Iragarkia
82. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 28a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
50/2017 FORU AGINDUA, apirilaren 19koa, Hezkuntzako kontseilariak emana. Honen bidez arautzen da Batxilergoan diharduten ikasleak ebaluatu, mailaz igo eta haiei tituluak emateko era.
Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatu du. Besteak beste, aldaketa garrantzitsuak egin ditu Batxilergoko curriculumen egituran, bai eta ikasleen ebaluazioari buruzko alderdi batzuetan ere.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren eta Batxilergoaren oinarrizko curriculuma ezartzen duen abenduaren 26ko 1105/2014 Errege Dekretuak, 2/2006 Lege Organikoaren garapena den aldetik, 30. artikulutik 34. artikulura bitartekoetan xedatzen ditu Batxilergoan ikasleak ebaluatu, mailaz igo eta haiei tituluak emateari buruzko zenbait alderdi. Orobat, errege dekretu horren seigarren xedapen gehigarriak zehazten du zein diren ebaluatzeko agiri ofizialak eta zer alderdi eduki behar dituzten gutxienez.
Orobat, 2/2006 Lege Organikoaren idazketa kontsolidatuaren garapen gisa, uztailaren 29ko 310/2016 Errege Dekretuak arautzen du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko amaierako ebaluazioa.
Bestalde, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoa ezartzeko egutegirako presazko neurriei buruzko abenduaren 9ko 5/2016 Errege Lege Dekretuak zenbait puntu zehazten ditu Batxilergoaren ebaluazioari buruz.
Gainera, Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoko irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen apirilaren 22ko 25/2015 Foru Dekretuak, 11. artikulutik 16.era bitarte, ikasleak ebaluatu, hurrengo mailara igo eta haiei tituluak emateko prozesua arautu behar duten alderdi orokorrak xedatzen ditu.
Arau esparru horrek behartzen du xedapen berri bat garatzera, arautu dadin Batxilergoan diharduten ikasleak ebaluatu, mailaz igo eta haiei tituluak emateko era, ikastetxe publikoetan, pribatuetan eta pribatu itunduetan. Horrek ekarriko du Hezkuntzako kontseilariaren abenduaren 4ko 191/2008 Foru Agindua mailaz maila indargabetzea.
Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du foru agindu hau onets dadin, arautzen baitu Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoan diharduten ikasleak ebaluatu, mailaz igo eta haiei tituluak emateko era.
Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.
Foru agindu honen helburua da Batxilergoan diharduten ikasleak ebaluatu, mailaz igo eta haiei tituluak emateko era arautzea, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko, pribatu eta pribatu itunduetarako.
2. artikulua. Ebaluazioaren ezaugarri orokorrak.
1. Ebaluazioak helburu du ikaslearen ikasketaren emaitzak baloratzea etaparen ikasmaila bakoitzean, kontuan izanik noraino bete diren ebaluazio irizpideak eta irakasgai bakoitzaren ikaskuntzako estandarrak. Irizpide eta estandar horiek erreferentziak izanen dira curriculumeko gaitasunak eskuratzeko. Ikasleek gaitasun horiek eskuratzea da etapako helburuak lortu ote diren zehazteko adierazle nagusia.
2. Ikaslearen ikasketa prozesuaren eboluzioa etengabea, hezigarria eta integratzailea izanen da.
3. Etengabea izanen da, ikasturte osoan ikasleen irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan murgilduta dagoen aldetik, eta ikasgelako eguneroko zereginetan integratua.
4. Ikasleen ikasketen ebaluazioa hezigarria da, eta irakaskuntza zein ikaskuntza prozesuak hobetzeko balio du.
5. Ikasleen ikasketa prozesuaren ebaluazioa integratzailea da. Kontuan hartu behar da, irakasgai guzti-guztietan, etaparako ezarritako helburuak eta kasuan kasuko gaitasunak lortzen direla. Nolanahi ere, ebaluazioaren izaera integratzaileak ez du eragotziko irakasleek irakasgai bakoitzaren ebaluazioa bereiz egitea.
6. Ikastetxeek bermatuko dute ikasleen eskubidea ebaluazio objektibo bat izateko eta beren dedikazioa, ahalegina eta errendimendua objektibotasunez baloratuak eta aitortuak izateko. Koordinazio didaktikoaren departamentu bakoitzeko kideek kalifikazio irizpideak adostuko dituzte, era homogeneoan neurtzeko zer maila lortu den ikaskuntzako estandar ebaluagarrietan.
7. Ikastetxe bakoitzak ezarritako prozedurarekin bat, ikasleek eta, hala badagokie, gurasoek edo legezko ordezkariek argibideak eskatzen ahalko dituzte, eta zilegi izanen dute egindako probak, ariketak eta lanak ikustea, ikastetxean, irakasleekin batera. Irakasleek arrazoiak emanen dituzte ikaskuntza prozesuaren balorazioaz. Halaber, kasuan kasuko erreklamazioak egin ditzakete, indarreko araudiak ezartzen duen moduan.
8. Ikasleek gehienez ere lau urte eman ditzakete Batxilergoa egiten eguneko araubide ofizialean.
3. artikulua. Kalifikazioen eskala.
1. Kalifikazioa egintza bat da zeinaren arabera ikasleei kategoria bat ematen zaien eskala baten barnean, ebaluazio prozesuko emaitzen arabera.
2. Batxilergoan, ebaluazioaren emaitzak zenbakizko kalifikazio batekin adieraziko dira, dezimalik gabe, 0tik 10era bitarteko eskalan.
3. Negatiboak izanen dira 5etik beherako kalifikazioak eta positiboak gainerakoak.
4. artikulua. Irakasleak eta irakasle taldea.
1. Ikasleari eskolak ematen dizkioten irakasleek osatzen dute irakasle taldea. Taldea kide anitzeko organo gisa arituko da ebaluazio prozesu osoan, tutoreak koordinaturik, eta ikasleen ebaluazio prozesua garatzeko ardura izanen du.
2. Irakasgai bakoitzaren ardura duen irakasleak erabakiko du ea ikasleak bete ote dituen ebaluazio irizpideak eta ikaskuntzako estandarrak, baloratuko du horiek zer neurritan lortu dituen, eta zehaztuko du kalifikazioa. Ikasle jakin bati buruzko gainerako erabakiak haren irakasleek hartuko dituzte adostasunez. Adostasuna ezinezkoa denean, erabakiak gehiengo soilaren bidez hartuko dira. Berdinketarik gertatuz gero, tutorearen kalitatezko botoa izanen da erabakigarria.
3. Talde bakoitzaz arduratzen diren irakasleak, talde bakoitzaren tutoreak koordinatuta, behar bezainbeste bilduko dira ikasleen ebaluazioa baloratzeko.
4. Orobat, talde bakoitzaren tutorea izanen da ebaluazio saioak zuzendu eta araudia betetzen dela bermatuko duena, ikasketaburuak koordinatuta. Orientazioaz arduratzen denak, bere eginkizunak betez, tutorea aholkatzen ahalko du saio horiek behar bezala garatzeko, batik bat desgaitasunagatik hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen kasuan.
5. Irakasleek ikasleen ikaskuntza-prozesua, irakaste-prozesuak eta beren irakasle-lana aztertuko dituzte; horretarako, lorpenen adierazleak ezarriko dira programazio didaktikoetan. Honako hauek egon daitezke adierazle horien artean: ikasleek lortutako emaitzak, programazioa zenbateraino bete den, metodologia didaktikoaren egokitzapena, ikasteko zailtasunak dituzten ikasleei eta desgaitasunagatik hezkuntza premia bereziak dituztenei aplikatutako neurriak eta haiekin lortutako emaitza, elkarbizitzaren giroa, irakasleen arteko koordinazioa eta familiekiko harremana.
5. artikulua. Hasierako ebaluazioa.
1. Ikastetxeek hasierako ebaluazio bat egin dezakete, jakiteko zein den ikasmaila bakoitzeko ikasleen abiapuntua, eta, kasua bada, egoki diren hezkuntza neurriak hartzeko.
2. Laugarren mailako orientaziorako aholkuan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako historial akademikoan erregistratutako informazioa datu objektiboa izanen da Batxilergoko lehenbiziko ikasmailako ikasleen hasierako ebaluaziorako.
3. Ebaluazio saio baten deialdia egin daiteke, irakasleen taldeak hezkuntzako kasuan kasuko neurriak hartzeko, ikasleen aurrerapen egokia bermatuko dutenak, beharrezkoak izanez gero. Hartzen diren erabakiak espediente akademikoan jasoko dira.
4. Hezkuntzako neurri gisa, aintzat har daiteke Hezkuntza Errefortzuan (HE), zeinak izan ditzakeen sartzeko curriculum egokitzapenak (SCE) baliabide materialak eta sartzeko baliabide arruntez kanpokoak behar dituzten ikasleentzat, bai eta curriculuma aberastekoak ere, adimen gaitasun handiko ikasleentzat, haiek ahalik eta gehien garatzeko.
6. artikulua. Ebaluazio etengabea eta errekuperazioa.
1. Ikasleek bere dedikazioa, esfortzua eta eskola-errendimendua aitortua izateko eta ebaluatua izateko duten eskubidea bermatzeko, irakasleek adieraziko dute, ikasmaila bakoitzaren hasieran, zein diren irakasgai bakoitzean ebaluatzen diren helburuak, curriculumaren eskumenak, edukiak, ebaluazio irizpideak eta ikaskuntzako estandarrak, dela aurtengo ikasmailan, dela gainditu gabeko irakasgaiei dagozkienetan, baita zein diren kalifikazio irizpideak eta errekuperazio sistemak ere. Horretaz gain, tutoreak argibideak emanen ditu mailaz igotzeko irizpideei buruz.
2. Informazio hori gurasoei edo legezko arduradunei ere adieraziko zaie, ikasturtearen hasierako taldeko bileran edo ikastetxeak erabakitzen dituen bideak erabiliz. Gainera, tutoreek behar den komunikazioa ezarriko dute gurasoekin edo legezko ordezkariekin, segimendu jarraitua bermatzeko ikasle bakoitzarentzat. Informazio hori modu eskuragarri eta ulergarrian aurkeztuko da, eta kasu bakoitzean behar diren irisgarritasun unibertsaleko neurriak bermatuko dira.
3. Etapa osoan ikasleen ikaskuntza prozesuaren jarraipena errazteko, ikasturte osoan, modu jarraituan, irakasleek informazioa jasoko dute behaketa sistematikoaren bidez, lanak baloratuz eta proba berariazkoak eginez.
4. Alde batera utzita ikastetxeek hasierako ebaluazioa egitea aukeratzen duten, hiru ebaluazio partzial ere eginen dira, bat hiruhileko bakoitzeko. Horietako bakoitzak bere ebaluazio saioak izanen ditu, tutoreak koordinatuak, non taldeari irakasten dioten irakasleek hartuko baitute parte.
5. Saio horietan ikasleen ikaskuntza prozesuari erreparatuko zaio, emaitza akademikoak aztertuko dira, taldea bere osoan aztertuko da eta behar diren erabakiak hartuko dira taldeari eta banakoei buruz. Era berean, aurreko ebaluazio bileretan hartutako erabakien balorazioa eginen da.
6. Etengabeko ebaluazioaren ikuspegia galdu gabe, irakasle bakoitzak erabakiko du bere irakasgaiko ikasle bakoitzari zer kalifikazio jarri. Behar denean, ikasleen ikaskuntza prozesuari buruzko oharrak erantsiko dira. Ebaluazio partzialari edo hiru hilean behingo ebaluazioari buruzko informazioa sartuko da ikasketa espedientean, tutorearen ardurapean.
7. Ebaluazio saio bakoitza bukatutakoan, tutoreak idatziz adieraziko die gurasoei eta legezko ordezkariei zein den seme-alaben errendimendua, edo ikasleari berari, adin nagusikoa bada, bai EDUCA bidez bai beste plataforma informatiko batzuen bitartez, familiei igorri beharreko ebaluazio txostenaren bidez. Nolanahi ere informazio hori ulertzeko eta jabetzeko moduan aurkeztuko da, eta unean-unean behar diren irisgarritasun unibertsalaren neurriak bermatuko dira. Ikastetxeak ikasturte bakoitzean beharrezkotzat jotzen badu elkarrizketak edo hartu-eman partikularrak izatea ikasle bakoitzaren gurasoekin edo legezko ordezkariekin, horiekin osatuko da informazioa.
8. Errekuperazioa egiteko tresna independenteak izanen dituzte irakasgai guztiek, azken ebaluazio arruntaz eta bereziaz gain. Horretarako, irakasleek, koordinazio didaktikoaren departamentuko buruak koordinatuta, jaso behar dute beren programazio didaktikoetan, nola errekuperatu behar diren bakoitzean gainditu gabe dauden curriculumeko elementuak. Aurreikusitako helburuak, gaitasunak, edukiak eta ikaskuntzako estandarrak ebaluatzearen ondorioz, ikasleak kalifikazio negatibo bat eskuratzen duenean eginen da errekuperazio prozesua.
9. Aldi baterako ikasle batek hezkuntza-arreta behar badu ospitale batean, edo etxean, edo ohikoaz besteko hezkuntza-arretaren bat behar badu, ikasle horren matrikula duen ikastetxeko irakasle taldeak, egoera berezi horretan kasu egiten dioten irakasleekin koordinaturik, behar diren prozedurak ezarriko ditu ikaslearen ebaluazio prozesua egiteko.
7. artikulua. Ikasturte amaierako ebaluazioa.
1. Ikasmaila bakoitzean, hiru hilabetean behin egiten diren hiru ebaluazio saioz gainera, bukaerako ebaluazioaren bi saio eginen dira, bata arrunta eta bestea berezia. Bukaerako ebaluazioan, ikasmaila osoaren ebaluazio prozesuaren balorazioa sintetizatuko da irakasgai bakoitzean. Amaierako ebaluazio arruntak bat egin dezake hiru hilean behin egin beharrekoarekin.
2. Ebaluazio partzialetan gainditu gabeko alderdiak gainditzeko, bukaerako ebaluazioan, hala arruntean nola berezian, probak edo lanak eginen dira, alderdi horiek gainditzea ekartzen ahal dutenak.
3. Bukaerako ebaluazioaren saioetan, irakasgaiei dagozkien kalifikazioak erregistratuko dira, eta ikasle bakoitzaren ikasketa prozesuan jarraipen egokia bermatuko duten erabakiak hartuko dira.
4. Amaierako ebaluazio arrunteko saioan, kalifikazioak jaso ondoren, akta itxiko da. Ebaluazio arruntean irakasgai batean kalifikazio negatiboa jaso duten ikasleek aurkeztu behar dute irakasgaien amaierako ebaluazio bereziaren proban.
5. Ebaluazio berezian lortutako kalifikazioak jarri ondoren, akta itxiko da. Azken ebaluazio berezian ikaslea aurkezten ez bada, “ez aurkeztua” (EA) adieraziko da irakasgai horretan. Ondorio guztietarako, EA kalifikazioa negatiboa izanen da. Batez besteko notaren kalkuluaren ondorioetarako, ikasleak deialdi arruntean lortutako kalifikazioa hartuko da kontuan deialdi berezian aurkezten ez bada (EA).
6. Gainditu gabeko irakasgaiak dituzten ikasleei, lehenik amaierako ebaluazio arruntean eginen zaie ebaluazioa, eta, behar izanez gero, amaierako ebaluazio berezian. Kalifikazio horiek kasuan kasuko aktan jasoko dira, gainditu gabeen ebaluazio saioan. Ikasmailako bukaerako ebaluazio arruntaren eta bereziaren aurretik itxiko da.
7. Aktak itxi ondoren, kasuan kasuko administrazio eginbidearen bidez eginen da edozein aldaketa.
8. artikulua. Mailaz igotzea.
1. Lehenbiziko ikasmailako amaierako ebaluazio arruntaren saioan, irakasle taldeak erabakiko du lehenbiziko ikasmailako irakasgai guzti-guztiak gainditu dituzten ikasleak bigarren ikasmailara igotzea, ez beste inor.
2. Amaierako ebaluazio berezian erabakiko da hurrengo mailara iragan dadila irakasgai guztiak gainditu dituzten ikasleak, edo, gehienez, bi irakasgaitan ebaluazio negatiboa dutenak.
3. Irakasgai guztiak gainditu gabe bigarren mailara igotzen direnek lehen mailan gainditu ez dituzten irakasgaietan ere matrikulatu beharko dute. Koordinazio didaktikoaren departamentuek antolatuko dituzte gainditu gabeko irakasgaiak errekuperatzeko jarduerak eta ebaluazio prozesua.
4. Bigarren ikasmailara igarotzeko baldintzarik betetzen ez denean, ikasleak beste urte bat emanen du lehenbiziko ikasmailan, eta berriz ere matrikulatuko da ikasmaila horretako irakasgai guztietan.
5. Foru agindu honen 2.8 artikuluan ezarritako Batxilergoa egiteko gehieneko epea gainditu gabe, ikasleek behin bakarrik errepika dezakete ikasmaila. Salbuespenez, bigarren aldiz errepika daiteke ikasmailetako bat, irakasle taldeak aldeko txostena egin ondoan.
9. artikulua. Bigarren ikasmailan beste urte bat ematea.
1. Bigarren ikasmaila bukatutakoan irakasgai batzuetan ebaluazio negatiboa duten ikasleak irakasgai horietan bakarrik matrikulatzen ahalko dira, gainditu dituztenak berriro egin beharra izan gabe.
2. Nolanahi ere, gainditu gabeko irakasgai guztietan matrikulatzeaz gain, aukera izanen du, berriz ere, Batxilegoko 2. mailan gainditutako beste batzuetan ere matrikulatzeko, eta irakasgai horietan aurretik lortutako nota mantenduko da gutxienez ere.
3. Gainditutako irakasgaietan berriz matrikulatuz gero, honako hau hartu beharko da kontuan:
a) Ebaluazio agirietan, kalifikazio berriaren ondotik NI siglak jarriko dira (Nota Igo).
b) Ez da utziko irakasgai horren matrikulari uko egitea salbuespenezko kasuetan izan ezik.
c) Matrikulak deialdi arruntean bakarrik emanen du aukera nota igotzeko. Horretan, nahitaez agertuko da ikasturte horretan lortutako amaierako kalifikazioa.
d) Batxilergoko batezbesteko nota kalkulatzeko, ikasleak lortutako notarik altuena hartuko da kontuan.
10. artikulua. Batxilergoko irakasgaien arteko jarraitutasuna.
1. Bigarren ikasmailako zenbait irakasgai gainditzeko, beharrezkoa izanen da, bien arteko jarraitutasuna baitago, lehenbiziko ikasmailan dagozkien irakasgaiak gainditzea, Hezkuntzako kontseilariaren 47/2015 Foru Aginduaren IV. eranskinean ezarritakoaren arabera. Ikastetxeak diseinatzen dituen irakasgaiak ez dira inola ere eduki progresiboko irakasgaitzat joko, izena bera bada ere.
2. Ezin bada bigarren mailako irakasgaia kalifikatu lehenbiziko mailakoa gainditurik ez izateagatik, amaierako deialdiko aktan GGP siglak agertuko dira (gainditu gabe progresiboa delako) bigarren mailako irakasgaian. Ondorio guztietarako, GGP kalifikazioa negatiboa izanen da.
3. Nolanahi ere, Hezkuntzako kontseilariaren 47/2015 Foru Aginduaren IV. eranskineko irakasgai progresiboen kasuan, ikaslea bigarren mailako irakasgaian matrikula daiteke nahiz eta lehenbiziko mailan dagokion irakasgaia egina ez izan.
Horretarako, behar diren departamentu didaktikoek ezarriko dute zer baldintza bete behar diren bigarren mailako irakasgaian egoki segitzeko.
Baldintza horiek izan daitezke, besteak beste, behar den departamentu didaktikoak maila egiaztatzeko proba bat edo zenbait diseinatzea. Erreferentzia gisa, lehenbiziko mailako irakasgaiaren ikaskuntzako estandarrak izanen dituzte.
Aurreko lerroaldean aipatutako maila egiaztatzeko probetan jasotako kalifikazioa aintzat har daiteke lehenbiziko mailako irakasgaiaren amaierako kalifikaziorako. Lehenbiziko mailako gainditu gabekoen aktan agertu beharko da, deialdi arruntean, eta Batxilergoko batez besteko nota kalkulatzeko kontuan hartuko da.
Ikasleak maila egiaztatzeko proba gainditzen ez badu, lehenbiziko ikasmailako irakasgaia ikasi beharko du ikasturte berrian, eta gainditu gabeko irakasgaitzat joko da, baina ez da kontuan hartuko bigarren ikasmailara igarotzeko izan dituen baldintzak aldatzeko.
11. artikulua. Batxilergo titulua.
1. Batxilergoa edozein modalitatetan egiten duten ikasleek Batxilergo titulua jasoko dute, eta lanerako eta ikasketetarako ondorioak izanen ditu.
2. Batxilergo tituluak ahalmena emanen du Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3.5 artikuluan ezarritako goi mailako hezkuntzako irakaskuntzetako edozeinetara igarotzeko.
12. artikulua. Aniztasunari erantzutea. Hezkuntzan berariazko laguntza behar duten ikasleak.
1. Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleek aukera izan dezaten ikasle guztientzat oro har ezarritako gaitasunak eta helburuak lortzeko, baita beren gaitasun pertsonalak ahalik eta gehien gara ditzaten ere, honako neurri hauek har daitezke:
a) Entzumen, ikusmen edo motrizitate problema larrien ondoriozko edo bestelako desgaitasunen ondoriozko hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzat:
–Sartzeko curriculum egokitzapenak (SCE).
–Batxilergoa osatzen duten bi ikasmailak egitea curriculumeko irakasgaiak multzoetan zatituta. Behar bezala frogatutako osasun problema larriak dituzten ikasleei ere aplikatzen ahal zaie neurri hau.
b) Adimen gaitasun handiak dituztenentzat:
–Curriculuma aberasteko programak, gaitasun horiek ahalik eta gehien garatzeko.
2. Halaber, deitzen diren proba berariazkoak egitean, tresnak egokituko dira, baita, behar denean, denborak eta laguntzak ere, ikasle horien ebaluazioa ongi eginen dela bermatzeko.
13. artikulua. Ebaluazioaren dokumentuak.
1. Ebaluazio prozesuari dagokion informazioa ebaluazioaren dokumentuetan jasoko da.
2. Ebaluaziorako agiriak honako hauek dira:
–Ikasketa espedientea.
–Ebaluazioaren gaineko txostena, familientzat.
–Amaierako ebaluazio arruntaren akta.
–Amaierako ebaluazio bereziaren akta.
–Gainditu gabekoen ebaluazio arruntaren akta.
–Gainditu gabekoen ebaluazio bereziaren akta.
–Lekualdatzearen gaineko txosten pertsonala.
–Batxilergoko historial akademikoa.
3. Historial akademikoa Batxilergoaren bukaeran emanen zaie ikasleei, eta, edonola ere, araubide arrunteko irakaskuntzako eskolatzea bukatzen denean. Inprimaki ofizialean izanen da, zuzendariaren oniritzia agertuko du eta egindako ikasketak frogatzeko balioa izanen du. Historial akademikoa eman den eguna espediente akademikoan agertuko da.
4. Gainera, interesdunak eskaturik, egindako ikasketen ziurtagiria egin dezakete ikastetxeek, non zehaztuko baitira egindako irakasgaiak eta lortutako kalifikazioak. Idazkariak sinatuko du ziurtagiria, eta zuzendaritzak ikus-onetsiko du.
5. Ebaluazio-agiri horien edukia foru agindu honen I. eranskinean ezartzen da.
14. artikulua. Ebaluazioaren dokumentuak bete eta zaintzea.
1. Ikasleak matrikula egin ondoren, ikastetxeko idazkaritzak ikasketa espedientea irekiko du.
2. Hartutako erabakiak eta ikasmaila bakoitzeko ebaluazioen emaitzak espediente akademikoan erregistratuko dira, eta tutorearen ardura izanen da hori. Zuzendaria edo horrek eskuordetzen duena arduratuko da gainditu gabeko irakasgaien kalifikazioak erregistratzeaz.
3. Ikasmailako amaierako ebaluazioa, ebaluazio arrunta edo berezia bukatutakoan eginen dira dagozkien akta.
4. Tutoreak eta ebaluazio batzordeko gainerako irakasleek aktak sinatuko dituzte eta ikastetxeko zuzendariak ikus-onetsiko ditu. Sinadura autografoen ondoan sinatzailearen izen-deiturak eta kargua edo irakaskuntza-eginkizuna eta data agertuko dira. Ikastetxe pribatuek eta pribatu itunduek akten ale bat igorriko diete atxikirik dauden Bigarren Hezkuntzako Institutura.
5. Ebaluazio-agiri ofizialetan, Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoko ikasketen curriculuma ezartzen duen foru dekretuaren aipamena egin beharko da beti.
6. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ezarritako epearen barnean, eta ezartzen duen edukiarekin eta prozedurarekin, ikasleen amaierako ebaluazioko emaitzen laburpen agiria bidaliko du ikastetxeak.
7. Ebaluazio-agirietako datuak artxibatu eta gordetzeko ardura ikastetxeko idazkariari dagokio. Hezkuntza Departamentuak behar diren neurriak ezarriko ditu agiri horiek zaintzeko edo lekualdatzeko, ikastetxea desagertuz gero.
15. artikulua. Ikasleak ikastetxez aldatzea.
1. Historial akademikoa, eta, behar denean, lekualdatzearen gaineko txosten pertsonala izanen dira oinarrizko agiriak ikasleen mugikortasuna bermatzeko, baita ikastetxe berrian ikaskuntza prozesuaren jarraipena izanen dela bermatzeko ere.
2. Baldin ikasle bat beste ikastetxe batera aldatzen bada behin ikasturtea bukaturik, jatorriko ikastetxeak helburuko ikastetxeari igorriko dio, hark eskaturik, Batxilergoko historial akademikoa.
3. Ikasturtea bukatu gabe gertatzen bada lekualdatzea, jatorriko ikastetxeak helburukoari igorriko dio, hark eskatuta, Batxilergoko historial akademikoa, baita ikaslearen lekualdatzearen gaineko txosten pertsonala ere. Tutoreak sinatuko du lekualdatzearen gaineko txosten pertsonala, zuzendariaren ikus-onespenarekin.
4. Amaierako ebaluazio arruntaren eta amaierako ebaluazio bereziaren artean, ez da zilegi ikastetxez aldatzea.
5. Ez da beharrezkoa izanen artikulu honetan aipatutako agiriak bidaltzea, baldin eta jatorrizko eta destinoko ikastetxeek ikasketei buruzko informazioa kudeatzen badute datuak konpartitzeko modua ematen dieten aplikazio informatiko baten bidez.
6. Agiriek Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo izan behar dutenean eragina, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 36.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiko zaio.
16. artikulua. Ohorezko matrikula.
1. Bigarren mailako ikasleei “Ohorezko matrikula” ematen ahal die irakasle taldeak: 20 ikasleko edo 15etik gorako zatiki bakoitzeko, ohorezko matrikula bat. Horretarako, beharrezkoa da ikasleak 9 edo hortik gorako nota lortzea bigarren mailako batez besteko nota gisa, eta bigarren maila ikasturte bakarrean egitea.
2. “Ohorezko matrikula” ikasleen ebaluazio agirietan jasoko da, eta Hezkuntza Departamentuak erabakitako onurak ekarriko ditu.
17. artikulua. Matrikula deuseztatzea.
1. Batxilergoko ikasleek ikasketa espedientea daukan ikastetxeko zuzendariari matrikula baliogabetzeko eska diezaiokete, baldin eta agiri bidez eta era frogagarrian frogatzen badute ondoko inguruabarretako bat:
–Eritasun fisiko nahiz psikiko luzea izatea.
–Lanpostu batean hasi izana.
–Familia beharrak izatea.
–Aparteko beste inguruabar batzuk.
2. Apirilaren 15aren aurretik egin behar dira eskaerak, eta ikastetxeko zuzendariak ebatziko ditu, behar izanez gero irakasle taldeari entzunda. Zuzendariak gehienez 15 eguneko epean baimenduko du matrikula deuseztatzea, baldin frogatzen bada aurretik azaldutako arrazoi bat gertatzen dela, eta ikasketetan normal aritzea eragozten badu.
3. Matrikula deuseztatzeko baimena ematen den kasu guztietan, ikaslearen ebaluazio agirietan jasoko da, eta kontuan hartuko da deuseztatze horrek baimendu den ikasturte horretan bakarrik izanen duela eragina. Kasu honetan, ikasturtea ez da kontuan hartuko iraupenaren mugen ondorioetarako. Matrikula deuseztapenaren onuradun diren Batxilergoko ikasleek berriz matrikulatu behar dute hurrengo ikasturtean, eta ikasle ofizialaren eskubide guztiak galduko dituzte hala egiten ez badute.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenbiziko xedapen gehigarria.–Batxilergoko amaierako ebaluazioa.
1. Graduko irakaskuntza unibertsitario ofizialak egin nahi dituzten ikasleentzat bakarrik eginen da Batxilergoaren amaierako ebaluazioa.
2. Hezkuntza Departamentuak behar den arau garapena eginen du ebaluazio horren alderdiak arautzeko.
Bigarren xedapen gehigarria.–Ebaluazio prozesua gainbegiratzea.
1. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari dagokio ebaluazio prozesua gainbegiratzea, ikastetxeei aholku ematea eta hura hobetzeko behar diren neurriak proposatzea.
2. Bestetik, aipatu zerbitzuak ebaluazio-agiriak behar bezala bete eta gorde diren ikuskatuko du.
Hirugarren xedapen gehigarria.–Erlijio irakaskuntzak.
1. Erlijio irakaskuntzaren ebaluazioa etapako gainerako irakaskuntzetakoak egiten diren bezalaxe eginen da eta haiek dituzten ondorio berberak izanen ditu. Estatuak zer erlijiorekin egin dituen lankidetza hitzarmenak, haien irakaskuntzen ebaluazioak hitzarmenetan ezarritakoari jarraituko dio.
2. Aipatu irakasgaiaren ebaluazioan lortzen den kalifikazioa aintzat hartuko da batez besteko notaren kalkuluan eta espediente akademikoen arteko lehia dagoen deialdietan.
Laugarren Xedapen Gehigarria.–Ikasketen parte bat atzerrian egitea.
1. Behin matrikulatuta, ikasle batek ikasturte bat baino denbora gutxiagoan Batxilergoaren baliokide diren irakaskuntzak atzerrian egin behar baditu, ikastetxeari eman beharko dio horren berri, eta esan zer herrialde eta herritan dagoen ikastetxea eta zein izen duen. Datu hauek ebaluazio-agiri ofizialetan erregistratuko dira behin-behinekoz.
2. Handik bueltan, ikasleak dokumentazioa aurkeztu behar du, egiaztatzeko ikastetxeak behin-behinekoz erregistratutako informazioa, eta behin betiko informazio bihurtzeko.
3. Atzerrian egiten den egonaldia lehenbiziko eta/edo bigarren ebaluazioan baizik egiten ez bada, irakasgaien hiruhileko horietako kalifikazioak erregistratzean IPA sigla jarriko da (ikasketen parte bat atzerrian). Hirugarren ebaluazioaren eta amaierako ebaluazioaren erregistroa eginen da kontuan harturik zer ezarri den egoki diren programazio didaktikoetan, eta foru agindu honen 3. artikuluko kalifikazio eskala erabiliko da.
4. Atzerriko egonaldia hirugarren ebaluazioan egiten bada, ebaluazio horretako irakasgaien kalifikazioak erregistratzean IPA sigla jarriko da. Bukaerako ebaluazioaren erregistroa egiteko, foru agindu honen 3. artikuluko kalifikazio eskala erabiliko da, kontuan hartuta kasuan kasuko programazio didaktikoetan ezarritakoa.
5. Atzerrian ikasturte osoa eginez gero, ikasleak Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren ordezkaritzan aurkeztu behar du egindako ikasketak aitortzeko behar diren agiriak.
Bosgarren xedapen gehigarria.–Ikasleen datu pertsonalak.
Ikaslearen datu pertsonalak lortzeari, datu horiek ikastetxe batetik bestera lagatzeari eta datuen segurtasun eta konfidentzialtasunari dagokienez, datu pertsonalak babestearen arloan indarra duten arauetan ezarritakoari jarraikiz jokatuko da, eta betiere Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.
Seigarren xedapen gehigarria.–Ebaluazio-agiriak baliabide elektronikoen bitartez betetzeko prozesua.
Ikastetxe publiko eta pribatu itunduek baliabide elektronikoen bidez beteko dituzte foru agindu honetan aipatzen diren ebaluazio agiri ofizialak, dela “Educa” aplikazio informatikoaren bidez, dela datu guztiak formatu bateragarri batean jasotzeko bidea ematen duen beste aplikazio baten bidez, Hezkuntza Departamentuak horretarako ezartzen dituen egunetan.
Zazpigarren xedapen gehigarria.–Berezitasunak.
Foru agindu honetan ebaluazioari, mailaz igotzeari eta ikasleen titulazioari dagokienez jaso ez den edozein berezitasun, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak eta Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak ebatziko dute batera.
Zortzigarren xedapen gehigarria.–Helduen hezkuntza.
Foru agindu honetan araututakoa aplikatzekoa izanen da Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 7ko 72/2015 Foru Aginduan araututako helduen Batxilergoko lehen maila ikasten dutenentzat, deusetan galarazi gabe haien egoera berezira egokitu behar izatea, baita xedapen gehigarri honen honako puntu hauetan ezarritakora ere:
a) Gurasoei edo legezko ordezkariei egiten zaizkien argibide guztiak ikasleari berari egin zaizkiola ulertuko da.
b) Batxilergoa helduentzako araubide presentzialean edo urrutiko araubidean egiten duten ikasleek ez dituzte berriz egin beharko araubide horietako edozeinetan gainditutako irakasgaiak.
c) Ikasleak bi ikasmailetako irakasgaietan matrikula daitezkeenez, lehen mailako amaierako ebaluazioko aktetan ez da agertuko ikasleak bigarren mailara igarotzeari buruzko erabakirik.
d) Helduen Batxilergoan matrikulatutako ikasleek ez dute izanen ikasketa horietan irauteko mugarik, alegia, gehienez ere lau urtez egoteko muga.
Bederatzigarren xedapen gehigarria.–Erantzukizuna salbuestea.
Foru agindu honen 9. artikuluan aipatzen diren ikasleek edo, adingabeak badira, haien guraso edo legezko ordezkariek, matrikula egitean agiri bat sinatu beharko dute, ikastetxea gerta litezkeen erantzukizun guztietatik salbuesteko, ikasleek eskoletara joan beharrik ez duten tarteetan ikastetxetik ateratzea erabakiz gero.
Hamargarren xedapen gehigarria.–Errekuperaziorako neurriak DBHn.
Seigarren artikuluko 8. atalean xedatutakoa. Hezkuntzako kontseilariaren urtarrilaren 20ko 4/2017 Foru Aginduko ebaluazio etengabea eta errekuperazioa 2017-2018 ikasturtetik aurrera izanen da aplikatzekoa. Foru agindu horrek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan diharduten ikasleak ebaluatu, mailaz igo eta haiei tituluak emateko era arautzen du.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Lehenbiziko xedapen iragankorra.–Batxilergo titulua lortzea.
1. Hezkuntzarako Estatu Itun sozial eta politikotik ateratzen den araudiak indarra hartu arte, 2. ikasmailako ikasleek Batxilergo titulua lortuko dute baldin ikasmaila horretako bukaerako deialdian, arruntean edo berezian, kalifikazio positiboa lortu badu etapako irakasgai guztietan.
2. Batxilergoko batez besteko nota izanen da etapan egindako irakasgaien batezbesteko aritmetikoa, ehundarren hurbilenera biribilduta, eta, zenbakia bi ehundarren erdian badago, gora.
Bigarren xedapen iragankorra.–Batxilergoko errekuperazio neurriak.
Foru agindu honen 6. artikuluko 8. atalean xedatutakoa ez da aplikatzekoa izanen 2016-2017 ikasturtean.
XEDAPEN INDARGABETZAILEAK
Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indargabetutako arauak.
1. Indarrik gabe utzi da Hezkuntzako kontseilariak emandako abenduaren 4ko 191/2008 Foru Agindua. Foru agindu horrek Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta pribatuetan Batxilergoko ikasketak egiten ari diren ikasleak ebaluatu, hurrengo mailara igaro eta haiei tituluak emateko arauak ezartzen ditu.
2. Indarrik gabe utzi dira, orobat, foru agindu honetan ezarritakoaren aurka jotzen duten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.
AZKEN XEDAPENAK
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
2017ko apirilaren 19an.–Hezkuntzako kontseilaria, María Solana Arana.
I. ERANSKINA
1. Ikaslearen ikasketa espedientean ikaslearen identifikazio datuak eta ebaluazio prozesuari buruzko informazioa jasoko dira, hala nola espedientea luzatzen duen ikastetxearen datuak.
Hauek dira, gutxienez, ikaslearen identifikazio datuak: espediente zenbakia, deiturak, izena, NANa edo agiri baliokidea, helbidea, posta kodea, herria, probintzia, ikaslearen jaioteguna, eta non jaio den (herria, probintzia, estatua), zer ikastetxetan izan den bere eskolaldian, eta datu mediko eta psikopedagogiko nabarmenenak. Horrez gainera, agertuko dira gurasoen edo legezko ordezkariaren izen-deiturak eta haien identifikazio agiriak eta telefonoak.
Hauek dira ebaluazio prozesuari buruzko informazio datuak, gutxienez ere: etapa, etapako ikasmaila, hizkuntza eredua, ikasketa horiek erregulatzen dituen araua, irakasgaien, proiektuen edo esparruen zerrenda, atzerriko zein hizkuntzatan ikasten den, bidezkoa bada, horren ikasturtea, ikastetxearen izena, hasierako ebaluazioari buruzko erabakiak, ebaluazio partzialen kalifikazioa, deialdi arrunteko kalifikazioa, deialdi bereziko kalifikazioa, hurrengo mailara igarotzeari eta titulua emateari buruzko erabakia eta horren data, aniztasunerako arreta neurriei buruzko informazioa eta Batxilergoko historial akademikoa ikasleari emateko data.
Agiria ematen duen ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, titularra, erregistroko zenbakia, helbidea, posta kodea eta herria.
2. Familientzako ebaluazio txostenean, jasoko dira ikastetxearen eta ikaslearen identifikazio datuak eta ebaluazio prozesuari buruzko informazioa.
Ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, titulartasuna, helbidea, posta kodea eta herria.
Ikaslearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, deiturak, NANa edo agiri baliokidea, egiten duen etapa, hizkuntza-eredua, maila eta taldea.
Honako hauek dira, gutxienez, ebaluazio prozesuari buruzko informazio datuak: gaur eguneko ebaluazioa, irakasgaien zerrenda, haien kalifikazioa, aniztasunerako arretarako hartutako hezkuntza neurriak halakorik baldin badago, eta aurreko ebaluazioetako kalifikazioa. Horrez gainera, jasoko dira ikasketa prozesuari buruzko oharrak, eskolako hutsegiteen eta diziplina hutsegiteen laburpena eta, amaierako ebaluazioaren kasuan, titulua emateari edo mailaz igotzeari buruzko erabakia.
3. Amaierako ebaluazio arruntaren aktan ikastetxearen identifikazio datuak eta taldearen identifikazio datuak jasoko dira.
Ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, titulartasuna, helbidea, posta kodea eta herria.
Hauek dira, gutxienez, taldearen identifikazio-datuak: ikasturtea, etapa, maila, taldea, hizkuntza eredua, taldeko ikasleen izenen zerrenda eta irakasgai bakoitzaren amaierako ebaluazio arruntaren emaitzak eta mailaz igotzeari edo titulua emateari buruzko erabakia eta Batxilergoan lortutako batezbestekoa.
4. Amaierako ebaluazio bereziaren aktan ikastetxearen identifikazio datuak eta taldearen identifikazio datuak jasoko dira.
Ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, titulartasuna, helbidea, posta kodea eta herria.
Hauek dira, gutxienez, taldearen identifikazio-datuak: ikasturtea, etapa, maila, taldea, hizkuntza eredua, taldeko ikasleen izenen zerrenda eta irakasgai bakoitzaren amaierako ebaluazio bereziaren emaitzak eta mailaz igotzeari edo titulua emateari buruzko erabakia eta Batxilergoan lortutako batezbestekoa.
5. Gainditu gabeko irakasgaien ebaluazio arruntaren aktan jasoko dira ikastetxearen identifikazio datuak eta gainditu gabeko irakasgaiak dituzten ikasleen taldearen identifikazio datuak.
Ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, titulartasuna, helbidea, posta kodea eta herria.
Gainditu gabeko irakasgaiak dituzten ikasleen taldearen identifikazio datuak hauek dira, gutxienez: ikasturte akademikoa, etapa, hizkuntza eredua, ikasmaila, taldeko ikasleen zerrenda izenduna eta, horietako bakoitzeko, aurreko ikasturteetan gainditu gabeko irakasgaien zerrenda, horien kalifikazioarekin batera.
6. Gainditu gabeko irakasgaien ebaluazio bereziaren aktan jasoko dira ikastetxearen identifikazio datuak eta gainditu gabeko irakasgaiak dituzten ikasleen taldearen identifikazio datuak.
Ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, titulartasuna, helbidea, posta kodea eta herria.
Gainditu gabeko irakasgaiak dituzten ikasleen taldearen identifikazio datuak hauek dira, gutxienez: ikasturte akademikoa, etapa, hizkuntza eredua, ikasmaila, taldeko ikasleen zerrenda izenduna eta, horietako bakoitzeko, aurreko ikasturteetan gainditu gabeko irakasgaien zerrenda, horien kalifikazioarekin batera.
7. Batxilergoko historial akademikoan ikaslearen identifikazio datuak, etapa horretako eskolatzearen inguruko informazioa eta agiria luzatzen duen ikastetxearen identifikazio datuak jasoko dira.
Hauek dira, gutxienez, ikaslearen identifikazio-datuak: deiturak, izena, NANa edo agiri baliokide bat, jaioteguna, jaioterria, jaio zen probintzia, jaio zen herrialdea, gurasoen edo tutoreen izenak, eta, etapa honetan matrikulatuta egon den ikastetxe bakoitzari dagokionez, ikastetxearen izena, ikastetxearen erregistro zenbakia, ikastetxearen herria eta ikastetxean izan duen alta-eguna eta baja-eguna.
Eskolatzeari buruzko informazio datuak hauek dira gutxienez: ikasturteak, eta haietako bakoitzari dagokionez, hizkuntza eredua, curriculuma finkatzen duen araua, etapako ikasmaila, irakasgaien zerrenda, atzerriko zein hizkuntzatan ikasten den, bidezkoa bada, deialdi bakoitzean lortutako kalifikazioa, deialdi bakoitzean gainditu gabe dauden irakasgaiak eta dagokien kalifikazioa, hurrengo mailara igarotzeari buruzko erabakia, eta erabaki horiek zein egunetan hartu diren. Halaber, historial akademikoan, kasua bada, agertuko da irakasgaietan lortutako kalifikazioen batez besteko nota.
Hauek hartzen dira agiria luzatzen duen ikastetxearen identifikazio datutzat: izena, titularra, erregistroko zenbakia, helbidea, posta kodea, herria eta idazkariaren sinadura, zuzendariaren ikus-onetsia.
8. Lekualdatzearen gaineko txosten pertsonalean, ikaslea identifikatzeko datuak, jatorrizko ikastetxea identifikatzeko datuak eta ebaluazio prozesu partzialari buruzko informazioa jaso behar dira.
Jatorrizko ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, titulartasuna, erregistroko zenbakia, helbidea, posta kodea eta herria.
Ikaslearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, deiturak eta NANa edo agiri baliokide bat.
Hauek dira, gutxienez, ebaluazio prozesu partzialari buruzko informazio-datuak: etapa, hizkuntza eredua, curriculuma zer arautan ezartzen den eta kurtsoa, baita hauek ere: irakasgaien zerrenda, kalifikazio partzialak, aniztasunerako arreta-neurriak, halakorik badago, eta ikaslearen aurrerapen orokorrari buruzko nahi adina ohar.
Iragarkiaren kodea: F1704843
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
