1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak
5/2017 FORU LEGEA, maiatzaren 9koa, Kreditu berezia ematekoa garraioaren hiriko finken balio justua ezartzeari buruzko epaiari aurre egiteko, eta Nafarroako 2017ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 24/2016 Foru Legea aldatzekoa, kreditu hori zabalgarritzat jo dadin.
NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.
Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:
FORU LEGEA, KREDITU BEREZIA EMATEKOA GARRAIOAREN HIRIKO FINKEN BALIO JUSTUA EZARTZEARI BURUZKO EPAIARI AURRE EGITEKO, ETA NAFARROAKO 2017KO AURREKONTU OROKORREI BURUZKO ABENDUAREN 28KO 24/2016 FORU LEGEA ALDATZEKOA, KREDITU HORI ZABALGARRITZAT JO DADIN.
ATARIKOA
Nafarroako Desjabetze Epaimahaiak erabaki bat hartu zuen 2008ko apirilaren 30ean, finka baten balio justua ezartzeari buruzkoa, Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko UPSaren proiektua gauzatzeko helburuaz. Nafarroako Administrazio Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan erabaki horren kontra aurkeztutako 555/2008 errekurtsoari buruz eman zen 23/2013 epaia betearazteko piezan, auto bat eman zen 2015eko martxoaren 24an, eta haren kontra berraztertzeko bi errekurtso aurkeztu ziren. Azkenik, errekurtso horiek ezesteko, aipatutako pieza berean beste auto bat eman zen, 2016ko otsailaren 2an, eta honen kontrako 776/2016 kasazio-errekurtsoa Auzitegi Gorenak ezetsi egin zuen, 22/2017 epaiaren bidez.
Epai horrek dakarren ordainketari aurre egiteko, Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA (Nasuvinsa) enpresa publikoak kasuko funts-hornikuntza eskatu du.
Espediente hauek ez dira batera tramitatzen ari, eta honako hau epaietako lehenbizikoa da. Nasuvinsak epaitik eratorritako ordainketaren parte bati aurre egin ahal izateko, bidezkoa da gastu partida bat sortzea 2017ko aurrekontuan, 25 milioi eurokoa, eta izaera zabalgarria ematea partida horri, urtean zehar epai guztiak kontrako suertatuz gero partida hori behar adina krediturekin finantzatu ahal izateko, halatan.
Nafarroako 2017ko Aurrekontu Orokorrek erantsia duten oroitidazkiko 2. ataleko 13. puntuan hau dago ezarrita: “13. Garraioaren Hiriaren gaineko epaia. “Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Plana” izeneko proiekturako desjabetutako finken balio justuari buruz Auzitegi Gorenak emandako epaiak betearazteko 17 prozesu daude abian. Auzitegi Gorenaren epaia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren interesen kontrakoa izanez gero, ordaindu beharrekoaren zenbatekoak, guztira, 49.198.705,38 euro eginen du. Memoria honen 5. puntuan (“2017ko ekitaldiko kontingentziak eta kontingentzia funtsa”) atal berezi batean deskribatzen diren beste kontingentzia batzuk ez bezala, kasu honetan, kontuan harturik haren zenbateko handia, eta epaiak zein epetan emanen diren aurreikusterik ez dagoela, ez eta epaiak aldekoak edo kontrakoak izanen diren eta ordainketa gauzatzeko aurrekontu formula zein izanen den, egokiagotzat jotzen da kontingentzia hori Kontabilitate Nazionaleko doikuntza gisa agertzea, gastu-muga 25.000.000 euroko zenbatekora murrizten baitu. Horniketa horrekin, ordainketari aurre egiten ahalko zaio epaiaren %50 kontrakoa bada. Epaia kontrakoa izanez gero, kreditu berezia edo kreditu-gehigarria emateko foru lege bat tramitatuko litzateke, Parlamentuan beharrezkoa den eztabaida egitea ahalbidetzeko. Foru lege horrek kreditu berezia edo kreditu-gehigarria emanen luke, hartutako aurrekontu-soluzioaren arabera dagokiona, eta hura finantzatzeko, lehenengo eta behin, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan ezarritako diru-sarrera aurreikuspenak erabiliko lirateke –ordurako aldatu ez badira–, kontingentzia hau hornitzeko gastu-muga kalkulatzeko deskontatu direnak.”
Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 48. artikuluak xedatzen duenez, hurrengo ekitaldira arte atzeratu ezin daitekeen gasturen bat aurrekontu indardunaren kargura egin behar bada eta aurrekontuan krediturik ez badago, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, foru lege proiektu bat bidaliko dio Nafarroako Parlamentuari, kreditu berezi bat ematekoa.
1. artikulua. Kreditu berezi bat ematea.
25.000.000 euroko kreditua ematea onesten da, 2017an “Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Plana” izeneko proiektua dela-eta desjabetutako finken balio justuari buruz Auzitegi Gorenak emandako epaiak betearazteari aurre egiteko.
Kreditu hori aurrekontu partida honetan aplikatuko da:
110000-11000-4400-923400 partida, “Transferentzia arruntak Nasuvinsari. Garraioaren Hiriaren gaineko epaia” izenekoa.
2. artikulua. Kreditu bereziaren finantzaketa.
Kreditu berezi honen finantzaketa aurrekontuko “PFEZaren diru-sarrerak” izeneko 157001-17A00-1005-000000 partidan aurreikusi diren diru-sarrera handiagoen kargura eginen da, 25.000.000 euroko zenbatekoarekin.
3. artikulua. Nafarroako 2017ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 24/2016 Foru Legearen aldaketa.
Nafarroako 2017ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 24/2016 Foru Legearen 5. artikulua aldatzen da, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren “Transferentzia arruntak Nasuvinsari. Garraioaren Hiriaren gaineko epaia” izeneko 110000-11000-4400-923400 partida zabalgarria dela deklaratzeko.
Azken xedapena.–Indarra hartzea.
Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.
Iruñean, 2017ko maiatzaren 9an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.
Iragarkiaren kodea: F1705742