95. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

18E/2017 FORU AGINDUA, apirilaren 26koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, Generazinema Ex-porta izeneko diru-laguntzen deialdia onesten duena, hots, zinema enpresa eta profesionalentzako laguntzen deialdia 2017. urtean Nafarroan egiten diren jaialdi eta lehiaketak antolatu eta garatzeko eta azoka, jaialdi eta ekitaldi profesionaletan parte hartzeko.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz.

AGINDU DUT:

1. Generazinema Ex-porta izeneko diru-laguntzen deialdia onestea, hots, zinema enpresa eta profesionalentzako laguntzen deialdia 2017. urtean Nafarroan egiten diren jaialdi eta lehiaketak antolatu eta garatzeko eta azoka, jaialdi eta ekitaldi profesionaletan parte hartzeko.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak, onestea.

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2510-4709-334103: Arte eszenikoen, musikaren, zinemaren eta ikus-entzunezkoen arloko ekitaldiak, jaialdiak eta lehiaketak egiteko laguntzak

2017

30.000,00

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimendu dira:

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2017ko apirilaren 26an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

GENERAZINEMA EX-PORTA

Oinarriak

1. Diru-laguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroan 2017. urtean egiten diren zinema jaialdi eta lehiaketak antolatzeko eta zinema enpresa eta profesionalek azoka, jaialdi eta ekitaldi profesionaletan parte hartzeko laguntzak arautzea.

1.2. Deialdiak bi modalitate ditu:

A) modalitatea, Nafarroan egiten diren zinema jaialdi eta lehiaketak antolatu eta egiteko. Zinema jaialdi eta lehiaketak dira, zinema ekoizpena eta ikus-entzunezkoak Nafarroan sustatu eta hedatzeko asmoz, egiten diren agerraldi, erakusketa eta, oro har, antzeko ekitaldi guztiak. Zinema jaialdi eta lehiaketek izaera kultural edo artistikoa izan beharko dute, eta gutxienez bi edizio eginak izan beharko dituzte. Enpresa edo profesional bakoitzak proiektu bakar bateko proposamen bat baino ezin izanen du aurkeztu.

B) modalitatea, zinema enpresa eta profesionalek azoka, jaialdi eta ekitaldi profesionaletan parte hartzeko. Modalitate honetan diruz lagunduko dira zinema enpresa eta profesionalek, merkataritzako ekintzak egin eta filmak erakusteko asmoz, Estatuko edo nazioarteko azoka, jaialdi eta ikuskizun profesionaletan parte hartzeagatik dituzten gastuak.

1.3. Deialdi honen xedeko jarduerak 2016ko azaroaren 19tik 2017ko urriaren 31ra bitarte eginen dira, biak barne.

2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

2.1. Laguntza hauen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Profesionala izatea, merkataritza sozietatea edo sozietate zibila.

b) Sozietate bat bada, 2015eko urtarrilaren 1a baino lehen eratua izatea.

c) Helbide soziala eta fiskala Nafarroan izatea.

2.2. Ezin izanen zaie diru-laguntzarik eman Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako egoeraren baten dauden entitateei.

2.3. Berariaz uzten dira deialdi honetatik kanpo toki entitateak eta haien erakunde autonomoak, baita nagusiki haien partaidetza duten enpresa arloko entitate publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

3. Deialdiaren diru kopurua eta laguntzen zenbatekoa.

3.1. Deialdi honen zuzkidura, guztira, 30.000 eurokoa izanen da, 2017rako onartutako aurrekontuko “Arte eszenikoen, musikaren, zinemaren eta ikus-entzunezkoen arloko ekitaldi, jaialdi eta lehiaketetarako laguntzak enpresa eta profesionalentzat” izeneko A20002 A2530 4709 334103 partidaren kargura, honela banatua:

–A modalitatea: 20.000 euro.

–B modalitatea: 10.000 euro.

3.2. Laguntzek diru muga hauek izanen dituzte:

A) modalitatean, onartzen den aurrekontuaren %65. Onartzen den aurrekontua kalkulatzeko, eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuari honako diru kopuru hauek kenduko zaizkio: batetik, deialdi honen 5. oinarriaren arabera diruz lagungarriak ez diren gastuen zenbatekoa, eta bestetik, Balorazio Batzordearen ustez, proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren edo deialdiaren xedekoak ez diren jarduerei dagozkien diru kopuruak. Proiektu bakoitzarentzako laguntzaren zenbatekoa 10.000 eurokoa izanen da, gehienez ere.

B) modalitatean, laguntza ez da 1.000 eurotik gorakoa izanen azoka, merkatu, jaialdi edo ekitaldi profesional bakoitzeko, eta eskatzaile bakoitzari 1.500 euro emanen zaizkio gehienez.

3.3. Aurreko muga horiek betez gero, eta, bidezkoa denean dagokion deskontua eginda, laguntzaren zenbatekoa enpresak edo profesionalak eskatutakoa izanen da.

Onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, puntuazioaren ordenan hurrengoa den eskatzaileari emanen zaio, horrek deialdian eskatutako gutxienekoa gainditzen badu, betiere.

3.4. Proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran azaltzen dena baino txikiagoa denean, onuradunari eskatuko zaio eskaera alda dezala, konpromisoak eta baldintzak ematen ahal zaion diru-laguntzara egokitzeko. Balorazio Batzordeak eskaera berregina onetsi ondoren, organo eskudunari igorriko zaio, dokumentazio guztiarekin batera, laguntzen gaineko ebazpena eman dezan.

Nolanahi ere, eskaera berregitean diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.

4. Eskaeren aurkezpena eta dokumentazioa.

4.1. Laguntza eskaerak, oinarri hauetako I. eranskinean ageri diren ereduekin bat eta bertan aipatzen diren agiriak erantsita, Kultura, Turismo eta Gazteria Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan.

4.2. Eskaerari eransten zaion dokumentazioa bertsio digitalean aurkeztu beharko da (diskoa edo USBa). Paperezko kopia bat aurkezten ahal da.

4.3. Eskabidearekin batera (I. eranskina), dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Profesionala edo enpresa den kontuan hartuta, agiri hauetako bat:

1) Pertsona fisikoen kasuan: nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia, eta lanbide jardueran 2016ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik aritzen dela egiaztatzen duen agiria (EJZko erregistroa).

2) Merkataritza sozietateen forma juridikorik hartzen ez duten eta nortasun juridikoa duten sozietate zibilak izanez gero: sozietatearen kontratuaren kopia eta identifikazio fiskaleko kodearena.

3) Merkataritza sozietateen kasuan: eraketaren edo, hala denean, aldaketaren eskrituraren kopia; estatutuena, Merkataritza Erregistroan egindako inskripzioarena eta identifikazio fiskaleko kodearena.

b) Helbide soziala eta fiskala Nafarroan dituela frogatzen duen dokumentua.

c) Proiektuaren deskripzio-memoria, II. eranskinean dagoen ereduaren araberakoa.

d) Aurrekontua:

A modalitatean: proiektuaren datu ekonomikoak III.a eranskinean jakinarazi beharko dira, eta nahitaezko baldintza da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

B modalitatean: proiektuaren datu ekonomikoak III.b eranskinean bete beharko dira.

4.4. Eskabide ereduak Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/servicios.

4.5. Eskabideak eta eskatutako dokumentazioa aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Ohar garrantzitsua:

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak indarra hartu duenetik, administrazio epeen zenbaketa egitearen ondorioetarako, larunbatak egun baliogabeak dira (30.2 artikulua), igandeak eta jaiegunak bezala.

4.6. Diru-laguntzaren eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66.1. artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, hamar egun balioduneko epean okerra zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio interesdunari, hark emandako posta elektronikoaren bidez, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.

5. Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik, deialdian ezarritako epean egiten badira. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

A) MODALITATEA:

Enpresak edo profesionalak proiektua garatzean egiten dituen gastu hauek hartuko dira kontuan:

a) Sustapeneko materialetan egindako gastuak, hala nola, esku-orriak, kartelak, argazkiak, prentsako dosierrak, laburpenak egitea irratian, telebistan, Interneten eta abarretan hedatzeko, ekitaldia dela-eta beharrezko diren kopuruak baino ez.

b) Publizitate eta sustapen kanpainetan hedabide hauetan egindako gastuak:

–Irratia eta Internet, haietan iragarkiak eta banner-ak sartuta.

–Zinemagintzaren edo ikus-entzunezkoen sektoreko Estatuko edo nazioarteko aldian aldiko argitalpen idatzi espezializatuak.

–Espainiako eguneroko prentsa idatzia, ekitaldia dagoen egunetan.

–Kanpoko publizitatea, ekitaldia gertatzen den hirian.

c) Emanaldiko aretoak alokatzeko gastuak.

d) Proiekzioko edo/eta azpititulazioko ekipamendua alokatzeko gastuak.

e) Filmen eskubideei lotutako gastuak.

f) Parte-hartzaile gonbidatuen bidai gastuak: joan-etorrien gastuak, bi lagunenak gehienez ere film bakoitzeko, turista klasean, ekonomikoan edo antzekoan.

g) Parte-hartzaile gonbidatuen ostatu gastuak, dietak eta otorduak, bi lagunenak gehienez film bakoitzeko, pertsona eta egun bakoitzeko 150 euroko muga gainditu gabe.

h) Hitzaldietan edo antzeko ikuskizunetan parte hartzen duten gonbidatuen eskersariak, bost lagunenak gehienez, pertsona bakoitzeko 250 euroko muga gainditu gabe.

i) Sariak emateko ekitaldiak antolatzeko gastuak, azkenik emandako laguntzaren %30 gehienez ere. Langileria gastuak atal honetatik kanpo gelditzen dira berariaz.

j) Sariak.

B) MODALITATEA:

a) Ekitaldietako parte-hartzaileen ostatu-gastuak, dietak eta joan-etorrien gastuak (artistak, ekoiztetxearen eta/edo enpresa banatzailearen ordezkariak), muga hauek gainditu gabe:

–Ostatua eta dietak: Nafarroako Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartutako eta 2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 17an, argitaratutako Erabakian jasotako baldintzetara mugatuko dira gastuak. Deialdi honen ondorioetarako, dieten gastutzat hartuko dira otordu nagusiei dagozkienak soilik (bazkaria eta afaria).

–Joan-etorriak: autoa erabiliz gero, hogeita hamar (0,30) euro-zentimo km bakoitzeko, gehi autobideko (bidesariak) eta aparkalekuetako gastuak. Ibilgailua alokatua denean, alokairuaren kostua, erregaia, autobideko gastuak (bidesariak) eta aparkalekua. Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da.

–Emanaldia egiteko beharrezkoak diren elementuen garraioa: autoa erabiliz gero, hogeita hamar (0,30) euro-zentimo km bakoitzeko, gehi autobideko (bidesariak) eta aparkalekuetako gastuak. Furgoneta edo zama-lanetarako beste ibilgailuren bat erabiliz gero, berrogei (0,40) euro-zentimo km bakoitzeko, gehi autobideko (bidesariak) eta aparkalekuetako gastuak. Ibilgailua alokatua denean, alokairuaren kostu, erregaia, autobideko gastuak (bidesariak) eta aparkalekua.

Kilometro kopurua kalkulatzeko, abiapuntua enpresaren egoitza soziala edo artistaren helbidea izanen da.

b) Egiaztatze edo inskripzio gastuak.

c) Azoka eta ekitaldi profesionaletan instalatzea eta/edo erakustokia eta bestelakoak alokatzea.

d) Ikuskizunerako berariaz egindako seinalizazio-materialak edo inprimakiak (diseinu eta/edo maketazio gastuak eta komunikazio eta publizitaterako beste gastu batzuk alde batera utzita).

5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Ekipamendu ondasunen, ondasun higigarrien eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak.

b) 5.1 puntuan adierazitako arloei ezin egotzi zaizkien gastu kontzeptuak, zentzuz jokatuta proiektuarentzat beharrezkoak ez direnak edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztuta ez dutenak.

c) Balio erantsiaren gaineko zerga, baita antzeko beste zerga batzuk ere, entitateak berreskura ditzaketenak.

6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Eskaerak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.

6.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak izendatutako ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Kide hauek osatuko dute batzordea:

a) Batzordeburua: Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, edo, hori izan ezean, zuzendaritza horretako beste zerbitzu bateko zuzendaria.

b) Batzordekideak: Zinematografiaren eta/edo ikus-entzunezko ekoizpenaren arloan entzute handikoak edo adituak diren 3 pertsona; eta Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua, edo hori ezean, Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Ataleko burua.

c) Idazkaria: Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Ataleko goi mailako teknikari bat, edo, hori ezean, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko goi mailako teknikari bat, hizpidea duena baina botorik ez.

6.3. Ebaluazio batzordeko kideak izendatzeko ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

6.4. Balorazio eta esleipen prozesua.

1. fasea.–Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak, eskatzailea deialdian onartu baino lehen, betebeharrei buruzko dokumentazioa aztertuko du. Proiektuak baloratzeko, eskaerak aurkezteko epearen barrenean aurkeztutako dokumentazioa baizik ez da baloratuko, edo, kasua bada, zuzentzeko epean aurkeztutakoa.

2. fasea.–Onartutako proiektuak jasoko dituzte ebaluazio batzordeko kideek, balorazioa egiteko.

3. fasea.–Ondoren, batzordeak bilera eginen du, aurkeztutako eskaeren puntuazioa emanen du, eta diru-laguntza banatuko du 7. oinarrian aipatzen den puntuazioa gainditzen duten proiektuen artean, lortutako puntuazioaren arabera, 3. oinarriko 2. eta 3. ataletan ezarritakoari jarraikiz. Aurreko paragrafoan adierazitakoaren arabera banaketa egin ondoren, azken onuradunari dagokion diru-laguntza eskatu duena baino txikiagoa bada, 3. oinarriaren 4. idatz-zatian aipatzen den moduan jokatuko da, Balorazio Batzordeak eskaera berregina onetsi arte, betiere lortutako puntuazioari jarraituta.

Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

4. fasea.–Azkenik, batzordeak irizpen loteslea emanen du.

6.5. Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

7. Proiektuen balorazioa.

Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira proiektuak, modalitateen arabera:

7.1. A modalitatea (100 puntu):

7.1.1. Enpresa edo profesional eskatzailearen ibilbidea, egitura eta gaitasuna (15 puntu gehienez):

a) Enpresaren edo profesionalaren ibilbidea: ikus-entzunezkoen sektorean egin dituen jarduera-urteen kopuru osoa (4 puntu gehienez).

–15 urtetik gora: 4 puntu.

–11 eta 15 urte bitarte: 3 puntu.

–5 eta 10 urte bitarte: 2 puntu.

–Urte batetik 4 urtera bitarte: 1 puntu.

b) Enpresaren edo profesionalaren jarduera: ikus-entzunezkoen arloarekin zerikusia duten zabalkunde eta prestakuntza jarduerak, azken hiru urte naturalean eginak (8 puntu gehienez).

c) Jaialdiak egindako edizioen kopurua (3 puntu gehienez):

–10 edizio baino gehiago: 3 puntu.

–6 ediziotik 10 arte: 2 puntu.

–3 ediziotik 5 arte: 1 puntu.

7.1.2. Proiektuaren kalitate artistikoa eta interesa (45 puntu gehienez).

a) Proiektuaren kalitate orokorra. Ebaluazioa Batzordeak ondoko alderdiak hartuko ditu kontuan: proiektuaren laburpena, proiektuaren interes kulturala (helburuak, ikuspegia, kalitatea, berrikuntza, berezitasuna...), proiektuak Espainiako zinemaldien testuinguruan duen garrantzia eta egokitasuna, proiektuaren edukien eta helburuen arteko koherentzia, proiekzioa, eta abar (30 puntu gehienez).

b) Talde artistikoaren eta betearazlearen osaera eta gaitasuna (10 puntu gehienez).

c) Zinemagile nafarren sustapena (5 puntu gehienez).

7.1.3. Proiektuaren hartzaileei loturiko kudeaketa estrategiak (15 puntu gehienez).

a) Marketin, komunikazio, merkaturatze eta salmenta ekintzak (5 puntu gehienez).

b) Proiektuari erantsitako ekintza pedagogikoak (5 puntu gehienez).

c) Zailtasun fisikoak edo psikosozialak dituen jendea hurbiltzen laguntzeko ekintzak. Ekintza hauetan sartzen dira, oztopo arkitektonikoei lotutakoez gainera, edukietara iristeko berdintasuna sustatzen duten guztiak (5 puntu gehienez).

7.1.4. Proiektuaren bideragarritasun eta koherentzia ekonomikoa (25 puntu gehienez).

a) Proiektu osoaren kostuarekin alderatuta, eskatzen den diru-laguntzaren portzentajea (5 puntu gehienez).

–%55 arte: 5 puntu.

–%55etik gora %60 arte: 3 puntu.

–%60tik gora %65 arte: 2 puntu.

b) Proiektu osoaren kostuarekin alderatuta, bermatuta edo berretsita dagoen finantzaketaren portzentajea, diru-laguntza hau kenduta (baliabide propioak, maileguak, babesleak, diru-laguntza berretsiak eta abar) (10 puntu gehienez).

–%56tik %60 arte: 10 puntu.

–%41etik %55 arte: 9 puntu.

–%36tik %40 arte: 8 puntu.

–%31tik %35 arte: 7 puntu.

–%26tik %30 arte: 6 puntu.

–%21etik %25 arte: 5 puntu.

–%16tik %20 arte: 4 puntu.

–%11tik %15 arte: 3 puntu.

–%5etik %10 arte: 2 puntu.

–%5 baino gutxiago: 1 puntu.

c) Diru-sarreren eta gastuen arteko koherentzia (10 puntu gehienez).

7.2. B modalitatea (100 puntu).

7.2.1. Proiektuaren ezaugarriak: (50 puntu gehienez).

a) Feriaren/azokaren/jaialdiaren eta/edo ikuskizun profesionalaren eremua (20 puntu gehienez).

Foru Komunitatearekin mugakide diren lurraldeetan (Euskal Autonomia Erkidegoa, Errioxa, Aragoi, Akitania): 5 puntu.

–Estatuko beste lurralde batzuk: 10 puntu.

–Nazioarteko eremua: 15 puntu.

b) Parte-hartze mota (15 puntu gehienez).

–Eguneroko bertaratzea, baina erakustokirik gabe: 5 puntu bertaratze-egun bakoitzeko, eta gehienez ere 10 puntu.

–Bertaratzea, erakustoki partekatua izanda: 10 puntu.

–Bertaratzea, norberaren erakustokia izanda: 15 puntu.

c) Ekoiztetxeen kasuan, aurkeztu beharreko zinema-ekoizpenaren lagina (15 puntu gehienez). Kasu horretan, informazio-dosierra erantsi beharko da, hauek adierazita: filmaren izena, fitxa artistikoa eta fitxa teknikoa.

Banatzaileen kasuan, merkataritzako txostena, bisita-txartelak eta merkataritza-hitzorduen deskribapena erantsita (15 puntu gehienez).

–15 puntu 10 bilera baino gehiago baldin baditu.

–10 puntu 6-10 bilera baditu.

–5 puntu 0-5 bilera baditu.

7.2.2. Eskaera egiten duen pertsonaren, enpresa ekoizlearen edo banatzailearen ibilbidea (gehienez 30 puntu).

a) Jarduera: 5 puntu azken 5 urteetan ekoitzitako eta/edo banatutako produkzio garrantzitsu bakoitzeko.

b) Ibilbidea: puntu bat eskaera egiten duen pertsonak, enpresa ekoizleak eta/edo banatzaileak jardunean egindako urte oso bakoitzeko.

–10 urtetik gora: 10 puntu.

–9 urte: 9 puntu.

–8 urte: 8 puntu.

–7 urte: 7 puntu.

–6 urte: 6 puntu.

–5 urte: 5 puntu.

–4 urte: 4 puntu.

–3 urte: 3 puntu.

–2 urte: 2 puntu.

–1 urte 1 puntu.

c) Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren azken 5 urteetako deialdietan Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako proiektua izatea:

–4 puntu eskatzaileak jasotako diru-laguntza bakoitzeko.

–2 puntu onartu baina diru-laguntzarik gabe utzitako proiektu bakoitzeko (deialdian diru aski ez egoteagatik).

7.2.3. Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa (15 puntu gehienez).

–Ekoiztetxeen kasuan: proiektuaren aurrekontu onartu osoarekin alderatuta (BEZa gabe), eskatutako diru-laguntzaren portzentajea:

–%40ra arte: 15 puntu.

–%40tik gora %45 arte: 14 puntu.

–%45etik gora %50 arte: 13 puntu.

–%50etik gora %55 arte: 12 puntu.

–%55etik gora %60 arte: 10 puntu.

–%60tik gora %65 arte: 7,5 puntu.

–%65etik gora %70 arte: 5 puntu.

–Banatzaileen kasuan, azokara edo merkatura joan izanaren balorazio ekonomikoa:

  • Hiru kontratu baino gehiago sinatu baditu: 15 puntu.
  • Bi kontratu sinatu baditu: 10 puntu.
  • Kontratu bat sinatu badu: 5 puntu.

7.2.4. Nafarroako kultura zabaltzea eta euskara erabiltzea (5 puntu).

a) Nafar kultura zabaltzea egile, zuzendari edo ekoizle nafarrak sustatuz (2 puntu gehienez).

b) Euskara erabiltzea proiektuan eta/edo haren zabalkundean eta sustapenean (3 puntu gehienez).

–Euskara erabiltzea proiektuan (abestien, olerkien eta abarren bidez) edo jarduerak edozein euskarritan hedatzen direnean, elebitan izan gabe (puntu 1).

–Proiektua elebitan hedatzea (2 puntu).

–Jarduera euskaraz egitea edo euskara erabiltzea proiektuaren komunikazio-hizkuntza gisa, hala proiektua sortzean nola hedatzean (3 puntu).

7.3. Proiektuen balorazioa errazteko asmoz, eskatzaileak deialdi honen II. eranskinean ageri den deskripzio-memoriaren ereduaren araberako eskabidea aurkeztu beharko du; eranskin horretan zehatz-mehatz jasotzen dira irizpide bakoitzaren barrenean baloratu beharreko alderdiak. Informazio ekonomikoa jakinarazteko, III.a eranskinean agertzen den informazio ekonomikoaren datu-orria erabiliko da A modalitatean aurkeztuz gero, edo III.b eranskina B modalitatean aurkeztuz gero.

7.4. Aurreko irizpide horiek aplikatuta, 100 puntu gehienez emanen zaizkio proiektu bakoitzari, eta ez dira aintzat hartuko gutxienez 50 puntura iristen ez diren proiektuak.

7.5. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak edo neurriz gainekoak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

8. Diru-laguntza emateko ebazpena.

8.1. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita gehienez ere hiru hilabeteko epean. Epe hori berariazko ebazpenik argitaratu gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.

8.2. Ebazpena eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio bakoitzak eskabide-orrian adierazten duen helbide elektronikoaren bidez, eta Nafarroako Gobernuaren web orrian jakitera emanen da (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/), baita Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren iragarki oholean ere (Navarrería kalea, 39, Iruña).

8.3. Berariazko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

8.4. Ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

8.5. Deialdi honi buruzko jakinarazpen guztiak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Erregistroaren bitartez bideratuko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako edozeinen bitartez.

9. Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, Kultur Mezenasgoaren ondorioetarako.

9.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak, baldin eta helbide fiskala Nafarroan duten pertsona fisikoek egiten badituzte eta horiek ekonomia jardueren gaineko zergaren epigrafeetako batean alta emanda badaude (legearen 4.f) atalean aipatzen dira), interes sozialekotzat hartuko dira, foru lege horrek dohaintzei, erabilera mailegu edo komodatuei eta lankidetza-hitzarmenei ezartzen dizkien zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako, baita sozietateen gaineko zergaren araudiak babes-kontratuen ondoriozko publizitate gastuei ezartzen dizkien kenkarien aplikazioaren ondorioetarako ere.

9.2. Kultur mezenasgorako zerga-pizgarriak aplikatuko dira baldin eta onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta aplikatu behar den gainerako araudian ezarritako betebeharrak eta baldintzak betetzen badituzte, bereziki, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako betebeharrak betetzen badituzte, alegia, ziurtagiriak luzatzeari eta kasuan kasuko informazioa Nafarroako Zerga Ogasunari bidaltzeari buruzkoak; izan ere, foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

9.3. Halaber, proiektuak egiten laguntzeko mezenasgo edo babesletzako ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

–Mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak zehaztea 13.1 oinarrian aipatzen den azken memorian, eta laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeko izan duten eragina ebaluatzea.

–Diruz lagundutako proiektuaren babesletza-kontratuen kopia igortzea, honako hauek adierazita: kontratugileen eta kontratua sinatzen dutenen identifikazioa, kontratuaren xedea, iraunaldia eta egikaritze-epea, bai eta babesletzaren onuradunak publizitatearen kontzeptu gisa urte bakoitzean guztira jasoko duen zenbatekoa ere.

10. Onuradunen betebeharrak.

10.1. Interesdunek (salbu eta pertsona fisikoak direnak) diru-laguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko dute, telematika bidez, diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena eta, hala badagokio, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

10.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den programarako baizik ez da erabiliko laguntza, eta, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak beteko dira.

10.3. Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako programa gauzatu dela eta zer gastu egin den.

10.4. Laguntza jasotzen duten proiektuak entitate eskatzailearen eta Nafarroako Gobernuaren artean lankidetzan egindako proiektuak direla ulertuko da. Bi aldeek proiektuen zabalkunderako ekintzak gauzatzen ahalko dituzte, aldez aurretik adostuta. Nolanahi ere, beti adieraziko da lankidetza hori, inprimatutako material mota guztietan edo komunikazio zuzeneko ekintzetan.

10.5. Proiektua aldatzea dakarren edozein gertaeraren berri ematea Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalari, hura gertatu bezain laster, atal horrek aurretik adostasuna eman dezan, betiere aldaketak, balorazio batzordearen ustez, funtsezko aldaketarik eragiten ez badu onetsitako proiektuan.

10.6. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso duela. Diruz lagundutako proiektuaren programan, kartelean, iragarkietan, publizitatean edo edozein motatako zabalkunde-euskarrietan Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute. Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalean aurkeztu beharko dituzte zabalkunderako aurreikusitako zirriborroak, logotipoa modu egokian txertatzeko baimena jasotzeko. Logotipoa jartzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuko Erakundeen Proiekzioaren Zerbitzuan (Argitalpen Atala) kontsulta daitezke, helbide elektroniko honetan: publicaciones@navarra.es.

10.7. Ekitaldia diru-laguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (esku-orriak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, diru-laguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartuko, aurreko ataleko baldintzei jarraituz.

10.8. Noiznahi ere onartzea Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana.

10.9. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

10.10. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko asmoz, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak edukitzea, onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.

10.11. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

10.12. Enpresa edo profesionalak ebaluazio txosten bat aurkeztu beharko du proiektua amaituta. Txosten horretan, proiektuaren alderdiak noraino bete diren adieraziko du, hasieran aurkeztutako deskripzio-memorian jasotakoarekin alderatuta.

11. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

11.1. Ordainketa.

Oro har, behin onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak. Justifikazio hori proiektua bukatutakoan egin beharko da. Horretarako, onuradunak dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien faktura eta frogagirien zerrenda, zenbakiz zenbaki, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFZ, fakturaren kontzeptua, zenbakia eta data, guztirako zenbatekoa, zerga-oinarria, BEZa eta/edo PFEZ zehaztuta, kontuan hartuta diru-laguntzatik kanpo dagoela balio erantsiaren gaineko zerga, eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatu dezakeen zatian, bai eta antzeko beste zerga batzuk ere, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak. Zerrenda Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, diru-laguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien faktura eta frogagiriak aurkeztuko dira. Faktura horiek deialdiaren 1. oinarrian ezarritako epeetan emanak izan beharko dira, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Kanpo gelditzen dira, berariaz, erreziboak, aurrekontuak eta albaranak. Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna, lana eta/edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan.

c) 100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste dokumentu batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu.

Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

d) Egindako jarduera azaltzen duen memoria.

e) A modalitaterako: sustapenerako eta publizitaterako inprimakiak, eta/edo zabalkundea egiteko erabili diren web orrietarako estekak.

f) B modalitaterako: bertaratze ziurtagiria, erakunde antolatzaileak luzatua, edo, bestela, parte-hartzaileen zerrenda ofiziala.

11.2. Aurrerakina.

Salbuespenez, jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira laguntzak, emandako diru-laguntzaren %50 aurreratuz, gehienez ere. Horretarako, entitateak Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalari eskatu beharko dio, aurrerakina eskatzeko IV. eranskina aurkeztuz, eta frogatu beharko du ez duela diru-funts aski diru-laguntzaren helburuak betetzeko (diruzaintzako egoera-orria edo bankuko kontuen saldoa, diru-laguntzaren xedearekin lotuta ordaintzeko eta kobratzeko dituen gastuen eta diru-sarreren zerrenda eta proiektuari lotuta ez dauden ordaintzeko eta kobratzeko konpromisoak).

11.3. Aurreko atalean aipatutako ordainketa moduen artean zein aukeratzen den ere, diru-laguntza likidatzeko, onuradunek 11.1 oinarrian aipatzen diren egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte proiektua bukatu eta bi hilabeteko epean; betiere, azken eguna 2017ko urriaren 31 izanen da, egun hori barne. Laguntza ematea onartzen den unean diru-laguntzaren xedeko jarduera bukatu dutenek edo azoka/merkatu/ekitaldi profesional edo jaialdira joan direnek laguntza onartu eta bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dute dokumentazioa.

Dokumentazio hori paperean eta euskarri digitalean aurkeztuko da guztirako ordainketa eskatzen denean, erregistroaren bidez, Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan eta Erregistro Orokor Elektronikoan ere.

11.4. Ezarritako epean, edo zuzenketak egiteko ematen den epean, justifikatu ezean, justifikatu gabeko gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea galduko da.

11.5. Justifikatu beharreko ordainketak ematen den diru-laguntzaren zenbateko guztia adinakoak izanen dira.

11.6. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntzaren kontzesioan aipatzen den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, ordaindu izanaren frogagiria badute, betiere.

11.7. Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

12. Beste diru-laguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak bateragarriak dira helburu bera duten beste diru-laguntza batzuekin, Foru Komunitateko Administrazioarenak izan edo beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

13. Dirua itzultzea.

Onuradunak programa gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatzen ahalko zaio, bai eta diru-laguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

14. Arau-hausteak eta zehapenak.

14.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

14.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

15. Diru-laguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

16. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Proiektuaren deskripzio-memoria (PDFa).

III.A ERANSKINA

Nafarroan egiten diren zinema jaialdi eta lehiaketak antolatu eta egiteko aurrekontua (Excela).

III.B ERANSKINA

Azoka, merkatu, jaialdi eta ekitaldi profesionaletan parte-hartzearen aurrekontua (PDFa).

IV. ERANSKINA

Aurrerakinaren eskaera (Excela).

III.A eta IV. eranskinak Excel fitxategi baten bidez beteko dira; fitxategi horiek Nafarroako Gobernuaren web atariko zerbitzuen katalogotik deskargatzen ahal dira, deialdia han izanen baita; bestela, deialdiaren kudeatzaileek emanen dituzte.

Iragarkiaren kodea: F1705238