92. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

25/2017 FORU DEKRETUA, apirilaren 26koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuak onetsi zituen irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretua aldatzen duena.

Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuak onetsi ziren.

Urtebete baino gehiago igarota Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren azken estatutuak onetsi zirenetik, esperientziak aholkatzen du aldaketa batzuk egitea.

Zehazki, batzorde tekniko asistentzialen osaera eta funtzionamendua aldatzen dira, eginkizunak hobeki gara ditzaten.

Osasuneko kontseilariaren otsailaren 23ko 143E/2017 Foru Aginduaren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuak onetsi zituen irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretua aldatzeko prozedura hasteko agindu zen.

Horrenbestez, Osasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2017ko apirilaren 26an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuak onetsi zituen irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren aldaketa.

Bat. 20. artikuluko 2. idatz-zatia aldatzen da. Hona testu berria:

“2. Oinarrizko osasun laguntzako taldeetako zuzendaritzetako titularrak izendatzea eta kargutik kentzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzaren ebazpenaren bidez eginen da, Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzak edo kasuan kasuko osasun barrutiko kudeatzailetzak proposaturik, oinarrizko osasun laguntzari atxikitako osasun arloko profesionalen artetik aukeratuta.”

Bi. 37. artikuluko e) letra aldatzen da. Hona testu berria:

“e) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zentro soziosanitarioetako farmazia zerbitzuen eta botika biltegien osasun baimena tramitatzea, bai eta sistemari atxiki nahi diren titulartasun publikoko guztiena ere, baimen horiek mantentzen eta berritzen direla zaintzea, arauetan zerbitzu eta biltegi horietarako aurreikusten diren eginkizunak betetzea, eta zentro horietako farmazia arreta kudeatu eta ebaluatzea.”

Hiru. 86. artikuluko 1. idatz-zatia aldatzen da. Hona testu berria:

“1. Kudeatzailetzari aholku eman eta parte hartzeko organoa den aldetik eratzen da Nafarroako Ospitaleguneko Batzorde Tekniko Asistentziala, ondoko kide hauek osatuko dutena:

–Zuzendaritza Asistentzialeko titularra, batzordeko buru eta zuzendaria izanen dena.

–Osasun Zainketen Zuzendaritzako titularra.

–Profesionalen Zuzendaritzako titularra, idazkaria izanen dena.

–Zuzendariorde asistentzial bat, Zuzendaritza Asistentzialak izendatua.

–Kudeaketa Klinikoaren, Informazioaren eta Ebaluazioaren Zerbitzuko burua.

–Arlo klinikoko zuzendarien eta zerbitzu asistentzialetako buruen bi ordezkari, haiek beraiek hautatu beharrekoak beren artetik.

–Atalburuen eta buru klinikoen hiru ordezkari, haiek beraiek hautatu beharrekoak beren artetik.

–Albokoen eta fakultatibo espezialisten sei ordezkari, haiek beraiek hautatu beharrekoak beren artetik.

–Prestakuntzako langile egoiliarren ordezkari bat, haiek beraiek hautatu beharrekoa beren artetik. Hizpidea izanen du, baina botorik ez.

–Osasun arloko diplomadunen hiru ordezkari, haiek beraiek hautatu beharrekoak beren artetik.

–Erizaintza arloko buruen ordezkari bat, haiek beraiek hautatu beharrekoa beren artetik.

–Erizaintza unitateko buruen ordezkari bat, haiek beraiek hautatu beharrekoa beren artetik.

Berezko kideek kargua uztean utziko dute Batzorde Tekniko Asistentzialekoa ere.

Kide hautetsien erdia bi urtean behin berrituko da, salbu eta prestakuntzako langile egoiliarra, bi urtean behin berrituko baita.

Kide hautetsiek uko egiten ahalko diote Batzorde Tekniko Asistentzialaren kide izateari, eta baja ematen ahal zaie urteko bileren herena baino gehiagotan justifikaziorik gabe agertzen ez badira, edo hiru bileretan jarraian. Kasu horretan, dagokion estamentuan hautatuak ez zirenen artean bozkatuenak ordeztuko du.”

Lau. 86. artikuluan, f), g) eta l) letrak aldatzen dira, eta n) letra eransten da. Hona testu berria:

“f) Berrikuntza eta ikerketa.

g) Inbertsioen eta premien plana.

l) Kalitate eta segurtasun adierazleak eta estandarrak, eta asistentzia adierazleak.

n) Aipatutako gaiekin zerikusia izanik, Nafarroako Ospitaleguneko Kudeaketa Zuzendaritzak agintzen dion beste edozein.

Nafarroako Ospitaleguneko Kudeaketa Zuzendaritzaren ebazpen baten bidez, beharrezkotzat jotzen diren batzordeak edo lantaldeak eratzen ahalko dira.”

Bost. 99. artikuluko 1. eta 2. idatz-zatiak aldatzen dira. Hona testu berria:

“1. 1. Batzorde Tekniko Asistentziala osasun barrutiko Zuzendaritza Batzordeari aholku emateko organoa da. Kide hauek osatua egonen da:

Berezko kideak:

–Osasun barrutiko kudeatzailea, edo berak eskuordetzen duen pertsona, batzordeburua izanen dena.

–Osasun barrutiko Zuzendaritza Asistentzialeko titularra, batzordeburuordea izanen dena.

–Zainketa Asistentzialen Zerbitzuko burutzako titularra.

–Oinarrizko Osasun Laguntzaren eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zerbitzuko burutzako titularra.

–Osasun barrutiko profesionalen burutzako titularra, idazkari arituko dena.

–Osasun barrutiko harreraren arduraduna.

–Osasun barrutiko gizarte laguntzaren eta eriarentzako arretaren arduraduna.

Kide hautetsiak:

–Zerbitzu, atal eta unitate asistentzialetako burutzen ordezkari bat.

–Fakultatibo espezialista albokoen ordezkari bat.

–Barruko fakultatibo egoiliarren ordezkari bat.

–Ospitaleko erizaintza unitateetako burutzen ordezkari bat.

–Ospitaleko osasun arloko langile tituludunen ordezkari bat.

–Osasun barrutiko osasun arloko langile titulugabeen ordezkari bat.

–Oinarrizko osasun laguntzako taldeetako zuzendaritzetako titularren ordezkari bat.

–Osasun barrutiko oinarrizko osasun laguntzako taldeetako erizaintza unitateetako burutzetako titularren ordezkari bat.

–Oinarrizko osasun laguntzako taldeetako familia medikuen ordezkari bat.

–Oinarrizko osasun laguntzako taldeetako osasun arloko langile tituludunen ordezkari bat.

2. Berezko kideek kargua uztean utziko dute Batzorde Tekniko Asistentzialekoa ere.

Kide hautetsiak lau urtean behin berrituko dira, salbu eta prestakuntzako langile egoiliarra, bi urtean behin berrituko baita.

Kide hautetsiek uko egiten ahalko diote Batzorde Tekniko Asistentzialaren kide izateari, eta baja ematen ahal zaie urteko bileren herena baino gehiagotan justifikaziorik gabe agertzen ez badira, edo hiru bileretan jarraian.”

Sei. 99. artikuluko 3. idatz-zatian, f), g) eta j) letrak aldatzen dira, eta n) letra eta beste lerroalde bat eransten dira. Hona testu berria:

“f) Berrikuntza eta ikerketa.

g) Inbertsioen eta premien plana.

j) Kalitate eta segurtasun adierazleak eta estandarrak, eta asistentzia adierazleak.

n) Aipatutako gaiekin zerikusia izanik, osasun barrutiko Kudeaketa Zuzendaritzak agintzen dion beste edozein.

Kudeaketa Zuzendaritzaren ebazpen baten bidez, beharrezkotzat jotzen diren batzordeak edo lantaldeak eratzen ahalko dira.”

Xedapen iragankor bakarra.–Nafarroako Ospitaleguneko Batzorde Tekniko Asistentzialaren lehenbiziko berritzea.

86.1 artikuluan ezarritakoa betetze aldera, foru dekretu honek indarra hartu ondoren lehenbiziko hauteskundeetan hautetsien artean berritu behar den lehenbiziko erdia hauxe izanen da:

–Arlo klinikoko zuzendarien eta zerbitzu asistentzialetako buruen ordezkarien artean, boto gutxien jaso zituena.

–Atalburuen eta buru klinikoen ordezkarien artean, boto gutxien jaso zituena.

–Albokoen eta fakultatibo espezialisten ordezkarien artean, boto gutxien jaso zituzten hiruak.

–Erizaintza unitateetako burutzen ordezkaria.

–Unibertsitate diplomadunen ordezkarien artean, boto gutxien jaso zituena.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko apirilaren 26an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

Iragarkiaren kodea: F1705064