93. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALTSASU

Ordenantza, Altsasuko “Intxostiapunta” Gaztegunearen erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Altsasuko Udalak, 2016ko azaroaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen “Intxostiapunta” Gaztegunearen erabilera arautzen duen ordenantza. Haren iragarkia 2016ko 239. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 14an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza horren aldaketa behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Altsasun, 2017ko martxoaren 22an.–Alkatea, Javier Ollo Martínez.

INTXOSTIAPUNTA GAZTEGUNEAREN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

1. artikulua. Definizioa.

Intxostiapunta Gaztegunea Udalaren Gazteria Zerbitzuaren mendeko eraikina da. Haren kudeaketa Udalak egiten du, eta haren erabileraren gaineko erantzukizuna ere Altsasuko Udalari dagokio.

Helburua da gazteriaren arloko udal politikak ezartzea, bai eta generoaren zeharkakotasun estrategia indartzea ere, neska-mutilen arteko aukera berdintasuna lortzen laguntzeko; horretaz gainera, gazteen bizi kalitatea eta herritar guztiena, oro har, hobetzea ere du xede.

Parte-hartzea bultzatu behar du, bai eta balio solidarioak eta berdintasunezkoak ere, eta bidea eman behar die gazteen elkartze, formazio, kultur edo aisia interesei, betiere irabazi-asmorik gabe.

Intxostiapuntak Udalaren beste zerbitzu batzuk planteatzen dituzten ekimen guztiak eta gazteei eragiten dietenak indartu eta osatzeko tresna izan behar du.

2. artikulua. Xedea.

Gaztegunean, 12 urtetik 30 urtera bitarteko gazteen jarduerak garatuko dira.

Lehentasuna izango dute 30 urte artekoek, nahiz eta beste adin-tartekoek ere erabiltzen ahalko duten, eta arestian aipatu jarduerez beste ere garatzen ahalko diren, salbuespen gisa, Tokiko Gobernu Batzarraren aurretiko baimen idatzia izanda, edo Alkatetzarena, gai urgentea bada, eta Udalaren Gazteria Sailak antolatu ekintzetarako erabiltzea oztopatzen ez badu.

Udalaren beste sail batekin (Musika Eskola) partekatutako lokala izaki, bere izaera bereizlea lokalaren errotulazioaren eta gazteei zuzendutako ekintzen bidez gauzatuko da.

3. artikulua. Helburua.

Intxostiapunta mota honetako ekintzak garatzeko erabiliko da nagusiki: informatu eta aholku ematekoak (Gazte Informazio Gunea); formakuntzakoak, hezkuntza ez-formalaren barrenekoak; ludikoak; aisialdikoak; artistikoak eta informatikoak; eta gazteen artean sozializazioa, balio berdintzaileak eta demokratikoak bultzatzen dituztenak, nahiz beren sormena eta parte-hartzea garatzen laguntzen dutenak.

4. artikulua. Udal-eskumena.

Udala arduratuko da, Gazteria Sailaren bitartez, Intxostiapuntan egiten diren jarduerak antolatu, kudeatu eta haien jarraipena egiteaz.

5. artikulua. Gaztegunea ez da Altsasuko ezein kolektiboren ez elkarteren egoitza izanen.

II. KAPITULUA

6. artikulua. Ordutegia.

Hauxe izango da ordutegi orokorra:

–Goizez:

  • Astelehen, astearte, ostegun eta ostiraletan: 07:30etik 15:00etara.
  • Asteazkenetan: 07:30etik 12:00etara.

–Arratsaldez:

  • Astelehenetik ostegunera, eta igande eta jaiegunetan: 17:00etatik 21:00etara.
  • Ostiral eta larunbatetan: 17:00etatik 22:00etara.
  • Programazio bereziak: goizaldeko ordu bata arte.

III. KAPITULUA

7. artikulua. Jarduerak.

Mota honetako jarduerak garatuko dira bereziki: formakuntzakoak; jolas eta aisialdikoak; sentsibilizaziokoak; mugikortasunekoak; gazteen arteari lotutakoak; betiere gazte-elkartegintza sustatzen dutenak, hala nola honako hauek:

–Informatu, aholku eman eta orientatzekoak: gazteen intereseko gai guztien gainekoak, betiere Gazte Informazioaren Europako Gutunaren (Eryca) printzipioen arabera.

–Formakuntzakoak: gazteei bizitza sozialerako baliagarri gerta dakizkiekeen ezagutzak eta esperientziak ematekoak.

–Jolas eta aisialdikoak: aisia, sorkuntza edo hezkuntza ez formala xede dutenak.

–Sentsibilizaziokoak: zenbait esparruri buruzko informazioa eta kontzientzia hartzea helburu duten jarduerak, hala nola ingurumena, kultura, bizikidetza eta gizarte integrazioa, kontsumo arduratsuak, bizi-ohitura osasungarriak, tratu onak, neska-mutilen arteko aukera berdintasuna, parte-hartze soziala, boluntariotza eta besteekiko elkartasuna.

–Mugikortasunekoak: irteerak antolatzea; trukeak eta bestelako jarduerak, “Erasmus+: Gazteak Ekinean” programa europarra barnean hartzen dutenak edo ez.

–Gazteen arteari lotutakoak: artea gazteen artean sustatzen dutenak.

–Bestelako jarduerak: Udalak gazteen garapena eta udalerrian duten parte-hartzea hobetzearren antolatzen ahal dituenak.

–Arestian aipatu jardueren artean, lehentasuna emango zaie nesken interesei edo eskakizunei erantzuten dietenei.

–Ez dira onartuko ez jarduera belikoak, ez sexistak, ez homofoboak, ezta arrazistak ere.

IV. KAPITULUA

8. artikulua. Guneak-gelak.

Intxostiapunta honako gune hauetan banatzen da:

–1. maila. Zerbitzu iraunkorrak:

1.A. Gazteria Saila / Gazte Informazio Gunea: 2. bulegoa; soilik teknikariek erabiltzekoa.

1.B. Gazte-txoko Zerbitzua: 3. gela; soilik monitoreek erabiltzekoa.

–2. maila. Erabilera anitzeko zerbitzuak:

2.A. Erabilera anitzeko gela (beheko solairua).

–Honako hauetarako erabiliko da bereziki: talde-izaerako formakuntzako, aisialdiko, arteari lotutako, eta parte-hartu eta sentsibilizatzeko tailerrak; proiekzioak; musika-emanaldiak; hitzaldiak.

2.B. Sormen-tailerra (beheko solairua): edozein motatako sormen-tailerrak antolatzen ahalko dira, gazteen gaitasunak garatzeko asmoz.

2.C. Jolas-gela (1. solairua): bertan egingo dira neurri handiko materialak eskatzen dituzten aisialdiko jarduerak (ping-ponga, billarra, mahai-futbola, mahai-jokoak), bai eta arteari eta musikari lotutakoak ere, beren ezaugarriak direla-eta egokiagoa denean gune horretan antolatzea.

2.D. Erabilera anitzeko gelak (1. solairua): 2.a, 4.a eta 5.a: kanpoko monitoreek antolatutako ikastaroak, erakusketak eta tailerrak egiteko erabiliko dira, batik bat.

  • 4. gela monitoreek baimendutako ikus-entzunezkoetarako, play-jokoekin aritzeko, telebista programak ikusteko eta abarrerako erabiliko da, bereziki.

2.E. Sukaldea (1. solairua): talde-jardueretarako, sukaldaritza tailerretarako, topaketa gastronomikoetarako, eta abarrerako erabiliko da, bai eta bestelako jarduerak egiteko ere, beren ezaugarriak direla-eta egokiagoa denean gela horretan antolatzea.

Erabilera anitzeko gelak honako hauek erabiliko dituzte:

1. 12-18 urte arteko gazteek lehentasuna izango dute honako hauek erabiltzeko:

  • Lehenengo solairuan: I., II. eta IV. gelak; sukaldea eta ziberra, jarduera zuzenduan.
  • Beheko solairuan: tailerrak egiteko eta erabilera anitzerako gela, jarduera zuzenduan; entseguak, I. eta II. geletan.

2. 18 urtetik gorakoek lehentasuna izango dute honako hauek erabiltzeko:

  • Lehenengo solairuan: V. gela; I. bulegoa eta sukaldea.
  • Beheko solairuan: tailerrak egiteko eta erabilera anitzerako gelak.

–3. maila. Erabilera berariazkoa duten guneak:

3.A. Premia bereziak dituzten gazteentzako gela (beheko solairua): boluntarioak eta Gazteria Sailak antolatutako jarduerak, formakuntza, jolas eta olgeta izaerakoak, bereziki.

3.B. Entsegu gelak eta biltegia (beheko solairua): gune horietan musika-taldeen entseguak egingo dira, eta Intxostiapuntaren beraren nahiz entseguak egiten dituzten taldeen materiala gordetzeko erabiliko dira.

3.C. Ordenagailuen gela (1. solairua): argazkigintza ikastaroak, eta teknologia “berriak”. Adingabeek gainbegiraleak lagunduta erabiliko dute beti. Adin-nagusikoek ikasteko, kontsultetarako edo talde-ekitaldietarako tresna gisa ere erabiltzen ahalko dute, Gazteria Zerbitzuaren programazioak horretarako bide ematen duenean.

–4. maila. Erabilera esklusiboko gunea:

4.A. Telekomunikazioen gela (1. solairua): makineria, alarma-koadroa, wifia, etab. gordetzeko erabiliko da, eta Intxostiapuntako biltegi gisa ere baliatzen ahalko da.

4.B. Garbiketa gela (1. solairua): garbiketarako materialak eta Gaztegunearen mantentze-lanetarako erabiltzen direnak gordetzeko helburua du.

4.C. Artxiboa (1. solairua): udal espedienteak gordetzeko eta Gazteria Zerbitzuaren materialaren biltegi gisa erabiliko da.

–5. maila. Pasalekuak:

5.A. Ataria, sarrerak, eskailerak eta korridoreak pasaleku izango dira eta, hortaz, ezin izango da haietan egon.

V. KAPITULUA

9. artikulua. Erabiltzaileak.

Erabiltzaileak izango dira, oro har, Intxostiapuntako instalazioak erabiltzen eta/edo bertan antolatzen den edozein ekintzatan parte hartzen duten gazte guztiak.

Gazteguneko gazte-elkarteak izango dira jardueraren bat egiteko Intxostiapuntako guneak erabiltzen dituzten taldeak, Nafarroako Gazteriaren Institutuan ofizialki erregistratuak, betiere.

Gazteguneko erabiltzaileak izango dira jardueraren bat egiteko Intxostiapuntako guneak erabiltzen dituzten taldeak, Udalean (Gazteria Zerbitzuko Erregistroa) ofizialki erregistratuak, betiere.

10. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak.

–Instalazioak zertarako diren, gazteek hartarako erabiltzeko eskubidea dute, baita bertan egiten diren jardueretan parte hartzeko ere.

–Errespetuz eta modu duinean tratatuak izatea.

–Informazioa eta aholkua jasotzea, bai jarduerena bai kezka, zalantza, arazo eta abarrena, taldeko kide gisa zein bakarka.

–Egokiak iruditzen zaizkion erreklamazio eta oharrak egitea Altsasuko Udalari.

11. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

–Errespetua eta tratu ona udal langileekiko nahiz Zerbitzuko gainerako pertsonekiko.

–Gazteguneko ondasunak, altzariak, materialak, etab. arduraz erabiltzea.

–Arduraz eta ingurumena zainduz erabiltzea instalazioak, uraren, argiaren, paperaren, zaborraren eta abarren erabilerari dagokionez.

–Instalazio publikoei buruz indarra duen legeria aplikagarria betetzea, tabakoari, alkoholdun edariei eta substantzia estupefazienteei dagokienean.

–Ezin izango da ez jan ez edan instalazioetan, salbu eta sukaldean, eta beste gela batzuetan, monitoreak egoki baderitzo.

–Lokalaren garbiketa eta materiala errespetatzea, erabili eta gero, beste pertsona batzuek erabiltzeko moduan gera dadin.

–Zerbitzu eta programen ordutegia errespetatzea.

–Gazteguneko langileek eman diezazkieketen jarraibideei kasu egitea.

VI. KAPITULUA

12. artikulua. Uzteko eta erabiltzeko irizpideak.

Sarrera librea da, ez da txartelik behar. NANa edo frogagiria aurkeztu beharko da, gelak eta materiala lagatzeko, baldin eta bertako udal langileek beharrezkotzat jotzen badute, kontrol-lanetarako eta Intxostiapuntaren funtzionamendu egokirako.

13. artikulua. Gelak lagatzeko lehentasunen baremoa, lehentasun handienetik txikienera ordenatuta ezartzen da:

–Kolektibo, entitate edo partikularrek instalazioak erabiltzeko baimenak beti egongo dira Udalaren Gazteria Sailak antolatzen dituen jardueren erabileraren menean.

–Talde feministak, neskentzako jarduerak edo jarduera mistoak antolatzen dituztenak, beharrezkotzat joz gero. Ekintza positiboko neurria, nesken protagonismoa eta autonomia sustatzekoa.

–Udal eskaintzaren barruko jarduerak egiten dituzten emakume taldeak, baldin eta jarduera 12-30 urte artekoentzat antolatzen bada.

–Udal eskaintzaren barruko jarduerak egiten dituzten taldeak, baldin eta jarduera 12-30 urte artekoentzat antolatzen bada.

–12-30 urte arteko talde edo kuadrillak.

–Altsasuko Udalarekin elkarlanerako hitzarmena duten banakakoak eta/edo kolektiboak, edota udal eskaintzaren barruko jarduerak egiten dituztenak.

–Salbuespenez, eta betiere Alkatetzaren edo Tokiko Gobernu Batzarren oniritzia izanda, irabazi-asmoa duten jarduerak.

14. artikulua. Gazteria Zerbitzuak bere txantiloi metodologikoa utziko die beren jardueretan neska-mutilen arteko aukera berdintasuna txertatzean interesa agertzen duten kolektibo, talde edo norbanakoei.

15. artikulua. Intxostiapunta erabiltzeko araubide ekonomikoa doakoa izango da, oro har, gazteentzat, salbu eta dagokion ordenantza fiskalean adierazi kasuetan.

16. artikulua. Adierazitako maila horietako bakoitza lagatzeko eta erabiltzeko irizpideak honelakoak izango dira:

A) 1. maila. Zerbitzu iraunkorrak: ez dira lagatzen ahal.

B) 2. maila. Erabilera anitzeko guneak eta erabilera berariazkoa duten guneak:

–Gelak monitoreek kudeatzen dituzte eta honako hauek dira:

  • Beheko solairua: guztiak, premia berezia duten pertsonei zuzendutakoak izan ezik.
  • Entsegu gelak (I. eta II.); biltegia; erabilera anitzeko gela eta tailerra.
  • Lehenengo solairua: guztiak, Gazte Informazio Gunea (teknikariaren bulegoa) izan ezik.
  • Biltegia; garbiketa gela; artxiboa; I. bulegoa; sukaldea.
  • I., II., III., IV. eta V. gelak.
  • Ordenagailuen gela.

–18 urtetik gorakoei gela hauek lagatzen ahalko zaizkie:

  • Beheko solairua: entsegu gelak (I. eta II.); erabilera anitzeko gela; tailerra.
  • Lehenengo solairua: informatika gela; V. gela; I. bulegoa; sukaldea.
  • Salbuespenez, I., II. eta IV. gelak, monitoreek egoki jotzen badute.

17. artikulua. Intxostiapunta erabiltzeko eskaerak bertako monitoreek tramitatuko dituzte. Horretarako, “gelak lagatzeko eskabidea” beteko da, eta araudia aplikatuko da eta tasak aurrez pagatuko dira, hala behar denean. Arau orokor gisa, Altsasuko irabazi-asmorik gabeko talde, elkarte edo pertsonek egindako eskaera guztiak onartuko dira; lehentasuna izango dute udalerritik kanpoko jendeak eskatutakoen aldean.

Eskaeraren ordutegia ez badator bat Intxostiapuntakoarekin, soilik adin nagusikoen kasuan, honelaxe jokatuko da:

–Monitorearekin egiten diren jarduerak: arduradunari giltza lagako zaio.

–Monitorerik gabeko talde jarduerak: taldeko bati giltza lagako zaio, Gazteria Zerbitzuan identifikatu eta gero, eta taldeko arduradun gisa hartuko da.

1.–Premia bereziak dituzten pertsonentzako gela:

–Gela hau premia bereziak dituzten gazteek erabiliko dute berariaz.

–Ez da premia bereziak dituzten pertsonen elkarteen egoitza gisa erabiliko.

–Gela erabiliko da Intxostiapuntako monitoreen ordutegiaren eta egutegiaren barnean.

–Giltza lagako zaio taldeko arduradunari, salbu eta Gazteria Zerbitzuaren ordutegitik kanpo egiten denean; halakoetan, zerbitzu horri aurrez jakinarazi beharko zaio.

–Beti egon beharko du arduradun bat, aurretik Gazteria Zerbitzuan erregistratu beharko duena.

2.–Sukaldea:

–Jaten eta edaten ahal den gela bakarra izango da.

–Adingabeek, Gazteria Zerbitzuak antolatutako jardueretan, zein beren kasa antolatutakoetan, sukaldea monitoreek lagundurik erabiliko dute. Gazteen ekimenak direnean, eta Intxostiapuntako monitoreek lagundu ezin dietenean bestelako ekintza batzuk gauzatzen ari direlako, 30 urte arteko adin nagusiko batek lagundurik erabiliko dituzte, taldeko arduradun izango dena.

–Sukaldea lagatzean, eskaera guztiei erantzunez betiere, baina tokirik ez badago edo aski ez bada edo guztientzako materialik ez badago, neskek izango dute erabiltzeko lehentasuna, ekintza positiboko neurri gisa.

–Tresna guztiak nahiz ekipamendua garbi-garbi eta ordenatuta utziko dira, beste pertsona batzuek ordutegi berean erabili ahal ditzaten.

–Ezin izango da gorde janaririk hozkailuan, ezta kanpotik ekarritako tresnarik ere. 24 orduren buruan aterako dira.

3.–IV. gela, entsegu gela, erabilera anitzeko gela eta ziberra:

–Entsegu gela eta haren modalitateak:

1. “Entsegu gelak” delakoetarako, Udalak herriko gazteei zerbitzu bat eskaintzen die, musika-praktika egin ahal dezaten eta hori sustatzeko asmoz.

2. Hiru gela-modalitate dago:

a) A modalitatea: ez du Gazteria Zerbitzuaren materialik edo instrumenturik, eta gunea nahiz beren materialak partekatzen dituzten zenbait talderi esleitzen zaie.

b) B modalitatea: Gazteria Zerbitzuaren materiala izan dezake, eta erabilera aurrez finkatutako ordutegien araberakoa da.

c) C modalitatea (A eta Bren artekoa): beren materialak zein Gazteria Zerbitzuarenak.

Edozein modalitatetan, Gazteria Zerbitzuan eskura den musika-materiala aldian behingo ekintzetarako lagako da, ez entsegu arruntetarako, eta Itxostiapuntaren barruan betiere. Material hori ezin izango da laga kanpoan erabiltzeko, salbu eta ezinbesteko egoeretan eta Alkatetzaren edo Tokiko Gobernu Batzarraren baimen idatzia izanda. Edonola ere, arlo horretako adituei, eta behar bezala kreditatuei, baizik ez zaie lagako edo alokatuko, eskatzen den ekintzarako fidantza ordaindu eta gero.

–Erabiltzaileak. Betebeharrak:

1. Entsegu lokala eskatzen ahalko dute pertsona fisiko edo juridiko pribatuek, edozein musika-jarduera gauzatzeko, hartarako gune bat behar badute. Entsegu lokala eskatzen ahalko dute halaber, nortasun juridikorik gabeko pertsona fisikoen edo juridiko pribatuen taldeek.

2. Entsegu lokala eskatzeko, honako baldintza hauek bete behar dira:

a) Udalaren Gazteria Zerbitzuak Intxostiapuntako monitoreen bidez kudeatzen duen musika-taldeen erregistroan behar bezala inskribatuta egotea.

b) Taldekideen erdiak, gutxienez, Altsasun erroldatuta egotea.

c) Taldekideen erdiek, gutxienez, 12-30 urte izatea.

d) Musikari profesionala ez izatea, eta ulertuko da hala dela kontratu diskografikoa daukana.

e) Lehentasuna izango dute, hurrenkera honetan: neskez osatutako taldeek, talde mistoek eta 25 urtetik beherako mutilez osatuek.

f) Erabileran eta ordutegian lehentasuna izango dute, hurrenkera honetan: Gazteria Zerbitzuaren jarduerari laguntzen dieten taldeek, udalaren beste sail batzuekin lan egiten duten taldeek.

g) Entseguak hilabete osoan egiten dituzten taldeek izango dute lehentasuna, egun eta ordu zehatzetan egiteko eskatzen dituztenen aldean.

h) Eskaera bakarra onartzen da pertsona eta/edo talde bakoitzeko.

–Edukiera:

1. Erabileraren ohiko kopurua musika-talde bat da; 4-5 pertsonatako taldea.

2. Behar baino musika-material gehiago ez pilatzeko, eta behar bezala funtzionatzeko, A modalitatean bi talde baizik ez dira onartuko. Salbuespen kasuetan baino ez da onartuko hiru talde aritzea.

–Ordutegia: zerbitzuak duen berbera.

–Erabiltzeko eskabidea:

1. Gazteria Zerbitzuaren eskabidea beteko da, eta monitoreei emango zaie, honako dokumentazio honekin batera:

a) Taldeen edo bakarlarien inskripzioa, osorik eta gaurkotua, Gazteriaren udal erregistroan.

b) Entsegu lokaletan utziko den materialaren zerrenda (A modalitatean baino ez).

c) 14 urtetik beherakoek aitaren/amaren edo tutorearen baimena aurkeztu beharko dute.

2. Eskaera egiteak ez dakar, inola ere, entsegu lokal bat erabiltzeko erreserba egiteko eskubidea. Eskubide hori lokalak erabiltzeko aukeraren eta gerta litezkeen bestelako egoeren menean erabiliko da.

3. Entsegu gela bat erabiltzeko esleipenak gelaren funtzionamendu arauak betetzea dakar.

4. A modalitateari dagokionez: talde bat onartzeko, ezinbestekoa da bai taldeak bai gela partekatzen duten talde guztiek eramatea beren musika-jarduerarako behar duten guztia. Ekipamendu hori inbentariatuko da lokaletan sartzerakoan bete behar den materialen fitxan.

5. Esleipena hiru hilabeterako edo urtebeterako izan daiteke; eta berritzeko aukera egongo da, baina ez zaie lehentasuna emango talde berrien aurretik lehenago erabili duten taldeei.

6. Gela erabiltzeko baimena izanda, eskaera egin duen pertsonak edo taldeak ekipamendua maiztasunez erabili beharko du, eta lokalaren esleipena eta ordutegi horretan uzteko kontzesioa bertan behera gera daitezke ez bada hilabetean gutxienez ere 10 orduz erabiltzen.

7. Eskaera, taldean eginez gero, taldekide bat arduradun gisa inskribatuko da, materialen lagatzeari begira.

–Erabiltzaileen betebeharrak:

a) Lokala txukun edukitzea, beste taldeek erabil dezaten eta garbitzeko lanak errazagoak izan daitezen.

b) Musika-jarduera etetea gutxienez ere itxi baino 10 minutu lehenago.

c) Lokalen barneko ateak itxita egongo dira entseguak irauten duen bitartean. Ekipamenduak desentxufatuta uztea entsegua amaitzean; pertsianak jaistea; argiak itzaltzea eta termostatoa jaistea.

d) Musika-taldearen materiala ateratzea lokalak irekita daudenean. Lokala ez da irekiko taldearen materiala ordutegi horretatik kanpo ateratzeko.

e) Kasua bada, alarmak behar bezala erabiltzea eta pasahitzak isilpean gordetzea.

–Arauak, gomendioak eta debekuak:

a) Debeku da erretzea, jatea, substantzia estupefazienteak kontsumitzea eta alkoholdun edariak hartzea entsegu lokaletan.

b) Debeku da taldekidea ez den inor sartzea, sartzeko baimenik ez badu. Talde bakoitzak bisita bat izan dezake; horretarako, monitoreei eman beharko zaie horren berri. Taldekideen altak eta bajak idatziz jakinarazi beharko zaizkie Intxostiapuntako monitoreei.

c) Erabiltzaileek Intxostiapuntan erregistratu beharko dute, lokalean sartzean eta handik irtetean, izena, taldea eta entsegu gela adierazita. Hala, jasota geratuko da zer ordutan sartu eta irten diren, eta zer material eramaten eta ateratzen den, gaizkiulerturik eta galerarik gerta ez dadin.

d) Talde bakoitzak musika-tresna kopuru zehatza utzi beharko du, beste talde batzuek ere beren materiala utzi ahal izateko. Ezarritakoari jarraikiz, talde bakoitzak musika-tresna bat utz dezake taldekide bakoitzeko, izan hura bateria, anplifikadorea edo teklatua. Ezin izango dira utzi ez gitarrak, ez baterietako txindatak, ez material bikoiztua (adibidez, bi anplifikadore, etab.), ez eta informatikako materiala ere.

e) Taldeek ezin dute entseguaren ordua aldatu, beharrezko baimena eduki ezean. Ordutegi hori Gazteriako monitoreek baimenduko dute, eta lokalen iragarki oholean paratuko ikusgai. Halaber, denbora luzean ez joateko asmoaren berri emango da.

f) Berariaz debeku da beste taldeen ekipamenduak eta materialak erabiltzea.

g) Intxostiapuntako monitoreek entsegu gela aldatzen ahalko diote talde bati, guneak berrantolatu behar badira eta guztien onerako bada.

h) Lokalak edo ekipamenduak hondatuz gero, monitoreei jakinaraziko zaie, egoki deritzoten neurriak har ditzaten.

i) Talde bakoitzak bere instrumentuak eta osagarriak jasoko ditu (A modalitatean) edo eramango ditu (B modalitatean) entseatu ondoren, eta lokala geratuko da beste talde batek erabiltzeko moduan edo garbitua izateko moduan.

j) Talde baten funtsezko osaera jatorrizkoaren %50 baino gehiago aldatzen bada, ezin izango du instalazioak erabiltzen jarraitu; haiek erabiltzeko eskatu beharko du berriro, eta itxaron zerrendara pasako da, halakorik bada.

  • Eskuragarri dauden materialak ezin izango dira Intxostiapuntatik atera. Alkatetzaren, Tokiko Gobernu Batzarraren edo Batzordearen Lehendakaritzaren baimenarekin lagatu ahalko dira, baldin eta izaera urgentea, puntuala edo berezia badu, eta behar bezala betetako eskaera idatzia aurkezten bada.
  • Udalak idatziz baieztatuko dio eskatzaileari eskaera onartua izan eta erabiltzea esleitu zaiola.

ZIBERRA:

  • Ordenagailuak: erabilera doakoa da eta lehentasuna emango zaie “Intxostiapunta” txartela dutenei. Erabilera-denbora mugatua izango da (30 minutu): txanda mistoetan banatuko da, neskak lehenak izango dira (neskak, mutilak, neskak), ekintza positiboko neurri gisa.
  • Intxostiapuntako monitoreak arduratuko dira erabileraren erregistroaz.
  • Debeku da eduki homofoboa, belikoa, xenofoboa edo matxista duten jolasekin aritzea.
  • Altsasuko Udalak ez du erantzukizunik hartzen instalazioetan utzitako objektuen galeren edo lapurreten gainean, ez eta obrak, instrumentuak eta barrutiko edozein motatako materiala guztiz edo hein batean hondatzea ekar lezaketen istripu, lapurreta, sute eta abarren ondorioz sor daitezkeen hondaketen gainean ere.

4.–Gazte-txoko Zerbitzurako gelak (lehengo solairua):

–12tik 18 urtera bitarteko gazteei zuzendua.

–Pertsonako 5 euroko kuota bakarra pagatuko da, modu boluntarioan. Kuota boluntario horrek balioko du material garestiak eta, beren ezaugarriak direla eta, aldi berean pertsona gutxik erabiltzeko modukoak direnak erabiltzeko lehentasuna izateko (kontsolak, ordenagailuak, mahai-futbola eta antzekoak).

–Kuota ordaindu duten pertsonek txartela jasoko dute; hartan adieraziko dira izen-abizenak, telefonoa, sexua, posta eta jaioteguna. Datuok ematea boluntarioa da, eta barneko kontuetarako baino ez dira erabiliko.

–Jolas guztiak lagako dira, Zerbitzurako beharrezkoak ez badira; txartela aurkeztu beharko da udal langileek egoki jotzen dutenean.

–Erabilera-denbora mugatua izango da (20-30 minutu): play-a, ordenagailuak, mahai-futbola, ping-ponga, etab.; txanda mistoetan banatuko da, neskak lehenak izango dira (neskak, mutilak, neskak).

–Monitoreek Gazte-txoko Zerbitzuko erabiltzaileekin adostuko dute bertan jaterik izango den, bai eta gelaren baten ordutegia ere, baldin eta jarduerak gauzatzeko oztopo ez bada eta dena garbi uzten badute.

–Ez dira onartuko jokabide sexistak, homofoboak, xenofoboak.

–Erabiltzaileek ez dute irabazi-asmorik izango.

18. artikulua. Honako baldintza hauek ezartzen dira guneak lagatzeko eta materiala maileguan uzteko:

–Instalazioak erabiltzeko eta materiala maileguan uzteko eskabideak hogei egun lehenago aurkeztu beharko dira gutxienez, eta Gaztegunean dauden inprimakiak erabiliko dira horretarako.

–Lagatzeak eta alokatzeak erabaki idatzien bidez gauzatuko dira.

–Fidantzak zein tasak aurrez pagatuko dira, Udalak horretarako duen kontuan; edo eskudirutan, Gaztegunean, eta monitoreei emango zaie ordainagiria.

–Erabiltzaileen kontura izango dira:

  • Tasaren, kontribuzioaren edo zergaren ordainketa; egiletza-eskubideak, baimen administratiboak, hala dagokionean.
  • Jarduera gauzatzeko behar diren materialak muntatu eta kentzea, Udalak haien antolaketaz arduratu behar duenean; dena dela, udal langileen oharrei kasu egingo zaie beti.

–Jarduera burutzean, entitate antolatzaileak begiratuko du instalazioak erabiltzeko moduan gelditzen ote diren, hots, jarduera hasi aitzinetik zeuden egoera berean.

–Erregelamendu honetan aurreikusten ez diren kasuen ebazpena ematea, bai eta zalantza sor lezaketen artikuluen azken interpretazioa ere, Udalari dagokio, Alkatetzaren bidez, urgentea bada, edo Tokiko Gobernu Batzarraren bidez, txosten teknikoa egingo baitu, aurrez Gazteria Batzordetik pasa beharrik izan gabe.

19. artikulua. Publizitatea.

–Instalazioetan ezin izango da egin ez publizitaterik ez propagandarik, oro har, salbu eta Alkatetzak edo Tokiko Gobernu Batzarrak espresuki baimentzen dutenean.

–Intxostiapuntan egiten diren jarduera guztiek eramango dute Udalaren logoa –edo Gazteria Sailarena–, Nafarroako Gobernuarena –diru-laguntza jaso badute–, eta entitate laguntzaileena.

VII. KAPITULUA

20. artikulua. Zehapenak.

Xedapen orokorrak, erantzukizunak, arau-hausteak eta zehapenak.

–Intxostiapuntako monitoreek berehalako neurriak hartu ahalko dituzte, baita erabiltzaileak kanporatu ere, araudia betetzen ez den kasuetan.

–Berehalakoak ez diren zehapenak xedatzea, udal organo eskudunari egokituko zaio; horrek zehaztuko du zer neurri edo zehapen mota ezarriko duen.

–Neurri edo zehapen guztiak berreziketaren balio eta printzipioekin bat hartuko dira.

–Uneoro sustatuko da elkarrizketa bidezko konponbidea gazteekin, elkarbizitzak sortzen dituen arazoei aurre egiteko funtsezko neurri nagusi gisa.

–Azkenik, eta salbuespenez, eta aurreko paragrafoan adierazi bezala konpondu ezin izan diren larrialdi bereziko egitateen kasuan, familiari abisatuko zaio, eta organo eskudunak egoki baderitzo, diru-zehapenak edo zigorren bat dakartenak ezarriko dira. Halaber, zehapen guztiak berreziketa printzipioarekin bat etortzeko ahalegina egingo da.

–Zehapenak jartzeko, administrazio publikoek zehapen ahalmena erabiltzeko darabilten legezko eta arauzko prozedurari jarraituko zaio.

21. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteak, eginak nahiz ez eginak izan, oso larritzat, larritzat edo arintzat joko dira.

22. artikulua. Arau-hauste oso larriak.

Oso larriak dira honako hauek eragiten dituzten arau-hausteak:

–Pertsonei edo Gazteguneko langileei behin eta berriro errespetua galtzea eta mehatxuak eta/edo eraso fisikoak egitea.

–Instalazioen funtzionamendu egokia nahastea instalazioetako beste erabiltzaile batzuen edo arduradunen kontra gatazka, eraso fisiko edo hitzezkoak eginez.

–Instalazioak edo materiala ebastea, lapurtzea edo hondatzea, Zerbitzuari kalte larria eginez, eta berdin erabiltzaileen gauzak.

–Droga saltzea instalazioen barrenean.

–Ezarritako ordutegitik kanpo instalazioetan sartzea.

–Falta larriak behin eta berriz egitea.

23. artikulua. Arau-hauste larriak.

Honako hauek dira arau-hauste larriak:

–Gaztegunearen barrenean erretzea, baita alkohola eta edozein substantzia estupefaziente hartzea ere.

–Instalazioen ardura duten langileen esanei kasurik ez egitea, baita langile arduradunak iraintzea edo haiei errespetua galtzea ere.

–Instalazioak edo materialak hondatzea, funtzionamenduari kalte larririk egin gabe.

–Zentroan mozkor itxura nabarmenean edo drogaren batek jota sartzea.

–Hiru falta arin egitea egun berean.

24. artikulua. Arau-hauste arinak.

Honako hauek dira arau-hauste arinak:

–Gazteguneko erabiltzaileei edo profesionalei noizean behin errespetua galtzea. Arau orokor gisa, pertsonei errespetua galdutako kasuetan, hitz egitea bilatuko da zehapena jarri aurretik, baldin eta ukitutakoak prest badaude.

–Udalaren materialean edo altzarietan kaltea egiten duten edo egin dezaketen eta beste pertsonak eragotz dezaketen ekintza edo portaera desegokiak.

–Instalazioetan sartzea edozein animalia, baimenik gabe.

–Instalazioko funtzionamendu orduak ez errespetatzea.

–Ordenantza honetan ezarritakoari kontra egin diezaiokeen beste edozein jarduketa, larritzat edo oso larritzat hartzen ez bada.

25. artikulua. Zehapenak.

–Arau-hauste arinak honela zehatuko dira:

  • 750 euro bitarteko isuna.
  • Aldi baterako kanporatzea; hilabeterako, gehienez ere.

–Arau-hauste larriak honela zehatuko dira:

  • 751 - 1.500 euroko isuna.
  • Aldi baterako kanporatzea, hilabete batetik eta bi urtera arte gehienez.

–Arau-hauste oso larriei zehapen hauek jar dakizkieke:

  • 1.501 - 3.000 euroko isuna.
  • Instalazioetan urtebetean sartzea debekatzea; debeku hori behin betiko bilaka daiteke.

26. artikulua. Erantzuleak.

–Ordenantza honen aurkako arau-hausteen erantzule izango dira haiek zuzenean egin dituzten pertsonak.

–Oro har, kalteen erantzule solidarioak izango dira pertsona fisiko edo juridiko pribatuak, baldin eta legezko betebeharra badute beste batzuek egin ditzaketen administrazioko arau-hausteei aurre hartzeko.

–Erantzulea adingabea bada, familiak, tutoreak edo legezko zaintza duten pertsonek erantzungo dute haren ordez.

–Arau-haustea dakarten jarduketak hainbat pertsonek gauzatzen dituztenean, guztiak izango dira erantzule.

27. artikulua. Zehapenen mailakatzea.

Aurreko artikuluen arabera sailkatu ondoren, ezarri beharreko zehapena mailakatzeko, honako inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

–Urtebetean larritasun handiagoko arau-hauste bat edo larritasun bereko edo txikiagoko bi arau-hauste egitea, ebazpen irmoak horrela adierazten duenean.

–Intentzionalitatea eta parte-hartze maila.

–Zerbitzuaren nahastea.

–Gertaerek gizartean duten garrantzia edo oihartzuna.

–Zer kalte egin den eta haien larritasuna.

–Egindako kaltea prozedura ireki baino lehen konpontzea.

28. artikulua. Itundutako amaiera.

–Artikuluan esaten denari jarraikiz, neurriak edo zehapenak berreziketaren balio eta printzipioekin bat etorriko dira eta heziketaren, prebentzioaren eta formakuntzaren gaineko neurriak sustatuko dira, ekonomiko edo hertsatzaile hutsak direnen aurretik. Horregatik, bidezko zehapen ebazpena eman aurretik, Gaztegunerako eta/edo komunitaterako zeregin edo lanak egiteko aukera eskain liezaioke Udalak espedientatuari ezar litekeen isun osoaren nahiz zati baten ordez; zein den arau-haustearen larritasuna, haren araberako eta proportzioko zeregina izango litzateke.

–Espedientatuak zer lan egiteko prest dagoen eskainiko dio Udalari. Ahal dela, Gaztegunearen eta/edo komunitatearen onerako lan borondatezkoak izango dira, gizalegezko jokabideak sortu edo antzeko ekintzen ondoriozko kalteak konpontzen dituztenak. Ardura duen udal sailak kontrolatu eta bermatuko du betetzen direla.

–Espedientatuak eskaera egin ondoan, prozedura ebazteko epea eten egingo da, eta Udalak arau-hausleari egin beharreko zerbitzuaren baldintzak jakinaraziko dizkio, behar izatera.

–Udalak prozedura amaitzeko, egin beharreko zerbitzua zehaztuko du ebazpenaren ekitaldian, baita isunaren zenbatekoa ere, zehapena zerbitzuarekin osorik ordezten ez denean.

–Kasu bakoitzeko inguruabarrak ikusita, Udalak badaezpadako neurriak hartzen ahal ditu, zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen dela bermatzeko.

–Espedientatuak zerbitzuaren baldintzak onartu ondotik, zehapen prozedura amaitutzat joko da, Administrazio Prozedurari buruzko Legean ezarritakoaren arabera.

–Zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen ez bada, isuna ezarriko da, prozedura laburtuaren bidez erabakita. Hori zehazteko, hurrengo irizpideak hartuko dira kontuan:

–Hasierako arau-haustearen larritasun bera izanen du arau-hausteak.

–Zehapena graduatzeko, berariazko astungarria izanen da Udalaren eta arau-hauslearen artean itundutako zerbitzua ez betetzea.

–Entitate antolatzaile guztiek beren gain hartuko dituzte eskatzen ahal zaizkien erantzukizun zibil, penal eta administratiboak, eta berdin lan nahiz zerga arlokoak, edo edozein moldetakoak, eta beren esku geldituko dira oso-osorik beren erantzukizun horien ondoriozko kalte eta galeren ordainak, Udala horietatik arrunt salbu geldituko baita.

–Entitate antolatzailea behartua dago agintaritzari eta erakunde eskudunei beharrezko diren baimen guztiak eskatzera, egin nahi duen jarduerarako.

–Udalak ez du inongo erantzukizunik izango jendeak egiten dituen gauzengatik, entitate antolatzailearena baita, oso-osorik, erantzukizun hori.

–Entitate antolatzaileek beren gain hartuko dute instalazioak behar bezala ez erabiltzeagatik egiten diren hondamen edo kalteak konpondu edo ordaintzeko ardura, edozein izanagatik haien arrazoia edo zergatia. Horretarako, Udalak aurkeztuko dio likidazioa, non ez den bera zuzenean egin behar diren konponketen kargu egiten, Udalak hautatzen duen udal teknikariaren zuzendaritzapean, eta horren adostasunarekin.

29. artikulua. Kalte-galerengatik ordaindu beharrekoa aurreko artikuluetan xedatua betez ezar daitezkeen zehapenetatik aparte izango da.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

1. Ordenantza hau osorik edo zati batean aldatzeko, Gazteria Batzordeari dei egin beharko zaio, eta deialdian adierazi, aldaketa egin nahi dela; aldaketa egin ahal izateko, deialdira azaldutakoen bi herenen aldeko txostena beharko da.

2. Ordenantza honetan aurreikusten ez diren kasuak, Tokiko Gobernu Batzarrak ebatziko ditu, edo Alkatetzak, gai urgenteak badira.

Iragarkiaren kodea: L1703615