1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
23/2017 FORU DEKRETUA, apirilaren 12koa, uztailaren 3ko 247/2000 Foru Dekretua aldatzen duena. Foru Dekretu horren bidez Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseilua sortu zen.
Uztailaren 3ko 247/2000 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseilua sortu zen, lanbide heziketaren arloan aholku emateko eta parte hartzeko organo kolegiatu gisa.
Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoa argitaratzeak berarekin ekarri zuen lanbide heziketaren ikuspegi guztiz berritua, pertsonen kualifikazioa modernizatzera eta hobetzera bideratua, eta sistema integrala garatu zuen lanbide heziketarako, kualifikazioetarako eta egiaztapenetarako, eskaera sozial eta ekonomikoei eraginkortasunez eta gardentasunez erantzuteko, hainbat prestakuntza modalitateren bitartez.
Nafarroak konpromiso estrategikoa izan nahi du lanbide heziketarekin, izan ere berebiziko eginkizuna izanen du gure etorkizunean, bai populazio aktiboaren kalitate eta egonkortasun handiagoko enplegua lortzeari dagokionez, bai gure enpresen lehiakortasun eta proiekzioari dagokienez ere.
Horrek berarekin dakar populazioaren lanbide heziketan inplikatutako alderdiek laguntza ematea, hala hezkuntza sistemako hasierako prestakuntzaren arloan nola enplegurako prestakuntzaren arloan, egiaz gauzatu dadin bizi osoko prestakuntzaren helburua.
Aldi berean, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legeak Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren eta haren erakunde publikoen diseinu berri bat eratu zuen, eta hartu zen ereduak informazioaren gardentasunaren alde egin zuen, informazio hori berrerabiltzearen alde eta zerbitzatu beharreko herritarren parte-hartzearen eta elkarlanaren alde. Horrela, administratzeko modu berri bat eratu da, irekiagoa eta parte hartzeko aukera gehiago ematen dituena. Gainera, Nafarroako Gobernuak agerian utzi du ukitutako sektoreek kontseilu sektorialetan duten parte-hartzea handitzeko borondatea, eta, hortaz, horietan duten ordezkagarritasuna handitzekoa.
Uztailaren 22ko 8/2015 Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezarri zen.
Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluaren osaera berria onestea, Foru Komunitatearen Administrazioaren departamentuen egitura berriarekin bat, eta kontseilu sektorialetan parte-hartzea handitzeko helburuei jarraikiz, presentzia handiagoa emanez sindikatuen eta enpresen elkarteei eta Nafarroako lanbide heziketan garrantzitsuak diren beste sektore batzuei.
Foru dekretu hau garatu da Hezkuntzako, Garapen Ekonomikoaren eta Eskubide Sozialetako departamentuen erabakiz, orain aldatzen den Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluan ordezkatutako alderdiak jakinaren gainean egonik.
Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2017ko apirilaren 12an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
Artikulu bakarra.–Uztailaren 3ko 247/2000 Foru Dekretua aldatzea. Foru Dekretu horren bidez Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseilua sortu zen.
Bat.–Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseilua sortu zuen uztailaren 3ko 247/2000 Foru Dekretuaren 2. artikulua aldatzen da. Honela geldituko da:
“2. artikulua. Eginkizunak.
Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluari dagokio:
a) Gogotik parte hartzea lanbide heziketa garatzeko planei eta tresnei buruzko proposamenetan, Nafarroako Foru Komunitatean, eta Nafarroako Gobernuak onets ditzan aurkeztea.
b) Nafarroan lanbide heziketa garatzeko planen eta tresnen jarraipena egitea, eta urteko txosten bat prestatzea, aplikazioaren emaitzak eta betetze maila ebaluatzeko.
c) Lanbide heziketaren arloan, Nafarroako Gobernuari aholku ematea, bere azterketa eskatzen den gaietan.
d) Aholku ematea eta proposamenak egitea Kualifikazioen Sistema Nazionala Nafarroan garatzeari dagokionez, gomendioak emanez hura garatzeko ardura duten erakundeei, baldin eginkizun badute, besteak beste, lanbideen bilakaera behatzea, argibide eta orientazio profesionaleko zerbitzuak ematea, kualifikazioak zehaztea, prestakuntza moduluen katalogoa ezartzea edo lanbide gaitasunak frogatzea.
e) Sistemako lanbide heziketako titulazioetako curriculumen diseinuei buruzko txostenak egitea, baita, egoki denean, espezializazioen kasuan ere, Nafarroako Foru Komunitateko eskumenen esparruan, eta titulazio berriak proposatzea, lanbide heziketaren maila eta espezializazioei dagozkienak.
f) Lanbide heziketaren arloan txostenak, proposamenak, gomendioak edo azterlanak egitea, bere ekimenez edo arlo horretan eskuduna den edozein Administraziok eskatuta. Horretarako, behar duen informazio guztia eska dezake.
g) Lanbide heziketaren arloan esku hartzen duten organoen arteko koordinazioa bultzatzea.
h) Lanbide heziketaren garapenean enpresen parte-hartzea sustatzea.
i) Bere funtzionamendu-erregelamendua onestea.
j) Bere eskumenen esparruan zehazten den beste edozein eginkizun”.
Bi.–Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseilua sortu zuen uztailaren 3ko 247/2000 Foru Dekretuaren 3. artikulua aldatzen da. Honela geldituko da:
“3. artikulua. Kideak eta izendapena.
1. Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak kide hauek izanen ditu:
–Buru bat.
–Buruorde bat.
–Idazkari bat.
–Hogeita bi kide.
2. Gobernuaren erabaki baten bidez izendatuko dira kideak”.
Hiru.–Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseilua sortu zuen uztailaren 3ko 247/2000 Foru Dekretuaren 4. artikuluko 1. idatz-zatia aldatzen da. Honela geldituko da:
“1. Hezkuntza arloko eskumena duen departamentuko kontseilaria izanen da burua”.
Lau.–Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseilua sortu zuen uztailaren 3ko 247/2000 Foru Dekretuaren 5. artikulua aldatzen da. Honela geldituko da:
“5. artikulua. Buruordetza.
1. Buruordetza txandaka eta urtebeteko aldietan beteko dute, kasua bada, enplegu arloko eskumena esleiturik duen departamentuko kontseilariak eta garapen ekonomikoaren arloko eskumena esleiturik duen kontseilariak, eta azken horrekin hasiko da txanda.
2. Eskudantzia hauek dagozkio buruordeari:
a) Buruaren kargua hutsik dagoenean edo burua kanpoan edo gaixo dagoenean, haren eskudantzia guztiak.
b) Botoa emateko eskubidea duen Kontseiluko kidea izanik, berez dituen eginkizunak betetzea”.
Bost.–Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseilua sortu zuen uztailaren 3ko 247/2000 Foru Dekretuaren 6. artikuluko 1. idatz-zatia aldatzen da. Honela geldituko da:
“1. Kontseiluko kideak ordezkaritza honen arabera hautatuko dira:
a) Enplegu arloko eskumena esleiturik duen departamentuko kontseilaria edo garapen ekonomikoaren arloko eskumena esleiturik duen kontseilaria, baldin ez badagokio, 5.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Kontseiluko buruorde izatea.
b) Hezkuntzaren arloan eskumena esleiturik duen departamentuko bi ordezkari, departamentuko kontseilariak izendatuak.
c) Foru Komunitateko Administrazioko lau ordezkari: bi, enpleguaren esparruko eskumena duten organoen ordezkari, eta beste bi, garapen ekonomikoaren esparruan eskumena duten organoen ordezkari.
d) Enpresa elkarteen bost ordezkari: 4, Nafarroako Enpresaburuen Konfederaziokoak eta 1, Nafarroako Gizarte Ekonomiako Enpresa Konfederaziokoa.
e) Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzuen Ganbera Ofizialaren ordezkari bat.
f) Sindikatuetako sei ordezkari, barnean dela, gutxienez, Nafarroako Foru Komunitatean ordezkaritza handiena duten sindikatu bakoitzeko ordezkari bat. Ordezkaritza handienekotzat hartzeko, gutxienez botoen %10 lortu behar da hauteskunde sindikaletan, eta parte-hartzea ordezkagarritasunaren arabera osatuko da.
g) Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko ordezkari bat.
h) Lanbide heziketako ikastetxe bateratu publikoetako zuzendarien ordezkari bat, zuzendarien elkarteak izendatua.
i) Lanbide heziketako ikastetxe bateratu pribatuetako zuzendarien ordezkari bat, ikastetxe horietako nagusien elkarteek izendatua”.
Sei.–Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseilua sortu zuen uztailaren 3ko 247/2000 Foru Dekretuaren 6. artikuluko 3. idatz-zatia aldatzen da. Honela geldituko da:
“3. Kontseiluan ordezkatutako erakunde edo organizazioei dagozkien kide titular eta ordezkoen izendapenak proposatzeko, idazkia bidaliko zaio Kontseiluko buruari. Izendapenek lau urteko indarra izanen dute, eta luzatzen ahalko dira. Nolanahi ere, kontseiluan ordezkatutako erakundeek eta organizazioek noiznahi ere alda ditzakete titular edo ordezko gisa izendatutako pertsonak. Kargua beste baten ordez hartzen dutenak ordeztuari lau urteko aldia –lehen aipatutakoa– bukatzeko falta zaion denboran arituko dira”.
Zazpi.–Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseilua sortu zuen uztailaren 3ko 247/2000 Foru Dekretuaren 8. artikulua aldatzen da. Honela geldituko da:
“8. artikulua. Funtzionamendua.
1. Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseilua Osoko Bilkuraren edo Batzorde Iraunkorraren bidez ariko da, eta, bietan ere, gehiengoz hartuko dira erabakiak.
2. Buruak, buruordeak, kide guztiek eta idazkariek osatzen dute Kontseiluko Osoko Bilkura.
3. Kontseilua gutxienez ere urtean bitan bilduko da.
4. Batzorde Iraunkorra honako hauek osatzen dute: hezkuntzaren arloan eskumena esleiturik duen departamentuko bi kontseilukideak, enpleguaren arloan eskumena esleiturik duen departamentuaren kontseilukidea, industriaren arloan eskumena esleiturik duen departamentuko kontseilukidea, Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioko bi kontseilukideak, Nafarroako Ganberako kontseilukidea, Nafarroako Gizarte Ekonomiako Enpresa Konfederazioko kontseilukidea, sindikatuetako lau kontseilukideak, ikastetxe bateratu publikoetako zuzendarien ordezkaria eta kontseiluko idazkaria”.
Zortzi.–Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseilua sortu zuen uztailaren 3ko 247/2000 Foru Dekretuaren 11. artikulua aldatzen da. Honela geldituko da:
“11. artikulua. Atxikipena.
Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseilua hezkuntzaren arloko eskumena duen departamentuari atxikiko zaio.
Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indarrik gabe uzten dira, orobat, foru agindu honetan xedatutakoaren aurkako maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.
Azken xedapen bakarra.–Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2017ko apirilaren 12an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Hezkuntzako kontseilaria, José Luis Mendoza Peña.
Iragarkiaren kodea: F1704740