95. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Aldaketa, Tuterako Udalaren Erregelamendu Organikoan

Tuterako Udalak, 2017ko martxoaren 27an egin osoko bilkuran, Barne Araubideko Batzordeak proposaturik, onetsi zuen Udal Antolamenduaren Erregelamenduko aldaketa, ondotik heldu baita, eta hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea:

“Udalaren Erregelamendu Organikoaren 87. artikulua aldatzea. Hona hemen artikuluaren testu berria:

“87. artikulua.

1.–Kide anitzeko organoen erabaki guztiak, baita kide bakarreko organoen ebazpenak ere, kasuan kasuko akten eta ebazpenen liburuetan bildu beharko dira.

2.–Honako hauetarako liburu berezituak egonen dira:

1. Osoko bilkuraren aktak.

2. Gobernu Batzarreko aktak.

3. Informazio Batzordeen aktak.

4. Alkatearen ebazpenak eta dekretuak.

5. Alkateak eskuordetzen dituen zinegotzi ordezkariek emandako ebazpenak.

3.–Osoko bilkurako aktetan, informazio batzordeetakoan eta tokiko gobernu batzarrekoetan honako hauek aditzera emango dira:

a) Bilera egiteko lekua, herriaren eta lokalaren izenarekin.

b) Eguna, hilabetea eta urtea.

c) Hasiera ordua.

d) Lehendakariaren izen deiturak, bertaratutako udalbatzako kideenak, ez zirela bertaratuko adierazi zutenenak eta abisurik eman gabe azaldu ez zirenenak.

e) Bilkura ohikoa edo ohiz kanpokoa den eta lehenbiziko edo bigarren deialdian egin den.

f) Idazkaria egon dela, edo legez bere ordezkoa dena, eta kontu-hartzailea egon dela, beharrezkoa denean.

g) Aztertutako gaiak.

h) Eztabaidetan parte hartu duten udalbatzako talde edo kideen iritzien laburpena eta gora-beherak. Atal hau ikus-entzunezko baliabideekin osatu edo ordezkatu ahal izanen da, betiere idazkariak egiazkotasuna eta osotasuna ziurtatuta.

i) Egiaztatzen diren bozketak eta izendunak direnen kasuan, kide bakoitzak bozka zein zentzutan eman duen. Ohiko bozketetan aldeko eta aurkako bozka kopurua eta abstentzio kopurua adieraziko da. Bozka izendunen kasuan zein zentzutan eman den adieraziko da, interesatuak hala eskatzen badu.

j) Hartzen diren erabakien xedapenen atala.

k) Lehendakariak zein ordutan eman duen amaitutzat bilkura”.

Erregelamendu honetako aldaketen aurka –xedapen orokorra denez– ezin da errekurtsorik aurkeztu bide administratiboan, Administrazioa Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluaren bitartez; aldiz, ondoko errekurtso hauek aurkeztuta aurkarazten ahal da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Tuteran, 2017ko martxoaren 28an.–Alkate udalburua, Eneko Larrarte Huguet.

Iragarkiaren kodea: L1703861