2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ABARTZUZA
Aldaketa, udal hilerriaren erabilerari
eta hura erabiltzeko eskubide eta tasei buruzko ordenantzan.
Behin betiko onespena
Abartzuzako Udalak, 2016ko abenduaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa, hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eskubide eta tasak arautzen dituen ordenantzan. 2017ko 11. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 17an.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantzan egin aldaketa behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Abartzuzan, 2017ko otsailaren 15ean.–Alkatea, Miguel Ros Ros.
UDAL HILERRIAREN ERABILERA ETA HURA ERABILTZEKO ESKUBIDE ETA TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
Lehenbiziko kapitulua
Hilerriaren erabilera eta erabiltzeko eskubideak
1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4., 25. eta 26., Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4. eta 29., eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 12. eta 100. artikuluekin bat, udal hilerriaren administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak Abartzuzako Udalaren esku egon behar dute, batere ukatu gabe bertze administrazio batzuek alor berean dituzketen legezko eskumenak.
2. artikulua. Administrazioa. Ahalmen hauek zuzendaritzari eta zaintzari lotuta daude:
a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin ikusteko duen guztia.
b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.
c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.
d) Eskubideak eta tasak kobratzea.
3. artikulua. Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen du eta bere eginbehar hau ahalik eta hobekien betetzeko, proposamen zehatzak aurkeztuko dizkio Udalari.
4. artikulua. Hilerrian hilobi hutsak izanen dira udalerriko biztanleriaren zentsuaren araberako kopuruan, edo horietarako lur aski bederen bai.
5. artikulua. Ehorzteko ekartzen dituzten hilotz guztiak lurperatuko dira, legezko tramiteak bete badira, eta zerbitzu horrengatik tasen eranskinean aipatzen diren ehorzketa eskubideak ordaindu beharko dira.
a) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutienez ere hamar urte iraganda atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude.
b) Hilobi mota guztietan: zinkezko hilkutxan ehortzi bada, edozein unetan atera eta lekuz alda daiteke, hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.
Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.
6. artikulua. Hilotz baltsamatuak atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri beharko da, ongi kontserbaturik ez badago.
7. artikulua. Bai hilotz bat ateratzen denean lekuz aldatzeko bai berriz ere ehorzten denean, horren oharra jasoko da behar den liburuetan.
8. artikulua. Ordenantza honetan arauturiko zerbitzuak hartzeko Udalaren tasak ordaindu eta gero, hilerriko lur guztiak erabiliko dira lurpeko lagun bakarreko hilobietarako, hamar urteko eperako, gehiagorik ordaindu gabe. Dena den, leku guti izan eta gehiagoren beharrean egonez gero, legeak agintzen duen gutienekoa beteta ateratzen ahalko dira hilotzak. Bestalde, ehorzteko kontzesio administratiboa tartean baldin bada, zerbitzuak dagokion kostua izanen du.
9. artikulua. Hilerriko lurra lurperatzeko eta hilobietako elementuak jartzeko erabiliko da, ez bestetarako. Honako ezaugarri hauek dituzten plakak paratzen ahalko dira:
–Diseinu mota: librea.
–Garaiera, gehienez: 65 cm
–Zabalera, gehienez: 55 cm
10. artikulua. Hilobien kokapena, lur-erauzketaren gastuak eta hobiak ireki nahiz ixteko kostuak Udalaren kontura izanen dira.
11. artikulua. Hilobiak segur, xahu eta apain atxikitzea titularren betebeharra da.
12. artikulua. Kontzesioak eta aprobetxamendua honako hauengatik ere iraungi daitezke:
a) Hilerria desagertzeagatik.
b) Interes publikoagatik.
c) Ehorzketa gehiago egiteko, hobiak behar direnean.
Bigarren kapitulua
Tasak hilerrian zerbitzuak emateagatik
13. artikulua. Zergapeko egintza honako zerbitzu hauek egitea da:
a) Ehorzketak.
b) Hilobiei lotutako beste lan batzuk.
14. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, pertsona fisiko, juridiko edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak izan.
15. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen da. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.
16. artikulua. Hobi berean bi hilotz edo gorpuzki, nahiz gehiago, batera lurperatzeko lizentziak ematen ahalko dira, baldin eta ehorzketa lekuak behar bezain zehazturik badaude, baina hilotz bakarra lurperatzetik gorako lanak partikularraren kontura izanen dira.
17. artikulua. Hilerri honetako bertze hilobi batzuetatik gorpuzkiak atera eta berriz ere ehortziz gero, hilotza ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Gorpuzkiak beste hilerri batetik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.
18. artikulua. 13. artikuluaren a) eta b) letretan aipatzen diren zerbitzuei dagozkien tasak zerbitzuak eman baino lehen ordaindu behar dira, premia larriko kasuetan edo udal bulegoek jaieguna dutenetan izan ezik. Horrelakoetan, langileak oharra jasoko du eta horren berri emanen die udal bulegoei, behar den tarifa ordainarazteari ekin diezaioten.
Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 108. artikuluan xedatuari jarraituz, tasak autolikidazio bidez eskatuko dira.
19. artikulua. Kolunbarioa da hilotz erraustuen errautsak dauzkaten errausketa-kutxak paratzeko tokia.
Hilotzen errautsak kutxetan sartu beharko dira, kanpoaldean zenduaren izena ageri dela.
20. artikulua. Udalak adieraziko du zer ordenatan okupatuko diren.
21. artikulua. Gehienez ere 50 urtean okupatuko dira; Udalak epe hori laburtzen ahalko du komenigarri zaion heinean, aipatu epea iragan baino lehen kolunbario guztiak okupaturik badaude.
22. artikulua. Kolunbarioaren tapakiaren gainean, altzairu herdoilgaitzezko identifikazio plaka paratzen ahalko da, 20 cm (luze) x 15 cm (zabal) neurrikoa.
23. artikulua. Kolunbarioa alokatzeko eskatu ahal izateko, nahitaezkoa izanen da eskatzailea Abartzuzan jaio edo bertan erroldatuta egotea, gutienez ere urtebete lehenagotik.
Kolunbarioa erabiltzeko eskaerarekin batean, interesdunak agiri hauek ekarri beharko ditu:
–Eskatzailearen NANaren fotokopia.
Azken xedapena
Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.
Eranskina
1.–Ehorzketa tasa:
a) Abartzuzako Udalean erroldatuak: zerbitzuaren kostua.
b) Abartzuzako Udalean erroldatu gabeak: 300 euro.
2.–Kolunbarioaren erabilera tasa, 50 urteko epe luzagarrirako: 300 euro.
3.–Hobitik ateratzeagatik pagatu beharreko tasa: zerbitzuaren kostua.
b) Kasuan salbuetsirik daude herritarrak, eritasunagatik edo zainketak behar izateagatik egon behar badute kanpoan. Halakoetan a) kasukoekin parekatuko dira.
Iragarkiaren kodea: L1703428