9. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1398E/2016 EBAZPENA, abenduaren 2koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako 2017-2027 urteetarako Hondakin Planaren Ingurumen adierazpen estrategikoa egiten duena. Sustatzailea Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentua da.

2016ko martxoaren 9an hasi zen Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura, planaren eta hasierako dokumentu estrategikoaren zirriborroa aurkeztuta, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Martxoaren 18an hasi zen kontsulten tramitea ukitutako administrazio publikoentzat eta pertsona interesdunentzat, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 46. artikuluaren arabera. 301 kontsulta egin dira hainbat entitateri (34 administrazio eta enpresa publiko, herritarren 5 elkarte, enpresaburuen 12 elkarte, 6 lanbide elkargo, 4 enpresa, tokiko 4 ekintza talde, 7 aditu/kontsultore, 8 talde ekologista/ingurumena babesteko erakunde, 7 alderdi politiko parlamentario, 17 SCRAP, 6 sindikatu, 5 unibertsitate/ikerketa zentro, 5 herritar partikular eta hondakinak kudeatzen dituzten 181 instalazio). 16 entitateren erantzunak jaso dira; I. eranskinean daude laburturik. Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalari igorri zitzaion, 2016ko maiatzaren 31n, Ingurumen azterlan estrategikoaren irismen-txostena.

Aldi berean, 2016ko martxoan, Ingurumen arloan informazioa eskuratzeko, herritarrek parte hartzeko eta justiziarako irispidea izateko eskubideak arautzen dituen ekainaren 18ko 27/2006 Legean ezarritakoari jarraituz, Lan egiteko eta Parte hartzeko Talde bat (GTyP) sortu zen, 2017-2027 urteetarako Plana prestatzeari buruz interesgarritzat jotzen diren alderdiak aztertu eta eztabaidatzeko. Horrela, sei maila ditu Nafarroako 2017-2027 urteetarako Hondakin Planaren prozesu parte-hartzaileak: instituzionala, Toki Administrazioa, GTyP, Herritarrak eta Lurraldea, Gaikakoak eta Adituak; eta hiru fase: aurkezpena, eztabaida eta itzulera.

Ekarpen guztiak jasorik eta iradokizunak baloraturik, “Nafarroako 2017-2027 urteetarako Hondakin Planaren hasierako bertsioa” eta Ingurumen azterlan estrategikoa prestatu dira. Aipagarria da planean sartuta dagoela Nafarroako Hondakinen Prebentzio Plana, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 15. artikuluan aurreikusia.

Hondakin Planaren Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedurak aurrera egin du Nafarroako Gobernuak 2016ko abuztuaren 24an hartutako Erabakiaren bidez, zeinak jendaurrean jarri dituen 45 egunez Nafarroako 2017-2027 urteetarako Hondakin Planaren Ingurumen azterlan estrategikoa eta hasierako bertsioa, eta 2016ko 170. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, irailaren 2an.

Ebazpen honen II. eranskinean, laburpen tauletan, jaso da jendaurreko informazioaren prozesuaren emaitza, parte hartu duten pertsona eta entitateei dagokienez, eta alegazioen edukia. “Tramitazioa eta parte-hartzea” izeneko 3. kapituluan eta Nafarroako 2017-2027 urteetarako Hondakin Planaren behin betiko dokumentuaren III. eta IV. eranskinetan aurkeztu da laburpen osoa, hartutako alegazioen balorazioa eta planaren hasierako bertsioari nola erantsi zaizkion azalduta. Informazio hori bera eskuragarri dago Nafarroako Gobernuaren “Gobernu Irekia” atarian, “Parte hartzea” atalean, eta Hondakinen atarian, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren web orrian.

Ingurumen Ebaluaziori buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 24. artikuluan ezarritakoaren arabera, informazio publikoaren prozesurako epea eta ukitutako administrazioei eta pertsona interesdunei kontsultatzekoa bukaturik, 2016ko azaroaren 14an jaso da Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalean Ingurumen ebaluazio estrategikoaren espediente osoa, hark Ingurumen adierazpen estrategikoa egin dezan.

Espediente osoan “Nafarroako 2017-2027 urteetarako Hondakin Plana” (hartutako alegazioen arabera aldatua eta Ingurumen adierazpen estrategiko honen III. eranskinean laburtua), Ingurumen azterlan estrategikoa eta informazio publikoaren emaitza sartzen dira. Adierazi den moduan, planean Hondakinen Prebentzio Programa sartzen da.

Nafarroako 2017-2027 urteetarako Hondakin Planaren Ingurumen azterlan estrategikoak garapen maila eta eduki egokiak ditu, kontuan hartuta plana bera eraginak prebenitu eta zuzentzeko neurrien multzo gisa planteatzen dela. Edukiak Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen IV. eranskinean ezarritakoa betetzen du. Haren laburpena aurkezten da ebazpen honen IV. eranskinean.

Ingurumen interesa duten planaren helburuen artean, honako hauek aipatu behar dira:

–Plana garatzeko neurri guztietan hartzen da kontuan hondakinen hierarkiaren printzipioa, ekonomia zirkularra sustatzen duena eta hondakinen ezabaketari pizgarriak kentzen dizkiona.

–Prebentzio politikak sustatzen dira, ingurumenaren gaineko ondorio kaltegarriak gutxitzearren. Zuzenketa neurriak hartzea aurreikusten da eta, zein den kasua, ingurumen eraginaren konpentsazioa, planaren neurriak aplikatzeagatik ezinbestean ondorio kaltegarriak daudenean ingurumenean edo jendearen osasunean.

–Plana aplikatzeko edozein neurrik lehentasuna ematen dio klima aldaketan eragiten duten ondorioak gutxitzeari.

–Edozein neurri hartzeko orduan, jasangarritasunaren eta natur baliabideen (lurzorua, ura, energia, erregai fosilak...) kontsumoa gutxitzearen printzipioa hartzen da kontuan. Edozein kasutan, karbonoaren aztarna gutxituko duten neurri berriez ari gara.

–Plana garatzeko egin den moduan, parte-hartze publikoaren prozesuen inplementazioarekin jarraitu gogo da hondakinen prebentzioari, instalazio berrien proiektuei, hondakinak biltzeko sistema berriei (halakorik balitz), eta abarrei buruzko ekimen berrietan.

–Komunikazio eta sentsibilizaziorako proposatu diren ekintzen barrenean, lehentasuna ematen zaie politika publikoetan bilketa, itzulera eta berrerabilera sistemei garrantzi gehien ematen dieten neurriei eta hondakinen gaikako bilketa, kontsumo arduratsua, ontzien gutxitzea eta abar indartzen dituztenei.

–Gobernamenduari dagokionez, ahalegina egiten da neurri fiskalak lehenbailehen inplementatzeko, oinarritzat hartuta “kutsatzaileak ordaintzen duela” dioen printzipioa; gainera, ekonomia zirkularraren aldeko pizgarri fiskal eta ekonomikoak ezartzen dira, eta nahitaezkotzat jartzen hondakinen bereizketa eta gaikako bilketa egokia.

–Plana garatzeko orduan, teknika eskuragarri hoberenak erabiltzen ahaleginduko da, ahalik eta emaitza hoberenak lortzeko (efizientzia energetikoa, teknologiak klima aldaketari egokitzea, hondakinetatik kalitatezko produktuak lortzea, hala nola, konposta, agregakin birziklatua, eta abar).

–Neurri zehatzen bidez, erakundeen arteko koordinazioa eta gizartearen parte-hartzea areagotu gogo dira, udalekin, mankomunitateekin, enpresa pribatuekin eta eraikuntza eta eraispeneko hondakinen kudeaketan inplikatutako agenteekin koordinatzeko tresnak garatuz, halako moduan non proposatutako horizonteentzat ezarritako helburuak lortuko diren horrelako hondakinak zabortegian ezabatzeari eta agregakin birziklatua produzitu eta obretan erabiltzeari dagokienez.

Dagokion kapituluan proposatutako neurri zuzentzaileak aplikatu ondoren, Nafarroako 2017-2027 urteetarako Hondakin Planaren ebaluazio orokorraren ondorioa da eragina positiboa eta garrantzitsua dela hondakinen kudeaketa jasangarriaren arloan, eta ez bakarrik hondakinen prebentzio programagatik, bai eta bio-hondakinen gaikako bilketa handitzeagatik ere, non zati organikoa gehiago harrapatzen den, hondar zati osoa tratatzen den, garbigune sarea ezartzen den eta aurreikusitako sentsibilizazio eta hezkuntza kanpainak inplementatzen diren.

Ingurumenaren gaineko eragina positibo moderatutzat jotzen da ingurune faktore hauei dagokienez: energia, garraioa optimizatu eta teknika eskuragarri hoberenak ezartzen direlako tratamenduaren azpiegituretan; orobat, klima aldaketari dagokionez, hondakinen kudeaketari lotutako negutegi efektuko gasen igorpenak murrizteagatik, garraioa optimizatzeagatik eta hurbiltasunaren printzipioa aplikatzeagatik.

Herritarren eta giza osasunaren gaineko eragina ere positibo moderatutzat jotzen da; izan ere, hondakinen sorkuntza galarazten duen prozesuaren jasangarritasuna eta ingurumenean duten eragina gutxitzea bilatzen duten planaren helburuak hobekuntza ukaezinak dira gizartearentzat; areago, kontuan izanda haiek lortzeko hartu diren neurriak adostuta hartu direla eta gizarte sektore zabalek onartuta, parte-hartze publikoaren prozesua erabili baita.

Biodibertsitateari, paisaiari, lurzoruari eta urari dagokienez, eragina neutrotzat jotzen da, bai eta negatibo moderatutzat ere, kontuan izanda eraikiko diren azpiegitura berriek lurraldearen okupazio berriak ekar ditzaketelako, bai eta kalteak ere lurzoruan, urean, floran, faunan eta paisaian.

Azkenik, Ingurumen azterlan estrategikoak proposatutako ekintzen jarraipenerako eta kontrolerako plana jasotzen du. Plan horrek urteko ebaluazio bat proposatzen du, azpiprograma bakoitzaren jarraipenerako planteatutako adierazleen bidez. Gainera, Jarraipen Batzorde bat sortuko da, jendeak behar bezala parte har dezan planaren garapenean. Plana bost urtean behin berrikusi eta ebaluatuko da, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearekin bat.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak txosten batean dio behar bezala burutu dela ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura, planaren aplikaziotik ingurumenean sortutako eragin positiboak baloratzen ditu, eta neurri osagarri batzuk proposatzen, hain zuzen ere ebazpen honen baldintzetan sartu direnak.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako 2017-2027 urteetarako Hondakin Planaren Ingurumen adierazpen estrategikoa egitea, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak sustaturik.

2. Planean eta Ingurumen azterlan estrategikoan ezarritako neurri zuzentzaileak eta jarraipenerako neurriak betez garatu beharko da plana; gainera, ondoko baldintzak:

–Hondeatzetik ateratako material naturalei dagokienez, hondakinak direnez eta inoiz ez maileguko materiala, horrexek organo eskudunen beste tramite edo baimen batzuk eskatuko bailituzke, lehentasuna emanen zaio espazio andeatuak lehengoratzen erabiltzeari, gero egokitze edo betetze lanetan erabiltzeari, nahiz operazio horiek zabortegien barrenean egin. Azken destinoa zabortegia ezabatzea izanen da.

–Eraikuntza eta eraispeneko hondakinak behar bezala kudeatzera bideratzen diren neurriek izanen dute lehentasuna, ez dadin legez kanpoko obra-hondakindegietan erabiltzen jarraitu eta ez dadin kontroletik kanpoko isurketa gune berririk agertu, ondorio kaltegarriak baitituzte ingurumenean eta paisaian. Besteak beste, eta bilketa sistemei dagokienez, honako neurri hauek hartu beharko dira kontuan: obran bertan ezarritako edukiontziak, garbigune berriak, aldi baterako metaketa guneak edo udal batasunen sorrera.

–Toki entitateei zuzendutako kanpainak egin beharko dira, udalerrietan dituzten obra-hondakindegiak ixteko. Beren lurretan egiten diren obren ondoriozko lur soberakinak erabiltzeko komenigarritasunaren eta egokitasunaren berri emanen zaie, baldin eta haien bolumena tamaina batekoa bada. Hondeatzetik ateratako material naturala nahikoa ez bada espazio andeatu horiek ixteko, hondakin horiek baldintza egokietan metatzeko komenentziaren berri emanen zaie, bilatzen den helburua lortu arte. “Lur poltsak” ere ezartzen ahal dira.

–Lurralde bakoitzaren beharrak aztertuko dira eraikuntza eta eraispeneko hondakinen balorizazioko instalazioei dagokienez; izan ere, planak berak planteatzen duen moduan, ez dago horrelako instalazioen bidezko banaketarik ikuspuntu geografikotik. Alferrikako desplazamenduak gutxitzea da kontua, bai eta haien kostua ere ingurumen eta ekonomia aldetik; gainera, horrelako hondakinak berrerabiltzeko zikloa ixten duen materialaz (agregakin birziklatua) hornitzen dira eskualde horiek.

–Azpiegitura berriak:

  • Azpiegitura berriak kokatzerakoan, Hondakin Planean proposatutako zonifikazioari jarraituko zaio, ez dezaten ondoriorik jasan Natura 2000 Sareko espazioek, Habitatei buruzko 42/93/EEE Zuzentarauak interesekotzat edo lehentasunekotzat jotako habitatek, berezko landarediek, ez eta zuhaitz edo zuhaixka jakin batzuek, faunarentzako kontserbazio bereziko guneek, hezeguneek, lur azaleko eta azpiko ur masa eta ibilguek, ur azpian geldi daitezkeen guneek, herriguneek, paisaia babestuek, abelbideek, Donejakue Bideak eta kultura edo/eta aisia aldetik interesa duten beste ibilbide batzuek ere.
  • Ahal dela, ez da azpiegitura berririk eginen historia eta arkeologia intereseko guneetatik hurbil.
  • Ahal dela, zer gune okupatzen diren, bertako eraikuntza tipologiak eta materialak erabiliko dira instalazio berrien paisaia lehengoratzeko.
  • Oro har, hondakinak kudeatzeko instalazio berriek lehentasuna emanen diote industriarako kategoriako hiri-lurraren kalifikazioa duen lurzoruan kokatzeari.
  • Lurzoru azalera garrantzitsua hartzen dutenentzat, lehentasuna izanen dute lehendik andeatuta edo oso antropizatuta dauden espazioek; horretarako, eguneratuta egonen da Nafarroako eremu andeatuen inbentarioa.
  • Tamaina egokia emanen zaie instalazioei eta, ahal bada, tamaina txikikoak hautatuko dira, lurraren topografiari egokitzen zaizkionak; lur-erauzketak, lubetak edo harri-lubeten fronteak saihestuko dira, eta higatzeko arriskua minimizatuko da.
  • Instalazio berriek jarduketa gauzatzeko beharrezkoak diren zerbitzu guztiak izan beharko dituzte; bestela, proiektuetan jasota egonen da zerbitzu horien diseinua.
  • Jaso beharreko hondakinen mugikortasunari buruzko azterlana ere eramanen dute, balantze energetikoa eta karbono aztarnaren analisia barne.
  • Ahal den aldiro, hondakinen jatorrizko puntuaren hurbiltasun printzipioa aplikatuko da.
  • Azpiegitura berriak teknika eskuragarri hoberenez hornituko dira hondakina kudeatu eta tratatzeko eta, ahal dela, energia iturri berriztagarriak ustiatzen dituzten sistemez.

–Carcarko eta El Culebreteko zabortegietan edozein aldaketa egiteko, behar bezala ebaluatuko dira aldaketaren ondorioak “Estellerriko Erriberako igeltsuak” izeneko ES-2200031 BILaren eta “Pulguerko urmaela” izeneko ES220004 BILaren osotasunari buruz, hurrenez hurren. Gainera, instalazio horiekin zerikusia duen edozein jarduketa edo obra sartzen da, Natura 2000 Sareko bi espazio horietan eragina izan badezake, nahiz haietatik kanpo egon.

–Jarraipenerako eta kontrolerako planari dagokionez, Ingurumen azterlan estrategikoan jasotzen denez, hondakin mota bakoitzerako ezarritako berariazko helburuak betetzen direla egiaztatzen duten ekintzak burutu beharko dira, eta lehentasunak ezarri, ingurumenaren aldetik kontrol handiagoa eskatzen duten tipologien gainean, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 51. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz.

–Ingurumen jarraipenerako planaren emaitzak urteko jarraipen txostenetan jasoko dira; haietan, aise ezagutu eta neurtzen ahal diren adierazleen bidez erakutsiko da nola bete diren plana eta Ingurumen adierazpen estrategikoa. Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren web orriko hondakinen atarian eta Gobernu irekiaren tresnen bitartez jarriko da jendaurrean zer emaitza izan duen planaren aplikazioaren bilakaerak.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau sustatzaileari eta aldez aurreko kontsulta prozesuetan, jendaurreko informazioan eta parte-hartze publikoan aritu diren administrazio publiko eta pertsona guztiei jakinaraztea.

Iruñean, 2016ko abenduaren 2an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

I. ERANSKINA

Aldez aurreko kontsultak

Hona hemen aldez aurreko kontsulten tramitean jasotako galderen laburpena, tramite hori Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarrita egonik.

Recyclia.

Recycliak, Aparatu Elektriko eta Elektronikoen Ingurumen Kudeaketarako Fundazioaren (ECOASIMELEC), Pilen Ingurumen Kudeaketarako Fundazioaren (ECOPILAS) eta Ofimatikako Ekipamenduen Ingurumen Kudeaketarako Fundazioaren (ECOFIMÁTICA) izenean eta haiek ordezkatuz, hainbat iradokizun eta zuzenketa aurkeztu ditu planaren zirriborroko kapituluetan, “Parte-hartze publikoa” izeneko tramitean, egitekoak, idazkian adierazten duen moduan, baina prozesu hori ez da orain tramitatzen ari den prozeduraren xedea; alegia, Ingurumen ebaluazio estrategikoaren tramiteko “Aldez aurreko kontsulten” xedea.

Oro har, araudi aplikagarriaren idazketan egindako zuzenketak dira, edo helburuen zenbatekoetan eginikoak, PEMAR delakoak proposatzen dituen datuekin egokitu daitezen, edo kontsultatu diren erakundeen zerrendan egindako akatsak. Hortaz, planaren zirriborroari eta hondakinen kudeaketari egiten zaizkien oharrak dira, ez hainbeste planaren ingurumenaren gaineko eraginari lotutako aspektuei haren aplikazio eremuaren barrenean.

Ondare Arkitektonikoaren Atala.

Erantzun honetan ondare historikoaren gaineko eragina kontuan hartzeak duen garrantzia adierazten da eta, zehatzago, bio-hondakinen gaikako bilketaren sistemak herrigune historikoetan sortzen duen irudiaren gainekoa.

Arkeologia Atala.

Arkeologia Atalak adierazi du kontuan hartu behar dela Nafarroako Kultur Ondareko Ondasunen Erregistroan inskribatuta dagoen ondare arkeologiko katalogatua, hondakin solidoak kudeatzeko azpiegituretarako alternatiben analisia egiterakoan.

Erabilitako Olioak Kudeatzeko Sistema Integratua (SIGAUS).

Erakunde horrek “Parte-hartze” izeneko tramitean eman du erantzuna, idazkian adierazten duen moduan, eta, beraz, ez da hainbeste Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduraren barrenean tramitatzen ari den “Aldez aurreko kontsultak” izeneko oraingo prozeduraren xedeari emandako erantzuna. Dena dela, bere iradokizunen artean, “Plangintza” izeneko hirugarren puntuak argi seinalatzen du planak lurraldean duen ingurumen eragina; zehazki, hondakinen garraioari lotutako ingurumen arrisku eta kalteak gutxitzeari dagokionez.

Proposatzen diren gainerako iradokizun eta zuzenketak planaren zirriborroko kapituluei zuzendutakoak dira, eta araudi aplikagarrian atzemandako akatsak zuzentzera daude bideratuta, edo PEMAR delakoaren proposameneko zenbakiak, edo kontsultatu diren erakundeen zerrendako akatsak. Hortaz, PIGRN 2015 delakoaren zirriborroari eta hondakinen kudeaketari berari egiten zaizkien oharrak dira, ez hainbeste planaren ingurumenaren gaineko eraginari lotutako aspektuei haren aplikazio eremuaren barrenean.

ELA sindikatua.

ELA sindikatuak bere ikuspegia aurkeztu dio PIGRN 2025 delakoaren zirriborroaren proposamenari parte-hartze publikoaren tramitearen barrenean; prozesu horrek hein batean erantzuten dio “Aldez aurreko kontsultak” izenaz tramitatzen ari den oraingo prozeduraren xedeari, Ingurumen ebaluazio estrategikoaren barrenean.

Bere idazkian hainbat iradokizun daude sortutako hondakinen murrizketari eta hondakinen gaikako bilketari buruz, haren asmoa hondakinen kudeaketa jasangarriagoa egitea baita atez atekoaren edo autokonpostajearen alternatiben bitartez. Berrerabileraren eta Birziklapenaren gaia ere jorratzen du.

Zati bakoitzeko berariazko tratamenduari buruz, uko egiten dio eraikuntza eta eraispeneko hondakinen sorrerari buruz planaren zirriborroan jasotako proposamenari, hondar zatiaren tratamendu gisa; orobat, errausketari, hondakinak kudeatzeko. Ezinbesteko neurri gisa planteatzen da hondakinak nahitaez jatorrian bereiztea eta zati bakoitzerako tratamendu eraginkorrenak ezartzea, eraginkorrenak ere ingurumenarentzat, ekonomiarentzat eta gizartearentzat, ekonomia zirkularraren irizpideak aplikatuta.

Nafarroako Erriberagoiengo Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitatea eta Nafarroako Hondakinen Partzuergoa.

Bi erakundeak bat heldu dira Ingurumen azterlan estrategikoari eta Nafarroako Hondakin Planari egiten dizkieten ekarpenetan.

Plangintzaren helburuak bi fasetan berrikusteko aukera planteatzen da, lehena 2016-2021 urteetan, PEMAR delakoaren helburuak erreferentziatzat hartuta, eta beste fase bat, plana 2021ean berrikusi ondoren, ekonomia zirkularrean oinarritzen diren neurri sendoagoekin. Gobernamenduari, fiskalizazioari eta sentsibilizazioari lotutako beste helburu batzuk sartzea planteatzen dute.

Besteak beste, helburu estrategiko hauek: ekonomia zirkularrerako trantsizioa bultzatzea, eskualdeko programa ezartzea sentsibilizazioari eta komunikazioari buruz, planaren ezarpen jasangarria 2019 baino lehen segurtatu, erantzukizunak mugatu eta neurri fiskalak jasoko dituen gobernamendua bultzatzea, beharrezko azpiegiturak diagnostikatu eta haiek kokatzeko irizpideak ezartzea, sortzen diren hondakinen, horien garraioen eta balorizazioaren kudeaketa eraginkor batean oinarrituta, eta planari jarraipena egiteko adierazle argi eta errazak ezartzea.

Zenbakiak ematen dituzte berariazko helburuetan, hondakinen prebentzioari, birziklapenari eta berrerabilerari, eta ezabaketari buruz. Gobernamenduaren, sentsibilizazioaren eta parte-hartzearen gaineko helburuak ere zehaztu dituzte.

Nekazaritzako Ontziak Kudeatzeko Sistema Integratua (SIGFITO).

PIGRN 20125 delakoan sartu beharreko neurriak proposatzen ditu SIGFITOk. Ez dute zerikusirik Ingurumen eraginaren azterlaneko aldez aurreko kontsulten fase honetan kontuan hartu beharreko aspektuekin.

Nekazaritzako eta abeltzaintzako hondakinen kudeaketari buruzko aspektuak dira; zehazki, egoeraren diagnostikoa nekazaritzako eta abeltzaintzako hondakin guztietara hedatzea planteatzen du, ez bakarrik kontuan hartu direnetara (nekazaritzan erabiltzen diren plastikoak, ontzi fitosanitarioak, SANDACH hondakinak). Puntu horretatik abiatuta, hainbat neurri proposatzen ditu, hala nola, nekazaritza sektorearen prestakuntza, nekazaritzako ontzi fitosanitarioez bestelakoak ekoizlearen erantzukizun zabalduaren sistemei atxikitzea, sistema kolektibo baten babesera biltzea arriskutsuak eta fitosanitarioak ez diren bestelako ontzi hustuak, hasierako analisi kuantitatibo bat egitea, baldintzak, tramiteak, eta abar ezarrita jasota ez dauden bestelako hondakinak (harrapaketa arteak eta monitore irudiak, eskularruak, laneko buzoak...) behar bezala kudeatzeko eta, azkenik, sektoreko hondakinen kudeaketa integrala bultzatu beharra ezartzen du, nekazaritzako garbiguneak ezarrita.

Nafarroako Elikagai Bankua fundazioa (BAN).

Fundazio honek hainbat jarduketa neurri proposatzen ditu PIGRN 2015 delakoan sartzeko, elikagaien aprobetxamendua bultzatu eta dinamizatuko dutenak.

Besteak beste, lan-mahai bat sortzea, non BANek parte hartuko duen eta, gainera, elikagai hondakinak prebenitzeko ekintza planak diseinatzen lagunduko duen; funtsezko entitateak bultzatzea, elikagai hondakinen prebentziorako ekimenak ezartzeko; teknika eskuragarri hoberenak aplikatzea, gaur egun abian diren esperientziak hedatzea, eta berrerabilera sustatzea eta ez birziklapena.

Aipatu diren beste neurri batzuek akordioak sustatzen dituzte agenteekin, ez dadin zarrastelkeriarik izan, eta elikagaien soberakinak aprobetxatzeko kanalak sortzen dituzte, ekoizleetatik banaketa entitateetaraino.

Azkenik, neurri hauek planteatzen dituzte: eredu-pleguak prestatzea jatetxe arloko zerbitzuentzat administrazio publikoen, ikastetxeen eta abarren pleguetan, funtsezko agenteei prestakuntza eta aholkuak ematea botatzen den janaria gutxitzeko eta hezkuntza eta sentsibilizazio kanpainak sortzea, kontsumo arduratsua eta ezer botatzen ez duen sukaldaritza sustatzeko etxeetan, jantokietan, elkarte gastronomikoetan eta abarretan.

Greenpeace.

Greepeacek PIGRN 2025 delakoaren zirriborroa baloratzen du bere helburu estrategikoen analisitik abiatuta. 11 helburu aztertzen dira; besteak beste, Nafarroako gizartea eraginkor bihurtzea bere baliabideen erabileran, klima aldaketaren aurkako estrategian lan egitea, hondakinen kudeaketa eraginkorrago batekin bat egiten duen gobernamendua ezartzea hondakinen kontuan, konpromisoa hartzea prebentzioarekin, bai eta hondakinen berrerabilerarekin eta birziklapenarekin ere, bio-hondakinak gaika biltzeko sistema aplikatzea Nafarroa osoan, eta abar.

Ekarpenen artean badute berariazko kapitulu bat gaikako bilketaren F eta G sistemei eta horien ingurumenerako onurei buruz; orobat, bi sistema horiei buruzko gobernamendurako aholkuak.

Beren ekarpena bukatzeko, badute kapitulu bat, “Derrigorrezkotasuna” izenekoa, gobernamenduaren arloko neurriekin, beste bat, azpiegiturei buruzkoa, non zalantzan jartzen duten azpiegitura berrien beharra, eta ondorioen gaineko kapitulu bat, honako hau dioena:

–Hierarkiarekiko errespetua hondakinen tratamenduan.

–Gobernamendua: Nafarroako hondakin agentzia sortzea, eta ekonomia zirkularra, hondakinak bereizteko betebeharra eta gaikako bilketaren sistemak bultzatuko dituzten legeak sortzea.

–Konpostajea bultzatzea, batez ere 300 biztanlez azpiko herrietan.

–Konpostajeko planta txiki eta deszentralizatuak bio-hondakinentzat.

–Etxeko eta saltokietako hondakinen zabortegiak, industriakoak eta eraikuntza eta eraispeneko hondakinekoak mantentzea; berririk beharko balitz, txikiak eta deszentralizatuak izan beharko lukete, mankomunitateek kudeaturik.

–Ez, Iruñeko tratamendu mekaniko biologikoko plantari.

–Ez, errausketari eta ko-errausketari, gaur egungo zabortegiak mantentzea etengabeko karakterizazioekin. Berririk beharko balira, txikiak eta deszentralizatuak izan beharko lukete. Garbiguneak sortzea makineria mugikor eta mankomunatuarekin.

–Azpiproduktu balorizagarrien poltsa indartzea edo hobetzea.

Erabilitako Pneumatikoak Kudeatzeko Sistema Integratua (SIGNUS).

Hartutako erantzun askok bezala, SIGNUSek Parte-hartze Publikoaren tramitean erantzuten du, bere idazkian adierazi duen moduan, eta aurreko erantzunetan aipatu den zuzenketa bat seinalatzen du idazketan, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28kok 22/2011 Legean xedatutakoaren arabera.

Murrizketa eta prebentzioko helburuei dagokienez, prebentzio/murrizketaren helburua kentzea proposatzen du bizitza baliagarriaren bukaerako pneumatikoei dagokienez, PIGRN 2025aren zirriborroan proposatzen den helburua bat ez datorrelako PEMAR delakoan finkatutakoarekin, azken hori lehena baino handiagoa baita (%15eko murrizketa bizitza baliagarriaren bukaerako pneumatikoetan eta %10 PIGRN delakoan).

Iruñeko Udala.

Iruñeko Udalak aldez aurreko kontsulten fasean hartu du parte, eta ohar hauek aurkeztu:

–PIGRN 2015aren zirriborroari buruz: indarra egitea datuen eta informazioaren egiazkotasunean hondakinen ekoizpenari eta kudeaketari buruz, berrerabileraren aldeko apustua; nahikotasunaren, hurbiltasunaren, erantzunkidetasunaren eta kudeaketa publikoaren printzipioak sartzea kudeaketa ereduaren proposamenean; zati organikoaren kudeaketa konpostaje eginez planta txikietan jatorrizko tokitik hurbil; hondakinen garraioa minimizatzea; errausketa, ko-errausketa edo balorizazio energetikoa egiteko aukera beste irtenbide teknikoen faltan (betiere, kopuru txikitan); eredu deszentralizatuak aukeratzea, tamaina txikiko instalazioekin; herritarren parte-hartzea eta ingurumen hezkuntzaren programak sustatzea; irtenbidea ematea instalazioei haien bizitza baliagarriaren ondoren; berrerabilera lana aitortzea Emausko Trapuketarien fundazioari.

–Ingurumen ondorioen azterlanari buruz: tamaina txikiko plantetako hondakin kudeaketaren eredua alternatiben azterlanean sartzea, indar eginez herritarren parte-hartzean eta ingurumen hezkuntza eta sentsibilizazioan, hondakinak murrizteko; hondakinen garraioaren ondorioa ebaluatzea eszenatoki alternatiboak analizatuta; biometanizazioa eta konpostajea alderatzea; bio-hondakin konpostatuen ekarpenak lurzoruetan duen ondorio positiboa eta klima aldaketan duen ondorioa ebaluatzea; eta hondar zatiaren tratamendu mekaniko biologikoak ingurumenean duen eraginaren ebaluazioa beste alternatiba batzuen aldean, hala nola, zabortegian metatuta.

Cementos Portland Valderrivas.

Enpresa horrek iradokizunak egin dizkio Ingurumen ondorioen azterlanari, tratamendu mekaniko biologikoko plantetako errefusak eta ontziak berreskuratzeko moduei dagokienez, hondakinetatik eratorritako erregaiak edo balorizagarriak diren bestelako hondakinetakoak prestatuz.

Zabortegien ondorio negatiboak kontuan hartzearen garrantzia aipatzen dute, hala nola, berotegi efektuaren igoera, ozono geruzaren gutxitzea edo osagai lurrunkorrak, hondakinen ko-errausketaren igorpenetik sortutako deribatuen aldean.

Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean kapitulu bat sartzearen interesa adierazten dute, non ingurumen osasuneko eta zementu fabriketako hondakinen energia berreskuratzeko bidea ebaluatuko den, eta adierazten dute hondakinetatik eratorritako erregaien erabilerak ez duela instalazio horien igorpenak handitzen, ez eta arrisku erantsirik sortzen ere jendearen osasunarentzat eta segurtasunarentzat.

Sustrai Erakuntza fundazioa.

Erakunde horrek iradokizunak egiten dizkio bere idazkian PIGRN 2025aren zirriborroari, aplikazio eremuan ingurumenaren gaineko eragina duten kontuetan. Planteatu den gaikako bilketaren ereduari buruz, ezarri gogo diren bilketa sistemetan ildo komunak ezartzea proposatzen dute, eta hondakinak jatorrian bereiztera behartzen. Planean proposatutakoa baino helburu handiagoa ezartzen da gaikako bilketan (%80, %66aren aldean).

Planak errausketaren bidez, hondakinetatik eratorritako erregaiak lortuz, hondar zatiarentzat planteatzen duen hondakinen kudeaketa ereduari dagokionez, fundazioa kontra dago, energia aurreztea eta energia berriztagarria erabiltzea argudiatzen baititu. Konpostajea proposatzen dute alternatiba gisa, eta ekonomia zirkularraren alde egiten dute.

Azpiegituren kontuari dagokionez, zalantzan jartzen da batzuk ixtea eta bi planta handi sortzea Iruña inguruan konpostajerako eta hondar zatiaren tratamendurako. Zenbait planta, txikiagoak, eraginpeko eremutik hurbil ezartzea proposatzen dute, hondakinen garraioak ez dezan ibilbide luzerik izan.

Biologoen Elkargo Ofiziala.

Erakunde honek txosten bat egin du PIGRN 2015 delakoan kontuan hartu beharreko aspektu hauei buruz:

–Industria hondakinak: beharrezkotzat jotzen dute industria hondakin balorizagarrien berrerabilera bultzatzea hainbat neurriren bitartez, hala nola, azpiproduktuen poltsak edo erregistroak ezartzea, eta haiek hedatzea (Internet eta beste baliabide batzuk) eta administratiboki sinplifikatzea, produktu gisa hartzeko zenbait hondakin.

–Azpiegiturak: ontziak tratatzen dituzten plantak mantentzea proposatzen da eta Nafarroan bi zabortegi, gutxienez ere, izatea. Bio-hondakinak tratatzeko azpiegiturari dagokionez, Lurralde Antolamenduko Planetan ezarritako Paisaia Naturalak eta Bereziak eta kultur intereseko ondasunak kokapen irizpideei gehitzea proposatzen dute.

–Bio-hondakinak: bio-hondakinak “in situ” tratatzea proposatzen da, hurbiltasunaren eta garraioari lotutako igorpenen murrizketaren irizpidea aplikatuta, batez ere udalerri txikietan; orobat, instalazio txikiak sortzea ibarretan edo mankomunitateetan, eta hitzarmenen bidez aprobetxatzea konpostaje publiko eta pribatuko plantak. Gainera, konpostaren erabilera sustatu beharra adierazten da, bai herri lanean, bai lorezaintzan, eta horretarako bi kontrol adierazle eta bi neurri aipatzen dira planaren jarraipena egiteko.

–Elikagai hondakinak: bi neurri aurkeztu dituzte horrelako hondakinentzat: supermerkatu eta saltokietan aprobetxatzen ahal diren elikagaien bilketa ezartzea, eta hondakinak jatorrian bereiztea.

–Prebentzioa: beirazko/plastikozko botilak, ur botilen sorkuntza murriztea, txorrotako uraren kontsumoa bultzatuko duen araudia ezarrita.

–Film motako plastikoaren prebentzioa: horrelako hondakinei buruz, plastikozko poltsen sorkuntza murriztea proposatzen da helburu gisa, edo haiek konposta egiteko modukoak izatea, nekazaritzako plastikoak sortzen duen eragina murrizteaz gain.

–Birziklatzeko moduko ontzi eta materialak (kartoia, metala, plastikoa, brikak): birziklatzeko moduko metalezko eta plastikozko materialak (ontziak ez) gaikako bilketari gehitzeko aukera bultzatzen du COBek.

–Eraikuntza eta eraispeneko hondakinak. Urbanizazio obretan eta herri lanetan agregakin birziklatua erabiltzeko gutxieneko portzentaje bat ezartzea proposatzen da, eta jarraipenerako adierazle batzuk ezartzea, betetzen dela egiaztatzeko. Gainera, urbanizazio proiektuetan eta herri lanaren proiektuetan agregakin siderurgikoak erabili beharra adierazten dute. Gainera, eraikuntza eta eraispeneko hondakinak Nafarroan tratatzen dituzten plantak planean aipatzen ez direla.

–Bilketarako ereduak: atal honetan zenbait akats aipatzen dira planaren testuan zuzendu beharrekoak; batzuk kontzeptuzkoak dira, beste batzuk idazketari dagozkionak, eta beste batzuk biztanle / hondakinen sorkuntza / garbigune ratioenak. Azkenik, kalitate irizpide homogeneoak garbigune guztietan erabili beharra adierazten da.

Azkenik, “Komunikazioa” deituriko kapitulua sartzen dute, non herritarren komunikazio, sentsibilizazio eta parte-hartzeari buruzko neurriak aipatzen diren, aurrekontuan duten ondorio ekonomikoa barne; gainera, gobernamenduari buruzko kapitulu bat, non aspektu horri heldu beharra adierazten den osagarritasunaren, esperientzia trukearen eta lankidetzaren ikuspegi integraletik eta ez hondakinen bilketa eta tratamenduaren kudeaketari buruzko kontuetatik bakarrik.

II. ERANSKINA

Jendaurreko informazio aldiaren emaitza

1. taula. 2017-2027ko NHParen hasierako bertsioari egindako alegazioen zerrenda.

Zk.

ALEGAZIOGILEA

SARRERA EGUNA

SARBIDEA

JATORRIA

ALEGAZIOAK

GAIAK

1

FRANCISCO GALÁN SORALUCE

2016-09-28

Erregistroa

6

3

4, 12, 14

2

HERRI LANAK-LANGILE PUBLIKOEN TALDEA

2016-10-04

Hondakinen buzoia

6

1

13

3

ASUNA

2016-10-07

Erregistroa

2

3

2, 11, 13

4

ALICIA OSES

2016-10-14

Hondakinen buzoia

6

1

8, 9

5

ASPAPEL

2016-10-17

Hondakinen buzoia

2

8

2, 3, 8, 9, 11, 16, 18

6

MAGDALENA DEL POZO

2016-10-19

Hondakinen buzoia

6

1

6

7

ECOEMBES

2016-10-21

Hondakinen buzoia

1

6

1, 2, 3, 11, 15

8

FER

2016-10-25

Hondakinen buzoia

2

16

2, 3, 6, 8, 9, 11, 12, 13, 15, 16, 18

9

RECIRCULA

2016-10-25

Hondakinen buzoia

2

16

1, 2, 3, 4, 11, 14, 15, 16, 20

10

ANDONI URIARTE

2016-10-25

Hondakinen buzoia

6

3

2, 5, 11, 17, 18

11

EH BILDU

2016-10-25

Hondakinen buzoia

5

9

3, 7, 10, 11, 12, 13, 18

12

SIGFITO

2016-10-25

Erregistroa

1

1

15

13

COFACO

2016-10-25

Hondakinen buzoia

2

5

1, 3, 17

14

SIGAUS

2016-10-25

Erregistroa

1

4

1, 3, 12, 13

15

RETORNA ELKARTEA

2016-10-26

Hondakinen buzoia

2

5

2, 3, 13, 15

16

FEDISHORECA

2016-10-26

Hondakinen buzoia

2

8

2, 16, 18

17

SIGRAUTO

2016-10-26

Hondakinen buzoia

2

4

3, 15, 16

18

SIGRE

2016-10-26

Hondakinen buzoia

1

2

1, 11

19

IRUÑEKO UDALA

2016-10-26

Hondakinen buzoia

3

3

6, 13, 17

20

RECYCLIA

2016-10-26

Hondakinen buzoia

1

2

1, 13

21

3R KONPAINIA

2016-10-26

Hondakinen buzoia

1

12

1, 3, 4, 7, 10, 11, 13, 16, 18, 19

22

SIGNUS

2016-10-26

Erregistroa

1

6

3, 13, 15, 16, 20

23

ARANGURENGO UDALA

2016-10-26

Erregistroa

3

2

1, 4, 16

24

IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEA

2016-10-26

Erregistroa

3

9

1, 3, 4, 5, 7, 10, 16, 18

Alegazioen dokumentuak eskuratzeko, Gobernu Irekiaren Atariko esteka honetara jo:

https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/participacion/1536/exposicion-plan-residuos-navarra-2017-2027

2. taula. Alegaziogileen jatorria.

JATORRIA

ZENBAKIA

1. Kudeaketa sistema integratuak

6

2. Elkarteak

8

3. Udalak eta mankomunitateak

3

4. Talde ekologistak

1

5. Alderdi politikoak

1

6. Partikularrak

5

GUZTIRA

24

3. taula. Hartutako alegazioen gai nagusia.

GAIAK

ZENBAKIA

1. Araudia

9

2. Berrerabiltzeko prest. eta SDDR

8

3. Helburuak, neurriak eta ekintzak

12

4. Azpiegiturak

5

5. Aurrekontua

2

6. Komunikazioa/sentsibilizazioa

3

7. Hondar zatia

3

8. Enplegua

3

9. Kontrola eta jarraipena

3

10. Hondakin organikoak

3

11. Gaikako bilketa

9

12. Industria hondakinak

4

13. Prebentzioa

10

14. Balorizazio energetikoa

2

15. Gaur egungo egoera

7

16. Isurketa

9

17. Ingurumenaren gaineko eragina

3

18. Gobernamendua

7

19. Nekazaritza eta abeltzaintza

1

20. Birziklapena

2

GUZTIRA

105

4. taula. Alegazioen tratamendua. Onesteko eta ezesteko arrazoiak.

2017-2027ko NHPari EGINDAKO ALEGAZIOEN TRATAMENDUA

ARRAZOIA

NOLA HARTU DEN

ONETSIA

EZETSIA

EZETSIA

GUZTIRA

Akatsa

Aldaketa

Zehaztapena

Ez da bidezko

Deribatua

Lehendik jasoa

Onetsiak

4

13

24

-

-

-

41

Ezetsiak

-

-

-

33

6

-

39

Hein batean onetsiak

2

8

11

-

-

-

21

Lehendik jasoa/ezetsia

-

-

-

-

-

29

29

GUZTIRA

6

21

35

33

6

29

130

GUZTIRAKO OROKORRA

62

39

29

Iturria: Nafarroako Gobernua - GAN - NIK.

III. ERANSKINA

Nafarroako 2017-2027 urteetarako Hondakin Planaren edukia

Hondakinen gaur egungo kudeaketa egoera analizatzetik abiatu da Nafarroako 2017-2027 urteetarako Hondakin Plana, eta 2014. urteko datuak hartu ditu erreferentzia gisa, 2015eko abenduari buruzko bilketa ereduetarako izan ezik; jarduketa multzoa zehazten du eta haien lehentasuna hondakinen kudeaketarako, prebentzioaren helburuak ezartzen ditu; prestakuntza berrerabiltzeko, birziklatzeko, baloratzeko eta ezabatzeko; kontuan ditu ingurumen arloan ezarritako printzipio eta irizpide zuzentzaileak, eta indar berezia egiten du hierarkiaren printzipioan, lehentasuna emanez hondakinen sorkuntzaren prebentzioari.

Hondakin planak hondakinen plangintza eta kudeaketa jasotzen ditu eta, gainera, isurketa murrizteko estrategiari eta lurzoru kutsatuen gaiari heltzen die. Hainbat hondakin motatan eragina duten 13 fluxu bertikal ebaluatu dira. Hondakinak zabortegietan ezabatzeari, hondakinak mugaz haraindi eramateari eta Nafarroako lurzoru kutsatuei buruz dagoen egoera ere aztertzen da.

Berariazko kapitulu batean garatzen da prebentzio programa, eta zeharkako aplikazioa egiten zaie hondakin fluxu guztiei.

Planak 7 helburu estrategiko planeatzen ditu:

–Ekonomia zirkularra eta klima aldaketa; horren bidez, baliabideen erabilera eraginkorra sustatzen da, lehiakortasuna eta gizarte enpleguaren sorkuntza bultzatzen dira eta klima aldaketaren aurkako estrategian laguntzen da.

–Prebentzioa; honen bidez, ekoizpen jasangarria, ikerketa eta produktuen ekodiseinua sustatu gogo dira, bai eta kontsumo arduratsua ere.

–Gobernamendua, etxeko hondakinak kudeatzeko eredu publiko bat ezartzen saiatzeko, zerga erregulaziorako ildoak ezarrita.

–Komunikazioa eta sentsibilizazioa, informazioa eskuratzea eta gardentasuna sustatzen dituztenak, eta prestakuntza eta sentsibilizazioa garatzen, hondakinen behar bezalako kudeaketarekin konpromisoa duen gizartea lortzeko.

–Berrerabilerarako prestakuntza, aurrera eginen duena berrerabilera ereduetan (konponketa, birgaikuntza edo manufaktura berriro).

–Gaikako bilketa eta birziklapena, gaikako bilketa kalitatekoa ezarriko dutenak, kostu apaleko azpiegituren behar adinako zuzkidura publikoz hornitua.

–Ezabaketa, zabortegiko hondakinen metaketa ahalik eta gehien gutxitzea helburu, zuzeneko zero isurketara iristeko.

Oinarrizko printzipioen multzo horrek berariazko helburuak eta garapenerako neurri zehatzak ditu.

Orobat eta beste alde batetik, hondakinen prebentzio programak bost helburu orokor ezartzen ditu fluxuetarako, bai eta berariazko helburuak ere, haiek lortzeko neurriekin.

Finkatutako helburuak lortzeko proposamenak jasotzen ditu planak, honako hauek kontuan hartuta: gaikako bilketa eta bereizketa (dauden ereduak materialen bilketara eta esperimentaziora nola egokitu aztertzeko asmoa du), berrerabiltzeko (fluxuen konponketa, birgaikuntza edo manufaktura berriro, hala nola, bizitza baliagarriaren bukaerako ibilgailuak, ehun hondakinak, aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak eta altzariak), birziklatzeko eta balorizaziorako (%50eko helburua ezarri da 2020an etxeko hondakinak berrerabili eta birziklatzeko prestakuntzan, eta helburu sendoagoa 2017rako) prestakuntza, eta ezabaketaren minimizazioa.

Neurri zehatzak ezartzen dira hondakinen fluxu hauentzat: etxeko eta saltokietako hondakinak, eraikuntza eta eraispeneko hondakinak, hondeatutako material naturalak barne, eta industriako hondakinak.

Gainera, proposamen berrien artean, azpiegiturei buruzkoak eta eraikuntza berrikoak sartzen dira, bai eta zonifikaziorako irizpideak ere, haien eremuetan azpiegitura berriak kokatzeko.

IV. ERANSKINA

Ingurumen azterlan estrategikoaren laburpena

Irismen-txostenaren edukia kontuan hartuta, Nafarroako 2017-2027 urteetarako Hondakin Planaren Ingurumen azterlan estrategikoak bere aplikazioaren ondorioz ingurumenean izan daitezkeen ondorio garrantzitsuak identifikatu, deskribatu eta ebaluatzen ditu, eta alternatiben balorazioa egiten du. Ondoren, laburzki aurkezten da Ingurumen azterlan estrategikoaren edukia:

–Nafarroako 2017-2027 urteetarako Hondakin Planaren sintesia.

–Planak nazioarteko eta EBko gainerako planekin duen lotura, Estatuko plana eta programekin duena, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko beste plan batzuekin duena ere, hala nola, Nafarroako Oihan Plana, Nafarroako Nekazaritzaren Plan Estrategikoa, Nafarroako Estrategia eta Ekintza Plana Dibertsitate Biologikoa Kontserbatzeko eta haren Erabilera Jasangarrirako, eta Nafarroako Lurralde Estrategia. Analisi honek agerian utzi du planaren eta Foru Komunitateko maila bereko edo handiagoko gainerako estrategien arteko helburuen erabateko koherentzia.

–Ingurumen babesaren helburuak. Ingurumen arloko helburu hauek sei ataletan sailkatzen dira: hondakinen arloko kudeaketa jasangarria, bi helburu izanik: hondakinen sorkuntza murriztea zero isurketara iristeko, eta zabortegiko ezabaketa murriztea, besteak beste; kontsumo energetikoa murriztea, hondakinen garraioa gutxituz eta energia berriztagarri eta garbien erabilera sustatuz; klima aldaketaren kontrako borrokan laguntzea eta airearen kalitatea hobetzea, negutegi efektuko gasen igorpena gutxituz, zabortegiko hondakin organikoak murriztuta, hondakinen garraioa optimizatuta eta teknika eskuragarri hoberenak erabilita tratamenduaren instalazioetan; biodibertsitatearen eta paisaiaren kontserbazioa eta lurzoruaren eta uraren babesa, bermatua izan dadin instalazioen ahalik eta eragin txikiena biodibertsitatean, floran, faunan, babestutako espazioetan eta lurzoruetan, eta kontuan hartuta urak har ditzakeen eremuetako eta ibilgu publikoetako murriztapenak.

–Nafarroako Foru Komunitateko ingurumenaren gaur egungo egoerari buruzko deskripzioa. Kapitulu honetan lurraldearen ingurumen ezaugarriak aurkezten dira, eta planaren aplikazioak uki ditzakeen alderdi garrantzitsuak nabarmentzen. Ingurumen arloko inbentario honek ingurune fisikoko osagai guztiak aztertzen ditu; bai eta paisaia, kultur ondarea, hiriko ingurumena, ingurune sozioekonomikoa, baliabideen kontsumoa (ura, lurzorua, airearen kalitatea, eta, bereziki, kutsatzaileak eta negutegi efektuko gasen igorpena, jendearen osasunarentzat duten arriskuari loturik) eta hondakinen sorkuntza ere. Beste kapitulu batean, hondakinen kudeaketak Nafarroan duen esparru geografikoa deskribatzen da, eta abiaburuko egoeraren diagnostiko osoa egiten da azpiegiturei dagokienez.

–Alternatiben deskripzioa eta balorazioa planaren ekintzetarako: gobernamendua, etxeko hondakinen gaikako bilketa, berrerabiltzeko, birziklatzeko eta balorizatzeko prestakuntza, etxeko hondakinak balorizatzeko azpiegiturak eta hondakinak ezabatzeko azpiegiturak. Hiru eszenatoki, gutxienez ere, erakusten dira jarduketa bakoitzerako, “0” eszenatokia barne. Konparazio bat egiten da, proposatutako helburuak zenbateraino bete diren kontuan izanda, eta jarduketarako neurri zehatzak ematen dira, bukatzeko.

–Planaren aplikazioak ingurumenean izan ditzakeen eraginen ebaluazioa, planaren aplikazioak Natura 2000 Sarean dituen ondorioen balorazioa barne, baina hori beste kapitulu batean. Ingurumen azterlan estrategikoaren 7. kapituluan Hondakin Planean ezarritako jarduketak onetsi eta gauzatzearen ondorioz ingurumenean izan daitezkeen ondorioak identifikatu eta baloratzen dira, eta haien ezaugarriak ematen. Identifikatzeko, bi sarrerako kausa-efektu matrizea erabiltzen da, aurrez aurre jartzen dituena, alde batetik, planean finkatutako kalitate helburuak oraingo eta etorkizuneko azpiegiturekin batera, eta bestetik, eragina jaso dezaketela uste diren inguruneko faktoreak: hondakinen kudeaketa jasangarria, energia, klima aldaketa, aire-atmosferaren kalitatea, biodibertsitatea-paisaia, lurzorua-ura, babestutako espazio naturalak, kultur eta historia ondarea, populazioa-giza osasuna eta sozioekonomia.

–Prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurriak deskribatzen dira, eta ingurumena zaintzeko programa sartzen da, hainbat kontrol-adierazle ezarrita.

Iragarkiaren kodea: F1613947