84. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

24E/2017 EBAZPENA, apirilaren 6koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, I+G+B finantzatzen duten nazioarteko eta Europar Batasuneko programetarako proiektuak prestatu eta aurkezteko laguntzen 2017ko deialdia onesten duena.

I+G+B finantzatzen duten nazioarteko eta Europar Batasuneko programetan Nafarroako entitateen parte-hartzea bultzatzea da deialdi honetako laguntzen helburua, bereziki ETEen parte-hartzea. Hala, programa horietara aurkezten diren proposamenen kopurua eta kalitatea handitu nahi da, eta, orobat, segurtatu nahi da beste baliabide ekonomiko batzuetarako sarbidea izanen dutela.

Nafarroako Gobernuaren 2014ko otsailaren 12ko Erabakiaren bidez, laguntza hauek banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz ematea baimendu zen, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. I+G+B finantzatzen duten nazioarteko eta Europar Batasuneko programetarako proiektuak prestatu eta aurkezteko laguntzen 2017ko deialdia onestea.

2. Diru-laguntza horien oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jasotzen dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

820005-82110-4701-467300: ezagutza arloko zerbitzu intentsiboetarako bonu teknologikoak

2017

200.000,00

4. Ebazpen hau eta dagokion eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2017ko apirilaren 10ean.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen xedea da Nafarroako unibertsitateek, ikerketarako erakundeek, zentro teknologikoek eta enpresek, bereziki ETEek, ikerketa zientifikoa, garapen teknologikoa eta berrikuntza (I+G+B) finantzatzen duten nazioarteko eta Europar Batasuneko programetan duten parte-hartzea bultzatzea.

2. oinarria.–Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak.

1. Diru-laguntza jaso dezakete I+G+B proiektuak definitzeko, prestatzeko eta honako programa hauen laguntza deialdietan aurkezteko diren jarduketek:

A) Horizonte 2020 programa (aurrerantzean, H2020) eta Batasunean I+G+B proiektuak finantzatzeko dauden beste programa batzuk.

B) Teknologia arloko lankidetzarako nazioarteko programak:

–B.1. Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroaren bidez (aurrerantzean, CDTI) kudeatutako teknologia arloko lankidetzarako nazioarteko proiektuak: alde anitzekoak (Eureka, Iberoeka, Eurostars, etab.) edo aldebikoak (Brasil, Kanada, Japonia, Txina, Korea, India, Hegoafrika, etab.).

–B.2. ERA-NET, ERA-NET Plus edo ERA-NET COFUND eskemen babespean dauden teknologia arloko lankidetzarako nazioarteko proiektuak.

2. Diru-laguntzaren xedeko jarduketa guztiak lankidetza proiektuei buruzkoak izanen dira, salbu Europako programen barnean aurreikusitako banakako proiektuen lerro berariazkoei dagozkienak (adib.: ETE tresna).

3. Ebaluazio eta/edo esleipen txostena 2016ko abenduaren 15etik aurrera eman zaien proiektuek jaso dezakete deialdi honetako diru-laguntza.

3. oinarria.–Entitate onuradunak.

I+G+B finantzatzeko aipatu programetan parte hartzen duten enpresak, zentro teknologikoak, ikerketa erakundeak eta unibertsitateak izaten ahal dira laguntza hauen onuradunak, baldintza hauek betez gero:

a) Lantoki bat Nafarroan izatea eta bertan egitea deialdi honen xedeko proiektuak.

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) 5. oinarrian ETEentzat finkatutako laguntzaren intentsitatea lortzeko, enpresek ETEaren definizioa bete beharko dute. Definizio hori Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 EB Erregelamenduaren 1. eranskinean ageri da.

d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluak onuradun izateko ezarritako debekurik ez urratzea. Eskabideari erantsi beharko zaion erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatzen ahal da hori.

Halaber, eskatzaileek zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzeko, diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar departamentu honi baimena ematea inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntza ebazten duen proposamena egiten denean.

4. oinarria.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

1. I+G+B proiektuak definitzeko eta prestatzeko eta 2.1. oinarrian aipatu programetan aurkezteko, onuradunek enpresa aholkulariei ordaindutako gastuak dira diru-laguntza jaso dezaketenak.

2. Aholkularitza-lana baldintza hauek betetzen dituzten enpresek egin beharko dute (eta enpresatzat hartuko da jarduera ekonomiko bat egiten duen pertsona fisiko edo juridiko oro):

a) Entitate onuradunari lotutako edo atxikitako enpresa bat ez izatea, 651/2014 EB Erregelamenduaren 1. eranskinean agertzen diren definizioen arabera.

b) Onuradunarentzat prestatu duen proposamen berean bazkide edo koordinatzaile gisa ez jardutea.

c) Deialdi honen babespeko laguntzarik ez eskatzea.

d) Ez azpikontratatzea diru-laguntzaren xedeko lanak.

Laguntzak kudeatzen dituen organoak beharrezkotzat jotzen duen informazio gehigarria eskatzen ahalko du aholkularitza enpresak emandako datuak eta haien kualifikazioa egiaztatzeko.

3. Kontzeptu hauek ez dute diru-laguntzarik jasoko:

a) Aldian behingo aholkularitzari edo mantentze-lanei dagozkien jarduerak.

b) Balio erantsiaren gaineko zerga, salbu eta kostu hori onuradunarentzat berreskuraezina denean; kasu horretan, onuradunak frogatu egin beharko du.

Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak ez dira inola ere sartuko I+G+B proiektuaren aurrekontuan.

4. Laguntzak kudeatzen dituen organoak diru-laguntzaren xedeko proiektuak prestatzen parte hartu duten aholkularitza entitateen zerrenda argitaratzen ahalko du Nafarroako Gobernuaren Atarian (http://www.navarra.es/home_eu/) edo intereseko beste web orri batzuetan.

5. oinarria.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Diruz laguntzen ahal diren gastuen %80 artekoa izanen da diru-laguntza, ondoko mugen eta baldintzen arabera, proiektuak zer deialditara aurkezten diren:

A) H2020 programa eta Batasunean I+G+B proiektuak finantzatzeko dauden beste programa batzuk.

Honako tauletako irizpideen araberakoa izanen da diru-laguntzaren zenbatekoa. Atalaseari dagokionez, deialdi bakoitzaren ebaluazio ofizialean ezarritako onespen atalasea hartuko da erreferentzia gisa (Evaluation Summary Report-ean edo antzeko agirian adierazitakoa).

a) H2020ko “ETE tresnako” 1. fasea, bai eta nahitaez bi fasetan aurkeztu beharreko proiektuetako deialdien 1. fasea ere.

H2020 programako edo Batasuneko beste programa batzuetako 1. fasean koordinatzaile gisa parte hartzen duten entitate onuradunei bakarrik emanen zaizkie modalitate honen menpeko laguntzak.

GEHIENEKO DIRU-LAGUNTZA, 1. FASEAN

Onuradun koordinatzaileak

≥ atalasearen %70

≥ atalasea

Enpresa txiki eta ertainak

5.000 euro

10.000 euro

Beste batzuk

0 euro

5.000 euro

b) “ETE tresnako” 2. fasea, bai eta nahitaez bi fasetan aurkeztu beharreko proiektuetako deialdien 2. fasea ere, edo fase bakarrean aurkezten diren proiektuak.

b.1) Gehieneko diru-laguntza enpresa txiki eta ertainentzat:

PROIEKTUAN BAZKIDE DIREN ENTITATEEN KOPURUA

BAZKIDEA

KOORDINATZAILEA

≥ atalasearen %70

≥ atalasea

≥ atalasearen %70

≥ atalasea

≥ 5 bazkide

4.000 euro

8.000 euro

12.000 euro

24.000 euro

< 5 bazkide

2.500 euro

5.000 euro

7.500 euro

15.000 euro

b.2) Gehieneko diru-laguntza enpresa handientzat, zentro teknologikoentzat, ikerketa erakundeentzat eta unibertsitateentzat:

PROIEKTUAN BAZKIDE DIREN ENTITATEEN KOPURUA

BAZKIDEA

KOORDINATZAILEA

Ez du atalasea gainditzen

Atalasea gainditzen du

Ez du atalasea gainditzen

Atalasea gainditzen du

≥ 5 bazkide

0 euro

4.000 euro

0 euro

12.000 euro

< 5 bazkide

0 euro

2.500 euro

0 euro

7.500 euro

B) Teknologia arloko lankidetzarako nazioarteko programak.

Proiektu hauek hurrengo baldintzak bete beharko dituzte eta taulan ageri diren irizpideen araberakoa izanen da diru-laguntzaren zenbatekoa:

–B.1 proiektuak, 2. oinarrian definituak: behar den nazioarteko erakunde edo batzordearen egiaztapen “zigilua” izan beharko du proiektuak (esaterako, Eureka zigilua, Iberoeka, etab.), eta ez da nahitaezkoa izanen CDTIk jadanik onetsia izatea.

–B.2 proiektuak, 2. oinarrian definituak: nazioarteko programaren barneko onespena izan beharko du proiektuak, eta ez da nahitaezkoa izanen eskualdeko edo Estatuko erakundeak jadanik onetsia izatea.

GEHIENEKO DIRU-LAGUNTZA B MOTAKO PROIEKTUENTZAT

Bazkidea

Koordinatzailea

Enpresa txiki eta ertainak

5.000 euro

15.000 euro

Beste batzuk

2.500 euro

7.500 euro

6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2017ko abenduaren 15ean bukatuko da, egun hori barne.

Deialdi honetarako aurrekontuko kreditua epe hori baino lehen bukatzen bada, eskaerak aurkezteko epea aldez aurretik itxi dela azalduko da Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren bidez (www.navarra.es/home_eu/), tramiteen katalogoko fitxa egokiaren bitartez (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

Edonola ere, eskaerak erakunde ebaluatzailearen jakinarazpena jaso eta hurrengo hilabetean aurkeztu beharko dira, izan ere, jakinarazpen horren bidez jakin ahal izanen da proiektuari emandako balorazioa, deialdian ezarritako onespen atalasei dagokienez, edo, hala badagokio, laguntza eman zaion. Jakinarazpen hori jasotzen bada deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino lehen, argitalpen egunetik aurrera kontatuko da hilabeteko epea, eta hurrengo hilabeteko egun berean bukatuko da.

2. Eskabideak nahitaez telematikoki aurkeztuko dira, laguntzen fitxaren bidez. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskabidean adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bat eduki beharko da, zeina 12. oinarrian ezarritako moduan lortzen ahal den.

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, pertsona interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko, baliabide elektronikoen bidez aurkeztuz. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela.

3. Programak proiektua bi fasetan aurkezteko eskatzen badu, entitate onuradunak laguntza-eskabide bat aurkeztu beharko du fase bakoitzerako.

4. H2020ko ETE tresnaren kasuan, programan parte hartzeko arauek berriz aurkezteko aukera ematen diete entitateei, haien proposamenak finantzaketarik eskuratu ez badu. Kasu horretan, entitate horrek 7.2 oinarrian adierazitako moduan eskatu beharko du laguntza.

7. oinarria.–Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberako eskabideari dokumentazio hau erantsi beharko zaio, fitxategi bereizietan eskaneatuta eta zein bere izenarekin behar bezala identifikatuta (ad.: “erantzukizunpeko adierazpena”, “Memoriaren laburpena” eta abar):

a) Erantzukizunpeko adierazpena, aipatu fitxan eskura den ereduari jarraituz, 3., 4., 13. eta 14. oinarrietan adierazitako alderdiei buruz.

b) Proiektua deskribatzen duen memoriaren laburpena, honako hauek zehaztuta: proposamenaren xedeak, lanerako plana, gauzatzeko egutegia, entitate parte-hartzaileak, proiektuaren koordinatzailea, aurrekontu orokorra, parte hartzen duen entitate bakoitzaren aurrekontua eta entitate eskatzailearen aurrekontu xehakatua.

c) Entitate aholkulariak egindako fakturen kopia eta ordainketen frogagiriak (bankuko ziurtagiriak edo laburpenak, behar bezala identifikatuak, edo ordainketaren trazabilitatea egiaztatzeko moduko beste edozein merkataritza-dokumentu).

d) Erakundearen jakinarazpenaren kopia:

–A motako proiektuak: aurkeztutako proposamenari buruzko balorazio txostena (Evaluation Summary Report edo antzekoa), nazioarteko erakunde eskudunak emana, non egiaztatzen ahalko baita proiektuaren balorazioa deialdian ezarritako onespen atalaseei dagokienez.

–B.1 motako proiektuak: nazioarteko erakunde edo batzordearen “zigilua” lortu izanaren komunikazioa, proiektua Eureka, Iberoeka edo antzeko izendapen bat duela frogatzen duena.

–B.2 motako proiektuak: behar den erakundearen komunikazioa, non adieraziko baita proiektua onetsi dela.

e) Diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, irailaren 11ko 59/2013 Dekretuan arautua, eskura dagoen ereduaren araberakoa.

2. Entitateren batek H2020ko “ETE tresnan” parte hartzeagatik beste laguntza-eskaera bat aurkezten badu 6.4 oinarrian ezarritakoaren arabera, hauxe izanen da jarraitu beharreko prozedura:

a) Lehenengo jakinarazpenaren kopia aurkeztuko du, hura jaso eta hilabeteko epean gehienez ere, eta, horrekin batera, jakinarazpen hori zain uzteko eskaera.

b) Bigarren jakinarazpenaren kopia aurkeztuko du, hura jaso eta hilabeteko epean gehienez ere, eta, betiere, deialdiaren itxiera eguna baino lehen.

c) Bi ebaluazioetatik zein den notarik altuena, horren arabera emanen da laguntza.

3. Aurkeztutako eskaerak betetzen ez baditu finkatutako baldintzak, organo eskudunak interesdunei eskatuko die zuzen dezatela gehienez 10 eguneko epean, errekerimenduaren jakinarazpenetik hasita, eta adieraziko die zuzendu ezean eskaerari uko egiten diotela ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela.

8. oinarria.–Diru-laguntzak emateko irizpideak.

Diru-laguntza hau banakako ebaluazioko araubidearen bidez emanen da. Espedienteak eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira, eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

Eskaerak 5. oinarrian ezarritako irizpideen arabera ebaluatuko dira, eta ebaluazioaren ondoriozko neurrian emanen da diru-laguntza.

9. oinarria.–Diru-laguntza eman eta ordaintzea.

Automozioaren, Mekatronikaren, Sorkuntza Industrien eta Industria Digitalen arloetako I+G+b Atalak, hots, laguntzak kudeatzen dituen organoak, oinarri arautzaile hauetan ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari igorriko dio ebazpen proposamena, non adieraziko baitu onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Diru-laguntzak eman eta ordaintzeari buruz ebazteko eskumena Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiari dagokio. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, gehienez ere bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie ebazpena interesdunei, modu telematikoan, gaitutako helbide elektronikora.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Oinarri arautzaile hauetan ezarritako moduan egin eta justifikatu beharko dituzte diru-laguntzaren xedeko jarduerak.

b) 11. oinarrian ezarritako betebeharrak I+G+Bko jardueraren emaitzen publizitateari eta zabalkundeari buruz.

c) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri hauetan, esleipen ebazpenean edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak bete ezean, laguntza itzuli beharko da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, betebeharren bat hein batean ez betetzeak diru-laguntzaren zati bat itzuli beharra ekar dezake.

11. oinarria.–Emaitzen publizitatea eta zabalkundea.

1. Laguntzen onuradunek, diruz lagundutako jardueraren argitalpen bat edo aipamen publiko bat eginez gero, adierazi behar dute Nafarroako Gobernuak finantzatua dela.

2. Diruz lagundutako I+G+B jardueraren produktua zabaltzeko materialetan ez da emakumearen kontrako bereizkeriaren irudirik emanen, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako jardueraren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

12. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

1. Administrazio-egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduran egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoan.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren honako helbide honetan eskuratzen ahal da gaitutako helbide elektronikoa: http://notificaciones.060.es Horretarako, ziurtagiri digitala eduki beharko da, eta Nafarroako Gobernuak gaitutako prozeduretan izena eman.

2. Laguntzen onuradunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta laguntza-eskaera modu telematikoan aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.navarra.es/home_eu/) tramiteen katalogoko laguntzen fitxaren bidez.

13. oinarria.–Diru-laguntzaren bateraezintasuna.

Diru-laguntza hau bateraezina da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, jarduketa beretarako emandako beste diru-laguntzekin.

14. oinarria.–“De minimis” laguntzak.

Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamendurako Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, enpresek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortu beharko dituzte eskabide-orrian.

15. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

I+G+b Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdiaren emaitzak laguntzen fitxan ere jarriko ditu jendaurrean organo kudeatzaileak.

16. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1704564