86. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

149/2017 EBAZPENA, maiatzaren 2koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Jasangarritasun Eskolen Nafarroako Sarean (ESenRED) sartzeko deialdia arautzen duena, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxeentzat, 2017-2018 ikasturterako.

ESenRED (Jasangarritasun Eskolen Sarea) Espainiako Estatuko jasangarritasun ikastetxeen sarea da, administrazio publikoek (autonomia erkidegoak, udalak eta abar...) sustatua. 2012-2013 ikasturtean sortu zen sarea, eta eskaintzen du erkidegoko hainbat departamenturen perspektibek bat egitea, hala nola Hezkuntza eta Ingurumen departamentuen artekoa, ikastetxeen eguneroko dinamikan integratzeko. Sarea esparru bat da hezkuntza politiken eraginkortasuna eta efizientzia handitzeko, berrikuntzari, ebaluazioari, kalitateari eta jasagarritasunari begira. Gainera, esparru ezin hobea da ikasleen gaitasun maila indartzeko, bai eta balio sozial eta etikoetako prestakuntza eta banakako nahiz taldeko erantzukizun eta konpromisoak ere.

Komeni da Jasangarritasun Eskolen Nafarroako Sarea (ESenRED) bultzatzea Nafarroako Foru Komunitatean, eta, horregatik, deialdi publiko bat egin behar du Hezkuntza Departamentuak, sare horretan sartzeko interesa duten ikastetxeek erabaki hori gauzatzeko modua izan dezaten.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Jasangarritasun Eskolen Nafarroako Sarean (ESenRED) sartzeko deialdia onestea.

2. 7.500 euroko gehieneko gastua baimentzea, ikastetxe publikoetan jasangarritasunari eta ingurumenari buruzko lana sustatzen duten jarduketak garatzeko, 2017ko aurrekontuko “Prestakuntza programak” izeneko 420004 42730 2269 321102 partidaren kargura.

3. 7.500 euroko gehieneko gastua baimentzea, ikastetxe itunduetan jasangarritasunari buruzko lana sustatzen duten jarduketak garatzeko, 2017ko aurrekontuko “Prestakuntza programak ikastetxe itunduetan” izeneko 420004 42730 4811 321100 partidaren kargura.

4. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I., II., III., IV., V., VI., VII. eta VIII. eranskinetan jaso dira.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau eta eranskinak Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaileari, Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren, Berdintasunaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuari, Prestakuntza Atalari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 2an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

I. ERANSKINA

Jasangarritasun Eskolen Nafarroako Sarean (ESenRED)
sartzeko 2017-2018ko deialdiaren oinarri arautzaileak

Lehena.–Xedea.

Dei egiten zaie Nafarroako Foru Komunitatearen funts publikoak jasotzen dituzten unibertsitatez kanpoko ikastetxeei, araubide orokorrekoak edo araubide berezikoak izan, ingurumen hezkuntzako proiektuak aurkez ditzaten, Jasangarritasun Eskolen Nafarroako Sarean (ESenRED) sartzeko, 2017-2018 ikasturtean.

Bigarrena.–Hartzaileak.

Hona hemen deialdi honen hartzaileak:

a) Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak.

b) Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak.

c) Lanbide Heziketako ikastetxeak.

d) Araubide bereziko ikastetxeak.

e) Hezkuntza bereziko ikastetxeak.

f) Helduen hezkuntzako ikastetxeak.

Deialdi honetan parte hartzeko, eskaera aurkezten denean eta proiektua egiten den bitartean, irakasleak jarduneko zerbitzuan egon behar du lehenago aipatutako ikastetxeetako batean.

Hirugarrena.–Proiektuetan bete beharrekoak.

Ikastetxe bat Jasangarritasun Eskolen Nafarroako Sarean sartzeko proposatua izan dadin, baldintza hauek betetzen dituen ingurumen hezkuntzako proiektu bat aurkeztu beharko du:

a) ESenRED sareak gomendatzen dituen printzipio orokor hauek kontuan hartzea:

–Gaitasunen ikuspegi batetik, ingurumen hezkuntzaren edukiak (ikastetxeko edo/eta inguruneko hondakinen, energiaren eta ur baliabideen kudeaketa, eskola-baratzeak, eta abar...) integratzea ikastetxearen urteko programazio orokorrean eta programazio didaktikoetan.

–Bizimodu jasangarriak bultzatzen dituzten ohitura, jarrera eta balioak sortzea hezkuntza komunitatean.

–Ikasleen gaitasuna handitzea, ingurumen arloko ahalik eta erabaki egokienak har ditzaten eta ingurumena hobetzeko prozesuak abiaraz ditzaten, bai eskolan, bai herrian eta, geroago, lagungarriak izan daitezen problematika orokorrari erantzuteko.

–Ikastetxearen ingurune fisikoa hobetzea, ingurumenari lotutako neurriak hartuz.

–Irakasleei erreferentziako papera ematea ingurumen-osasunari buruzko kontuetan, baita prestakuntza egokia ematea ere. Berrikuntzarako eta kalitaterako esperimentazio eta prestakuntza toki bihurtzen da ikastetxea.

–Egin beharreko ekintzen artean kontuan izatea ingurumen-osasunari eta ikastetxean arriskuei aurrea hartzeari lotutako alderdiak.

Ikastetxeek beste irizpideren bat sartzen ahalko dute Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuan jasotako berariazko beharrei edo ingurumen arloko lehentasunei buruz.

b) Eskola Kontseiluak eta ikastetxeko irakasleen klaustroak onetsia izatea, eta proiektuko jarduketetan irakasleen eta ikasleen %25 gutxienez inplikatuko dela agertzea.

Laugarrena.–Ingurumen hezkuntzako proiektua koordinatzea ikastetxean.

Irakasle taldeko pertsona bat arduratuko da proiektua ikastetxe bakoitzean koordinatzeaz. Ikastetxeko zuzendaritzak hautatuko du eta Eskolako Ingurumen koordinatzailea izena hartuko du. Honako hau izanen du hautatua izateko: konpromisoa, ezagutzak, kudeatzeko ahalmena eta gaitasunak hezkuntza komunitate osoa motibatzeko.

Ikastetxeak ordu erabilgarririk izanez gero, Eskolako Ingurumen koordinatzailearen ordutegian gehienez ere bi ordu osagarri ezar litezke eginkizun horietan aritzeko.

Ikastetxeko zuzendaritzak izendatu eta babestuko du Eskolako Ingurumen koordinatzailea. Horrek beharrezko laguntza jasoko du talde bat osatzeko, gehienez ere lau irakasle laguntzailerekin, helburua izanik proiektua martxan jartzea, ebaluatzea eta bideratzea. Eskolako Ingurumen koordinatzaileak eta irakasle laguntzaileek Talde Eragilea osatuko dute. Hortaz, bost kidek osatuko dute, gehienez, Talde Eragilea.

Talde Eragilearen eginkizun nagusia izanen da ikasleak, irakasleak, gurasoak eta beste komunitate-zerbitzuetako langileak erantzule egitea eta motibatzea proiektuan aurreikusitako jarduketak egiteko.

Eskolako Ingurumen koordinatzaileak eta Talde Eragileak eginkizun hauek beteko dituzte ikastetxeko zuzendaritza-taldearen laguntzarekin eta lankidetzarekin.

a) Eskolako Ingurumen koordinatzailearen eginkizunak:

–Talde Eragilearen lana koordinatzea.

–Ingurumen hezkuntzako proiektuaren urteko plana aurkeztea urte bakoitzeko azaroaren 15a baino lehenago.

–Ingurumen hezkuntzako proiektuaren urteko memoria aurkeztea 2018ko ekainaren 30a baino lehenago, 2017-2018 ikasturtean egindako jarduketen berri izateko.

–Ingurumen hezkuntzako proiektuaren urteko memoria aurkeztea 2019ko ekainaren 30a baino lehenago, 2018-2019 ikasturtean egindako jarduketen berri izateko.

–Ingurumen hezkuntzako proiektuaren hiru urteko memoria aurkeztea 2020ko maiatzaren 30a baino lehenago, aplikazio epe guztian lortutako helburuak ebaluatzeko.

–Ikasturte bakoitzeko azaroaren 10a baino lehenago aurkeztea urteko proiektuaren gastuekin lotura duten fakturak.

–Hezkuntza Departamentuak antolatzen dituen urteko topaketetan parte hartzea, beharrezkoa izanez gero.

b) Talde Eragilearen eginkizunak:

–Abiapuntua aztertzea.

–Elkartasuna bilatzea entitate laguntzaileekin.

–Ingurumen hezkuntzako proiektuaren urteko plana prestatzea (ikus IV. eranskina).

–Proiektuaren jarduketak antolatu eta piztea.

–Ikasleak eta hezkuntza komunitatea inplikatzea.

–Hezkuntza Departamentuak antolatzen dituen urteko topaketetan parte hartzea, beharrezkoa izanez gero.

–Prestakuntza jardueretan parte hartzea, bere jarduketa eremuarekin lotura badute.

–Ebaluazio prozesuan parte hartzea.

–Urteko memoria prestatzea 17-18 eta 18-19 ikasturteen bukaeran (ikus V. eranskina).

–Hiru urteko memoria prestatzea 19-20 ikasturtearen bukaeran (ikus VI. eranskina).

Arrazoi justifikatuengatik soilik ordezten ahal dira Talde Eragilea osatzen duten irakasleak, ingurumen hezkuntzako proiektuaren koordinatzailea barne. Halakoetan, ikastetxeko zuzendaritzari dagokio Prestakuntza Atalari horren berri ematea eta kide berriak izendatzea.

Bosgarrena.–Sarea osatzen duten ikastetxeen konpromisoak.

Jasangarritasun Eskolen Nafarroako Sarean sartzeko proposatzen diren ikastetxeek konpromiso hauek hartuko dituzte:

a) Eskolako Ingurumen koordinatzailea izendatzea.

b) Talde Eragilea osatuko duten kideak izendatzea. Gehienez ere ikastetxeko bost irakasle izanen dira kideak, eta horietako bat Eskolako Ingurumen koordinatzailea izanen da.

c) Aurkeztutako hiru urteko lan proiektua garatzea.

d) Talde Eragilearekin lankidetzan aritzea urteko lan planak prestatzeko.

e) Urteko lan plan bakoitzean aurreikusitako jarduketak egitea.

f) Parte hartzea Sareko eskolek urtero segimendurako eta esperientzia trukaketarako egiten dituzten topaketetan.

Baldintza horiek bete ezean, Jasangarritasun Eskolen Nafarroako Saretik baztertuko da.

Seigarrena.–Sareari laguntza eman eta jarraipena egitea.

Jasangarritasun Eskolen Nafarroako sareko eskolek laguntza hauek izanen dituzte:

–Ingurumen Batzorde Teknikoaren aholkularitza eta segimendua.

–Irakasleek lehentasunez parte hartzea prestakuntza jardueretan, aurkeztutako hiru urteko lan proiektuarekin lotura zuzena izanez gero. Prestakuntza jarduera horien deialdietan, lehentasunezko parte-hartze hori jasota egonen da “Onartzeko irizpideak” atalean.

–Baliabideak eta material didaktikoak.

–Laguntza ekonomikoa urteko lan planean aurreikusitako jarduerak egiteko (500 euro gehienez ikastetxe bakoitzeko, urtero eskura dagoen aurrekontuaren arabera).

–Ohorezko aitorpena Jasangarritasun Eskolaren egiaztagiriaren bidez, konpromisoaren eta egindako lanaren aitortza gisa. Hezkuntza Departamentuak emanen du, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiaren oniritziarekin, hirugarren urtea bukatutakoan.

Jasangarritasun Eskolaren aitortza lortu ondoren, ikastetxeek sareko kideak izaten jarraitzen ahalko dute, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Talde Eragilea osaturik egotea eta Eskolako Ingurumen koordinatzailea izendaturik egotea.

b) Ingurumenaren urteko lan plan bat aurkeztea ikasturte bakoitzeko azaroaren 15a baino lehenago, posta elektronikoaren helbide honetara igorrita: sf.programas@educacion.navarra.es.

c) Urteko lan plan bakoitzean aurreikusitako jarduketak egitea.

d) Ingurumenaren urteko lan planaren memoria aurkeztea, jakiteko zer jarduketa egin den ikasturte bakoitzeko ekainaren 30a baino lehenago, posta elektronikoaren helbide honetara igorrita: sf.programas@educacion.navarra.es.

e) Sarearen barnean berariaz garatzen diren prestakuntza eta jarraipeneko jardueretan parte hartzea.

Zazpigarrena.–Eskaerak aurkeztea eta hori egiteko epeak.

Eskolako Ingurumen koordinatzaileak dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

Parte hartzeko eskaera, II. eranskinaren araberakoa.

  • Koordinatzailearen datuak.
  • Talde Eragilea osatzen duten irakasleen datuak (lau irakasle gehienez).
  • Ikastetxearen datuak.
  • Proiektuaren datuak.
  • Ikastetxeko zuzendaritzaren txostena.

Hiru urteko lan proiektua, III. eranskinaren araberakoa.

Jasangarritasun Eskolen Nafarroako Sarean sartu nahi duten ikastetxeek deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dute eskatutako dokumentazioa.

Dokumentazioa Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko da, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein bulegotan, edo Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan ezarri bezala. Hezkuntza Departamentuko Prestakuntza Atalari zuzenduko zaio.

Edonola ere, behin eskaera aurkeztuta, proiektuaren kopia bat helbide honetara bidaliko da formatu elektronikoan: sf.programas@educacion.navarra.es.

Zortzigarrena.–Hautapen Batzordea.

Ingurumen Batzorde Teknikoak eginen du hiru urteko lan proiektuen balorazioa, VII. eranskineko irizpideak aplikatuz.

Ondoko kide hauek osatuko dute aipatu Batzorde Teknikoa:

–Hezkuntza Departamentuko bi teknikari:

  • Prestakuntza Ataleko Prestakuntza Programen Bulegoko burua.
  • Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren, Berdintasunaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuko aholkulari bat.

–Ingurumeneko bi teknikari:

  • Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Ataleko burua.
  • Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Ataleko ingurumeneko erdi mailako teknikari bat.

Bederatzigarrena.–Deialdia ebaztea.

a) Ingurumen Batzorde Teknikoak aurkeztutako proiektuak aztertuko ditu, eta onartu direnen zerrenda Hezkuntza Departamentuaren webgunean argitaratuko du (www.educacion.navarra.es). Eskaeraren bat akatsekin aurkeztuz gero, akatsen arrazoia azaldu beharko da espresuki.

b) Argitaratu eta hamar egun naturaleko epean, atzemandako akatsak zuzentzen ahalko dira. Epe horretan ere, izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte, edo berariazko ukoa.

c) Behin alegazioak aztertuta, Ingurumen Batzorde Teknikoak behin betiko zerrenda eginen du, Hezkuntza Departamentuaren webgunean argitaratuko dena (www.educacion.navarra.es), eta laguntza emateko proposamena igorriko dio organo eskudunari.

d) Hezkuntzako zuzendari nagusiak, Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren, Berdintasunaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuko zuzendariaren proposamena ikusita eta Ingurumen Batzorde Teknikoak prestatutako txostena ikusita, ebazpen bat emanen du, Jasangarritasun Eskolen Nafarroako Sarekoak izateko hautatzen diren ikastetxeen zerrenda onetsiko duena, aurreko deialdietan sartu diren gainerako ikastetxeekin batera. Egun sarean sartuta dauden ikastetxeen zerrenda deialdi honen VIII. eranskinean ageri da.

Hamargarrena.–Laguntzen zenbatekoa.

a) Aurrekontu erabilgarriaren arabera, Jasangarritasun Eskolen Nafarroako Sarean parte hartzen duten ikastetxeetako bakoitzak 500 euroko laguntza jaso dezake gehienez. Laguntzen zenbatekoa proportzionalki banatuko da Sarean parte hartzen duten ikastetxeen artean.

b) Gastu justifikagarritzat jotzen dira material bibliografikoa, eskatutako beste material batzuk eta antzeko beste gastu arrunt batzuk, proiektua garatzeko beharrezkoak direnak.

Proiektuarekin lotuta dauden irakasleen soldatak eta eskersariak ez dira inolaz ere laguntza honen kargura ordainduko.

Hamaikagarrena.–Laguntzak ordaintzea.

Ikastetxe bakoitzeko Ingurumen koordinatzaileek ikasturte bakoitzeko azaroaren 10a baino lehenago aurkeztu behar dituzte Prestakuntza Atalean ingurumen proiektuetan egindako gastua justifikatzeko fakturak.

Fakturak aurkezteko epea bukatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Hamabigarrena.–Parte hartzen duten irakasleentzako ziurtagiria.

Ingurumen Batzorde Teknikoak proposatuta, urteko memoria positiboki ebaluatu ondoren, ikastetxe bakoitzeko Nafarroako Jasangarritasun Eskolen Talde Eragileko irakasleei proiektuan parte hartu izanaren ziurtagiria emanen zaie, berrikuntzaren 35 ordukoa gehienez, egindako lana aitortzeko. Proiektuaren koordinatzaileari lan hori aintzat hartuko zaio, gehienez ere berrikuntzaren 50 orduz.

Hamahirugarrena.–Argitalpena eta zabalkundea.

Aukeratutako lanak argitaratzen ahalko ditu Hezkuntza Departamentuak. Argitalpenean memoria osoa edo zati bat ager daiteke. Ekimen horiek, bestalde, egoki iruditzen zaizkion beste bide batzuen bitartez zabal ditzake, baita Interneten ere, baina horrelakoetan beti memoriaren egileak nor diren aipatu beharko du. Deialdi honetan aurkezteak beharrezko eskubideak lagatzea ekartzen du berarekin.

II. ERANSKINA

Jasangarritasun Eskolen Nafarroako Sarean sartzeko eskaeraren eredua (PDF).

III. ERANSKINA

Hiru urteko lan proiektua prestatzeko gidoia: gehienez ere 8 orriko luzera izanen du bi aldeetatik (16 orrialde orotara)

1. Proiektuaren izena.

2. Ikastetxearen izena.

3. Eskolako Ingurumen koordinatzailearen datuak: izen-deiturak eta posta elektronikoa.

4. Hitz gakoak (3tik 5era bitarte).

5. Proiektuaren deskripzio laburra (30-40 hitz).

6. Justifikazioa eta testuingurua.

7. Helburuak.

8. Eduki orokorrak, hiru ikasturtean landu beharrekoak.

9. Hezkuntza komunitatearen parte-hartzea.

a) Parte hartzen duten irakasleak.

b) Ikasleak.

c) Hezkuntza komunitateko beste eragile batzuk: familiak, irakasle ez diren langileak...

10. Hiru urteko proiektua ebaluatzeko irizpide orokorrak.

IV. ERANSKINA

Ikasturteko lan plana prestatzeko gidoia: gehienez ere 8 orriko
luzera izanen du bi aldeetatik (16 orrialde orotara)

1. Proiektuaren izena.

2. Ikastetxearen izena.

3. Ingurumen koordinatzailearen datuak: izen-deiturak eta posta elektronikoa.

4. Hitz gakoak (3tik 5era bitarte).

5. Proiektuaren deskripzio laburra (30-40 hitz).

6. Helburuak.

Helburuak eta jarduerak.

a) Metodologia.

b) Garatutako gako-gaitasunak.

c) Lotura duten materiak, irakasgaiak edo moduluak.

d) Faseak eta tenporalizazioa.

7. Hezkuntza komunitatearen parte-hartzea.

a) Parte hartzen duten irakasleak.

b) Parte hartzen duten ikasleak.

c) Hezkuntza komunitateko beste eragile batzuk: familiak, irakasle ez diren langileak, udalak...

8. Baliabideak.

9. Urteko proiektua ebaluatzeko prozedura eta irizpideak.

10. Aurrekontua.

V. ERANSKINA

Urteko memoria prestatzeko gidoia: gehienez ere 8 orriko luzera
izanen du bi aldeetatik (16 orrialde orotara)

Memoriek honako atal hauek hartu beharko dituzte kontuan:

1. Berrikuntza proiektuaren fitxa.

a) Proiektuaren izena.

b) Eskolako Ingurumen koordinatzailea.

c) Talde Eragilea.

d) Sinopsia.

e) Ezarritako helburuak.

f) Jardueraren deskribapena.

g) Proiektuaren balorazio orokorra.

2. Proiektuaren garapena.

a) Ezarritako helburuak eta noraino bete diren.

b) Proiektuaren eragina.

i. Irakasleen gainean.

ii. Ikasleen gainean.

iii. Eskolako komunitatearen beste esparru batzuetan.

c) Jardueren eta edukien zerrenda zehatza.

d) Tenporalizazioa. Proiektua garatzeko faseak.

e) Erabilitako baliabideak.

f) Proiektuaren ebaluazioa.

VI. ERANSKINA

Ingurumen proiektuaren hiru urteko memoria prestatzeko gidoia: gehienez ere 8 orriko luzera izanen du bi aldeetatik (16 orrialde orotara)

Memoriek honako atal hauek hartu beharko dituzte kontuan:

1. Proiektuaren fitxa.

a) Proiektuaren izena.

b) Eskolako Ingurumen koordinatzailea (2019-2020 ikasturtekoa).

c) Talde Eragilea (2019-2020 ikasturtekoa).

d) Hiru urteko proiektuaren sinopsia.

e) Hiru urteko proiektuan ezarritako helburuak.

f) Hiru urteko proiektuko jardueraren deskribapena.

g) Hiru urteko proiektuaren balorazio orokorra.

2. Proiektuaren garapena.

a) Ezarritako helburuak eta noraino bete diren:

i. 2019-2020ko urteko proiektuari dagokionez.

ii. Hiru urteko proiektuari dagokionez.

b) Proiektuaren eragina hiru urteko proiektuari dagokionez.

i. Irakasleen gainean.

ii. Ikasleen gainean.

iii. Eskolako komunitatearen beste esparru batzuetan.

c) 2019-2020 urteko proiektuko jardueren eta edukien zerrenda zehatza.

d) Tenporalizazioa. 2019-2020 urteko proiektua garatzeko faseak.

e) Urteko proiektuan erabilitako baliabideak.

f) Hiru urteko proiektuaren ebaluazioa.

VII. ERANSKINA

Hiru urteko lan proiektua baloratzeko irizpideak

Ikastetxeak sarean sartzeko, irizpide hauei jarraituz baloratuko dira proiektuak, ondoren ematen den baremoarekin batera:

a) Hiru ikasturteetan landu beharreko eduki eta helburu orokorrak zehaztea. Ikasleen gaineko eragina eta bideragarritasuna. (20 puntu gehienez).

b) Proiektua ESenRED sareak gomendatzen dituen printzipio orokorretara egokitzea. (20 puntu gehienez).

c) Ikasleek gako-gaitasunak (bizitzarako ikaskuntza) garatzea oinarri duen proiektua. (10 puntu gehienez). Oharra: Lanbide Heziketako proiektuen kasuan, gaitasun profesionalak, pertsonalak eta sozialak garatzea oinarri duena.

d) Ikasketa prozesu aktiboak sustatzea: ikaslea da protagonista, proiektuak testuingurua du eta azken produktu bat sortzen du. Ikasketa esperientzia proposatzen du, bizia, egiazkoa, testuinguruan txertatua eta gizartean garrantzia duena. (10 puntu gehienez).

e) Ikasleen eta irakasleen parte-hartzea eta inplikazioa proiektuan. Talde kopurua eta etapak, diziplina anitzeko irakasleen taldeak... (20 puntu gehienez).

f) Hezkuntza komunitatearen parte-hartzea. (10 puntu gehienez).

g) Proiektua ebaluatzeko irizpide orokorrak. (10 puntu gehienez).

Guztira: 100 puntu.

Proiektuak, hautatua izateko, gutxienez 50 puntu lortu beharko ditu.

VIII. ERANSKINA

1. Jasangarritasun Eskolen Nafarroako Sarea (ESenRED)
osatzen duten ikastetxeak

–Bera - Labiaga Ikastola.

–Noain - Elortzibar DBHI.

–Altsasu - Sagrado Corazón I.

–Altsasu - San Miguel de Aralar BHI.

–Viana - Erentzun Ikastola.

–Tafalla - Garcés de Los Fayos ikastola.

–Lizarra - Tierra Estella BHI.

–Cintruénigo - La Paz DBHI.

–Iruña - Cuatro Vientos MIT.

–Iruña - Jaso Ikastola.

–Lizarra - Lizarra Ikastola.

–Otsagabia - Otsagabia HLHIP.

–Otsagabia - Otsagabia DBHI.

–Atarrabia - Paz de Ziganda Ikastola.

–Lesaka - Tantirumairu Ikastola.

–Gares - Gares HLHIP.

–Zangoza - Zangozako Ikastola.

–Erronkari - Julian Gayarre IP.

–Erronkari - Erronkari DBHI.

–Martzilla - Marqués de Villena BHI.

–Berbintzana - Río Arga IP.

–Iruña - Iturrama BHI.

–Irunberri - Arangoiti Ikastola.

–Tutera - Jesuitak.

–Berriozar - Mendialdea II.

Iragarkiaren kodea: F1704887