Iragarkia
91. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 12a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
14E/2017 FORU AGINDUA, apirilaren 26koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, Nafarroako udalei diru-laguntza hau emateko deialdia onesten duena: “Diru-laguntza Nafarroako udalei, Foru Komunitateko udal agertokietan arte eszenikoen eta musikaren arloko profesionalen programazioa bultzatzeko 2017. urtean - Udal Platea Local”.
Kultur Ekintza Zerbitzuak txostena aurkeztu du, non proposatzen baita Nafarroako udalei diru-laguntzak emateko deialdia eta deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, 2017. urtean udal agertokietan arte eszenikoen eta musikaren arloko profesionalen programazioa - Udal Platea Local bultzatzeko, 865.000,00 euroko gastua baimentzea, eta foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta, kontuan harturik betetzen direla gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen helburua, baldintzak eta betebeharrak, eta kontuan harturik, halaber, espedientean kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela.
Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz.
AGINDU DUT:
1. Nafarroako udalei diru-laguntzak emateko deialdia onestea, Foru Komunitateko udal agertokietan 2017. urtean arte eszenikoen eta musikaren arloko profesionalen programazioa - Udal Platea Local bultzatzeko.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak, onestea.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
A20002-A2530-4609-334100: (E) Udaletako kultur ekintzetarako laguntzak | 2017 | 865.000,00 |
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2017ko apirilaren 26an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.
NAFARROAKO UDALEI DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK, FORU KOMUNITATEKO UDAL AGERTOKIETAN ARTE ESZENIKOEN ETA MUSIKALEN ARLOKO PROFESIONALEN PROGRAMAZIOA BULTZATZEKO
2017. URTEAN - UDAL PLATEA LOCAL
1. Diru-laguntzen xedea eta helburua.
1.1. Diru-laguntzen xedea da laguntza ematea arte eszenikoen eta musikalen programazioari, publikoekin bitartekaritza egiteko jarduerei eta egoitzei, baita artista elkartuen beste ekintza batzuei ere, arte eszenikoen eta musikaren arloko profesionalak kontratatuz, Foru Komunitateko udalen titularitatekoak diren barruko agertokietarako.
1.2. 2016ko azaroaren 6tik 2017ko azaroaren 5era, biak barne, egiten diren arte eszenikoetako eta musikaren arloko ikuskizun profesionalen programazioa du xede deialdi honek.
1.3. Deialdi honen ondorioetarako, arte eszenikoen eta musikaren arloko profesionalak hauek dira: Ekonomia-jardueren gaineko Zergaren Tarifak eta Jarraibidea onesten dituen maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legean jarduera artistikoen epigrafeetan sartzen diren jardueran aritzen diren enpresak eta profesionalak.
2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.
Laguntza hauen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:
2.1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatutako betebehar orokorrak.
2.2. Bi baldintza hauetakoren bat betetzen duen toki entitate bat izatea:
a) Nafarroako Antzokien Sarea elkarteko agertoki baten titularra izatea.
b) II. eta III. eranskinetan jasotako baldintzak betetzen dituen agertoki baten titularra izatea. Baldintza horiek udaleko idazkariaren ziurtagiriaren bidez frogatu behar dira, ziurtagirian alkatearen oniritzia jasota.
2.3. Aurrekoez gain, toki entitateek beren agertokiak zuzenean kudeatzeko erabiltzen dituzten erakunde edo entitateak ere onuradunak izaten ahal dira.
2.4. Kategoria bakoitzean honako baldintza hauek betetzea:
a) A kategoria: ondoren azaltzen diren baldintzak betetzea:
–Populazioa: 20.000 biztanletik 40.000 biztanlera bitarte (biak barne).
–Inbertsioa: 100.000tik gorakoa.
–Foru Komunitate osorako proiektu artistiko berezi bat izatea, honako ezaugarri hauek betetzen dituena, programazio egonkorra izateaz gain:
- Izena.
- Deskribapen zehatza. Atal honetan zehaztuko dira proiektuaren helburuak, horiek lortzeko eginen diren ekintzak, eta deialdi honetan baloratuko diren gainerako alderdiak.
- Zabalkunde plana. Bertan sartuko dira proiektuaren sustapena, komunikazioa eta publizitatea egiteko jarduerak.
- Zenbat ikusle aurreikusten diren programatutako ekitaldi kulturaletarako eta Hezkuntzako sektorerako aurreikusitako ekintzetarako.
Aurrekontua. Atal honetan proiektuaren aurrekontu osoa aurkeztu beharko da, eta bertan argi geldituko da koherenteak direla, proiektuari aurre egiteko, entitateak dituen baliabide ekonomikoak (diru-sarrerak eta gastuak), giza baliabideak (bazkideak, boluntarioak, kontratudunak) eta baliabide materialak (azpiegiturak). Aurrekontuaren deskribapena III. eranskineko ereduarekin bat etorriko da.
b) B kategoria:
Bi baldintza hauetako bat bete beharko du:
–Populazioa: 10.000 biztanletik 19.999 biztanlera bitarte (biak barne), 2016ko urtarrilaren 1ean.
–Gutxieneko inbertsioa: 40.000 eurotik aurrera.
c) C kategoria:
Bi baldintza hauetako bat bete beharko du:
–Populazioa: 9.999 biztanle arte.
–Inbertsioa: 40.000 euro arte.
2.5. Nafarroako Gobernuaren 2017ko aurrekontuetan kontu-sail izenduna duten agertokien erakunde edo entitate kudeatzaileak ez dira sartuko deialdian.
3. Aurrekontu egozpena eta diru-laguntzaren zenbatekoa.
3.1. Laguntza hauek, gehienez ere 865.000 euro, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2017ko gastuen aurrekontuaren kargura finantzatuko dira, honela banatuak:
a) A kategoria: 320.000 euro.
Kategoria honetarako, gehieneko diru-laguntza 160.000 euro izanen da onuradun bakoitzeko.
b) B kategoria: 375.000 euro.
c) C kategoria: 170.000 euro.
3.2. Diru-laguntzaren portzentajea, gehienez, onartutako aurrekontuan jasota dauden eta diru-laguntza jaso dezaketen gastuen %70 izanen da.
Laguntzak, kategoria bakoitzean, proportzioaren arabera eta berdintasunez banatuko dira onuradunen artean, eskaeren baremazioan lortzen duten puntuazioaren arabera, IV. eranskinean ezarritako irizpideei jarraituz. Horretarako, udalerri bakoitzari dagokion diru-laguntza zehazteko, baremoan lortzen diren puntu guztiak batuko dira eta puntu bakoitzari ematen zaion balioaz biderkatuko dira. Puntu baten balioa lortzen da kategoria bakoitzean baimendutako gastua zati barematutako udal guztien puntu kopurua eginda.
4. Eskaeren aurkezpena eta dokumentazioa.
4.1. Laguntza eskaerak, oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduarekin bat, eta bertan aipatzen diren agiriak nahitaez erantsita, Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan aurkezten ahalko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 30/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako lekuetako edozeinetan, eta Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez. Eskaerak erregistro elektronikoaren bidez tramitatzeko sinadura elektronikoa beharko da.
Postetxean aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehen orrialdearen idazpuruan agerrarazteko bulegoaren izena, harrera data eta tokia. Argibide horiek eskaera aurkeztu dela frogatzen duen gordekinean ere agertu beharko dira.
4.2. Eskabide eredua eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez bete eta tramitatu ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.
4.3. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
4.4. Diru-laguntzarako eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1. artikuluan ezarritako baldintzetako bat betetzen ez bada, hamar egun balioduneko epean okerra zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.
5. Diru-laguntza jaso dezaketen gastua.
5.1. Deialdi honen ondorioetarako, diruz lagungarriak izanen dira honako hauek:
a) Talde profesionalen ikuskizunak kontratatzearen ondoriozko gastuak.
b) Publikoarekin bitartekaritza jarduerak egiteko kontratatutako profesionalek ekarritako gastuak.
c) Egoitza, artisten elkarketa eta sorkuntza habia/laborategia proiektuak egiteko kontratatutako profesionalek ekarritako gastuak.
d) Diruz lagundu daitekeen programazioaren sustapenak eta/edo publizitateak ekarritako gastuak.
5.2. Diru-laguntza hauen xedetik kanpo daude, berariaz, honako hauek:
a) Irabazi asmorik gabeko elkarte eta fundazioen talde ez-profesionalen ikuskizunak kontratatzeak ekarritako gastuak.
b) Bidaia, garraio, otordu eta ostatu gastuak.
c) Herriko arte eta/edo kultur entitateen parte-hartzea duten jarduerak.
d) Toki eta materialen alokairuak, errefortzu teknikoak eta/edo laguntza langileen kontratazioa.
e) Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiak diruz lagundutako edo sustatutako ikuskizunei dagozkien gastuak.
6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.
6.1. Eskaerak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.
6.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak izendatutako batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Batzorde horren osatzaileen izenak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira. Honako hauek osatuko dute:
a) Burua: Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria eta, hori izan ezean, zuzendaritza horretako beste zerbitzu bateko zuzendaria.
b) Kideak: Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua eta teknikari bat eta, horiek izan ezean, Nafarroako Kultura Kontseiluko teknikari bat.
c) Idazkaria: Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Ataleko teknikari bat eta, hori izan ezean, Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikari bat.
Batzorde horrek eskaeren ebaluazioa eta akta eginen ditu. Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak, batzorde ebaluatzaileak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.
Kultur Ekintza Zerbitzuak eskatuta, kanpoko adituengana jotzen ahalko da, aurkeztutako eskaerak hobeki baloratzearren.
7. Norgehiagokako prozeduraren balorazio irizpideak.
7.1. Batzordeak kontuan hartuko ditu “IV. eranskina-Diru-laguntza banatzeko baremoa” izeneko baremoan ageri diren balorazio irizpideak. Baremoak hiru atal ditu:
A atala: Balorazio osoaren %35 da, eta toki entitate bakoitzak barruko eremuan talde profesionalen arte eszenikoei eta musikari ematen dien laguntzaren aurrekontu-eginahalari dagokio.
B atala: Balorazio osoaren %50 da, eta barruko areto batean talde profesionalen arte eszenikoen eta musikaren programazio berariazkoari buruzkoa da; arreta berezia jarriko zaie dantzari eta Nafarroako sektore profesionalari.
C atala: balorazio osoaren %15 da, eta bestelako alderdi osagarriei buruzkoa da.
8. Diru-laguntza emateko ebazpena.
8.1. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita gehienez ere hiru hilabeteko epean.
Epe hori berariazko ebazpenik argitaratu gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.
8.2. Diru-laguntza hau emateko prozedurako ebazpenen jakinarazpen guztiak argitaratuko dira Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren iragarki-oholean (Navarreria, 39, Iruña) eta Nafarroako Gobernuaren web orrian: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.
Gainera, eskatzaileak berak emandako posta elektronikoaren helbidea baliatuko da eskatzaile bakoitzari jakinarazteko.
8.3. Berariazko ezespenaren aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita; presuntziozko ezespenaren aurka, berriz, epea sei hilabetekoa izanen da laguntza eskaera ezetsitzat jo eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aurretik errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.
8.4. Deialdi honi buruzko jakinarazpen guztiak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Erregistroaren bitartez bideratuko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), baita Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan eta Erregistro Orokor Elektronikoan ere.
9. Diruz laguntzen diren proiektu edo jarduerek interes soziala izatea Kultur Mezenasgoaren ondorioetarako.
9.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektu edo jarduerek (salbu merkataritza-sozietateen eta fundazio pribatuen bidez zuzenean kudeatutakoak) interes soziala dute foru lege horretan aurreikusitako zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako.
9.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22. artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak bete beharko dituzte. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.
10. Onuradunen betebeharrak.
10.1. Arte eszenikoen eta musikaren arloko ikuskizun profesionalen programaziorako soilik erabiliko da laguntza eta, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako beharkizunak beteko dira.
10.2. Arte eszenikoetako ikuskizun profesionalak kontratatzearen gastuak justifikatu beharko dira Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalean.
10.3. Jarduera Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin dela aipatzea programan, kartelean edo edozein eratako iragarkietan edo publizitatean. Aipamen hori Nafarroako Gobernuko Argitalpen Zerbitzuaren jarraibideen arabera egin beharko da (publicaciones@navarra.es posta elektronikoaren bidez), kasu bakoitzean aurreikusitako elementuen arabera, eta jardueraren zabalkundeak iraun bitarte izanen da agerian.
Ekitaldia diru-laguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (esku-orriak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, diru-laguntza eman bezain laster aldatu, eta Nafarroako Gobernuaren laguntza eta logoa sartuko dira.
10.4. Noiznahi ere onartzea Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak programa eta jarduerak gauzatzen ari direla ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana.
10.5. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.
10.6. Jarduerei buruzko datuak diru-laguntzaren onuradunak sartu beharko ditu aldiro Nafarroako Kultur Informazioaren Sisteman (SICNA), 2017ko azaroaren 15a arte.
11. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.
11.1. Onuradunak jarduerak gauzatu dituela frogatu ondoren ordainduko dira laguntzak. Proiektua bukatutakoan egin daiteke justifikazio hori, edo partzialki, %25, %50, %75 eta %100 egindakoan, hurrenez hurren. Entitateak ondoko dokumentazioa aurkeztuko du justifikazio partzialetan edo bukaerako justifikazioan, 2017ko azaroaren 15ean:
a) Diruz lagundutako jardueragatik ordaindutako gastu guztien fakturen zerrenda zenbakidun eta zehatza, honakoak barne:
–Ordainketaren kontabilitate agiriaren zenbakia.
–Gastuaren kontabilizazio agiriaren zenbakia.
–Ordainketaren data.
–Kontratatutako talde artistikoa eta/edo entitatea.
–Kontratatutako talde artistikoaren eta/edo entitatearen IFK.
–Ikuskizunen banaketarako kontratatutako enpresa.
–Ikuskizunen banaketarako kontratatutako enpresaren IFZ
–Kontzeptua / jarduera / ikuskizunaren izena.
–Emanaldiaren data.
–Faktura zenbakia eta data (toki entitateei frogagiri gisa aurkezten zaizkien fakturak apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren arabera egin beharko dira. Dekretu horren bidez fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi zen).
–Oinarrizko zenbatekoa, BEZa, eta osoa.
Datu hauek betetzeko, VII. eranskineko eredua erabili beharko da. Informazio hori Excel formatuan ere igorri beharko da, posta elektronikoaz, helbide honetara: cooperación.inovación@navarra.es.
b) Udaleko idazkariaren ziurtagiria, alkateak ontzat emana (IX. eranskina); bestela, entitateko idazkariaren ziurtagiria, entitateko kudeatzaileak edo buruak ontzat emana, datu hauek ziurtatzen dituena:
a.–Diru-laguntzaren xedea den programazioa bat datorrela laguntzak emateko baremoa egiteko igorritako aurreikuspenarekin, VI. eranskineko ereduarekin bat.
b.–Programatutako jarduera bakoitzaren datuak Nafarroako Kultur Informazioaren Sisteman (SICNA) sartu direla.
c.–VII. eranskinean sartutako datuak egiazkoak direla ziurtatzea.
c) Inprimatutako elementuak eta publizitatekoak.
Mezenasgoaren eta babesletzaren modalitate ezberdinen bidez jasotako ekarpenak zehaztuko dira, halakorik bada, eta horiek diruz lagundutako proiektuaren garapenean izandako eragina ebaluatuko da. Orobat, babesletza-kontratuen kopia igorri beharko da, 9.3 oinarrian ezarritakoarekin bat.
Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.
11.2. Diru-laguntzaren xedeko programarako onartu den gastu guztia justifikatu beharko da.
11.3. Eskatzaileak egindako programazioa bat ez badator Kultura Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundeari laguntzak emateko baremorako igorritako programazioaren aurreikuspenarekin, hau da, egindako programazioak VI. eranskinean jasotzen duen puntuazioa programaziorako aurreikuspenak V. eranskinean jasotakoa baino txikiagoa baldin bada, puntuazio berriari dagokion behin betiko laguntza kalkulatuko da.
11.4. Onartutako aurrekontua osorik justifikatzen ez bada, betiere diruz lagundutako jarduera egin bada, honela kalkulatuko da ordaindu beharreko zenbatekoa: gastu justifikatuen baturari aplikatuko zaio onartutako aurrekontuaren eta emandako diru-laguntzen arteko portzentaje bera.
12. Beste diru-laguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.
Udalak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren edozein deialditara aurkezten ahalko dira. Dena dela, bateraezina izanen da proiektu/programa bera Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren deialdi batean baino gehiagotan aurkeztea.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16.3 artikuluarekin bat, onuradunak jarduera bera egiteko bateragarriak diren diru-laguntza batzuk hartzen dituenean, diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.
13. Dirua itzultzea.
Onuradunak programazio eszenikoa gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta diru-laguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.
Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.
14. Arau-hausteak eta zehapenak.
14.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.
14.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.
15. Diru-laguntzen araubide orokorra.
Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.
16. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.
Oinarri hauek aplikatzeko ematen diren egintzen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.
ERANSKINAK
I. eranskina.–Eskabide eredua.
II. eranskina.–Agertokien baldintzak.
III. eranskina.–Deialdian parte hartzeko baldintzak, Nafarroako Antzokien Sarea elkartekoak ez diren udalentzat.
IV. eranskina.–Diru-laguntza banatzeko baremoa.
V. eranskina.–Diru-laguntza banatzeko baremoko fitxa.
VI. eranskina.–Behin betiko programazioa justifikatzeko fitxa.
VII. eranskina.–Diruz lagun daitekeen gastua justifikatzeko taula.
VIII. eranskina.–Ziurtagiriaren eredua / Diru-laguntzaren eskabidea.
IX. eranskina.–Ziurtagiriaren eredua / Diru-laguntzaren justifikazioa.
Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.
Iragarkiaren kodea: F1705061
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
