84. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

180E/2017 EBAZPENA, apirilaren 7koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, kluster eta enpresek elkarlanean egiten dituzten jarduketetarako diru-laguntzak emateko 2017ko deialdia onesten duena.

Nafarroan Espezializazio Adimentsuko Estrategiak (S3) lankidetza ereduaren aldeko apustua egin du, sektore ekonomikoak garatzeko. Era berean, Nafarroako Gobernuak, klusterren politika definitu du, haiek jarduteko era gidatuz, garatu eta sendotu daitezen.

Klusterrei pizgarriak emateko politikari esker, klusterren lehiakortasuna eta berritzaile izateko gaitasuna sustatzen dira. Politika hori, halaber, lagungarria da klusterrak sendotzeko, haiek osatzen dituzten kideek lidergoa hartu arte.

Nafarroan klusterren egoera desberdina da, haien bilakaerari eta sendotzeari dagokienez, eta, hortaz, beharrezkoa da neurriak abiaraztea, enpresek eta klusterrek lankidetza proiektuetan parte har dezaten sustatzeko, haien lehiakortasuna handiagoa izan dadin, eta, gainera, kluster hasiberriei sendotzen laguntzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Klusterrek eta enpresek elkarlanean egiten dituzten jarduketetarako diru-laguntzak emateko 2017ko deialdia onestea.

2. Diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jasotzen dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten den aurrekontuko kreditua baimendu da:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA
(eurotan)

810009-81310-4819-422200: (E) Klusterra sustatzeko plana

2017

335.000

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2017ko apirilaren 10ean.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Diru-laguntza honen helburua Nafarroako enpresen elkarlanerako ekintza sustatzea da, bai eta klusterrei lotuta dauden proiektuetan parte har dezaten sustatzea ere, haien lehiakortasuna hobetzearren.

Klustertzat joko da espazio geografiko batean enpresak eta ezagutzaz eta/edo teknologiaz hornitzen duten entitateak metatzea, elkarlanerako truke prozesuetan aktiboki sartuak, proiektu berritzaileak elkarrekin gauzatzearen ondoriozko abantailak eta onurak lortzeko, xedeko merkatu edo merkatu-segmentu baten inguruan, edo erreferentziako adar edo sektore zientifiko baten inguruan.

Nafarroako klusterrei buruzko politikaren irizpideak zehaztuak dituen agiria eskura dago Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxan (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

2. oinarria.–Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak.

1. Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak Nafarroako espezializazio adimentsuaren estrategiak 2016-2030 (S3) lehenetsitako ekonomia arloetakoak izanen dira: Automozioa eta mekatronika, Elikakatea, Energia berriztagarriak eta baliabideak, Osasuna, Turismo integrala eta Sorkuntza industriak eta industria digitalak.

2. Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketa ildoak honako hauek dira:

2.1. A ildoa. Kluster hasiberriak sendotzea.

Kluster bat hasiberritzat jotzeko, baldintza hauek bete behar ditu:

–10 urtetik beherako antzinatasuna izatea eskaera aurkezten denean (eskaera egiten duen elkarte edo entitate juridikoa noiz eratu zen).

–Laguntzarik jaso ez izana bitan baino gehiagotan eratu zenetik klusterrei sostengua emateko programaren bitartez (Nafarroako Gobernuarena zein Estatuko enpresa-talde berritzaileei laguntza emateko programa). Konputu horretan ez dira kontuan hartuko aurreklusterrei sostengu emateko laguntzak, Nafarroako Gobernuak klusterrei sostengu emateko 2016an egindako programakoak.

Ildo horretan, kluster hasiberrien jarduketa hauek lagunduko dira diruz:

a) Bazkideak eskuratzeko lanak, lan mahaiak antolatu eta egitea, taldea kudeatzea, klusterraren ordezkaritza.

b) Plan estrategikoak idatzi edo eguneratzea. Sostengua emanen da kanpoko aholkularitza espezializatu bat azpikontratatzeko, helburua badu klusterraren azterketa estrategikoa egitea eta lehiakortasun posizioa zehaztea, urte anitzeko jarduketa plan bati begira.

c) Proiektuen dinamizazioa. Elkarlanerako proiektuak antzematea, kanpoko finantziazioa bilatzea proiektuetarako eskualdeko, Espainiako eta Europako deialdietan eta abarretan.

d) Marketin eta komunikazio jarduketak, hala nola, ekintzak eta kanpainak diseinatzea eta katalogoak, direktorioak, liburuxkak, jardunaldiak eta abar garatzea.

e) Gaikuntza jarduketak, klusterraren kudeatzaileari edo kudeaketa organoei zuzenduak, klusterrak kudeatzeko berariazko gaiei buruz.

2.2. B ildoa. Lehiakortasuna hobetzeko proiektuak.

Jarduketa ildo honen xedea da enpresen lehiakortasuna eta berrikuntzarako gaitasuna sendotzea elkarlanaren bidez.

Ildo horretan, jarduketa hauek lagunduko dira diruz:

a) Elkartutakoak lankidetzan aritzeko proiektuak, lehiakortasuna hobetzeko eremu hauetan: berrikuntza teknologikoa, berrikuntza ez teknologikoa edo kudeaketakoa, nazioartekotzea eta marketina eta merkaturatzea.

b) Kanpoko aholkularitza eta zerbitzuak adimen estrategikoan. Zaintza estrategikoaren sistemak ezartzea (ingurunea, teknologia, merkatuak eta lehiakortasuna) klusterreko enpresa guztientzat, eta teknikaren, joeren, kudeaketaren, finantzen eta eragiketen gaineko ezagutza maila handitzea xede duten jarduketak.

c) Plan estrategikoak eguneratzea. Sostengu berezia emanen da kanpoko aholkularitza espezializatu bat azpikontratatzeko, helburua badu klusterraren azterketa estrategikoa egitea eta lehiakortasun posizioa zehaztea, urte anitzeko jarduketa plan bati begira.

d) Beste kluster batzuekin lankidetzan aritzeko proiektuak, klusterren barnean dauden Nafarroako enpresen lehiakortasuna hobetzeko.

e) Lankidetzarako beste proiektu batzuk, klusterren plan estrategikotik sortzen direnak eta A ildoko laguntzen barnean ez daudenak.

2.3. C ildoa. Nafarroatik kanpoko klusterrei atxikitzea.

Lerro honek Nafarroatik kanpoko klusterrei atxikitzea bultzatuko du, lehiakortasuna, berrikuntza edo produktu eta merkatuen dibertsifikazioa hobetzen badituzte.

3. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Honako baldintza orokorrak betetzen dituzten enpresak eta entitateak izaten ahalko dira onuradunak:

a) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluak onuradun izateko ezarritako debekurik ez urratzea. Eskabidearen inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da hori.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar laguntzen organo kudeatzaileari baimena ematea hori frogatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntzaren ebazpen proposamena ematen denean.

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala behar bada, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatuarekin bat.

2. Halaber, laguntza zer jarduketa ildotarako eskatzen den, eskatzaileek ondoko baldintza berariazkoak bete beharko dituzte:

2.1. A ildoa. Kluster hasiberriak sendotzea.

Laguntza hauen onuradun izateko, entitateek izaera juridikoa izanen dute eta kluster hasiberritzat joak egonen dira, 2.2 oinarrian ezarritako definizioari jarraituz.

Kluster hasiberriek ondoko beharkizunak bete beharko dituzte:

a) Diru-laguntza jaso izana aurreko deialdietan Nafarroako Gobernuak klusterrei eta aurreklusterrei sostengua emateko programen bidez, edo enpresa-talde berritzaile gisa inskribatuta egotea Ekonomiaren, Industriaren eta Lehiakortasunaren Ministerioaren Enpresa-talde berritzaileen erregistroan.

b) Irabazi-asmorik gabeko entitate gisa eratuta egotea.

c) Enpresak eta ezagutzaz edo teknologiaz hornitzen duten entitateak biltzea.

d) Bazkide berriak sartzeko aukera izatea, Nafarroan sektoreko ordezkagarritasuna handituz.

e) Plan estrategiko bat izatea, lehiakortasunaren hobekuntza, berrikuntza edo merkataritza proiektuetara bideratua.

f) Urteko jarduketa plan bat izatea.

g) Egoitza edo helbide soziala Nafarroan izatea, eta bazkide gehienak Nafarroakoak izatea.

h) Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren S3 Estrategiak lehenetsitako ekonomia arloetakoak izatea.

2.2. B ildoa. Lehiakortasuna hobetzeko proiektuak.

Laguntza horien onuradun izateko, entitateek, izaera juridikoa izan eta kluster joak egoteaz gain, 2.1 ataleko a) letratik h) letrara arteko baldintzak bete behar dituzte.

2.3. C ildoa. Nafarroatik kanpoko klusterrei atxikitzea.

Honako beharkizun hauek betetzen dituzten enpresak soilik izan daitezke diru-laguntzen onuradun:

a) Egoitza edo helbide soziala Nafarroan izatea.

b) Nafarroatik kanpoko klusterretan sartzeko eskaera egitea. Klusterrek deialdi honek bultzatzen dituen helburu berak izan beharko dituzte arlo hauetan: lehiakortasuna hobetzea, berrikuntza eta/edo produktu eta merkatuen dibertsifikazioa.

c) Nafarroako beste klusterrek jorratzen ez duten arlo ekonomiko edo merkatu-hobi batekoa izatea.

3. A eta B ildoetako jarduketetarako, laguntzen eskaera bakarra baino ezin da eskatu kluster bakoitzeko. Han, ildo bakoitzeko jarduketak zehaztuko dira. C ildorako, eskaera bakarra onartuko da enpresa bakoitzeko.

4. Klusterra eta hura osatzen duten enpresak ados daudenean haiek zati batean eginen dutela klusterrari diruz lagundutako A edo B ildoko jarduketa bat, enpresa horiek ere onuradun bihurtuko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.

4. oinarria–Diru-laguntza jasotzen ahal duten gastuak eta gauzatzeko epea.

1. Gastu hauek diruz laguntzeko modukoak izanen dira, 2017ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitarte fakturatuak eta ordainduak badaude:

1.1. A eta B ildoetan, kluster eskatzaileak edo hura osatzen duten kideetako batek egindako gastuak, kontzeptu hauengatik:

a) Diruz lagundutako jarduketa gauzatzeari atxikitako langileen soldata kostuak.

b) Bidaia gastuak. Kilometraje kostuek ezin dute gainditu 0,30 euro kilometroko.

c) Aholkularitza tekniko, kudeaketako edo ezagutzako batek egiten dituen kanpoko zerbitzuak kontratatzea.

1.2. C ildoan, enpresek Nafarroatik kanpoko klusterrei atxikitzeko ordaintzen duten lehenbiziko kuota.

2. Aurreko 1.1 puntuko a) eta c) ataletako kostuen barnean kudeatzailea edo kluster managerra kontratatzea sartuta badago, lotura lan arlokoa edo merkataritza arlokoa izan, kontratazioa egiteko irizpide hauei jarraitu behar zaie: inpartzialtasuna, profesionaltasuna eta gizonen eta emakumeen arteko aukera berdintasuna.

Orobat, egiaztatu beharko da klusterraren batzordeak gutxienez 4 pertsona baloratu dituela (bi gizon eta bi emakume) eta baloratu diren lan profilak edo proposamenak aurkeztuko dira. Behar bezala frogatuz gero haiek ezin direla aurkeztu eskatzen den profilarekin behar adina hautagaitza ez izategatik edo kontratazioa eskaera aurkeztu baino lehenago egina izateagatik, nahikoa izanen da hautatutakoaren profila aurkeztea.

Honako hauek izanen dira lehentasunez kontrataziorako baldintzak:

a) Klusterraren jardunaren eremu ekonomikoa aldez aurretik ezagutzea edo graduondoko ikasketak enpresaren kudeaketaren arloan dituen unibertsitateko titulazioa izatea.

b) 5 urteko esperientzia izatea, gutxienez, lanpostu exekutibo batean, lan taldeen arduradun gisa, aholkulari gisa edo enpresa proiektuak dinamizatzeko antzeko profilarekin.

c) Esperientzia izatea proiektuak, politika publikoak eta lehiakortasun estrategia kudeatzen.

d) Hizkuntzak jakitea, batik bat ingelesa.

3. Kanpo elkarlana 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZik gabe) hornidura edo laguntza batean, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez eskaturiko hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakian, laguntzen fitxan dagoena.

Onuradunak ez dira beharturik egonen halako eskaintzak aurkeztera, baldin eta diru-laguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin bada. Edonola ere, halakoak frogatu beharko dira aipatu inprimakian.

4. BEZa diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko da, baldin eta onuradunek egiten dituzten jarduketek ez badute BEZik eta onuradunek ezin badute kenkaria jasotzeko eskubiderik izan. Tratamendu fiskal hori justifikatzeko, Nafarroako Zerga Ogasunak kasuan kasuko ziurtagiria eginen du.

5. oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa.

1. Honako hauek izanen dira laguntzak, jarduketa ildo bakoitzaren arabera:

1.1. A ildoa. Kluster hasiberriak sendotzea.

a) Laguntzen intentsitatea. Hura zehazteko orduan, kontuan hartuko da klusterrak lehenago laguntzak jaso dituen Nafarroako Gobernuak klusterrei sostengua emateko programetan (aurreklusterrei dagozkien laguntzak ez dira aintzat hartuko) edo klusterrei zuzendutako Espainiako edo Europako beste programa batzuen bidez, ondotik zehazten den moduan:

–Diruz lagundutako gastuen %100, aipatutako laguntzak ez badira lehenago jaso.

–%90, behin jaso badira, eta %80, laguntza bitan jaso bada. Bi laguntza baino gehiago jaso badira, eskaera ezetsiko da.

b) Gehieneko laguntza. Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren S3 Estrategian zehaztutako lehentasunezko arlo estrategikoaren arabera aldatuko da gehieneko laguntza:

–Automozioa, Elikakatea, Energia berriztagarriak eta baliabideak: 50.000 euro.

–Osasuna, Turismo integrala eta Sorkuntza industriak eta industria digitalak: 20.000 euro.

1.2. B ildoa. Lehiakortasuna hobetzeko proiektuak.

a) Laguntzen intentsitatea. Diruz laguntzen ahal diren gastuen %80koa izanen da. Proiektu bakoitzak lortutako puntuazioaren arabera kalkulatuko da, 7. oinarriko irizpideak aplikatuta eta proiekturik onenak lortutako puntuazioarekin konparatuta, ondoko formulari jarraituz:

Intentsitatea = %80 * P / GEHI P

P: proiektuan lortutako puntuazioa.

GEHI P: proiektu batek B ildoan lortutako gehieneko puntuazioa.

b) Gehieneko laguntza 60.000 eurokoa izanen da kluster bakoitzeko.

1.3. C ildoa. Nafarroatik kanpoko klusterrei atxikitzea.

a) Laguntzaren intentsitatea Nafarroatik kanpoko klusterrei atxikitzeko lehenbiziko kuotaren %75ekoa izanen da.

b) Gehieneko laguntza 1.000 eurokoa izanen da enpresa bakoitzeko.

2. Kasu guztietan, A eta B ildoetako jarduketengatik laguntzak eskatu dituzten klusterrek ezin izanen dute 60.000 eurotik diru-laguntzarik jaso.

3. Diru-laguntzaz gain, Sociedad de Desarrollo de Navarra SLk (hemendik aurrera, SODENA) kulusterren arlo espezifikoaz eskainitako zerbitzuak eta aholkularitza jasoko dute onuradunek.

6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdiaren laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta zer egunetan argitaratzen den, hurrengo hilabetean bukatuko da, egun berean.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla eta, horretarako, helbide elektroniko gaitua eduki beharko da (DEH). 12. oinarrian (Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak) ezarritako moduan lor daiteke DEH.

Eskaera bulego batean aurkezten bada, pertsona interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko, aurkezpen elektronikoa eginez. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela.

3. Eskaera honako agiri hauekin batera aurkeztuko da, zer ildotarako den, eta dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira (esaterako,”Estatutuak”):

3.1. A eta B ildoetako jarduketetarako:

a) Eskaerak laguntzen fitxan eskuratzen ahal den ereduari jarraituko dio.

b) Klusterreko bazkideen edo entitate sustatzaileen direktorioa, datu hauek adierazita: izena, jarduera, mota (ETEa, enpresa handia, ezagutza zentroa...), gutxi gorabeherako fakturazioa, langileen kopurua eta zer urtetan sartu zen klusterrera.

c) Klusterraren eraketa-agiria edo akta.

d) Erakundearen estatutuak.

e) Plan Estrategikoa.

f) Proiektua gauzatzeko akordioa, alderdi guztiek sinatua, hartutako konpromisoak eta 3.4 oinarrian zehaztutako edukia adierazita.

g) A ildoko jarduketen kasuan, klusterraren jarduketa plana aurkeztu beharko da, aurtengoa eta, laguntza zer urtetarako eskatzen duen, horretakoa. Barnean, laguntzen fitxan jasotako eduki espezifikoa izanen du.

h) B ildoko jarduketen kasuan, memoria bat aurkeztu beharko da laguntzaren xedeko lankidetza proiektu bakoitzeko. Memoria bakitzak laguntzen fitxan jasotako eduki espezifikoa izanen du.

3.2. C ildoko jarduketarako:

a) Eskaeraren inprimakia, laguntzen fitxan eskuratu daitekeena.

b) Jarduketaren aurrekontua.

c) Atxikimenduaren xedeko klusterraren deskribapena, Nafarroan antzeko kluster edo aurreklusterrik ez dagoela adierazita, atxikimenduan sartutako zerbitzuen zehaztapena eta hartan sartzeko eskaera.

4. A eta B ildoetako jarduketetarako, laguntzen eskaera bakarra baino ezin da eskatu kluster bakoitzeko. Han, ildo bakoitzeko jarduketak zehaztuko dira. C ildorako, eskaera bakarra onartuko da enpresa bakoitzeko.

5. Aurkeztutako dokumentazioak aipatu beharkizunak betetzen ez baditu, Politika Ekonomikoaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

7. oinarria.–Diru-laguntzak emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko dira, aurkezten diren eskaerak konparatuz, guztiekin lehentasuna ezartzeko ildo bakoitzerako, oinarri honetan zehaztutako balorazio-irizpideen arabera.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratu duten eskaerei aplikatuko zaie 5. oinarrian ezarritako laguntzaren zenbatekoa, deialdirako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

2. Hauek dira eskaerak baloratzeko irizpideak:

2.1. A ildoko jarduketetan, alderdi hauek 10 punturekin baloratuko dira gehienez:

a) Proposatutako jarduketak. Honako hau baloratuko da: proposatutako jarduketen kalitatea eta anbizioa, klusterren egiturara nola egokitzen den eta plan estrategikoarekin bat egiten duen, eta noraino esku hartzen duten klusterrari lotutako enpresek (3 puntu gehienez).

b) Sendotze aldera jotzea. Honako hau baloratuko da: jarduketek klusterra sendotzea bultzatzen duten, funtzionamenduaren egiturari, bazkide kopurua handitzeari, klusterren jarduketei eta eskualde, estatu eta nazioarte mailan duen posizionamenduari dagokienez (3 puntu gehienez).

c) Proposatutako jarduketen aurrekontua. Honako hau baloratuko da: aurrekontua jarduketei egokitzen zaien eta kofinantzazioa egiten ahal den beste funts publiko eta pribatu batzuekin (3 puntu, gehienez).

d) Beste alderdi batzuk. Honako hau baloratuko da: ekintzek sinergiak ezartzen ahal dituzten klusterreko kideen artean, berrikuntza sustatzen den eta sinergiarik bilatzen den eskualdean dauden beste kluster batzuekin (puntu 1, gehienez).

2.2. B ildoko jarduketetan, alderdi hauek baloratuko dira 10 punturekin, gehienez ere:

a) Proiektuaren anbizioa. Honako hau baloratuko da: proposatutako helburuak eta aurreikusitako emaitzak, adierazleen gaitasuna proiektuaren arrakasta neurtzeko, klusterraren garapenean izanen duen eragina (3 puntu, gehienez).

b) Lehiakortasuna sustatzea. Honako hau baloratuko da: noraino den berrikuntza proiektua eta gaitasuna duen klusterraren edo hura osatzen duten enpresen lehiakortasuna hobetzeko (3 puntu, gehienez).

c) Elkarlana. Honako hau baloratuko da: proiektuaren parte-hartzaileak (klusterra eta kideak), proiektuaren parte-hartzaileen konpromisoa eta osagarritasuna eta beste eragile batzuen parte-hartzea (helize hirukoitzaren parte-hartzea) (2 puntu, gehienez).

d) Proposatutako jarduketen aurrekontua. Honako hau baloratuko da: aurrekontua jarduketei egokitzen zaien eta kofinantzazioa egiten ahal den beste funts publiko eta pribatu batzuekin (3 puntu, gehienez).

2.3. C ildoko jarduketetan, alderdi hauek baloratuko dira 10 punturekin, gehienez ere:

a) Klusterrak edo proiektuak enpresarako duen interesa. Honako hau baloratuko da: klusterrean edo proiektuan parte hartzeko motibazioa eta atxikitzearen helburuak (5 puntu, gehienez).

b) Klusterrak edo proiektuak Nafarroarako duen interesa. Honako hau baloratuko da: atxikimendua interesgarria izan daitekeen beste enpresa batzuetarako Nafarroako klusterrekin sinergiarik sortzen duen (5 puntu, gehienez).

3. Gutxienez 6 puntu lortzen dituzten eskaerei baino ez zaie emanen diru-laguntza.

Berdinketarik izanez gero lortutako puntuazioan, lehenik jarduketa ildo bakoitzeko a) irizpidearen puntuazioaren arabera ebatziko da, gero b) irizpidekoaren arabera, eta horrela jarraituta.

8. oinarria.–Diru-laguntza ematea.

1. Politika Ekonomikoaren Zerbitzuak eskaerak ebaluatuko ditu, SODENAren laguntzarekin; horretarako, beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria edo argigarria eskatzen ahalko dio eskatzaileari, eta adieraziko dio eskaerari ezarritako epean erantzuten ez badio, eskatutako laguntzak ukatzen dituen ebazpena emanen duela.

Zerbitzu horrek, eskaerak ebaluatu ondoren, ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, non adieraziko baitira dagokion laguntzaren intentsitatea eta onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da diru-laguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

3. Deialdi honetarako, 335.000 euroko gasturako baimena eman da, honela banaturik:

a) 170.000 euro A ildoko jarduketak diruz laguntzeko (Kluster hasiberriak sendotzea).

b) 145.000 euro B ildoko jarduketak diruz laguntzeko (Lehiakortasuna hobetzeko proiektuak).

c) 20.000 euro C ildoko jarduketak diruz laguntzeko (Nafarroatik kanpoko klusterrei atxikitzea).

A eta C ildoetako jarduketak diruz laguntzeko kreditua agortu ezean, B ildoko jarduketetarako erabiltzen ahal da, aurrekontu erabilgarria handituz.

9. oinarria.–Diru-laguntza jasotzen duen jarduketa justifikatzea.

Onuradunek diruz lagundutako jarduketa justifikatu beharko dute, 2017ko urriaren 31n beranduenez. Horretarako, ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, 6.2 oinarrian adierazitako moduan:

a) Memoria bat, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak eta onuradunari ezarritako betebeharren konplimendua justifikatzen duena.

b) Fakturak eta ordainagiriak, laguntza eskatzen duenaren izenean. Enpresa onuradunen gastuen fakturak eta ordainagiriak onartuko dira, 3.4 oinarrian ezarritakoarekin bat.

c) “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakia; laguntzen fitxan eskura daiteke, eta 4.3 oinarrian ezarritako edukia izanen du.

d) 4. oinarriko langile gastuak honela justifikatuko dira:

i. Lan kontratudunen kasuan, langileak zehaztuko dira honako hau adierazita: kontratu mota, lanpostua, soldataren kostua (Gizarte Segurantza barne), kostua ordu bakoitzeko eta jarduketan emandako ordu kopura. Halaber, onuradunaren kargurako nominen eta Gizarte Segurantzaren frogagiriak eta kasuan kasuko ordainketak.

ii. Lan kontraturik gabeko langileen kasuan, benetan egindako ordainketaren fakturaren bidez. Laguntzaren onuradunen izenean egonen da faktura.

iii. Kudeatzailearen edo kluster managerraren kontratazioa, 4. oinarriko 2. atalean zehaztutako moduan.

e) Bidaien gastuen zerrenda, datu hauek adierazita: proiektua, bidaiaren arrazoia, tokia, modua, zenbatekoa eta, norberaren ibilgailuan egindako bidaietarako, kilometro kopurua.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztu beharko dute diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, irailaren 11ko 59/2013 Dekretuan arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Betebehar hori urratuz gero, onuradunari ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

b) Diruz lagundutako jarduera egin dela aurreko oinarrian ezarritako moduan eta epean frogatzea.

c) A ildoko jarduketen kasuan, beharrezkoa izanen da bazkideen igoera garbia izatea diru-laguntzaren ekitaldian eta bazkideei kuotak ezartzea. Orobat, beharrezkoa izanen da gutxienez bazkideen %25ek parte hartzea klusterraren plangintza estrategikoa eta egiturazkoa egiteko prozesuetan.

d) Politika Ekonomikoaren Zerbitzuari komunikatzea deialdi honetan aurreikusitako ebaluazio irizpideak ukitzen dituzten datuak aldatzen direla.

e) SODENAk onuradun guztientzat antolatutako jarduketetan parte hartzea (klusterren arteko mahaiak, prestakuntza jarduerak, etab.) eta aldian behin informazioa ematea sozietate horri diruz lagundutako jardueren segimendua egiteko.

f) Diru-laguntzen finantzazioa publikoa dela adierazi beharko da publizitatean eta informazio jardueran (korporazioaren webgunea barne) eta diru-laguntzaren jarduketaren hedapen publikoan.

Diruz lagundutako jarduketak zabaltzeko materialetan ez da emakumearen kontrako bereizkeriaren irudirik emanen, eta berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako proiektuaren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

g) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki B ildoko jarduketen kasuan:

a) Gauzatzen dena ez bada kontzesioaren ebazpenean zehaztutako gastuaren %70era iristen, ez da diru-laguntzaren xedekoa izanen.

b) Gauzatutakoak portzentaje hori gainditzen badu, diru-laguntza benetan gauzatutako horretara egokituko da.

3. Onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdurik diru zenbateko horiek askatzen badira, behar adinako krediturik ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira diru kopuru horiek.

11. oinarria.–Diru-laguntza ordaintzea.

1. Frogagiriak aztertuta, laguntzen organo kudeatzaileak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Bertan, jasota geldituko da onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubideak dakartzan baldintzak bete dituztela, besteak beste, gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu dutela.

2. Diru-laguntza ordaintzeko ebazpena Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emanen du 6 hilabeteko epean, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

3. Onuradunek eska dezakete eman zaien diru-laguntza kontura ordaintzeko. Horretarako, txosten bat aurkeztu behar dute 2017ko maiatzaren 31ra arte egindako jarduketei buruz, bai eta diruz laguntzeko modukoen artean ordurako egindako gastuen zerrenda bat ere (Excel formatuan).

Diru-laguntzaren azken likidazioa egiteko, onuradunak frogagiriak aurkeztu beharko ditu, 9. oinarrian ezarritako moduan eta epean.

12. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

1. Administrazio-egintzen jakinarazpena eta laguntza horiek emateko prozeduran egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira entitate eskatzaileen helbide elektroniko gaitura (DEH).

Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren honako helbide honetan eskuratzen ahal da DEH: http://notificaciones.060.es Horretarako, beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretan harpidetuta egon beharko da. DEH eskuratzen den helbide berean egiten da harpidetza.

2. Laguntzen eskaera eta eman beharreko dokumentazio guztia telematikoki aurkeztuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (http://www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoko laguntzen fitxaren bidez.

13. oinarria.–Diru-laguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, jarduketa beretarako emandako beste laguntza batzuekin.

14. oinarria.–“De minimis” laguntzak.

Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamendurako Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakarrari hiru zergaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortu beharko dituzte eskabide-orrian.

15. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Politika Ekonomikoaren Zerbitzuak, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bidez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), emandako diru-laguntzak jarriko ditu jendaurrean, deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua adierazita.

16. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1704569