1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2017ko maiatzaren 3an hartua, “Nafarroako Proiektu Eolikoa” izeneko Udalez Gaindiko Proiektu Sektorialaren dokumentazio berria jendaurrean jartzen duena eta, aldi berean, mugartean eragina duten udalei entzutea ematen diena. San Marcos, Jenáriz, Linte, Tres Hermanos eta Corraliza de Paulino izeneko parke eolikoek osatzen dute proiektua. Sustatzailea “Agrowind Navarra 2013 SL” da.
Nafarroako Gobernuak 2016ko otsailaren 16an hartutako erabakiaren bidez, udalez gaindiko proiektu sektorial deklaratu zen “Nafarroko Proiektu Eolikoa”, San Marcos, Jenáriz, Linte, Tres Hermanos, Corraliza de Paulino eta El Rasoko parke eolikoek osatua eta Agrowind Navarra 2013 SLk sustatua, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioetarako. Erabaki hori 2016ko 38. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 25ean.
Ondoren, herritarren partaidetza zabala bermatzeko asmoz, Nafarroako Gobernuaren 2016ko apirilaren 6ko Erabakiaren bidez, jendaurrean jartzeko eta entzutea emateko epe berri bat ireki zen Udalez gaindiko Proiektu Sektorialak ukitutako udalentzat. Erabaki hori 2016ko 76. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 21ean.
I.–Dokumentazio berria.
Jendaurreko epea bukatuta, 2017ko martxoaren 31n, sustatzaileak dokumentazio berria aurkeztu du, aurrekoa ordezten duena. Laburbilduz, honako hauek dira dokumentazio horretan egindako aldaketak jendaurrean jarritako eta deskribapena Nafarroako Gobernuaren 2016ko otsailaren 16ko Erabakian (2016ko 38 Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 16koa) bilduta duen proiektuari dagokionez:
a) Parke eolikoei buruz:
–Uko egiten zaio El Raso parke eolikoari.
–Haize-sorgailuen hasierako 95 kokalekuetatik 27 kentzen dira (kokaleku eztabaidatuenak, Ingurumenaren balorazioaren arabera, abenduaren 15eko bilkuran adierazitakoaren arabera). Proiektuaren potentzia eolikoari eusteko (190 MW), kokaleku berriak gehitzen dira gainerako parke eolikoetan, haize-sorgailuak hurbilago jarriz, eta errenkadak konpaktuago, eta zenbait kasutan kokaleku berriak sartuz. Horrek esan nahi du parkeek hasieran planteatutakoek baino zabalera handiagoa dutela eta haize-sorgailuen dentsitatea handiagoa dela. Gainera, makina batzuen potentzia handitu da (2,00 MW-etik 2,5 MW-era, potentzia unitarioan).
–Aurreko aldaketei jarraituz, haize-sorgailuen 85 kokaleku planteatzen dira. Horietatik, 45 G114/2.0 MW dira, eta 40, berriz, G126/2,5 MW.
b) Ebakuaziorako linea elektrikoari buruz:
–El Raso parke eolikoaren adarrari dagokion linea elektrikoaren tartea ez da eginen.
–Ebakuaziorako linea elektrikoaren trazadura 2066 KV-eko Tres Hermanos azpiestazioaren kokaleku berrira egokituko da. Aurreikusten da trazaduraren zati bat lurpetik joatea, ingurumenaren arrazoiak direla eta, zehazki Tres Hermanos azpiestaziotik lehorreko alorrak hegoaldetik pasa (Landivar eta Corrazila Lazaga estepako eremuak) eta ureztalurretan sartu arte.
–Aurreko aldaketen arabera, linearen luzera 35.119 metro da (hasierako proiektuan, berriz, 43,242 km).
c) Nafarroako Proiektu eolikoaren gauzatze material orokorra 202.007.474,13 eurokoa da (hasierako proiektua, berriz, 203.080.870,06 eurokoa).
Ez dira aldatuko parke eolikoari lotutako gainerako azpiegiturak (sarbide nagusia, zerbitzuko bideak, lurpeko zirkuituentzako zangak, elementu elektrikoak, azpiestazio elektrikoak eta neurketa estazioak).
Honako taula honetan jasotzen da zenbat haize-sorgailu dagoen eta zer potentzia duten parke bakoitzeko eta guztira, bai hasierako proiektuan bai berrikuspenean, eta zer udalerritan kokatzen diren:
UDAL MUGARTEAK | PARKE EOLIKOAK | GUZTIRA |
San Marcos | Jenáriz | Linte | Tres Hermanos | Corraliza Paulino | El Raso |
Lerin, Oteitza eta Larraga | Miranda Arga | Larraga, Berbintzana eta Miranda Arga | Faltzes | Erriberri | Faltzes |
Hasierako proposamena | Haize-sorgailuak | 25 | 18 | 14 | 9 | 16 | 13 | 95 |
Potentzia | 50 MW | 36 MW | 28 MW | 18 MW | 32 MW | 26 MW | 190 MW |
Berrikuspena | Haize-sorgailuak | 25 | 22 | 12 | 8 | 18 | Uko egitea | 85 |
190 MW |
Potentzia | 62 MW | 48 MW | 24 MW | 20 MW | 36 MW |
Proposatutako aldaketa berriak hasierako proposamenaren funtsezko aldaketatzat har daitekeenez gero, ohartarazten de beharrezkoa dela espedientea berriz jartzea jendaurrean eta berriz ematea entzutea ukitutako udalei, ingurumen eta lurralde arloko ondorioetarako. Horri dagokionez, bidezkoa da aipatzea lehen aurkeztutako alegazioak eta tramite berri horietan aurkezten direnak UPSarekin batera ebatziko direla.
II.–Ingurumen eraginaren ebaluazio eta txosten sektorialak.
UPSaren Ingurumen eraginaren ebaluazioaren tramitazioaren baitan, Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak honakoa jakinarazi du 2017ko apirilaren 11n: “Nafarroako Proiektu Eolikoa” izeneko UPSaren Ingurumen eraginaren ebaluazioaren tramitazioan, Agrowind Navarra 2013 sustatzaileak dokumentazio berria aurkeztu du, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak informazio errekerimendua egin baitio. Horrenbestez, bidezkoa da aurkeztutako dokumentazio berria jendaurrean jartzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 51. artikuluan aurreikusitako ondorioak izan ditzan”.
Bestetik, espedientean honakoen txostenak daude: Herrilurren Atala, Arkeologia Atala, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzua, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua, Herri Lanen Zuzendaritza Nagusia, Babes Zibilaren Zuzendaritza Nagusia, Sustapen Ministerioko Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusia, Trenbideen Zuzendaritza Nagusia, Red Eléctrica de España, Trenbide Azpiegituren Administratzailea eta Ebroko Ur Konfederazioa.
Emandako txostenak eta aurkeztutako dokumentazio berria ikusita, txosten berriak eskatu zaizkie berriz Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalari, Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari, eta Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari eta Ondare Historikoaren Zerbitzuari. Orobat, ADIFen Gainbegiratze Dinamikoko, Kalitateko eta Segurtasuneko Zuzendariordetzaren 2016ko apirilaren 22ko txostena eskatu zaio sustatzaileari, espedientea osa dezan horretan eskatzen den xehetasun dokumentazioarekin.
III.–Kontuan hartu beharrekoak.
Parke eolikoen ezarpena arautzen duen otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuaren 2. artikuluko 2.a) atalarekin bat, Linteko parke eolikoaren LI-05, LI-07 eta LI-08 haize-sorgailuen kokapena ez da egokia, Larragako Udal Planean nekazaritzako produktibitate handiko lurzoru urbanizaezinaren kalifikazioa duten lursailetan egoteagatik. Gainerako kokapenek artikulu horretan ezarritakoa betetzen dute.
Aipatutako hirigintzako udal planeamenduak azterturik, lege sektorialek eta lurraldearen antolamenduko tresnek ezarritakoa galarazi gabe, ondorioztatzen da azpiegitura eolikoak eta ebakuazio azpiegiturak ez direla bateraezinak kasuko lurzoru urbanizaezinaren kategorietarako ezarritako babes araubideekin (aurreko bi tauletan identifikatuak).
Aurkeztutako dokumentazio berriak ez du aldaketarik sartzen jendaurrean egondako dokumentazioan proposatzen zen Babesari, erabilerei eta jarduerei buruzko araudian. Hori dela eta, aintzat hartu beharko dira Nafarroako Gobernuaren 2016ko otsailaren 16ko Erabakiaren “III.5.–Proposatutako araudia” atalean jasotakoa.
Proiektuan haize-sorgailuetarako dauden 85 kokalekuetatik, 36 toki entitateen jabetzako lurzatietan aurreikusten dira: 23 herri-lurretako lurzatietan eta 13 ondare lurrean.
Azkenik, bidezkoa da gogora ekartzea ezen, aurrekoa gorabehera, lege sektorial batek ezarritako babes araubide berezia duten lurzoruak ukitzen dituzten jarduketak egiteko, arlo horretako organo eskudunaren baimena edo aginduzko txostena izan beharko dela.
Horrenbestez, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren 2017ko apirilaren 28ko txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,
ERABAKI DU:
1. “Nafarroako Proiektu Eolikoa” izeneko Udalez Gaindiko Proiektu Sektorialaren dokumentazio berria hogeita hamar egunez jendaurrean jarri eta, aldi berean, mugartean eragina duten udalei entzutea ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioetarako. San Marcos, Jenáriz, Linte, Tres Hermanos eta Corraliza de Paulino izeneko parke eolikoek osatzen dute proiektua. Sustatzailea “Agrowind Navarra 2013 SL” da.
Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetan (Gonzalez Tablas kalea, 9; 31005 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.
Agiria, halaber, web orri honetan ikusten ahalko da:
http://www.ExposicionpublicaOT.navarra.es
2. Era berean, jendaurrean jartzea espedientea ere, epe berean, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 51 artikuluan aurreikusitako ondorioak izan ditzan.
3. Espedienteari buruzko ebazpena eman aurretik, sustatzaileak erabaki honetan eta espedienteari buruzko txosten sektorialetan jasotako alderdiak berrikusi beharko ditu, eta, hala behar izanez gero, proiektu sektorialean sartu.
4. Nolanahi ere, obrak egitean ukituta gelditzen ahal diren beste azpiegitura eta zortasun batzuei dagokienez, edo exekuzio hori baldintzatzen ahal dutenei dagokienez, sustatzaileak behar diren baimen guztiak lortuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren erakundeetatik.
5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta honako hauei igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan: Herri-lurren Atala, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzua, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua, Herri Lan Zuzendaritza Nagusia, Babes Zibilerako Zuzendaritza, Sustapen Ministerioko Trenbide Zuzendaritza Nagusia, Sustapen Ministerioko Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusia, Red Eléctrica de España, Trenbide Azpiegituren Administratzailea, Ebroko Ur Konfederazioa, Leringo, Oteitzako, Larragako, Miranda Argako, Berbintzanako, Faltzesko eta Erriberriko udalak eta sustatzailea.
Iruñean, 2017ko maiatzaren 3an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.
Iragarkiaren kodea: F1705334