91. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Deialdia, zentro laguntzaileetan egindako lehiaketaren bitartez aukeratutako korrespontsal berriemaileei sariak emateko. 2016-2017ko ikasturtea

Iruñeko Udaleko Herritarren Partaidetzako, Berdintasuneko eta Gizartea Ahalduntzeko Alorreko zinegotzi ordezkariak deialdia onetsi zuen 2017ko apirilaren 11n, 2016-2017ko ikasturtean Iruñeko ikastetxe eta ikasle-egoitza nagusietan egindako lehiaketaren bitartez aukeratutako korrespontsal berriemaileei sariak emateko.

Deialdi honen xedea da prozedura bat garatzea, 2016-2017ko ikasturtean zentro laguntzaileetan egindako lehiaketaren bitartez aukeratutako korrespontsal berriemaileei sariak emateko, Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorrarekin bat.

1.–Xedea.

Behin aipatu lehiaketa egin eta gero, zeina 2016ko urriaren 4ko RES 04 OCT 16 (1/ES) ebazpen bidez onetsi baitzen, Iruñeko Udalaren asmoa da hainbat sari ezartzea, lehiaketa horretan aukeratu diren korrespontsal berriemaileei emateko, beren zentroan korrespontsalia berriemailea abiatzeagatik.

2.–Sari-modalitateak.

Korrespontsal berriemailearen kategoria ezarri da, modalitate generiko gisara, programa zein zentrotan garatzen ari den eta horietako bakoitzean.

Modalitate horren barruan, eta epaimahaiak proposaturik, sari gehigarri bat ezarriko da, ikasturtean zehar kasuan kasuko zentroko Korrespontsalia abiatzean eta horri segida ematean gailendu den korrespontsal-taldeari emateko.

Salbuespen gisara, baldin eta zentro laguntzaile interesdunek hala eskatzen badute, betiere I. Eranskinarekin bat, epaimahaiak baimendu ahalko du saria ordaintzea entitate juridiko eskatzaileari, proiektuaren garapenean egondako inguruabar bereziak direla-eta.

Bukatzeko, beste modalitate bat ezarri da, bere korrespontsal berriemaileei gehien laguntzen dieten zentroak saritzeko.

3.–Diru-zuzkidura.

Deialdi honek 26.200 euroko gehieneko aurrekontu-kontsignazioa izango du sarietarako, Udalaren Aurrekontuko 90/23990/480000 partidaren kargura.

Kopuru hori zuzenean banatuko da, eskudirutako sarietan, honako era honetan:

–Oinarri hauetan eskatutako baldintzak betetzen dituzten korrespontsal berriemaileendako sariaren zuzkidura 300na euro izanen da.

–Bestalde, Epaimahaiaren iritziz ikasturtean zehar Korrespontsalia abiatzean eta horri segida ematean gailendu den korrespontsal-taldeari 150 euroko sari gehigarria emanen zaio, taldekide bakoitzeko.

Kopuru horiei dagokien atxikipena aplikatuko zaie, PFEZ dela medio.

Zentro laguntzaileek salbuespen gisara hala eskatzen dutenean, saria entitate juridiko eskatzaileari transferituko zaio zuzenean, halako kasuetan non zentro horietako ikasleen ezaugarriak direla medio, programa talde-lanean gauzatzen den (I. Eranskina).

Halaber, kategoria berezi bat ezarriko da, bere korrespontsal berriemaileei gehien lagundu dieten zentroak saritzeko, honako banaketa honekin bat:

–Zentro hoberenari, 300 euroko txartela, liburuak edo eskola-materiala erosteko.

–100 euroko lau txartel, programa honetako Epaimahaiak egindako balorazioaren arabera hautatutako lau zentroetarako, liburuak edo eskola-materiala erosteko.

4.–Hautagaien betekizunak eta betebeharrak.

Lehiaketa honetan parte hartzen ahal dute zentro laguntzaileetan gazteei informazioa helarazteko korrespontsaliei buruzko programa garatzeko lehiaketan hautagai izaera lortu duten gazteek, Herritarren Partaidetzako, Berdintasuneko eta Gizartea Ahalduntzeko Zinegotzi Ordezkariak emandako RES 27-ENE-17 (1/ES)-ebazpenekin bat.

Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluan xedatutakoarekin bat, laguntza hauen izaera berezia dela-eta onuradunei ez zaizkie aplikagarri izanen arau horietan ezarritako debekuak.

Deialdi honen onuradun izan ahal izateko, korrespontsal-berriemaileak 2017ko maiatzaren 30era arte eutsi beharko dio proiektuari -zein proiektutarako hautatua izan eta hori abiatzen bukatutakoan-, eta Gazteendako informazio bulegora joan beharko du gutxienez ezarritako aldietan; horrez gain, proiektua amaitzean, egindako jardueraren bukaerako memoria aurkeztu beharko dio programaren kudeatzaile-taldeari.

5.–Eskaerak.

Eskabidea, egindako jardueraren memoriarekin batera, programaren kudeatzaile-taldeari aurkeztuko zaio, Gaztediaren Etxean (Zangoza k. 30), 2017ko ekainaren 6a baino lehen.

6.–Epaimahaia.

Epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Iruñeko Udaleko Herritarren Partaidetzako, Berdintasuneko eta Gizartea Ahalduntzeko Alorreko zuzendaria.

Ordezkoa: Herritarren Partaidetzako, Berdintasuneko eta Gizartea Ahalduntzeko Alorreko idazkari teknikoa.

Epaimahaikideak:

–Gazteriako bi udal-teknikari.

–Gaztediaren Etxeko zuzendaria.

–Gaztediaren Etxeko teknikaria, korrespontsalien programari jarraipena egiteko arduraduna.

Idazkaria: Iruñeko Udaleko Herritarren Partaidetzako, Berdintasuneko eta Gizartea Ahalduntzeko Alorrari atxikitako pertsona bat, izendatzeke.

Epaimahaiak sariak emateko proposamena eginen du, eta organo eskudunari aurkeztuko dio, haren gainean ebatz dezan.

7.–Izaera pertsonaleko datuen tratamendua.

Jasotako izaera pertsonaleko datuak babestu eginen dira, Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hori garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat.

Aipatu Lege Organikoan xedatutakoa betez, deialdi honetan jasotako datu pertsonalak sari hauek kudeatzeko baino ez dira erabiliko, eta Iruñeko Udalaren datu-basea osatzen duten fitxategietan bildu ahalko dira. Hain zuzen ere, Iruñeko Udalari zuzenduta gauzatzen ahalko da datuetan sartu, datuak zuzendu, ezereztu eta haien kontra egiteko eskubidea, Erregistro Orokorrera joaz.

Lehiaketa hau egin bitartean jasotako irudirik erabiltzeko, beharrezkoa izanen da interesdunek aldez aurretik baimena sinatzea.

8.–Ebatzi eta jakinarazteko epea.

Ebatzi eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da, gehienez ere. Epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hortik aitzina hasiko da kontatzen.

Administrazio-bideari amaiera emanen dion ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41. artikuluak eta hurrengoek agindutakoarekin bat, eta Iruñeko Udalaren iragarki-taulan argitaratuko da.

9.–Errekurtsoak.

Lehiaketa honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri hauek erabat onartzea, bai eta horiek interpretatzean edota aplikatzean sor litekeen edozein zalantzaren aurrean Iruñeko Udalak hartzen ahal dituen erabaki oro ere.

Deialdi honen, oinarri hauen eta haiek betearazteko har daitezkeen administrazio-ebazpenen aurka, errekurtso hauek paratzen ahalko dira, aukeran:

–Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

–Administrazioarekiko Auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.

Iruñean, 2017ko apirilaren 11n.–Herritarren Partaidetzako, Berdintasuneko eta Gizarte Ahalduntzeko Alorreko zinegotzi ordezkaria, Alberto Labarga Gutiérrez.

I. ERANSKINA

Lankidetza-formalizazioa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1705230