91. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

130/2017 EBAZPENA, apirilaren 26koa, Barneko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez diru-laguntzen deialdia onesten da babes zibileko boluntarioen udal taldea duten Nafarroako udalentzat eta babes zibileko boluntarioen toki elkarteentzat, Nafarroako Gobernuarekin lankidetzarako hitzarmena sinatu badute, 2017an haien funtzionamenduan laguntzeko.

Irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera, Barne Zuzendaritza Nagusiari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak babes zibilaren eta larrialdien arloetan dituen zerbitzuak kudeatzea.

Bestetik, zerbitzu publiko horren antolaketan, funtzionamenduan eta gauzatzean administrazio publiko ezberdinek eta herritarrek parte hartzen dute, azken hauek dagozkien betebeharrak betez eta borondatezko laguntza emanez. Sistema publiko hori multzo egituratu eta koordinatua da, larrialdi egoeretan arreta eta laguntza materiala emateko orduan ahalegin publikoak eta pribatuak bateratzen dituena. Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen 39. artikuluan aurreikusten da sistema hori, eta, besteak beste, babes zibileko boluntarioen toki erakundeek parte hartzen dute, kontuan hartu gabe udalek sortutako berezko nortasun juridikorik gabeko toki taldeak/erakundeak diren edo nortasun juridiko berezitua duten toki elkarteak diren.

Nafarroako Gobernuak lankidetzarako esparru-hitzarmena sinatu du Cintruenigoko, Milagroko eta Tuterako udalekin babes zibilaren arloan, herri horietako babes zibileko boluntarioen udal taldeentzat. Halaber, Nafarroako Gobernuak eta Sartagudako babes zibileko boluntarioen toki elkarteak lankidetzarako hitzarmen bat sinatu zuten elkarte hori Nafarroako babes zibilaren sistemari atxikitzeko.

Hitzarmen horien ondorioz, Nafarroako Gobernuak, Barne Zuzendaritza Nagusiaren bidez, konpromisoa hartu du babes zibileko toki erakunde horien jarduerak diruz laguntzeko, gastu arruntak eta inbertsioak finantzatzen dituzten diru-laguntzen bidez, betiere Babes Zibilerako Zerbitzuaren jarraibideen arabera beharrezkotzat jotzen badira babes zibileko boluntarioen toki erakundeen eta haien instalazioen funtzionamendu edo hobekuntzarako.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen araubide juridiko orokorra Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarrita dago. Artikulu horrek xedatzen du ezen, diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko dituela. Horrela, diru-laguntza jasotzeko moduan daudenek eskuragai izanen dituzte eta publizitatearen, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, bereizkeriarik ezaren eta kontrolaren printzipioak bermatuko dira.

Horrenbestez, espedienteko txostenak ikusirik, eta aldeko txostena, Ogasuneko Kontu-hartzailetza Delegatuarena, badelarik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Diru-laguntzen deialdia onestea babes zibileko boluntarioen udal taldea duten Nafarroako udalentzat eta babes zibileko boluntarioen toki elkarteentzat, Nafarroako Gobernuarekin lankidetzarako hitzarmena sinatu badute, 2017an haien funtzionamenduan laguntzeko. Deialdiaren oinarriak ebazpen honen eranskinean ageri dira.

2. Guztira, 90.000,00 euroko gastua baimentzea, honelaxe banaturik:

–50.000,00 euro “Udalentzako diru-laguntzak (gastu arruntak), babes zibileko udal taldeentzat” izeneko 054001 02500 4609 134100 partidaren kargura, babes zibileko boluntarioen udal talde eta toki elkarteen gastu arruntetarako.

–40.000,00 euro “Udalentzako diru-laguntzak (inbertsioak), babes zibileko udal taldeentzat” izeneko 054001 02500 7609 134100 partidaren kargura, babes zibileko boluntarioen udal talde eta toki elkarteen inbertsioetarako.

3. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Deialdiaren eta bere oinarri eta egintzen aurka, interesdun diren administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan. Administrazio publiko ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.4 artikuluarekin bat.

5. Ebazpen hau igortzea Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuari, Babes Zibilerako Zerbitzuko Boluntarioen Bulegoari, Barne Zuzendaritza Nagusiko Kudeaketa Ekonomikoaren Unitateari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak departamentu honetan duen kontu-hartzailetza delegatuari eta Nafarroako Aldizkari Ofizialari.

Iruñean, 2017ko apirilaren 26an.–Barneko zuzendari nagusia, Agustín Gaztaminza Oiz.

OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea eta helburua.

2017. urtean babes zibileko boluntarioen udal erakundeen funtzionamenduan laguntzeko Barne Zuzendaritza Nagusiak emanen dituen laguntza ekonomikoak arautzea du xede deialdiak, erakunde horiek eta Nafarroako Gobernuak babes zibilaren arloan sinatutako hitzarmenetan adostutakoarekin bat. Erakunde horiek udalen menpeko taldeak izan daitezke, edo udalekin lankidetzan aritzen diren elkarte independenteak.

Babes zibilari loturiko zerbitzuen prestazioa inondik ere zerbitzu publikoa da, eta boluntarioen lankidetza sustatu behar da; izan ere, libreki eta beren borondatez elkartzen dira jarduketak administrazioekin partekatzeko. Hortik diru-laguntzaren xedeko jarduerak onura publikoa eta soziala izatea helburu.

Babes zibileko boluntarioen toki erakundeak zein bere udal esparruan eta ondoko ingurune geografikoan aritzen dira eta, elkarrekin adostuta, beste eremu batzuetan aritzeko ere eskatzen ahal zaie.

2.–Aurrekontu egozpena eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

Diru-laguntzaren zenbatekoa honako hau izanen da (2017ko aurrekontuko partiden arabera):

–50.000,00 euro gastu arruntetarako, “Udalentzako diru-laguntza, babes zibileko udal taldeentzat” izeneko 054001 02500 4609 134100 partidaren kargura.

–40.000,00 euro inbertsioetarako, “Udalentzako diru-laguntza (inbertsioak), babes zibileko udal taldeentzat” izeneko 054001 02500 7609 134100 partidaren kargura.

3.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Babes zibileko boluntarioen udal talde bat izan eta babes zibilaren arloan Nafarroako Gobernuarekin lankidetzarako esparru-hitzarmen bat sinatu duten Nafarroako udalak izaten ahalko dira laguntza hauen onuradun, bai eta Nafarroako Gobernuarekin babes zibilaren arloan lankidetzarako hitzarmena sinatu duten babes zibileko boluntarioen toki elkarteak ere.

Orobat, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

4.–Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

Babes zibileko boluntarioen udal taldeen kasuan, udaleko idazkari edo kontu-hartzaile lanetan ari den pertsonak sinatuta aurkeztuko da eskaera, herriko alkatetza duenak ikus-onetsita dagoela, oinarri hauen I. eranskinean jasotako eskabide ereduaren arabera; eranskin horretan adierazitako dokumentazioa gehituko da nahitaez.

Babes zibileko boluntarioen toki elkarteen kasuan, elkarteko idazkari lanetan ari denak sinatuta eta elkarteko buruak ikus-onetsita aurkeztuko da eskaera, oinarri hauen I. eranskinean jasotako eskabide ereduari jarraituz; eranskin horretan adierazitako dokumentazioa gehituko da nahitaez.

Edozein kasutan, laguntzen eskabideak aurkezteko epea hogei egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

Laguntzen eskaera, lehentasunez, telematikaren bidez aurkeztuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan, http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1 estekaren bidez zuzenean edo Nafarroako Gobernuaren Atariko Tramiteen Katalogoan deialdi honen fitxan dagoen estekaren bidez.

Halaber, eskatzaileek 2015eko 57. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 25ekoan, argitaratutako Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren iragarkian zerrendaturiko Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren edozein bulegotan aurkezten ahalko dituzte proposamenak, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako gainerako erregistro eta bulegoetan.

Edozein kasutan, eskaerak Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzura, Boluntarioen Bulegora (Agoitz kalea, 35 bis; 31004 Iruña) igorri beharko dira.

Diru-laguntzarako eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, hamar egun balioduneko epean okerra zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, aldez aurretik ebazpena emanda, lege beraren 21. artikuluan ezarritako moduan.

Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

5.–Diru-laguntza jaso dezakeen gastua.

Babes zibileko boluntarioen udal talde eta toki elkarteen funtzionamendurako eta haien instalazio, jantzi, ekipamendu eta ibilgailuen mantentze-lanetarako behar dena jotzen da diru-laguntza jaso dezakeen gastutzat, eta zehazki:

–Erakundearen funtzionamendurako gastu arruntak:

  • Babes zibileko boluntarioen toki erakundeko kideen eta ibilgailuen aseguruak.
  • Aldizkako/ohiko gastu arruntak (jardueran etengabe sortzen direnak):
  • Esku hartzeko ibilgailuen eta beste ekipamendu batzuen erregaiak, mantentze-lanak, ordezko piezak, konponketak eta IATak.
  • Entrenamendu, maniobra, praktika eta esku-hartzeetan sortutako gastuak.
  • Esku-hartzeetarako material xehea, osasun materiala, material suntsikorra.
  • Ura eta hondakinak, argindarra, gasa.
  • Telefonia mugikorra, telefonia finkoa, Internet.
  • Beste ekipamendu batzuen konponketa (bulegokoena, osagarriena...).
  • Bulegoko material suntsigarria.
  • Aldizkakoak ez diren/ohiz kanpoko gastu arruntak:
  • Ibilgailu bereziak gidatzeko baimenak lortzeko gastuak.
  • Boluntarioen ohiz kanpoko (ohikoak edo aldizkakoak ez diren) prestakuntza ekintzetan sortutako gastuak.
  • Norberaren ekipamendua eta esku hartzeko berariazko materiala (ez-inbentariagarria).
  • Esku hartzeko ibilgailuen eta ekipamenduen alokairua (bere modalitate guztietan).
  • Eraikinen konponketa.

–Herritarrei ematen dizkieten zerbitzuak gauzatzeko behar diren inbertsioak:

  • Baseko eraikinetako obrak, hura aldatzen dutenak, fatxadak barne, proiektu teknikoa behar dutenak.
  • Material inbentariagarria erostea larrialdietarako.
  • Ibilgailuak, motorrak, itsasontziak eta motoponpak eta bestelako ekipamendua erostea, larrialdietan esku hartzeko.

Erosketaren gastua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Diru-laguntzaren xedetik propio baztertzen dira gastu hauek:

  • Erakundearen behar operatiboei ez dagozkienak.
  • Zehaztugabeko gastuak.
  • Maniobra eta esku-hartzeetatik kanpoko otorduak.

6.–Balorazio irizpideak.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak irizpide hauen arabera eta hurrenkera honetan emanen dira:

–Gastu arruntak:

  • Boluntarioen eta ibilgailuen istripu aseguruak: %100eko diru-laguntza izanen dute, ezinbestekoak direlako pertsonen segurtasunerako.
  • Aldizkako/ohiko gastu arruntetarako (deialdiaren 5. oinarrian ezarritako sailkapenaren arabera), 120 euroko modulu bat ezartzen da boluntario bakoitzeko, eta 500 eurokoa ibilgailu edo ekipamendu inbentariagarri bakoitzeko. Ondorio horietarako, eskabideari atxikitzen zaizkion boluntarioen zerrenda (III. eranskina) eta ibilgailuen eta ekipamenduen zerrenda (IV. eranskina) hartuko dira kontuan.
  • Aldizkakoak ez diren/ohiz kanpoko gastu arruntak (deialdiaren 5. oinarrian ezarritako sailkapenaren arabera): eskatutakoen artean, %100eko diru-laguntza emanen da, baldin eta 7. oinarrian ageri den batzorde teknikoak ezinbestekotzat jotzen baditu segurtasun arrazoiengatik, edo beharrezkotzat, erakundearen funtzionamendua edo aritzeko era arriskuan ez jartzeko.
  • Aldizkakoak ez diren/ohiz kanpoko gastu arruntak, 7. oinarrian ageri den batzorde teknikoak ezinbestekotzat jotzen ez baditu: gastu arrunten partidan gelditzen den zenbatekoaren arabera emanen da diru-laguntza (aurreko ataletan emandako zenbatekoa kendu ondoren), kontzeptu horietarako aurkeztutako eskaeren zenbatekoen proportzioan.

–Inbertsioak:

  • Obrak instalazioetan edo material inbentariagarria, ibilgailuak, motorrak, eta motoponpak eta esku hartzeko bestelako ekipamendua erostea: eskatutako inbertsioak %100eko diru-laguntza izanen du, baldin eta 7. atalean ageri den batzorde teknikoak ezinbestekotzat jotzen badu segurtasun arrazoiengatik, edo beharrezkotzat, erakundearen funtzionamendua edo aritzeko era arriskuan ez jartzeko.
  • Beste inbertsio batzuk (nahitaezkoak ez direnak batzorde teknikoaren ustetan): inbertsioen partidan gelditzen den zenbatekoaren arabera izanen dute diru-laguntza, aurkeztutako eskaeren zenbatekoen proportzioan eta behar bezala justifikatuak (%100eko diru-laguntza dutenak kenduta).

Aurkeztutako eskaeran (II. eranskinaren arabera), argi eta garbi azalduko da aurreikusitako aurrekontua, kontzeptuz kontzeptu zehaztua, banaketa ezartzeko:

  • Aseguruak (pertsonak eta ibilgailuak).
  • Aldizkako/ohiko gastu arruntak.
  • Ibilgailuetarako eta esku hartzeko beste ekipamendu batzuetarako gastuak.
  • Entrenamendu, maniobra, praktika eta esku-hartzeetan sortutako gastuak.
  • Esku-hartzeetarako material xehea.
  • Hornidurak (ura, gasa, argindarra, telefonia, eta abar).
  • Konponketak eta bulegoko material suntsigarria.
  • Aldizkakoak ez diren/ohiz kanpoko gastu arruntak: banakako xehakapena (zehaztua erosketa edo gastu bakoitzeko).
  • Aurreikusitako inbertsioak: banakako xehakapena (zehaztua erosketa bakoitzeko).

Aurkezten diren aurrekontuak errealistak eta zehatzak izanen dira, albait, eta kopuruak behar bezala justifikatuak (aurreko urteekin konparatuz, argibide tekniko egokiak emanez edo hornitzaileekin kontsultatuz).

7. oinarrian ageri den batzorde teknikoak eginen duen inbertsioen beharren balorazioa errazteko, aldizkakoak ez diren/ohiz kanpoko gastu arrunten atalean eta inbertsioen atalean eskatutako kontzeptu guztiak behar bezala arrazoitu eta justifikatu beharko dira, banan-banan, eta ahal den zehatzen emanen da aurreikusitako kostua. Gastua beharrezkoa edo egokia dela azaltzen duten segurtasun, funtzionamendu edo eraginkortasun arrazoiak adierazi beharko dira, eskuratu aurreko egoera eta eskurapenaren ondoriozko onurak azalduz, edo, kasua bada, ez eskuratzearen ondorioak.

7.–Tramitazio eta ebaluazio organoak.

Barne Zuzendaritza Nagusia izanen da laguntzak emateko prozedura instruituko duen organo eskuduna.

Kide hauek osatutako batzorde teknikoak baloratuko ditu eskaerak:

–Batzordeburua: Babes Zibilerako Zerbitzuko zuzendaria.

–Batzordekidea: Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendaria.

–Idazkaria: Boluntarioen Bulegoko burua.

Batzorde horrek eskaerak ebaluatuko ditu, eta haren irizpena loteslea izanen da. Babes Zibilerako Zerbitzuko zuzendariak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdia ebazteko proposamena eginen dio Barneko zuzendari nagusiari.

6. oinarriko irizpideen arabera proposatzen diren zenbatekoek zehaztuko dute zenbatekoa den diru-laguntza osoa udal edo elkarte bakoitzaren gastu arrunt eta inbertsioetarako. Zenbateko horiek egotzi eta gauzatuko dira aipatu oinarrian ezarritako lehentasunaren arabera (lehenik %100 diru-laguntza dutenak, eta gero besteak), kontuan hartuta aurrekontutik desbideratzeak egon litezkeela azken gastuan. Lehentasun irizpidea da beti lehenbiziko, aurrekontukoaren aldean.

8.–Laguntza emateko ebazpena.

Barneko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emanen dira diru-laguntzak, eta hartan diru-laguntzak hartzen dituzten entitate eskatzaileak, diru-laguntzen helburua eta zenbatekoa agertuko dira, baita ezesten diren gainerako eskaerak ere, halakorik bada, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.

Ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukaturik, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertu beharko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, deialdi honen 15. oinarrian adierazitako moduan.

Diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazteko, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.–Onuradunek bete beharrekoak.

I. Diru-laguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

–Diru-laguntzak ematen dituen ebazpen proposamena egiten den unean, zerga betebeharrak eguneratuak izatea. Betebeharrak eguneraturik dauzkala frogatzeko, diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar laguntzen organo kudeatzaileari baimena ematea Nafarroako Zerga Ogasunaren sistemak kontsultatzeko, inguruabar horiek egiazta ditzaten.

–Diru-laguntzak ematen dituen ebazpen proposamena egiten den unean, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak izatea.

–Kontabilitate liburuak, erregistro diligentziatuak eta gainontzeko dokumentuak behar bezala auditatuta izatea, legeriak eskatutako moduan.

–Deialdi honen barreneko xede eta helburuetarako erabiltzea laguntza, ez beste edozertarako.

–Organo emaileari frogatzea egoki egin direla diruz lagundutako jarduerak, eta egoki gauzatu gastuak.

–Jasotako funtsen aplikazioaren egiaztagiriak, agiri elektronikoak barne direla, behar adina denbora iragan arte gordetzea, egiaztapen eta kontroletan erabili ahal izan daitezen.

–Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

–Jarduera Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin dela aipatzea edozein eratako iragarkietan edo publizitatean.

–11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

II: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluak aipatzen dituen pertsona juridikoek edo entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasuna bete beharko dute, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen dituztenean eta honako bi inguruabar hauek gertatzen direnean:

a) Emandako diru-laguntzaren zenbatekoa 20.000 euro baino gehiago izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo aurrekontua, urtekoa, honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.

b) Hala badagokio, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute ebazpen honen V. eranskineko eredua erabiliz:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuari bidaliko zaio. Informazio hori hilabeteko epean igorri beharko da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du, ebazpen honen V. eranskinean jasotzen den ereduaren arabera.

Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak ukatu gabe, betetzen ez badira onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, eta zenbatekorik kobratu bada, itzuli beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

III. Orobat, laguntzaren xedeari buruz, entitateak betebehar hauek ditu:

–Boluntarioak aseguratuta izan beharko ditu.

–Erakundearen jardueretan erabiltzen diren ibilgailu guztiak aseguratuta izan beharko ditu.

–Diruz laguntzen den jarduera esparru-hitzarmenean edo banakako hitzarmenean adierazitako moduan gauzatu beharko du.

–Organo emaileari jakinaraztea diruz lagundutako jardueren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den une berean, baldin eta jarduerak aldatzea ekartzen badu. Edozein aldaketa egiteko, Babes Zibilerako Zerbitzuaren adostasuna beharko da; hori ofizioz emanen da baldin eta aldaketak onetsitako laguntza funtsean aldatzen ez badu, ebaluazio batzordearen ustean.

–2017ko urriaren 1a baino lehen egitea eraikinetako obrak edo erostea diru-laguntzaren xedeko ibilgailuak eta materialak.

–Ondasun inbentariagarriak erosi, eraiki, zaharberritu eta hobetzeko kasuan, diru-laguntzaren xede zehatzerako erabiltzea haien balio-bizitzan. Erregistro publikoan inskribatu ahal diren ondasunak izanez gero, eskrituran adierazi beharko da inguruabar hori, bai eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa ere; halaber, erregistro publikoko inskripzioan zehaztasun horiek jasoko dira. Ondasunen xedeari buruz ezarri den baldintza betetzen ez bada, eta, betiere, ondasuna besterentzen bada edo kargaren bat ezartzen bazaio, diru-laguntza itzuli beharko da, 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluko 4. eta 5. idatz-zatietan ezarritako moduan.

–11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, diruz laguntzen ahal den gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa denean obra gauzatzeko kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa aholkularitza edo laguntza enpresek egindako ekipo ondasunen horniduraren edo zerbitzu prestazioen kasuan, entitateak frogatu beharko du proiektua eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina entitaterik ez badago, edo gastua egin bada diru-laguntza eskatu baino lehen. Kudeaketa-unitateak ezarritako moduan justifikatuko dira kontu horiek.

–Gidabaimen berezia lortzeko diru-laguntza eman zaion boluntarioari eskatzea sina dezala udalarekin edo elkartearekin 4 urtez, gutxienez, jarraitzeko konpromisoa eta erakundeko jardueretan parte hartzekoa.

–Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

Oinarri hauetan propio jasotakoez gain, 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako guztiak entitatearen betebeharrak dira.

10.–Ordainketa, justifikatzeko epea eta modua.

Babes Zibilerako Zerbitzuko zuzendariak txostena egin ondoren ordainduko da diru-laguntza, baldin eta hurrengo dokumentazioa aurkezten bada 2017ko urriaren 8a baino lehen, ordaintzeko eskaerarekin batera:

a) Ordaintzeko eskatzen den unera arte egindako jarduerei buruzko memoria teknikoa. Egin diren jarduerak, zerbitzuarekin lotura zuzena dutenak, azaldu beharko dira, hala nola prestakuntza ekintzak, entrenamenduak eta maniobrak, baita prebentzio ekintzak eta esku-hartze operatiboak ere. Azaldu beharrekoak dira, orobat, material eta ekipamenduen erosketak eta kontrataturiko hornidurak eta zerbitzuak, aldizkako/ohiko gastu arruntetan ez daudenak, hala nola aparteko konponketak, gidabaimen bereziak lortzea etab.

b) Zer gastu egin diren eta gastu horiek egindako jarduerekin eta diru-laguntzaren xedearekin bat datozela azaltzeko txostena edo deklarazioa, idazkariak/kontu hartzaileak sinatua eta alkateak ikus-onetsita (udalen kasuan) edo elkartearen idazkariak sinatua eta elkarteko buruak ikus-onetsia (elkarteen kasuan), eta, horrekin batera, fakturen zerrenda eta azalpen taula bat, Barne Zuzendaritza Nagusiak emandako formatuan, lagungarria izanen baita ezarritako baldintzak bete direla egiaztatzeko, laguntza behar bezala justifikatzeko eta kontabilitatearen jarraipena egiteko.

c) Jatorrizko fakturak. Haien kopia behar bezala konpultsatuak ere aurkeztuko dira. Jatorrizkoei zigilua jarriko zaie, diruz lagundu direla dioena eta udalari edo elkarteari itzuliko zaizkio. Kopia konpultsatuak espedientean geldituko dira.

d) Egindako gastu bakoitzaren frogagiriak edo haien fotokopia konpultsatuak.

e) Egindako gastuaren erabilera eraginkorra bermatzeko, gidabaimen berezia lortzeko diru-laguntza eman zaion boluntarioari eskatuko zaio sina dezala udalarekin edo elkartearekin 4 urtez, gutxienez, jarraitzeko konpromisoa eta taldeko jardueretan parte hartzekoa; konpromiso hori gastuen justifikazioan sartuko da.

Lehen bi ataletako (a. eta b.) dokumentazioa formatu elektronikoan ere aurkeztuko da, Worden eta Excelen. Fakturen zerrendak zehatz-mehatz jarraituko die 6. oinarrian zehaztutako blokeei. Diru-laguntzak ordena berean ezarriko dira. Fakturak eta ordainagiriak aipatu zerrendaren ordena berean aurkeztuko dira.

Egiaztapena eta horren ondoriozko ordainketa zatika egin daitezke, justifikazio partzialak erabilita fakturen eta ordainagirien bidez, zerrendek eta deskribapen laukiek lagunduta, bai eta egindako jardueren memoria teknikoa ere, eta eskatutako gainerako agiriak, justifikatutako aldi edo jarduerari dagokionez. Azken ordainketa doitzeko izanen da eta baldintza horretan eskatzen diren gainerako dokumentuak bilduko ditu.

Erosketak eta obrak urriaren 1a baino lehen bukatu behar dira, azken ordainketarako, urtea bukatu baino lehen frogak aurkeztu eta kitatu ahal daitezen.

Erregaian, konponketetan, mantentze-lanetan, aseguruetan, IATetan, berrikuspen edo ziurtagirietan egindako berariazko gastuak, eskaerako zerrendan ageri diren ibilgailuen matrikularekin identifikatuta aurkeztu beharko dira. Hornitzailearen kontu orokorren kasuan, udalak edo elkarteak egiaztatuko du ibilgailu horiei dagokien zatia. Orobat, egiaztatuko da hornidurak (telefonia, Internet, argindarra, gasa, eta abar) kasuan kasuko talde edo elkartearenak direla.

Fakturak legearen arabera egin beharko dira, fakturazio betebeharrak arautzen dituen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz. Udalaren gastuak eta zerbitzuak biltzen dituzten fakturen kasuan, taldeari dagokion kopurua zehaztuko da.

Diruz laguntzen ahal diren kontzeptuak zehaztuta daude 6. oinarriaren arabera. Hortaz, diruz laguntzen ahal den gastu gehiagorik ez da sortuko. Urtean zehar aparteko aldaketak izan behar baditu eskaerak, udalak edo elkarteak kontzeptuak aldatzeko edo gehitzeko eskatu beharko du arrazoitutako idazki batean, eta kudeaketa-unitatearen esku izanen da diruz laguntzen ahal den kontzeptu berri edo aldaketa horiek onartzea ala ez ez.

Udalen menpeko udal taldeen kasuan, fede-emaile publikoa den aldetik, udal idazkariak oinarri honetako baldintza bakoitza betetzen den baieztatzen ahalko du; horren ondorioz, ahalmena izanen du jatorrizko fakturen eta kopia konpultsatuen ordez (c. eta d., ordainketa eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agirien zerrendan), idazkariaren ziurtagiri bat ezartzeko, toki entitateko alkate udalburuak ontzat emana, fakturen zerrendarekin batera, eta horrela fede emanen du egiaztatu duela zerrendan aipatzen diren datu guztien egiazkotasuna. Datu hauek azaldu beharko dira, gutxienez, kontabilitateko dokumentu bakoitzeko:

–Hornitzailea.

–Fakturaren edo ordainagiriaren zenbakia.

–Zenbatekoa.

–Ordainketaren data.

–Kontzeptua. Behar bezain zehatza eta osoa izan beharko du, gastuak diru-laguntza izan dezakeen egiaztatu ahal izateko.

Aipaturiko ordena eta blokeak mantendu beharko ditu zerrendak, baita batuketa partzialak ere, eta Excel formatuan ere aurkeztuko da.

Kudeaketa-unitateak agertzen duen edozein zalantza argitu eta zehazteko beharrezkoa den informazio guztia eman beharko du idazkariak.

11.–Beste diru-laguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan jasotako laguntzak bateragarriak dira jarduera berengatik jasotzen ahal diren beste batzuekin. Nolanahi ere, diru-laguntza hauen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza batzuekin batuta, gauzatu beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Horregatik, onuradunak ekitaldi honetan onartutako diru-laguntzen aitorpena aurkeztu beharko du, bidezko egiaztapenak egin daitezen.

12.–Finantzaketaren publizitatea.

Egiten den edozein iragarki edo publizitate dela eta, udal taldea edo toki elkartea Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin finantzatzen dela aipatuko da.

Jarduerarako ibilgailuek Nafarroako Gobernuaren logotipoa eramanen dute eta 112 zenbakia zabalduko dute larrialdiei arreta emateko zenbaki gisa.

13.–Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

Itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, 11/2005 Foru Legearen 34. artikulutik 37.era eta 42.etik 46.era xedatutakoaren arabera jokatuko da.

14.–Diru-laguntzen araubide orokorra.

Oinarri hauetan espresuki aurreikusirik ez dagoen orotan, 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa eta xedearen araberako gainerako xedapenak aplikatuko dira.

15.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Diru-laguntzaren oinarri arautzaileen eta haien aplikazioan ematen diren egintzen kontra, interesdun diren administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Diru-laguntzaren oinarri arautzaileen eta haien aplikazioan ematen diren egintzen kontra, administrazio publiko ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.4 artikuluarekin bat.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua.

II. ERANSKINA

...................... babes zibileko boluntarioen taldearen/elkartearen 2017rako aurrekontua

III. ERANSKINA

...................... babes zibileko boluntarioen taldea/elkartea osatzen duten pertsonen zerrenda

IV. ERANSKINA

...................... babes zibileko boluntarioen taldearen/elkartearen ibilgailuen zerrenda

V. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko aitorpenaren eredua.

Eranskin guztiak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1705156