92. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

143/2017 EBAZPENA, maiatzaren 2koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana. Honen bidez arautzen da jardunean ari diren langileei zuzendutako lanbide heziketaren eskaintza 2017-2018 ikasturterako, lanbide heziketako tituluak lortzen laguntzeko.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren arabera, funts publikoekin antolatutako prestakuntzaren eskaintza bideratuko da prestakuntza bizitza osoan sustatzera, eta egokituko da pertsonen helburu diferenteetara eta haien egoera pertsonal eta profesionaletara.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 5. artikuluko 1. idatz-zatiak ezartzen du herritar guztiek izan behar dutela bizitza osoan prestatzeko aukera, hezkuntza sistemaren barrenean eta kanpoan, horrela eskuratu, eguneratu, osatu eta zabaldu ditzaten garapen pertsonalerako eta profesionalerako ahalmenak, ezagupenak, trebetasunak eta gaitasunak.

Uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuan, hezkuntza sistemaren esparruan lanbide heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen hartan, heziketa horretarako sarbidea arautzen da III. kapituluan.

Azkenik, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan lanbide heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dituen maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 5. artikuluan, lanbide heziketa ikasteko hainbat modalitate eta eskaintza jasotzen dira.

Horrenbestez, Lanbide Heziketaren Zerbitzuak egindako aldeko txostena ikusirik, non lanbide heziketako tituluak lortzera bideratutako prestakuntzaren eskaintza egitearen alde agertzen baita. Eskaintza hori lanean ari diren langileen ezaugarriei egokituta egonen da eta kontuan izanen du lanpostuan lortutako ezagutza profesionala.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Jardunean ari diren langileei zuzendutako lanbide heziketaren eskaintza ezartzea 2017-2018 ikasturterako, 1. eranskineko oinarrietan adierazten diren heziketa zikloetan eta ikastetxeetan lanbide heziketako tituluak lortzen laguntzeko.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Lanbide Heziketaren Zerbitzuari, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalari, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalari, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegoari, Eskolatze Bulegoari eta Hezitzaile Eskola ikastetxe Bateratuari.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 2an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

1. ERANSKINA

Oinarriak

1. Jardunean ari diren langileei zuzendutako lanbide heziketaren eskaintza, 2017-2018 ikasturterako, hauxe da:

–Gizarte Integrazioko goi mailako heziketa zikloa, Iruñeko “Hezitzaile Eskola” ikastetxe bateratuan.

–Mendekotasun egoeran daudenei arreta egiteko erdi mailako heziketa zikloa, Iruñeko “Hezitzaile Eskola” ikastetxe bateratuan.

Onartzeko irizpideak eta matrikula.

2. Prestakuntza eta ebaluazio prozedura hauek nahi dituztenek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) 20 urte beteak izatea izena ematen den urte naturalean.

b) Teknikari eta goi mailako teknikari tituluak lortzeko ikasketetan sartzeko baldintzak betetzea, indarreko araudiaren arabera horretarako oro har beharrezkoak baitira.

c) Azken bost urteotan gutxienez ere bi urtetan lan egin izana, lanaldi osoarekin edo ordutan horren parekoa denarekin, betiere lortu nahi duen tituluari dagokion lanbide arloarekin loturik izan bada. Laneko esperientzia hori nahikoa izanen da Lantokiko prestakuntzaren modulua egitetik guztiz salbuesteko, 4. oinarrian aipatzen den onarpen batzordeak hala iritzita.

d) Urte batean prestakuntza eta ebaluazio prozesu bakar batean parte hartzea, hots, titulua eta ikastetxe bakar batean.

e) Izena emateko eskabidea betetzea, 2. eranskinaren arabera, eta beharrezkoak diren agiri guztiak aurkeztea.

3. Aurreko atalean eskatutako baldintzak agiri hauen bidez frogatuko dira:

a) Adinari buruzko baldintza, nortasun agiri nazionalaren, pasaportearen, identitatea frogatzen duen bidaia agiriaren, bisaren edo atzerritarren identifikazio txartelaren fotokopiaren bidez.

b) Egoki den titulua edo sarrera proba frogatzen duen agiriaren fotokopiaren bidez frogatuko da sarbideari buruzko baldintza.

c) Laneko esperientzia frogatzeko honako hauek aurkeztu behar dira:

–Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren edo Lan Mutualitatearen ziurtagiria, non adieraziko baitira enpresa, lanbide kategoria (kotizazio taldea) eta kontratazioaldia, edo, betiere, Langile Autonomoen Araubide Bereziko kotizazioaldia.

–Lantoki izandako enpresaren ziurtagiria, datu hauek agertzen dituena berariaz: kontratuaren iraupena, egindako lana eta noiz aritu den lan horretan. Beren kontura ari diren langileen kasuan, jarduera ekonomikoen gaineko zergan inskribaturik daudela frogatzen duen ziurtagiria eta zerga hori ordaindu izanaren frogagiriak.

–Eskatzaileak egindako hasierako txostena, ikasketa eta esperientziei buruzko informazio orokorra biltzen duena; horien artetik nabarmenduko ditu, atal batean, lortu nahi duen tituluari hobekien lotzen zaizkionak. Txosten horren eredu bat 3. eranskinean ageri da.

Baldin aurkeztutako dokumentazioa ez bada nahikoa izangaiaren esperientzia modu frogagarrian egiaztatzeko, 4. oinarrian definitzen den batzordeak prozedura osagarria ezar dezake aurkeztutako esperientzia baloratzeko.

4. Onarpen prozesua batzorde batek gainbegiratuko du. Ondoko hauek osatuko dute batzordea: ikastetxeko zuzendariak eta, oro har, ikastetxe horretan kasuan kasuko lanbide-arloan irakasten duten bi irakaslek gutxienez, funtzionarioak nahiz aldi baterako kontratatuak izan. Batzordearen eginkizunak hauek dira:

–Eskatzaileek aipatu diren onarpen baldintzak betetzen dituztela egiaztatzea. Horri dagokionez, frogagirietan bereziki aztertuko da azaldu den esperientziak behar besteko iraupena duen eta dagokion tituluko lanbide profilari egokitzen zaion, horrela izangaia Lantokiko prestakuntzaren modulua egitetik guztiz salbuesteko.

–Prestakuntza eta ebaluazio prozesuan onartutako izangaien zerrenda ordenatua proposatzea, 4. eranskineko eredua erabiliz, sarbide probaren emaitzak bildu eta gero, halakorik egiten bada.

5. Esleitutako plazak baino izangai gehiago badaude, lan esperientzia handienaren irizpideari jarraituko zaio izangaiak onartzeko hurrenkera ezartzeko, betiere nahi den tituluaren jardueraren esparruan.

Ikastetxeak plazen %10 arte gordetzen ahalko ditu, sarrerako baldintzak beterik, ikastetxearekin lankidetza hitzarmena duten enpresetan ari diren langileentzat.

Nolanahi ere, eskaintzen diren plazen %5 gordeko da desgaitasuna duten ikasleentzat. Horretarako, desgaitasuna frogagiri bidez frogatu beharko da.

6. Izen ematea ikastetxean eginen da, 2017ko maiatzaren 16tik 19ra bitarte, biak barne.

7. Izangai onartuek ikastetxe horretan eginen dute matrikula, 2017ko ekainaren 5etik ekainaren 9ra bitarte, biak barne.

Proba bidezko sarbidea

8. Zuzenean sartzeko baldintza akademikoak bete ez arren, ebazpen honen 2. oinarrian aipatutako gainerako baldintzak betetzen dituzten izangaiak prestakuntza prozesuan sartzen ahalko dira, sarrera bereziko proba bat gainditzen badute, lanbide heziketako eskaintza honetarako bakarrik balioko duena. Proba horretan, izangaiak frogatu beharko du erdi mailako zikloko ikasketak egin ahal izateko ezagutza nahikoa baduela, edo goi mailako ikasketen kasuan, Batxilergoko helburuetarako heldutasuna baduela.

9. Prestakuntza eta ebaluazio prozesua garatuko den ikastetxean bertan emanen da izena sarrera proba berariazkoa egiteko, 5. eranskineko eskabide eredua erabilita.

Sarrera probak egiaztatu beharko du ikasleak kasuan kasuko ikasketak probetxuz egin ahal izateko ezagutza nahikoa baduela, bai eta kasuan kasuko lanbide arloaren inguruko gaitasuna ere. Hezkuntzako zuzendari nagusiaren otsailaren 15eko 29/2017 Ebazpenean aipatutako proben edukiari eta ebaluazio irizpideei buruzko ataletan ezarritakoari jarraituko zaio. Izan ere, ebazpen horren bidez egin da deialdia 2017. urtean lanbide heziketako eta arte plastikoetako eta diseinuko heziketa zikloetan sartzeko, bai eta kirol irakaskuntzako zikloetan sartzeko ere.

10. Sarrera probaren zatiren batean salbuetsirik egoteko, indarra daukaten arauetan ezarritakoa aplikatuko da

11. Sarrera probaren prozesuan epaimahai bat eratuko da heziketa ziklo bakoitzerako. Ikastetxe bereko kide hauek osatuko dute:

–Ikuskatzailea, mahaiburu lanetan ariko dena.

–Zuzendaria.

–Idazkaria, epaimahaiko idazkari lanetan arituko dena.

–Ikastetxeko irakasle bat.

Epaimahaiak beste profesional espezialista batzuk ere har ditzake epaimahairako, prestatutako proben edukien arabera, baita epaimahaikideen espezialitateen arabera ere.

12. Hauek izanen dira epaimahaiaren eginkizunak:

–Sarrera proba antolatu eta ebaluatzea.

–Proban egotea eta kontrolatzea, zuzen egiten dela ziurtatzeko.

–Proben aktak 7. eranskineko ereduaren arabera betetzea.

Prestakuntzaren antolakuntza orokorra

13. Prestakuntza eta ebaluazio prozesua 2017-2018 ikasturtean eginen da eta heziketa ziklo bakoitzeko curriculumaren edukiak izanen ditu.

14. Langileen taldea, oro har, 25 lagunek osatuko dute. Kopuru hori handiagoa izan daiteke, baldin eta inguruabarrak zein diren ikusita arreta egokia eskaintzen ahal bada ikasle gehiago izan arren.

15. Irakasle talde batek eginen du izangai bakoitzaren prestakuntzaren eta ebaluazioren prozesua. Talde hori dagokion ikastetxeko ikasketaburuak gainbegiratuko du eta honako hauek izanen dira osatuko dutenak, lehentasunez: kasu bakoitzeko jardueraren arloko profesional espezialista bat, abuztuaren 2ko 260/1999 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera kontratatuko dena (dekretu horrek zehazten du Hezkuntza Departamentuak profesional adituak kontratatu eta izendatzeko araubidea), eta eskainitako zikloetarako Hezitzaile Eskola IBk izendatutako irakasle bat. Izendatutako irakasleak moduluak irakasten ariko dira langileei zuzendutako eskaintzako heziketa zikloko lanbide arloan. Ikastetxeek izendatutako irakasle horiek taldeko tutoreak ere izanen dira.

16. Prestakuntza eta ebaluazio prozesuan, une jakin batzuetan, ziklo horretan eskolak ematen dituzten irakasleek parte hartzen ahalko dute, izangaien prestakuntza osatuagoa izan dadin.

17. Aurreko puntuan aipatu den irakasle taldeak eginkizun hauek izanen ditu:

–Izangaien taldearen ordutegiak antolatzea.

–Taldeari jarraipena egiteko plana eta izangai bakoitzaren prestakuntza plana diseinatzea, izangaiek beren ikaskuntzei buruz egindako hasierako txostenean oinarrituta.

–Izangaien prestakuntzaz arduratzea, ikasgeletan edo urrutiko modalitatean ematen denaz.

–Etengabeko eta azken ebaluazioko prozesuak egitea, dagokion titulazioa emateko.

Prozesuaren faseak

18. Irakasle taldeak, ebazpen honen 3.3 oinarrian aipatu den hasierako dokumentazioa aztertu eta izangaiarekin elkarrizketatu ondoren, izangai bakoitzarentzako prestakuntza plana diseinatuko du, eta plan hori titulua lortzeko beharrezkoa den prestakuntza profila osatzen duten gaitasunak lortzera bideratuta egonen da.

19. Prestakuntza planean lan kolektibo bat aurreikusiko da, ikastetxean egin beharrekoa. Lan hori presentziala izanen da, eta nahitaezkoa. Astean sei ordu erabiliko dira horretarako. Denbora horretan 15. oinarrian aipatu den irakasle taldearen ardurapean egonen dira izangaiak, arratsaldeko ordutegian ahal dela, izangaiek irakasle taldearen orientazioa jaso eta prestakuntza eta ebaluazioko jarduerak egin ditzaten. Fase horretan lanbidearen funtsezko alderdiak lantzeko prestakuntza jarduerak garatuko dira, helburuak lortzeko beharrezkoak direnak eta irakasleek edo profesional adituek zuzenean parte-hartzea behar dutenak.

Plan horretan banakako lana ere izanen da, izangaiak bere kabuz lor ditzakeen prestakuntzako helburuak erdiesteari begira. Jarduera hori urrutiko modalitatean eginen da batez ere, postaz, telefonoz edo prozedura telematikoz, eta irakasle talde bat arduratuko da horretaz, tutoretza pertsonalaren bitartez, aurrez ezarritako ordutegian. Zilegi izanen da, halaber, ikastetxera bertara joatea eta ikastetxeak prestakuntzarako dituen instalazioak erabiltzea, egoerak hala eskatzen duenean.

20. Ikastetxeko Zuzendaritzak tutoretza kolektiboen ordutegia zehaztuko du, erabil daitezkeen langileen eta materialen arabera, eta ikastetxeko programazio orokorrean ezarritako irizpideekin bat. Gainera, zehaztuko du izangaiek zer ordutegitan egin ditzaketen lagundutako autoikaskuntzako zereginak.

Ebaluazioa.

21. Titulua lortzeko proba batzuen bidez eginen da ebaluazioa, eta proba horien edukiak indarra duen curriculumari eta dagozkion lanbide gaitasunei buruzkoak izanen dira. Probetan eduki teorikoak eta praktikoak izanen dira, horien bidez izangaiak behar diren gaitasunak lortu dituela ondorioztatzeko modua izateko, egoki diren ebaluazio eta gauzatze irizpideen bitartez.

22. Irakasle taldeak prestakuntzaren eta ebaluazioaren xede den tituluko modulu guztietan kalifikatuko ditu izangaiak. Horietan guztietan kalifikazio positiboa lortuz gero, izangaiei dagokien titulu ofiziala emanen zaie.

23. Eskaintza honek ukitutako ikastetxean ebaluazio batzorde bat eratuko da probak egiteko. Ikastetxeko zuzendaritzak izendatuko ditu batzorde horretako kideak.

24. Ebaluazio Batzordea bost kidek osatuko dute; horietako bat batzordeburua izanen da eta beste bat idazkaria. Bermatu beharko da, lanbide modulu bakoitzean, gutxienez ere batzordekide bat irakasle lanean ari dela.

25. 2017-2018 ikasturteko deialdi arruntean titulazioa lortzen ez duten izangaiek iraileko deialdi berezian parte hartzeko eskubidea izanen dute, ikasmaila gainditu ahal izateko. Salbuespen gisa, berau justifikatzen duten arrazoiak daudenean, ikastetxeak Hezkuntza Departamentuari baimena eskatzen ahalko dio deialdi berezia egiteko epea zabaltzeko.

26. Ebazpen honek arautzen duen prestakuntzan matrikulatzen direnei baliozkotzeen arloan eta lantokiko prestakuntzaren modulutik salbuestearen arloan indarra duen araudia aplikatuko zaie. Laguntza prozesuan egin diren eta ebaluazio positiboa izan duten moduluen ebaluazio probak egitetik ere salbuesten ahalko dira.

27. Titulu akademikoak eta profesionalak emateko maiatzaren 5eko 733/1995 Errege Dekretuan ezarritako prozeduraren arabera eginen dira egiaztapenak eta erregistroak.

28. Ikastaroen jarraipena eta ebaluazioa Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak eginen ditu.

2. Eranskina.–Jardunean ari diren langileentzako lanbide heziketako ikasketen eskaintza - Izena emateko eskabidea.

3. Eranskina.–Aurreko ikaskuntzei buruzko txostena.

4. Eranskina.–Prestakuntza eta ebaluazio prozesurako onarpen batzordearen akta.

5. Eranskina.–Eskaera, jardunean ari diren langileei zuzendutako berariazko lanbide heziketako erdi eta goi mailetako heziketa zikloetan sartzeko proban izena emateko.

6. Eranskina.–Epaimahaiaren ebaluazio akta, langileei zuzendutako goi eta erdi mailetako heziketa zikloetan sartzeko probarena.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1705289