9. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1550/2016 EBAZPENA, abenduaren 27koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, kanpo-merkataritzaren arloko teknikariak kontratatzeko diru-laguntzen 2017ko deialdia onesten duena.

Nafarroako 2017-2020 III. Nazioarteko Planak Nafarroako ETEei lagundu nahi die beren esportazio jardueretan. Ekintza horien artean, eta Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiaren egitura organikoaren dekretuak zuzendaritza horren esku utzitako eskumenekin bat, Nafarroako jarduera ekonomikoaren eta nafar herritarren nazioartekotzea sustatzeko asmoz, laguntzak emateko deialdiak egin daitezke, 2017. urtean, helbide fiskala Nafarroan duten enpresek, baldin nazioartekotzeko proiektu sendo bat badute, pertsonak kontrata ditzaten kanpo-merkataritzako lan teknikoak egiteko. Enpresa horietarako diru-laguntzen deialdi baten bidez gauzatzen da ekintza hori.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Enpresei diru-laguntzak emateko deialdia onestea, 2017. urtean kanpo-merkataritzako lan teknikoak egiteko pertsonak kontrata ditzaten. Deialdiaren oinarriak ebazpen honen eranskin gisa gehitu dira. Helburu horretarako 150.000 euroko gastua baimendu da guztira, 2016ko gastuen aurrekontuko “Enpresen kanpo sustapenerako ekintzak” izeneko 81003-81430-4709-431300 kontu-sailaren baliokidea den 2017ko Gastuen Aurrekontuko kontu-sailaren kargura. Deialdi honen finantzaketa kontu-sail horretan kreditu nahikoa eta egokia izatearen baldintzapean izanen da, bestela eten eginen baita.

2. Deialdiaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, Herri Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.

3. Ebazpen hau Aurrekontuen Atalari eta Kontabilitate Zentroari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

1. ERANSKINA

Enpresentzako diru-laguntzak, kanpo-merkataritzako lan
teknikoak egiteko pertsonak kontratatzeko 2017. urtean

1. artikulua. Xedea.

Nafarroako 2017-2020 III. Nazioarteko Planak zenbait ekintza aurreikusten ditu Nafarroako ETEei beren esportazio jardueretan laguntzeko. Ekintza horien artean, eta Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiaren egitura organikoaren dekretuak zuzendaritza horren esku utzitako eskumenekin bat, Nafarroako jarduera ekonomikoaren eta nafar herritarren nazioartekotzea sustatzeko asmoz, zilegi izanen da diru-laguntzak emateko deialdiak egitea 2017. urtean, helbide fiskala Nafarroan duten enpresek, baldin nazioartekotzeko proiektu sendo bat badute, kanpo-merkataritzako lan teknikoak egiteko pertsonak kontrata ditzaten, beren esportatzeko prozesuetan lagun diezaieten, izan ere, horrela, Nafarroako enpresa-ehuna eta oro har Nafarroako gizartea nazioartera ateratzeko bideak zabalduko dira.

2. artikulua. Araubide juridikoa.

Ebazpen honetan aurreikusitakoez gain, aplikagarriak diren administrazio prozeduraren arloko xedapenek eta, oro har, antolamendu juridikoaren gainerakoek arautuko dute nola aukeratu enpresa horiek.

3. artikulua. Iraunaldia.

Ebazpen honetan ezarritako oinarri arautzaileak 2017ko deialdian baizik ez dira aplikatuko.

4. artikulua. Enpresa onuradunak.

Deialdi hau honako hauei dago zuzendua: helbide fiskala Nafarroan izanik, nazioartera ateratzeko proiektu bat daukaten ETEak. Deialdiaren helburua da enpresei laguntza ematea kanpo-merkataritzako lan teknikoak eginen dituzten pertsonak kontratatzeko, esportazio prozesuetan lagundu diezaieten.

5. artikulua. Enpresa onuradunen betebeharrak.

1. Deialdia egiten den unean baldintza hauek betetzen dituzten enpresa eskatzaileak aukeratzen ahalko dira:

a) ETEa izatea (mikroenpresen, enpresa txikien eta ertainen definizioari buruz Europako Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko Gomendioaren arabera).

b) Helbide fiskala Nafarroan izatea.

c) Nazioartekotzeko proiektu sendoa izatea.

2. Ezin izanen dira aukeratu Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan adierazitako egoeretako batean daudenak.

3. Lehenago azaldu diren baldintzak eskabideak aurkezteko epearen azken egunerako bete behar dira, eta, hala badagokio, kontratuaren indarraldia bitartean mantendu beharko dira.

6. artikulua. Kontratatzen den pertsonaren betebeharrak.

1. Enpresek beraiek aukeratuko dute posturako egokitzat jotzen duten pertsona. Aukeratuak gutxieneko baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa.

b) Diruz laguntzen den kontratua formalizatu aurreko sei hilabeteko epean enpresan lan egin ez izana, non eta enpresarekin sinatutako kontratua ez zen praktiketan aritzeko edo prestakuntza eta ikaskuntzarako.

c) Ez izatea enpresaren jabetza edo kontrola dutenen, zuzendaritzako karguak dituztenen edo, sozietatearen forma juridikoa duten entitateen edo enpresen kasuan, haietako administrazio organoetako kideen ezkontideak, aurreko ahaideak, ondorengoak edo ezkontza nahiz odol bidezko bigarren mailara bitarteko ahaideak. Baztertze hori ez da aplikatuko kontratatzailea langile autonomoa bada eta hogeita hamar urtetik beherako bere seme-alabak kontratatzen baditu besteren konturako langile gisa, kontratatua berarekin bizi ala ez, edo soldatapeko langilerik ez duen langile autonomoa bada eta berrogeita bost urtetik beherako ahaide bakar bat kontratatzen badu, bere etxean eta bere kargura bizi ez dena.

2. Aurreko baldintzak betetzen diren diru-laguntza eman ondoren egiaztatuko da. Baldintzaren bat bete ezean, enpresa onuradunen zerrendatik kenduko da.

7. artikulua. Diru-laguntzaren xede diren kontzeptuak.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiaren diru-laguntza erabili beharko da enpresa onuradunaren eta berak aukeratutako pertsonaren artean lan kontratu bat sinatzeko, betiere aukeratutako pertsonak deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen baditu. Diru-laguntza 15.000 eurokoa izanen da, guztira.

8. artikulua. Laguntzen bateraezintasuna eta laguntzen “de minimis” izaera.

1. Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak dira lan merkatua berritzeko presako neurriei buruzko otsailaren 10eko 3/2012 Errege Lege Dekretuan aurreikusitakoekin eta, kontratazioa dela-eta, lor daitezkeen zerga arloko kenkariekin eta Gizarte Segurantzako bestelako hobariekin.

2. Diru-laguntzak ez ditu inola ere gaindituko, ez bakarrik ez beste batzuekin batean, lehenbiziko kontratazio-urteko lan kostuak eta Gizarte Segurantzakoak. Alderdi hori egiaztatzeari begira, kontratazioaldia bukatutakoan, enpresa onuradunek diruz lagundu den kontratuaren kostu guztien ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, hau da: nomina eta ordainagiri guztien kopiak eta Gizarte Segurantzaren kotizazioak ordaindu izanaren egiaztagiriak.

Nolanahi ere, diru-laguntzarako eskabidearekin batera adierazi beharko du hitz ematen duela, aipatutako diru muga gaindituz gero, horren berri emanen duela, gertatzen den unean berean.

3. Aurreko paragrafoetan esandakoa gorabehera, hemen ezarritako laguntzak bateraezinak dira kontratazio bererako Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo beste Administrazio Publiko batek ematen duen beste edozeinekin.

4. Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamendurako Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, edozein enpresari hiru zergaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan.

Horretarako, onuradunek kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortu beharko dituzte eskabide-orrian.

9. artikulua. Kontratuaren baldintzak eta iraupena.

1. Kontratua enpresa onuradunarekin sinatzen duen pertsonak gutxienez ere urtebete iraun beharko du kontrataturik. Baldintza hori betetzen ez bada, laguntzaren zati bat itzuliko da, ez-betetzearen denborari dagokion araberakoa.

2. Kontratua mugagabea edo aldi baterako izan daiteke, ez ordea praktiketarako edo ikaskuntza eta prestakuntzarako. Pertsona autonomoekin sinatutako kontratuak ez dira onartuko (https://www.sepe.es/contenidos/que_es_el_sepe/publicaciones/pdf/pdf_empleo/guia_contratos.pdf).

Lanaldi osorako izanen da, eta lan arloan indarra duen legediari egokituko zaio.

3. Kontratuaren xedea enpresaren esportazio-jarduerarekin loturik egonen da. Hortaz, kontratuan nahitaez jaso beharko da kontratatutako pertsona kanpo merkataritzaren arloko teknikari gisa arituko dela.

4. Lanbide-kategoria bete beharreko lanaren araberakoa izanen da.

5. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik hasita diru-laguntza eman dela jakinarazi eta hilabete igaro bitarte sinatzen diren kontratuak onartuko dira.

10. artikulua. Hautapen prozedura.

1. Enpresak norgehiagokako araubidearen bidez hautatuko dira.

2. Ofizioz hasten diren administrazio prozeduren arau orokorrei jarraikiz gauzatuko dira hautapen prozedurak.

3. Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak baloratuko ditu eskaerak. Deialdi bakoitzean jasotzen diren eskaera guztiak batera ebatziko dira; hala, oinarri arautzaileetan eskatzen diren baldintzak bete eta 15. artikuluan aurreikusitako ebaluazio-irizpideen arabera baloraziorik handiena lortzen duten enpresak aukeratuko dira.

11. artikulua. Eskaerak aurkeztea.

Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Nafarroako Gobernuak tramitazioa errazteko arretagune batzuk jarriko ditu behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten eskatzaileentzat. Gune horiek non dauden behar bezala iragarriko da zerbitzuen katalogoaren fitxan. Gune horietan, eskaera aurkezteko moduaz aholku emanen zaie, baina, aurreko paragrafoan ezarri bezala, eskaera aurkezteko behar-beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala edukitzea.

Eskabideak 2. eranskin gisa gehitu den ereduaren araberakoak izanen dira, eta Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako Departamentuko Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzura igorriko dira.

12. artikulua. Aurkezteko epea.

1. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da eskaerak aurkezteko epea, eta hilabeteko epean bukatuko da.

2. Ez dira tramiterako onartuko epez kanpo aurkezten diren eskaerak, eta, beraz, ez-onartutzat joko dira; horrelakoetan, interesdunei jakinarazi beharko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 35/2015 Legearen 41. artikuluan ezarritako moduan.

3. Eskabideak 2. eranskinean azaltzen den ereduaren araberakoak izanen dira. Aurkezteko epea bukaturik, eskaerak ezin izanen dira aldatu, salbu eta akats materialak, aritmetikoak edo izatezkoak zuzentzeko denean, deusetan galarazi gabe eskatzaileek eskaerak bertan behera uzteko duten ahalmena.

4. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzeari begira, eta, orobat, eskaera ebaluatzeko beharrezkoak izanik, erakunde horien eskura dauden bestelako datuak egiaztatzeko, interesdunek eskabidean adierazi beharko dute baimena ematen diotela Garapen Ekonomikorako Departamentuari baldintza horiek egiaztatzeko datuak kontsulta ditzan.

13. artikulua. Eskaeretako akatsak zuzentzea.

Eskaerak aipatu diren baldintzak betetzen ez baditu, enpresa eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean okerra zuzen dezala; hala egin ezean, eskaera bertan behera utziko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 35/2015 Legearen 94 artikuluak ezarritako moduan. Errekerimendu hori eskuragarri dauden baliabide elektronikoak erabiliz egiten ahalko da.

14. artikulua. Tramitazioa.

Eskaerak jaso eta gero, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak beharrezkotzat jotzen dituen jarduketa guztiak eginen ditu, ofizioz, ebazpenak oinarritzat hartuko dituen datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

15. artikulua. Ebaluazio irizpideak.

Oro har, eta dagokion deialdian ezartzen dena galarazi gabe, gehienez 100 puntu lortzen ahalko dira, modu honetan sailkatuak:

1. irizpidea.–Nazioartekotze Planaren kalitatea xedeko herrialdean 2015. urterako, gehienez 65 puntu.

Honako irizpide hauek hartuko dira kontuan proposamenaren kalitatea aztertzeko atal honetan:

ATALA

EDUKIA

PUNTUAK

Barne analisi estrategikoa

Enpresa eskatzailearen eta egiten dituen jardueren deskripzioa.

Alderdi hauen analisi zehatza, xedeko merkatuari eta enpresaren proiektuari dagokienez:

–Langileak (profilak, motibazioa, etab.)

–Produktua edo zerbitzua (ezaugarriak, xedeko merkatuan lehiatzean izanen dituen abantailak, prezioa, etab.)

–Teknologia.

–Gaitasun finantzarioa.

–Lan egiteko modua/metodologia.

11

Kanpoko analisi estrategikoa

Alderdi hauen analisi zehatza, xedeko merkatuari eta enpresaren proiektuari dagokienez:

–Ingurune politikoa.

–Lege arloko ingurunea.

–Ingurune sozioekonomikoa.

–Sektorearen egoera xedeko merkatuan.

–Xedeko publiko objektiboaren profila.

–Lehiakideen analisia (ze enpresa diren, ze estrategia duten, zer produktu edo zerbitzurekin lehiatzen diren).

11

AMIA

Kanpoko eta barneko analisietatik abiatuta, enpresaren indarrak, ahuleziak, mehatxuak eta aukerak zehaztea

10

Planifikazioa

Helburuak. Helburuak berariazkoak, neurgarriak, errealistak eta 2017ra mugatuak izanen dira.

5

Xedeko herrialderako ekintza plana 2017rako. Planaren edukiaren azalpena eta justifikazioa, aurreko atalean ezarritako helburuei begira. Ekintzekin batera bakoitzaren aurrekontua aurkeztu beharko da.

5

Kontratazio beharraren justifikazioa

Aurreko puntuetan planteatutako nazioartekotze estrategiarekin loturik arrazoituko da justifikazioa, eta, orobat, argudiatuko da zer zailtasun konpontzen lagunduko lukeen kontratazioak.

15

Orokorra

Planaren koherentzia

8

Proposamenaren kalitatearen atalean 32,5 puntura iristen ez diren proiektuak aurkezten dituzten enpresak ezin izanen dira diru-laguntzen onuradun izan.

2. irizpidea.–Nafarroako Foru Komunitatean kalitateko enplegua (kontratu mugagabeak) sortzeko duen eragina, gehienez 15 puntu.

PLANTILLAKO LANGILE KOPURUA
(2015-2016 konparazio taula, abenduaren 31ko datuekin)

PUNTUAK

Kopurua gutxitu bada

0

Plantilla sendotu bada, edo %5 edo gutxiago handitu

7,5

%5 baino gehiago handitu bada

15

3. irizpidea.–Inguruabar hauek puntuatuko dira, gehienez 15 puntu:

–Talentuaren PIN Bankuko pertsona bat aurkeztea deialdi honen babesean kontratatzeko, banku horretan gutxienez 6 hilabeteko antzinatasuna duena. Kasu horretan, aukeratuaren izena adierazi beharko da diru-laguntzaren eskabidean, eta, laguntza jasotzeko, pertsona hori kontratatu beharko da.

–Deialdiaren aurreko bi urtean, Talentuaren PIN bankuan sartutako pertsonak (www.blogpin.navarra.es) kontratatu izana.

–Nazioarteko praktiken PIN programaren barrenean pertsonaren bat hartu izana azkeneko bi deialdietako batean enpresak atzerrian duen ordezkaritzan aritzeko.

Aurreko guztia justifikatzeko, laguntza eskabidearekin batera, praktiketan aritzeko harrera-hitzarmenak edo kontratuak aurkeztu beharko dira.

PRAKTIKETAKO EDO KONTRATATUTAKO PERTSONA KOPURUA

PUNTUAK

Bat ere ez

0

Pertsona bat

10

2 pertsona edo gehiago

15

4. irizpidea.–Enpresak emakumearen eta gizonen arteko berdintasunarekin duen konpromisoa. 5 puntu gehienez.

Eskumena duten entitateek hori dela-eta emandako ziurtagiri eta aintzatespenak kontuan hartuko dira, indarrean badaude. Kontuan hartuko dira, orobat, enpresak berdintasuna lortzeko ezarritako praktikak, behar bezala egiaztatuz gero: ardurakidetza eta eginkizunen bateragarritasuna bultzatzeko neurriak izatea, enpresaren komunikazio agiri guztietan hizkera eta irudi ez-sexista eta bateratzaileak erabiltzea, etab. Horren guztiaren justifikazioa diru-laguntzaren eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.

PLANEN EDO AINTZATESPENEN KOPURUA

PUNTUAK

Bat ere ez

0

Berdintasunean aurrera egiteko enpresan ezarritako praktikak

2,5 arte

Berdintasun plana, ziurtagiria edo aintzatespena

5

16. artikulua. Ebazpena, jakinarazpena eta berariazko onarpena.

1. Eskaerak baloratzeko prozesua bukaturik, diru-laguntza esleitzeko proposamena eginen da, eta Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiari igorriko zaio, ebazpena eman dezan. Ebazpenean, gutxienez ere, diru-laguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda azalduko da. Eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira, eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.

2. Diru-laguntza emateko ebazpenean hauek azalduko dira:

a) Aukeratutako enpresaren datuak.

b) Emandako diru kopurua.

c) Ezartzen zaizkion beste baldintza batzuk.

d) Ezarri zaizkion baldintza guztiak betetzeko enpresak duen epea eta nola justifikatu behar duen.

3. Deialdia ebazteko eta emaitza jakinarazteko epea lau hilabetekoa izanen da gehienez ere, hura ixten denetik. Epe horretan ebazpen espresik ematen ez bada, eskaerak ezetsitzat jo beharko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 47. artikuluan ezarritakoarekin bat.

4. Politika Ekonomikoaren eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emandako ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

5. Diru-laguntza emateko ebazpena Nafarroako Gobernuaren web orrian argitaratuko da, eta administrazio prozedurari buruzko legerian xedatutakoaren arabera jakinaraziko da.

17. artikulua. Enpresa onuradunen betebeharrak.

Enpresa onuradunak betebehar hauek izanen ditu:

a) Hautatzen den pertsonarekin behar den lan kontratua sinatu izana frogatzea organo eskudunaren aurrean. Talentuaren PIN Bankuan dagoen izangai bat aurkeztu baldin badu, kontratua pertsona horrekin egin beharko da, nahitaez.

b) Hautagaia gutxienez ere urtebetez edukitzea kontrataturik.

c) Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egiaztatze lanak onartzea.

d) Erregelamenduaren arabera jarduerak kontrolpean egon behar duen bitartean, jakinarazpenak egiteko emandako datuetan egiten diren aldaketa guztien berri ematea.

e) Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Legearen 14.1n) artikulua betez, enpresak, beren web orrian edo eskura duten beste baliabide bat erabiliz, adierazi beharko dute diru-laguntza bat esleitu zaiela, eta horretarako Nafarroako Nazioarteko Planaren logoa erakutsi beharko dute. Orobat, diruz laguntzen den eragiketan sortzen diren agiri, euskarri eta baliabide guztiek Nafarroako Nazioarteko Planaren logoa erakutsi beharko dute, zeina web orri honetatik deskargatu baitaiteke: www.planinternacional.navarra.es.

18. artikulua. Diru-laguntzaren ordainketa

1. Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da, enpresak lan kontratua sinatu duela frogatu eta gardentasunaren deklarazioa aurkeztu ondoren.

a) Lehenengo zatia diru-laguntza osoaren %40koa izanen da, eta diruz lagundutako kontratua hasi eta bost hilabete igaro ondoren ordainduko da.

b) Gainerako %60a, 2017ko bukaera aldean ordainduko da.

2. Bi kasu horietan, enpresek ordura arte egindako gastuen ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, kontratuari lotutakoak betiere (nomina gastuak gehi Gizarte Segurantzakoak), eta, horrez gainera, indarreko kontratua gutxienez urtebetez mantentzeko idatzizko konpromisoa. Dokumentazio hori aurkeztu ezean, diru-laguntza kenduko zaie.

19. artikulua. Justifikazioa.

1. Deialdi honen inguruan gertatzen diren inguruabar guztiak justifikatzeko, oinarri arautzaileetan eta esleipen-ebazpenean deialdiaren jarraipenari buruz ezarritakoa beteko da.

2. Enpresak hautatzen duen pertsonarekin lan kontratua sinatu dela justifikatzeko, hilabeteko epea emanen da gehienez, laguntza emateari buruzko ebazpena jakinarazten denetik hasita. Horretarako, kontratuaren kopia bat aurkeztu beharko da. Kontratuan kontratatuak jasoko dituen ordainsariak adierazi beharko dira, berariaz. Ordainsariak hitzarmenaren araberakoak badira, enpresak hitzarmenaren kopia aurkeztu beharko du.

Kontratuaren kopiarekin batera, egiaztagiri bat aurkeztu beharko da, diruz lagundutako kontratazioagatik enpresak Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kotizazioak azaltzen dituena.

3. Aurrekoaz gainera, hautatutako pertsonak baldintzak betetzen dituela justifikatzeko, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Zinpeko aitorpena, 6.1 b) eta c) artikuluan eskatutako baldintzak betetzen dituela ziurtatzeko.

b) Kontratatzeko proposatzen den pertsonaren Nortasun Agiri Nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.

4. Horiez gainera, kontratuaren urtebeteko epea bukatzen denetik gehienez hilabeteko epean, enpresak honako hauek aurkeztu beharko ditu:

–Diruz lagundutako kontratuaren ondorioz enpresa onuradunak izan dituen gastuen ziurtagiriak. Zehazki, nomina guztien kopiak eta Gizarte Segurantzari kotizazioa ordaindu izana justifikatzen duten agirien kopiak aurkeztuko dira, baita batzuen eta besteen ordainagiriak ere.

–Azken memoria, gutxienez honako informazio hau jasoko duena:

  • Aurkeztutako Nazioartekotze Planaren barrenean kontratatuak egindako ekintzen azalpena.
  • Kontratazio horretarako ezarritako helburuak noraino bete diren, laguntza eskaerarekin batera aurkeztutako memorian adierazitakoaren arabera.
  • Kontratatuak egindako lana justifikatzea eta lan horrekiko gogobetetasun maila.
  • Ebaluazio inkesta (on line eginen da deialdiaren fitxatik abiatuta: www.navarra.es webgunea, zerbitzuen katalogoa; edo, bestela, www.planinternacional.navarra.es webgunean).
  • Diruz lagundutako ekintza finantzatu duten bestelako diru-laguntzen edo diru-sarreren zerrenda zehatza, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita. Horrelakorik ez badago, hori adierazi beharko da.

5. Kontratua egin dela frogatzeko dokumentazio eta txosten tekniko guztiak aurkeztu beharko ditu enpresa onuradunak.

20. artikulua. Laguntza itzultzea.

1. Diru-laguntzak itzultzeko prozedurari dagokionez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraikiko zaio, baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen xedapen aplikagarrietan ezarritakoari ere.

2. Kasu hauetan bidezkoa izanen da enpresa kentzea enpresa onuradunen zerrendatik, eta laguntza itzultzeko eskatzea:

a) Zerrendan sartzearren, eskatutako baldintzen gainean gezurra esatea, edo aukeratua izatea galaraziko lioketenak ezkutatzea. Laguntza osoa itzuli beharko da, behar diren berandutze-interesekin.

b) Kontratuaren gutxieneko iraupena ez betetzea, hau da, urtebete. Ez-betetzeak zenbat iraun duen, horren araberako zatia itzuli beharko da diru-laguntzatik.

c) Hautagaiarekin sinatutako kontratua ez betetzea. Laguntza osoa itzuli beharko da, behar diren berandutze-interesekin. Aurrekoa gorabehera, ezinbesteko kasuetan, borondatezko bajen kasuetan edo bidezko kaleratzeen kasuetan, diru-laguntzaren parte bat baizik ez da itzuli beharko, hau da, diruz lagundutako kontratazioan eskatutako urtebeteko epea betetzeko falta den denboraren araberakoa, berandutze-interesak barne, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.2.i) artikuluan xedatutakoa aplikatuta, non eta enpresak ez duen pertsona hori ordezten, gehienez ere 15 egun naturaleko epean, diru-laguntza jasotzeko eskubidea ekarri dion pertsonaren ezaugarri bereko beste batekin, deialdi honen baldintzekin bat. Hori guztia Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuari jakinarazi beharko dio gehienez ere hilabeteko epean, kontratu berriaren egunetik aurrera.

Ondorio horietarako, ezinbesteko kasuak izanen dira Langileen Estatutuaren 49.1 artikuluko e), f), g), h) eta i) ataletan ezarritakoak.

Bidegabeko kaleratzeen kasuan, ez da zilegi izanen diruz lagundu den kontratupeko pertsona ordeztea, eta enpresa onuradunak hartutako diru-laguntza itzuli beharko du, baita kasuan kasuko berandutze-interesak ere.

d) Justifikazioaren betebeharra ez betetzea edo eskatzen dena behar bezala ez justifikatzea. Ez-betetzeak zenbat iraun duen, horren araberako zatia itzuliko da diru-laguntzatik.

e) Laguntzak emateko ebazpenean ezartzen diren betebeharretatik edozein ez betetzea. Ez-betetzeak zenbat iraun duen, horren araberako zatia itzuliko da diru-laguntzatik.

3. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio enpresa onuradunen zerrendatik kentzeko prozedurak ebaztea.

21. artikulua. Enpresa onuradunen gardentasun betebeharrak.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta bi inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntzaren zenbatekoak 20.000 euro gainditzea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo aurrekontua, urtekoa, honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.

b) Hala badagokio, negozio-zifra, edo diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ez-betetze kasuetan, onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, aurrerakinak barne, eta, hala badagokio, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2. ERANSKINA

Diru-laguntzak emateko deialdia, kanpo-merkataritzako
lan teknikoak egiteko pertsonak kontratatzeko 2017. urtean

1.–Eskabide-orria (PDFa).

2.–Xedeko merkatuan 2017an jarduteko memoria.

1. 2017ko nazioartekotze plana xedeko merkaturako

1.1. Enpresaren eta egiten dituen jardueren deskripzioa: historikoa, egitura, datuak, produktua,... Gaur egun zer herrialdetara esportatzen duen.

1.2. Laguntza zer herrialdetarako eskatzen den, zehazki adierazita jarduketak zein eskualde edo hiritan eginen diren.

1.3. Barne analisi estrategikoa.

Enpresaren barne baliabideak aztertuko dira (giza baliabideak, finantza baliabideak, teknologia, ondasun higiezinak, etab.). Era berean, baliabide horiek nola erabiltzen diren aztertuko da, baita haien arteko erlazioak ere. Azterketak, betiere, xedeko merkatuari dagokionez eginen dira.

–Langileak (profilak, motibazioa, prestakuntza, etab.).

–Produktua edo zerbitzua (ezaugarriak, xedeko merkatuan lehiatzean izanen dituen abantailak, prezioa,...).

–Teknologia.

–Gaitasun finantzarioa.

–Lan egiteko modua/metodologia.

–Bestelako alderdi nabarmengarriak.

1.4. Kanpoko analisi estrategikoa.

Alderdi hauen azterketa aurkeztuko da:

–Ingurune politikoa.

–Lege arloko ingurunea.

Ingurune sozioekonomikoa.

–Sektorearen egoera xedeko merkatuan.

–Xedeko publiko objektiboaren profila.

–Lehiakideen analisia (ze enpresa diren, ze estrategia duten, zer produktu edo zerbitzurekin lehiatzen diren).

1.5. Jardueraren AMIA analisia, enpresaren ahuleziak eta indarrak, eta plan honen inguruneak eta merkatu objektiboak dakarzkioten mehatxu eta aukerak.

1.6. Herrialde horretarako Nazioartekotze Planaren helburuak zehaztea (helburuak zehatzak, neurgarriak, lorgarriak eta 2017ra mugatuak izan beharko dira).

1.7. Herrialdean jarduteko plan orokorraren deskribapena (zeinetan kokatzen baita diru-laguntzen deialdi honetan aurkeztutako ekintza) eta guztirako aurrekontua. Plana zehatza eta ongi justifikatua izan behar da, ekintzei, egutegiari eta aurrekontuari dagokienez.

2. Kontratazio beharraren justifikazioa.

Aurreko puntuetan planteatutako nazioartekotze estrategiarekin loturik arrazoituko da justifikazioa, eta, orobat, argudiatuko da zer zailtasun konpontzen lagunduko lukeen kontratazioak.

3.–Enpresa eskatzailearentzako informazio interesgarriak.

1. Eskaerarekin batera emandako datuen eta erantzukizuneko aitorpenaren tratamendua Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplika litezkeen gainerako arauetan xedatutakoari lotuko zaio. Datuetan sartu eta haiek zuzendu eta ezerezteko eskubideak Garapen Ekonomikorako Departamentuan erabiliko dira, aipatutako legeriari jarraikiz.

2. Garapen Ekonomikorako Departamentuak adierazi diren datuak benetakoak ote diren ikertzen ahalko du, eta, faltsuak izanez gero, aukeratuen zerrendatik kanporatzea deklaratu.

Iragarkiaren kodea: F1614824