86. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1048/2017 EBAZPENA, apirilaren 18koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez deialdiak onetsi dira, hautaproben bidez osa daitezen erdi mailako teknikari-liburuzain lanpostuak betetzeko izangaien bi zerrenda: bata, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta bestea, aldi baterako kontratazioak egiteko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea hautaproben bidez honako zerrenda hauek osatzeko: batetik, izangaien zerrenda bat erdi mailako teknikari-liburuzain lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta, bestetik, beste zerrenda bat, aipatutako lanpostuetan aldi baterako kontratudun gisa aritzeko. Zerrenda horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko erabiliko dira, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren arabera, aldi baterako kontrataziora jo aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek bertako langile finkoei eskainiko dizkiete bete nahi dituzten lanpostuak, eta, horretarako, behar diren hautaprobetarako deia eginen dute, lanpostu horietan prestakuntza egin nahi duten izangaien zerrendak osatzeko.

Deialdi hauek honako hauetan ezarritakoari jarraikiz onesten dira: Administrazioaren zerbitzuko langileen prestakuntza eta lanbide hobekuntza arautzen dituen apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua; Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezartzen duen abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikulua; eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Erdi mailako teknikari-liburuzain lanpostuak betetzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bitartez osatzeko deialdiak onestea: bata, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta bestea, aldi baterako kontratazioak egiteko, gero Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan (Osasun Departamentukoak kenduta) sortzen diren beharrei erantzuteko.

2. Ebazpen hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta bere eranskinak jakinaraztea Langileen Kudeaketarako Zerbitzuari, Argibide eta Erregistro Bulegoari eta izendatutako epaimahaiko kideei, behar diren ondorioak izan ditzaten.

I.–DEIALDIA, ERDI MAILAKO TEKNIKARI-LIBURUZAIN GISA PRESTAKUNTZARAKO ZERBITZU BEREZIETAN ARITZEKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO

Hona hemen deialdiaren oinarriak:

Lehenengoa.

Deialdia egiten da erdi mailako teknikari-liburuzain lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran ariko diren izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez. Zerrenda hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko erabiliko da, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

Bigarrena.–Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek hurrengo baldintzak bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, C, D edo E mailakoa edo taldekoa, eta eskubidez dagokien gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.

b) Beren lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egina izatea.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Informazio eta Dokumentazioko gradudunaren edo Bibliotekonomia eta Dokumentazioko diplomadunaren titulua edo horien baliokidea den beste bat edukitzea, edo, bestela, titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekina. Titulu hori ezin da izan langile finkoari jardunean aritzeko balio diona.

Tituluak atzerrian lortu badira, homologatuta daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira.

e) Erdi mailako teknikari-liburuzain gisa zerbitzu berezietan prestakuntza jasotzeko zerrenda batean ez egotea.

f) Haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten erdi mailako teknikari-liburuzain lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

2.2. Oinarri honetako baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozedura osoan, dei egiten zaien unean eta prestakuntzak iraun bitartean ere.

2.3. Deialdi honetan ezin dute parte hartu Osasun Departamentuaren menpeko erakunde autonomoei atxikitako langileek, Nafarroan Justizia Administrazioan ari diren langileek, ez eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren aplikazio eremutik baztertutako langileek ere.

Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

3.1. Hautapen prozedura honetan parte hartu nahi dutenek II. eranskinean jasotzen den eskabidea erabili beharko dute eskaera egiteko. Eskabide hori Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko edozein bulegotan dago eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.nafarroa.eus helbidean, bai deialdia argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai deialdiaren estekatik abiatuta.

Parte hartzeko eskabidean, eskatzen zaizkien baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean betetzen dituztela adierazi beharko dute interesdunek.

3.2. %33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskabidean; gainera, hura frogatzen duen dokumentazioa, organo eskudunak emana, erantsi beharko dute.

Halaber, beharrezkotzat jotzen dituzten denbora edo baliabide egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean adierazi beharko dute eta, gainera, aparteko orri batean, zer egokitzapen eskatzen duten. %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangai horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara eramanen dira, probak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.

3.3. Aurreko idatz-zatian xedatutakoa galarazi gabe, eskabidea beste agiririk ez da aurkeztu behar, izan ere bigarren oinarriko 2.1.d) atalean eskatzen den titulazioa eta, behar denean, 2.1.f) atalekoa deitzen zaien unean frogatu behar dute agiri bidez, hala eskatu behar denean, deialdien oinarri amankomunetako zazpigarrenean ezarritakoaren arabera.

Laugarrena.–Eskabideak aurkeztea eta hori egiteko epea.

Deialdietarako arau komunen lehenbiziko eta bigarren oinarrietan ezarritako bideen bidez eta epean aurkeztuko dira deialdian parte hartzeko eskabideak.

Bosgarrena.–Hautapen prozesuaren garapena eta balorazioa.

Deialdietarako arau komunen bosgarren oinarrian xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.

II.–DEIALDIA, ERDI MAILAKO TEKNIKARI-LIBURUZAIN GISA ALDI BATERAKO KONTRATATUAK IZATEKO IZANGAIEN ZERRENDA OSATZEKO

Hona hemen deialdiaren oinarriak:

Lehenengoa.

Deialdia egiten da erdi mailako teknikari-liburuzain lanpostuetan ariko diren izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez. Zerrenda hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko erabiliko da, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hori erabili baino lehen, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrendak erabiliko dira.

Bigarrena.–Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek hurrengo baldintzak bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baldin haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Informazio eta Dokumentazioko gradudunaren edo Bibliotekonomia eta Dokumentazioko diplomadunaren titulua edo horien baliokidea izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Tituluak atzerrian lortu badira, homologatuta daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten erdi mailako teknikari-liburuzain lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

2.2. Oinarri honetako baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozedura osoan, dei egiten zaien unean eta kontratazioak iraun bitartean ere.

Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

3.1. Hautapen prozedura honetan parte hartu nahi dutenek III. eranskinean jasotzen den eskabidea erabili beharko dute eskaera egiteko. Eskabide hori Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko edozein bulegotan dago eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.nafarroa.eus helbidean, bai deialdia argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai deialdiaren estekatik abiatuta.

Parte hartzeko eskabidean, eskatzen zaizkien baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean betetzen dituztela adierazi beharko dute interesdunek.

3.2. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Nortasun agiri nazionalaren edo nortasun agiri baliokidearen fotokopia.

Dena dela, Espainiako nazionalitatea duten parte-hartzaileek, eskabidean horretarako gaitutako laukitxoan, baimena ematen ahalko diote Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari beren identitatearen eta adinaren inguruko datuak kontsultatzeko, datu horiek beharrezkoak badira espedientea tramitatu eta ebazteko. Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Estatuko Administrazio Orokorraren Zerbitzuen bidez (SVCD) kontsultatuko dira datuak, edo beste sistema baliokide baten bidez. Kasu horretan, ez da beharrezkoa izanen nortasun agiri nazionalaren fotokopia edo nortasun agiri baliokidearena aurkeztea.

Desadostasunik sortzen bada ofizioz egiaztatutako datuen eta interesdunak deklaratzen dituenen artean, edo haien gaineko alderdiren bat argitu behar bada, behar den errekerimendua eginen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/1992 Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Espainiako nazionalitatea ez duten parte-hartzaileek beren identitatea eta nazionalitatea frogatzen dituzten agirien fotokopia aurkeztu beharko dute, eta, hala badagokio, bigarren oinarriko 2.1.a) atalean nazionalitateari eta ahaidetasunari buruz eskatzen diren baldintzena. Gainera, parte hartzeko eskabidean, zinpeko aitorpena egin beharko dute, edo hitzeman beren jatorrizko herrialdean funtzio publikoan aritzea eragozten dien diziplina zehapen edo kondena penal baten menpe ez daudela.

b) %33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskabidean; gainera, hura frogatzen duen dokumentazioa, organo eskudunak emana, erantsi beharko dute. Halaber, beharrezkotzat jotzen dituzten denbora edo baliabide egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean adierazi beharko dute eta, gainera, aparteko orri batean, zer egokitzapen eskatzen duten.

%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangai horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara eramanen dira, probak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.

3.3. Bigarren oinarriaren 2.1.c) atalean eskatzen den titulazio betebeharra, bai eta 2.1.f) atalean eskatutakoa ere, beharrezkoa denean, dokumentu bidez frogatu beharko dira lanerako deia egiten denean, deialdien arau komunetako zazpigarren oinarrian ezarritakoarekin bat.

3.4. Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua izan; dokumentu horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira eskabideak aurkezteko epearen barnean.

Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

Laugarrena.–Eskabideak aurkeztea eta hori egiteko epea.

Deialdietarako arau komunen lehenbiziko eta bigarren oinarrietan ezarritako bideen bidez eta epean aurkeztuko dira deialdian parte hartzeko eskabideak.

Bosgarrena.–Hautapen prozesuaren garapena eta balorazioa.

Deialdietarako arau komunen bosgarren oinarrian xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.

III.–BI DEIALDIETARAKO ARAU KOMUNAK

Lehena.–Eskabideak aurkeztea.

Deialdietan parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, 31002 Iruña), edo Nafarroako Gobernuaren erregistroko beste edozein bulegotan (zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko web orrian ageri da: www.nafarroa.eus), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik.

Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian dago (www.nafarroa.eus). Kasu horretan, parte hartzeko eskabide berariazkoarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa eransteko, Erregistro Orokor Elektronikoan artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabil daiteke.

Bigarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Bi deialdietan, parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hirugarrena.–Izangaien onarpena.

3.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak onetsi den deialdian onartu eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendak ikusgai jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian (www.navarra.eus).

Zerrenda horien kontra, interesdunek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, edo eskabidean egindako akatsak zuzendu, idazki bat aurkeztuta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileen Kudeaketarako Zerbitzuari, hura argitaratu eta biharamunetik hamar egun balioduneko epean.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrendak behin betiko onetsiko dira zuzenean.

3.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak edo zuzenketak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsiko ditu eta Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian (www.nafarroa.eus) argitaratuko ditu, deialdian ezarritako hautaprobak egiteko eguna, ordua eta tokia adierazita.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako betebeharrak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

3.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Laugarrena.–Epaimahaia.

4.1. Hauexek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

Mahaiburua: Amaya Prado Fernández andrea, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Nafarroako Liburutegiaren Ataleko burua.

Ordezko mahaiburua: Fernando Ross García jauna, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Liburutegien Sarearen Ataleko burua.

Mahaikidea: Juan Francisco Elizari Huarte jauna, Ondare Bibliografiko eta Filmografikoaren eta Lege Gordailuaren Bulegoko burua.

Ordezko mahaikidea: María Pilar Los Arcos Sevillano andrea, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko erdi mailako teknikari-liburuzaina.

Mahaikidea: Virginia Oyarzun Martínez andrea, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko erdi mailako teknikari-liburuzaina.

Ordezko mahaikidea: Ana Isabel Olaso Val andrea, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Informazio Baliabideen Bulegoko burua.

Mahaikidea: Silvia Lasa Torrellas andrea, Langileria Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Ordezko mahaikidea: Laura Senosiáin Oreste andrea, Langileria Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Mahaikide-idazkaria: Carlos Orenes Ruiz jauna, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

Ordezko epaimahaikide-idazkaria: Elena Úriz Sucunza andrea, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

4.2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Halaber, zilegi da mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, aditzera emanen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

4.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

4.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdietako oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruan sortzen diren arazoak.

4.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probetarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

Bosgarrena.–Probak.

5.1. Hautapen prozesuan bi proba eginen dira, eta biak batera:

–Lehenbiziko proba: aukera anitzeko 50 galdera sorta bati erantzun beharko zaio idatziz. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera izanen dira, baina erantzun zuzena bakarra. Gaiak I. eranskinean ageri direnak izanen dira. Okerreko erantzun bakoitzagatik zuzen erantzuten denaren balioaren herena kenduko da.

Probak gehienez 90 minutu iraunen du.

Proba honek 50 puntuko kalifikazioa du, gehienez ere.

Proba hau egiteko ez da inolako testurik edo hiztegirik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere.

–Bigarren proba: kasu praktikoak ebatziko dituzte, idatziz, I. eranskinean ageri den gai zerrendako 4tik 6ra bitarteko gaietako edukiekin lotuak.

Proba hau egiteko ondoko argitalpen hauek ekar ditzakete izangaiek, kontsultatzeko edukiko dituztenak: indarra duten katalogazio arauak, ISBD kontsolidatua, MARC21 Formatua (argitalpen osoa, 23. eguneraketa, 2016ko azaroa), Sailkapen Hamartar Unibertsala (2004ko edizioa edo gerokoa) eta liburutegi publikoetan indarra duen Gaien idazpuruen zerrenda.

Probak gehienez 90 minutu iraunen du.

Proba honek 50 puntuko kalifikazioa du, gehienez ere.

Plika sistemaren bidez eginen da proba hori.

5.2. Hautaprobak 100 puntuko kalifikazioa izanen du gehienez, eta bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazio horren %30 gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

5.3. Probetarako dei bakarra eginen da. Hartara nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute parte-hartzaileek. Nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertu eginen dira.

5.4. Probak egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Seigarrena.–Emaitzak.

6.1. Probak kalifikatzen bukatu ondotik, epaimahaiak Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean eta Nafarroako Gobernuaren web orrian (www.nafarroa.eus) argitaratuko ditu lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea emanen du emaitzei buruzko alegazioak egiteko.

6.2. Behin alegazioetarako epea iraganik, eta horiek ebatzirik, parte-hartzaileen artean berdinketarik izanez gero, epaimahaiak irizpide hauen arabera jokatuko du:

a) Izangai berriak prestakuntzaldian aritzeko deialdia: deialdi honetako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiek aitortuta daukaten antzinatasunaren arabera hautsiko dira berdinketak, antzinatasun handiena duena lehenetsiz. Berdinketak jarraitzen badu, aldi baterako kontratazioetarako deialdian ezarritako irizpideari jarraikiz hautsiko dira berdinketak.

b) Aldi baterako kontratazioetarako deialdia: berdinketak zozketa bakar baten bidez erabakiko dira, zeina kalifikazio epaimahaiak eginen baitu. Berdindutako izangai guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoaren arabera deseginen dira, zozketa horretan hautatzen den izangaiaren abizenak eta izena abiapuntu harturik. Emaitzak Nafarroako Gobernuaren web orrian eta iragarki-oholean jarriko dira jendaurrean.

6.3. Aurkeztutako alegazioak eta berdinketak ebatzita, epaimahaiak honako zerrenda hauek argitaratuko ditu, bereizita, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta Interneteko web orrian (www.navarra.es):

–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangai berrientzako deialdiko hautapen prozesua gainditu dutenen zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

–Aldi baterako kontratatuak izateko deialdiko hautapen prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

6.4. Oinarri honetan ezarritako jarduketak bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dizkio proba gainditu duten izangaien zerrendak, onets ditzan. Zerrendekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa ere bidaliko dio.

Zazpigarrena.–Erdi mailako teknikari-liburuzain lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak, eta lanerako dei egitea.

7.1. Hautapen prozesuaren espediente osoa jasota, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez onetsiko da izangaien zerrenda, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) argitaratuko dena, bai eta Nafarroako Gobernuaren web orrian ere (www.nafarroa.eus).

7.2. Izangaiak prestakuntzaldian aritzeko deia eta, hala badagokio, prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeraren deklarazioa honako hauetan ezarritakoaren arabera eginen dira: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua, prestakuntzarako lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezarri zuen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

7.3. Izangaiei aldi baterako kontratatzeko dei egiten zaienean eta, hala bada, kontratatzerakoan, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak, deialdi honetako oinarriak, aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n eman zuen 814/2010 Foru Agindua, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Izangaiei lanerako deia egiten zaienean, aintzat hartuko da, orobat, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarrian, 4. atalean, ezarritakoa, non Nafarroako administrazio publikoetan desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeko moduaren xehetasunak arautzen baitira.

7.4. Deia jasotzen dutenek eskatutako titulazioaren betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte; horretarako, Informazio eta Dokumentazioko gradudunaren edo Bibliotekonomia eta Dokumentazioko diplomadunaren titulua edo horien baliokidearen fotokopia aurkeztu beharko dute, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, betiere eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen eskuratua.

Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertuko dira, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

7.5. Erdi mailako teknikari-liburuzain lanpostuetan aritzeko deia jasotzen dutenek ohiko harremana izan behar badute adingabeekin epai irmo baten bidez frogatu beharko dute ez direla kondenatuak izan sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere, Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboaren bidez, edo baimena propio emanez administrazio honi ziurtagiri negatiboa eska diezaion Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiari.

Estatuz kanpoko izangaiek Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboaz gain (aurreko lerroaldean ezarritakoa), zigor penalik ezaren ziurtagiria aurkeztuko beharko dute, haien jatorrizko herrialdeko edo estatuko agintariek luzatua, Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusia arautzen duen abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren 3. artikuluaren 1. idatz-zatiko zerrendaren delituei dagokienez.

7.6. Erdi mailako teknikari-liburuzain lanpostuak aldi baterako betetzeko B motako gidabaimena izatea beharrezkoa denean, izangaiek baimen hori badutela frogatu beharko dute dei egiten zaienean.

Zortzigarrena.–Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdien, haien oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Justiziako eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2017ko apirilaren 18an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

I. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. Liburuzaintzako legeria Espainian: 10/2007 Legea, Irakurketari, Liburuari eta Liburutegiari buruzkoa. Jabetza intelektualari buruzko legea eta haren eragina liburutegien jardueran. 32/2002 Foru Legea, Nafarroako liburutegien sistema arautzen duena. 14/2005 Foru Legea, Kultur Ondareari buruzkoa.

2. Liburutegiak: kontzeptua, motak eta eginkizunak. Liburutegi nazionalak eta autonomia erkidegoetakoak. Espainiako Libutegi Nazionala. Nafarroako Liburutegia. Liburutegien lankidetza eta koordinazioa. Erakundeak, elkarteak eta proiektuak, nazionalak eta nazioartekoak.

3. Bildumen kudeaketa eta garapena liburutegi publikoetan: hautaketa, eskuratzea, ebaluazioa. Bildumaren erabilera adierazleak. Funtsen antolaketa eta sailkapena. Nafarroako Foru Komunitatearen bildumak.

4. Dokumentuen funtsen prozesu teknikoa liburutegian. Deskripzio bibliografikoa: kontzeptua, eginkizuna eta arautegia. Hizkuntza dokumentalak eta sailkapen sistemak. MARC 21 informazio bibliografikoa kodetzeko formatu gisa. RDA estandarra: oinarriak eta funtsezko arauak. RDA Toolkit.

5. Autoritateen kontrola eta kudeaketa. Autoritateen katalogo nagusiak sarean. Adierazle egonkorrak Interneten.

6. Liburutegiak kudeatzeko sistema integratuak, AbsysNetek aipamen berezia duela. OPACa eta bilaketa estrategiak. Aurkikuntzarako tresnak.

7. Liburutegi publikoen zerbitzu eta jarduerak. Aurrez aurreko zerbitzuak eta birtualak: liburutegien zerbitzuak planifikatu, kudeatu, zabaldu eta ebaluatzeko jarraibideak.

8. Informazio baliabideen kudeaketa, erreferentzia zerbitzuaren ikuspegitik: motak, iturriak, erremintak eta bilaketa teknikak.

9. Irakurketa, kultura ohiturak eta argitalpena XXI. mendean: kongresuak, jardunaldiak eta azokak. Liburu elektronikoa: tresnak, plataformak eta zerbitzuak.

10. Ondare bibliografikoa: kontserbazioa, katalogazioa eta zabalkundea. EOBKK eta Nafarroako Ondare Bibliografikoaren Katalogo Kolektiboa.

11. Ondare zinematografikoa eta ikus-entzunezkoen ondarea: euskarri fotokimikoak, magnetikoak eta digitalak. Filmotekak, ikus-entzunezkoen ondarea gorde, zaindu, katalogatu eta zabaltzeko gune gisa.

12. Kultura ondareko liburutegi digitalak: objektu digitalak digitalizatu, sortu, gorde eta zabaltzea. Sarrera irekiko gordailuak eta informazioa berriz erabiltzea. Europeana, Hispana eta BiNaDi.

13. Legezko gordailua. Estatuaren araudia eta Nafarroako Foru Komunitatearena. Sareko argitalpenen legezko gordailua eta webaren artxiboa.

Oharra: gai guztiak deialdi hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren egunean indarra duen legediaren arabera eskatuko dira.

II. ERANSKINA

Prestakuntzarako zerbitzu berezietarako eskabidea (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoek baino ez) (PDFa).

III. ERANSKINA

Aldi baterako kontrataziorako eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1705021