1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
301/2017 EBAZPENA, apirilaren 12koa, Herri Lanetako zuzendari nagusiak emana, Garraioko zuzendari nagusiak urriaren 17an emandako 204/2008 Ebazpena aldatzen duena. Horren bidez txartelaren prezioa jaitsi zen errepidez egiten diren hiriarteko bidaiari-garraioaren zerbitzu erregularretan, Garraiorako Gazte Txartelaren titularrentzat.
Garraioko zuzendari nagusiak urriaren 17an emandako 204/2008 Ebazpenaren bidez txartelaren prezioa %30 jaitsi zen Nafarroako Foru Komunitatean errepidez egiten diren hiriarteko bidaiari-garraioaren zerbitzu erregularretan, Garraiorako Gazte Txartelaren titularrak diren 16 urtetik 25 urtera bitarteko gazteentzat.
Garraioko zuzendari nagusiaren ekainaren 15eko 202/2009 Ebazpenaren bidez, aipatu Ebazpena aldatu zen, honela: Garraiorako Gazte Txartelaren titular izateko gutxieneko adina 16 urtetik 14ra jaitsi zen eta txartel horren titularrei egiten zaien beherapena beste tarifa-beherapen batzuekin bateragarri egin zen.
Garraioko zuzendari nagusiak abenduaren 16an emandako 412/2011 Ebazpenaren bidez, Garraiorako Gazte Txartelaren titularrei txartelaren prezioan aplikatzen zaien beherapenaren portzentajea aldatu zen, %20ra jaitsiz.
Garraio Zerbitzuak proposatu du Garraiorako Gazte Txartelaren titular izateko gehieneko adina handitzea 25 urtetik 30 urtera, Garraiorako Gazte Txartelaren adin tarteak (14-25 urte) eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak ematen duen txartelarenak (14-30 urte) berdintzeko.
Aldi berean, bai tarifak kalkulatzeko garraio enpresen kudeaketa bai Garraio Zerbitzuaren kontrola errazteko, proposatzen du tarifak gutxitzeko aplikazioa ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean errepidez egiten diren hiriarteko bidaiari-garraioaren zerbitzu erregularretako bidaietako ibilbide guztian, Nafarroan zein kanpoan izan.
Horrenbestez, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2017 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriko 1. atalaren bidez emandako ahalmenak erabiliz, eta Garraio Zerbitzuak egindako proposamenari jarraituz,
EBATZI DUT:
Garraioko zuzendari nagusiak urriaren 17an emandako 204/2008 Ebazpenaren 1. atala aldatzea. Ebazpen horren bidez txartelaren prezioa jaitsi zen errepidez egiten diren hiriarteko bidaiari-garraioaren zerbitzu erregularretan, Garraiorako Gazte Txartelaren titularrentzat. Honela idatzia gelditu da:
“1. Txartelaren prezioa %20 jaistea Nafarroako Foru Komunitatean errepidez egiten diren hiriarteko bidaiari-garraioaren zerbitzu erregularretan, Garraiorako Gazte Txartelaren titularrak diren 14 urtetik 30 urtera bitarteko gazteentzat.
Beherapen hau ez da aplikatuko, ezpada Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren titulartasunekoak izanik, errepidez egiten diren hiriarteko bidaiari-garraioaren zerbitzu erregularretan.
Ebazpen honetan ezarritako beherapena beste tarifa-beherapen batzuekin bateragarria da. Kasu honetan, Garraiorako Gazte Txartelaren titularrak izateagatik beherapena aplikatuz gero, dagokion beherapena aplikatu ondoren ateratzen den txartelaren prezioari aplikatuko zaio.”
2. Garraioko zuzendari nagusiak urriaren 17an emandako aipatu 204/2008 Ebazpenaren I. eranskinaren 1. idatz-zatia aldatzea. Honela gelditu da:
“1. Garraiorako Gazte Txartelaren titularrak.
“Txartel horren titularrak izan daitezke 14 urtetik 30 urtera bitarteko erabiltzaileak, Nafarroan erroldatuak badaude”.
3. Aldaketa hauek 2017ko maiatzaren 1etik aurrera aplikatuko dira.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du bide administratiboa amaitzen, eta haren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Iruñean, 2017ko apirilaren 12an.–Herri Lanetako zuzendari nagusia, Ignacio Nagore Laín.
Iragarkiaren kodea: F1704808