86. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

7E/2017 FORU AGINDUA, apirilaren 11koa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren diru-laguntzen deialdi bat onesten duena Nafarroako toki entitateentzat, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak eta “Eginkizunak bateratzeko tokiko itunak” programa garatzeko.

Nafarroan genero berdintasuna lortzea du helburu Nafarroako Berdintasunerako Institutuak, horretarako bide ematen duten baldintzak sustatuz eta genero desberdintasuneko eta bazterkeriako modu guztiak Nafarroan deuseztatzen lagunduz. Horretarako, irailaren 30eko 240/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsita dituen estatutuen arabera, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politikak koordinatzeko eta kudeatzeko eskumena dagokio Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, eta bere helburuetako bat da Nafarroako Administrazio Publikoei laguntza ematea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egiteko.

Nafarroako Foru Komunitateko Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasunerako I. Planaren (2006-2010) helburu eta jomugek indarrean jarraitzen dute beste plan bat onetsi arte, eta hartan adierazten denez, tokiko esparrua da herritarrengatik eta sare ekonomiko eta sozialetik hurbilen dagoena, eta, hortaz, esparru egokienetako bat da emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna integratzeko. Horregatik, Planak, 1. zeharkako arloan, atal bat ezartzen du toki administrazioko berdintasun politikei buruz. Atal horren barrenean, Nafarroako toki entitateek emakumeen eta gizonen aukera berdintasunarekin duten konpromisoa bultzatu beharra deklaratzen da, eta tokiko garapena lehentasunezkotzat jotzen da, eta, hala, planaren ekintza guztiak horretara bideratu beharko dira.

Halaber, “Bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzea; erantzukizun partekatua” izeneko 7. arlo berariazkoan, 7.3.6 ekintza gisa, honako hau biltzen da: “Udalek, garrantzia duten gizarte eragileekin adosturik, eginkizunak bateratzearen aldeko neurriak garatzeko konpromisoa sustatu eta laguntzea”.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa lortzeko lehentasuntzat jotzen du genero berdintasunerako politikak sustatzea toki esparruan, toki entitateekin batera lan egituratu, sistematiko eta koordinatua eginez, lurralde bakoitzean sortzen diren beharrei eta berezitasunei erantzuna emateko.

Toki entitateetako errealitate desberdinen premia eta berezitasun horiei erantzuteko, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diru-laguntzen deialdi hau planteatzen du gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak gauzatzen dituzten toki entitateentzat. Foru agindu honetan lau laguntza modalitate desberdin aurreikusten dira, eta beharkizun eta diru kopuru desberdinak ezartzen dira, alde batetik, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzen duten proiektuak egiteko berdintasuneko agentea duten toki entitateentzat, eta bestetik, figura profesional hori gabe, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak garatzen dituzten toki entitateentzat. Deialdi honen xede da, orobat, toki entitateetan Eginkizunak Bateratzeko Tokiko Itunak izeneko programa garatzea.

Institutua udalen berdintasun arloak planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidearen eredua bultzatzen ari da esku-hartzea errazagoa, sistematikoa eta koherentea izan dadin. Eredu horretan, esku hartzeko esparru bat ezartzen da toki entitateen arteko lankidetza eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekiko koordinazioa ahalbidetzeko. Ibilbide horrek inbertsio arlo hauek ezartzen ditu: Toki gobernamendua eta genero-zeharkakotasuna; Emakumeen aurkako indarkeria; Zaintza, erantzukidetasuna eta eginkizunak bateratzea; eta Emakumeen ahalduntzea, parte-hartze soziopolitikoa eta balioen aldaketa. Azkeneko esku-hartze arlo horri dagokionez, berriki onetsi da apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legea Garatzeko Plana, emakumeenganako indarkeriaren aurka jarduteko. Planean aurreikusten diren jarduketen artean emakumeen ahalduntzearekin eta parte-hartzearekin zerikusia duten jarduerak programatzea dago.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren diru-laguntzen deialdi bat onestea Nafarroako toki entitateentzat, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak eta “Eginkizunak Bateratzeko Tokiko Itunak” programa garatzeko.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak, onestea.

3. Guztira 310.658,43 euroko gastua baimentzea, honela banatuta gutxi gorabehera:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B40001-B4100-4609-232200: Toki entitateentzako transferentziak, berdintasun-politikak sustatzeko

2017

250.658,43

B40001-B4100-4609-232202: Toki entitateentzako transferentziak, Eginkizunak Bateratzeko Tokiko Itunak garatzeko

2017

60.000,00

Salbuespen gisa, deialdi honetarako zenbatekoa handitzen ahalko da, kontuan hartuta zenbat eskaera aurkezten diren; horretarako, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariaren foru agindu bat beharko da, baina ez da beste deialdi bat egin beharko.

4. Foru agindu honen kontra zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean argitaratzea.

Iruñean, 2017ko apirilaren 11n.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea eta helburua.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea du xede deialdi honek, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko egiten diren proiektuak gauza ditzaten.

Deialdi honen xedea da, orobat, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako toki entitateei emanen dizkien diru-laguntzen araubidea ezartzea, eginkizunak bateratzeko tokiko itunen programan sar daitezen eta/edo eginkizunak bateratzeko tokiko itunen programako proiektuak gara ditzaten.

2. oinarria. Entitate onuradunak eta diru-laguntzaren modalitateak.

2.1. Deialdira aurkezten ahalko dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen arabera izaera hori aitortua duten Nafarroako toki entitateak, baldin oinarri hauetan ezarritako beharkizunak betetzen badituzte.

2.2. Diru-laguntza modalitate hauek daude:

a) 1. modalitatea: Berdintasuneko agentea kontratatuta edo plantillan izanik ere, kontratazio hori dela-eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren diru-laguntzarik jasotzen ez duten Nafarroako toki entitateek garatzen dituzten proiektuak.

b) 2. modalitatea: Berdintasuneko agentea kontratatuta edo plantillan izanik, kontratazio hori dela-eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren diru-laguntza jasotzen duten Nafarroako toki entitateek garatzen dituzten proiektuak.

c) 3. modalitatea: Berdintasuneko agenterik kontratatuta edo plantillan ez duten Nafarroako toki entitateek garatzen dituzten proiektuak.

d) 4. modalitatea: Gaur egun, eginkizunak bateratzeko tokiko itun bat sinatua duten Nafarroako toki entitateek gauzatzen dituzten proiektuak, edo, horrelako itunik ez badute, eginkizunak bateratzeko tokiko ituna 2017ko urriaren 31 baino lehen abian jartzeko konpromisoa hartzen duten toki entitateenak.

3. oinarria. Betebeharrak.

3.1. Nafarroako toki entitateek betebehar hauek bete beharko dituzte eskaera aurkezteko unean, eta haiek betetzen jarraitu beharko dute jarduera diruz laguntzen den epe osoan eta hura justifikatu arte:

a) 1. eta 2. modalitateak:

1.–B mailako berdintasuneko agente bat kontratatua edo plantillan izatea, lanaldi osorako.

Toki entitateak zerbitzua lanaldi partzialean egiten duten pertsonak kontratatuak dituenean, proiektuek ez dute diru-laguntzarik jasoko, non ez den agente nagusiaren lanaldia familiako arrazoiengatik edo genero indarkeriaren biktima izateagatik murriztu; izan ere, horrelakoetan, zilegi izanen da bi lagunen artean betetzea lanaldi osoa.

Orobat, toki entitateek akordioak egiten ahalko dituzte beste toki entitate batzuekin lanaldi osoko berdintasuneko agentea izateari buruzko betebeharra betetzearren. Kasu horretan, diruz laguntzeko proiektu bakar bat beharko dute aurkeztu, eta bi entitateen artean garatu.

2.–Berdintasunaren Alor edo Zinegotzigoak 2017rako kontu-sail edo aurrekontu bat edukitzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko ekintza eta proiektuak finantzatzeko.

3.–Aukera berdintasunerako plan bat edo gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako plan estrategikoa edo ekintza positiboaren plana edo lanerako urteko plana izatea, udalen berdintasun arloetako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidearen araberakoa.

4.–Entitate eskatzailearen organo eskudunaren baimena, berdintasuneko agente gisa kontratatzen den pertsonak parte har dezan Nafarroako Berdintasunerako Institutuak genero berdintasunaren arloan 2017. urtean antolatzen duen etengabeko prestakuntzaren programan, horrelakorik antolatzen bada.

b) 3. modalitatea:

1.–Berdintasunaren Alor edo Zinegotzigoak 2017rako kontu-sail edo aurrekontu bat edukitzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko ekintza eta proiektuetarako.

2.–Eskaera egiten den unean, ez izatea B mailako berdintasuneko agenterik kontratatua edo plantillan.

c) 4. modalitatea:

Eginkizunak bateratzeko tokiko itun bat sinatua izatea, edo bestela, konpromisoa hartzea toki entitate horretan 2017ko urriaren 31 baino lehen abian jarriko dela eginkizunak bateratzeko tokiko itun bat.

4 oinarria. Exekuzio epea eta diru-laguntza izan dezaketen proiektuak.

4.1. Diru-laguntzen xede diren proiektuak 2016ko abenduaren 12tik 2017ko urriaren 31 bitartean gauzatu beharko dira.

4.2. Toki entitateek proiektu bakarra aurkezten ahalko dute 1., 2. eta 3. modalitateetarako, eta, horrez gainera, denek beste proiektu bat aurkezten ahalko dute 4. modalitaterako, betiere eginkizunak bateratzeko tokiko itun bat baldin badute edo konpromisoa hartzen badute 2017ko urriaren 31 baino lehen abian jarriko dutela eginkizunak bateratzeko tokiko itun bat beren toki entitatean, deusetan galarazi gabe 5.5 oinarrian xedatutakoa.

4.3. Deialdian adierazitako modalitate bakoitzean, proiektu hauek jaso dezakete diru-laguntza:

1. eta 2. modalitateak: Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzen duten proiektuak, berdintasuneko agentea duten toki entitateetan.

Proiektuak deialdi honen xedearen arabera (1. oinarrian adierazia) diseinatuta aurkeztuko dira, bai eta “Udalen berdintasun arloetako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidean” adierazitako esku-hartze arlo hauen arabera ere:

a. Toki gobernamendua eta zeharkakotasuna.

b. Emakumeen kontrako indarkeria.

c. Zaintza, erantzukidetasuna eta eginkizunak bateratzea, eginkizunak bateratzeko itun bat ez duten edo horrelako bat abian jartzeko konpromisorik hartzen ez duten toki entitateetan.

d. Emakumeen ahalduntzea, parte-hartze soziopolitikoa eta balioen aldaketa.

Diru-laguntzaren xede izanen dira honelako ekintzak dituzten proiektuak:

–Baldintzak sortzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa eta generoaren ikuspegia Administrazioan eta haren politika publikoetan zeharka integratzeko.

–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko prestakuntza (jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, eta abar).

–Sentsibilizazioa (kanpainak, generoaren ikuspegia lantzen duten materialak prestatu eta zabaltzea).

–Emakumeen ahalduntzea eta parte-hartzea sustatzeko jarduerak.

–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko azterlanak, ikerketak, plangintzak eta ebaluazioak.

3. modalitatea: Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzen duten proiektuak, berdintasuneko agenterik ez duten toki entitateek aurkeztuak, arlo hauen gaineko ekintzak garatzen dituztenak:

a) Emakumeen ahalduntzea, parte-hartze soziopolitikoa eta balioen aldaketa.

b) Zaintza, erantzukidetasuna eta eginkizunak bateratzea, eginkizunak bateratzeko tokiko itun bat ez duten edo horrelako bat abian jartzeko konpromisorik hartzen ez duten toki entitateetan.

c) Emakumeen kontrako indarkeria.

Arlo horietako ekintzak helburu hauek lortzera bideratuko dira:

–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean prestakuntza ematea gauzatzen diren ekintzen eremuan (jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, etab.).

–Sentsibilizazioa (kanpainak, generoaren ikuspegia lantzen duten materialak prestatu eta zabaltzea).

4. modalitatea: Toki entitate bat eginkizunak bateratzeko tokiko itunen programan sartzea sustatzen duten proiektuak, eta/edo eginkizunak bateratzeko tokiko itunen programaren barrenean udalerrian gauzatzen diren proiektuak, “Zaintza, erantzukidetasuna eta eginkizunak bateratzea” arloarekin zerikusia dutenak.

Proiektuen helburua izanen da eginkizunak bateratzeko tokiko itunak indartzea, edo, horrelakorik ez badago, eginkizunak bateratzeko tokiko itun bat hastea 2017ko urriaren 31 baino lehen, honako esteka honetan zehazten den metodologiari jarraikiz: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Igualdad+de+genero/Politicas+de+igualdad/Entidades/Pactoslocales.htm.

Hori helburu, honako arlo hauen gaineko proiektuak aurkezten ahalko dira:

A) IN-Pactos programaren barreneko jardunbide berritzaileak garatzea, hots:

a) Zaintzaileen ahotsa. Zainketan ageri ez diren kostuak.

b) Kontatzen ez dena ez da existitzen. Zainketak zenbakitan ematea, agerian jartzeko.

c) Zaintzen duten toki entitateak. Zainketaren etika, udalaren antolaketa politikoaren parte.

d) Zainketen balioa jostetan ikasten da.

Jardunbide horien deskripzioa eta edukia hurrengo estekan zehazten da:

https://pactoslocalesweb.wordpress.com/proyecto-in-pactos-innovar-desde-la-etica-del-cuidado-a-traves-de-la-experiencia-de-los-pactos-locales-por-la-conciliacion/

B) IN-Pactos programaren jardunbide berritzaileei loturarik izan gabe, Zaintzaren, erantzukidetasun eta eginkizunak bateratzea arloarekin lotutako ekintzak ezartzen dituzten proiektuak. Atal honen barrenean, honako hauek sar daitezke: prestakuntza ekintzak, azterlanak eta diagnostikoak egitea, sentsibilizazio jarduerak, kanpainak, tailerrak, etab.

4.4. Diruz laguntzen ahal diren gastuak.

4.4.1. Modalitate guztietan, diru-laguntzak honako gastu kontzeptu hauek finantzatzeko izanen dira bakar-bakarrik (gainera, gastuak diru-laguntzaren xedeko jarduerara bideratu beharko dira zalantzarik gabe, 2016ko abenduaren 12tik 2017ko urriaren 31ra arte egin beharko dira eta zenbatekoak merkatuko balioaren araberakoak izan beharko dira):

a) Laguntza teknikoa. Atal honetan, diru-laguntza jasotzeko baldintza izanen da kontratatzen diren pertsona fisiko edo juridikoek genero berdintasunaren arloan gutxienez 120 orduko prestakuntza izatea, organismo publikoek edo unibertsitate publiko zein pribatuek emana, edo arlo horretan gutxienez 3 urteko esperientzia. Pertsona juridikoen kasuan, frogatuko da proiektuaren talde arduradunak genero berdintasunaren arloan aipatu prestakuntza edo esperientzia duela, eta pertsona horiek proiektua gauzatzeko ardura zuzena dutela.

Entitateak emandako ziurtagiriaren bidez edo pertsonen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da prestakuntza eta esperientzia.

Toki entitate onuradunak azpikontratatzen ahalko du diruz laguntzen den jarduera osoa.

4. modalitatean, toki entitateak aholkularitza teknikoa kontratatzen ahalko du itun berri bat abian jartzeko edo daukaten ituna indartzeko.

b) Txostengileek sortutako ordainsariak, bai eta txostenen ondoriozko joan-etorrien eta ostatuaren dietak ere.

c) Diruz laguntzen diren jardueren materialak argitaratzeko gastuak eta haien publizitatearenak.

d) Lokalak alokatzeko eta ekipamenduen gastua, edo jarduerak garatzeko behar den material suntsikorrarena.

e) Diruz lagundutako jarduerak egiten diren bitartean beren kabuz balia ezin daitezkeen pertsonei arreta ematearen ondoriozko gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak zaintzea, etab.).

f) Gastu finantzarioak eta aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.

4.4.2. Proiektuarekin lotutako zeharkako gastuak:

Ematen den diru-laguntzaren %20 arte egozten ahalko zaie zeharkako gastuei, baldin eta zerikusia badute kudeaketa administratiboarekin edo hornidurekin (hala nola, ura, argia eta telefonoa), zentzuzko neurri batean, betiere behar bezala justifikatuta badaude eta jarduera benetan gauzatzen den epean egin badira.

4.5. Diru-laguntzarik izanen ez duten proiektuak.

Proiektu hauek deialdi honen esparrutik kanpo geldituko dira:

a) Toki entitatearen zerbitzuak sortu edo finantzatzeko asmoa duten proiektuak, konparazio batera, ludotekak, jubilotekak, atsedenguneak edo pertsonentzako zerbitzuak. Hortaz, beren buruaz ezin baliatu diren pertsonei arreta emateko bakarrik diren proiektuak bazter utziko dira, 4.3.1.e) atalean xedatutakoa salbu.

b) Diseinuan, abian jartzean eta ebaluazioan genero ikuspegia txertatzen ez duten proiektuak.

c) Nafarroako Gobernuko beste departamentuetako berariazko deialdien xede izan daitezkeen proiektuak eta jarduerak.

d) Nafarroako edo Estatuko beste deialdi edo programa batzuetan eginkizunak bateratzeko agertzen diren azpiegiturak, baliabideak edo laguntzak sortu edo mantentzea.

e) Aisiako edo jostetako jarduerak bakarrik jasotzen dituzten proiektuak, helburuen artean generoaren ikuspegia aurreikusten ez badute.

f) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren beraren programa eta jarduerak eta, oro har, zuzenean haren eskumeneko edo beste departamentu, erakunde edo entitate publiko zein pribatu batzuen eskumeneko jotzen diren jarduketak.

4.6. Diru-laguntzarik izanen ez duten gastuak.

Gastu kontzeptu hauek deialditik kanpo geldituko dira:

a) Toki entitateek kontratatutako langileen nominak, salbu eta proiektua gauzatzen den bitartean beren buruaz ezin baliatu diren pertsonei arreta emateko une jakin batean kontratatzen direnena, 4.3.1. ataleko e) letran ezarritakoarekin bat.

Bereziki, ez da inoiz diruz lagunduko berdintasuneko agentearen kontratazioa.

b) Toki entitatearen beraren zerbitzuen funtzionamenduak sortzen dituen gastuak.

5. oinarria. Guztirako zenbatekoak eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

5.1. Hona hemen modalitate bakoitzerako aurreikusita dauden guztirako zenbatekoak:

a) 1. modalitatea: 175.000 euro bakoitzeko.

b) 2. modalitatea: 33.000 euro bakoitzeko.

c) 3. modalitatea: 42.658,43 euro bakoitzeko.

d) 4. modalitatea: 60.000 euro bakoitzeko.

Modalitate bakoitzerako gaitutako aurrekontuko diru-izendapena agortu arte emanen dira diru-laguntzak.

Aurrekontuko kontu-saila agortzen bada diru-laguntzaren xede izateko gutxieneko puntuaziora iristen diren eskaera guztiei erantzun gabe, hainbanatu eginen da modalitate bakoitzerako zenbateko orokorra.

Modalitateetako batean deialdia hutsik geratzen bada edo aurreikusitako aurrekontua agortzen ez bada, aurrekontu nahikoa ez duten programen aurrekontua handitzeko erabiltzen ahalko da gerakina, modalitate bakoitzean aurreikusitako zenbatekoaren proportzioan.

5.2. Proiektu bakoitzeko, honako diru-laguntza hauek emanen dira, zein den ere aurkezten den proiektuaren guztirako kostua:

a) Gehienez ere 14.000 euro, berdintasuneko agentea izanik, hura kontratatzeko Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren laguntzarik jasotzen ez duten toki entitateen eskaerentzat. (1. modalitatea).

b) Gehienez ere 6.000 euro, berdintasuneko agentea izanik, hura kontratatzeko Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren laguntza jasotzen duten toki entitateen eskaerentzat. (2. modalitatea).

c) Gehienez ere 4.000 euro, berdintasuneko agenterik ez duten toki entitateen eskaerentzat (3. modalitatea).

d) Gehienez ere 5.000 euro, eginkizunak bateratzeko tokiko ituna duten edo 2017ko urriaren 31 baino lehen horrelako itun bat abian jartzeko konpromisoa hartzen duten entitateen eskaerentzat (4. modalitatea).

5.3. 8. oinarrian zehaztutako irizpideei jarraikiz emanen da diru-laguntza hau, portzentaje hauek aplikatuta:

5.3.1. 1., 2. eta 4. modalitateen kasuan, 8. oinarriko balorazio irizpideen arabera 60 puntutik gora lortzen duten proiektuei ematen ahal den gehieneko kopuruaren %100 emanen zaie.

5.3.2. 3. modalitatean, 8. oinarriko balorazioan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, eta puntuazio hori irizpide harturik, portzentaje hauek aplikatuko dira:

–91-100 puntu lortzen duten proiektuei, eman daitekeen gehieneko zenbatekoaren %100.

–81-90 puntu lortzen duten proiektuei, eman daitekeen gehieneko zenbatekoaren %90.

–71-80 puntu lortzen duten proiektuei, eman daitekeen gehieneko zenbatekoaren %80.

–61-70 puntu lortzen duten proiektuei, eman daitekeen gehieneko zenbatekoaren %70.

–40-60 puntu lortzen duten proiektuei, eman daitekeen gehieneko zenbatekoaren %60.

5.4. Berdintasuneko agente baten kontratazioa hitzartzen duten toki entitateen kasuan, 2017. urtean Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren diru-laguntzarik jasotzen ez badute kontratazio horretarako, elkarrekin aurkezten duten proiektuak 1. modalitatearen araberako diru-laguntza izanen du, eta zilegi izanen da hitzarmena sinatu duten entitateetan gauzatuko diren ekintza ezberdinak jasotzea proiektuan.

5.5. Berdintasuneko agente baten kontratazioa hitzartu duten toki entitateen kasuan, 2017. urtean, hitzarmen horretako entitateetako batek egindako kontratazioak baizik ez badu jasotzen Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren diru-laguntza, bi proiektuk izaten ahalko dute diru-laguntza; proiektu horiek 1. modalitatean eta 2. modalitatean aurkeztu beharko dira, eta bakoitzean lagunduko den gehieneko zenbatekoa hauxe izanen da: modalitate bakoitzerako ezarritako gehieneko zenbatekoaren %50.

6. oinarria. Dokumentazioa.

6.1. Diru-laguntza eskatzen duten toki entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Eskabidea. Eskabide-ereduan aurkeztuko da nahitaez, proiektua deskribatuta eta aurrekontua proiektuaren deskripzioaren arabera zehaztuta, garatu gogo diren jarduera guztiak xehakatuta daudela; proiektuaren aurrekontu orokorrik ez da onartuko.

Eredua Interneteko helbide honetan jasotzen ahalko da: www.igualdaddegenero.navarra.es.

Elkartuta aurkezten diren toki entitateen kasuan, zein entitate aukeratzen den elkartutakoen ordezkari izateko, haren ordezkariak sinatu beharko du eskabidea. Hitzarmeneko entitate bakoitzak zer konpromiso hartu dituen bere gain adierazi beharko da eskabidean.

b) Toki entitatearen Idazkaritzaren ziurtagiria, 3. oinarriko baldintza guztiak betetzen dituela ziurtatzen duena.

c) 1. eta 2. modalitateetarako, kontratazioa bi toki entitateren edo gehiagoren akordio baten bidez egiten bada, 2017rako hartutako akordioaren kopia.

d) 4. modalitaterako, entitateak itunik sinatu ez badu eta konpromisoa hartzen badu 2017ko urriaren 31 baino lehen itun bat abian jartzeko, toki entitateko alkateak sinatutako konpromisoa, ezarri den ereduaren araberakoa.

e) Toki entitatearen eta berdintasuneko agente lanetan aritzeko kontratatutako pertsonaren arteko kontratuaren kopia, 2017rako indarraldia izan behar duena, behar bezala konpultsatua.

f) Berdintasuneko agentea kontratatua baldin badu, entitate eskatzailearen organo eskudunaren baimena, berdintasuneko agente gisa kontratatzen den pertsonak parte har dezan Nafarroako Berdintasunerako Institutuak generoaren eta berdintasunaren arloetan 2017. urtean antolatzen duen etengabeko prestakuntzaren programan, horrelakorik antolatzen bada.

6.2. Betebehar horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituztenean edo datuak administrazio horren esku daudenean, ez da eskatuko dokumentazio hori aurkezteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatu bezala. Azken kasu horretan, agiria zein espedientetan jasotzen den zehaztu beharko da, eta hala egin dadila eskatzen ahalko da. Orobat, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan xedatutakoa hartuko da kontuan.

6.3. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada, toki entitateari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala; halaber, ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera ezetsi eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Proiektua deskribatzeko eta haren aurrekontua zehazteko dokumentazioa ezin da zuzendu.

7. oinarria.–Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

Eskabideak eta atxikitako dokumentazioa Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren erregistroan aurkeztuko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako bideren baten bidez, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 21 egun naturaleko epean.

Dokumentazioa erregistro orokor elektronikoan aurkezten bada, eskabideari eskaneatuta erantsiko zaizkio agiriak; dokumentu banatan aurkeztuko dira eta bakoitzari bere izena jarriko zaio.

Eskabideetan posta elektronikoaren helbide bat adieraziko da, hori izanen baita Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eta toki entitate eskatzaileen arteko komunikazio eta jakinarazpenetarako bide nagusia.

Posta bulegoaren bitartez aurkezten diren eskabideek gutun-azal ireki baten barrenean egon beharko dute, data eta zigilua jartzeko haiek igorri baino lehen, posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan aurreikusitako moduan.

Eskaera erregistro orokor elektronikoan aurkezten ez bada, Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinarazi beharko zaio non aurkeztu den, gestionrecursosinai@navarra.es helbide elektronikoaren bidez.

8. oinarria. Balorazioa eta diru-laguntza emateko prozedura.

8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Sustapenaren eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari dagokio diru-laguntza emateko prozeduraren instrukzioa. Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

8.2. Eskaerak baloratzeko, instrukzio organoak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko teknikarien edo bereziki kualifikatutako teknikarien laguntza izan dezake, eta egokiak iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

8.3. II. eranskinean ezarritako baremoaren arabera baloratuko dira eskaerak.

8.4. Proiektuari buruzko irizpideetan, guztira 60 puntu (1., 2, eta 4. modalitateak) eta 40 puntu (3. modalitatea) lortzen ez duten proiektuek ez dute diru-laguntzarik izanen.

8.5. Sustapenaren eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio ebazpen proposamena. Proposamenari txosten bat gehituko zaio; bertan, entitate onuradunek diru-laguntzak jasotzeko betebehar guztiak betetzen dituztela adieraziko da, eta proiektuen balorazioa jasoko da.

9. oinarria. Inbertitu gabeko gerakinak.

9.1. Diru-laguntzaren xedeko helburuak bete eta, baliabideen erabilera efizientea izateagatik, inbertitu gabeko gerakinik badago, toki entitate onuradunek eskaera egiten ahalko dute eman zaizkien zenbateko horiek toki entitateak abian dituen antzeko beste jarduera batzuetan erabiltzeko, oinarri hauen arabera diruz laguntzeko modukoak badira.

9.2. Sustapenaren eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak berariaz baimendu beharko du inbertitu gabeko gerakinak inbertitzea, eta hori 2017ko irailaren 22a baino lehen eskatu beharko da. Inbertitu gabeko gerakinak erabiltzea baimentzeko eskaeran, proiektuaren helburuen zabalkuntza eta dagokien aurrekontua zehaztuko dira.

10. oinarria. Ebazpena.

10.1. Diru-laguntzei buruzko ebazpena Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 3 hilabeteko epean, gehienez ere. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, diru-laguntzaren fitxan. Hiru hilabeteko epe hori bukatuta, ebazpen espresik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

10.2. Diru-laguntzak emateari buruzko ebazpenean entitate eskatzaileen zerrenda eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa adieraziko dira, eta, kasua bada, zein eskaerari esan zaien ezetz.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak www.igualdaddegenero.navarra.es web-orriaren bidez jarriko ditu jendaurrean ematen diren diru-laguntzak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 112005 Foru Legearen 15.1 artikuluan eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen 20. artikuluan ezarritako baldintzetan. Orobat, legez ezarritako informazioaren berri emanen dio Diru-laguntzen Datu Base Nazionalari, publizitaterako edo/eta informaziorako.

11. oinarria. Proiektuak gauzatzean gertatzen diren gorabeherak.

11.1. Proiektuak deialdian ezarritako epeetan gauzatu beharko dira, eta eskaeran eta diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako moduan. Hala ere, proiektuan aurreikusitako exekuzioa aldatzen duten inguruabarrak gertatzen direnean, aldaketa hauek egiten ahalko dira:

a) Proiektua bitartean egin beharreko jardueren aldaketak.

b) Proiektuan egin beharreko ekintzen arteko berrantolaketa ekonomikoa.

11.2. Proiektuan egin beharreko ekintzak aldatzeko, aldez aurretik baimena eskatu behar zaio organo kudeatzaileari. Interesdunak proiektuan ez dagoen beste jarduera bat, diru-laguntzaren helburua kontuan hartuta egokitzat jotzen dena, egitea proposatzen ahalko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuari.

Proposatutako aldaketak behar bezala arrazoitu eta aurkeztu beharko dira, aurreikusitako jarduera egin baino gutxienez 20 egun lehenago.

Balorazioa egiteko, oinarriotan ezarritako irizpideei jarraituko zaie, eta epe eta baldintzak beretan justifikatu beharko dira.

Proposatzen den jarduera berriak baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Ordezten duen jardueraren maila tekniko berbera izatea.

b) Oinarrietan ezarritako baldintza eta forma berak betez aurkeztea.

Instrukzio organoak baloratuko du salbuespenekoak ote diren aldaketak eta horietarako ematen diren arrazoiak, haiek onartu edo ukatzeko.

Balorazioa eginda, aipatutako aldaketa berariaz baimendu edo ukatuko du Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak, eta, behar izatera, egokiak diren doikuntza ekonomikoak eginen dira.

11.3. Proiektuan onartutako jardueretako bat egin gabe utzi behar denean, ez da aldaketarako aldez aurreko baimena eskatu beharko. Hala ere, jarduera horretarako aurreikusitako zenbatekoa ezin zaio gainerako jardueren aurrekontuari erantsi. Aurrekoa gorabehera, justifikazio agiriak aurkezten direnean, onuradunak behar bezala azaldu beharko ditu aldaketa horiek.

12. oinarria. Diru-laguntzen ordainketa eta justifikazioa.

12.1. Diru-laguntzaren ordainketa:

Diru-laguntza ordainduko da behin diru-laguntzaren xede den proiektua bukatu eta frogagiriak aurkeztu ondoren.

12.2. Diru-laguntzaren justifikazioa:

Entitate onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 2017ko urriaren 31n, beranduenez:

–Jardueren memoria, berariaz prestatutako ereduaren araberakoa (memoriaren eredua). Eredua Interneten bidez eskuratzen ahal da, www.igualdaddegenero.navarra.es web orrian.

Memoriarekin batera, egindako ekintzen egiaztagiriak aurkeztuko dira, bai eta haiek gauzatzearen edo zabaltzearen ondoriozko produktuak ere.

–Diruz laguntzen den proiektuaren guztirako gastuaren justifikazioa, toki entitateko Idazkaritzak emandako ziurtagiria aurkeztuta; bertan, diruz laguntzen diren jarduketak eta haien kostua aitortuko dira, eta haiek garatzean izan diren gastuak zehaztuko dira. Deialdi honen ondorioetarako, ziurtagiri horrek ordainketaren egiaztapenerako balioa izanen du.

Oro har, egindako gastutzat hartuko dira justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindutakoak, salbu eta tributuak, bestelako tributu betebehar batzuk edo Gizarte Segurantzari egin beharreko beste ordainketa batzuk, haiek likidatzeko epea irekita ez egoteagatik ordaindu ezin izan direnak.

Ziurtagiriarekin batera, honako agiri hauek aurkeztuko dira: kalkulu-orri gisa prestatutako zerrenda bat eta behar bezala luzatutako fakturen kopia, nominak eta antzeko balioa duten gainerako agiriak, merkataritza bidean eta bide juridikoan balioa dutenak edo administrazioaren aurrean antzeko eraginkortasuna dutenak.

–Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatik diruz laguntzen ahal den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada, toki entitateak frogatu beharko du enpresa hautatu dela eragimenaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.

–Dokumentu bidezko froga bat, erakusteko bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako proiektuan daukaten parte-hartzearen berri emateko betebeharra, egiten den publizitatean eta zabalkundean eta diruz lagundutako proiektuari buruzko dokumentazio guztian Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta honako testu hau txertatuz: “Nafarroako Berdintasunerako Institutuak lagunduta / Subvenciona Instituto Navarro para la Igualdad”.

–Idazkaritzaren ziurtagiria, diru-laguntzaren xederako hartutako bestelako diru-sarrera, laguntza, baliabide eta diru-laguntzak aipatzen dituena, edo horrelakorik ez duela jaso adierazten duena.

12.3. Instrukzio organoaren iritziz, gastuen justifikazioa nahikoa ez bada haiek egiaztatzeko, errekerimendua eginen dio toki entitateari, beharrezko frogagiriak aurkez ditzan hamar egun naturaleko epean. Toki entitateak eskabidean adierazten duen posta elektronikoaren helbidera eginen da errekerimendu hori.

12.4. Diruz lagundutako proiektuaren behin betiko guztirako kostua diru-laguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostua baino txikiagoa bada (9. eta 11. klausuletan xedatutako kasuetan izan ezik) edo gastua eta ordainketa frogatzeko agirien bidez justifikatzen den zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, diru-laguntzaren zenbatekoa gutxituko da, betiere erabat gauzatzetik hurbil samar ibili bada eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera duela frogatzen bada, eta proiektuaren balorazio berari eutsiko zaio.

13. oinarria. Bateragarritasuna.

Diru-laguntza hau bateragarria da Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren xede eta helburu bererako beste deialdi batzuekin.

Gainera, deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzen entitate onuradunek bestelako edozein administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribaturen laguntzak eta diru-laguntzak jasotzen ahalko dituzte helburu eta xede bererako, baldin eta haien guztien batura ez bada diru-laguntzen deialdi honetan aurkeztutako proiektuaren kostuaren %100 baino handiagoa.

14. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean diru-laguntza jasotzen duten toki entitateek, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain, oinarri hauetan ezarritakoak ere bete beharko dituzte, eta, bereziki, honako hauek:

a) Diruz lagundutako proiektua burutzea eta deialdiaren helburua betetzea.

b) Diru-laguntzaren xedeko proiektuari buruz izan daitekeen edozein aldaketaren berri ematea Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, bai eta baimena idatziz eskatzea ere diruz laguntzen den proiektuaren kudeaketan eta garapenean aldaketak egiteko, izan ere, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailearen berariazko onespena beharko dute proiektuan aldaketak egiteko.

c) Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako diru-laguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol teknikorako lanak onartzea.

d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortzen diren bestelako laguntzak, diru-laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, diru-laguntza ematearen gainean ebatzi baino lehen. Dena dela, diru-laguntza ematearen gainean ebatzi ondoren jakinez gero, justifikazioaren unean eman beharko da haren berri, jasotako funtsa zertan aplikatu den adierazita.

e) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabiltzen direla bermatzeko asmoz, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak edukitzea, entitate onuradunari aplikatu behar zaion araudian agindutako moduan.

f) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak eta haien ordainketarenak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

g) Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea eta “Nafarroako Berdintasunerako Institutuak lagunduta/Subvenciona Instituto Navarro para la Igualdad” dioen testua agertzea diru-laguntza eman ondoren idatziz edo ahoz egiten den edozein informazio, komunikazio, publizitate edo zabalkundetan, bai eta berdintasuneko agentearen lanaren esparruan prestatzen den dokumentazio guztian ere.

h) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan xedatutakoa betetzea.

15. oinarria. Diru-laguntzak itzultzea.

15.1. Entitate onuradunak deialdi honen oinarrietan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, diru-laguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak. Diruaren itzulpena eskatzeko prozedura Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta irekitzen denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

15.2. Aurrekoa gorabehera, 1. eta 2. modalitateetan, bidezkoa izanen da eskubidea kentzea eta jasotako diru guztia itzularaztea baldin eta toki entitateak, bere erabakiz eta bidezko arrazoirik gabe, berdintasuneko agentearen kontratazioa bukatu eta ez bada beste berdintasuneko agente bat kontratatzen hilabeteko epean.

Ildo horretan, entitate onuradunek diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzetan gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko diote Nafarroako Berdintasunerako Institutuari.

16. oinarria Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

17. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarrien aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

18. oinarria. Arau osagarriak.

Oinarriotan ezarri gabeko orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoa den gainerako araudian xedatutakoak aginduko du.

II. ERANSKINA

Balorazio irizpideak

1. eta 2. modalitateak.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

BALORAZIOA: 100 PUNTU

A.–Proiektuaren kalitate teknikoa

55

1. Koherentzia: helburuak, ekintzak, denbora, baliabideak, aurrekontua

45

Proiektuaren helburu orokorra zehazten du/ Berariazko helburuak zehazten ditu

10

Ekintzak deskribatzen ditu berariazko helburuei lotuta/Ekintzak deskribatzen ditu xedeko biztanleriari lotuta

15

Proiektuaren garapen kronologikoa

6

Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak

6

Aurrekontua egokia da proiektuarentzat

8

2. Proiektuaren segimendua eta ebaluazioa

5

Prozesuko adierazleak

2

Emaitzaren adierazleak

2

Eraginaren adierazleak

1

3. Ebaluaziorako baliabideak

5

Jardueren balorazio kualitatiboa egiteko fitxak, proiektuen ebaluazio eta segimendurako tresna eta guzti

2

Jardueren balorazio kuantitatiboa egiteko fitxak, proiektuen ebaluazio eta segimendurako tresna eta guzti

3

B.–Proiektua nola egokitzen den toki entitatearen edo haren eskumeneko lurraldearen berariazko premietara eta errealitatera

15

1.–Lurraldeak edo toki entitateak genero berdintasunari dagokionez dituen errealitatea eta beharrak deskribatzen ditu

5

2.–Lurraldeak edo toki entitateak proiektuari dagokionez duen errealitatea deskribatzen du

5

3.–Proiektua lurraldearen edo toki entitatearen diagnostikoarekin lotzen du (PLI / PLxC / Lan programa)

5

C.–Programaturiko jarduerak zabaldu eta jakinarazteko ekintzak

10

Herritarrak // Elkarteak eta beste talde batzuk // Toki entitatetik haratago [jende mota asko]

5

Web orrietan, sare sozialetan, toki buletinetan, prentsan argitaratzea [hedabide askotan]

5

D–Proiektuan beste toki entitate batzuek parte hartzea, lurraldeko beste elkarte edo erakunde batzuek eta/edo toki entitateko beste arlo batzuek

10

Emakumeen elkarteak

4

Tokiko kolektiboak

2

Toki entitatearen eskumeneko beste arlo batzuk

4

E.–Proiektuak jardunbide egokia duela aitortzea: aurkeztutako proiektu edo zerbitzuak dakarren berrikuntza aplikagarri den udalerrian edo lurraldean; proiektu edo zerbitzuak udalerrian edo lurraldean duen eragina; proiektua edo zerbitzua beste udalerri edo lurralde batzuetara eramateko aukera

10

1.–Toki entitateari edo lurraldeari dakarkion berrikuntza

5

2.–Toki entitatean edo lurraldean duen eragina

3

3.–Beste toki entitate edo lurralde batzuetara eramateko aukera

2

3. modalitatea.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

BALORAZIOA: 100 PUNTU

Toki entitateek berdintasunarekin duten konpromisoa (30 puntu)

30

Berdintasun plana / Lan plana

15

Eginkizunak bateratzeko tokiko ituna

10

Berdintasunerako Kontseilua edo Batzordea

5

Proiektuari lotutako irizpideak (70 puntu)

70

A.–Proiektuaren kalitate teknikoa (35 puntu)

35

1. Koherentzia helburuak, ekintzak, denbora, baliabideak, aurrekontua

30

Proiektuaren helburu orokorra zehazten du/ Berariazko helburuak zehazten ditu

7

Ekintzak deskribatzen ditu/Ekintzak deskribatzen ditu berariazko helburuei lotuta/Ekintzak deskribatzen ditu xedeko biztanleriari lotuta

8

Proiektuaren garapen kronologikoa

5

Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak

5

Aurrekontua egokia da proiektuarentzat

5

2. Proiektuak toki entitatearen beste programa eta jarduketa batzuekin duen erlazioa

5

Udalaren beste arlo batekiko sinergiak sortzen ditu

1

Sinergiak sortzen ditu udalaren arlo batekin baino gehiagorekin

1

Emakumeen elkarteekiko sinergiak sortzen ditu

3

B.–Proiektua nola egokitzen den toki entitatearen edo haren eskumeneko lurraldearen berariazko premietara eta errealitatera (15 puntu arte)

15

1.–Lurraldeak edo toki entitateak genero berdintasunari dagokionez dituen errealitatea eta beharrak deskribatzen ditu

5

2.–Lurraldeak edo toki entitateak proiektuari dagokionez duen errealitatea deskribatzen du

5

3.–Proiektua lurraldearen edo toki entitatearen diagnostikoarekin lotzen du (PLI / PLxC / Lan programa)

5

C.–Programaturiko jarduerak zabaldu eta jakinarazteko ekintzak (10 puntu arte).

10

Herritarrak // Elkarteak eta beste talde batzuk // Toki entitatetik haratago [jende mota asko]

5

Web orrietan, sare sozialetan, toki buletinetan, prentsan argitaratzea [hedabide askotan]

5

D.–Proiektuak toki entitatean edo haren eskumeneko lurraldean duen eragina neurtzen duten adierazleen definizioa (5 puntu)

5

Egin izanaren adierazleak

2

Emaitzaren adierazleak

2

Eraginaren adierazleak

1

E.–Proiektuak jardunbide egokia duela aitortzea: (5 puntu)

5

1.–Toki entitateari edo lurraldeari dakarkion berrikuntza

3

2.–Toki entitatean edo lurraldean duen eragina

2

3.–Beste toki entitate edo lurralde batzuetara eramateko aukera

1

4. modalitatea.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

BALORAZIOA: 100 PUNTU

A.–Proiektuaren kalitate teknikoa (55 puntu)

55

1. Koherentzia: helburuak, ekintzak, denbora, baliabideak, aurrekontua

45

Proiektuaren helburu orokorra zehazten du/ Berariazko helburuak zehazten ditu

10

Ekintzak deskribatzen ditu/Ekintzak deskribatzen ditu berariazko helburuei lotuta/Ekintzak deskribatzen ditu xedeko biztanleriari lotuta

15

Proiektuaren garapen kronologikoa

6

Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak

6

Aurrekontua egokia da proiektuarentzat

8

2. Proiektuaren segimendua, ebaluazioa

5

Prozesuko adierazleak

2

Emaitzaren adierazleak

2

Eraginaren adierazleak

1

3. Ebaluaziorako baliabideak

5

Jardueren balorazio kualitatiboa egiteko fitxak (galde-sortak...), proiektuen ebaluazio eta segimendurako tresna eta guzti

3

Jardueren balorazio kuantitatiboa egiteko fitxak (galde-sortak...), proiektuen ebaluazio eta segimendurako tresna eta guzti

2

B.–Lurraldeko beste elkarte edo erakunde batzuek eta/edo toki entitatearen beste arlo batzuek parte hartzea proiektuan (20 puntu arte).

20

Emakumeen elkarteak

9

Tokiko kolektiboak

6

Toki entitatearen eskumeneko beste arlo batzuk

5

C.–Proiektua nola egokitzen den toki entitatearen edo haren eskumeneko lurraldearen berariazko premietara eta errealitatera (15 puntu arte)

15

1.–Lurraldeak edo toki entitateak berdintasunari dagokionez dituen errealitatea eta beharrak deskribatzen ditu

5

2.–Lurraldeak edo toki entitateak proiektuari dagokionez duen errealitatea deskribatzen du

5

3.–Proiektua lurraldearen edo toki entitatearen diagnostikoarekin lotzen du (PLI / PLxC / Lan programa)

5

D.–12. oinarriarekin bat abian jartzen diren ekintzak zabaltzeko materiala gehitzen dio proiektuari

10

Herritarrak // Elkarteak eta beste talde batzuk // Toki entitatetik haratago [jende mota asko]

5

Web orrietan, sare sozialetan, toki buletinetan, prentsan argitaratzea [hedabide askotan]

5

1., 2. edo 3. modalitateetarako eskaerak.

Deialdian eskatutako betebeharrei buruzko ziurtagiria.

1.–Proiektuari buruzko informazioa.

2.–Proiektuaren aurrekontua.

4. modalitaterako eskaera.

Ziurtagiria.

1.–Proiektuari buruzko informazioa.

2.–Proiektuaren aurrekontua.

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1704688