96. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

138/2017 EBAZPENA, maiatzaren 2koa, Barneko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez diru-laguntzen deialdia onesten da babes zibilaren arloan kualifikazioa eta jarduera berariazkoa duten boluntarioen elkarteetarako, haien funtzionamenduari laguntzeko, 2017. urtean.

Irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera, Barne Zuzendaritza Nagusiari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak babes zibilaren eta larrialdien arloetan dituen zerbitzuak kudeatzea.

Nafarroako Gobernuak lankidetzarako zenbait esparru-hitzarmen sinatu ditu boluntarioen elkarte batzuekin, elkarte horiek Nafarroako babes zibilaren sisteman integratzeko helburuz, halako moduz non, boluntariotza sustatuz, elkarte horiek boluntarioen etengabeko prestakuntza eta laguntzaren kalitatea zainduko dituzten, hain zuzen ere honako hauetan aritzen diren boluntarioen kasuan: hondamendi edo larrialdietako biktimei, ahaideei, parte-hartzaileei eta beste kaltetu batzuei babesa eta laguntza psikologikoa ematen, zakurren bidezko salbamendu espezializatuan, haitzulo eta leizeen ingurune zailean aritzen diren espezialistekin jarduten, eta naturgunean bilaketak egiten, barnean dela mendiko prebentzioa, betiere jarduteko prozedurak antolatzen, aginte bakarraren printzipioari jarraituz.

Horien ondorioz, Nafarroako Gobernuak, Barne Zuzendaritza Nagusiaren bidez, konpromisoa hartu du elkarte horien jarduerak diruz laguntzeko, gastu arruntak eta inbertsioak finantzatzen dituzten diru-laguntzen bidez, betiere Babes Zibilerako Zerbitzuaren jarraibideen arabera beharrezkotzat jotzen badira elkarte horien eta haien instalazioen funtzionamendu edo hobekuntzarako. Beren aldetik, elkarteek hainbat betebehar hartu dituzte beren gain, operatiboan eraginkorki txertatzeko, beste profesional eta boluntario batzuekin batera.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen araubide juridiko orokorra Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarrita dago. Artikulu horrek xedatzen du ezen, diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko dituela. Horrela, diru-laguntza jasotzeko moduan daudenek eskuragai izanen dituzte eta publizitatearen, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, bereizkeriarik ezaren eta kontrolaren printzipioak bermatuko dira.

Horrenbestez, espedienteko txostenak ikusirik, eta aldeko txostena, Ogasuneko Kontu-hartzailetza Delegatuarena, badelarik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Diru-laguntzen deialdia onestea, babes zibilaren arloan kualifikazioa eta jarduera berariazkoa duten boluntarioen elkarteetarako, 2017. urtean haien funtzionamenduan laguntzeko. Deialdiaren oinarriak ebazpen honen eranskinean ageri dira.

2. Guztira, 70.000,00 euroko gastua baimentzea, honelaxe banaturik:

–40.000,00 euro, gastu arruntetarako, “Irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako diru-laguntzak” izeneko 054001 02500 4819 134100 partidaren kargura.

–30.000,00 euro, inbertsioetarako, “Irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako diru-laguntzak (inbertsiorako)” izeneko 054001 02500 7819 134100 partidaren kargura.

3. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57 artikuluarekin bat.

5. Ebazpen hau igortzea Babes Zibilerako Zerbitzuari, Boluntarioen Bulegoari, Barne Zuzendaritza Nagusiko Kudeaketa Ekonomikoaren Unitateari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Departamentu honetan duen kontu-hartzailetza delegatuari eta Nafarroako Aldizkari Ofizialari.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 2an.–Barneko zuzendari nagusia, Agustín Gastaminza Oiz.

OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Xedea eta helburua.

Deialdiaren xedea da 2017. urtean Barne Zuzendaritza Nagusiak emanen dituen laguntza ekonomikoak arautzea, babes zibilaren arloan kualifikazioa eta jarduera berariazkoa duten eta Nafarroako Babes Zibilaren Sisteman sarturik dauden boluntarioen elkarteetarako, atxikitzeko hitzarmenetan ezarritakoari jarraituz.

Jarduera eremu hauetan arituko dira dira elkarte horiek: bilaketa eta erreskate jarduerak (kasu batzuetan entrenatutako zakurrak erabiliz, edo sartzeko eta jarduteko zailak diren inguruneetan, esaterako haitzuloetan eta leizeetan), ingurumena babestea, mendiko prebentzioa edo arreta psikologikoa. Babes zibilari loturiko zerbitzuen prestazioa inondik ere zerbitzu publikoa da, eta boluntarioen lankidetza sustatu behar da; izan ere, libreki eta beren borondatez elkartzen dira jarduketak administrazioekin partekatzeko. Hortik diru-laguntzaren xedeko jarduerak onura publikoa eta soziala izatea helburu.

2. Aurrekontu egozpena eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

Diru-laguntzaren zenbatekoa honako hau izanen da (2017ko aurrekontuko partiden arabera):

–40.000,00 euro, gastu arruntetarako, “Irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako diru-laguntzak” izeneko 054001 02500 4819 134100 partidaren kargura.

–30.000,00 euro, inbertsioetarako, “Irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako diru-laguntzak (inbertsiorako)” izeneko 054001 02500 7819 134100 partidaren kargura.

3. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Laguntza hauen onuradun izan daitezke babes zibilaren eremuko boluntarioen elkarteak, baldin beren estatutu edo xedeetan aitorturik badute aipatuen arteko jarduera berariazko bat, lankidetzarako hitzarmen bat izenpetu badute Nafarroako Gobernuarekin babes zibilaren arloan, eta Nafarroako eremu geografikoan badihardute.

Orobat, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

4. Eskaeren aurkezpena eta dokumentazioa.

Elkarteko idazkari lanetan ari denak sinatuta eta elkarteko buruak ikus-onetsita aurkeztuko dira eskaerak, oinarri hauen I. eranskinean jasotako eskabide ereduari jarraituz; eranskin horretan adierazitako dokumentazioa gehituko da nahitaez.

Laguntzen eskabideak aurkezteko epea hogei egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

Eskaerak telematika bidez aurkez daitezke, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, zuzenean helbide honetan eskura baitago:

http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1

Edo, bestela, Nafarroako Gobernuaren Atariko Tramiteen Katalogoan deialdi honen fitxan dagoen estekatik abiatuta.

Halaber, eskatzaileek eskaerak bertatik bertara ere aurkezten ahal dituzte, hain zuzen ere 2015eko 57. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 25ekoan, argitaratutako Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren iragarkian zerrendaturiko Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren edozein bulegotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako gainerako erregistro eta bulegoetan.

Nolanahi ere, eskaerak Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzura, Boluntarioen Bulegora (Agoitz kalea, 35 bis; 31004 Iruña) igorri beharko dira.

Diru-laguntzarako eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, hamar egun balioduneko epean okerra zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, aldez aurretik ebazpena emanda, lege beraren 21. artikuluan ezarritako moduan.

Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

5. Gastu diruz lagungarriak.

Lankidetza hitzarmenetan definitutako jarduera eta programei lotutako gastuak ez besterik lagunduko dira diruz. Hitzarmenaren helburuarekin zuzen lotutakoak egonez gero, ondoko hauek izan daitezke zehazki:

–Elkartearen funtzionamendurako gastu arruntak:

  • Elkarteko boluntarioen eta ibilgailuen aseguruak.
  • Norberaren ekipamendua boluntario lanak egiteko.
  • Telefonia mugikorra, telefonia finkoa, Internet eta elkartearen beste hornidurak.
  • Ibilgailuen eta beste ekipamendu batzuen erregaia, ordezko piezak, konponketak eta IATak.
  • Elkartearen beste ekipamendu eta instalazio batzuen konponketa.
  • Bulego materiala eta material inbentariaezin txikia.
  • Langile boluntarioen prestakuntza. Irakasleen gastuak, joan-etorriak prestakuntza jardunaldietara, ikastaro, bilera, biltzar eta abarretan parte hartzea.
  • Entrenamendu, maniobra eta esku-hartzeetan sortutako gastuak.
  • Hitzarmenaren xede diren jarduerak garatzeko berariazko materiala.
  • Xedeen artean erreskateetan zakur espezializatuak erabiltzea dituzten elkarteen kasuan, aintzat hartzen dira, orobat, zuzenean animaliei lotutako elkarteen kostuak, esaterako elikagaien eta albaitarien gastuak, aseguruak, hezteko edo esku-hartze espezifikorako materiala, etab.

–Herritarrei ematen dizkieten zerbitzuak gauzatzeko behar diren inbertsioak:

  • Elkartearen instalazioetako obrak, haiek aldatzen dituztenak eta proiektu teknikoa behar dutenak.
  • Jarduerarako behar den material inbentariagarria erostea.
  • Ibilgailuak, motorrak, itsasontziak eta motoponpak eta bestelako ekipamendua erostea, esku hartzeko.

Erosketaren gastua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Diru-laguntzaren xedetik propio baztertzen dira gastu hauek:

  • Elkartearen behar operatiboei ez dagozkienak.
  • Zehaztugabeko gastuak.
  • Entrenamendu, maniobra eta esku-hartzeetatik kanpoko otorduak.
  • Norberaren ibilgailuen aseguruak.

6. Balorazio irizpideak.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak honako irizpide hauen arabera emanen dira, eta soilik sinatutako hitzarmenek ekarritako jardueretarako, hitzarmenetan ezarri bezala:

–Gastu arruntak:

  • Boluntarioen eta ibilgailuen istripu aseguruak: %100eko diru-laguntza izanen dute, ezinbestekoak direlako pertsonen segurtasunerako. Atal honetan zakurren aseguruak sartzen dira, hitzarmenetan hala jasotako elkarteen kasuan.
  • Bestelako gastu arrunt batzuk: eskatutakoen artean, %100eko diru-laguntza emanen da, baldin eta 7. oinarrian ageri den batzorde teknikoak ezinbestekotzat jotzen baditu segurtasun arrazoiengatik, edo beharrezkotzat, elkartearen funtzionamendua edo haren ekintza arriskuan ez jartzeko.
  • Gastu arruntak, 7. oinarrian ageri den batzorde teknikoak ezinbestekotzat jotzen ez baditu: gastu arrunten partidan gelditzen den zenbatekoaren arabera emanen da diru-laguntza (aurreko ataletan emandako zenbatekoa kendu ondoren), kontzeptu horietarako aurkeztutako eskaeren zenbatekoen proportzioan.

–Inbertsioak:

  • Obrak instalazioetan edo material inbentariagarria, ibilgailuak, motorrak, eta motoponpak eta esku hartzeko bestelako ekipamendua erostea: eskatutako inbertsioak %100eko diru-laguntza izanen du, baldin eta 7. atalean ageri den batzorde teknikoak ezinbestekotzat jotzen badu segurtasun arrazoiengatik, edo beharrezkotzat, erakundearen funtzionamendua edo aritzeko era arriskuan ez jartzeko.
  • Beste inbertsio batzuk (nahitaezkoak ez direnak batzorde teknikoaren ustetan): inbertsioen partidan gelditzen den zenbatekoaren arabera izanen dute diru-laguntza, aurkeztutako eskaeren zenbatekoen proportzioan eta behar bezala justifikatuak (%100eko diru-laguntza dutenak, hots, aurreko atalekoak, kenduta).

Aurkeztutako eskaeran (II. eranskinaren arabera), argi eta garbi azalduko da aurreikusitako aurrekontua, diru-laguntzaren xede izan beharreko jarduera bakoitzerako, kontzeptuz kontzeptu zehaztua, banaketa ezartzeko.

Aurkezten diren aurrekontuak errealistak eta zehatzak izanen dira, albait, eta kopuruak behar bezala justifikatuak (aurreko urteekin konparatuz, argibide tekniko egokiak emanez edo hornitzaileekin kontsultatuz).

7. oinarrian aurreikusitako batzorde teknikoak eginen duen beharren balorazioa errazteko, behar bezala justifikatu eta arrazoituko da eskaerako kontzeptu edo jarduera bakoitza, eta ahal den zehatzen emanen da aurreikusitako kostua. Gastua beharrezkoa edo egokia dela azaltzen duten segurtasun, funtzionamendu edo eraginkortasun arrazoiak adierazi beharko dira, eskuratu aurreko egoera eta eskurapenaren ondoriozko onurak azalduz, edo, kasua bada, ez eskuratzearen ondorioak.

7. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

Barne Zuzendaritza Nagusia izanen da laguntzak emateko prozedura instruituko duen organo eskuduna.

Kide hauek osatutako batzorde teknikoak baloratuko ditu eskaerak:

–Epaimahaiburua: Babes Zibilerako Zerbitzuko zuzendaria.

–Mahaikidea: Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendaria.

–Idazkaria: Boluntarioen Bulegoko burua.

Batzorde horrek eskaerak ebaluatuko ditu, eta haren irizpena loteslea izanen da. Babes Zibilerako Zerbitzuko zuzendariak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdia ebazteko proposamena eginen dio Barneko zuzendari nagusiari.

6. oinarriko irizpideen arabera proposatzen diren zenbatekoek zehaztuko dute zenbatekoa den diru-laguntza osoa elkarte bakoitzaren gastu arrunt eta inbertsioetarako. Zenbateko horiek egotzi eta gauzatuko dira aipatu oinarrian ezarritako lehentasunaren arabera (lehenik %100 diru-laguntza dutenak, eta gero besteak), kontuan hartuta aurrekontutik estimazio-desbideratzeak egon litezkeela azken gastuan. Lehentasun irizpidea da beti lehenbiziko, aurrekontukoaren aldean.

8. Diru-laguntza emateko ebazpena.

Barneko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emanen dira diru-laguntzak, eta hartan diru-laguntzak hartzen dituzten entitate eskatzaileak, diru-laguntzen helburua eta zenbatekoa agertuko dira, baita ezesten diren gainerako eskaerak ere, halakorik bada, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.

Ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukaturik, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertu beharko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, deialdi honen 15. oinarrian adierazitako moduan.

Diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazteko, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9. Onuradunen betebeharrak.

I.–Diru-laguntza jasotzen duten elkarteek honako betebehar hauek izanen dituzte:

–Diru-laguntzak ematen dituen ebazpen proposamena egiten den unean, zerga betebeharrak eguneratuak izatea. Betebeharrak eguneraturik dauzkala frogatzeko, diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar laguntzen organo kudeatzaileari baimena ematea Nafarroako Zerga Ogasunaren sistemak kontsultatzeko, inguruabar horiek egiazta ditzaten.

–Diru-laguntzak ematen dituen ebazpen proposamena egiten den unean, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak izatea.

–Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainontzeko dokumentuak behar bezala auditatuta izatea, legeriak eskatutako moduan.

–Deialdi honen barreneko xede eta helburuetarako erabiltzea laguntza, ez beste edozertarako.

–Organo emaileari frogatzea egoki egin direla diruz lagundutako jarduerak, eta egoki gauzatu gastuak.

–Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izaten ahal diren bitartean.

–Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

–Jarduera Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin dela aipatzea edozein eratako iragarkietan edo publizitatean.

–11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

II.–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluak aipatzen dituen pertsona juridikoek edo entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasuna bete beharko dute, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen dituztenean eta honako bi inguruabar hauek gertatzen direnean:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo aurrekontua, urtekoa, honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.

b) Hala badagokio, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute ebazpen honen V. eranskineko eredua erabiliz:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuari bidaliko zaio. Informazio hori hilabeteko epean igorri beharko da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du, ebazpen honen V. eranskinean jasotzen den ereduaren arabera.

Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak ukatu gabe, betetzen ez badira onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, eta zenbatekorik kobratu bada, itzuli beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

III.–Orobat, laguntzaren xedeari buruz, elkarteak betebehar hauek ditu:

–Boluntarioak aseguratuta izan beharko ditu.

–Elkartearen jardueretan erabiltzen diren ibilgailu guztiak aseguratuta izan beharko ditu.

–Diruz laguntzen den jarduera, izenpetutako lankidetza esparru-hitzarmenean adierazitako moduan gauzatu beharko du.

–Organo emaileari komunikatzea diruz lagundutako jardueren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den une berean, baldin eta jarduerak aldatzea ekartzen badu. Edozein aldaketa egiteko, Babes Zibilerako Zerbitzuaren adostasuna beharko da; hori ofizioz emanen da baldin eta aldaketak onetsitako laguntza funtsean aldatzen ez badu, ebaluazio batzordearen ustean.

–Behar bezain garaiz egitea obrak eraikinetan edo erostea ibilgailuak, 10. oinarriko aurkezpen-epea bukatu aurretik izateko frogagiriak (fakturak eta ordainketa aginduak).

–Ondasun inbentariagarriak erosi, eraiki, zaharberritu eta hobetzeko kasuan, diru-laguntzaren xede zehatzerako erabiltzea haien balio-bizitzan. Erregistro publikoan inskribatu ahal diren ondasunak izanez gero, eskrituran adierazi beharko da inguruabar hori, bai eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa ere; halaber, erregistro publikoko inskripzioan zehaztasun horiek jasoko dira. Ondasunen xedeari buruz ezarri den baldintza betetzen ez bada, eta, betiere, ondasuna besterentzen bada edo kargaren bat ezartzen bazaio, diru-laguntza itzuli beharko da, 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluko 4. eta 5. idatz-zatietan ezarritako moduan.

–11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, diruz laguntzen ahal den gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa denean obra gauzatzeko kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa aholkularitza edo laguntza enpresek egindako ekipo ondasunen horniduraren edo zerbitzu prestazioen kasuan, entitateak frogatu beharko du proiektua eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina entitaterik ez badago, edo gastua egin bada diru-laguntza eskatu baino lehen. Kudeaketa-unitateak ezarritako moduan justifikatuko dira kontu horiek.

–Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

Oinarri hauetan propio jasotakoez gain, 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako guztiak elkartearen betebeharrak dira.

10. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

Babes Zibilerako Zerbitzuko zuzendariak txostena egin ondoren ordainduko da diru-laguntza, baldin eta hurrengo dokumentazioa aurkezten bada 2017ko azaroaren 15a baino lehen, ordaintzeko eskaerarekin batera:

a) Ordaintzeko eskatzen den unera arte egindako jarduerei buruzko memoria teknikoa. Egin diren jarduerak, diruz lagundutako kontzeptuekin lotura zuzena dutenak, azaldu beharko dira, hala nola prestakuntza ekintzak, entrenamenduak eta maniobrak, baita prebentzio ekintzak eta esku-hartze operatiboak ere. Azaldu beharrekoak dira, orobat, material eta ekipamenduen erosketak eta kontrataturiko hornidurak eta zerbitzuak.

b) Zer gastu egin diren eta gastu horiek egindako jarduerekin eta diru-laguntzaren xedearekin bat datozela azaltzeko txostena edo deklarazioa, elkartearen idazkariak sinatua eta elkarteko buruak ikus-onetsia, eta, horrekin batera, fakturen zerrenda eta azalpen taula bat, Barne Zuzendaritza Nagusiak emandako formatuan, lagungarria izanen baita ezarritako baldintzak bete direla egiaztatzeko, laguntza behar bezala justifikatzeko eta kontabilitatearen jarraipena egiteko.

c) Jatorrizko fakturak. Haien kopia soilak ere aurkeztuko dira. Jatorrizkoei zigilua jarriko zaie, diruz lagundu direla dioena eta udalari edo elkarteari itzuliko zaizkio. Kopiak espedientean geldituko dira.

d) Egindako ordainketa bakoitzaren frogagiriak (edo kopia soilak, elkarteak jatorrizkoa gorde nahi badu).

e) Berariazko deklarazioa, elkarteko idazkariak sinatua, lehendakariaren oniritzia duela, adierazten duena aurkezten diren jatorrizko agiriak direla hornitzaileengandik jasotakoak, hartuak edo haien faktura elektronikoetatik abiatuta inprimatu direla, eta kopiak fidagarriak direla. Aurkeztutako agirietan edo datuetan zehaztasunik eza edo faltsutasunik atzemanez gero, erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatuko dira.

Lehen bi ataletako (a. eta b.) dokumentazioa formatu elektronikoan ere aurkeztuko da, Worden eta Excelen. Fakturen zerrendak zehatz-mehatz jarraituko die 6. oinarrian zehaztutako blokeei. Diru-laguntzak ordena berean ezarriko dira. Fakturak eta ordainagiriak aipatu zerrendaren ordena berean aurkeztuko dira.

Frogatzea eta horren ondoriozko ordainketa zatika egin daitezke, justifikazio partzialak erabilita fakturen eta ordainagirien bidez, zerrendek eta deskribapen laukiek lagunduta, bai eta egindako jardueren memoria teknikoa ere, eta eskatutako gainerako agiriak, justifikatutako aldi edo jarduerari dagokionez. Azken ordainketa doitzeko izanen da eta baldintza horretan eskatzen diren gainerako dokumentuak bilduko ditu.

Ibilgailuen gastua erregaian, konponketetan, mantentze-lanetan, aseguruetan, IATetan, berrikuspen edo ziurtagirietan, eskaerako zerrendan ageri diren ibilgailuen matrikularekin identifikatuta aurkeztu beharko dira. Orobat, frogatuko da hornidurak (telefonia, Internet, argindarra, gasa, eta abar) diruz laguntzen den elkartearenak direla.

Fakturak legearen arabera egin beharko dira, fakturazio betebeharrak arautzen dituen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

Diruz laguntzen ahal diren kontzeptuak zehaztuta daude 6. oinarriaren arabera. Hortaz, diruz laguntzen ahal den gastu gehiagorik ez da sortuko. Eskaeran adierazitako kontzeptuak urtean zehar salbuespenez aldatu nahi badira, elkarteak kontzeptu horiek aldatzeko edo gehitzeko eskatu beharko du arrazoitutako idazki batean, eta kudeaketa-unitatearen esku izanen da diruz laguntzen ahal den kontzeptu berri edo aldaketa horiek onartzea edo ez.

11. Beste diru-laguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.

Hitzarmen honetan jasotako laguntzak bateragarriak dira jarduera berengatik jasotzen ahal diren beste batzuekin. Nolanahi ere, diru-laguntza hauen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza batzuekin batuta, gauzatu beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Horregatik, onuradunak ekitaldi honetan onartutako diru-laguntzen aitorpena aurkeztu beharko du, bidezko egiaztapenak egin daitezen.

12. Finantzaketaren publizitatea.

Egiten den edozein iragarki edo publizitate dela eta, elkartea Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin finantzatzen dela aipatuko da.

Jarduerarako ibilgailuek Nafarroako Gobernuaren logotipoa eramanen dute eta 112 zenbakia zabalduko dute larrialdiei arreta emateko zenbaki gisa.

13. Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

Itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, 11/2005 Foru Legearen 34. artikulutik 37.era eta 42.etik 46.era xedatutakoaren arabera jokatuko da.

14. Diru-laguntzen araubide orokorra.

Oinarri hauetan espresuki aurreikusirik ez dagoen orotan, 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa eta xedearen araberako gainerako xedapenak aplikatuko dira.

15. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Diru-laguntzaren oinarri arautzaileen eta haien aplikazioan ematen diren egintzen kontra, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.4 artikuluarekin bat.

ERANSKINAK

I. eranskina.–Eskabide eredua.

II. eranskina.–Elkartearen jarduerak eta aurrekontua 2017. urterako.

III. eranskina.–Elkartea osatzen duten kideen zerrenda.

IV. eranskina.–Elkartearen ibilgailuen zerrenda.

V. eranskina.–Gardentasun betebeharrari buruzko aitorpenaren eredua.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1705481