95. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

16E/2017 FORU AGINDUA, apirilaren 26koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, “Generazinema garapena: film luzeen proiektuak garatzeko 2017ko diru-laguntzen deialdia” onesten duena.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz.

AGINDU DUT:

1. Generazinema garapena: film luzeen proiektuak garatzeko 2017ko diru-laguntzen deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak, onestea.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimendu dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2530-4709-334102: Zinemagintzarako laguntzak

2017

20.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2017ko apirilaren 26an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

GENERAZINEMA GARAPENA

Oinarriak

1. Diru-laguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Deialdi honen xedea da laguntzak ematea film luzeak ekoizteko proiektuen garapena prestatzeko, fikziozkoak, dokumentalak edo animaziokoak, ondotik ikus-entzunezko obra bat gauzatzeko eta jendaurrean erakusteko.

1.2. Deialdi honen ondorioetarako, “film luzea” izanen da 60 minututik gorako ikus-entzunezko obra oro, zinema aretoetan, telebistan edo Interneteko plataforman merkataritzako ustiapenerako erakustea xedea duena.

1.3. Film luzearen proiektua garatzeko fasearen berezko operazioak izanen dira ekoizpen fasea baino lehenago egiten direnak, eta, batik bat, ondoko hauek: gidoia behin betiko idaztea, aktoreen hautaketa prestatzea, ekoizpen plana prestatzeko lanak, dokumentazio lanak eta filmatzeko tokiak bilatzekoak, Espainiako edo nazioarteko laguntzak jasotzeko proiektua prestatzea, baliabide ekonomikoak eta salmentarako hasierako planak kudeatzea, aurrekontua eta finantzaketa plana prestatzea, proiektuaren alderdi teknologikoei buruzko lanak eta film luzea gauzatzeko fasean funtsezkotzat jotzen diren beste kontzeptu batzuk.

1.4. Laguntzapeko proiektuak bukatu eta Administrazioari aurkezteko epea 2017ko urriaren 31n bukatuko da, egun hori barne.

1.5. Proiektu bakar bat onartuko da eskatzaile bakoitzeko.

1.6. Proiektu zinematografiko bat garatzeko laguntza emateak ez dakar berarekin hurrengo urteetan proiektu hori ekoizteko laguntza eman beharra.

2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Laguntza hauen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatutako betebehar orokorrak.

2.2. Laguntza hau eskuratzeko aukera dute zinema ekoizteko enpresek, Europar Batasuneko estatu batean ezarriak badira eta Europar Batasuneko estatu bateko Zinema Enpresen Erregistroan ekoiztetxe gisa inskribaturik badaude (Espainiako enpresen kasuan, ICAAko erregistroan inskribatuta).

2.3. Aurkezten diren eskaerek, gutxienez, honako baldintzetako bi bete behar dituzte:

a) Film luzearen zuzendaritzaz arduratzen dena Nafarroakoa izatea edo Nafarroan erroldatuta egotea 2016ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik.

b) Proiektuaren arabera, Nafarroako agertokietan filmatzea film osoaren %40 gutxienez.

c) Ekoiztetxeak helbide fiskala Nafarroan izatea proiektua gauzatzen den prozesu osoan.

2.4. Deialdian aurkezten diren proiektuek ekoizpenaren aurreko fasearen kostu osoa ordaintzeko beharrezko finantzaketaren %20 edo gehiago eduki eta frogatu beharko dute.

2.5. Laguntzak ezin izanen dira eskuratu, deialdia egiten denean, filmaketa hasita badago.

3. Aurrekontu egozpena eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

3.1. Diru-laguntza hauek, gehienez ere 2017 euro, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2017ko gastuen aurrekontuko “Zinema ekoizpenerako laguntzak” izeneko A20002 A2530 4709 334102 partidaren kargura finantzatuko dira.

3.2. Proiektu bakoitzerako gehieneko diru-laguntza 10.000 eurokoa izanen da. Proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %50 baino handiagoa. Eskatzaileek aurkezten duten aurrekontuari Balorazio Batzordearen ustez proiektua garatzeko beharrezkoak ez diren edo deialdiaren xedekoak ez diren jarduerei dagozkien diru kopuruak kenduta ateratzen den emaitza izanen da onartuko den aurrekontua.

3.3. Hasieran esleitutako zenbatekoak askatzen badira, esleipen gehigarri bat egin daiteke diru-laguntza jasotzen ez duten onuradunentzat, lortutako puntuazioaren arabera, betiere eskatzen den gutxienekora iritsi badira.

4. Eskaeren aurkezpena eta dokumentazioa.

4.1. Laguntza eskaerak, oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduarekin bat eta bertan aipatzen diren agiriak erantsita, Kultura, Turismo eta Gazteria Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan.

4.2. Eskaerari erantsiko zaion dokumentazioa bertsio digitalean aurkeztu beharko da, aiseago tramitatu eta baloratu dadin.

4.3. Eskabidearekin batera (I. eranskina), agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Ekoiztetxea Europar Batasuneko estatu batean erregistratuta dagoela adierazten duen ziurtagiria (Espainiako kasuan, ICAAren enpresa zinematografikoen erregistroan inskribatuta egotea).

b) Sozietatearen estatutuak eta eskriturak.

c) Proiektuaren azalpen txostena, II. eranskinean dagoen ereduaren araberakoa.

d) 2.3. oinarriaren a) letran adierazitako baldintza betez gero: Film luzearen zuzendaritzaz arduratzen den pertsonaren NANa edo erroldatze-ziurtagiria.

2.3. oinarriaren b) letran adierazitako baldintza betez gero: filmaketaren plana, Nafarroan filmatuko diren irudiek egiten duten ehunekoa zehazten duena.

2.3. oinarriaren c) letran adierazitako baldintza betez gero: Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ekoiztetxe eskatzaileak Nafarroan izanen duela egoitza fiskala filmatze prozesu osoan.

e) Proiektuaren garapen faseko kostu osoa estaltzeko beharrezko finantzaketaren %20, gutxienez, baduela frogatzen duen dokumentazioa, 2.4 puntuan ezarri den bezala.

f) Proiektuaren datu ekonomikoak II-a eranskinean jakinarazi beharko dira. 2017ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartekoak baizik ez dira sartuko.

4.4. Eskabide ereduak, deskripzio-memoria eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

4.5. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.6. Diru-laguntza eskaerak identifikazio/egiaztatze datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1. artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio, jakinarazten den helbide elektronikoaren bidez, okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala hamar eguneko epean, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, aldez aurretik ebazpena emanda, lege beraren 42. artikuluan ezarritako moduan.

5. Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak, behar-beharrezkoak izanik, deialdian ezarritako epean egiten badira. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Entitateak proiektua garatzean egiten dituen gastu hauek hartuko dira kontuan:

a) Proiektuaren garapen sortzailea (eskubideak erostea, zuzendariaren eta/edo gidoilariaren ordainsariak eta aholkularitza, dokumentazio lanak eta/edo lokalizazioa, aktoreen hautaketa eta taldea).

b) Proiektuaren ekoizpen eta marketinerako finantzaketa bilatzea: joan-etorriak eta dietak (Nafarroako Gobernuaren 2012ko azaroaren 28ko Erabakian jasotako baldintzen araberako mugekin, 2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 17koa), egiaztapen tasak, demoak, teaser-ak eta/edo pilotuak, komunikaziorako materialak, aurkezpenak eta/edo proiektuaren itzulpenak.

c) Langileriaren kostuak, aseguruak, proiektuari lotutako kostu legalak eta kontularitzakoak.

5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Ekipamendu ondasunen, ondasun higigarrien eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak.

b) Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

c) Balio erantsiaren gaineko zerga, eskatzaileek berreskuratzen ahal dutena.

d) Entitatea kudeatzen duten langileen ordainsariak, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 3 baino gehiago badira.

6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Eskaerak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.

6.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak izendatutako ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Kide hauek osatuko dute batzordea:

a) Batzordeburua: Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, edo, hori izan ezean, zuzendaritza horretako beste zerbitzu bateko zuzendaria.

b) Batzordekideak: Zinematografiaren eta/edo ikus-entzunezko ekoizpenaren arloan entzute handikoak edo adituak diren 3 pertsona; eta Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua, edo hori ezean, Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Ataleko burua.

c) Idazkaria: Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Ataleko goi mailako teknikari bat edo, hori ezean, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko goi mailako teknikari bat, hizpidea duena baina botorik ez.

6.3. Ebaluazio Batzordeko kideak izendatzeko ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

6.4. Balorazio eta esleipen prozesua.

1. fasea.–Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak, eskatzailea deialdian onartu baino lehen, betebeharrei buruzko dokumentazioa aztertuko du. Proiektuak baloratzeko, eskaerak aurkezteko epearen barrenean aurkeztutako dokumentazioa baizik ez da baloratuko, edo, kasua bada, zuzentzeko epean aurkeztutakoa.

2. fasea.–Onartutako proiektuak jasoko dituzte ebaluazio batzordeko kideek, balorazioa egiteko.

3. fasea.–Ondoren, batzordeak bilera eginen du, aurkeztutako eskaeren puntuazioa jarriko du, eta diru-laguntza banatuko du 7. oinarrian aipatzen diren baldintzak betetzen dituzten proiektuen artean, lortutako puntuazioaren arabera, 3. oinarriko 2. eta 3. ataletan ezarritakoari jarraikiz.

Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

4. fasea.–Azkenik, batzordeak irizpen loteslea emanen du.

6.5. Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

7. Proiektuen balorazioa.

7.1. Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira proiektuak:

7.1.1. Aurkeztutako proiektuaren kalitatea eta izaera sortzailea (gehienez 50 puntu).

a) Gidoiaren tratamenduaren kalitatea, betiere kalitatetzat hartuta bere bereizgarritasunagatik hari balioa ematen dioten berezko baldintzak, betebeharrak edo ezaugarriak (gehienez 30 puntu).

b) Zuzendaritzaren eta ekoizpenaren memoria, proiektuaren edukien eta helburuen arteko koherentzia (gehienez 10 puntu).

c) Proiektuaren ekoizpenaz, zuzendaritzaz eta gidoiaz arduratzen diren pertsonen ibilbidea (gehienez 10 puntu).

–Ekoiztetxearen ibilbidea: enpresak edo profesionalak jardunean daramatzan urte osoak (0,5 puntu urte bakoitzeko. Gehienez 8 urte eta 4 puntu).

–Film luzea zuzentzeaz arduratzen den pertsonaren ibilbidea (gehienez 3 puntu).

–Gidoiaz arduratzen den pertsonaren ibilbidea (gehienez 3 puntu).

7.1.2. Aurrekontuaren egokitasuna eta koherentzia eta proiektuaren bideragarritasuna (gehienez 30 puntu).

a) Proiektuaren aurrekontua: proiektua garatzeko duen koherentzia (gehienez 10 puntu).

b) Filmaren finantzaketa eta amortizazio plana (gehienez 10 puntu).

c) Finantzabideak lortzea: finantzaketa planetik bete diren konpromisoak (gehienez 10 puntu).

7.1.3. Filmaketan, Nafarroako agertokiek izanen duten lekua (gehienez 15 puntu).

–%96 baino gehiago eta %100 arte: 15 puntu.

–%92 baino gehiago eta %96 arte: 14 puntu.

–%88 baino gehiago eta %92 arte: 13 puntu.

–%84 baino gehiago eta %88 arte: 12 puntu.

–%80 baino gehiago eta %84 arte: 11 puntu.

–%76 baino gehiago eta %80 arte: 10 puntu.

–%72 baino gehiago eta %76 arte: 9 puntu.

–%68 baino gehiago eta %72 arte: 8 puntu.

–%64 baino gehiago eta %68 arte: 7 puntu.

–%60 baino gehiago eta %64 arte: 6 puntu.

–%56 baino gehiago eta %60 arte: 5 puntu.

–%52 baino gehiago eta %56 arte: 4 puntu.

–%48 baino gehiago eta %52 arte: 3 puntu.

–%44 baino gehiago eta %48 arte: 2 puntu.

–%40etik %44 arte: 1 puntu.

7.1.4. Euskara erabili eta agertzea (5 puntu arte).

7.2. Proiektuen balorazioa errazteko asmoz, eskatzaileak deialdi honen II. eranskinean ageri den deskripzio-memoriaren ereduaren araberako eskabidea aurkeztu beharko du; eranskin horretan zehatz-mehatz jasotzen dira irizpide bakoitzaren barrenean baloratu beharreko alderdiak. Informazio ekonomikoa II-a eranskinean jasotako informazio ekonomikoari buruzko inprimakian jakinaraziko da.

7.3. Aurreko irizpide horiek aplikatuta, gehienez ere 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari, eta ez dira aintzat hartuko gutxienez ere 50 puntura iristen ez diren proiektuak. “Aurkeztutako proiektuaren kalitatea eta izaera sortzailea” ataleko puntuazioaren erdia lortzen ez duten proiektuak ez dira kontuan hartuko.

7.4. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak edo neurriz gainekoak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

8. Diru-laguntza emateko ebazpena.

8.1. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita gehienez ere hiru hilabeteko epean. Epe hori berariazko ebazpenik argitaratu gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.

8.2. Diru-laguntza hau emateko prozeduran egiten diren ebazpenen jakinarazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

Horretaz gainera, eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio, eskabidean jartzen duen helbide elektronikoaren bidez.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko iragarki oholean ere jarriko da deialdiaren ebazpena (Navarrería kalea, 39 Iruña).

8.3. Berariazko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

8.4. Ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

8.5. Deialdi honi buruzko jakinarazpen guztiak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Erregistroaren bitartez bideratuko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Administrazioen Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16 artikuluan ezarritako tokietako edozeinen bitartez.

9. Onuradunen betebeharrak.

9.1. Interesdunek diru-laguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko dute, telematika bidez, diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena eta, hala badagokio, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

9.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den proiekturako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.

9.3. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako programa gauzatu dela eta zer gastu egin den.

9.4. Laguntza jasotzen duten proiektuak enpresa eskatzailearen eta Nafarroako Gobernuaren artean lankidetzan egindako proiektuak direla ulertuko da. Bi aldeek proiektuen zabalkunderako ekintzak gauzatzen ahalko dituzte, aldez aurretik adostuta.

Nolanahi ere, beti adieraziko da lankidetza hori, inprimatutako material mota guztietan edo komunikazio zuzeneko ekintzetan. Ekintzen berri emateko ekitaldian pertsonen parte-hartzea baldin badago, gutxienez entitateko kide bat eta Nafarroako Gobernuko kide bat izanen dira bertan.

9.5. Proiektua aldatzea dakarren edozein gertaeraren berri ematea Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalari, hura gertatu bezain laster; atal horrek bere adostasuna emanen du baldin eta aldaketak, ebaluazio batzordearen ustez, funtsezko aldaketarik eragiten ez badu onetsitako proiektuan.

9.6. Diruz lagundutako garapen proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso duela. Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute, eta jasotako finantzaketa deskribatzen duen testu bat ezarri, diruz lagundutako proiektuaren egitarauan, afixetan, iragarkietan edo edozein motatako publizitatean, baita filmaren hasierako kredituetan ere, hura eginez gero. Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalean aurkeztu beharko dituzte zabalkunderako aurreikusitako zirriborroak, logotipoa modu egokian txertatzeko baimena jasotzeko. Logotipoa jartzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuko Erakundeen Proiekzioaren Zerbitzuan (Argitalpen Atala) kontsulta daitezke, helbide elektroniko honetan: publicaciones@navarra.es.

9.7. Noiznahi ere onartzea Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana.

9.8. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

9.9. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, deialdietako oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistroak edukitzea.

9.10. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

10. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

10.1. Filma garatzeko proiektua bukaturik ordainduko dira laguntzak, Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak aldeko txostena egin ondotik, betiere frogagiri hauek aurkezten badira 2017ko urriaren 31rako (egun hori barne):

a) Garapen proiektua azaltzeko memoria zehaztua, honako hauek jasoko dituena:

–Proiektuan egindako jarduketei buruzko txostena.

–Gidoi osoa.

–Lehenengo ekoizpen plan xehakatua eta ikus-entzunezko obraren behin-behineko aurrekontua.

–Lehenengo plan xehakatua eta dokumentazioa filmaziorako aurreikusten diren lekuei buruz.

–Aktoreak hautatzeko proposamena.

–Filmaren finantzaketa plana.

–Laguntzaren eskaeran konprometitutako beste jarduketa batzuk.

–Proiektuari azken dokumentazioa aurkezteko egunean emandako beste laguntza batzuei buruzko zinpeko aitorpena.

b) Inprimatutako elementuak eta publizitatekoak.

c) Gastuen zerrenda, diruz lagundutako kontzeptuen araberakoa, zeinean enpresa, kopurua eta fakturaren zenbakia agertuko baitira, zehatz eta kontzeptutan xehakatuta.

d) Onartutako proiektua gauzatzeko izan den gastuaren frogagiriak (jatorrizko fakturak edo, halakorik ez bada, fotokopiak). Faktura horiek 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera emanak izan beharko dira, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Kanpo gelditzen dira, berariaz, erreziboak, aurrekontuak eta albaranak.

e) Proiektuaren gastu diruz lagungarriekin lotutako gastu guztiek (5.1. puntuan definituak) ordainagiriak beharko dituzte. Egindako gastutzat joko da oinarriotan adierazitako justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena. 100 eurotik gora egindako gastuek bankuko ordainagiria eduki beharko dute.

10.2. Salbuespenez, jarduera egin baino lehen ordaintzen ahalko dira laguntzak, aurrerakin gisa.

Horretarako, onuradunek Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalari eskatu beharko diote, eta bidezko dokumentazioa aurkeztuta frogatu beharko dute ez dutela funts likidorik diruz laguntzen den jarduera gauzatzearen ondoriozko gastuen ordainketari aurre egiteko.

Bi alditan ordainduko da:

–%50erainoko aurrerakin bat ordainduko da diruzaintzaren egoeraren egiaztagiria edo banku-kontuetako saldoen egiaztagiria aurkeztean. Horrekin batera, aurrerakina ordaintzeko eskabidea aurkeztu beharko da (diru-laguntzaren xedearekin lotuta, ordaintzeko eta kobratzeko dauden gastuen eta diru-sarreren zerrenda; eta proiektuari lotuta ez dauden ordaintzeko eta kobratzeko konpromisoak), bertan adierazita diru-laguntzaren helburuak betetzeko funtsik ez duela 2017ko kredituen kontura.

–Diru-laguntzaren gainerako zatia filma garatzeko proiektua bukaturik ordainduko da, Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak aldeko txostena eman ondoren, 10.1 puntuan zehazten den moduan. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntzaren kontzesioan aipatzen den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartzen diren gastuen frogagiriei.

10.3. Ezarritako epean, edo zuzenketak egiteko ematen den epean, justifikatu ezean, justifikatu gabeko gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea galduko da.

11. Beste diru-laguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.

11.1. Deialdi honetan aurreikusten den ekarpena bateragarria da helburu bera duten beste diru-laguntza batzuekin, Foru Komunitateko Administrazioarenak izan edo beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

11.2. Beste entitate batzuek emandako diru-laguntzarik edo laguntzarik eskuratzen baldin bada, onartutako laguntza aldatzen ahalko da, laguntza guztien zenbatekoak diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen badu.

12. Itzulketa.

Onuradunak proiektua gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatzen ahalko zaio, bai eta diru-laguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

13. Arau-hausteak eta zehapenak.

13.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

13.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

14. Diru-laguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

Zenbait laguntza barneko merkatuarekin bateragarri deklaratzen dituen Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 EB Erregelamenduaren 54.8 artikulua, halaber, aplika daiteke, 170. eta 108. artikuluak aplikatuta.

15. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Proiektuaren deskripzio-memoria (PDFa).

II.A ERANSKINA

Informazio ekonomikoa (Excela).

III. ERANSKINA

Aurrerakinaren eskaera (Excela).

II.A eta III. eranskinak Excel fitxategi baten bidez beteko dira; fitxategi horiek Nafarroako Gobernuaren web atariko zerbitzuen katalogotik deskargatzen ahal dira, deialdia han izanen baita; bestela, deialdiaren kudeatzaileek emanen dituzte.

Iragarkiaren kodea: F1705242