84. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

440/2017 EBAZPENA, apirilaren 4koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendariak emana. Honen bidez ezartzen dira Nafarroako Foru Komunitatean polinizaziorako emanen diren nekazaritza eta ingurumen arloko diru-laguntzen oinarri arautzaileak, eta “de minimis” araubideari lotutako laguntzen 2017ko deialdia onesten da.

Nafarroako Foru Komunitateko ingurumenean eragin nabarmen eta onuragarria duten nekazaritza jardueren artean, erlezaintza dago, erleen polinizazioa garrantzi handikoa baita bertako landarediaren espezieetako asko behar bezala kontserbatzeko.

Eraginpeko eremuko berezko landarediaren polinizazioak eragina du ingurumenean oro har, eta nekazaritzako ekoizpenean batik bat. Hori horrela, erlezaintza desagertu edo gutxituz gero, arriskuan jar daiteke Nafarroako Foru Komunitateko lurralde askotako biodibertsitatearen iraupen egokia.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak, erlezaintza sektoreari laguntzeko asmoz, egokitzat jo du erlauntz bakoitzeko laguntzak ematea, horrela erlezaintzako jarduera mailari eustearren, ingurumenean ondorio positibo eta garrantzitsuak baititu.

Ebazpen honetan araututako laguntzak “de minimis” araubidearen menpean daude (Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 EE Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzan “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa).

Ebazpen honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legea aplikatuko zaio.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean polinizaziorako emanen diren nekazaritza eta ingurumen arloko diru-laguntzen oinarri arautzaileak onestea.

2. Gardentasuna aitortzeko betebeharrari buruzko eredua, ebazpen honen II. eranskinean jasotzen dena, onestea.

3. 2017an nekazaritza eta ingurumen arloan polinizaziorako emanen diren diru-laguntzen deialdia onestea.

4 Laguntza hauetarako 45.000 euroko gastua onestea, 2017ko aurrekontu orokorretako “Nekazaritza eta ingurumen arloko laguntza. Polinizazioa” izeneko 710004 71310 4700 412206 kontu-sailaren kargura. Polinizazioa” izeneko kontu-sailaren kargura, ebazpen honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitalpen egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

6. Diru-laguntza deialdi hau eta bere oinarri arautzaileak Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean (BDNS) erregistratzea.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2017ko apirilaren 4an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, nekazaritza eta ingurumen arloan polinizaziorako emanen diren laguntzen deialdiarenak

Lehena.–Xedea.

1. Ebazpen honen xedea da nekazaritza eta ingurumen arloan polinizaziorako laguntzen oinarriak ezartzea, erlezaintzaren jarduerak maila egokia izan dezan, biodibertsitatea zaintzeko ondorio on eta garrantzitsuak baititu, batez ere erleek egiten duten polinizazioak biodibertsitatea egoki mantentzeari begira duen garrantziagatik.

2. Produkzioan ari diren erlauntzek jasotzen ahalko dituzte diru-laguntzak, betiere erlezainek hirugarren oinarrian ezarri diren betebeharrak betetzen badituzte.

Bigarrena.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntza urteko sari bat izanen da, 12 euro produkzioan ari den erlauntz bakoitzeko. Erlezaintza ekologikoa izanez gero, eta Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluaren lizentzia edukiz gero, 2017ko urtarrilaren 1ean, erlauntz bakoitzeko zenbatekoa 15 eurokoa izanen da.

2. Diru-laguntzen deialdi hau “de minimis” araubidearen menpean dago (Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 EE Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzan “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa). L 352. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2013ko abenduaren 24koa.

3. Edozein onuraduni gehienez ere 15.000 euroko laguntza ematen ahal zaio hiru zergaldiko epean, Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamenduaren 3. artikuluko 2. atalean xedatutakoaren arabera; Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzan “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa da erregelamendu hori.

Hirugarrena.–Onuradunak eta laguntza jasotzeko baldintzak.

Nafarroako Foru Komunitatean abeltzaintzako ustiategien titular diren pertsona fisiko edo juridikoak izaten ahalko dira ebazpen honetan aurreikusitako laguntzen onuradun, baldin eta banakako laguntza ematen denean baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Nafarroako Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean inskribaturik dagoen erlategi baten titularra izatea 2017ko urtarrilaren 1a baino lehen.

b) Erlategiak produkzioan ari diren 50 erlauntz izatea gutxienez; erlauntz bakoitza dagokion ustiapen zenbakiarekin egonen da identifikatuta.

c) Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak zehazten dituen osasun eskakizunak betetzea.

d) Erlategiak antolatzeko arauak ezartzen dituen otsailaren 22ko 209/2002 Errege Dekretuan aipatzen diren baldintzak betetzea (errege dekretu hura apirilaren 22ko 448/2005 Errege Dekretuaren bidez aldatu zen).

Laugarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

2. Eskaerak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea, 9, Iruña), Abeltzaintza Zerbitzuari zuzenduak, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietatik edozeinetan.

Telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren erregistroetan eta Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoan (www.nafarroa.eus) eskuratzen ahal da.

3. Eskabideekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Eskatzailea pertsona fisikoa bada, NANaren fotokopia. Pertsona juridikoa izanez gero, entitatearen IFK eta eratzearen eskrituraren fotokopia. Eskaerak bazkide guztiek sinatu beharko dituzte, edo legezko ordezkariak edo administratzaileak; azken kasu horretan, ordezkaritzaren egiaztagiria ere aurkeztuko da.

b) Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari laguntzak lehen aldiz eskatzen dizkioten ekoizleentzat.

c) Erlategiko osasun planaren eta egindako tratamenduen frogagiriak.

d) Erlategiaren liburuaren kopia, kokalekuen orria barne.

Bosgarrena.–Diru-laguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. Deialdi honen xede diren laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Onartzen diren eskaerek aurrekontuetan ezarritako diru-muga gainditzen badute, laguntzak eskatzaileen ezaugarrien arabera banatuko dira. Eskaerak hurrenkera honetantxe hartuko dira kontuan:

2.1. Ogibide nagusia nekazaritza duten titularren izenean dauden ustiategien eskaerak, titularra pertsona fisikoa denean, eta lehentasunezko ustiategienak, titularra pertsona juridikoa denean.

2.2. 150 erlauntz baino gehiago dituzten erlezain profesionalen eskaerak.

2.3. Gainerako eskatzaileak.

3. Aurrekontua lehentasunezko talderen baten eskaerak finantzatzeko aski ez bada, talde horren barrenean kobratu beharreko zenbatekoak hainbanatuko dira.

Seigarrena.–Ebaluazio organoa.

Abeltzaintza Zerbitzuko Abere Ekoizpenaren Atalak ebaluatuko ditu eskaerak.

Zazpigarrena.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera harturik, egiaztatuko da hirugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituen eta laugarren oinarrian adierazitako agiriak erantsi dituen. Eskatzen diren agiriak aurkezten ez baditu, gehienez ere 10 eguneko epean zuzendu dezala eskatuko zaio interesdunari, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela. Hala bada, espedientea artxibatzeko ebazpena eman, eta jakinaraziko zaio.

Halaber, eskatzen diren baldintzak betetzen ote diren egiaztatuko du Abere Ekoizpenaren Atalak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan dauden agiri, erregistro eta datu base ofizialen egiaztapen administratiboen bidez eta tokian berean eginen diren jarduketen ikuskapen akten bidez.

2. Eskaera ebaluatu ondoren, Abeltzaintza Zerbitzuak laguntza emateko eta ordaintzeko ebazpen proposamena eginen du.

3. Laguntza eman baino lehen, onuradunak aitorpen bat egin beharko du, idatziz edo euskarri elektronikoan, aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta unean uneko ekitaldi fiskalean erregelamendu honi edo “de minimis” araubideko beste erregelamendu batzuei loturik jasotako gainerako laguntza guztiei buruzkoa.

4. Araubide honen araberako laguntzak ez dira emanen harik eta frogatu arte onuradun bati emandako laguntzen zenbateko osoak ez duela gainditzen 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 EE Erregelamenduaren 3.2 artikuluan ezarritako muga eta Erregelamenduan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla.

5. Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak diru-laguntzen gainean ebatziko du, arrazoiak emanda.

6. Prozeduraren gainean ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

Zortzigarrena.–Onuradunaren betebeharrak.

1. Onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen dituzte.

2. Laguntzak eskatzeko unean, onuradunek honako konpromiso hauek hartu behar dituzten beren gain:

a) Urteko lehenbiziko seihilekoan bere ustiategiko erlauntzen zentsuari eustea.

b) Transhumantzian diharduten erlezainak izanez gero, erlategiak gutxienez ere zortzi hilabetez mantendu beharko dituzte Nafarroako Foru Komunitatean, eta, kasuan kasuko giden bidez, joan-etorriak frogatu.

c) Laguntza jasotzen duen onuradun baten erlauntzen kokalekuek gutxienez bi hektareako berezko landaretza izan beharko dute erlauntz bakoitzeko, kokalekuaren inguruko 2,5 kilometroko erradioan.

d) Erleei polena duen elikagai bizigarririk ez ematea.

e) Administrazioko teknikariei erlauntzetara iristeko erraztasunak ematea, hartutako konpromisoak betetzen diren ala ez egiazta dezaten.

f) Erlauntz guztiak oraingo ustiapen zenbakiarekin identifikatzea erlauntzaren alde guztietan (oinarria, goratzekoak eta estalkia). Identifikazioa suz markatuta eginen da, plastikozko txaparekin, plastikozko belarritakoarekin edo Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak onesten duen beste metodo batekin, betiere marka ezabagaitza bada eta erraz irakur badaiteke. Zenbakiak eta letrak zentimetro batekoak izanen dira gutxienez.

g) Erlategiaren liburua eguneraturik edukitzea.

h) Erlezainak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari idatziz komunikatu beharko dio diru-laguntza hartzen duten erlategietan zenbat baja gertatzen diren. Horretarako, horiek gertatu eta 10 eguneko epea izanen du gehienez.

i) Nekazaritza jasangarria gauzatzean, martxoaren 20ko 110/2015 eta abuztuaren 3ko 270/2016 foru aginduetan zehaztutako nekazaritzako jardunbide egokiak erabiltzea. 110/2015 Foru Aginduaren bidez ezarri ziren kudeaketako legezko betekizunak eta nekazaritzako eta ingurumeneko baldintza egokiak, eta 270/2016 Foru Aginduaren bidez ezarri zen zer baldintzazkotasun arau bete behar dituzten onuradunek, zuzeneko ordainketak jasotzeko, edo landa garapenerako urteko primak, edo ordainketak, mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko zenbait programaren ondorioz.

Bederatzigarrena.–Onuradunaren gardentasun betebeharrak.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta bi inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntzaren zenbatekoak 20.000 euro gainditzea urtean.

b) Emandako zenbatekoak entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20 gainditzea.

Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo aurrekontua, urtekoa, honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.

b) Hala badagokio, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak ukatu gabe, betetzen ez badira onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, eta zenbatekorik kobratu bada, itzuli beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamargarrena.–Diru-laguntzaren helburua bete dela eta hartutako funtsak erabili direla frogatzeko epea eta modua.

Laguntzen helburua bete dela, hau da, polinizazioa egin dela justifikatzeko, konpromisoan sartutako erlauntzak mantenduko dira (ebazpen honen zortzigarren oinarrian hartutako konpromisoei begiratuko zaie) eta kontrol administratiboa eginen zaie, bai eta bertaratuta ere, laguntzen helburua egiaztatzeko.

Hamaikagarrena.–Ordaintzeko modua eta epeak.

Diru-laguntza ordainketa bakar batean pagatuko da, onartzen den momentuan, eta Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak laguntza emateko onesten duen ebazpenean berean tramitatuko da.

Hamabigarrena.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateraezinak dira Foru Administrazioak berak edo beste administrazio publiko batzuek helburu bererako ematen dituztenekin.

Hamahirugarrena.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

1. Ebazpen honetan eskatutako konpromisoak bete ezean, diru-laguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Diru-itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

3. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari, betiere kudeaketa organoak egiaztapenak egin baino lehen.

Hamalaugarrena.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Deialdi honetako laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian argitaratuko da (www.nafarroa.eus), zerbitzuen katalogoan, nekazaritza eta ingurumenean arloan Nafarroako Foru Komunitatean polinizaziorako emanen diren laguntzei dagokien fitxan.

II. ERANSKINA

Gardentasunari buruzko betebeharraren gaineko aitorpena (PDF).

Iragarkiaren kodea: F1704601