96. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

387E/2017 FORU AGINDUA, apirilaren 21ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, Infekzioen Zaintza eta Kontrolerako Nafarroako Aholku Batzorde Teknikoa sortzen duena.

Osasuneko kontseilariak maiatzaren 28an emandako 123/1996 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Zaintza Epidemiologikorako Aholku Batzorde Teknikoa sortu zen.

Zaintza epidemiologikoak, orain arte bereziki gaixotasun transmitigarriez arduratu denak, informazioa bildu eta analizatzeko aukera ematen du osasun arazoak hautemateko, gertatzen diren aldaketak une eta leku jakin batean baloratzeko, osasunarentzat arriskugarriak diren arazoen kontrol indibidual eta kolektiborako neurriak aplikatzen laguntzeko eta informazioa maila guztietan hedatzeko asmoz.

Foru agindu horrek indarra hartu zuenetik gaur arte, infekzioek, moteldu beharrean, garrantzi handia hartu dute, osasun publikoarentzat arriskutsuak bilakatzen ahal direlako. Segurtasun klinikoaren esparruan ere, infekzioa funtsezko alderdi bat da gaur egun.

Azken urteotan, mugigarritasun geografiko handiak lagunduta, nahiko handitu dira hedatzen ari diren zenbait infekzioren bitartez transmititzeko aukerak (Ebola, Zika birusa etab.). Infekzio horiek, epe ertainera, arrisku handiak ekar ditzateke herritarrentzat. Era berean, ustez kontrolpean zeuden eritasun transmitigarri ezagun batzuk berriz agertzen ari dira.

Bestalde, infekzio nosokomialak gero eta arreta handiagoa erakartzen ari dira, baita osasun laguntzarekin zerikusia duten infekzioak ere, bereziki, mikroorganismo multirresistenteek eragindako infekzioak. Horren guztiaren ondorioz, jarduketa eremu hori osasun publikoaren lehentasunezko arazo bat da gaur egun, eta halaxe aitortu dute bai Europako Batzordeak bai Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroak.

Ildo horretan, osasun bakarraren kontzeptuarekin bat eginez (One Health), Antibiotikoekiko Erresistentzien aurkako Plan Nazionala txertatzen ari da. Plan horrek, besteak beste, arreta berezia jartzen du Antibiotikoaren Erabilera Optimizatzeko Programan, hala ospitaleetan nola oinarrizko osasun laguntzan, baita animalien osasunaren esparruan ere.

Kontuan harturik, batetik, hedatzen ari diren gaixotasunek duten garrantzi epidemiologikoa, eta bestetik, mikroorganismo multirresistenteen hedadura, behar-beharrezkoa dugu berariazko protokolo batzuk prestatzea eta berariazko biosegurtasun neurri gero eta konplexuagoak ezartzea, herritarrak babesteko behar-beharrezkoak direnak, eta ezinbestekoak osasun arloko langileen lan osasuna bermatzeko.

Azkenik, sexu-transmisiozko infekzio batzuk berriz zabaltzen ari dira, haietako batzuk munta handikoak: GIBa, konparazio batera, nerabeengan ere agertzen hasi dena. Gaixotasun hori edo haren sintomak moteldu edo aldatzeko gai diren tratamenduak asmatzeak arriskuaren pertzepzioa ahultzea ekarri du, eta horregatik beharrezkoa da ahalegin handiagoa egitea, berriz, gaixotasun horren prebentzioaren arloan.

Aipatutako faktore horiek guztiak kontuan harturik, gomendagarria da zaintza epidemiologikoaren arreta gaixotasun infekziosoetara bideratzea bereziki, eta Batzorde Teknikoaren hedadura eta esku-hartzea nabarmen zabaltzea. Batzorde hori izen handiko teknikariek osatuko dute, eta haren jarduera eremua erabilera publikoko Nafarroako osasun zentroen sarera zabalduko da.

Adierazitakoaren ondorioz, osasun arloko aholkularitza zientifiko-teknikoa egituratzeko Osasuneko kontseilariaren 1990eko urtarrilaren 12ko Foru Aginduaren 6. artikuluan ezarritakoarekin bat,

AGINDU DUT:

1. Infekzioen Zaintza eta Kontrolerako Nafarroako Aholku Batzorde Teknikoa sortzea. Haren osaera eta eginkizunak beherago zehazten dira.

2. Kide hauek osatuko dute Aholku Batzorde Teknikoa:

–Nieves Ascunce Elizaga andrea, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Epidemiologiaren eta Osasun Prebentzioaren Zerbitzuko burua, batzordeburua izanen baita.

–M.ª Carmen Ezpeleta Baquedano andrea, Nafarroako Ospitaleguneko Mikrobiologia Klinikoaren Zerbitzuko burua, Batzordeko idazkaria izanen baita.

–Miguel Angel Martínez Pérez jauna, Nafarroako Gobernuko Abeltzaintza Zerbitzuko zuzendaria.

–Aurelio Barricarte Gurrea jauna, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Gaixotasun Transmitigarrien eta Txertaketen Ataleko burua.

–Jesús Repáraz Padrós jauna, Nafarroako Ospitaleguneko Eritasun Infekziosoen Ataleko burua.

–María Amaya Bacaicoa Hualde andrea Nafarroako Ospitaleguneko Medikuntza Prebentiboaren Zerbitzuko burua.

–Ingrid Estévez Coro andrea, Tuterako Reina Sofia ospitaleko medikuntza prebentiboaren arloko fakultatibo espezialista.

–Francisco Javier Lameiro Couso jauna, Lizarrako García Orcoyen ospitaleko medikuntza prebentiboaren arloko fakultatibo espezialista.

–José Luis del Pozo León jauna, Nafarroako Klinika Unibertsitarioko Mikrobiologia Zerbitzuko zuzendaria.

–Lucia Gil Guerrero andrea, San Juan de Dios ospitaleko barne medikuntzaren arloko fakultatibo espezialista.

–Pablo Aldaz Herce jauna, Donibaneko osasun etxeko familiako eta komunitateko medikuntzaren arloko fakultatibo espezialista.

–Javier Garjón Parra jauna, Farmaziako Prestazioaren Kudeaketarako Zerbitzuko oinarrizko osasun laguntzako farmazialaria.

–Mercedes Herranz Aguirre andrea, Nafarroako Ospitaleguneko pediatriaren arloko fakultatibo espezialista.

–Isabel Francés Mellado andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Zerbitzuari atxikitako fakultatibo espezialista.

–Luz Peña Martínez andrea, Nafarroako Ospitaleguneko medikuntza prebentiboko erizaina.

–Carmen Silvestre Busto andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Laguntzaren Kalitatearen eta Segurtasun Klinikoaren Ataleko burua.

3. Aholku Batzorde Teknikoak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Hedatzen ari diren gaixotasun infekziosoen kasuak hautemateko, azkar diagnostikatzeko eta arreta emateko prozedurak proposatzea.

b) Osoko diagnostikoa, kontaktuen azterketa, profilaxia eta tratamendu egokia sustatzea.

c) Infekzioaren transmisioa saihesteko kontrol neurriak proposatzea eta langileen biosegurtasuna bermatzea.

d) Osasun laguntzarekin zerikusia duten infekzioen prebentzio eta kontrolerako programen garapena sustatu eta bultzatzea.

e) Antibiotikoekiko Erresistentzien aurkako Plan Nazionalaren garapena sustatu eta bultzatzea, hala osasunaren arloan nola animalien osasunaren esparruan.

f) Antibiotikoen Erabilera Optimizatzeko Programa sustatu eta bultzatzea, hala osasunaren arloan nola animalien osasunaren esparruan.

g) Mikroorganismo multirresistenteen zaintza eta kontrola bultzatzea, eta teknika mikrobiologikoak ezartzea gure ingurunearekiko dituzten erresistentzia baliabideak ezagutzeko, hala osasunaren arloan nola animalien osasunaren esparruan.

h) Espainiako eta Europako entitateekin lankidetzan aritzea haren aholkuak gurean txertatuz eta gure erkidegoan lortzen den informazioa partekatuz.

i) Ikerkuntza epidemiologia kolaboratiborako estrategia bat garatzea.

j) Sexu-transmisiozko infekzioen zaintza aktiborako eta prebentziorako programak sustatu eta bultzatzea prebalentzia handieneko adin tarteetan.

4. Batzordeak egoki iruditzen zaizkion aholkulari espezialisten laguntza beregana dezake, eta bere helburuak lortzeko beharrezkoak iruditzen zaizkion lantaldeak osatu.

5. Batzordearen jarduna honako arau hauek erregulatuko dute: foru agindu honek, batzordearen beraren barne araudiak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean agertzen diren kide anitzeko organoentzako jarraibideek, betiere Administrazio Publikoen araubide juridikoari buruzko oinarrizko araudia errespetatuz.

6. Gehienez ere 60 eguneko epean, Nafarroako Ospitaleguneko Kudeatzailetzak, Nafarroako Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzak eta Tuterako eta Lizarrako osasun barrutietako kudeatzailetzek Infekzioaren Zaintza eta Kontrolerako Batzordeak eratu beharko dituzte, zeinek bere jarduketa eremuan.

7. Indarrik gabe uzten da Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 28ko 123/1996 Foru Agindua, Nafarroako Zaintza Epidemiologikorako Aholku Batzorde Teknikoa sortu zuena.

8. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko apirilaren 21ean.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

Iragarkiaren kodea: F1704938