1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
101E/2017 EBAZPENA, martxoaren 16koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Aurizko Udalak eskatuta, Aurizko herri-lurretan enduro BTT probak egiteko hasitako espedientea iraungia dela deklaratzen duena.
2016ko maiatzaren 13an Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan sartu zen aurreko lerroaldean aipatutako espedientea.
Eskaera egiteko aurkeztutako dokumentazio teknikoa ikusita, Aurizko Udalari eskatu zitzaion, 2016ko ekainaren 16ko idazkiaren bidez, beharrezko dokumentazio osagarria bidal zezala, eskaera behar bezala tramitatzeko. Errekerimendu horretan, propio ohartarazi zen dokumentazio hori igorriko ez balu espedientea hiru hilabetetik gora geldirik egoteak eskaeraren iraungipena ekarriko lukeela eta jarduketak artxibatuko liratekeela eta, ondorioz, ezin izanen liratekeela proiektatutako obra eta instalazioak egin; eta hori, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 95. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Emandako epea aise joana denez egindako errekerimenduari erantzun gabe, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren indarrez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1 Aurizko Udalak eskatuta, Aurizko herri-lurretan enduro BTT probak egiteko hasitako espedientea iraungia dela deklaratzea eta horretan egindako jarduketak artxibatzea.
Adieraztea ezen, etorkizunean jarduera hori gauzatu nahi balu, espediente berri bati hasiera eman beharko litzaiokeela, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan ezarritako moduan. Foru dekretu horren bidez Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatu zen.
2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau interesdunari, Aurizko Udalari, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari eta Aezkoa-Kintoa eremuko Basozaintzari igortzea, jakinaren gainean egon daitezen eta behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2017ko martxoaren 16an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.
Iragarkiaren kodea: F1703447