93. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

15E/2017 FORU AGINDUA, apirilaren 26koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, enpresei eta profesionalei arte eszenikoen ekoizpenetarako diru-laguntzak emateko 2017ko deialdia onesten duena (ARTEM PRO).

Kultur Ekintza Zerbitzuak egindako txostenean proposatu du enpresei eta profesionalei arte eszenikoen eta musikaren arloko ekoizpenetarako diru-laguntzak emateko 2017ko deialdia (ARTEM PRO) eta bere oinarri arautzaileak onestea, 125.000 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta kontuan harturik betetzen direla hala helburua nola gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen betebeharrak eta baldintzak, eta ikusirik kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela espedientean.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz.

AGINDU DUT:

1. Enpresei eta profesionalei arte eszenikoen ekoizpenetarako diru-laguntzak emateko deialdia onestea (ARTEM PRO).

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak, onestea.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2510-4709-334100: Enpresa eta profesionalentzako laguntzak arte eszenikoen ekoizpenetarako

2017

125.000,00

4. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2017ko apirilaren 26an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

ENPRESEI ETA PROFESIONALEI ARTE ESZENIKOEN EKOIZPENETARAKO DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO 2017KO DEIALDIKO OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Diru-laguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Deialdi honen xedea da arte eszenikoetako eta musikako zuzeneko ikuskizunak ekoizteko proiektuetarako laguntzak arautzea, kalitatezko arte eskaintza bat, askotarikoa, berritzailea eta herritar guztientzako interesgarria, sustatzeko asmoz. Laguntzapeko proiektuak 2017. urtean Nafarroan ekoitziak eta/edo estreinatuak izan beharko dira, eta Nafarroako Foru Komunitateko enpresek eta profesionalek eginak.

1.2. Ekoizpenaren jardueran obra sortzea eta estreinaldia sartuko dira.

1.3. Diru-laguntzaren xedeko proiektuak 2017ko azaroaren 15a baino lehen estreinatu beharko dira.

1.4. Enpresa edo profesional bakoitzak proiektu bakar bat aurkez dezake.

2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Laguntza hauen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatutako betebehar orokorrak.

2.2. Izan daitezke:

a) Pertsona fisikoak.

b) Ondasun-erkidegoak.

c) Nortasun juridikorik gabeko beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate.

d) Merkataritza sozietateak.

e) Nortasun juridikoa duten eta merkataritza sozietateen forma juridikorik hartzen ez duten sozietate zibilak.

2.3. Kanpoan gelditzen dira, espresuki:

a) Toki entitateak, beren erakunde autonomoak eta nagusiki Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateen partaidetza duten enpresa publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

b) Nafarroako Gobernuaren 2017ko aurrekontuetan partida izenduna duten entitateak.

c) Arte ikasketen ikastetxeak, musikako, dantzako eta beste arte arlo batzuetako eskolak eta/edo akademiak.

d) Irabazi-asmorik gabeko entitateak, sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, lanbide elkargoak eta elkarte profesionalak.

2.4. Forma juridikoa edozein izanik ere, jarduera eta jaioterria edo helbidea Nafarroako Foru Komunitatean behar duten izan, gutxienez 2016ko urtarrilaren 1etik.

3. Aurrekontu egozpena eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

3.1. Laguntza hauek (125.000 euro gehienez) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2017ko gastuen aurrekontuaren kargura finantzatuko dira.

3.2. Proiektu bakoitzerako laguntza ezin da izan, inola ere, onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa (aurrekontu onartua honela kalkulatuko da: eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuari diruz laguntzeko modukoak ez diren gastuei dagozkien diru kopuruak kenduta, deialdi honen 6. oinarriarekin bat).

Diruz lagundutako proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa 25.000 eurokoa izanen da, gehienez ere.

3.3. Onuradunen batek laguntzari uko egiten badio edo, edozein arrazoirengatik, hasiera batean emandako diru kopuruak askatzen badira, diru-laguntza osagarri bat ematen ahalko zaie 8. oinarrian adierazitako gutxieneko puntuazioa lortzen duten proiektuei, lortutako puntuazioaren arabera. Horrelakoetan, 7.3 oinarriko 5. puntuan ezarritako hainbanaketa eginen da, betiere 3. oinarrian ezarritako diru-muga gainditu gabe. Hau da, jasotzen diren diru kopuruen batura ezin da izan 3.2 oinarrian ezarritako zenbatekoa baino handiagoa, ez eta 3.2 oinarrian ezarritako gehieneko ehunekoa baino handiagoa ere.

3.4. Proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran azaltzen dena baino txikiagoa denean, onuradunari eskatuko zaio eskaera alda dezala, konpromisoak eta baldintzak ematen ahal zaion diru-laguntzara egokitzeko.

Nolanahi ere, eskaera berregitean diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.

Irizpide hauei jarraikiz eginen da doikuntza hori:

a) Ezin izanen da murriztu enpresaren edo profesionalaren baliabide propioen bidez (hau da, diruz laguntzeko moduko jarduerak berak sortzen ez dituenak) eta diru-laguntzaren xedeko jardueraren berariazko baliabideen bidez (artisten sariak, sarreren salmenta,...) finantzatuko den zenbatekoa, hasierako aurrekontuan sartutakoa.

b) Eskaera berregin ondoren banatzen diren azkeneko diru-laguntzak finkatzean, deialdian ezarritako gehieneko ehunekoak errespetatu beharko dira.

Berregindako proiektuek Ebaluazio Batzordearen adostasuna beharko dute, laguntza ematea proposatu aurretik.

4. Diruz laguntzeko moduko proiektuak.

4.1. Enpresa edo profesional bakoitzak proiektu bakarra aurkezten ahalko du. Horren ondorioetarako, proiektutzat hartuko da arte eszenikoetako eta musikako zuzeneko ikuskizun bat estreinatu arte egiten diren ekoizpen jardueren multzoa.

4.2. Proiektuetan honako hauek jasoko dira:

–Izena.

–Garatu beharreko jardueren deskribapen zehatza, proiektuaren helburuak, horiek lortzeko eginen diren ekintzak eta deialdi honetan baloratuko diren gainerako alderdiak.

–Zabalkunde plana:

Atal honetan proiektuaren sustapena, komunikazioa eta publizitatea egiteko jarduerak sartuko dira.

–Proiektu osoaren aurrekontu xehakatua. Proiektuaren aurrekontu osoa aurkeztu beharko da, eta bertan argi geldituko da enpresak edo profesionalak proiektuari aurre egiteko dituen baliabide ekonomikoak (diru-sarrerak eta gastuak), giza baliabideak (bazkideak, kontratatzen diren langileak) eta baliabide materialak (azpiegiturak) koherenteak direla.

4.3. Aurrekontuaren deskribapena III. eranskineko ereduarekin bat etorriko da.

5. Eskaeren aurkezpena eta dokumentazioa.

5.1. Laguntza eskaerak aurkeztuko dira oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduarekin bat, bertan aipatzen diren agiriak nahitaez erantsita.

5.2. Eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan aurkezten ahalko dira, baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan eta Erregistro Orokor Elektronikoan ere. Eskaerak erregistro elektronikoaren bidez tramitatzeko sinadura elektronikoa beharko da.

Postetxean aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehen orrialdearen idazpuruan agerrarazteko bulegoaren izena, harrera data eta tokia. Argibide horiek eskaera aurkeztu dela frogatzen duen gordekinean ere agertu beharko dira.

Aurkezpena Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez egiten denean izan ezik, eskabidearekin batera aurkezten den dokumentazioa paperean eta euskarri digitalean aurkeztu beharko da, tramitazioa eta balorazioa errazte aldera.

5.3. Eskabidearekin batera (I. eranskina), agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Profesionala edo enpresa den kontuan hartuta, agiri hauetako bat:

1) Pertsona fisikoen kasuan: lanbide jarduera horretan 2016ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik aritzen dela frogatzeko agiria (EJZko erregistroa: Ekonomia-jardueren gaineko Zergaren Tarifak eta Jarraibidea onesten dituen maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legearen sekzio hauetan: lehen sekzioa (enpresa jarduerak), 96. multzoa, 965. eta 983. taldeak, eta 99. multzoa; bigarren sekzioan (jarduera profesionalak), 85. multzoa, 853. taldea; hirugarren sekzioan (arte jarduerak), 01, 02 eta 03 multzoak.

2) Merkataritza sozietateen forma juridikorik hartzen ez duten eta nortasun juridikoa duten sozietate zibilak izanez gero: sozietatearen kontratuaren kopia eta identifikazio fiskalaren kodearena.

3) Merkataritza sozietateen kasuan: eraketaren edo, hala denean, eskrituraren kopia; estatutuena, Merkataritza Erregistroan egindako inskripzioarena eta identifikazio fiskalaren kodearena.

b) Proiektuaren azalpen txostena, II. eranskineko ereduaren araberakoa. Proiektuaren deskribapena gehienez ere 30 foliotan egin beharko da, eta, horietatik, zabalkunde planaren deskribapena DIN A4 neurriko 6 orritan eginen da gehienez ere, alde batetik idatzirik, gutxienez ere 11 puntuko letra mota arruntarekin.

c) Proiektuaren datu ekonomikoak III. eranskinean jakinarazi beharko dira, eta nahitaezko baldintza da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

5.4. Aurreko deialdietan parte hartu duten eskatzaileek ez dituzte aurreko puntuko a.1, a.2 eta a.3 ataletan aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non ez den agiri horietan aldaketaren bat izan.

5.5. Eskabide ereduak, deskripzio-memoria eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

5.6. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.7. Diru-laguntzarako eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1. artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio, posta elektronikoaren bidez, hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

5.8. Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

6. Diruz laguntzeko moduko gastuak.

6.1. Deialdi honen ondorioetarako, diruz laguntzeko moduko gastuak dira diruz lagundutako jardueraren ezaugarriekin bat datozenak eta oinarri hauetan ezarritako epean egiten direnak.

Diruz laguntzeko moduko gastuetan, erosketa-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Entitateak proiektua garatzean egiten dituen gastu hauek kontuan hartuko dira:

a) Zuzeneko kostuak:

–Proiektuan aurreikusitako ekintzak gauzatzeko beharrezkoak diren langileen eta artisten lansarien eta gizarte segurantzaren kostuak.

–Talde tekniko eta artistikoko kideen ostatu gastuak, dietak eta bidaia gastuak, bai eta emanaldia egiteko beharrezkoak diren garraio gastuak ere, kopuru hauek gainditu gabe:

  • Ostatua eta dietak: Nafarroako Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartutako eta 2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 17an, argitaratutako Erabakian jasotako baldintzetara mugatuko dira gastuak.

Deialdi honen ondorioetarako, dieten gastutzat hartuko dira otordu nagusiei dagozkienak soilik (bazkaria eta afaria).

  • Bidaiak: autoa erabiliz gero, zero koma hogeita hamar (0,30) euro km bakoitzeko, gehi autobideko (bidesariak) eta aparkalekuetako gastuak. Ibilgailua alokatua denean, alokairuaren kostua, erregaia, autobideko gastuak (bidesariak) eta aparkalekua.
  • Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere klase turistako txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da. Bidaietako gastuak lotuta badaude emanaldi bat baino gehiago dituen bira batekin, talde artistikoak edo artistak joan-etorri bakarra sar dezake kontzeptu horretan.
  • Emanaldia egiteko beharrezkoak diren garraioak: autoa erabiliz gero, zero koma hogeita hamar (0,30) euro km bakoitzeko, gehi autobideko (bidesariak) eta aparkalekuetako gastuak. Furgoneta edo zamarako beste ibilgailuren bat erabiliz gero, zero koma berrogei (0,40) euro km bakoitzeko, gehi autobideko eta aparkalekuetako gastuak.

Ibilgailua alokatua denean, alokairuaren kostu, erregaia, autobideko gastuak (bidesariak) eta aparkalekua.

Kilometro kopurua kalkulatzeko, abiapuntua egoitza soziala edo pertsona fisikoaren helbidea izanen da.

  • Kanpoko baliabideak kontratatzearen ondorioz sortutako gastuak, hala nola, agertokien eta entseguetarako lokalen alokairuak (3 hilabete gehienez), ekipo eta bitarteko materialen alokairuak, talde artistikoaren ordainsariak, eszenografia, jantziak eta material kontsumigarri oro, eta beste batzuk, ekoizpenera eta estreinaldira bideratuak.
  • Proiektuan sartutako jardueren zabalkunderako eta merkaturatzeko gastuak, gehienez ere %15.

Diru-laguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosiz gero, diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko da haien amortizazioa, proiektuari egozten ahal zaion proportzioan, kontabilitateko irizpide orokorren arabera (282/1997 Foru Dekretua).

b) Zeharkako kostuak:

Zeharkako kostuen barrenean daude bai gastu orokorrak, onuradunak egiten dituen jardueretako batzuei egozten ahal zaizkienak, bai gastu finkoak, jarduera zehatz bati egotzi ezin zaizkionak baina beharrezkoak direnak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko. Diruz lagundutako proiektua egiteko beharrezkoak diren finantza gastuek diru-laguntza jasotzen ahalko dute, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.

Proiektu bakoitzean diruz laguntzeko moduko zeharkako kostuek proiektuaren aurrekontuan sartuta egon beharko dute, eta ez dira proiektuaren kostu osoaren %15etik gorakoak izanen.

6.2. Gastu hauek ez dira diruz laguntzeko modukoak izanen:

a) Ondasun higigarrien eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak.

Azken kasu horretan, salbuetsita dago 6.1 puntuan ezarri dena diru-laguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosteari buruz.

b) Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

c) Balio erantsiaren gaineko zerga, baita antzeko beste zerga batzuk ere, entitateak berreskura ditzaketenak.

d) Entitateko langileen ordainsariak, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 3 baino gehiago badira.

e) Laguntzaren eskatzaileak berak egindako lanen gastuen fakturak ez dira onartuko, Fakturazio betebeharrak arautzeko Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren 27. artikuluan ezarritakoa betez.

6.3. Elkarlanean ekoitzitako proiektuetarako eskaeretan honako hauek jaso beharko dira berariaz:

6.3.1. Deialdi honetako 2. oinarrian ezarritako baldintza guztiak betetzen dituzten bazkideek osatutako enpresek eta/edo profesionalek elkarrekin aurkeztutako ekoizpen proiektuak:

Kasu horretan, berariaz adieraziko dira, hala laguntzaren eskabidean nola laguntza emateko ebazpenean, elkarteko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, baita haietako bakoitzak aplikatuko duen diru-laguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Nolanahi ere, elkartearen ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu behar da eta aski ahalmen eman behar zaio elkarteak onuradun gisa dituen betebeharrak bete ditzan. Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legean ezarritako preskripzio epea bukatu arte elkartea ezin da desegin.

Diru-laguntzaren onuradun guztiek egiaz egiten eta justifikatzen dituzten gastuak izanen dira diruz laguntzeko modukoak.

6.3.2. Eskatzailearekin batera, deialdi honetako 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten enpresak partaide diren ekoizpen proiektuak:

Kasu honetan, enpresa edo profesional batek baino gehiagok ekarpenak egiten badituzte proiektu bakar bat egiteko, eskatzaileak honako hauek adierazi beharko ditu berariaz:

a) Ekoizpenerako lankide bakoitzak bere gain hartzen dituen exekuzio konpromisoak, alderdien arteko hitzarmen baten edo kontratu baten bidez.

b) Proiektuaren zenbateko osoa.

c) Ekoizle bakoitzak proiekturako egindako ekarpenaren zenbatekoa eta bakoitzak bere gain hartzen dituen gastuak.

d) Diru-laguntzaren onuradunak egiaz egiten eta justifikatzen dituen gastuak baizik ez dira izanen diruz laguntzeko modukoak.

Kasu guztietan, eskatzaileak frogatu beharko du diruz lagundutako gastu guztia, eta, orobat, proiektua oso-osorik gauzatu dela.

Informazio hori guztia eskaerari eransten zaion memorian xehakatu beharko da.

7. Tramitazioa eta ebaluazioa.

7.1. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak tramitatuko ditu eskaerak, norgehiagokako araubidean.

7.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak izendatutako ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Batzorde horren osatzaileen izenak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, eta honako hauek izanen dira:

a) Batzordeburua: Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, eta, hori izan ezean, zuzendaritza horretako beste zerbitzu bateko zuzendaria.

b) Idazkaria: Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Ataleko teknikari bat, hitzarekin baina botorik gabe. Hori izan ezean, Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikari bat.

c) Batzordekideak: Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Ataleko burua eta bost aditu, deialdiaren xede diren arloetakoak, bai alde artistikoari bai ekonomikoari dagokienez. Aditu horietako bat gutxienez Nafarroako Kultura Kontseiluko kide izanen da.

7.3. Balorazio eta esleipen prozesua.

1. Batzordeko kideek proiektuei buruzko dokumentazioak jasoko dituzte, baloratzeko.

2. Eskatzaileek ebaluazio batzordearen aurrean defendatzen ahalko dituzte beren proiektuak, gehienez ere 15 minutuko azalpenak emanez.

3. Batzordeak, edozein unetan, eskatzaileen agerraldia eska dezake, aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko.

4. Onetsitako aurrekontuak ezarrita daudela, ebaluazio batzordeak proiektuen puntuazioa zehaztuko du, 8. oinarrian ezarritako irizpideei jarraikiz.

Batzordeak irizpen loteslea emanen du, lortutako emaitzak bilduko dituena.

5. 8. oinarrian ezarritako gutxieneko puntuazioa gainditu duten proiektuei dagokien zenbatekoa zehazteko, irizpide hauek erabiliko dira, betiere kontuan harturik 3. oinarrian finkatutako diru muga:

–Proposatutako laguntza guztien baturak deialdiko kreditua gainditzen ez badu, eskatutako zenbatekoa emanen zaio eskatzaile bakoitzari.

–Proposatutako laguntza guztien baturak deialdiko kreditua gainditzen badu, onuradunen artean hainbanatuko da, lortutako puntuazioaren arabera.

Horretarako, 60 puntu baino gehiago lortzen duten eskatzaile guztien puntuak batuko dira.

Erabilgarri dagoen kreditua zenbateko horrekin zatituko da, eta, hala, puntu baten balioa lortuko da. Eskatzaile bakoitzak jasoko duen zenbatekoa kalkulatzeko, balio hori lortutako puntuekin biderkatuko da.

8. Proiektuen balorazioa.

8.1. Proiektuen balorazioa errazteko asmoz, eskatzaileak deialdi honen II. eranskinean ageri den deskripzio-memoriaren ereduaren araberako eskabidea aurkeztu beharko du; eranskin horretan zehatz-mehatz jasotzen dira irizpide bakoitzaren barrenean baloratu beharreko alderdiak.

8.2. Informazio ekonomikoa III. eranskinean jasotako informazio ekonomikoari buruzko inprimakian jakinaraziko da.

8.3. Aurreko irizpideak aplikatuta, gehienez ere 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari.

8.4. Eskabideek gutxienez 60 puntu lortu beharko dituzte diru-laguntza jasotzeko. 60 puntu horietatik 35 gutxienez “Proiektua deialdiaren xedearekin, helburuarekin eta eremuarekin bat etortzea” izeneko atalean lortu beharko dira.

8.5. Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira proiektuak:

1. Proiektua deialdiaren xedearekin, helburuarekin eta eremuarekin bat etortzea. (70 puntu gehienez).

1.1. Proiektua. (40 puntu gehienez).

–Proiektuaren deskribapen laburpena (10 lerro).

–Lanaren testua edo gidoia, edo, bestela, laburpen bat, baloratu ahal izateko.

–Zuzendaritzako memoria, talde artistikoaren eta teknikoaren deskribapena barne.

–Taldearen osaera eta gaitasuna.

–Proiektuaren interes artistikoa eta kulturala (helburua, kalitatea, berrikuntza...).

–Arte eszenikoen proiektuaren garrantzia eta egokitasuna.

–Proiektuaren edukien eta helburuen arteko koherentzia.

–Proiektua ustiatzeko aurreikuspenak 2017. eta 2018. urteetarako.

–Esleitutako aurrekontuko partiden koherentzia.

–Salmenta saria.

–Estreinaldiaren data eta tokia.

–Proiektuaren iraupena.

–Fitxa teknikoa.

1.2. Proiektuaren titularraren ibilbidea eta jarduera (10 puntu arte).

a) Enpresaren/Profesionalaren ibilbidea: Entitateak jardunean emandako urte osoak. (2 puntu gehienez).

–10 urtetik gora: 2 puntu.

5 urte baino gehiago eta 10 urte bitarte: 1,5 puntu.

1etik 5 urtera bitarte: 1 puntu.

b) Enpresaren/Profesionalaren jarduera: ekoizpen kopurua, antzezpen-ziklo edo antzezpen garrantzitsuen eta frogatuen kopurua azkeneko hiru urte naturaletan. Puntu bat azken hiru urte naturalean ekoiztutako ikuskizun bakoitzeko, gutxienez ere 35 minutuko iraupena bazuen. (8 puntu gehienez).

1.3. Proiektuan profesionalek duten parte hartzea (konpainiakoak eta/edo kontratatuak izan) arlo hauetan: talde artistikoan (testuaren egilea, zuzendaritza artistikoa, zuzendaritzako laguntzailea, antzezpena), talde teknikoan (eszenografia, jantziak, argien eta soinuaren diseinua) edo ekoizpen, banaketa eta komunikazio taldean. (5 puntu gehienez).

–10 pertsonak edo gehiagok osatutako taldea, eta horietatik 5, gutxienez, antzezle: 5 puntu.

–8 pertsonak edo gehiagok osatutako taldea, eta horietatik 4, gutxienez, antzezle: 4 puntu.

–6 pertsonak edo gehiagok osatutako taldea, eta horietatik 3, gutxienez, antzezle: 3 puntu.

–4 pertsonak edo gehiagok osatutako taldea, eta horietatik 2, gutxienez, antzezle: 2 puntu.

–Gutxienez 3 pertsonak osatutako taldea: 1 puntu.

(fitxa bat erantsi da bertan langileen zerrenda eta haien lanaren deskribapena jasotzeko).

1.4. Nafarroako kultura zabaltzea bere egileak sustatuz. (5 puntu gehienez).

1.5. Euskara erabiltzea proiektuan eta/edo haren zabalkundean eta sustapenean. (5 puntu gehienez).

1.6. Ekintza berritzaileak esparru artistikoan. (5 puntu gehienez).

–Hizkera berriak sartzea baloratuko da.

–Ikuspegi originalak sartzea baloratuko da.

–Ohikoak ez diren beste esparru artistiko batzuetako profesionalak biltzea baloratuko da (konpainiatik kanpoko profesionalak edo beste arte esparru batzuetako profesionalak).

2. Proiektuaren bideragarritasun eta koherentzia ekonomikoa. (30 puntu gehienez).

2.1. Eskatutako diru-laguntzaren portzentajea, proiektuaren aurrekontu onartu osoarekin alderatuta (BEZa gabe). (5 puntu gehienez).

–%30era arte: 5 puntu.

–%30etik gora %40 arte: 4 puntu.

–%40tik gora %45 arte: 3 puntu.

–%45etik gora %50 arte: 2,5 puntu.

–%50etik gora %55 arte: 2 puntu.

–%55etik gora %60 arte: 1,5 puntu.

–%60tik gora %65 arte: 1 puntu.

–%65etik gora %70 arte: 0,5 puntu.

2.2. Bermatu edo berretsitako finantzaketaren portzentajea, proiekturako onartutako aurrekontu osoa (BEZik gabe) kontuan hartuta, diru-laguntza hau gabe.

Hurrengo agiriren bat aurkeztuz frogatuko da hori: baliabide propioak (bankuko dokumentua edo zinpeko aitorpena, entitatearen legezko ordezkariak egina), maileguak, jarduteko kontratuak (kuantifikatuak eta sinatuak), berretsitako diru-laguntzak (haiek ematen dituen ebazpena), enpresa edo pertsona eskatzaileari laguntza ekonomikoa emanen dioten entitateen ziurtagiri kuantifikatuak. (5 puntu gehienez).

–%41etik gora: 5 puntu.

–%31tik gora %41 arte: 4 puntu.

–%21etik gora %31 arte: 3 puntu.

–%11tik gora %21 arte: 2 puntu.

–%11 arte: 1 puntu.

2.3. Diru-sarreren eta gastuen egituraren eta proiektuaren bideragarritasunaren arteko koherentzia. (5 puntu gehienez).

2.4. Proiektuaren zabalkundea: Komunikazio eta publizitate plana. (5 puntu gehienez).

2.5. Marketin, merkaturatze eta salmenta ekintzak. (10 puntu gehienez).

–Emanaldiak egiteko konpromisoen eta konfirmatutako salmenten bidez neurtua.

–Baterako ekoizpenerako, lankidetzarako, babespenerako eta abarrerako akordioak.

9. Diru-laguntza emateko ebazpena.

9.1. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita gehienez ere hiru hilabeteko epean. Epe hori berariazko ebazpenik argitaratu gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.

9.2. Diru-laguntza hau emateko prozedurako ebazpenen jakinarazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web orrian argitaratuko dira (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

Gainera, eskabidean adierazitako posta elektronikoaren helbidea baliatuko da eskatzaile bakoitzari jakinarazteko.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko iragarki oholean ere jarriko da deialdiaren ebazpena (Navarrería kalea, 39 Iruña).

9.3. Berariazko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz. Ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

9.4. Deialdi honi buruzko komunikazio oro Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Erregistroaren bitartez bideratu beharko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan eta Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan ere.

9.5. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, hura kudeatzen duen organora jo daiteke, difusion@navarra.es helbide elektronikoaren bidez edo 848.424743 telefonoaren bidez.

10. Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, Kultur Mezenasgoaren ondorioetarako.

10.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak, baldin eta helbide fiskala Nafarroan duten pertsona fisikoek egiten badituzte eta horiek ekonomia jardueren gaineko zergaren epigrafeetako batean alta emanda badaude (legearen 4.f) atalean aipatzen dira), interes sozialekotzat hartuko dira, foru lege horrek dohaintzei, erabilera mailegu edo komodatuei eta lankidetza-hitzarmenei ezartzen dizkien zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako, baita sozietateen gaineko zergaren araudiak babes-kontratuen ondoriozko publizitate gastuei ezartzen dizkien kenkarien aplikazioaren ondorioetarako ere.

10.2. Kultur mezenasgorako zerga-pizgarriak aplikatuko dira baldin eta onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta aplikatu behar den gainerako araudian ezarritako betebeharrak eta baldintzak betetzen badituzte, bereziki, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako betebeharrak betetzen badituzte, alegia, ziurtagiriak luzatzeari eta kasuan kasuko informazioa Nafarroako Zerga Ogasunari bidaltzeari buruzkoak; izan ere, foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

10.3. Halaber, proiektuak egiten laguntzeko mezenasgo edo babesletzako ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

–Mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak zehaztea 13.1 oinarrian aipatzen den azken memorian, eta laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeko izan duten eragina ebaluatzea.

–Diruz lagundutako proiektuaren babesletza-kontratuen kopia igortzea, honako hauek adierazita: kontratugileen eta kontratua sinatzen dutenen identifikazioa, kontratuaren xedea, iraunaldia eta egikaritze-epea, bai eta babesletzaren onuradunak publizitatearen kontzeptu gisa urte bakoitzean guztira jasoko duen zenbatekoa ere.

11. Onuradunen betebeharrak.

11.1. Diru-laguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bitartez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

Aitorpen eredua eta aginduzko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez eta oinarri hauen III. eranskinean kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/, edo deialdi hau kudeatzen duen Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalaren bidez.

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

11.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den proiekturako erabiltzea laguntzak, eta, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.

11.3. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin den.

11.4. Onuradunak laguntza jasotzen duten proiektuei buruzko ahozko edo idatzizko informazio edo komunikazio guztietan adierazi beharko du proiektu horiek Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren diru-laguntza jaso dutela.

Bi aldeek proiektuen zabalkunderako ekintzak gauzatzen ahalko dituzte, aldez aurretik adostuta.

11.5. Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalari jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, hura gertatu eta berehala, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu.

Proiektuan edozein aldaketa egiteko, Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da aurretik; zerbitzu horrek baimena emanen du baldin eta aldaketak onetsitako proiektua funtsean aldatzen ez badu, Ebaluazio Batzordearen ustean.

11.6. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso duela.

Diruz lagundutako proiektuaren egitarauan, afixetan, iragarkietan edo edozein motatako publizitatean Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute, eta hori deskribatzen duen testu bat erakutsi (Diruz laguntzen du:...).

Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsulta daitezke: http://www.navarra.es/home_eu/Gobierno+de+Navarra/Simbolo+oficial/ eta/edo haren Argitalpen Atalaren bidez.

Ekitaldia diru-laguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (esku-orriak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein baliabidetan, diru-laguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logoa sartuko, arestian deskribatutako baldintzei jarraituz.

11.7. Noiznahi ere onartzea Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana.

11.8. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalari.

Jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

11.9. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, deialdietako oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistroak edukitzea.

11.10. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

11.11. Diru-laguntzaren onuradunek ebaluazio txosten bat aurkeztu beharko dute, proiektua amaituta. Txosten horretan, proiektuaren alderdiak noraino bete diren adieraziko du, eskabidearekin batera aurkeztutako deskripzio-memoria jasotakoarekin alderatuta.

12. Ordaintzeko moduak.

Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

12.1. Oro har:

Oro har, behin entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Proiektua bukatutakoan egin daiteke justifikazio hori, edo partzialki, proiektuaren %25, %50 eta %75 gauzatu ahala.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazio partzialean edo bukaerako justifikazioan:

a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta izandako gastuen fakturen edo, bestela, merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, baita egindako ordainketen frogagiriena ere, honako hauek adierazita: hornitzailearen/emailearen izena, IFZ, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda hori Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, eta egindako ordainketen frogagiriak, diru-laguntzaren helburua bete dela frogatzeko.

c) 100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagiriaren bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste dokumentu batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu.

d) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren baliabideekin edo beste diru-laguntza batzuekin finantzatu direnean, horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

e) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

f) Proiektuari lotutako eta kontabilizatutako gastu eta diru-sarreren zerrenda.

Dokumentazio hori erregistroan aurkeztuko da eskabidearekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

12.2. Konturako ordainketa.

Konturako ordainketak egiten ahalko dira, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazioetan:

a) Gastuak justifikatzeko fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuen zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen/emailearen izena, IFZ, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, diru-laguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak.

c) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren baliabideekin edo beste diru-laguntza batzuekin finantzatu direnean, horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

d) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

Dokumentazio hori erregistroan aurkeztuko da eskabidearekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

12.3. Salbuespenez:

Salbuespenez, jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira laguntzak, emandako diru-laguntzaren %50 aurreratuz, gehienez ere.

Horretarako, entitateak Kultur Ekintza Zerbitzuari eskatu beharko dio, eta diru-laguntzaren helburuak betetzeko funtsik ez duela frogatzeko dokumentazio egokia aurkeztu (egoeraren balantzea edo diruzaintzako egoera-orria, ordaintzeko eta kobratzeko dituen fakturen zerrenda, hilabetez hilabete aurkeztua).

13. Justifikatzeko epeak eta modua.

13.1. Aurreko atalean aipatutako ordainketa moduen artean zein aukeratzen den ere, diru-laguntzaren likidaziorako, onuradunek honako frogagiri hauek aurkeztu beharko dituzte erregistro bidez 2017ko abenduaren 1a baino lehen, egun hori barne:

–12.1. oinarrian adierazitako dokumentazioa.

–Proiektuaren azken memoria, eta horren barnean jantzien, atrezzoaren, eszenografiaren eta luminotekniako diseinuaren argazkiak eta estreinaldiko musikaren kopia bat eta DVDa.

–Proiektuan egindako jarduerei buruzko ebaluazio txostena.

–Elementu inprimatuak eta publizitatekoak, eta/edo zabalkundea egiteko erabili diren web orrietarako lotura.

–Ekitaldiko urteko kontuak.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

Hala ere, konturako ordainketaren bat egin bada, onuradunek frogagiriak bi hilabeteko epean aurkezten ahalko dituzte, diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko epea bukatzen denetik hasita, betiere horietan agertzen bada gauzatze epe horren barnean dauden gastuei dagokien ordainketa dela (fakturak eta merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten agiriak). Agiri horiek jaso eta aztertu ondoren, organo kudeatzaileak espedientea ixteko txostena eginen du, edo, bestela, oker kobratutako kopuruak itzultzeko espedientea hasiko du.

Ordainketa partzialen edo konturako ordainketaren bat egin bada, ez da beharrezkoa izanen aurkeztutako dokumentazioa berriz aurkeztea.

13.2. Ezarritako epean, edo zuzenketak egiteko ematen den epean, justifikatu ezean, justifikatu gabeko gastuei dagokien diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

13.3. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntzaren kontzesioan aipatzen den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, ordainketaren frogagiriak badituzte, betiere.

Onartutako aurrekontua osorik justifikatzen ez bada, betiere diruz lagundutako jarduera egin bada, honela kalkulatuko da ordaindu beharreko zenbatekoa: gastu justifikatuen baturari aplikatuko zaio onartutako aurrekontuaren eta emandako diru-laguntzen arteko portzentaje bera.

14. Diru-laguntzen bateragarritasuna eta “de minimis” laguntzen izaera.

14.1. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak.

Dena dela, bateraezina izanen da Nafarroako Gobernuak proiektu bererako ematen duen beste edozein diru-laguntzarekin.

14.2. Diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

14.3. Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bati emandako “de minimis” laguntza guztien batura gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da 3 zergaldiko edozein alditan.

Horretarako, onuradunak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko bestelako “de minimis” laguntzak aitortzera, eskaerak aurkezten dituztenean.

15. Dirua itzultzea.

Onuradunak proiektua gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta diru-laguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

16. Arau-hausteak eta zehapenak.

16.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

16.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

17. Hornitzaileak kontratatzea.

Diruz laguntzeko moduko gastua 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipamenduko ondasunen horniduren kasuan edo aholkularitza eta laguntza enpresek emandako zerbitzuen kasuan, onuradunak frogatu egin beharko du organo emailearen aurrean hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu duela.

Baldintza hori betetzen dela ulertuko da baldin eta hiru eskaintza edo gehiago eskatu, eta jasotako proposamenetatik onena hautatu bada, salbu eta, diruz laguntzeko moduko gastuen ezaugarri bereziengatik, ez badago merkatuan hura hornitu edo ematen duten entitate aski, edo gastua diru-laguntza eskatu aurretik egina bada.

18. Diru-laguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

19. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Proiektuaren deskripzio-memoria (PDFa).

III. ERANSKINA

Informazio ekonomikoa (Excela).

Excel artxibo baten bidez beteko da III. eranskina; hura Nafarroako Gobernuaren web atariko zerbitzuen katalogotik deskargatzen ahal da, deialdia han izanen baita; bestela, deialdiaren kudeatzaileek emanen dute.

Iragarkiaren kodea: F1705205