1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
170E/2017 EBAZPENA, martxoaren 24koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, iraungitzat jotzen duena Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak abenduaren 24an 537E/2013 Ebazpenaren bidez emandako Ingurumen baimen integratua, esne-hautsa ekoizteko instalaziorako, Tuterako udal-mugartean. Titularra Saiona Sociedad Cooperativa Limitada da.
Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak abenduaren 24an emandako 537E/2013 Ebazpenaren bidez, Ingurumen baimen integratua eman zen instalazio horren proiektua gauzatzeko.
2015eko abenduaren 11n, titularrak proiektuari hasiera emateko epea urtebete luzatzeko eskaera egin zuen, argudiatuz ezen, Saiona Sociedad Cooperativa Limitadak esne-hautsik ez ekoiztea erabaki bazuen ere, Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hiria sozietate publikoa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren menpekoa baita, instalazio horrek okupatutako lursailak merkaturatzen saiatu zela, balio erantsi gisa aurkeztuz esne-hautsa ekoizteko planta instalatzeko emandako ingurumen baimen integratua, eta justifikatuz proiektu hori gauzatzen bazen oso garrantzitsua izanen zela Nafarroako gizarte eta ekonomiarentzat, Foru Komunitatean ekoiztutako esne freskoari balio erantsia eman liezaiokeelako.
Aipatu eskaera aintzat hartuta, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren otsailaren 29ko 177E/2016 Ebazpenaren bidez 2016ko abenduaren 24ra arte luzatu zen proiektuari hasiera emateko epea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 11.1 artikuluan xedatutakoa betez.
2016ko abenduaren 23an, titularrak berriz ere eskatu zuen proiektua gauzatzen hasteko epea luzatzea, oraingo honetan bi urtez, eta horretarako argudiatu zuen Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hiria sozietate publikoak proiektu honetarako industria inbertsore baten bila jarraitzen zuela, aurrekoan emandako argudio berberak mantenduz.
Hala ere, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 11.1 artikuluan ezarrita dago proiektuari hasiera emateko epea urtebete luzatzen ahalko dela gehienez; hortaz, ezinezkoa da berriz ere luzatzea.
Horrenbestez, eta Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 23.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, instalazio honen Ingurumen baimen integratua iraungitzat ematen da eta ez du inolako ondoriorik. Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen aipatu Erregelamendua.
Ebazpen proposamenaren tramitazio prozesuan titularrari entzutea emateko tramitea bete da hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Horrenbestez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.g) artikuluarekin bat,
EBATZI DUT:
Lehendabizikoa.–Iraungitzat ematea Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak, abenduaren 24ko 537E/2013 Ebazpenaren bidez, Tuterako udal-mugartean esne-hautsa ekoizteko instalaziorako emandako Ingurumen baimen integratua. Sustatzailea Saiona Sociedad Cooperativa Limitada da.
Bigarrena.–Eraginik gabe uztea instalazio horretarako Ingurumen baimen integratuan sartu ziren baimen eta inskripzioak.
Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
Bosgarrena.–Ebazpen hau Saiona Sociedad Cooperativa Limitadari, Tuterako Udalari, Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuari, NILSAri eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2017ko martxoaren 24an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgunean: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.
Iragarkiaren kodea: F1703891