95. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

36/2017 FORU AGINDUA, maiatzaren 3koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien graduko tituludunentzako prestakuntza beka baterako deialdia onesten duena, kirol entrenamenduaren oinarri zientifikoekin, lesioen prebentzioarekin eta jarduera fisikoarekin (osasunarekin duen loturari dagokionez) zerikusia duten ezagutza teoriko eta praktikoak lor ditzaten. Prestakuntza hori Nafarroako Gobernuaren Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan eginen da.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 73.1 f) artikuluan Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren eginkizun hau ezartzen da, beste batzuen artean: kirol medikuntzaren arloko ikerketa eta prestakuntza sustatzea.

Kirolaren Zuzendariordetzak, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren bidez, proposamena egin du zentro horretan egonaldiko beka baterako deialdia egiteko; erdi edo goi mailako unibertsitateko tituludunentzako beka bat izanen da, kirol entrenamenduaren oinarri zientifikoekin, lesioen prebentzioarekin eta jarduera fisikoarekin zerikusia duten ezagutza teoriko eta praktikoak lor ditzaten. Laguntzaren iraupena, gehienez ere, 2017ko uztailaren 1etik 2018ko ekainaren 30era bitartekoa izanen da, berritzeko aukerarik gabe.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentua, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren bidez, ohartu da beharrezkoa dela programa batzuk abian jartzea graduatu ondoko tituludunei ezagutza espezializatua eta esperientzia praktikoa eskaintzeko kirol entrenamenduaren oinarri zientifikoen, lesioen prebentzioaren eta jarduera fisikoaren (osasunarekin duen loturari dagokionez) aplikazioaren arloan. Horregatik, kirol zientzien arloko prestakuntzarako laguntza programa honen deialdia egin da.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuak eta Nafarroako Gazteriaren eta Kirolaren Institutuaren Estatutuak onesten dituen abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuak eman dizkidaten eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien graduko unibertsitateko tituludunentzako prestakuntza beka baterako deialdia onestea, kirol entrenamenduaren oinarri zientifikoekin, lesioen prebentzioarekin eta jarduera fisikoarekin (osasunarekin duen loturari dagokionez) zerikusia duten ezagutza teoriko eta praktikoak lor ditzaten. Prestakuntza hori Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan eginen da, 2017ko uztailaren 1etik 2018ko ekainaren 30era arte.

2. Prestakuntza bekaren esleipenaren ondoriozko gastuei aurre egiteko 10.500 euroko (hamar mila eta bostehun euro) gastua baimentzea. Horietatik, 5.211,94 euro (bost mila berrehun eta hamaika euro eta laurogeita hamalau zentimo) 2017ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Kirol ikerkuntzarako bekak” izeneko A50002 A5130 4809 336100 partidaren kargura izanen dira, eta beste 5.288,06 euro (bost mila berrehun eta laurogeita zortzi euro eta sei zentimo) 2018ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako gaitzen den partidaren kargura. 2017ko eta 2018ko ekitaldietan gorde beharreko gehieneko zenbatekoan hilero 38,06 euro sartuta daude, enpresak Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuota ordaintzeko.

Nolanahi ere, beka emanen da baldin eta horretarako egokia eta aski den kreditua badago bekaren ondoriozko betebeharrak finantzatzeko.

3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 3an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

I. ERANSKINA

Nafarroako Gobernuaren Kirolaren Azterlan, Ikerketa
eta Medikuntzako Zentroan aritzeko prestakuntza beka
bat emateko deialdiaren oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Helburua.

Bekaren helburua da unibertsitateko tituludunen prestakuntza sustatzea, Nafarroako Gobernuko Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan arituz, kirol entrenamenduaren oinarri zientifikoekin, lesioen prebentzioarekin eta jarduera fisikoarekin (osasunarekin duen loturari dagokionez) zerikusia duten ezagutza teoriko eta praktikoak lor ditzaten. Hona hemen bekaren onuradunak eskura ditzakeen ezagutzak eta prestakuntza:

1.1. Ariketaren fisiologiari eta jarduera fisikoaren eta kirolaren biomekanikari buruzko ezagutza jasotzea eta neurtzeko teknikak ikastea, besteak beste honako hauen gainean:

1.1.1. Gorpuzkera neurtzea balorazio antropometrikoaren bidez.

1.1.2. Erresistentzia aerobikoa neurtzea, zehazki:

1.1.2.1. Gehieneko potentzia aerobikoa zehaztea.

1.1.2.2. Ahalmen aerobikoa zehaztea, zuzeneko metodoen bidez (laktatoaren odol-kontzentrazioa zehaztuz) eta zeharkako metodoen bidez.

1.1.3. Ahalmen anaerobikoa zenbatestea.

1.1.4. Indar muskularra neurtzea, zehazki:

1.1.4.1. Indarra-abiadura erlazioa, indar esplosiboa eta horren aktibazio neurala zehaztea.

1.1.4.2. Indarra zehaztea, luzatze-laburtze zikloarekin lotua.

1.1.5. Abiadura neurtzea.

1.1.6. Ingestio dietetikoa kuantifikatzea, metodo ezberdinak erabiliz.

1.1.7. Kirol entrenamenduetan neurketak egitea (landa testak).

1.2. Nutrizio arloko ebaluazioak egiteko teknikak ikastea (antropometria, dietaren azterketa, gastu kalorikoaren azterketa, banakako dietak diseinatzea).

1.3. Kirol lesioen prebentzioari, diagnosiari, tratamenduari eta errehabilitazioari buruzko alderdiak ikastea.

1.4. Kirol entrenamenduaren plangintzaren oinarri zientifikoei buruzko ezagutza teoriko eta praktikoa jasotzea.

1.5. Ariketaren fisiologiaren, jarduera fisikoaren eta kirolaren biomekanikaren eta kirolaren medikuntzaren arloko ikerkuntzaren oinarriak ikastea. Horren barrenean arlo horretako eduki jakin baten ezagutza mailaren berrikuspena dago, edo oinarrizko proiektu esperimental bat aztertu eta garatzea. Prestakuntza bekaren bukaera gisa, egonaldiaren bukaerako memoria labur bat prestatu beharko da egindako lanari buruz.

Prestakuntza beka Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroak kudeatuko du, eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien gradudunentzat da.

2. oinarria.–Aurrekontu erabilgarria.

Deialdi honetara 10.500 euro bideratu dira, prestakuntza bekaren esleipenari aurre egiteko. Horietatik, 5.211,94 euro (bost mila berrehun eta hamaika euro eta laurogeita hamalau zentimo) 2017ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Kirol ikerkuntzarako bekak” izeneko A50002 A5130 4809 336100 partidaren kargura izanen dira, eta beste 5.288,06 euro (bost mila berrehun eta laurogeita zortzi euro eta sei zentimo) 2018ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako gaitzen den partidaren kargura. 2017ko eta 2018ko ekitaldietan gorde beharreko gehieneko zenbatekoan hilero 38,06 euro sartuta daude, enpresak Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuota ordaintzeko.

3. oinarria.–Bekaren iraupena.

Zentroan egonaldia egiteko bekak 12 hilabeteko iraupena izanen du, 2017ko uztailaren 1etik hasita 2018ko ekainaren 30era bitarte, berritzeko aukerarik gabe.

4. oinarria.–Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.

Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan egonaldia egiteko bekaren gehieneko zenbatekoa 10.500 eurokoa izanen da; horietatik 5.211,94 euro 2017. urtean egotziko dira, eta 5.288,06 euro 2018an. Guztirako zenbateko horretan Gizarte Segurantzaren kotizazioak sarturik daude. Ikerkuntzarako prestakuntza bekaren ordainketak hilabetea bukatuta eginen zaizkio esleipen-hartzaileari, bankuko transferentzia bidez, hilean 836,94 euro gordin, edo zati proportzionala, kasua denean. Zenbateko horretatik pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokiona kenduko da. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak, hilero, bekadunari dagokion Gizarte Segurantzaren kotizazio kuotaren zatia ere ordainduko du (38,06 euro).

Bekaren onuraduna besteren konturako langileen parekoa izanen da Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzearen ondorioetarako, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarri bezala; dekretu horrek prestakuntza programetan parte hartzen dutenak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean nola eta zein baldintzatan sartzen diren arautzen du, Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatuz.

Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzeko, bertan kidetzeko eta/edo alta hartzeko, eta araubide horretatik ateratzeko ere, kontuan hartuko da parte-hartzailea noiz hasten den prestakuntza programan eta noiz uzten duen, enpresak Gizarte Segurantzan inskribatzeko eta langileak kidetzeko, alta eta bajak hartzeko eta haien datuak aldatzeko Erregelamendu Orokorrean ezarritako modu, epe eta ondorioekin. Urtarrilaren 26ko 84/1996 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori.

Bekadunari ematen zaion dirua ez da soldata edo lansaritzat hartuko, diru-laguntza publikotzat baizik.

5. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

Baldintza hauek betetzen dituen pertsona fisikoak eskatzen ahalko du beka:

a) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko Estaturen batekoa edo, Europar Batasunak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

b) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdia argitaratu baino urtebete lehenagotik gutxienez. Horretarako, erroldatze agiria aurkeztu beharko da.

c) Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien graduko titulu ofizialaren jabe izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua, deialdi hau argitaratu aurreko hiru urtean lortua izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean lortzeko moduan egotea.

d) Bekaren prestakuntza jardueran aritzea galaraz dezakeen desgaitasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea. Hori eskatzailearen “erantzukizunpeko adierazpen” baten bidez froga daiteke.

e) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta diru-laguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluarekin bat.

Prestakuntza bekak irauten duen bitartean bete beharko dira baldintzak.

6. oinarria.–Merezimenduen balorazioa.

Prestakuntza bekaren kontzesioa arautuko duten merezimenduen balorazioa honako baremo honen arabera eginen da:

a) Ikasketa-espedientea: 10 puntu gehienez.

–Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien graduko batez besteko nota zati 2.

–Fisioterapiaren graduko batez besteko nota zati 2.

b) Unibertsitateko master ofiziala: 2 puntu arte. Unibertsitateko master ofiziala izateak 2 puntuko balorazioa izanen du.

c) Ingelesaren ezagutza: 2 puntu gehienez. Tituluen puntuazioa: C2 titulua edo baliokidea 2 puntu; C1 titulua edo baliokidea 1,6 puntu; B2 edo baliokidea 1,2 puntu; B1 edo baliokidea 0,8 puntu; A2 edo baliokidea 0,4 puntu; eta A1 edo baliokidea 0,2 puntu.

d) Esperientzia zientifikoa: hiru puntu arte. Journal of Citations Reports-en indexatutako artikulu zientifiko bakoitzeko, egileak edo egilekideak badira, puntu batekin baloratuko da.

Eskaerak hobeki ebaluatzearren, Ebaluazio Batzordeak izangaiei eskatzen ahalko die aurkeztutako agirietan dagoen informazioa gehitu edo hobetu dezatela edo egoki iruditzen zaion dokumentazio edo informazio osagarria ekar dezatela.

7. oinarria.–Eskaerak eta egiaztagiriak aurkezteko epea.

1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkezten ahalko dira (Arrieta kalea, 25, 31002 Iruña), baita Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan eta Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan ere. Eskaerak erregistro elektronikoaren bidez tramitatzeko, eskabidea eta eranskinak sinatzen dituen pertsonaren edo pertsonen sinadura elektronikoa beharko da.

Eskaerak postaz aurkez daitezke. Kasu horretan, interesdunak dagokion ziurtagiriaren bidez frogatu beharko du zein egunetan egin zuen igorpena posta bulegoan, eta, egun berean, diru-laguntza kudeatzen duen organoari iragarri beharko dio telefax, telex edo telegrama bidez proposamena igorri duela. Bi baldintza horiek bete ezean, dokumentazioa ez da onartuko, betiere eskaera aurkezteko ezarritako epetik kanpo jasotzen bada.

2. Beka eskaera egiteko inprimaki normalizatua erabiliko da (2. eranskina). Eredua Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan jaso daiteke (Larrabide estadioa, Zangoza kalea, 34), eta Nafarroako Gobernuaren web orrian.

Eskabidearekin batera dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Eskatzailearen curriculum vitae-a, non jasoko baitira, zehatz-mehatz, aipatutako merezimendu guztiak, eta dagozkien oharrak. Agirien bidez frogatzen ez diren merezimenduak ez dira behin ere baloratuko.

b) Ikasketa espedientearen ziurtagiria, kurtso bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioekin, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatuta.

c) Dauzkan titulu eta diplomen fotokopia.

d) Alegatu diren gainerako merezimenduak, jatorrizkoaren edo fotokopiaren bidez frogatuta.

e) NANaren fotokopia.

f) Deialdia argitaratu baino urtebete lehenagotik gutxienez, Nafarroan erroldatuta dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

g) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, 5. oinarriaren d) eta e) letretako betebeharrak betetzen dituela adierazteko. Horren eredua eskabide orriarekin batera emanen da.

h) Erantzukizunpeko adierazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu batetik, beste administrazio publiko batzuetatik edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik helburu bera duen beste edozein laguntza publiko ez duela kobratzen adierazteko. Horren eredua eskabide orriarekin batera emanen da.

3. Organo eskudunak epearen barrenean aurkezten diren eskaerak aztertuko ditu. Epearen barrenean aurkeztutako eskaeraren batek aurreko zenbakietan finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela; ebazpena jakinaraziko zaio.

Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak ezin izanen dira zuzendu.

4. Prestakuntza beka hau jasotzeko eskaera aurkezteak berarekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

8. oinarria.–Ebaluazio Batzordea.

Kide anitzeko organoa, hots, Ebaluazio Batzordea, arduratuko da betebeharrak egiaztatzeaz, beka eskatzen dutenek alegatutako merezimenduak ebaluatzeaz eta ebazpen proposamena prestatzeaz, non izangai onartu bakoitzari guztira emandako puntuak adieraziko baitira.

Ebaluazio Batzordeak kide hauek izanen ditu:

–Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirol zuzendariordea.

–Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko zuzendaria.

–Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko Ikerkuntzako Unitate Teknikoko burua.

–Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko Laguntzako Unitate Teknikoko burua.

9. oinarria.–Laguntza emateko ebazpena.

Ebaluazio Batzordeak 6. oinarrian ezarritako merezimenduen baremoaren arabera aztertu eta ebaluatuko ditu aurkezten diren eskaerak; gero, beka emateko proposamena eginen du, puntuazioaren araberako lehentasun hurrenkerari jarraikiz.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez emanen da beka, instrukzio organoaren proposamena ikusita. Ebazpen hori eta eskatzaileen lehentasun hurrenkera, merezimenduen balorazioaren ondorioz lortzen duten puntuazioaren araberakoa, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren iragarki oholetan jarriko dira jendaurrean, orok jakin dezan.

Ebazpenean, gutxienez, gainditu duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da, eta beka nori eman zaion, eta espresuki adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla, halakorik baldin bada.

Ebazpena interesdun guztiei jakinaraziko zaie eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, apirilaren 19ko 172/2004 Foru Legearen 11. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.

10. oinarria.–Bekaren onuradunaren betebeharrak.

1. Hautapen prozesua bukatu ondoren, beka jasotzeko hautatzen den pertsonak prestakuntza beka eskatzerakoan alegatu zituen merezimendu guztien jatorrizko egiaztagiriak edo haien kopia konpultsatuak aurkeztu beharko ditu. Konpultsak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren egoitzan egiten ahalko dira, Iruñeko Arrieta kaleko 25ean.

2. Bekaren onuradunak apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 19. artikuluan adierazitako betebehar orokorrak bete beharko ditu, foru dekretu horretan ezarrita baitago Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra.

Bekaren onuraduna Nafarroako Zerga Ogasunaren zergaduna baldin bada, eskabide orrian baimena emanen dio departamentuari jarduerak hasten direnean zerga betebeharrak eguneratuak ote dituen egiaztatzeko datuak kontsulta ditzan.

3. Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beken edo diru-laguntzen berri ematea Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari.

4. Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren funtzionamendurako araubideari men egitea.

5. Eskumena duten organoek eman den bekaren gainean egin ditzaketen egiaztapen lan guztiak onartzea.

6. Prestakuntza jarduera bitartean ezagutzen duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea.

7. Prestakuntza bekaren bukaera gisa, egonaldiaren bukaerako memoria labur bat prestatu beharko da egindako lanari buruz.

11. oinarria.–Administrazioaren erantzukizuna.

Administrazio publikoa izanen da prestakuntza jardueran bekadunak hirugarrenei sortzen dizkien kalteen erantzulea, baina administrazio horrek zilegi izanen du iruzur, erru edo zabarkeria larria dela-eta bekadunak izan dezakeen erantzukizuna eskatzea.

12.–Ez-betetzeak.

1. Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta jarduerak betetzen ez baditu, haiek egitean ardurarik jartzen ez badu, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa badu edo lanak kalitate gabekoak badira, beka aldi baterako edo betiko kentzea erabakiko du organo eskudunak, dagokion administrazio unitateak proposaturik eta interesdunari entzutea eman ondoren.

Beka galtzeak diru-zuzkiduraren zati proportzionala galtzea ere ekarriko du; hori dena, galarazi gabe eska daitezkeen diru-itzultzeak eta berandutze-interesak eta ezar daitezkeen zehapenak.

13. oinarria.–Prestakuntza jardueraren hasiera eta uko egitea.

1. Prestakuntza bekaren onuradunak beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko du lanean. Lanean hasteko egun hori ez da 2017ko uztailaren 1a baino lehen izanen, inola ere ez.

Adierazten zaion egunean hasten ez bada, onuradunak bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da, non eta organo eskudunak ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten ez dituen.

2. Emandako bekari uko eginez gero, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko zuzendariari horren berri eman beharko zaio, jarduera utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.

Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da Ebaluazio Batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo dagoenari ematea beka, deusetan galarazi gabe lehenengo bekadunak uko egin arte zituen betebeharrak.

14. oinarria.–Prestakuntza jarduera egitea.

Bekaduna Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan arituko da, eta haren jarduna Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko Ikerketa Unitate Teknikoko buruak gainbegiratu eta zuzenduko du, tutore lanak beteko baititu. Hala, egin beharreko lanak ebaluatu, gainbegiratu eta aginduko ditu; ordutegiak finkatuko ditu, eta begiratuko du ea bekadunek beren eginbehar orokor eta berariazkoak betetzen dituzten.

Bekaduna, astean, gehienez hogeita hamar orduz arituko da lanean.

Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko atsedenaldia emanen zaio onuradunari.

15. oinarria.–Bekaren bateragarritasuna.

Deialdi honetan iragartzen den beka hau bateragarria da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, ematen dituzten beste diru-laguntza eta prestakuntza beka batzuekin.

Onuraduna prestakuntza jarduera bera egiteko beste beka edo diru-laguntza bat jasotzen ari denean, guztira jasotako zenbatekoa ezin izanen da 13.000 eurotik gorakoa izan, dela bakarka dela beste beka edo diru-laguntza batzuekin baturik.

16. oinarria.–Lan edo administrazio harremanik eza.

1. Beka erabiltzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berarekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

2. Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko egonaldi beka honen onuradunari agintzen zaizkion lan edo jarduerak kasuan kasuko departamentu edo erakunde autonomoko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte, horiek izanen baitira lan horien erantzuleak. Bekadunak ezin izanen ditu funtzionario publikoei dagozkien eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

3. Bekaren onuraduna besteren konturako langileen parekoa izanen da Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzearen ondorioetarako, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarri bezala; dekretu horrek prestakuntza programetan parte hartzen dutenak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean nola eta zein baldintzatan sartzen diren arautzen du, Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2012 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatuz.

17. oinarria.–Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.

1. Bekadunak Administrazio Publikoaren kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izanen du, zerbitzu publikoen funtzionamenduaren ondorioz kalteak edo lesioak dituenean, ezinbesteko kasuetan izan ezik. Administrazioaren ondare erantzukizuna administrazio bidetik eskatuko da.

2. Bekadunak, prestakuntza egiten ari deneko Administrazio Publikoarekin duen harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen du zerbitzuagatik eta bidaiengatik izaten dituen gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.

18. oinarria.–Jabetza intelektuala.

Bekadunak jabetza intelektualaren gainean dituen eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen direnak, eskubide horiek erregulatzen dituzten Estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.

19. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Deialdi honen aplikazio egintzen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

20. oinarria.–Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan ezartzen ez den orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

21. oinarria.–Emandako diru-laguntzaren publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, www.navarra.es/home_eu web-orrian jarriko da jendaurrean, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta bekaren helburua.

II. ERANSKINA

Eskaera eta erantzukizunpeko adierazpena egiteko inprimakia (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1705287