Iragarkia
91. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 12a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
TUTERA
Tuterako (Nafarroa) Babes Zibileko Boluntarioen Elkartearen Erregelamendua
Tuterako Udalak, 2017ko urtarrilaren 30eko osoko bilkuran, Barne Araubidearen Informazio Batzordeak proposaturik, honako erabaki hau hartu zuen:
1. Gaur egun indarrean dagoen Tuterako Babes Zibileko Boluntarioen Elkartearen Erregelamendua indargabetzea, 1986ko otsailaren 28ko osoko bilkuran onetsi baitzen.
2. Tuterako Babes Zibileko Boluntarioen Elkartearen Erregelamendu berria onestea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
Ikusirik, orobat, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.4 artikuluan ezarritakoa, bertan zehazten baita ez dela nahitaezkoa jendaurreko aldia ematea entitatearen antolamendua ukitzen duten erregelamenduak onesterakoan, eta horixe da hain zuzen oraingo hau.
Ikusirik, orobat, aipatu 6/1990 Foru Legearen 325.4 artikuluan ezarritakoa, bertan zehazten baita ez dela beharrezkoa jendaurreko aldia ematea entitatearen antolamendua ukitzen duten erregelamenduak onesterakoan, eta horixe da hain zuzen oraingo hau.
Kontuan harturik aldaketa horiek behar diren ondorio juridikoak sortu ahal izateko haren testu osoa argitaratu behar dela, aipatu 6/1990 Foru Legearen 325.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Kontuan harturik, orobat, 2017ko apirilaren 27an, 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoa betez, erregelamendu horren testu osoa igorri zitzaiola Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari.
Erregelamendu honen aurka -xedapen orokorra denez- ezin baita errekurtsorik aurkeztu bide administratiboan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107.3 artikuluaren bitartez; aldiz, ondoko errekurtso hauek aurkeztuta inpugnatzen ahal da:
a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Jusitizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Tuteran, 2017ko apirilaren 27an.–Alkatea, Eneko Larrarte Huguet.
TUTERAKO BOLUNTARIOEN UDAL ELKARTEAREN ERREGELAMENDUA
SARRERA
Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak, Tokiko Gobernua Modernizatzeko Neurriei buruzko abenduaren 16ko 57/2003 Legearen bidez aldatuak, bere 21.1.m, 25.2.c eta 26.1.c artikuluetan udaleei eta alkateei eskumenak ematen dizkie babes zibilaren arloan, ahalmena emanez larrialdi egoeran daude pertsonak eta ondasunak babesteko zenbait jarduera egiteko.
Babes Zibilaren Sistema Nazionalari buruzko uztailaren 9ko 17/2015 Legearen xedea da hiritarrak larrialdi eta hondamendien aurrean babesteko sistema nazionalaren funtzionamendua hobetzea eta indartzea, horretarako mekanismoak sendotuz, aurreko legeak aurreikusi bezala (Babes Zibilari buruzko urtarrilaren 21eko 2/1985 Legea, babes zibilerako lehenengo jarduketa araudia ezarri zuena, gerora 17/2015 Legeak indargabetua).
17/2015 Legearen xedea da Babes Zibilaren Sistema Nazionala ezartzea, babes zibilerako politika publikoen koordinazioa, kohesioa eta eraginkortasuna segurtatzeko oinarrizko tresna gisa, eta Estatuko Administrazio Orokorraren eskumenak arautzea arlo horretan. Horregatik, aipatutako legean ezartzen da:
–Babes Zibilaren Sistema Nazionalak bere baitan hartzen ditu Administrazio Publiko guztien babes zibilerako jarduerak, bere eskumenen esparruan, erantzun koordinatua eta eraginkorra bermatzeko.
–Hiritarrek eskubidea dute babes zibilerako arau eta planen prestakuntzan parte hartzeko, beraien interesak ordezkatzen dituzten entitateen bitartez zuzenean, legez edo erregelamenduz ezartzen diren baldintzetan.
–Hiritarren partaidetza, babes zibileko lanetan, boluntariotza entitateen bitartez bidera daiteke, legeetan eta horiek garatzeko erregelamenduetako arauetan ezarritakoari jarraituz.
–Boluntarioen jarduerak, babes zibilaren arloan, partaide diren boluntariotza entitateen bitartez eginen dira, bat etorriz boluntariotzaren araudian ezartzen diren eta ekintza boluntarioaren oinarri diren balore eta printzipioekin eta araubide juridikoarekin, eta betiere haien irizpideak jarraituz. Lankidetza horrek ez du inoiz enplegu harremanik sortuko diharduen Administrazioarekin.
–Botere publikoek boluntarioen partaidetza eta prestakuntza sustatuko dute Babes Zibilaren Sistema Nazionala laguntzeko.
–Babes zibila, segurtasun publikoko politikaren tresna gisa, pertsonak eta ondasunak babesten dituen zerbitzu publikoa da, larrialdi eta hondamendi naturalen nahiz gizakiak nahita edo nahi gabe sortutakoen aurrean erantzun egokia emanen dela bermatzen baitu.
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea.
1. Erregelamendu honen xedea da Tuterako Udalaren Babes Zibileko Boluntarioen Elkartearen antolaketa eta funtzionamendua arautzea, ezertan ukatu gabe arlo horretan Estatuak eta autonomiek dituzten eskumenak.
2. Babes zibil eta larrialdien kudeaketa arloko jarduketatzat jotzen dira, erregelamendu honen ondorioetarako, pertsonak, ondasunak eta ingurumena babesteari begiera egiten diren ekintzak, bai arrisku larriko egoeretan, hondamendietan eta hondamen publikoetan, hala nola, istripu larrietan eta antzekoetan, betiere Tuterako Udalak zuzendutako egitura baten bitartez.
2. artikulua. Tuterako Babes Zibileko Boluntarioen Zerbitzuak.
Babes Zibileko Boluntarioen Zerbitzutzat jotzen da Tuterako Udalaren Babes Zibileko Boluntarioen Elkartean sartutako boluntarioen eta bitarteko materialen multzoa. Haien xedea da herritarren partaidetza bideratzea, libreki eta onginahi hutsez, Babes Zibilaren Sistema Nazionalari buruzko uztailaren 9ko 17/2015 Legean adierazitako babes zibilaren antolaketaren barnean.
3. artikulua. Babes Zibileko boluntarioaren kontzeptua.
1. Elkarteko boluntariotzat joko dira udal honetako Babes Zibileko Boluntarioen Zerbitzuetan libreki eta onginahi hutsez sartzen diren pertsona fisikoak; bertatik babes zibileko eginkizunak, erregelamendu honetan aipatzen direnak, gauzatuko dituzte.
2. Erregelamendu honen esparruan garatzen den jarduera boluntarioa aparte dago hiritar gisa arrisku larriko kasuetan, hondamendietan edo hondamen publikoetan boluntarioei dagokien betebeharretik, Espainiako Konstituzioaren 30.4 artikuluan ezarritakoari jarraituz.
3. Zerbitzuaren prestazioa doakoa izanen da, baina hura egiterakoan sortzen diren gastuak itzultzeko eskubidea izanen da.
4. Boluntarioen jarduerak ez du inoiz ere ordaindutako lana ordezkatuko.
4. artikulua. Ekintza esparrua.
Tuterako Udalaren Babes Zibileko Boluntarioen Elkarteak Nafarroako Foru Komunitateko Larrialdietarako Lurralde Planaren esparruan eginen du lan (aurrerantzean PLATENA), Arrisku berariazkoen aurrean jarduteko prozeduren eta plan berezien baitan, Aginte Bakarretik jasotzen dituen aginduei jarraituz, bai eta Tuterako Udalaren Larrialdi Planean ezarritakoa betez ere.
5. artikulua. Aseguruak eta osasun azterketa.
1. Elkartean jardunean dagoen langile orok aseguru kolektiboa izanen du, Tuterako Udalak aseguru entitate batekin urtero sinatuko duena. Aseguru horrek zerbitzu ekintzetan edo horien ondoriozkoetan gerta daitezkeen kalteak estaliko ditu, bai eta hirugarrenei eragindako kalteen erantzukizuna ere.
2. Udala ordezko erantzule zibil subsidiarioa izanen da elkarteari atxikitako langileei erantzukizun zibila egozten ahal zaien kasu guztietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 32. artikuluan ezarritakoan oinarrituz.
3. Aseguru polizen modalitatea eta kalte-ordainen zenbatekoak Tuterako Udalak finkatuko ditu eta bere gain hartuko du kuotak ordaintzeko erantzukizuna. Aseguruen zenbatekoak urtero eguneratuko dira.
4. Batzordearen bitartez eta aldez aurretik Udalari eskatuta, osasun azterketak eginen dira urtero, elkarteko langileen osasunaren babes eta prebentziorako.
5. Nahitaezkoa izanen da elkarte honetako langileak txertatzea B hepatitisaren eta tetanoen aurka, eta behar diren txertoak hartzea prebentzio gisa elkarteak egiten dituen jardueretan, Tuterako Udalarekin adostu daitezkeen beste batzuez gain. Txerto horiek beste nonbait hartu badira, osasun ziurtagiria aurkeztu beharko da, langile fakultatiboak sinatua.
6. artikulua. Uniformeak, identifikazioa eta materiala.
1. Udalak egin beharreko zerbitzuei egokitutako babes ekipoak eta bitartekoak emanen dizkie elkarteko langileei.
Horiek erosteko esleitutako aurrekontuak erabiliko dira.
2. Boluntarioak uniformea, bereizgarriak eta identifikaziorako txartela (I. eranskinean azaldua) erabiltzeko eskubidea eta betebeharra du, haren parte hartzea eskatzen den ekitaldi publiko guztietan, bereziki larrialdietako esku hartzeetan eta ekitaldi publikoetako prebentzio ekintzetan.
3. Aurreikusitako jarduketa edo ekintza guztietan aritzerakoan, boluntarioak behar bezala uniformatua egon beharko du.
Orobat, Batzordeko kideek eta karguak betetzen dituzten boluntarioek dagokien graduazioaren identifikazioa eramanen dute.
4. Babes zibileko boluntarioak eginkizunetan aritzeko ematen zaien uniformearen eta materialaren gordailuzainak izanen dira. Boluntarioa izanen da erantzulea utzitako uniformea eta materiala gaizki erabiltzeagatik edo ez zaintzeagatik eragindako kalteen aurrean.
5. Boluntarioak bere esku duen uniformea eta materiala itzuliko dizkio Tuterako Udalaren Babes Zibileko Boluntarioen Elkarteari, haiek uztea gomendatzen edo gaitzen zuten inguruabarrak aldatzen badira.
7. artikulua. Araubide juridikoa.
Tuterako Udalaren Babes Zibileko Boluntarioen Elkartea arautuko dute erregelamendu honek, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak, Babes Zibilaren Sistema Nazionalari buruzko uztailaren 9ko 17/2015 Legeak eta aplikatzekoa den gainerako araudiak.
I. TITULUA
Tuterako Udalaren Babes Zibileko Boluntarioen Elkartea
I. KAPITULUA
Tuterako Babes Zibileko Boluntarioen Elkartea
8. artikulua. Babes Zibileko Boluntarioen Elkartea.
1. Tuterako Udalaren Babes Zibileko Boluntarioen Elkartea antolakunde humanitarioa eta altruista da, onginahi hutsez eta elkartasunez aritzen dena, Tuterako hiriko pertsonen, ondasunen eta ingurumenaren alde, babes zibilari dagozkion lanak eginez.
2. Erregelamendu honetan azaldutakoari jarraituz boluntario izaera duten pertsona fisikoek osatuko dute.
3. Elkarteak ez ditu babesten xede erlijiosoa, politikoa edo sindikala duten jarduerak.
4. Alkateak onetsi beharko du Elkartearen eraketa eta eguneratzea edo, kasua bada, horren erantzukizuna duen zinegotzi ordezkariak.
Tramite bera jarraituko da Elkartea desegiterakoan.
5. Tuterako Babes Zibileko Boluntarioen Elkarteak ez du berezko nortasun juridikorik, organikoki alkatearen edo, kasua bada, zinegotzi ordezkariaren mende baitago.
6. Boluntarioen eta udalerriaren arteko harremana doako elkarlana da, onginahi hutsez eta borondatez egiten dena; hori hala, ez dago inolako lan harremanik.
7. Udalbatzak behar diren neurriak hartuko ditu Elkarteak berariazko materiala izan dezan edozein larrialditan esku hartzeko, bereziki garraio, hornidura, logistika, uniforme, prestakuntza eta komunikazioen arloan, bai eta egoitza duina eta bere beharretara egokitua izan dezan ere.
9. artikulua. Helburua.
Tuterako Udalaren Babes Zibileko Boluntarioen Elkartearen xedea izanen da hiritarren partaidetza bideratu eta egituratzea babes zibileko lanetan, erregelamendu honetan azaldutako eginkizunak garatuz.
10. artikulua. Osaera.
Tuterako Udalaren Babes Zibileko Boluntarioen Elkartean parte hartu ahalko dute 18 urtetik gorako pertsona fisikoek. Horiek prest egon beharko dute babes zibileko zerbitzuei dagozkien jardueretan borondatez laguntzeko.
11. artikulua. Jarduteko lurralde eremua.
1. Elkartearen jarduketa eremua Tuterako udal-mugartea izanen da. Eremu hori handitu eginen da baldin eta udalerrien artean lankidetza-hitzarmenak sinatzen badira, hurbiltasun geografikoa, baliabideen urritasuna edo antzeko arriskuak direla medio babes zibileko boluntarioen zerbitzua elkarrekin ematea erabakitzen badute.
2. Jarduteko tokiko eremua handitu ahalko da autonomia erkidegoaren eremuko Babes Zibileko Plan bat aktibatzen denean eta Aginte Bakarrak Babes Zibileko Boluntarioen Tokiko Elkartearen laguntza eskatzen badu; horretarako beharrezkoa izanen da aldez aurretik alkatearen edo Elkartea ordezkatzen duen zinegotziaren baimena izatea.
3. Halaber, jarduteko eremua handitu ahalko da beste udalerri batek Elkartearen esku-hartzea eskatzen badu, betiere alkateak edo, kasua bada, Elkartea ordezkatzen duen zinegotziak aldez aurretik baimentzen badu. Ondorio guztietarako, hitzarmenak sinatu ahalko dira, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen babesean, babes zibileko boluntariorik ez duten udalerrien beharrei, ahal delarik, erantzuteko.
12. artikulua. Eginkizunak.
1. Elkartearen jarduketa, modu iraunkor eta arautuan, larrialdien, hondamendien eta/edo hondamen publikoen kudeaketaren inguruko prebentzio eta ekintza arloan zentratuko da, PLATENAn, Tuterako Udalaren Larrialdi Planean eta arrisku berariazkoei aurre egiteko jarduketa planetan ezarritakoari jarraituz, bai eta Tuterako Udalak eskatutako ekitaldi publikoetan eta entitate horrek antolatzen dituenetan, betiere larrialdiko zerbitzu profesionalei laguntzeko lanak eta/edo lan osagarriak eginez.
2. Larrialdiko zerbitzu profesionalik egon ezean, edo haiek iristeko denbora asko behar denean, larrialdiaren berri izanik eta aldez aurretik dagokion larrialdietarako koordinazio zentroari jakinarazi bazaio, istripu edo ezbeharretan esku hartu ahalko dute behin-behinean; zerbitzu profesionalak agertzen direnean, baina, laguntzeko lanak egitera pasako dira eta haien zuzendaritzapean arituko dira, une horretatik aurrera.
3. Bere xede eta antolaketarekin bat etorriz, Elkartak bete ahalko dituen eginkizunak honako hauek izanen dira:
a) Prebentzioaren arloan:
–Laguntza ematea herriko arriskuen azterlanetan, batez ere eraikin, lokal eta establezimendu publikoei bideratuak daudenetan.
–Zentro horien autobabes planak egiten eta zabalkundea ematen laguntzea.
–Udalaren lurralde planak eta arrisku berariazkoei aurre egiteko jarduketa planak prestatzen eta mantentzen laguntzea.
–Arrisku ezberdinek ukitzen dituzten taldeendako informazio eta zabalkunde kanpainak prestatu eta egitea, Tuterako Udalak emandako jarraibideak betez.
–Prebentzio ekintzetan jardutea (jende pila handietan, basozaintzan, kirol ekitaldietan edo ikuskizunetan eta abar), betiere Larrialdietarako Koordinazio Zentroak koordinatuta (112 SOS Nafarroa).
b) Esku-hartzearen arloan:
–Ohiko larrialdi zerbitzu operatiboei laguntzea, haiek eskatuta.
–Larrialdietan kaltetutakoei laguntzeko lanetan aritzea (ebakuazioa, aterpea, hornidura...), betiere Larrialdietako Zerbitzuak koordinatuta.
–Oro har, PLATENAk eta Tuterako Udalaren Larrialdi Planak arrisku berariazkoetan agindutako lanak egitea.
–Babes Zibileko Boluntarioen Elkarteak garatutako eginkizun horiek “osatu” ahalko dituzte ordaindutako profesionalek egiten dituztenak, baina inola ere ez dituzte ordezkatuko.
–Udalak antolatzen dituen ekitaldi orotan jardutea (gizarte, kultur, festa, kirol arlokoak eta abar).
–Arriskuen prebentziorako informazioa zabaltzea pertsonen eta entitateen artean.
13. artikulua. Jarduketen koordinazioa.
Babes Zibileko Boluntarioen Elkarte biren edo gehiagoren jarduketa bateratuak koordinatuko ditu Aginte Postu Aurreratuko Zuzendaritzak, salbu eta aurretiaz programatutako zerbitzu arruntak badira eta haien xedea batez ere prebentzioa bada; kasu horretan, laguntza eskatu duen udalerriko Babes Zibilerako Zerbitzuaren mendean egonen da jarduketen koordinazioa.
14. artikulua. Mendekotasuna.
1. Tuterako Babes Zibileko Boluntarioen Elkartea alkatearen mende dago zuzenean, bera baita udalerriko babes zibilaren arduradun nagusia, edo, kasua bada, horretarako eskuordetutako zinegotzia.
2. Elkarteak zerbitzuak ematen baditu Tuterako udalerriaz besteko toki entitate batean, entitate horretako agintearekin koordinatuko da.
15. artikulua. Laguntzaileak.
Tuterako Udalaren Babes Zibileko Boluntarioen Elkartean laguntzaileak egon ahalko dira, dituzten ezagutza teknikoak direla eta prestakuntza lanetan edo aholkularitzan ari daitezkeenak, organikoki bertako partaide izan gabe eta haren erregelamenduari loturik egon gabe.
16. artikulua. Egitura.
1. Tuterako Udalaren Babes Zibileko Boluntarioen Elkartea honela egituratuko da organikoki eta funtzionamenduari dagokionez, betiere zerbitzuaren beharren eta eskura dituen giza baliabideen arabera:
a) Ekipoa, gutxienez lau boluntariok osatua; horietako bat ekipoko burua izanen da.
b) Taldea, gutxienez bi ekipok osatua, eta taldeko buru baten kargura.
c) Atala, gutxienez bi taldek osatua, eta ataleko buru baten kargura.
d) Unitatea, gutxienez bi atalek osatua, eta unitateko buru baten kargura.
Egitura hori malgua izanen da eta egokitu eginen da zerbitzuaren beharretara, eskura dauden giza-baliabideetara eta PLATENAn eta Tuterako Udalaren Larrialdi Planean ezarritakora.
2. Tuterako Babes Zibileko Boluntarioen Elkarteak elkarteko buru bat izanen du, bi buruorde eta idazkari bat.
3. Tuterako Babes Zibileko Boluntarioen Elkartearen ekintzen koordinazioa eratuko dute elkarteko buruak eta bi buruordeek, eta haren xedea izanen da zerbitzu operatiboetan parte hartzea eta Tuterako Babes Zibileko Boluntarioen Elkartearen organigrama osatzen duten gainerako unitateekin koordinatzea.
4. Zerbitzu guztietan beti arduradun bat egonen da, jokabide egokia zaindu eta koordinatzeko ardura izanen duena. Edozein esku-hartze bukatutakoan, haren arduraduna zerbitzu partea egiteaz arduratuko da, bai eta langileek erabilitako ibilgailu eta materialak egoera ezin hobean uzten dituztela ere.
17. artikulua. Izendapenak.
1. Alkateak edo Babes Zibileko zinegotzi delegatuak izendatuko du elkarteko burua, Elkarteko kideen artetik, irizpide gisa hartuta bere lidergo-ahalmena, Elkartean duen antzinatasuna eta boluntario lanean lortutako merituak, betiere Batzarra entzun ondotik.
2. Karguetatik kentzeko prozesua izendapen kasuetarako erabiltzen den bera izanen da, salbu eta hutsegite larri edo oso larria egin denean, horrelakoetan kasu horietarako ezarritakoari jarraituko baitzaio.
II. KAPITULUA
Babes Zibileko boluntarioen Estatutua
1. ATALA
Ohar orokorrak
18. artikulua. Langile boluntarioen sailkapena.
Tuterako Babes Zibileko Boluntarioen Elkartea osatzen duten pertsona fisikoak honela sailkatzen dira:
a) Praktiketako boluntarioak.
b) Boluntario operatiboa.
c) Boluntario laguntzailea.
19. artikulua. Praktiketako boluntarioa.
1. Probetxuzko praktikaldia egin behar duen pertsona da. Horretarako, Elkartean sartzeko eskatzen diren baldintzak bete eta Tuterako Udalak ezarritako oinarrizko prestakuntza ikastaro bat eta proba psikoteknikoak gainditu beharko ditu. Boluntario operatiboen eskubide eta betebehar berdinak izanen dituzte ondorio guztietarako, salbu eta agintzeko aukera, langileak zuzentzekoa eta botoa emateko eskubidea.
Eskubide osoko boluntarioen aseguru estaldura bera eduki beharko dute.
2. Eskaera aurkezteak berarekin dakar erregelamendu hau osorik onartzea, eta eskubide osoko kide gisa sartzean esplizituki adieraziko da onarpen hori.
3. Ezinbesteko ezaugarri teknikoak biltzen dituen praktiketako boluntario orok, eskatutako titulazioa badu, jardun ahalko du baldin eta gutxienez boluntario operatibo batekin lagunduta badoa.
20. artikulua. Boluntario operatiboa.
Praktikaldia bukatuta, Batzordeak izendatu eta Batzarrak berritsitako boluntarioa da, Tuterako Babes Zibileko Boluntarioen Elkartean sartzea erabakiko dena. Boluntario horrek une horretatik hasita Elkartetik babes zibileko lanetan erregularki laguntzeko eskubidea izanen du.
21. artikulua. Boluntario laguntzaileak.
1. Dituzten ezagutza teknikoengatik, esperientziagatik eta gaitasunagatik edo Udalaren babes zibileko egiturako beste taldeetan eginkizunak izateagatik, prestakuntza lanetan edo aholkularitzan ari daitezkeen pertsonak dira, edo prebentzio lan eta/edo ekintza jakin batzuetan laguntza berezia eman dezaketenak.
2. Betebeharrak:
–Boluntario operatibo gisa gutxienez ere 10 urtez egon izana.
–Eskaera Batzordeak onetsi beharko du.
Boluntario laguntzaile mota honek behin-behineko zerbitzuak emanen ditu soilik eta boluntario operatiboen eskubide eta betebehar berdinak izanen ditu.
3. Elkarteko egitura organikoaren parte izanen dira eta erregelamendu hau aplikatuko zaie.
4. Boluntario laguntzaileak ordu kopuru jakin bat eta zerbitzu berezi batzuk egin beharko ditu, Batzordeak zehaztutakoaren arabera.
22. artikulua. Batzarra.
1. Batzarrak arruntak edo bereziak izan ahalko dira eta boluntario operatibo eta boluntario laguntzaile guztiek eratuko dituzte.
2. Batzar arruntak urtean bitan eginen dira (bata, herri festak baino lehen eta bestea, urte bukaeran).
Batzar bereziak batzordeak egoki juzgatzen duenean eginen dira, landu beharreko gaien presaren arabera, edo hala eskatzen dutenean bozkatzeko eskubidea duten boluntarioen eta laguntzaileen erdiak eta bat gehiagok, beraien sinaduren bidez.
3. Bozketak eskua altxatuta eginen dira, salbu eta batzarkide bati buruzkoak badira; kasu horretan, bozketa sekretua eta pertsonala izanen da, txartelen bidezkoa edo izenduna.
Eskua altxatuta egiten diren bozketa guztiak sekretuak izateko eskatu ahalko da, baldin eta hizpidea eta botoa duten Batzarreko eskubidedun kideen %10ak hala eskatzen badu.
4. Elkarteko burua edo hura ordezkatzen duenak Batzarra eten ahalko du gorabehera larriren bat gertatzen bada. Ondotik Batzordea bilduko da, gaia aztertzeko eta neurri egokiak hartzeko.
5. Batzordearen erabakiak, elkartean funtzionamendu egokirako interes berezia dutenak, Batzarrak onetsi beharko ditu, bozkatzeko eskubidea duten bertaratutako kideen erdia baino gehiagoren botoarekin.
Berdinketarik egonez gero, Elkarteko buruaren edo hura ordezkatzen duenaren kalitatezko botoak erabakiko du.
Batzordearen erabaki bat ezeztatzeko, beharrezkoa izanen da Tuterako Udalaren Babes Zibileko Boluntarioen Elkartean bozkatzeko eskubidea duten boluntario guztien 2/3ren gehiengo kualifikatua.
Soilik presako erabakiak hartu behar direnean eta batzarrerako deirik egin ezin denean izanen du Batzordeak gaitasuna horrelako erabakiak hartzeko, nahiz eta ondoren Batzarrean zentsuratu eta indargabetu ahalko diren; Batzordeak izanen du hargatik legokiokeen erantzukizuna.
6. Batzarraren eskudantziak:
a) Elkarteko buruaren izendapena proposatzea Alkateari.
b) Elkartearen urteko memoriaren berri izatekoa, Batzordeak aurkeztuta.
c) Batzordearen erabakiei betoa jartzea.
d) Onespena ematea praktiketako boluntarioak boluntario operatibo izatera pasatzeari.
23. artikulua. Batzordea.
1. Batzordeak zuzenduko du Elkartea, Batzarrean bere erabakiei betorik jartzen ez zaien bitartean, eta erregelamendu honetan ezarritakoari jarraituz hautatuko da.
2. Kargu hauek osatuko dute Batzordea:
–Elkarteko burua.
–Operatiboen buruordea: Elkarteko buruarekin lankidetzan arituko da bere egitekoari dagozkion eginkizunetan, eta lehenik eta behin berak ordeztuko du, erregelamendu honetan aurreikusitako kasuetan.
–Logistikako buruordea: Elkarteko buruarekin lankidetzan arituko da bere egitekoari dagozkion eginkizunetan, eta bigarrenik berak ordezkatuko du, erregelamendu honetan aurreikusitako kasuetan. Prestakuntza ikastaroak, bai barrukoak bai kanpokoak, prestatu eta egiteaz arduratuko da.
Bai operatiboen buruordeak bai logistikako buruordeak egiten diren ekintza guztiak prestatu eta zuzenduko dituzte, Elkarteko buruarekin batera; langileek egindako zerbitzuak eta orduak idatziz jasoko dituzte; zerbitzu orduen hileko eta urteko kontaketa eginen dute; eta parteak artxibatuko dituzte.
–Idazkaria, hizpidearekin baina botorik gabe: bere eginkizunak izanen dira batzarretako aktak eta Batzordearen bileretakoak idatzi, sinatu eta artxibatzea; sortzen diren testu guztiak idatzi, bidali eta erregistratzea; bileretan landu behar diren gaien berri ematea; langileen erregistroko fitxetaz arduratzea; Elkartearen artxiboak bere zaintzapean izatea; iragarkien oholean Batzordearen eta batzarren bilkuren aktak jartzea unean-unean.
Aurrekoa gorabehera, Elkarteko edozein kide deitu ahalko du Batzordeak, egoki juzgatzen dituen gaiei buruz argibideak emateko.
3. Elkarteko burua izanen da arduraduna Batzordeko gainerako kideak hautatzeko eta Elkartearen ordezkari legitimoa izanen da, eta haren ikuskaritza, zuzendaritza eta koordinazio eginkizunetan arituko da.
Elkarteko buruaren eskudantziak:
a) Elkarteko erregelamendua betearaztea eta kideen arteko harmonia onari eustea.
b) Idazkariarekin batera Batzarrera eta Batzordera eraman beharreko puntuak proposatzea.
c) Batzordeak eta batzarrak hasi, eten eta bukatzea, bai eta haietan moderatzaile gisa aritzea ere.
d) Eskatzen diren ekintzak eta esku-hartzeak erabakitzea.
e) Elkartearen urteko memoria idaztea, Batzordearekin bildu ondotik, zeina publiko eginen baita, Batzar arruntean haren berri eman ondotik.
f) Kargu hartzea, ahoz nahiz idatziz, erregelamendu hau hausten duten boluntarioei, eta ondotik iragarkien oholean horren berri ematea.
g) Ordainagiriei oniritzia ematea.
h) Tuterako Babes Zibileko Boluntarioen Elkarteko gastuen aurrekontuak aztertu eta Udalari proposatzea.
i) Tuterako Babes Zibileko Boluntarioen Elkarteko gastuen proposamenak Udalari proposatzea.
j) Boluntarioek eskatuta, Tuterako Babes Zibileko Boluntarioen Elkartean egindako lanak eta historiala frogatzeko merezimenduen ziurtagiriak egitea, alkateak edo zinegotzi ordezkariak sina ditzan (ikus 29.f artikulua).
4. Batzordearen eskudantziak:
a) Elkarteko buruak agindutako aferei buruz erabakiak hartzea.
b) Tuterako Babes Zibileko Boluntarioen Elkartean sartzeko eskabideak onartzea.
5. Batzordeko karguak onartzea eta betetzea:
Batzordeko partaide izateko hautatuek idatziz adierazi beharko dute kargua onartzen dutela eta erregelamendu hau bete eta betearaziko dutela.
6. Ezin dira Batzordeko partaide izan:
a) Praktiketako boluntarioak.
b) Laguntzaileak.
c) Hiru hutsegite larri edo bi oso larri egin dituztenak.
d) Boluntario gisa bi urtetik beherako antzinatasuna dutenak. Dena dela, Batzordeak gaitasuna izanen du baldintza hori betetzen ez duten boluntarioen izendapena Alkatetzari edo haren ordezkariari proposatzeko, egokitzat jotzen duenean dituen ezagutzengatik edo erakutsitako nortasunarengatik.
7. Elkartearen batzarretara joateko betebeharra:
Batzordeko kide oro behartua dago batzarretara joatera. Ezin badu joan, gutxienez 24 ordu lehenago abisatu beharko du. Ez dela agertuko abisatzen ez badu, eta lehen aldia ez bada, ohartarazi eginen zaio.
Orobat, bilkura guztietara joatera behartuta daude.
8. Iraupena:
Batzordetik ateratzen diren kideek, ezinbestekoetan salbu, beren karguetan iraunen dute hautatu berriak sartu arte, egunean jartzeko haien egitekoei eta gauzatzeke dauden proiektu eta kudeaketei buruz, hain zuzen ere betebeharrak eta jakin beharrekoak erabat eskualdatzen diren arte. Epe hori ez da sei hilabete baino gehiago luzatuko.
9. Lanpostu hutsak:
Batzordeko lanpostu hutsak Elkarteko buruak aukeratzen duen pertsonarekin ordezkatuko dira.
10. Bilkurak:
Batzordea bilduko da lehendakariak edo Elkarteko kideren batek eskatzen duen aldiro.
11. Quoruma:
Batzordeko bilkura arruntetan Elkarteko buruak, idazkariak eta buruordeetako batek egon beharko du, hartzen diren erabakiak baliozkotzat jo daitezen.
12. Mantentze-lanetako arduradunak: Batzordeak boluntarioen eta laguntzaileen artetik aukeratuko ditu mantentze-lan hauen arduradunak:
–Botika-kutxa/erizaintza.
–Ibilgailuak.
–Egoitza.
–Jantziak.
–Txirrindularien unitatea.
–Uretako unitatea.
–Esku-hartze unitatea.
–Su-itzaltze unitatea.
–Zerbitzuak eta guardiak.
–Etorkizunean sor daitezkeenak.
24. artikulua. Berme Batzordea.
Batzordearen organo aholkularia da, Batzordeak kontuan hartzen dituen barne gatazka eta aferetarako.
Lau boluntariok osatuko dute, antzinatasun, esperientzia eta gaitasun nahikoarekin. Boluntario operatiboak eta boluntario laguntzaileak izan ahalko dira bertako kideak.
Elkarteko buruak hautatuko ditu bere kideak, Elkarteko kideen artetik.
Batzordeak eskaturik billduko da.
2. ATALA
Boluntario bihurtzea eta izaera hori galtzea
25. artikulua. Boluntarioaren baldintzak.
Babes Zibileko boluntarioaren izaera lortzeko, baldintza hauek bete behako dira:
a) Hemezortzi urte beterik izatea Elkartean sartzen den unean.
b) Tuterako Babes Zibileko Boluntarioen Elkartean sartzeko eskabidea idatziz egitea, eta horrekin batera adierazpena aurkeztea, bertan adieraziz ez dagoela epai irmo baten bidez eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua. Eskabidean konpromisoa adieraziko du erregelamendu hau eta Babes Zibilari eta Boluntarioei buruz indarrean den araudia beteko dituela eta agintzaritza eskudunak edo goragoko agintariek manatzen dizkioten eginbeharrak eta jarraibideak beteko dituela.
c) Bere lanpostuari edo postu zehatzari berezkoak zaizkion eginkizunak normaltasunez betetzea eragozten dion gaixotasun, akats fisiko, psikiko edo sentsorialik ez izatea; Batzordeak osasun ziurtagiria eskatu ahalko du.
d) Oinarrizko prestakuntza ikastaroa gainditzea.
e) Tuterako Babes Zibileko Boluntarioen Elkarteak izangaiaren egokitasuna egiaztatzeko ezarritako proba psikoteknikoak gainditzea.
f) Tuterako Babes Zibileko Boluntarioen Elkartean sartzeko eskabide oro onartua edo baztertua izanen da Batzordearen iritziaren arabera, izangaiarekin elkarrizketa izan ondotik. Baiezko kasuan, praktiketako izangaia behartua egonen da, Elkartean aurkezten denetik hasita, erregelamendu hau betetzera eta baita Batzordean eta Elkartean hartzen diren erabakiak errespetatzera ere.
g) Babes Zibilaren arloarekin zerikusia duten titulazioak dituztenak berehalakoan sartu ahalko dira Tuterako Babes Zibileko Boluntarioen Elkartean, Batzordeak aldez aurretik baiezko balorazioa eginda, eta horretarako oinarrizko prestakuntza ikastaroa egin beharko dute sarrera egunaren ondotik egiten den lehenengo deialdian; salbuetsita geldituko dira titulazio egokia duten gaietaz.
26. artikulua. Izendapena.
Praktikaldia gaindituta, Batzordeak Elkarteari aurkeztuko dizkio praktiketako boluntario izatetik boluntario operatibo izatera pasa direnak; une horretan, identifikazio kodea emanen zaie.
27. artikulua. Absentzia justifikatua, borondatezko baja eta aldi baterako baja.
–Absentzia justifikatua:
Aldi baterako edo luzaz ez bada agertu behar edo frogatutako arrazoiengatik zerbitzua bertan behera utzi behar bada, behar besteko denboraz abistuko zaio zerbitzuaren arduradunari edo Batzordeari; horiek salbuetsiko dute izan ditzakeen erantzukizunetatik.
–Borondatezko baja, behin betirakoa:
Boluntario operatiboak edo boluntario laguntzaileak, bere borondatez baja hartzen badu eta hura errebokaezina bada, bai eta kanporatuak ere, elkartean dituen eskubide guztiak galduko ditu eta daukan uniformea, osorik (zapatak izan ezik), bai eta identifikaziorako dokumentuak ere, itzuli beharko ditu 30 egun naturaleko epean, eskabidearen egunetik edo kanporatu zuten data irmotik kontatzen hasita.
Horrela egiten ez badu administrazio bidetik erreklamatu ahalko zaio.
Behin betiko bajan dagoen boluntario operatiboak edo boluntario laguntzaileak bi urteko epea izanen du berriz ere elkartean sartzeko, oinarrizko prestakuntza ikastaroa egin beharrik izan gabe, eta lehengo egoera berreskuratuko du. Batzordeak baloratuko du berriro Elkartera itzuli den boluntarioak prestakuntza motaren bat egin behar duen sartu aurretik.
Aukera honetatik salbuetsita daude lehenago kanporatuak izan direnak.
–Aldi baterako baja:
Boluntario operatiboak edo boluntario laguntzaileak aldi baterako baja eskatu ahalko du arrazoi pertsonalengatik, urtean 3 hilabeteko gehieneko eperako.
Orobat, aldi baterako baja eman ahalko zaio, bidezkoa bada erregelamendu honetan eta babes zibilaren arloan maila handiagoko legeetan ezarritako diziplina arauak aplikatzearen ondorioz.
Epe horretan, Batzordeak erabakiko du zein izanen den haren parte-hartzea zerbitzuetan, guardietan edo prebentzio ekintzetan (herriko festak, Eguberriak eta abar).
Aldi baterako baja boluntarioak eskatu badu, zuzenean berriz ere sartzeko eskubidea izanen du, baja eskatzerakoan zegoen balditza berberetan.
28. artikulua. Boluntario izaera galtzea.
1. Boluntarioak honako arrazoi hauengatik galduko du boluntario izaera:
a) Norberak eskatuta.
b) Elkartean sartzeko baldintzetariko bat betetzez uzteagatik, bere eginkizunetan aritzea eragozten badio.
c) Bidezkoa den kasuetan, erregelamendu honetan ezarritako diziplina arauak aplikatuta.
2. Kanporatua izatearen ondoriozko bajak Elkarteko buruak proposatuta tramitatuko dira, banan banako espedientean eta interesdunari entzun ondoren.
3. Edonola ere, boluntarioaren izaeraren galera erabaki eta jakinarazita, interesdunak identifikazio txartela itzuli beharko du berehala, bai eta boluntario zelarik jasotako material eta jantzi guztiak ere. Interesdunak Elkartean egindako zerbitzuen ziurtagiriak eskatu ahalko ditu.
4. Kanporatutako langileak erregelamendu honetan jasotako eskubide guztiak galduko ditu. Bidezko alegazioak aurkeztu ahalko ditu, 15 eguneko epean, kanporaketaren jakinarazpena jaso eta biharamunetik kontatzen hasita. Idazkia Batzordeari aurkeztuko dio eta honek hilabeteko epean ebatziko du.
Jakinarazpenetarako, probatzat balioko dute posta elektronikoaren bidez interesdunari egiten zaizkion jakinarazpenak.
3. ATALA
Boluntarioen eskubideak eta betebeharrak
29. artikulua. Eskubideak.
a) Tuterako Babes Zibileko Boluntarioen Elkarteko jarduerak sortzen dizkion gastuak kobratzekoa; ekintzaren plangintza eta antolaketa zein administrazio publikori dagozkion, horrexek ordaindu beharko ditu gastu horiek.
b) Administrazio publikoak asegurua bermatzekoa. Bertan jasoko dira kalte-ordainak urritasun fisikoagatik, baliaezintasun iraunkorra edo aldi baterakoa izateagatik, heriotzagatik eta osasun eta botika laguntzagatik, aurre egiteko bere eginkizunetan ari delarik etor lekiokeen edozein arriskuri, bai eta hirugarrenei eragindako kalteen erantzunkizunagatik ere.
c) Tuterako Babes Zibileko Boluntarioen Elkarteko boluntario izaeraren identifikazio txartela izatea, Tuterako Udalak emanen baitu. Praktiketako boluntarioek horrela identifikatuko dituen bereizgarri bat eramanen dute, txartelaren ordez.
Bereizgarri horien helburu bakarra agiri jabea Babes Zibileko boluntarioa dela adieraztea da, eta zorrozki mugatuta dago agiriaren erabilera, ezin baita beste xede batzuetarako erabili.
d) Aktiboki parte hartzea Elkartean, bai eta lanean diharduen programetako diseinuan, garapenean eta ebaluazioan ere.
e) Boluntario gisa dituen eginkizunak betetzeko behar beste informazio eta prestakuntza jasotzea.
f) Merezimenduen ziurtagiria izatea, bertan Elkartean egindako lanak eta bere historiala egiaztatuta. Alkatetzak edo Babes Zibileko zinegotzi ordezkariak emanen dute.
g) Elkartearen erregelamendutik eta arau osagarrietatik, eta gainerako ordenamendu juridikotik ondorioztatzen diren guztiak.
30. artikulua. Betebeharrak.
Tuterako Babes Zibileko Boluntarioen Elkarteko boluntarioek betebehar hauek dituzte:
a) Beraien lana ahalik eta arreta, ahalegin eta interes handienarekin egitea.
b) Tuterako Babes Zibileko Boluntarioen Elkarteko aginte egitura errespetatzea, eta eraginkortasun handiagoa izan dezan laguntzea, larrialdi kasuetan Elkarteko buruak edo dagokion agintariak eskatuta ahalik eta arinen azalduz biltzeko tokira, eta, orobat, Tuterako Babes Zibileko Boluntarioen Elkarteko hierarkiako bere nagusi hurrenak ematen dizkion jarraibideak betetzea.
c) Babes Zibileko boluntarioak edo laguntzaileak ez dira inolaz ere elkarteko kide gisa arituko zerbitzu ekintzetatik kanpo. Dena den, modu pertsonalean eta elkartearekin loturarik izan gabe aritzen ahalko dira herritar gisa dituzten betebeharrekin lotutako kasuetan, eta, halakoetan, boluntario lanean lortutako ezagupenez eta esperientziez baliatuko dira.
d) Ekintza, bilkura eta esku-hartze guztietan ahalik eta ordena, begirune, gizalege eta edukaziorik handiena gordetzea, une horretan lanean ari diren herritarrekin eta gainerako erakundeekin.
e) Errespetatzea Batzordea, elkartea oro har eta bere kideak bereziki. Orobat, Batzordea errespetatzea, Elkartearen legezko ordezkaria den aldetik eta gainerako boluntario eta laguntzaileak ere, lankide diren aldetik.
f) Batzar guztietara joatea.
g) Zerbitzuan dagoen aldiro kasu bakoitzean eskatzen den uniforme osoa eramatea. Ezin izanen du agerian eraman elkarteko uniformeari ez dagokion arropa edo sinbolorik.
h) Boluntarioaren betebeharra da uzten zaizkion material eta ekipamenduak baldintza onetan mantentzea eta zaintzea. Gaizki erabiltzearen edo ardurarik ezaren ondoriozko kalteak boluntarioaren erantzukizuna dira eta beraien kontura izanen dira.
i) Elkartean, urteko gutxieneko 80 zerbitzu orduak egitea, agintzen zaizkion jarduerak eginez.
j) Pertsonak, ondasunak edo ingurumena arriskuan jartzen dituen egintza ororen berri ematea Elkarteko arduradun edo agintariei.
k) Beraien jardueretan ari direlarik eskura duten informazioari buruzko diskrezioa mantentzea.
l) Antolatzen diren prestakuntza jardueretan parte hartzea, haien lana hobeki egiteko trebakuntza jaso dezaten.
m) Edozein motatako kontraprestazio ekonomikoak baztertzea.
n) Boluntario jarduerarekin lotutako programa eta jardueren programazioan eta ebaluazioan parte hartzea.
ñ) Zerbitzu ekipamenduak eta bereizgarriak, beren kategoriari dagozkionak, erabiltzea, haren parte hartzea eskatzen den ekitaldi publiko guztietan, identifikatu ahal izateko.
o) Elkarteari eta dagokien unitateei esleitutako materiala, ekipamendua eta ibilgailuak erabiltzeko baldintza onetan mantentzea.
p) Ezartzen zaizkion zehapenak betetzea.
q) Edozein esku-hartze bukatzean, zerbitzuko arduradunak dagokion partea eginen du.
4. ATALA
Sariak eta zehapenak
31. artikulua. Jokabidearen balorazioa (merezimenduak eta hutsegiteak).
1. Jarduera altruista, solidario eta irabazi asmorik gabeak sari guztiak baztertzen ditu, baina ez du eragozten boluntarioaren merezimenduak aintzat hartu eta adieraztea, ohorezko ondorioei begira.
Merezimenduzko jokabideen balorazioa gauzatzeko, Udalak edo beste administrazio publiko batzuek aitorpen publikoak egin, zoriondu eta diplomak edo dominak eta beste goresmen sari batzuk emanen dituzte.
2. Merezimenduzko jokabide horiek goraipatzeaz gain, boluntarioek egiten dituzten hutsegiteek dagozkien zehapenak izanen dituzte.
3. Bai goresmen sariak bai hutsegiteak eta dagozkien zehapenak boluntarioaren espediente pertsonalean jasoko dira.
4. Alkatea edo Babes zibileko zinegotzi ordezkaria izanen da arduraduna, Elkarteko buruak proposatuta, merezimenduzko jokabideak baloratu eta emateko.
32. artikulua. Goresmen sariak.
1. Ohiz kanpoko jokabideak, zerbitzuan ohikoa baino dedikazio maila handiagoa eskatu duten kasuetan, bai interesdunaren bizitza edo osotasun fisikoa arriskuan jarri duten salbamenduko edo babes zibileko lanak egiteagatik, bai pertsonaren heriotza edo baliaezintasuna ekarri duten ekintzak egiteagatik, edo baita babes zibileko lanetan lankidetzan izandako etengabeko ibilbideagatik ere, sarituak eta goretsiak izan ahalko dira, betiere interesdunak ez badu zerbitzuan doloz, zuhurtziagabetasunez edo trebetasun-faltaz jokatu.
2. Goresmen sariak honako hauek izan ahalko dira:
a) Babes Zibilaren Sistema Nazionalari buruzko uztailaren 9ko 17/2015 Legean ezarritako kondekorazioak (uztailaren 10eko Estatuko Aldizkari Ofiziala, 164. zk.).
b) Espainiako Babes Zibileko Boluntarioen Elkarteen Elkarte Nazionalak (ANAV) ematen dituen kondekorazioak: Alkateak gai horretan eskumena duten organoei eskatuko dizkie, ANAVeko Aitortza eta Ohore eta Kondekorazioen Erregelamenduan eskatutako baldintzak betetzen dituzten boluntarioendako, ANAV babes zibileko Aitortza, Ohore, Kondekorazio, Bereizgarri, Intsignia eta protokolo piezen Katalogoan agertzen diren kondekorazio guztiak.
c) Udalak arautzen dituen kondekorazioak:
Tuterako Babes Zibileko Boluntarioen Elkartean 5 urteko antzinatasun iraunkor eta etengabea gainditzen duten boluntarioei dedikazio eta iraunkortasunaren metopak eta pinak emanen zaizkie. Ekitaldi publikoan zur nobleko metopa emanen zaie, Tuterako Babes Zibileko Boluntarioen Elkartearen ezkutua duena, etengabeko dedikazioagatik.
Tuterako Babes Zibileko Boluntarioen Elkartearen ezkutua duen urrezko pina ekitaldi publikoan emanen zaio Tuterako Babes Zibileko Boluntarioen Elkartean 10 urteko antzinatasun iraunkor eta etengabea gainditzen duen boluntarioari.
33. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
1. Erregelamendu honen aurkako arau-hausteak zehatuko dituzte, betiere interesdunari entzunaldia emateko prozeduraren izapideak egin ondotik, honako hauek:
a) Elkarteko burua: kargu-hartzeak direnean edo hutsegite arinetan zerbitzuak egiteko, edo hutsegite larrietan zerbitzuak edo guardiak egiteko.
b) Alkateak edo, kasua bada, Babes Zibileko zinegotzi ordezkariak: gainerako zehapenak.
2. Hutsegite arinak:
2.1. Honela zehatuko dira:
a) Hitzez edo idatziz kargu hartzea.
b) Zerbitzuak edo guardiak egitea, bi gehienez ere, orduak kontatu gabe.
c) Zerbitzutik baztertzea, hilabetetik hiru hilabetera.
2.2. Hauek dira hutsegite arinak:
a) Uniformea behar ez bezala erabiltzea.
b) Batzordeko kideen edo aginteen esanak ez betetzea, betiere ez badu arrisku larririk eragiten ematen ari den zerbitzuan.
c) Telefonoguneko telefonoa eta transminiso ekipoak behar ez bezala erabiltzea, Elkarteko materiala baimenik gabe erabiltzea edo transmisioei kasurik ez egitea.
d) Bere barrutitik ateratzea, horretarako baimenik gabe.
e) Batzarrean Elkarteak merezi ez duen mintzaira ezegokia erabiltzea, eta bere lankideekin desegoki aritzea.
f) Beste boluntario edo lankide batzuen hutsegiteak estali edo simulatzea, beraien betebeharrei dagokienez.
g) Elkarteari ematen dion ohiko laguntza borondatez urrituz joatea etengabe.
h) Zerbitzu eta guardietan puntualtasun faltak egitea behin baino gehiagotan, betiere hasteko ordua hamabost minututan gainditzen bada.
i) Lankideekin desegoki eta errespetu faltaz jokatzea, egoitzaren barnean eta zerbitzuak egiten egon gabe.
j) Batzarretara justifikaziorik gabe huts egitea.
3. Arau-hauste larriak:
3.1. Honela zehatuko dira:
a) Zerbitzuak edo guardiak egitea, sei gehienez ere, orduak kontatu gabe.
b) Zerbitzutik baztertzea, hiru hilabete eta egun batetik sei hilabetera.
c) Edozein kargu betetzeko desgaitasuna, bi urte iragan arte.
3.2. Hauek dira hutsegite larriak:
a) Zerbitzua bertan behera utzi edo utzikeriaz aritzea, bidezko arrazoirik gabe edo zerbitzura ez dela agertuko behar besteko denboraz ez jakinaraztea.
b) Jendea behar den zuzentasun eta diligentziaz ez hartzea.
c) Jendearekin ezegoki jokatzea zerbitzuan dagoelarik edo uniformearekin.
d) Zerbitzuan dagoelarik jolasean edo denbora-pasa ibiltzea, agindutako lanari behar besteko arretarik eskaini gabe.
e) Batzordeko kideen edo aginteen esanak ez betetzea, horrek arrisku larria badakar zerbitzurako edo hura ematen ari den langileendako.
f) Agintekeria.
g) Zerbitzuetan biraoak botatzeko ohitura izatea.
h) Elkartearen materiala hondatzea, modu desegokian erabili ondotik erabiliezin gera litekeena.
i) Ibilgailuetan Elkartekoak ez diren pertsonak garraiatzea, bai eta ibilgailuak beste xede batzuetarako erabiltzea, salbu eta erien eta/edo istripua izan dutenen laguntzaileak badira.
j) Elkartearen lanabes, tresna, ibilgailu, aparatu, uniforme eta dokumentuak desagerrarazi, erabiliezin utzi, suntsitu edo hondatzea.
k) Istripu larriak eragitea, zabarkeria edo zuhurtziagabekeria desenkusaezinagatik.
l) Elkartearen datu eta informazioak nahita faltsutzea.
m) Urtebetean bi hutsegite arinengatik zehatua izatea.
n) Batzarretara ez joatea, bidezko arrazoirik gabe eta behin baino gehiagotan.
o) Iruzurra eta konfiantza-abusua agindutako kudeaketetan, bai eta hutsegitea dakarren beste edozein jokabide ere.
4. Hutsegite oso larriak:
4.1. Honela zehatuko dira:
a) Zerbitzuak edo guardiak egitea, hamabi gehienez ere, orduak kontatu gabe.
b) Zerbitzutik baztertzea, sei hilabete eta egun batetik hamabi hilabetera.
c) Edozein kargu betetzeko desgaitasuna, bost urte iragan arte.
d) Behin betiko kanporatzea.
4.2. Hauek dira hutsegite oso larriak:
a) Zerbitzu eginkizunetan mozkorturik edo liskarrean aritzea.
b) Zehapenak direla eta agindu zaizkion zerbitzuak egin nahi ez izatea.
c) Elkartean dagoen bitartean delitu batengatik kondenatua izatea, salbu eta zirkulazio istripuen ondoriozko kondenak badira.
d) Zerbitzuaren betebeharrak bidezko arrazoirik gabe betetzeari uztea.
e) Batzordeko karguen botereak iruzurrez ordeztea.
f) Urtebetean bi hutsegite larrirengatik zehatua izatea.
5. Arau-hausteek preskribatuko dute:
a) Arinak, hiru hilabeteren buruan.
b) Larriak, sei hilabeteren buruan.
c) Oso larriak, urtebetearen buruan.
Preskripzio epea kontatzen hasiko da, arau-haustea egin den egunetik hasita.
6. Zehapenek preskribatuko dute:
a) Arinak, hilabetearen buruan.
b) Larriak, sei hilabeteren buruan.
c) Oso larriak, urtebetearen buruan.
Dena dela, artikulu honen 3.m) eta 4.f) ataletan ezarritakoa bete ahal izateko, hemen zehazten den preskripzioak ez du eragotziko atal horietan ezarritako epeen kontaketa.
7. Hutsegite larrien edo oso larrien kasuan, botorako eskubidea ere galduko da, bai eta Babes Zibileko edozein instalaziotara sartzeko eta Elkartearen materiala erabiltzeko aukerak ere.
34. artikulua. Interesdunaren defentsa.
1. Erregelamenduko zehazpen horietan guztietan, boluntarioak eskubidea du zehapen prozedura justu eta zuzena izateko, une oro bere defentsa bermatuko duena, zehapen prozedurak arautzen dituen araudi orokorrarekin bat. Prozedura hori barne espedientearen bidez eginen da, Elkarteko buruaren eskumeneko prozedura baldin bada, eta Alkatetzaren hasierako ebazpenaren bidez, bertan izendatuko baitu zehapen prozeduraren instruktorea Batzordeko edo Berme Batzordeko kideen artetik, Alkatetzaren eskumeneko prozeduretan.
2. Espedientepeko boluntario edo laguntzaileak hamabost egun naturaleko epea izanen du gehienez ere, bere defentsan edozein frogabide idatziz alegatzeko eta instruktoreari aurkezteko.
3. Jasotako informazioak ikusita, instruktoreak justizian bidezkoa den ebazpen proposamena eginen du, dagokion zehapenarekin batera, eta Alkateari aurkeztuko dio, sina dezan.
Kautela-neurri gisa, espedientepeko boluntarioari eskudantziak eten ahalko zaizkio, zehapen prozedurari hasiera ematen dion ebazpenean. Kautelazko eteteak iraun duen denbora kendu eginen zaio behin betiko zehapeneko denborari.
4. Zehapena jaso duen langileak legez ezarritako epeak izanen ditu ebazpen zehatzailea inpugnatzeko.
5. Ebazpen zehatzaileak idatziz jakinaraziko dira, eta haietan data eta ordua adieraziko dira. Interesdunak kopia sinatu beharko du eta Batzordeari eman, espediente pertsonalean sar dezan.
Dena dela, jakinarazpenaren balioa izanen dute boluntario interesdunaren posta elektronikoan egindako jakinarazpenek.
6. Zehatutako boluntarioak ez du laguntzarik emanen, ezarri zaion zehapena betetzen ez duen bitartean.
III. KAPITULUA
Prestakuntza
35. artikulua. Etengabeko prestakuntza.
Tuterako Babes Zibileko Boluntarioen Elkarteak bere kideei etengabeko prestakuntza emanen die. Hona hemen:
a) Eguneratze-ikastaroak, Elkarteko kideen jakite-maila mantentzeko xedearekin, garatu edo aldatu diren gaiei buruz.
b) Espezializazio ikastaroak, arlo edo lan jakin batzuetan sakontzeko xedearekin, Elkarteko kideek jakin beharrekoak badira.
c) Aldian behin birziklatze ikastaroak emanen dira, Elkartearen lan eremu diren alor ezberdinei buruzkoak. Gutxienez bi urtean behin eginen dira eta nahitaezkoak izanen dira. Langileek justifikaziorik gabe ikastaroak egiten ez badituzte osasun eta erreskate zerbitzuetatik baztertuta geldituko dira.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Estatutu hauei gehitu ahalko zaizkie bidezko juzgatzen diren eranskin guztiak, bertan ezarritako puntu jakin batzuk zabaldu edo osatzeko, edo erregelamenduan jaso gabeko gaiak erabakitzeko. Eranskinen onespenak erregelamendu honen tramite bera jarraituko du.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.–Alkatetzak edo Babes Zibileko zinegotzi ordezkariak erregelamendu hau garatzeko edo aplikatzeko behar diren jarraibide eta gidalerroak emanen ditu.
Bigarrena.–Erregelamendu honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean, betiere apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 artikuluan, Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduko 196.2 artikuluan ezarritakoarekin bat (azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuak onetsia), ezarritako hamabost egun balioduneko epea iragan bada; bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun iragandakoan hartuko du indarra.
Hirugarrena.–Osoko bilkurak onetsi ondotik (Tuterako Babes Zibileko Boluntarioen Batzarrak aldez aurretik onetsita), erregelamendua Nafarroako Babes Zibileko Boluntarioen Zerbitzuen Erregistrora igorriko da, balidatzeko eta artxibatzeko.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe utzi da Babes Zibileko Boluntarioen Udal Elkartearen Erregelamendua, 1986ko otsailaren 28ko osoko bilkuran onetsia, bai eta hemen ezarritakoari aurka egiten dion araudi oro.
I. ERANSKINA
Identifikazio txartela
Eranskin honetan elkarte honetako boluntarioak identifikatzeko eredua ematen da.
Formatua: horizontala.
Neurriak: 85 x 54 mm.
Materiala: plastikoa.
Irudiak babes zibileko kolore arautuekin.

Iragarkiaren kodea: L1705110
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
