84. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

25E/2017 EBAZPENA, apirilaren 6koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez “2017rako ETEetarako bonu teknologikoak” izeneko diru-laguntza emateko deialdia onesten da.

Bonu teknologikoak aurretik zehaztutako zenbatekoa duten laguntzak dira, ETEek Nafarroan kokatuta dauden zentro teknologikoen, unibertsitateen eta ikerketa erakundeen ezagutza eta teknologia transferentziarako zerbitzuak kontrata ditzaten.

ETEei laguntza emateko tresna honen bidez ikerketa zentroetan eta unibertsitateetan sortutako ezagutza eta teknologia enpresei transferitzea bultzatu nahi da. Izan ere, enpresek haien berrikuntza barne prozesuak sistematizatzea eta kanpoko zerbitzu espezializatuetara jotzea sustatu nahi da, bultzatuz enpresek izaera erradikalagoko I+G proiektuak egin ditzatela, baita haien proiektuen bideragarritasuna goiz ebaluatzea ere.

Nafarroako Gobernuaren 2014ko otsailaren 12ko Erabakiaren bidez, baimendu zen laguntza horiek banakako ebaluazioaren araubidean ematea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. “2017rako ETEetarako bonu teknologikoak” izeneko diru-laguntzaren deialdia onestea.

2. Diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jasotzen dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

820005-82110-7701-467307: Proiektu teknologikoetarako bonu teknologikoak

2017

200.000,00

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2017ko apirilaren 10ean.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

ERANSKINA

OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen helburua da enpresen berrikuntza jarduera handitzea, zentro teknologikoekin, unibertsitateekin eta ikerketa erakundeekin jarduketak kontratatuz, horien bidez ezagutza zientifiko, teknologiko edo berrikuntzakoak transferitzeko.

Gero, ezagutza hori enpresek erabiltzen ahalko dute berrikuntzak egiteko, produktuan, prozesuan edo zerbitzuan, edo etorkizuneko I+G+B proiektu bateko aurretiazko fase gisa.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Honako beharkizunak betetzen dituzten enpresak izaten ahalko dira diru-laguntzen onuradunak:

a) Lantoki bat Nafarroan izatea.

b) ETEa izatea, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritako definizioaren arabera.

c) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala balegokio honako honen arabera: Nafarroako Industria Erregistroa sortzen duen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikulua (2013ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa).

d) Jarduketa egiten duen zentro teknologikoarekin, unibertsitatearekin edo ikerketa erakundearekin elkartuak edo hari atxikiak ez izatea, aipatu 651/2014 Erregelamenduaren I. eranskinean termino horiei buruz ezarritako definizioaren arabera.

e) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea.

2. Unibertsitate publikoak, erakunde autonomoak eta sozietate eta fundazio publikoak ezin dira laguntza hauen onuradun izan.

3. Laguntzen eskabidean sartuko den erantzukizunpeko adierazpenarenaren bidez frogatuko da baldintza guztiak betetzen direla.

3. oinarria.–Diru-laguntza jasotzen ahal duten jarduketak eta gauzatzeko epea.

1. Nafarroako zentro teknologiko, unibertsitate edo ikerketa erakunde batean (hemendik aurrera, zerbitzu teknologikoen hornitzailea) egiten diren jarduketetako gastuak izanen dira diru-laguntza jaso dezaketenak, betiere horien bidez ezagutza zientifiko, teknologiko edo berrikuntzakoak transferitzen badira enpresara, barnean direla zaintza teknologikotzat eta bideragarritasun azterlantzat har daitezkeen jarduerak. Jarduketa horiek jarduera osoak izan daitezke, edo irismen handiagoko jarduketa batzuen fase partzialak.

2. Inola ere ezin dute diru-laguntzarik jaso enpresen ohiko jarduerek, produktuen kalitatea hobetzeko direnek, edo produkzio prozesuak nahiz jadanik badiren produktuak aldatzeko edo egokitzeko, baldin eta funtsezko berrikuntzarik ez badakarte. Zehazki, honako jarduketa hauek ezin izango dute diru-laguntzarik jaso:

a) Nahitaezko arauak betetzea.

b) Kalitateko, ingurumeneko, jardunbide egokietako eta antzeko arloetako ziurtapenak eta EE marka ezartzea.

c) Ohiko analisi, entsegu edo ezaugarritzeak.

d) Prestakuntza orokorra.

e) Softwarea eskuratzea edo garatzea.

f) Negozio planak eta balorazio ekonomikoak.

g) Web orriak garatzea.

h) Merkatuaren azterketak.

i) Lege, patente, zerga eta prestakuntza arloetako aholkularitza eta laguntza.

3. Jarduketa egiten duena ezagutzaren ikerketarako eta zabalkunderako erakundea, ikerketarako erakunde publiko bat, zuzenbide publikoko entitate bat edo I+Gko bestelako erakunde publiko bat baldin bada, diruz lagungarriak izanen dira, bakar-bakarrik, kontratatutako jarduketak egiteari dagozkion jarduerak garatzeak sortzen dituen gastuak. Kanpoan geldituko dira beren langileriaren kostuak eta funts publikoekin erositako ibilgetua besterentzeagatiko kostuak.

4. Diru-laguntza jasoko duten jarduketak 2016ko azaroaren 1etik 2017ko irailaren 29ra bitarte eginen dira.

Eskabidea jarduketa egin aurretik aurkeztu beharko da, hori ezinezkoa denean izan ezik jarduketa hasia egoteagatik deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino lehen.

4. oinarria.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Oro har, diru-laguntza jaso dezakeen gastuaren %60koa izanen da diru-laguntza (BEZik gabe), eta onuradun bakoitzak 20.000 euro hartuko ditu gehienez ere. Jarduketa baterako baino gehiagorako eska daiteke laguntza.

2. 2016ko deialdian laguntzen onuradun izan ziren eskatzaileentzat, baldin ikerketa zentro edo erakunde berarekin aurkezten badute beste jarduketa bat, diru-laguntza jaso dezakeen gastuaren %40koa izanen da diru-laguntza (BEZik gabe), 14.000 euro gehienez ere.

3. Emakumeen eta gizonen arteko edozein lan bereizkeria saihesteko neurriak hartu dituzten enpresen kasuan, aipatu laguntza handiagoa izanen da, koadro honetan adierazitako zenbatekoen arabera:

NEURRIAK

INTENTSITATE
OSAGARRIA (%)

GEHIENEKOA (euroak), ENTITATE
ONURADUNEKO

a) Berdintasun plana, bereizgarria edo aintzatespena

10

23.500

b) Berdintasuna sustatzeko beste neurri batzuk

5

21.500

Neurri hauek baloratzeko honako hau hartuko da kontuan:

a) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat prestatzea eta aplikatzea, non ez dauden hartara behartuak (Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45 artikulua).

Edo beren langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politiken aplikazioan nabarmentzeagatik aitortza edo bereizgarriren bat lortu izatea (esate baterako, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” deituriko bereizgarria edo NEEZEren “Reconcilia zigilua”, eta abar).

b) Bizitza pertsonaleko, laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko neurriak edo enpresaren erantzukizun sozialarenak aplikatzea edo frogatu daitekeen beste neurri batzuk berdintasuna sustatzeko.

5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta bukatu:

–Deialdia argitaratzeko datan bukatuak dauden jarduketetarako, data horretatik hilabetera (argitarapen egunetik hurrengo hilabeteko egun berera).

–Gainerako jarduketetarako, 2017ko irailaren 29a, hori barne.

2. Eskabidea jarduketa egin aurretik aurkeztu beharko da, hori ezinezkoa denean izan ezik jarduketa hasia egoteagatik deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino lehen.

3. Deialdi honetarako baimendutako aurrekontuko kreditua epe hori baino lehen bukatzen bada, eskaera epea aldez aurretik itxi dela azalduko da Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren bidez (www.navarra.es), tramiteen katalogoko fitxa egokiaren bitartez (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

4. Eskabideak nahitaez telematikoki aurkeztuko dira, laguntzen fitxaren bidez. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla eta, horretarako, helbide elektroniko gaitua eduki beharko da (DEH). 11. oinarrian ezarritako moduan lor daiteke DEH.

Eskaera bulego batean aurkezten bada, pertsona interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko, aurkezpen elektronikoa eginez. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela.

6. oinarria.–Laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko agiriak.

1. Agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskabidea, fitxako ereduaren araberakoa.

b) 2., 12. eta 13. oinarrietan eskatutakoari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, eskura dagoen ereduaren araberakoa.

c) Azken hiru ekitaldietako kontu itxiak, eskatzailearenak nahiz enpresa elkartuenak eta berarekin lotuta daudenenak (izan harremana enpresa mailan edo pertsona fisikoan), baita langileen kopurua ere, enpresaren tamaina konprobatzeko.

Eskatzaileek ez dute dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin aurkeztua badute Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan 2017an. Kasu horretan, eskaeran azalduko dute hori, baita zer deialditara aurkeztu diren eta dokumentazioa eraman duten ere.

d) Enpresaren aurkezpen agiria, honako hauek izanen dituena:

i. Deskibapen laburra: egiten duen jarduera, produktuak, erabilitako teknologiak, instalazioak, etab.

ii. Hautatutako zentroarekin, unibertsitatearekin edo ikerketa erakundearekin egin beharreko jarduketaren beharra, abiapuntua edo ebatzi beharreko problema eta jarduketak enpresari dakarkion berrikuntza maila.

iii. Behar bezala justifikatu beharko da zergatik aukeratu den zentroa, baliabideak (materialak eta/edo giza baliabideak) eskuragarri izatea, lanen irismen teknologikoa, eta abar.

iv. Zentro teknologiko, unibertsitate edo ikerketa erakunde batekin ohikotasunez lan egiten bada, argibideak eman behar dira: zein den eta zertarako eta zenbateko maiztasunez egiten diren lan horiek.

e) Kontratatutako zentro teknologikoak, unibertsitateak edo ikerketa erakundeak egindako eskaintza teknikoaren kopia, non behar bezain zehatz azalduko baita egin beharreko jarduketa, ezagutza enpresara transferitzeko. Honakoa sartu behar du:

i. Zerbitzua kontratatuz zer ziurgabetasun tekniko ebatziko den.

ii. Egin beharreko jarduerak eta erabili beharreko teknologia.

iii. Aurreikusitako kronograma, hasierako eta bukaerako datak eta, behar izanez gero, jarduera xehakatuak.

iv. Egin beharreko lanen aurrekontu xehakatua.

f) Halakorik bada, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko neurriak justifikatzen dituen dokumentazioa, 4. oinarrian adierazi baitira.

g) Baldin eta enpresak jarduketak egin eta ordaindu baditu eskaera epea hasi aurretik, 9.2. oinarrian aipatzen diren frogagiriak erantsiko dira, eta 10.1.a) oinarriko gardentasun aitorpena, laguntza esleitu eta aldi berean ordaindu ahal izateko.

2. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen finkatutako baldintzak, laguntzak kudeatzen dituen organoak interesdunari eskatuko dio jakinarazpenetik edo argitalpenetik gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela.

Eskaera egitean eskaintza teknikoaren kopia aurkezten ez bada, hori ezin izanen da zuzendu.

7. oinarria.–Diru-laguntzak emateko irizpideak.

Diru-laguntza hau banakako ebaluazioko araubidearen bidez emanen da. Espedienteak eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira, eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

Behin ebaluazioa eginda, oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatutako jarduketei emanen zaizkie laguntzak.

8. oinarria.–Diru-laguntza ematea.

1. Automozioaren, Mekatronikaren, Sorkuntza Industrien eta Industria Digitalen arloetako I+G+b Atalak, laguntzak kudeatzen dituen organoak, eskabideak ebaluatuko ditu, eta gero organo eskudunari igorriko dio ebazpen proposamena. Bertan adieraziko da onuradunek diru-laguntza kobratzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Diru-laguntza esleitu eta, hala balegokio, ordaintzeari buruz ebazteko eskumena Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiari dagokio. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea 2 hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaera aurkezten den egunetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

3. Baldin eta eskaerarekin batera aurkeztu badira 9.2. oinarrian aipatutako frogagiriak eta 10.1.a) oinarriko gardentasun aitorpena, diru-laguntza aldi berean esleitu eta ordainduko da.

9. oinarria.–Justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

1. Onuradunek egindako jarduketa justifikatu beharko dute, baita dagozkion gastuak eta ordainketak ere, epe hauetan:

–Deialdia argitaratzeko datan bukatuak dauden jarduketetarako, deialdia argitaratu eta hilabeteko epean.

–Gainerako jarduketetarako, 2017ko urriaren 16a arte.

2. Honako hauek izango dira aurkeztu beharreko frogagiriak, 5.4. oinarrian adierazten den moduan:

a) Jarduketaren laburpen fitxa, eskura dagoen ereduaren araberakoa.

b) Zerbitzu teknologikoen hornitzailearen fakturaren fotokopia.

c) Ordainketaren frogagiriaren fotokopia.

d) “Jarduketaren bukaerako txostenaren” dokumentua, kontratatutako zentro teknologikoak, unibertsitateak edo ikerketa erakundeak emana. Bertan jarduketaren norainokoa, helburuak noraino bete diren edo izandako zailtasunak zehaztuko dira.

3. Frogagiriak aztertuta, laguntzen organo kudeatzaileak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Bertan, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubideak dakartzan baldintzak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da.

Diru-laguntza ordaintzeko ebazpena I+G+B Zerbitzuko zuzendariak emanen du 2 hilabeteko epean, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

4. Diru-laguntza ordaindu baino lehen, organo kudeatzaileak enpresa onuradunaren instalazioak bisitatzen ahalko ditu, diru-laguntza jaso duen jarduketa egin dela egiaztatzeko.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, irailaren 11ko 59/2013 Dekretuan arautua, eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Onuradunak betebehar hori urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

b) Oinarri arautzaile hauetan ezarritako moduan egin eta justifikatu beharko dituzte diru-laguntzaren xedeko jarduerak.

c) Laguntza eman dela zabaltzea enpresaren web-orriaren bidez, testu hau sartuta: “Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza jaso du ETEetarako bonu teknologiko gisa 2017ko deialdian”.

d) Jarduketaren argitalpen bat edo aipamen publiko bat eginez gero, adierazi beharko da Nafarroako Gobernuak finantzatua dela.

Jarduketaren emaitzak zabaltzeko materialetan ez da emakumearen kontrako bereizkeriaren irudirik emanen, eta berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako jarduketaren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

e) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarririko betebehar orokorrak betetzea.

2. Diru-laguntza emateko ebazpenetan, oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, bidezkoa bada, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. Onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdurik diru zenbateko horiek askatzen badira, behar adinako krediturik ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerak finantzatzeko erabiltzen ahalko dira diru kopuru horiek.

11. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

1. Administrazio-egintzen jakinarazpena eta laguntza horiek emateko prozeduran egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematikoki eginen dira enpresa eskatzaileen helbide elektroniko gaitura (DEH).

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren honako helbide honetan eskuratzen ahal da DEH: http://notificaciones.060.es/PC_init.action Horretarako, beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea.

2. Aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta laguntzen eskaera modu telematikoan aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.navarra.es) tramiteen katalogoko laguntzen fitxaren bidez.

12. oinarria.–Diru-laguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak ezin dira bateratu, jarduketa berberetarako, beste Administrazio Publiko batzuen, beste erakunde publiko nahiz pribatuen eta nazioko nahiz nazioarteko partikularren beste diru-laguntza batzuekin.

13. oinarria.–“De minimis” laguntzak.

1. Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamendurako Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakarrari hiru zergaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

2. Horretarako, enpresek kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortu beharko dituzte eskabide-orrian.

14. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Automozioaren, Mekatronikaren, Sorkuntza Industrien eta Industria Digitalen arloetako I+G+b Atalak, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bidez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), emandako diru-laguntzak jarriko ditu jendaurrean, deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, onuradunak eta emandako diru kopuruak adierazita.

Orobat, organo kudeatzaileak deialdiaren emaitzak jarriko ditu jendaurrean, laguntzen fitxetan.

15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1704566