9. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1568/2016 EBAZPENA, abenduaren 27koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez onesten dira Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzurako prestakuntzarako hiru bekaren deialdia eta oinarri arautzaileak eta baimentzen da horietarako gastua.

Apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren bidez ezarri zen araubide orokorra prestakuntza bekak emateko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan.

Profil akademiko egokia duten gradudunentzat, tituludunentzat edo diplomadunentzat dira beka hauek, haien prestakuntza sustatzeko, nazioartekotzearen eremuko jardueretarako eta eskualde politikak dakartzan betebeharrek ekarritako funts europarrak kudeatzeko eta kontrolatzeko eremuaren jardueretarako.

Aginduzko txostenak ikusi dira eta Kontu-hartzailetzaren oniritzia jaso da.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.–Prestakuntzako hiru bekatarako deialdia egitea, Ekonomian, Enpresen Administrazioan eta Enpresen Zuzendaritzan gradudun edo tituludun direnentzat edo Enpresa Zientzietan diplomadun direnentzat, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuan aritzeko. Deialdiaren oinarriak ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

Bigarrena.–Deialdia arautuko duten oinarriak onestea.

Hirugarrena.–Eskaerak ebaluatuko dituen batzordeko kideak izendatzea:

Burua:

Carmen Mier Gómez,

Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria

Ordezkoa

Marina Roncal Delgado,

Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko Europako Deialdien Ataleko burua.

Kide titularra

Dolores Miranda Beguiristain,

Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko Europako Funtsen Kontrolerako Ataleko burua

Ordezkoa

Miren Ausin Lecuna,

Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko Nazioarteko Ekintzaren Ataleko burua

Idazkaria

Carmen Machiñena Solera,

Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa)

Ordezkoa

Miguel Pérez García,

Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiaren Laguntza Juridiko eta Administratiboaren Zerbitzuko zuzendaria

Laugarrena.–67.337,28 euroko gastua baimentzea, kreditu egokia eta nahikoa izatearen baldintza etengarriarekin; urtero banatuko da, honela:

–2017. urterako gastua, guztira 33.668,64 euro, 2017ko Gastuen Aurrekontuan gaituko den kontu-sailaren kargura ordainduko da, 2016ko Gastuen Aurrekontuko “Prestakuntza bekak” izeneko 810002-81400-4800-145100 kontu-sailaren parekoa denaren kargura hain zuzen ere.

–2018. urterako gastua, guztira 33.668,64 euro, 2018ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan gaituko den aurreko atalean aipatutakoaren pareko kontu-sailaren kargura ordainduko da.

Bosgarrena.–Deialdiaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, honako hauei jarraikiz: Herri Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluak, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikulua.

Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau eta eranskina igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren Kontu-hartzailetza Delegatura, Kontabilitate Zentrora eta Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzura.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

I. ERANSKINA

Hiru prestakuntza beketarako deialdiaren oinarriak,
Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuan aritzeko

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da prestakuntzako hiru beka ematea, norgehiagokako araubidean, Ekonomian, Enpresen Administrazioan eta Enpresen Zuzendaritzan gradudun edo tituludun direnentzat edo Enpresa Zientzietan diplomadun direnentzat, haien prestakuntza sustatzeko, nazioartekotzearen eremurako eta eskualde politikak dakartzan betebeharrek ekarritako funts europarrak kudeatzeko eta kontrolatzeko eremurako.

2. Iraupena.

Prestakuntza bekek hamabi hilabeteko iraupena izanen dute hasiera batez, oinarri hauetan aurreikusitako beka onesteko agirian edo beka emateko ebazpenean ezartzen den hasierako egunetik zenbatuta (inola ere ez 2017ko urtarrilaren 2aren aurretik), eta luzatzen ahalko dira, aldeen aldez aurreko akordioarekin, 2018ko abenduaren 31ra arte gehienez, hori guztia aurrekontuetan horretarako dirurik baldin badago.

Beka luzatzeak ez du inolaz ere ekarriko bere izaera aldatzea.

3. Beken zenbatekoa.

Prestakuntza bekek, oro har, 900 euroko zenbateko gordina izanen dute hilean edo, hala badagokio, zati proportzionala, eta hilabetea bukatu ondoren ordainduko dira. Horri 35,24 euro gehituko zaizkio hilean Gizarte Segurantzarako (2016rako da zenbateko hori, eta 2017an eta 2018an eguneratuko da).

Bekadunari ematen zaion dirua ez da inolaz ere soldata edo lansaritzat hartuko, diru-laguntza publikotzat baizik.

4. Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Prestakuntza bekak hartzen ahalko dituzte baldintza hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta diru-laguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluarekin bat. Hori egiaztatzeko, eskabideari erantsitako “Erantzukizuneko aitorpena” erabiltzen ahalko da.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdia argitaratu baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) 1. oinarrian aipatzen den titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek luzatua edo homologatua.

f) Eskatutako titulua prestakuntza bekarako deialdia egin aurreko hiru urteen barrenean eskuratua izatea.

g) Ingeles ezagupenak izatea, B1 edo tarteko maila baten parekoak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera.

h) Bekaren xedeko prestakuntza jardueran aritzea galaraz diezaiokeen desgaitasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.

5. Eskabidea, epeak eta aurkeztu beharreko agiriak.

5.1. Prestakuntza bekak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunetik hamabost egun balioduneko epean eskatzen ahalko dira.

5.2. Aurreko oinarrian azaldutako baldintzak agiri bidez eta idatziz frogatuko dira, prestakuntza bekaren eskaerarekin batera, II. eranskineko ereduarekin bat. Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzura zuzenduko dira eskaerak eta agiriak, Garapen Ekonomikorako Departamentuko erregistroetan aurkeztuta (Iruñeko San Ignazio etorbideko 3an eta Tomas Caballero parkeko 1ean, Printzearen Gotorlekua II eraikinean), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatutako tokietan aurkeztuta. Posta bulegoen bitartez aurkezten diren eskabideek gutun-azal ireki baten barrenean egon beharko dute, data eta zigilua jartzeko, haiek ziurtatu baino lehen, eta egun berean beka kudeatzen duen organoari iragarri beharko zaio, telefax edo posta elektronikoaren bidez, eskaera igorri dela. Bi baldintza horiek bete ezean, dokumentazioa ez da onartuko, betiere eskaera aurkezteko ezarritako epetik kanpo jasotzen bada.

Telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

5.2.1. Eskaerekin batera agiri hauen kopiak aurkeztuko dira:

a) Eskatzailearen curriculum vitae-a, non jasoko baitira, zehatz-mehatz, aipatutako merezimendu guztiak (orri batean gehienez), eta dagozkien ziurtagiriak.

b) Ikasketa espedientearen ziurtagiria, maila bakoitzeko ikasgai guztien kalifikazioekin, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatuta; orobat, espedientearen batez besteko nota, 0tik 10erako eskalan.

c) Zinpeko aitorpena, adierazten duena beste bekarik edo laguntzarik eskatu den edo jasotzen ari den Nafarroako Gobernuko edozein departamentutatik edo beste administrazio publiko batzuetatik.

d) Alegatutako gainerako merezimenduen egiaztagiriak.

5.2.2. Garapen Ekonomikorako Departamentuak egiazta ditzake eskatzailearen nortasunari buruzko, egoitza-egoera pertsonalari buruzko eta titulazio akademikoari buruzko beharkizunak, baldin aipatutako departamentuari baimena ematen badio beharkizunei buruzko informazioa egiaztatzeko; orobat, diru-laguntza onartzeko ebazpen proposamena ematen denean, egiazta dezake zerga betebeharrak eguneratuak dituela.

Egiaztatzea baimentzen ez bada, eskatzaileek honako hau aurkeztu beharko dute:

e) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea nahiz nortasuna egiaztatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

f) Nafarroako erroldatze agiria, alta noizkoa den zehaztuta.

g) Eskatzen den tituluaren fotokopia. Tituluan ikasketak noiz bukatu ziren agertu ezean, unibertsitateak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da, hori frogatzeko. Titulua atzerriko unibertsitate batek luzatu badu, ikasketen homologazioaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

h) Tributu arloko betebeharrak eguneratuak izateari buruzko ziurtagiria.

Epearen barrenean aurkeztutako eskaerak aurreko zenbakietan adierazitako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzen dezala. Orobat, adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, eta hori jakinarazi eginen zaiola.

5.3. Prestakuntza bekak jasotzeko eskaera aurkezteak berarekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

6. Hautatzeko prozedura.

Ebaluazio batzorde batek baloratu eta hautatuko ditu deialdiko baldintzak betetzen dituzten eskaerak.

Hautapen prozesuan bi fase izanen dira: merezimendu lehiaketa eta buruz buruko elkarrizketa. Behin betiko kalifikazioa ateratzeko, merezimendu lehiaketan eta buruz buruko elkarrizketan lortutako puntuazioen batura eginen da.

6.1. Merezimendu lehiaketa.

Eskaerak baloratzeko, behar bezala dokumentatutako merezimenduak baloratuko dira, baremo honen arabera:

a) Espediente akademikoa.

Espedientearen batez besteko nota 45 puntuz baloratuko da gehienez, eskala honen arabera:

BATEZ BESTEKO NOTA

PUNTUAK

7tik behera

15

7 edo 7tik gorakoa eta 9tik beherakoa

22,5

9 edo 9tik gorakoa

37,5

9 edo 9tik gorakoa eta “Ohorezko matrikularen” aipamena

45

b) Ingelesez eta frantsesez jakitea.

Hizkuntza Eskola Ofizial batek luzatutako ingeles edo frantseseko ziurtagiriak (B1 mailatik gorakoak) izanez gero, edo Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenaren I. eranskinean aipatzen diren titulu edo ziurtagirietako edozein (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 27an, argitaratu zen ebazpen hori), 10 puntu bitarte lortzen ahalko dira (5 puntu hizkuntza bakoitzeko, eskala honen arabera).

ZIURTAGIRIA

PUNTUAK

A1

1

A2

2

B1

3

B2

4

C1

5

c) Europar Batasunarekin zerikusia duten prestakuntza ikastaroak:

gehienez ere 15 puntu. 10 ordutik beherako ikastaroak ez dira kontuan hartuko.

Prestakuntza jardueretan parte hartzea baloratuko da, 0,10 puntu emanez kreditu akademiko bakoitzeko, edo 10 orduko prestakuntza bakoitzeko.

Deialdi honetan parte hartzeko beharrezkoa den titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira atal honetan baloratuko.

d) Kontabilitatearekin, auditoretzarekin eta administrazio publikoarekin zerikusia duten prestakuntzako beste ikastaro batzuk. Gehienez ere 20 puntu.

Aurreko atalean ezarritakoaren arabera baloratuko dira.

6.2. Buruz buruko elkarrizketa.

10 puntu emanen dira, gehienez, kontuan hartuta bete beharreko eginkizunekin lotuta dauden gaiak zein neurritan jakiten diren, motibazioa, ekimena, erantzunen argitasuna eta ordena.

Elkarrizketa egiteko tokia eta eguna aldez aurretik iragarriko zaizkie hautatutako izangaiei.

7. Ebaluazio Batzordea.

Ebaluazio batzordea izanen da eskatzaileek alegaturiko merezimenduak baloratzeko ardura izanen duen kide anitzeko organoa, baita ebazpen proposamena prestatzekoa ere, non izangai onartu bakoitzari guztira emaniko puntuak adieraziko baitira. Balorazio hori baino lehen, eskatzaileek bekak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten ala ez adieraziko duen txosten bat prestatuko du. 4. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko.

Hautatu arren deialdiko beken kopuruan sartzen ez diren pertsonekin zerrenda bat eginen da, deialdian lortutako puntuazioaren araberako hurrenkeran deitu ahal izateko, onuradunak uko egiten duenean, ezinbesteko kasuetan, baldintzak betetzen ez dituenean edo behar den bezala arrazoitutako beste edozein kasutan.

Ebaluazio batzordeak, inor hautatzen ez badu, deialdia bete gabe deklaratzen ahalko du.

8. Diru-laguntza emateko ebazpena.

6. oinarrian ezarritako merezimenduen baremoarekin bat eskaerak ebaluatu ondoren, ebaluazio batzordeak organo eskudunarendako loteslea den proposamena eginen du, hautatuak izan diren pertsonei buruz.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da beka ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpenean, gutxienez, beka eskuratzen duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da, eta espresuki adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla, halakorik baldin bada. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik gehienez ere hiru hilabeteko epean emanen da. Epe horretan ebazpena jakinarazi edo argitaratu ezean, eskaerak administrazio isiltasunaren bidez ezetsi direla ulertuko da.

Diru-laguntzak emateko ebazpena jakinaraziko zaie onuradunei. Berariaz adierazitako edo ustezko ezespenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean eta administrazio prozedurari buruzko legerian ezarritako moduan.

9. Bateraezintasunak.

Prestakuntza bekak bateraezinak izanen dira Administrazio beraren eta beste administrazio publiko batzuen bekekin.

10. Bekadunen betebeharrak eta eskubideak.

a) Beka emateko arrazoitzat jo den prestakuntza jarduera egitea eta justifikatzea.

b) Beka emateko betebehar eta baldintzak betetzea.

c) Beka bukatu aurreko hilabetean, egindako lanari eta lortutako emaitzei buruzko txosten bat aurkeztea, tutorearen adostasuna barne.

d) Eskumena duten organoek eman den bekaren inguruan egin ditzaketen egiaztapen lan guztiak onartzea.

e) Xede berarekin eskatu edo jasotako bestelako beken edo diru-laguntzen berri ematea beka eman duen organoari.

f) Organo eskudunari adieraztea hartutako bekari espresuki uko egiten diola, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.

g) Beka dela-eta eginiko jardueraren zuzeneko ondorio diren argitalpen guztietan bekadun izan dela adieraztea.

h) Prestakuntza jardueran ezagutzen den eta isilpekotzat jo daitekeen informazio tekniko edo administratiboaren gainean sekretua eta isilpekotasuna gordetzea.

Hautatuek Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko lau ataletako batean ariko dira lanean, jarduera hauetakoren bat egiten:

–Europako Gizarte Funtsa (EGIF) eta Eskualde Garapenerako Europako Funtsa (EGEF) programa operatiboei jarraipena egitea.

–Programen Jarraipeneko Batzordeetan parte hartzea horiek betetzeaz arduratzen diren departamentu, unitate eta entitateekin koordinaturik.

–EGIF eta EGEF programetako diru-sarrerak kontrolatu eta kudeatzaileen artean banatzea.

–Nafarroako EGEF eta EGF programa operatiboei aitortutako gastuak egiaztatzeko lanak. Egiaztatzeko lanak, delegazioz, Kudeaketa Agintaritzek tarteko erakundeari esleituak dira.

Egiaztapenen artean, prozedura hauek egonen dira:

–Onuradunen itzulketa-eskaeraren egiaztapen administratiboak.

–Eragiketa zehatzei buruzko “in situ” egiaztapenak.

–EGEF eta EGIF programa operatiboak kudeatu eta kontrolatzeko sistemen deskripzioa, aldaketa eta eguneratzea, kontrolari dagokionez.

–Aitortutako gastuetan irregulartasunak harrapatzeko eta zuzenketa finantzarioa egiteko egokiak diren kontrol mekanismoak ezarri eta haien segimendua.

–Kudeaketa, ziurtapen eta auditoretza arloetako agintariek edo Europako Batzordeak eskaturik tarteko erakundeak egiaztapenen edukiari buruz egindako txostenak prestatzea.

–Honako lurralde lankidetzako programa hauei jarraipena egitea: POCTEFA, Interreg Sudoe, Interreg Gune Atlantikoa eta Interreg Europe.

–Poctefa proiektuen deialdiak kudeatzea: instrukzioa, beste departamentu batzuekin koordinatzea, programarako behar diren tresnak erabiltzea.

–Onuradunek eta kudeatzaileek proiektu berriak aurkezteko aholkularitzan parte hartzea.

–Nafarroako enpresak nazioartekotzeko babes-ekintzen jarraipenari eta gauzatzeari laguntza ematea:

  • Nafarroako Nazioarteko 2017-2020 Planeko ekintzak gauzatzen dituztenak koordinatzea.
  • Nafarroako Nazioarteko Planaren webgunea eta sare sozialak mantentzea.
  • Nazioartekotzeko diru-laguntzen deialdiak diseinatzea.
  • Deialdietarako laguntza eskaerak jasotzea eta aztertzea.
  • Enpresek aurkeztutako gauzatze-justifikazioak aztertzea.
  • Enpresen eta diru-laguntzen datu baseak mantentzea.
  • Memoriak eta txostenak egitea.
  • Prestakuntza eta sustapen ekitaldiak antolatzeko laguntza ematea.

11. Ez-betetzeak.

Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta jarduerak betetzen ez baditu, haiek egitean ardurarik jartzen ez badu, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa badu edo lanak kalitate gabekoak badira, beka aldi baterako edo betiko kentzea erabakiko du organo eskudunak, dagokion administrazio unitateak proposaturik eta interesdunari entzutea eman ondoren.

Beka galtzeak diru-zuzkiduraren zati proportzionala galtzea ere ekarriko du; hori dena, galarazi gabe eska daitezkeen diru-itzultzeak eta berandutze-interesak eta ezar daitezkeen zehapenak.

12. Prestakuntza jardueraren hasiera eta bekari uko egitea.

1. Prestakuntza bekaren onuradunak gehienez hamar eguneko epea izanen du jardunean hasteko, beka eman zaiola jakinarazi eta biharamunetik zenbatuta, beka onetsi izanaren dokumentua aldez aurretik sinatuta. Dokumentuan hasiera data eta emandako lanpostuaren identifikazioa agertu beharko dira, gutxienez.

Adierazten zaion egunean hasten ez bada, onuradunak bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da, non eta organo eskudunak ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten ez dituen.

2. Emandako bekari espresuki uko egiten bazaio, behar den denborarekin komunikatu beharko zaio Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiari.

Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da beka ebaluaziorako batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo dagoenari ematea; hori guztia, galarazi gabe 2. oinarrian ezarritakoa eta onuradunak uko egin arte bete beharreko baldintzak.

13. Prestakuntza jarduera egitea.

Oro har, bekadunak Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko bulegoetan eginen ditu jarduerak, astean gehienez ere 30 orduz, eta prestakuntza dela-eta behar diren joan-etorriak egin beharko ditu. Eskubidea izanen du, halaber, zerbitzu eta bidaien arabera izaten dituen gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko. Orobat, bekadunak Administrazio Publikoaren kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izanen du, zerbitzu publikoen funtzionamenduaren ondorioz kalteak edo lesioak dituenean, ezinbesteko kasuetan izan ezik. Administrazioaren ondare erantzukizuna administrazio bidetik gauzatuko da.

Administrazio publikoa izanen da prestakuntza jardueran bekadunak hirugarrenei sortzen dizkien kalte eta galeren erantzulea, baina administrazio horrek zilegi izanen du iruzur, erru edo zabarkeria larriagatik bekadunak izan dezakeen erantzukizuna eskatzea.

Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko oporraldia emanen zaio onuradunari.

Bekaduna hartzen duen zerbitzuak zehaztuko du nork eginen duen haren tutoretza, baita lan-orduak astean nola banatu ere.

14. Lan edo administrazio harremanik eza.

Beka erabiltzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berarekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko bere gain beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

Prestakuntza bekaren onuradunari agintzen zaizkion lan edo jarduerak Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte, horiek izanen baitira lan horien erantzuleak. Bekadunak ezin izanen ditu funtzionario publikoen eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

15. Araubide fiskala.

Ordaindutako kopuruak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari lotuak daude, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren 14. artikuluarekin bat. Diru kopuru horri konturako atxikipena eginen zaio, indarra duten arauei jarraikiz hala egin behar baldin bada.

16. Araubide juridikoa.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraituko zaio.

17. Publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen 20. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.navarra.es), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaien, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

II. ERANSKINA

Prestakuntza beken deialdia, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzurako(PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1614835