1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak
509E/2016 FORU AGINDUA, azaroaren 10ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari esleitzen diona Osasun Departamentuko informazioaren segurtasunaren kudeaketa.
Abuztuaren 28ko 132/2015 Foru Dekretuaren bidez, Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen. Departamentuaren egitura nagusian daude Osasun Zuzendaritza Nagusia, Idazkaritza Tekniko Nagusia, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoa eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua erakunde autonomoa, azken hori Osasun Zuzendaritza Nagusiari atxikita.
Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuak ezarri ziren. Foru dekretu horren 54. artikuluan aipatzen da Osasuneko Informazio Sistemen Zerbitzuaren eginkizunen artean daudela informazioaren segurtasunaren kudeaketarekin lotutakoak.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 39 artikuluak ezartzen duenez, “Nafarroako Foru Komunitateko organoek ahalmena dute beste organo batzuei emateko beren eskumeneko lan materialak, teknikoak edo zerbitzuak egiteko ardura, dela eraginkorragoak izateko, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako, hurrengo idatz-zatietan xedatutakoari jarraituz. 39. artikulu horren 2. idatz-zatian adierazten da kudeaketa bat departamentu bereko beste organo bati edo haren menpeko erakunde publiko bati esleitzeko, kasuan kasuko kontseilariaren baimena beharko dela.
Alde batetik, osasunaren administrazio arlo guztiak elkarri lotuta daude, eta bestetik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak, departamentuko beste organoek ez bezala, baditu aipatutako arloetarako unitate espezializatuak. Eraginkortasuna eta eragimena helburu, ez da egokia unitate horiek errepikatzea.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilariak, aipatutako araudiaren bidez esleiturik dituen eskumenak erabiliz,
AGINDU DUT:
Lehena.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari esleitzea Osasun Departamentuko informazioaren segurtasunaren kudeaketarekin lotutako eginkizunak, oro har, galarazi gabe Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren eskumenak.
Bigarrena.–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari baimena ematea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari esleitzeko aurreko lerroaldean azaldutako eginkizunak.
Hirugarrena.–Kudeaketa esleipen honen indarraldia lau urtekoa izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.
Laugarrena.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2016ko azaroaren 10ean.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.
Iragarkiaren kodea: F1613907