92. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

112E/2017 EBAZPENA, martxoaren 27koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ukatzen diona Lodosako udal mugapean haizea neurtzeko antena jartzeko proiektuari. Sustatzailea M Torres Desarrollos Energéticos SL da.

2016ko uztailaren 15ean, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

La Lomba parke eolikoan baliabide eolikoaren jarraipen azterlanak egiteko, 2009ko ekainean 66 metroko altuerako dorre bat jarri zen, gaur egun parke horretan neurketak egiten ari dena. Neurketa-dorrea ezin da mantendu, horren ondoren eraiki zen linea elektrikoa dagoelako. Azken horrek galarazten du langileak mantentze-lanak egiteko dorrera igotzea segurtasun baldintzetan. Beraz, 80 metroko altuerako beste dorre bat beste leku batean jartzeko eskatzen da (koordenatuak STR89:
X=573.954, Y=4.699.796), lehendik zegoenaren ondoan; 3 hilabetez bi dorreak mantenduko dira eta epe hori iragandakoan dorre zaharra desmuntatuko da. Koordenatu horiek Ebroko Iraganbidea errege altxonbidearen gainean kokatzen dira.

Espedientean Lodosako Udalaren, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren eta Ingurune Naturalaren Zerbitzuaren txostenak daude jasota. Ingurune Naturalaren Zerbitzuak aditzera ematen du proposatutako kokapena Ebroko Iraganbide Nagusia izeneko errege altxonbidearen barnean dagoela. Abelbideen lurretan baimentzen ahal diren eraikuntza jarduera bakarrak horien kontserbazioarekin, mantentze-lanekin eta hobekuntzarekin zerikusia dutenak dira. Ulertu beharra dago eskatutako azpiegitura proiektuak ez duela altxonbidea hobetuko eta, horren ondorioz, abelbideak ez direla maizago erabiliko eta, abelbideetan izan daitezkeen ukipenak murrizteko beste aukera batzuk ez egotea arrazoitu ez denez, ondorioztatu da abelbidearen gainean edo haren zortasun eremuan (3 metro) antena jartzea (ondoan duen muntaia egitura barne) ez dela baimengarria.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak, Ingurune Naturalaren Zerbitzuaren txostena ikusita, proiektuak abelbideetan dituen ukipenei buruzkoa baita, proposatzen du baimenari uko egitea.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ukatzea Lodosako udal mugapean haizea neurtzeko antena jartzeko proiektuari (koordenatuak: STR89: X=573.954, Y=4.699.796), Ebroko Iraganbide Nagusia izeneko abelbidearen lurretan antena jartzea ez baita baimengarritzat jotzen. M. Torres Desarrollos Energéticos SLk sustatu du proiektua.

2. Ukapen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Ingurune Naturalaren Zerbitzuari, Lodosako Udalari, Basozaintzari (Lizarrako hegoaldeko barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko martxoaren 27an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1703889