1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
108E/2017 EBAZPENA, martxoaren 22koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Zangozako udal-mugartean Zangozako obra-hondakindegiko lurrak berreskuratzeko proiekturako. Sustatzailea Zangozako Udala da.
2016ko urriaren 21ean, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko O epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Proiektatutako jarduketan, lehengo legar-hobi bat ingurumenaren aldetik berreskuratuko da. Zangozako saihesbidea egiteko ateratako legar kantitate handiaren ondorioz sortu zen aipatu legar-hobia, eta gerora, eraikuntzako obretako materialak gordetzeko obra-hondakindegi gisa erabili zen.
Obra-hondakindegia Zangozako 4. poligonoko 198. lurzatian dago, 56.310 m²-ko azalera dauka eta, katastroko txostenaren arabera, lurzorua larre gisa erabiltzeko da. Gaur egun duen egoerari dagokionez, erliebea ez da oso homogeneoa: badu zati lau bat eta bete gabe dagoen beste handi bat, ezponda bertikalak dauzkanak 2 metrotik 5 metrora bitartekoak. Beteko den azalerak 10.900 m² okupatzen ditu, hots, lurzatiaren azaleraren %19, eta hura betetzeko beharrezkoa den bolumena, proiektuaren arabera, 40.712 m³-koa da.
Lehengoratzeko obren xedea da bete gabe dagoen zatia baimendutako materialekin betetzea, topografia birmoldatzea eta azalera landareztatzea. Proiektuaren arabera, obrak bi fasetan gauzatuko dira, gehienez ere bi urte iraunen duen epean.
Espedientean Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak 2017ko martxoaren 13an proiektuaren alde emandako txostena jaso da.
Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak aldeko txostena egin du, baina ebazpen honetan biltzen diren baldintzak ezarrita.
Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren indarrez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Zangozako udal-mugartean Zangozako obra-hondakindegiko lurrak berreskuratzeko proiekturako. Sustatzailea Zangozako Udala da.
2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:
–Ingurumen baldintzak:
- Lehen fase batean, 2017ko abendura bitarte, hondakin balorizagarri guztiak kenduko dira. Hondakinen kudeatzaile baimendu bat arduratuko da lan horretaz. Itxitura eginen da lurzatiaren inguru osoan, kontrolik gabeko isurketa berriak sartzea eta bertan pilatzea galarazteko. Ate bat jarriko da sarbide nagusian. Topografia birmoldatuko da eta, horretarako, gaur egun dauden ezponda bertikalen ertzak leunduko dira, kabailoiak desmuntatuko dira eta lurzatian pilatuta dauden lurrak zabaldu. Gero, hasiera emanen zaie dauden zuloak modu progresiboan bete eta topografia pixkanaka birmoldatzeko lanei. Betelaneko material gisa, kudeatzaile baimenduen hondeatze-lanetatik datozen material naturalak baizik ez dira erabiliko, LER 170504 kodea (hondeatze-lanetako lurrak eta harri garbiak).
- Lehengoratze-lanen bigarren fase batean, 2019ko martxora bitarte, topografiaren betelan eta birmoldaketa lanekin jarraituko da, ondoko lurzatiekin berdindutako lursaila lortu arte. Kasu guztietan, lortuko den azken topografiaren ezaugarriak ezponda eta azalera leunak eta homogeneoak izanen dira, forma naturalak eta malda moderatuak izanen dituztenak. Azken geruza gisa, 20 cm zabal izanen den landare lurra zabalduko da eta lurra ereiteko prestatuko da, hura harrotuz eta landuz eta medeagarri organikoak gehituz. 2017ko udazkenean zehar, ereintza eginen da azalera osoan, bertako belar eta zuhaixken hazi nahaste batekin. Landaketa eginen da lurzatiaren perimetroko zerrenda osoan, itxituraren barneko aldean, eta honako espezie hauek erabiliko dira: Quercus ilex, Acer monpessulanum, Sorbus terminales, Acer campestris, Populus alba. Beharrezkoak diren mantentze-lanak eginen dira (ordezteak, ureztatzeak) hurrengo hiru urteetan.
- Tafalla-Zangoza aldeko Basozaintzari abisatuko zaio obrak hasten direnean, baita gerta daitekeen edozein gorabehera dela-eta ere (ogfotafa10@navarra.es).
- Ingurumenaren lehengoratze-lanen jarraipena egiteko, jarduketen egoeraren berri jasotzen duen txostena igorriko zaio Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalari (secevam@cfnavarra.es) lehen fasea bukatzean, eta lehengoratze-lanen azken egoerari buruzko beste bat lan guztiak bukatzean. Txosten horietan deskribatuko dira egindako lan guztiak eta argazkien erreportajea erantsiko da ingurumena lehengoratzeko lanen tarteko egoera eta bukaerakoa erakusteko.
–Hirigintzako baldintzak:
- Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari. Zehazki, eta Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren 2017ko martxoaren 3ko txostenarekin bat (erantsita doa):
- Inola ere ez dira lursailaren jatorrizko lurrak mugituko, bertan oraindik bai baitira aztarnategi arkeologikoaren hondarrak.
- Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legez beharra dago horren berri berehala ematera Arkeologia Atalari, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko 16/1985 Legearen 43.3 eta 44. artikuluak). Aditzera ematen da hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen arau-hauste larritzat joko dela, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz.
- Herri-lurren Atalak 2017ko martxoaren 2an emandako txostenarekin bat:
- Obra-hondakindegia berreskuratzeko-lanak kudeatu edo egiteko ardura Zangozako Udalak hartzen badu, ez da beharrezkoa izanen Herri-lurren Atalean inolako espedienterik tramitatzea.
- Herri-lurren berreskuratze-lanak edo erabilera enpresa edo partikular baten esku uzten bada soilik hasi beharko du udalak herri-lurrak okupatu edo hobetzeko prozedura.
- Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
- Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen babespean eginen diren jardueretarako bi urteko gehieneko epea ezartzen da horiek egin edo martxan jartzeko baimena ematen denetik hasita. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira eta ez du eraginik izanen.
3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Zangozako Udalari, Basozaintzari (Tafalla-Zangoza barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2017ko martxoaren 22an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.
Iragarkiaren kodea: F1703759