97. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ABLITAS

Aldaketa, Alde Zaharrean etxebizitzak zaharberritzeko laguntzak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Ablitasko Udalak, 2017ko otsailaren 6an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Alde Zaharrean etxebizitzak zaharberritzeko laguntzak arautzen dituen ordenantzako aldaketa, eta 2017ko 36. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 21ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantzan egin aldaketa behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Ablitasen, 2017ko apirilaren 10ean.–Alkatea, Cecilio Antón Ruiz.

UDAL ORDENANTZA, ALDE ZAHARREAN ETXEBIZITZAK ZAHARBERRITZEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

Xedea

1 artikulua. Laguntzak arautzea du xede ordenantza honek, Udal Plan Orokorrean zehaztuta dauden Alde Zaharreko sektoreetako jarduketa eremuko obrak gauza daitezen bultzatzeko arlo hauetan:

–Eraikinak zaharberritu eta konpontzea.

–Eraikinak handitzea.

–Desegokitzat hartutako elementuak eraistea.

–Oin berriko eraikinak.

–Etxebizitzak, merkataritzako edo negozioetako lokalak, bulego profesionalak eta irabazi asmorik gabeko eta kultur intereseko elkarteen egoitzak zaharberritu edo konpontzea.

Baldintzak

2 artikulua. 2.1. Udalaren laguntzak jasotzen ahalko dituzte aurreko artikuluan azaldutako obrek eta, oro har, Nafarroako Gobernuak ezarritako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituztenek.

2.2. Gainera, ondotik zehazten diren baldintza guztiak bete beharko dituzte:

a) Kontrata bidezko aurrekontuaren zenbatekoa, gutxienez ere 2.000 eurokoa, osorik betearaztea eta, gero, bidezko bada, Udalak onestea.

b) Diruz laguntzen ahal den aurrekontuaren zenbatekoa 6.000 eurotik gorakoa bada, Etxebizitzak Zaharberritzeko Tuterako Bulegoko nahitaezko txosten teknikoan agertu beharko du, obrek EZABUren laguntza araudiarekin bat etorri beharko dute, osorik egin beharko dira eta, gero, bidezko bada, Udalak onetsi beharko ditu.

c) Egin beharreko obrek aurrekontu zehaztu batean agertu beharko dute nahitaez, neurriak eta prezioak unitateka adieraziz, edo proiektu teknikoa beharko da, behar bezala ikus-onetsia.

d) Obrak udal planeamenduarekin, eta zaharberritze, bizigarritasun eta hirigintzako arauekin bat etortzea.

e) Aurrekontuan baliabide ekonomikoak nahikoak izatea, egokitzen den ekitaldi ekonomikoaren kargura laguntzak eman ahal izateko. Laguntza horietarako eskubideak galdu eginen dira, balio eta eraginik gabe geratuz, aurrekontuko kontsignazioa agortzen denean.

f) Behar diren inprimaki ofizialak betetzea eta eskatzen den dokumentazioa aurkeztea, interesdunek eskatzen zaizkien betebeharrak baldintzarik gabe onartzen dituztela adieraziz.

Udalaren laguntzak

3 artikulua. 3.1. Diru-laguntza motak.

3.1.1. EIOZaren (Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga) %100eko diru-laguntza.

3.1.2. Udal tasen %100eko diru-laguntza, obra lizentzia gisa.

3.1.3. Bide publikoa okupatzeagatiko tasaren %100eko diru-laguntza, sustatzaileak obra lizentziaren eskaeran zehazten duen iraupena bete arte.

3.2. Diruz bestelako laguntzak.

Espediente bakoitzak behar duen aholkularitza teknikoa.

Laguntza ekonomikoak ezartzeko, diruz laguntzen diren obrak gauzatzeko aurrekontua hartuko da babespeko aurrekontutzat.

Onuradunak

4. artikulua. Udal Plan Orokorrean zehaztutako Alde Zaharreko sektoreen barrenean zehaztutako eraikin, etxebizitza edo lokalen jabeak direnez, pertsona fisikoak edo juridikoak hartuko dira onuraduntzat, baita jabeak ez izanik ere, badirenen baimen espresa dutenak obrak egiteko, maizter, errentari edo erabiltzaile gisa.

Laguntzetatik baztertuta daude etxebizitzak zaharberritzeko edo oin berrikoak egiteko jarduketak, gero saltzeko badira.

Aurrekoa gorabehera, onuradunak izanen dira espedientea hasi ondoren eta obren amaierako eskaria egin baino lehen espedientearen titulartasuna aldatzeko eskaria egiten duten eta horrenbestez eraikin, etxebizitza edo lokalen jabe berri bihurtzen diren pertsona fisikoak edo juridikoak, eta ezin izanen dira laguntzak berriz kalkulatu.

Mugak

5. artikulua. 5.1. Ordenantza honekin bat egiten duten etxebizitzak ez dira inola ere lagatzen ahalko, bost urteko epean, laguntzak jasotzen dituzten obrak bukatzen direnetik aitzina, non ez zaion Udalari itzultzen eskuratutako diru guztia, Nafarroako Gobernuak bere 276/2001 Dekretuan eta 204/2002 Foru Dekretuan biltzen dituen salbuespenak kenduta.

5.2. Jasotzen ahalko diren gehieneko laguntzak mugatuta egonen dira kontzeptu guztietan.

5.3. Gehieneko laguntza jasota, bost urtean ez da berriz ere ordenantza honetako laguntzarik eskatzen ahalko.

Kolektibitateen eraikinetako guztiendako elementuen gainean egindako obretarako laguntzarik emanez gero, horiek hainbanatuko dira eraikina osatzen duten etxebizitza edo lokalen jabeen artean; hartara, jabeek etxebizitza edo lokal horietarako laguntzarik eskatuz gero, jaso beharreko diru-laguntzaren gehieneko mugatik kenduko da bakoitzari proportzioz dagokion zatia.

Laguntza ekonomikoak emateko irizpideak

6. artikulua. Udalak lehentasun ordena ezartzen ahalko du obrei udal baliabideak esleitzeko, ondotik zehazten diren irizpideen arabera:

a) Udalaren erregistroan laguntza eskabidea zer datatan sartzen den.

b) Aurrekontuko partidarik baden.

Espedienteen tramitazioa.

7. artikulua. 7.1. EZABUren laguntza araudiaren arabera 6.000 eurotik gorako aurrekontu babesgarria duten jarduketen eskatzaileek Etxebitzitzak Zaharberritzeko Erriberako Bulegora joko dute, beharrezko informazioa jasotzeko.

7.2. Ikuskapena egin ondotik, Zaharberritze Bulegoan argibideak emanen zaizkie interesdunei, inguruabar hauen gainean:

–Egin beharreko obrak.

–Kasu bakoitzean behar den dokumentu teknikoa.

–Izan daitezkeen laguntzak.

Hori guztia honen babesean eta honako honi dagokionez, Nafarroako Gobernuaren bitartez oro har izan ditzaketen laguntzetatik aparte.

7.3. Interesdunak Ablitasko Udalean aurkeztu beharko ditu, behar den erregistroa egin dadin, EZABUri eskatzen zaion dokumentazioa eta laguntzak eskatzeko inprimakia.

7.4. EZABUk bere txosten teknikoa igorriko dio Udalari, horren ebazpen espreserako. Hura gehienez ere bi hilabeteko epean emanen du eskabideari Udalaren erregistro orokorrean sarrera ematen zaionetik, lizentzia emateko egintza administratiboarekin batera.

7.5. Oro har, eta ordenantza honetan bereziki bildurik ez dauden eta tramitazioan planteatu daitezkeen inguruabar berezietan, Nafarroako Gobernuaren iritziari jarraituko zaio, etxebizitza arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen Foru Dekretua aplikatzerakoan.

Laguntzak jasotzea.

8. artikulua. 8.1. Espediente bakoitzari dagozkion laguntzen egiazko likidazioa obrak bukatzen direnean gertatuko da, aurreko urtean aurreikusitako ebazpen espresaren epean; interesdunak aginduzko “Obra Bukaeraren Orria” aurkeztu beharko du eta obrek bat etorri beharko dute lizentziarekin eta dagokien dokumentu teknikoarekin.

8.2. Etxebizitzak Zaharberritzeko Bulego eskudunari (Erriberako EZABU) dagokio aginduzko txosten teknikoa prestatzea, obrak bukatu ondotik, espedienteak bertan tramitatu badira, zertarako eta, behar bezala eginak badira, bukaera ekitaldiari dagokion banaketan kontuan har daitezen; orobat, harekin loturik dauden inguruabar guztien jarraipena eginen du eta haiek kudeatuko ditu, hasten direnetik bukatu arte, hori guztia onuradunek hartu dituzten laguntzek erabateko eraginkortasuna lor dezaten.

Laguntzak galtzea

9. artikulua. 9.1. Ordenantza honetako baldintzak eta beharkizunak betetzen ez badira eta aurkeztutako dokumentazioan edozein datu faltsutuz gero, Udalak emandako laguntza guztiak deuseztatuko dira eta espedientean izan daitezkeen onurak bertan behera geldituko; gainera, jasotakoa itzuli beharko da, legezko interesak barne, jaso ziren unetik. Indarra duen legean diru-bilketarako ezarritako premiamendu bidez ordainaraz daitezke.

Orobat, aplikatzekoak izanen dira laguntza eta diru-laguntza publikoen onuradunei ezartzen zaizkien betekizun eta erantzukizunak, Aurrekontuei buruzko Lege Orokorraren (1091/1988 LED, irailaren 23koa) 81. eta 82. artikuluetan orokorrean jasotzen direnak, baita diru-laguntza eta laguntza publikoei aplikatzen ahal zaizkien gainerako xedapenak ere.

9.2. Jabeen elkarteen kasuan, deuseztapen hori banaka egin daiteke, jabe elkarteko kideetatik bat bakarra bada betetzekoari huts egiten diona, edo taldeka, elkarteari berari egozten ahal baldin bazaio.

Eskumena

10. artikulua. Ordenantza honen aplikazioari dagokion orotan, Zaharberritze Bulego eskudunak udal irizpideak bete beharko ditu Udaleko organo eskudunaren bitartez, hori izanen baita araua behar bezala betetzen dela zainduko duena bidezko helburuak lor daitezen.

Iragarkiaren kodea: L1704548