3 eta 5. ataletako kasuetan, eta 4. ataleko kasuan, berriz, 5 eguneko epearen barrenean, animaliak pertsonaren bati eraso egin dionetik hasita.

2. Lizentzia eskuratzeko, honako baldintza hauek beharko dira:

a) Adinez nagusi izatea eta ez egotea ezindurik animalia behar bezala zaintzeko.

b) Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu-askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga trafikoarekin. Ildo beretik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko eskubideaz gabetua ez egotea epaile baten ebazpenagatik.

c) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzearen inguruko arau-hauste larri edo oso larriengatik zehatua ez izana, lizentzia aldi baterako eteteko zehapena izan ezik, hura osoki bete bada.

d) Ahalmen fisikoaren eta gaitasun psikologikoaren ziurtagiria, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko.

e) Egiaztatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, bederen urtebeteko iraupena eta gutienez ere ehun eta lauretan hogei mila euroko zenbatekoa duena.

f) Kasuan kasuko ordenantzetan onartzen den udal tasa ordaintzea.

3. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek lizentzia eskatu beharko dute Berriobeitin bizi badira edo merkataritza nahiz trebakuntza udalerri honetan egiten bada. Era berean, lizentzia hau eskatu beharko dute animalia arriskutsuen jabe edo edukitzaileek, animaliak hiru hilabetez bederen Berriobeitin egon behar badu.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileek betebehar hori izatea alde batera utzirik, edozein herritarrek jakinarazten ahalko dio Berriobeitiko Udalari mota honetako animaliak dituzten pertsonak badirela, Udalak legeen arabera bidezkoak diren urratsak eman ditzan.

4. Lizentziak 5 urteko iraupena izanen du, eta indarrik ez galtzeko beharrezkoa da hura eskuratzeko eskatu ziren betebeharrei eustea denbora horretan guztian.

Aitzinekoa ukatu gabe, Udalak egiaztatzen ahalko du, lizentziak irauten duen bitartean, ofizioz edo salaketaren ondorioz, arriskutsuak izan daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak eusten ote dien lizentzia eskuratzeko betebeharrei, eta, ikuskapena egin ondotik, egiaztatzen bada arriskutsuak izan daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak ez duela betetzen baldintzaren bat, ulertuko da ez duela lizentziarik animalia edukitzeko eta hasiera emanen zaie behar diren ekintzei.

40. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe, hazle eta edukitzaileen betebeharrak.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe, hazle eta edukitzaileek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Arriskutsua izan daitekeen animalia edukitzeko lizentzia eskuratzea, ordenantza honetan zehazten diren epeetan.

b) Ordenantza honen 44. artikuluko 2. atalean zehazten den lizentzia eskuratzeko baldintzak berdin mantentzea eta horietakoren bat galtzen bada, berehala jakitera ematea.

c) Erregistroan sartzea arriskutsuak izan daitezkeen beren animalia guztiak, ordenantza honetan ezartzen diren epeen barrenean.

d) Udalari animaliaren lapurreta edo galeraren berri ematea, gertatzen denetik bost eguneko epean, baita hura bertze inori utzi edo saldu zaiola ere, edo hil egin dela, hamabost eguneko epean, identifikaziorako datuak emanda.

e) Animalia eskuratzeko unean, beste jabe baten izenean zentsaturik baldin badago, jabe berriak, eskuratu aitzin, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentziaren jabe izan beharko du, eta Udalari komunikatu beharko dio, eskuratzen duenetik bost eguneko epean gehienez ere, animaliaren titulartasun aldaketa gertatu dela.

f) Erregistroko datuetan gertatzen den beste edozein aldaketa ere jakinarazi beharko da, gehienez ere hamabost eguneko epean.

g) Animalia zikiratu edo antzutu dela jakinarazi beharko du, hala jabeak eskaturik gertatzen denean nola administrazio nahiz epaitegiko agintariaren ebazpen edo aginduaren ondorioz egiten bada.

h) Arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan aurkeztu beharko ditu, urtea amaitu baino lehen, albaitariaren urteroko azterketa egiaztatzen duen agiria, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko gaitasun fisikoa eta psikologikoa erakusten duen ziurtagiria, eta mota honetako animaliak edukitzeak dakartzan arriskuetatik babesteko formalizatzen den aseguruaren nahiz erantzukizun zibileko sariaren kopia konpultsatuak.

i) Arriskutsua izan daitekeen animalia bat Berriobeitira ekartzen bada, mugarik gabe edo hiru hilabetetik goitiko denbora baterako, jabea beharturik egonen da arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan inskribatzera. Animaliaren egonaldia hiru hilabetetik beheitikoa bada, edukitzaileak frogatu beharko du bere ohiko bizilekuan betetzen duela arriskutsuak izan daitezkeen animalien gaineko araudia; eta higiene nahiz osasunerako eta herritarren segurtasunerako neurri egokiak hartu beharko ditu.

j) Oro har, animaliak edukitzeari buruz bete behar diren obligazio guztiak bete beharko dituzte.

k) Betebehar horietarako epea kasu bakoitzean zehaztuko da, eta, eperik zehazten ez bada, hamabost egunekoa izanen da.

41. artikulua. Erregistroa.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek, erregistroan sartu nahi badituzte, Berriobeitiko Udalari jakinarazi beharko dizkiote honako datu hauek:

a) Animaliaren espeziea.

b) Animaliaren identifikaziorako zenbakia, hala behar badu.

c) Arraza. Gurutzatu ondoko lehenbiziko belaunaldikoa bada, jatorriko arrazak aipatuko dira.

d) Sexua. Erreseina edo erreseina erdia.

e) Jaiotze data.

f) Animaliaren ohiko bizilekua, zehazturik gizakiekin batera edo bertzela biziko ote den, alegia, zaintza, babes edo aipatzen den halako bertze xede baterako den.

g) Jabearen izena, helbidea eta NANa.

h) Animaliaren haztegiaren edo sorlekuaren datuak.

i) Albaitari kolegiatu baten urteroko azterketak, zeinetan frogatuko baita animalia osasunez nola dagoen, bereziki arriskutsu bihurtuko duen eritasun edo nahasterik ez duela, ez eta borroketan nahiz bestelako jarduera debekatuetan erabilia izatearen ondoriozko lesio edo orbainik ere.

j) Hezi duten zentroko datuak, halakorik bada.

k) Eraso kasuak.

l) Mikrotxip identifikagarria paratua duela dioen agiria.

Datu horiek denak erregistroan sartuko dira eta aldaketarik gertatzen bada, jabeak haren berri eman beharko du, erregistroan sartu behar den aldaketa gertatu ondoko hamabortz eguneko epean, eraso kasuetan izan ezik, halakoetan berehala jakinarazi behar baita.

42. artikulua. Segurtasun neurriak.

1. Eremu publikoetan, higiezin kolektiboetako eremu komunetan, eta, oro har, erabilera publikorako diren toki eta eremuetan, kapitulu honetan aipatzen diren zakurrak gehienez ere bi metroko luzera duen katearekin edo uhal luzaezinarekin lotuta eta muturrekoa paratua dutela (homologatua eta zakurraren arrazari egokitua) eramanen dira. Lagun bakarrak ez du inoiz eramaten ahalko zakur hauetako bat baino gehiago eta adin tikikoek ez dituzte inola ere eramaten ahalko.

Zakurrak jostetan ibiltzea onartuko da horretarako prestatutako guneetan soilik, hala nola libratzeko tokietan, zakurrentzako eremuetan edo Mogotes sektorean zakurrentzat berariaz mugatutako eremuan, eta betiere inguruan animaliaren arduraduna egonda eta zakurra kontrolpean izanda.

2. Arriskutsuak izan daitezkeen zakurretako instalazioek ezaugarri hauek izan beharko dituzte, animaliak handik atera eta hirugarrenei kalterik egin ez diezaieten:

a) Hormek eta hesiek behar adinako garaiera eta sendotasuna izan beharko dute. Orobat, tinko egon beharko dute, animaliaren pisuari eta presioari eusteko.

b) Instalazioetako ateek inguruaren gainerakoa bezain sendoak eta eraginkorrak izan beharko dute, eta haien diseinuaren bidez saihestu beharko da animaliek segurtasun mekanismoak erauzi edo ireki ahal izatea.

c) Barrutiak behar bezala seinalatua egon beharko du, mota horretako zakurrak daudela ohartarazteko.

43. artikulua. Debekuak.

Abenduaren 24ko 50/1999 Legean aipatzen direnez gainera, honako hauek ere debeku dira:

1. Arriskutsutzat hartzen den animalia muturrekorik gabe ibiltzea eremu publikoan edo lizentziarik gabeko lagun batek daramala.

2. Uztea, esku hartuz edo esku ez hartzeagatik, arriskutsua izan daitekeen animaliak eraso egin diezaien pertsonei edo bertze animalia batzuei, edota kalte, bertzela, edozein ondasuni, hala eremu publikoan nola leku pribatuetan, erasoaren unean edo aurretik halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.

3. Arriskutsua izan daitekeen animalia gehienez bi metroko gorako kate edo uhalarekin lotu gabe eramatea.

4. Lagun bakarrak arriskutsua izan daitekeen zakur bat baino gehiago eramatea.

VII. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

44. artikulua. 1. Ordenantza honi dagokionez, arau hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

2. Hauek dira arau-hauste arinak:

a) Lagun egiteko animalia bat erroldatu gabe edukitzea 7/1994 Foru Legearen 10. artikuluan agindutakoaren kontra.

b) 7/1994 Foru Legeak agintzen dituen artxibo edo erregistroak ez eramatea, edo osatu gabe eta eguneratu gabe eramatea.

c) Lagun egiteko animaliak 14 urtez beherakoei edo ezinduei eskualdatzea, guraso-agintea, babesa edo zaintza dutenen baimenik gabe.

d) Lagun egiteko animalia bat oparitzea ordenantza honek edo, bertzenaz, 7/1994 Foru Legeak xedatzen duenaren kontra.

e) Abandonatuta dauden animaliei jaten ematea.

f) Animalien identifikazioari buruzko araudia ez betetzea edo identifikaziorik ez izatea.

g) Albaitariaren kontrolik gabe txertatzea.

h) Zakurrak hiriko eremu publikoetan kate edo uhalik gabe eramatea.

i) Lagun egiteko animaliaren gorozkiak bildu gabe uztea eremu publikoan.

j) Hiriko karriketan basa espezieekin ibiltzea, etxekotuak badira ere.

k) Bidaiarien garraio publikorako zerbitzuetan animaliekin bidaiatzea, horretarako eremu berezirik ez badute.

l) Ikastetxe, igerileku, ospitale eta eraikin publikoetan animaliekin sartzea.

m) Noizbait erasoak eginak dituzten zakurrak muturrekorik gabe eramatea.

n) Ordenantza honen 35. artikuluan ezarritako eginbeharra ez betetzea.

ñ) Behar bezainbat baliabiderik ez jartzea animalia etxetik edo etxebizitzatik arduradunik gabe atera dadin eragozteko.

o) Animaliaren jabea, administrazio-zehapenaren erantzulea identifikatzeko behar bezala eskatu eta hala egiten ez badu.

p) 50/1999 Legearen 12.4 artikulua ez betetzea, arriskutsuak izan daitezkeen animaliei buruzkoa baita artikulu hori.

q) Ordenantza honetako edozein xedapen ez betetzea, larriak edo oso larriak direnak izan ezik.

3. Hauek dira arau-hauste larriak:

a) Animalia behar den mantenurik gabe edukitzea.

b) Animaliak behar bezalako higiene eta osasun baldintzarik ez duten instalazioetan edukitzea, edo higiene eta osasun baldintza txarretan.

c) Animaliak zikiratzea, mutilatzea eta hiltzea inongo albaitariren kontrolik gabe edo 7/1994 Foru Legean finkatutako baldintza eta betebeharren kontra.

d) Animalia ez txertatzea edo osasun agintariek nahitaezkotzat deklaratu dituzten tratamenduak ez ematea.

e) Lagun egiteko animaliak denbora batez edukitzeko instalazioen gainean 7/1994 Foru Legeko II. tituluko III. kapituluan finkatu diren baldintza eta eginbeharrak ez betetzea.

f) Animaliak indarra duen araudiaren kontra saltzea.

g) Usakumeei tiro egiteko saioak antolatzea, edo jarduera horretan aritzea, aitzinetik administrazioaren baimenik izan gabe edo haren zehaztapenen kontra.

h) Zinema nahiz telebistarako animaliekin eszenak filmatzea, baldin ankerkeria, tratu txarrak edo sufrimendua ekartzen badiete, administrazioaren aldez aurreko baimenik izan gabe.

i) Animaliak laborategi edo kliniketara eramatea, indarra duen araudiko baldintzak bete gabe.

j) Egoitza pribatuetan 7/1994 Foru Legeak eskatzen dituen albaitari zerbitzuak ez izatea.

k) Animalia bizkarroidunak edo erituak saltzea, edo gaitzik ez dutela ziurtatzeko albaitari agiririk gabe.

l) Osasun zerbitzu ofizialei aditzera ez ematea nahitaez deklaratu beharreko gaitzak.

m) Elikagaiak egin, erabili edo biltegiratzen diren tokietan animaliarekin sartzea.

n) Behin eta berriz traba egitea.

o) 50/1999 Legearen 13.2 artikuluan ezarritako arau-hausteak, arriskutsuak izan daitezkeen animaliei buruzkoa baita artikulu hori.

4. Hauek dira arau-hauste oso larriak:

a) 7/1994 Foru Legearen 4. artikuluan xedatzen denaren kontrako jarduerak antolatu eta egitea, baita haien publizitatea ere.

b) Animaliaren kontra ankerkeria, tratu txarra eta eraso fisikoak.

c) Animalia abandonatzea, bizirik nahiz hilik.

d) Alferrikako sufrimendua edo kaltea eragin diezaieketen gaiak ematea.

e) Zakurrak beti loturik edukitzea.

f) Arriskutsutzat hartzen den animalia muturrekorik gabe ibiltzea eremu publikoan edo lizentziarik gabeko lagun batek daramala.

g) Uztea, esku hartuz edo esku ez hartzeagatik, arriskutsua izan daitekeen animaliak eraso egin diezaien pertsonei edo bertze animalia batzuei, edota kalte, bertzela, edozein ondasuni, hala eremu publikoan nola leku pribatuetan, erasoaren unean edo aurretik halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.

h) Arriskutsua izan daitekeen animaliaren bat eramatea 2 metroko katerik gabe dela eremu publikoan dela ordenantza honetan baimendutako guneetatik at.

i) 50/1999 Legearen 13.1 artikuluan ezarritako arau-hausteak, arriskutsuak izan daitezkeen animaliei buruzkoa baita artikulu hori.

45 artikulua. Zehapenak.

1. Arau-hauste arinek 60tik 150 eurora bitarteko isunak izanen dituzte zehapen; larriek 151tik 600 eurora bitartekoak, eta oso larriek 601etik 3.000 eurora bitartekoak.

50/1999 Legearen 13.5 artikuluan ezarritakoari lotuko zaio, arriskutsuak izan daitezkeen animaliei buruzko zehapenetarako.

2. Zehapenak ezartzerakoan honako irizpideak hartuko dira kontuan, isunen zenbatekoa graduatzeko eta zehapen osagarriak ezartzeko:

a) Egindako arau-hausteak gizartean zer eragin izan duen eta zer kalte egin duen.

b) Irabazi asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustean zer etekin atera den.

c) Ankerkeriarik izan den animaliarekin.

d) Arau-hausteak errepikatu diren edo haietan berrerori ote den.

Arau-haustean berrerori dela ulertuko da, baldin eta animaliari edo animaliaren edukitzaileari zehapena ezarri bazaio bi aldiz gutxienez, animaliak edukitzeari buruzko araudia hausteagatik.

Zehapena mailarik gorenean ezarriko da urtebete natural berean arau-haustea berriz gertatzen bada.

ARRISKUTSUAK IZAN DAITEZKEEN ANIMALIAK
EDUKITZEAREN GAINEKO ARAUA

Tarifen eranskina

I. epigrafea.–Zakurren harrapaketa.

–Animalia bakoitzeko: 20,14 euro.

II. epigrafea.–Egonaldiak.

–Udal egoitzetan, eguneko: 3,02 euro.

–Hitzartutako bertzelako zakurtegietan, egun bakoitzeko, haien tarifetan ezarririk dagoena.

Zakurtegiko egonaldia hitzartua bada, ez da tasarik pagatuko udal bulegoetan egoteagatik.

III. epigrafea.–Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentziak ematea.

–Tarifa, lizentzia bakoitzeko: 35,33 euro.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honen IV. kapituluak arautzen dituen jardueren titularrek urtebeteko epea dute, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aitzina, arau honetan ezarritakoari egokitzeko.

Bigarrena.–Arriskutsua izan daitekeen animalia bat lehendik duenak sei hilabeteko epea izanen du, ordenantza honek indarra hartzen duenetik, aipatzen diren baldintzak bete eta dagokion lizentzia eskuratzeko.

Iragarkiaren kodea: L1703996