Iragarkia
82. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 28a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
1378E/2017 EBAZPENA, apirilaren 7koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, Osasun Departamentuak 2017. urtean sustatuko dituen ikerketa proiektuetarako deialdiaren oinarriak ezartzen dituena.
Osasun Departamentuak beharrezkotzat jotzen du Nafarroan osasun zientzien arloko ikerketa sustatzea, zenbait legek ezarritakoarekin bat (Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legea, Osasun Sistema Nazionalaren Kohesioari eta Kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legea eta Ikerketa Biomedikoari buruzko uztailaren 3ko 14/2007 Legea), eta, orobat, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen hamargarren tituluan, “Osasunaren irakaskuntza eta ikerketa” izenekoan, aurreikusitakoa betetzeko. Era berean, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan Ikerketa Sustatzeko Programaren helburua da ikerkuntza eraginkortasunez txertatzea osasun zerbitzuen agendan eta lan kolektiboan. Programa hori abuztuaren 22ko 87/2014 Foru Aginduaren bidez onetsi zen.
Bestalde, Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren S3 Estrategian ezarritako lehentasunezko arloen artean osasuna ageri da, osasun arloko ekosistema berritzailearen zientzia sustatzea helburu, ezagutza zientifikoa sortzea, aintzat hartzea eta aplikatzea bultzatuz.
Europar Batasunaren Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) ezarritako inbertsio-lehentasunek ere gizartearen helburu handietara bideraturiko ezagutza zientifikoa sustatu eta sortu beharra aurreikusten dute. Helburu horietako bat, osasuna, aldaketa demografikoa eta ongizatea da, Zientzia eta Teknologia eta Berrikuntza arloetarako Espainiako 2013-2020 Estrategian ezarritakoari jarraikiz. Horrekin bat, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilearen helburu espezifikoen artean Nafarroako ikerlariei laguntzea agertzen da, osasunaren sektorean I+G+b proiektuak garatzeko.
Horiek horrela, ebazpen honen helburua da 2017. urtean ikerketa proiektuak sustatzea osasunean zein Nafarroako Osasun Sisteman eraginik eta oihartzunik handiena duten arloetan, zentro eta jakintza-arlo ezberdinetako profesionalen arteko lankidetza sustatzeko. Diziplina biomedikoen arloko proiektuak urte anitzekoak izaten ahalko dira.
Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 132/2015 Foru Dekretuaren bidez, Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuaren esku utzi zen Osasun Departamentuaren finantzaketaren bitartez egiten den ikerketa biomedikoaren deialdiaren kudeaketa.
Aipatutako proiektuei dagokien gastua urte anitzekoa denez, eta Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 40. artikuluan xedaturikoa betetzeko, Nafarroako Gobernuak, 2017ko martxoaren 22an egindako bilkuran, urte anitzeko finantzaketa baimendu zuen haientzat.
Ikusirik Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendariak egindako txostena eta Ogasuneko Kontu-hartzailetzak emandako adostasuna.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Osasun Departamentuak 2017. urtean sustatuko dituen ikerketa proiektuetarako deialdiaren oinarriak onestea, ebazpen honen I., II. eta III. eranskinetan xedatutakoarekin bat.
2. Deialdi hau finantzatzeko, guztira, 950.000,00 euroko gastua baimentzea, honela banatuta:
A modalitatea: 700.000,00 euro Nafarroako sare publikoko osasun zentroei, Nafarroan kokaturiko unibertsitateei edo irabazi-asmorik gabeko Nafarroako beste erakunde publiko edo pribatu batzuei atxikitako ikertzaileek edo ikertzaile nagusiek gidatutako ikerketa proiektuetarako.
B modalitatea: 250.000,00 euro Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarentzat interes bereziko arlotzat hartutako ikerketa proiektuetarako, betiere Osasunbidearen menpeko zentroetako ikerlariek gidatuak badira.
2.1. A modalitaterako.
–300.000 euro 2017ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Osasun zientzietako ikerketa proiektuak” izeneko 512002 51350 6095 465102 kontu-sailaren kargura egotziko dira. E-16/000129-01 PEP elementua, “EGEF 2014-2020, Osasun arloko ikerk. eta esper.”.
–245.000 euro, 2018. urteko aurrekontu ekitaldiari dagokion kontu-sailaren kargura.
–155.000 euro, 2019. urteko aurrekontu ekitaldiari dagokion kontu-sailaren kargura.
2.2. B modalitaterako.
–90.000 euro 2017ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan ikerketa sustatzeko proiektua” izeneko 512002 51350 6095 465100 (E) kontu-sailaren kargura egotziko dira. E-16/000129-01 PEP elementua, “EGEF 2014-2020, Osasun arloko ikerk. eta esper.”.
–100.000 euro, 2018. urteko aurrekontu ekitaldiari dagokion kontu-sailaren kargura.
–60.000 euro, 2019. urteko aurrekontu ekitaldiari dagokion kontu-sailaren kargura.
Hiru aurrekontu-ekitaldi horietan, urte bakoitzeko gastuen aurrekontuan kreditua nahikoa eta egokia izatearen menpe egonen da aurreikusitako zuzkidura hori aplikatzea.
Halaber, 2017ko, 2018ko edo 2019ko ekitaldietan kontu-sail horietako edozeinetan diru erabilgarri gehiago izanez gero, deialdi honetan hasieran aurreikusitakoari gehitzen ahalko zaio.
3. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta navarra.eus atariaren tramiteen katalogoan argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.
4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2017ko apirilaren 7an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Luis Gabilondo Pujol.
ERANSKINA
Oinarri arautzaileak
1. Xedea.
Deialdi honen xedea da osasun zientzien arloko ikerketa proiektuak sustatzea. Sustatuko diren ikerketa proiektuetan ikerketa klinikoaren, osasun publikoaren edo osasun zerbitzuen inguruko arloak landu beharko dira. Osasuna hobetzera edo ikerketa biomedikoko prozesuak eta teknologiak hobetzera ere bideratzen ahalko dira.
Bi modalitate ezarri dira:
A modalitatea, Nafarroako sare publikoko osasun zentroei, Nafarroan kokaturiko unibertsitateei edo irabazi-asmorik gabeko Nafarroako beste erakunde publiko edo pribatuei atxikitako ikertzaileek edo ikertzaile nagusiek gidatutako ikerketa proiektuetarako.
B modalitatea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarentzat interes bereziko arlotzat hartutako ikerketa proiektuetarako, betiere Osasunbidearen menpeko zentroetako ikerlariek gidatuak badira.
A modalitatearen barruan, proiektuaren kalitateagatik hala merezi badu, ikerketa klinikoari buruzko proiektu hoberenak “Ortiz de Landázuri beka” izendapena jasoko du, eta osasun publikoari eta osasun zerbitzuei buruzko proiektu hoberenak “Mikel Larumbe Zazu beka” izendapena.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren menpeko zentroetako ikertzaileek gidatutako proiektuen kasuan, proiektu bera bi modalitateetan aurkezten ahalko da.
2. Prozedura antolatu, tramitatu eta ebazteko ahalmena duten organoak.
Arau hauetan ezarritakoaren ondorioetarako, Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari esleitzen zaizkio prozedura antolatzeko eta tramitatzeko eginkizunak. Instrukzio organoak Batzorde Teknikoaren irizpenari jarraikiz eginen du ebazpen proposamena, bederatzigarren oinarriarekin bat. Oinarri arautzaileotan “instrukzio organoa” aipatzen delarik, Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalaz ari da.
Prozedura ebazteko eskumena Osasuneko zuzendari nagusiari dagokio.
3. Proiektuen betebeharrak.
Finantzaketaz baliatu ahal izateko, proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Biomedikuntzaren arloan edo osasunaren zientzien edo teknologien arloan I+G+B jarduerak egin edo kudeatzen dituen irabazi-asmorik gabeko entitate batek aurkeztea, jarduera horien kudeaketaz arduratuko dena (hemendik aurrera entitate kudeatzailea).
b) Ikertzaile bakarra egotea, edo ikertzaile nagusi bakarra, proiektuaren exekuzio zientifiko-teknikoaz arduratuko dena.
c) Proiektuan parte hartzen duten zentroetako bat gutxienez Nafarroan kokatutako osasun zentro bat izatea. Horren ondorioetarako, Osasun Departamentuak deialdiaren egunean baimendurik dituen zentroak hartuko dira osasun zentrotzat.
d) Zigor edo administrazio arloko zehapen baten ondorioz diru-laguntza edo laguntza publikoak lortu ezin dituzten entitate kudeatzaileek ezin izanen dute deialdi honen xedeko laguntzarik jaso, zehapenean ezartzen den epea bukatu arte, ez eta horretarako desgaitzen dituen legezko debekuren bat dutenek ere.
e) Ikerketa proiektuen iraupena urtebetetik hiru urte bitartekoa izanen da.
Aurkeztutako agirietan ikusten bada aipatutako baldintzaren bat ez dela betetzen, proiektua baztertuko da, zuzentzeko aukerarik eman gabe.
4. Ikerketa taldeak bete beharrekoak.
4.1. Ikertzaile nagusiak baldintza hauek beteko ditu:
a) A modalitatean aurkezten diren proiektuen kasuan, Nafarroako sare publikoko osasun zentro bati, Nafarroan kokaturiko unibertsitate bati edo irabazi-asmorik gabeko Nafarroako beste erakunde publiko edo pribatu bati atxikita egotea. B modalitatera aurkeztuz gero, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun zentro bati atxikita egon beharko da.
b) Aurreko puntuan adierazitako zentro publiko edo pribatuekin funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun gisako lotura izatea, gutxienez ere finantzaketa eskatzen denetik esleipenaren ebazpena eman arte.
c) Osasun prestakuntza espezializaturako programa bat egiten ez egotea goiko b) letran adierazitako epe berean.
d) Ez aurkeztea proiektu bat baino gehiago bi modalitateetatik edozeinetan.
e) Deialdi honetarako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean ez agertzea ikertzaile nagusi gisa edo kolaboratzaile gisa Osasun Departamentuak finantzatutako proiektu aktibo batean.
4.2. Ikertzaile taldeko gainerako kideek honako baldintza hauek beteko dituzte:
a) Ez parte hartzea deialdi honetara aurkezturiko proiektu batean baino gehiagotan, salbu eta proiektu bera bi modalitateetan aurkezten bada.
b) Ez egotea aldi berean parte hartzen Osasun Departamentuak finantzatutako proiektu aktibo batean baino gehiagotan ikertzaile gisa edo kolaboratzaile gisa.
5. Zenbatekoa zehaztea.
Proiektu bakoitzarentzat eskatzen den guztirako zenbatekoaren %75 finantzatuko da, baina 30.000,00 euro gainditu gabe proiektu eta urte bakoitzeko. Proiektuak puntuazio-ordenaren arabera finantzatuko dira.
Azkeneko proiektuarentzat gelditzen den finantzaketa ez bada iristen eskatutakoaren %75era, soberako gerakinari dagokion ehunekoa eman diezaiotela proposatuko da, baina, behin betiko kontzesioaren proposamena egin baino lehen, onuradunari hamar eguneko epea eskainiko zaio aukeratu dezan finantzaketa hori onartzen duen (kasu horretan, aurkeztutako proiektuaren %100 gauzatu beharko du) edo uko egiten dion. Uko egiten badio, soberakina finantzaketa lortzen duten proiektu guztien artean hainbanatuko da.
6. Finantzatzen ahal diren gastuak.
6.1. Onartzen den finantzaketa ondoren aipatzen diren gastuak estaltzeko erabiliko da, betiere proiektuaren exekuzioarekin zuzeneko lotura badute eta eskaerarekin batera aurkeztutako memorian jaso baldin badira:
a) Langile teknikoak kontratatzeko gastuak. Proiektua gauzatzeko, parte hartzen duten erakundeekin funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun gisako loturarik ez duten langile teknikoak kontratatzen ahalko dira, proiektua gauzatzeko aurreikusitako denbora osoan edo zati batean aritzeko. Kontzeptu horregatik gehienez 24.500,00 euro finantzatuko dira urtean, 45.000,00 euro gehienez proiektu bakoitzeko. Zenbateko horien barnean sartuta daude Gizarte Segurantzako kuotak.
b) Proiektua gauzatzeko gastuak, honakoak barne:
–Proiektua gauzatzeko ezinbestekoa den material inbentariagarria, eskura ez dagoena edo proiekturako oso-osorik behar dena (edo gutxienez %80an). Gehienez ere 18.000 euro. Berariaz salbuesten dira altzariak eta instalazioak, baita ekipo informatikoak erostea ere.
–Material suntsikorra.
–Zerbitzu profesionalak, ordukako kalkulua adierazita, edo egindako lan unitateka (inkestak, aholkularitzak, etab.).
–Bestelako gastu osagarriak, diren bezalakoak izateagatik aurreko ataletan sar ez daitezkeenak. Biltzar eta bilera zientifikoetara joateko gastuak ez dira finantzatuko.
c) Zeharkako kostuak. Proiektuari ematen zaion zenbatekoaren barruan zuzeneko kostuen %15 sartuko da proiektuaren kudeaketarekin lotutako gastuetarako.
6.2. Aurkezten diren gastuak, betiere, proiektuaren helburuak lortzeko beharrezkoak izanen dira, eta behar bezala justifikatu beharko dira.
6.3. Ikerketa taldeko kideek, osasun prestakuntza espezializatua egiten ari diren profesionalak barne, ezin izanen dute inolako ordainsaririk jaso proiektuaren kargura.
6.4. Ebazpen honen babesean lortzen den finantzaketa bateragarria da xede bererako lortzen diren beste diru-laguntza batzuekin, betiere finantzaketak, guztira, proiektuaren kostu osoa gainditzen ez badu. Hala gertatuz gero, oinarri hauen arabera emandako finantzaketa gutxitu eginen da, behar den gehieneko diru-mugaraino.
Zehazki, eskatzaileak laguntzaren bat eskatu badu Carlos III Osasun Institutuaren Osasun arloko 2013-2017 Ekintza Estrategikoaren barreneko diru-laguntzen deialdietan, egiaztatu beharko du gastu berberak ez dituela aurkeztu bi deialdietan.
Ikerketa proiektu bererako beste edozein laguntza edo diru-laguntza jasoz gero, horren berri eman beharko zaio Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuari, jakin bezain laster, eta, betiere, proiektua bukatu aurretik.
7. Eskaerak.
7.1. Entitate eskatzaileek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte proiektu bakoitzerako eskabidearekin batera:
1. agiria.–Entitateak, ikertzaile nagusiak eta ikerketa taldeko kide guztiek sinatutako eskabidea. Horrekin batera proiektuaren ikertzaile nagusiaren zentroko zuzendaritzaren adierazpena aurkeztuko da, non adieraziko baita proiektua bat datorrela erakundeak ikerketa, garapen eta berrikuntzaren arloetan dituen lan ildoekin, eta proiektua eta eskatutako ordu guztiak baimentzen direla, eta, hala, ordu horiek ikertzailearen lanaldiaren barrenean konputatuko direla. Kontzeptuz kontzeptuko eta urtez urteko aurrekontu xehakatua erantsiko da.
2. agiria.–Ikerketa proiektuaren memoria, eta haren atalen artean sartu beharko da ikerketa proiektuaren emaitzak aplikatuz gero aurreikusten den eragina.
3. agiria.–Ikerketa taldeko kide bakoitzaren curriculum vitaea, adieraziz proiekturako interes handiena duten alderdiak. Horretarako, bakarrik erabiliko da oinarri honetako 2. idatz-zatian xedatutakoaren araberako eredu normalizatua, edo Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología (FECYT) elkartearen curriculum vitae normalizatua (CVN), betiere azken horrek bere baitan biltzen badu Nafarroako Gobernuaren web orriko tramiteen katalogoko eredu normalizatuan zehazten den informazio berbera (eragin faktorea, etab.).
Ez dira ikerketa taldeko kidetzat hartuko bakarrik aholkulari lanak egiten dituzten kideak.
4. agiria.–Ikertzailea edo ikertzaile nagusia zein zentrotan ari den, bertako Ikerketaren Etika Batzordeak egindako txostena. Zentroan Ikerketaren Etika Batzorderik ez badago, Nafarroako Foru Komunitateko Botikekiko Ikerketaren Batzorde Etikoak eginen du ebaluazioa. Saio kliniko bat izanez gero, txosten bana egin beharko dute Nafarroako Foru Komunitateko Botikekiko Ikerketaren Etika Batzordeak eta Osasunaren, Gizarte Zerbitzuen eta Berdintasunaren Ministerioko Botiken eta Osasun Produktuen Agentzia Espainiarrak. Proiektuarekin batera Batzordeari egindako eskaera besterik ez da aurkeztu beharko; baimena, betiere, laguntza ematearen gaineko behin betiko ebazpenaren aurretik aurkeztu beharko da.
5. agiria.–Helburu bererako beste finantzaketarik edo laguntzarik eskatu ez izanaren adierazpena, edo, hala bada, proiektu bererako zenbat diru eskatu edo jaso den eta zein erakundek eman duen adierazteko agiria.
7.2. Dokumentazio normalizatua Nafarroako Gobernuaren web orriko tramiteen katalogoan eskura daiteke: https://www.navarra.es/home_eu/Servicios.
8. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.
8.1. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Tramitaziorako, bide elektronikoak erabiliko dira, Nafarroako Gobernuaren web orriko tramiteen katalogoan eskura dagoen estekaren bitartez: https://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.
8.2. Eskaerak akats konpongarriren bat baldin badu, instrukzio organoak mezu elektroniko baten bidez eskatuko dio entitate kudeatzaileari 10 egun naturaleko epean zuzendu dezala, eta jakinaraziko dio, zuzendu ezean, eskaeran atzera egiten duela ulertuko dela eta eskaera artxibatuko dela, behar den ebazpena emanda.
9. Ebaluaziorako Batzorde Teknikoa.
Ebaluazio eta Prospektiba Agentzia Nazionalaren ebaluazioaren ondoren, eskaerak batzorde tekniko batek baloratuko ditu, proiektuak onartzeko proposamena ematearren. Batzordea kide hauek osatuko dute:
Batzordeburua: Tomás Belzunegui Otano jauna. Nafarroako Ospitalegunea. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua.
Batzordekideak:
Aurelio Barricarte Gurrea jauna. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua.
Javier Baquedano Arriazu jauna. Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzako Plangintza eta Kudeaketa Klinikoaren Zerbitzua. O-NOZ.
Idoia de Gaminde Inda andrea. Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atala. Osasun Zuzendaritza Nagusia.
lñigo Lasa Uzcudun jauna. Navarrabiomed-Miguel Servet Fundazioa.
M.ª Rosario Luquin Piudo andrea. Nafarroako Unibertsitatearen Klinika.
Rafael Sádaba Sagredo jauna. Nafarroako Ospitalegunea. O-NOZ.
Paloma Torre Hernández andrea. Nafarroako Unibertsitate Publikoa.
Idazkaria:
Olga Díaz de Rada Pardo andrea. Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atala. Osasun Zuzendaritza Nagusia.
10. Eskaeren balorazioa.
Onartutako eskaerak ebaluatzeko prozedurak bi fase izanen ditu:
Lehenbizi, III. eranskineko 1., 2. eta 3. atalak ebaluatuko dira; Ebaluazio eta Prospektiba Agentzia Nazionalak eginen du ebaluazioa, eta honako hauei buruzko txostena eginen du: proiektuen kalitatea, lortutako emaitzekin aurreikusten den eragina epe laburrera eta ertainera, eta ikertzaile taldearen gaitasuna.
Lehenbiziko fase honetan 100 puntu lortzen ahal dira gehienez. 70 puntu edo gehiago lortzen dituzten proiektuak baizik ez dira pasako bigarren fasera.
Bigarrenik, Ebaluaziorako Batzorde Teknikoak III. eranskineko 4. atala ebaluatuko du (egokitasun estrategikoa). Balorazio hori egiteko, 2014-2020 Osasun Planean lehenetsitako ildoak hartuko dira kontuan.
Hirugarrenik, III. eranskineko 5. atala (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarentzat interes berezikoak diren arloak) baloratuko du Baloraziorako Batzorde Teknikoak, baina, bakar-bakarrik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren menpeko zentroetako ikerlariek gidatutako proiektuetarako.
Batzorde Teknikoari egokituko zaio aukeratutako proiektuak finantzatzeko proposamen arrazoitua ematea. Laguntza emanen da III. eranskineko baremoan lortzen den guztirako puntuazioaren arabera, ebaluazioan emaitza onenak lortzen dituzten proiektuetatik hasita, aurreikusitako baliabide ekonomikoak agortu arte.
III. eranskineko baremoan lortutako guztirako puntuazioaren arabera, Ebaluaziorako Batzorde Teknikoak bi zerrenda prestatuko ditu: bata, A modalitatean aurkeztutako proiektuetarako, non III. eranskineko 1. ataletik 4.era bitarteko atalak baino ez diren baloratuko, eta bestea, B modalitaterako eskatutako baldintzak betetzen dituzten proiektuetarako, non III. eranskineko 5. atalean lortutako puntuazioa erantsiko baita.
Batzorde Teknikoari egokituko zaio aukeratutako proiektuak finantzatzeko proposamen arrazoitua ematea. Laguntza emanen da lortzen den guztirako puntuazioaren arabera, ebaluazioan emaitza onenak lortzen dituzten proiektuetatik hasita, aurreikusitako baliabide ekonomikoak agortu arte.
Batzorde Teknikoak, lehenbizi, deialdiaren A modalitatean aurkeztutako eskaerak baloratuko ditu, eta zein proiekturi lagundu proposatuko du. Gero, B modalitatean aurkeztutako eskaerak baloratuko ditu, eta dagokion proposamena eginen du. Ezinezkoa izanen da proiektu bera bi modalitateetan onartzea.
11. Laguntza ematea.
Osasuneko zuzendari nagusiak, instrukzio organoak proposaturik, ebazpen arrazoitua emanen du hiru hilabeteko epean, non zehaztuko baititu Osasun Departamentuak sustatuko dituen ikerketa proiektuak, A modalitatekoak eta B modalitatekoak, aurkezten diren proiektuetatik aukeratuta, eta horrekin batera adieraziko du bakoitzari dagokion diru zenbatekoa, gastu kontzeptuak eta bakoitzaren urtez urteko gastu banaketa, eta proiektua hasteko eta bukatzeko datak. Ukatu diren proiektuak ere adieraziko dira berariaz.
Epe hori berariazko ebazpenik eman edo jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.
Ebazpena mezu elektroniko baten bidez jakinaraziko zaie entitate kudeatzaileei, eta Nafarroako Gobernuaren web orrian ere argitaratuko da: https://www.navarra.es/home_eu/Servicios.
12. Proiektuaren kudeaketa.
Proiektuaren kudeaketa entitate kudeatzaileen eta ikertzailearen edo ikertzaile nagusiaren ardura da. Oro har, ikertzaileak edo ikertzaile nagusiak lankidetza hitzarmen bat sinatu beharko du bere zentroari lotutako entitate kudeatzaile batekin. Nafarroako Gobernuaren eta haren erakunde autonomoen menpeko zentroetako ikertzaileen kasuan, Miguel Servet Fundazioa (NavarraBiomed) izanen da entitate kudeatzaile hori.
13. Ordaintzeko prozedura.
13.1. Proiektuari esleitutako zenbatekoa entitate kudeatzailearen kontabilitate kontuan ordainduko da, proiektua eta ikertzailearen edo ikertzaile nagusiaren izena identifikatuta. Hori helburu, laguntza emateko ebazpenean 2017. urtean proiektu bakoitzari esleitutako zenbatekoak ordaintzeko aginduko da, betiere Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.2 artikuluan ezarritako baldintzak betez gero.
13.2. Hurrengo aurrekontu-ekitaldietarako onetsitako finantzaketa urteko ordainketa batean gauzatuko da (hori ere 11/2005 Foru Legearen 33.2 artikuluan ezarri bezala), behin Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalak urteko memoria (14.3 oinarrian aipatua) aztertu ondoren. Atal horrek ordaintzeko proposamena eginen du, finantzaketaren xedeak bete direla egiaztatuta.
13.3. Proiektuari egozten ahal zaizkion gastuak proiektua bukatutakoan erregularizatuko dira, azken memoria aurkeztuta, eta, behar den fiskalizazioa eginda, espedientea itxi eginen da.
14. Proiektua gauzatzea.
14.1. Proiektua bertan ezartzen diren aurreikuspenen arabera gauzatuko da, eta oso-osorik gauzatu beharko da, eskatzen denari jarraikiz.
14.2. Proiektua gauzatzeko moduan gertatzen diren aldaketa edo gorabehera guztiak Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari jakinarazi beharko zaizkio, gertatu bezain pronto, hark baimen dezan.
Proiektua gauzatzean, beharrezkotzat jotzen bada gastu mota bakoitzari esleitutako zenbateko partzialetan aldaketak egitea, betiere kontzeptu bakoitzerako eskatutako zenbatekoa eta proiektu bakoitzari emandako zenbateko osoa gainditu gabe, proiektuaren ikertzaileak edo ikertzaile nagusiak eskatu beharko du, idatziz eta behar bezala arrazoituz.
Eskaera hori Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalean aurkeztuko da, eta horrek aldaketa baimenduko du, bidezko bada.
Ezinezkoa baldin bada proiektu osoa gauzatzea eskatu bezala, proiektuaren aldaketa Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez baimendu beharko da, eta, horrenbestez, finantzatu beharreko zenbatekoa doituko da, baina laguntza emateko ebazpenean zehaztutako finantzaketa-ehunekoa aldatu gabe.
Frogatzen bada ez direla bete deialdi honetan eta aplikatzekoak diren arauetan ezarritako baldintza guztiak edo bakar batzuk, Osasuneko zuzendari nagusiak, behin Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalak txosten arrazoitua emanik, proiektuaren finantzaketa eten dezake, eta jasotako zenbatekoa itzul dadila eskatu, berandutze-interesak eta guzti, deusetan galarazi gabe izan daitezkeen erantzukizunak. Gainera, zilegi izanen da etorkizuneko deialdietan aurkezten diren proiektuetan penalizazioa ezartzea, kasuan kasuko oinarri arautzaileen arabera.
14.3. Urte bakoitzeko azaroaren 15a baino lehen, ikertzaile nagusiak, entitate kudeatzailearen bidez, emaitzei buruzko urteko memoria tekniko eta ekonomiko laburtu eta eguneratua aurkeztu beharko du Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalean. Ikertzaileak edo ikertzaile nagusiak zer entitate kudeatzailerekin sinatzen duen hitzarmena, entitate horrexek aurkeztuko ditu aurrekontua gauzatzeari buruzko memoria eta gastuen justifikazioa, egun horretan berean. Gastu guztiak jatorrizko agirien bidez justifikatuko dira (fakturak edo froga balioa duten bestelako agiriak), edo ikertzaileak edo ikertzaile nagusiak eta entitate kudeatzaileko zuzendariak sinatutako fakturen eta gastuen zerrenda bat aurkeztuz (halakoetan, bidezkoa bada, jatorrizko fakturak eskatzen ahalko dira). Agiri horiek guztiak gero itzultzen ahalko dira, interesdunak eskatuta, behar diren egiaztapenak egin ondoren.
15. Proiektuaren bukaera.
15.1. Proiektua onartzeko ebazpenean ikerketa bukatzeko finkatzen den egunetik hilabeteko epean, ikertzaileak edo ikertzaile nagusiak azken memoria igorriko du Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalera, honako hauekin:
a) Memoria tekniko xehakatua, ikerketaren eraginari buruzko atal berariazko bat barne duela, ongi bereizia: a) eragin bibliometrikoa; b) jardun klinikoaren gaineko eragina edo osasun arloko politiken gainekoa; eta c) osasunaren gaineko eragina edo eskaintzen den osasun zerbitzuaren gainekoa, patenteen sorreraren gainekoa, produktuen merkaturatzearen gainekoa edo spin-off konpainien sorreraren gainekoa.
Egoki irudituz gero, informazio osagarria eskatzen ahalko da.
b) Memoria ekonomikoa, non izandako gastuak justifikatuko baitira emandako finantzaketari dagokionez.
Bertan, zehazki adieraziko dira proiektua finantzatzeko jaso diren bestelako diru-sarrera, diru-laguntza edo laguntzak, publikoak edo pribatuak, baita haien zenbatekoa eta jatorria ere, eta proiektuaren kostu osoa.
Gastu guztiak jatorrizko agirien bidez justifikatuko dira (fakturak edo froga balioa duten bestelako agiriak), edo ikertzaile nagusiak eta, halakorik bada, entitate kudeatzaileko zuzendariak sinatutako fakturen eta gastuen zerrenda bat aurkeztuz (halakoetan, bidezkoa bada, jatorrizko fakturak eskatzen ahalko dira). Agiri horiek guztiak gero itzultzen ahalko dira, interesdunak eskatuta, behar diren egiaztapenak egin ondoren.
Edonola ere, Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari dagokio behar diren ikuskapenak egitea eta bidezko erregulazioak proposatzea.
15.2. Proiektua gauzatzeari begira beharrezkoa bada, ikertzaileak edo ikertzaile nagusiak azken memoria aurkezteko epea luzatzeko eskatzen ahalko dio Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari, behar bezala arrazoituta, baina luzapen horretan ezin izanen da inolako gasturik egin. Salbuespen gisa, eta behar bezala justifikatuz gero, bidezko izanen da gastua exekutatzeko epearen luzapena eskatzea. Eskaera arrazoitu hori Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari eginen zaio, eta Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez ebatziko da.
15.3. Proiektua bukatuta, Osasun Departamentuak bere beharren arabera erabiltzen ahalko du finantzatutako material inbentariagarria.
16. Gainerako konpromisoak.
16.1. Finantzaketa onartzeak deialdi honetan ezarritako baldintzak onartzea dakarkie ikerketa taldeari eta entitate kudeatzaileari.
16.2. Proiektua gauzatuko duen zentroak edo erakundeak aseguru bat izan beharko du hirugarrenak eta zentroa bera estaltzeko proiektua gauzatzearen ondoriozko arriskuetatik.
16.3. Ikerketa proiektuek honako hauek bete beharko dituzte: Helsinkiko Adierazpenean, Giza eskubideei eta biomedikuntzari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmenean eta Giza genomari eta giza eskubideei buruzko UNESCOren Adierazpen Unibertsalean ezarritako oinarrizko printzipioak, bai eta Ikerketa Biomedikoari buruzko uztailaren 3ko 14/2007 Legean, Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta ikerketa biomedikoaren arloan aplika daitezkeen gainerako arauetan ezarritako baldintzak ere.
16.4. Animaliekin saiakuntzak egiten dituzten proiektuek indarra duen lege araudian ezarritakoa bete beharko dute, eta, bereziki, otsailaren 1eko 53/2013 Errege Dekretuan xedatutakoa. Errege dekretu hori saiakuntzak egiteko eta beste helburu zientifiko batzuetarako, irakaskuntza barne, erabiltzen diren animalien babesari buruzkoa da.
16.5. Saiakuntza klinikoak diren proiektuek indarra duen lege araudian ezarritakoa bete beharko dute, abenduaren 4ko 1090/2015 Errege Dekretuaren arabera. Errege dekretu horrek botikekin egiten diren saiakuntza klinikoak arautzen ditu.
16.6. Argitalpen zientifikoetan, ahozko komunikazioetan eta, oro har, ikerketa proiektuaren emaitzak zabaltzeko edozein bitartekotan, ohar bat erantsi beharko da proiektuak Nafarroako Gobernuaren eta EGEFen finantzaketa izan duela adierazteko. Produkzio horien berri Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari emanen zaio, proiektuaren espediente zenbakia eta sortzen diren argitalpenak zehaztuta, kontuan izan gabe azken memoria noiz igorri zen.
17. Europar Batasuneko Egiturazko Funtsen kofinantzaketaren ondoriozko betebeharrak.
17.1. Laguntza hauek Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren %50eko kofinantzaketa izan dezakete, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilearen bidez.
17.2. Entitate onuradunak, betiere kontzesioaren ebazpenean hala zehazten bada, Europako funts horren finantzaketaren onuradunak ere izanen direnez, honako hau aplikatuko zaie:
a) Diru-laguntza hartzeak berarekin ekarriko du honako hauek egiten dituzten kontrolen menpe jartzea onartzen dutela, bai eta kontrol horietan laguntzea ere, kasua bada: Nafarroako Gobernua, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioa, Europako Batzordea edo Nafarroako, Espainiako edo Europar Batasuneko kontroleko eta fiskalizazioko edozein organo.
b) Kontabilitate sistema bereizi bat eduki beharko dute, edo kontabilitate kode egoki bat, eragiketari lotutako transakzio guztiei dagokienez.
c) EB 1303/2013 Erregelamenduaren 140. artikuluan ezarritakoarekin bat, eragiketen frogagiriak 3 urtez gorde beharko dituzte, data honetatik hasita: eragiketako gastuen kontuak aurkeztu eta hurrengo abenduaren 31tik aurrera. Epea noiz bukatzen den jakin ondoren, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak jakinaraziko du.
d) Entitate onuradunak EGEFaren ekarpenaren berri eman beharko du, bere argitalpen zientifikoetan edo emaitzen zabalkundea egiten duenean esaldi hau jarriz toki ikusgarri batean: “Argitalpen honek Eskualde Garapeneko Europako Funtsak %50 kofinantzatutako laguntza jaso du, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilearen bidez”, lelo hau erantsita: “Europar Batasuna. Eskualde Garapeneko Europako Funtsa. Europa egiteko modu bat”.
e) EGEFen diru-laguntza jasotzeak berarekin ekarriko du inplizituki onartzea enpresa onuraduna sartuko dela Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Europako Erkidegoko Funtsen Zuzendaritza Nagusiaren web orrian argitaratuko den zerrenda batean (http://www.dgfc.sepg.minhafp.gob.es), programa eragilea kudeatzeko agintaria den aldetik. Zerrenda horren argitalpenaren helburua da gardentasunez jokatzea EGEF baliabideen aplikazioari eta helburuari dagokienez, EB 1303/2013 Erregelamenduaren 115.2 artikuluan xedatu bezala.
f) Eskualde Garapeneko Europako Funtsa arautzen duen Europar Batasunaren araudia hau da:
–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamendua, Europako Egitura eta Inbertsio Funts guztiei buruzko xedapen komunak ezartzen dituena.
–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1301/2013 (EB) Erregelamendua, EGEFi buruzkoa.
–OFP/1979/2016 Agindua, abenduaren 29koa, Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren programa eragileetan diruz laguntzen ahal diren gastuei buruzko arauak onesten dituena.
18. Emaitzetan parte hartzea.
Ikerketaren emaitzaren jabe intelektuala proiektua gauzatzen duen taldea izanen da. Patente bat edo erabilera industriala dakarten emaitzen gaineko eskubideak Nafarroako Gobernuari dagozkio, ikerketa proiektuaren finantzaketan izan duen partaidetzaren ehunekoaren arabera.
I. ERANSKINA
Ebaluazio eta Prospektiba Agentzia Nazionalaren arloak (ANEP)
Nekazaritza (AGR).
Funtsezko eta Sistemetako Biologia (BFS).
Biomedikuntza (BMED).
Landareen eta Animalien Biologia, Ekologia (BVAE).
Elikagaien Zientzia eta Teknologia (TA).
Materialen Zientzia eta Teknologia (TM).
Konputazioaren Zientziak eta Teknologia Informatikoa (INF).
Lurraren Zientziak (CT).
Gizarte Zientziak (CS).
Zuzenbidea (DER).
Ekonomia (ECO).
Hezkuntza Zientziak (EDUC).
Filologia eta Filosofia (FFI).
Fisika eta Espazioaren Zientziak (FI).
Abeltzaintza eta Arrantza (GAN).
Historia eta Artea (HA).
Ingeniaritza Zibila eta Arkitektura (ICI).
Ingeniaritza Elektrikoa, Elektronikoa eta Automatikoa (IEL).
Ingeniaritza Mekanikoa, Itsasontzietakoa eta Aeronautikoa (IME).
Matematika (MTM).
Medikuntza Klinikoa eta Epidemiologia (MCLI).
Psikologia (PS).
Kimika (QMC).
Teknologia Elektronikoa eta Komunikazioetakoa (COM).
Teknologia Kimikoa (TQ).
II. ERANSKINA
Lehentasunezko ikerketa arloak eta ildoak
IKERKETA ILDOAK | KODEA |
ARLOA. Ikerketa klinikoa prozesuetan edo patologietan | |
Bihotz-hodietako eritasunak | Aa |
Minbizia | Ab |
Garun-hodietako eritasunak | Ac |
Eritasun metabolikoak eta endokrinoak | Ad |
Eritasun mentalak | Ae |
Eritasun neurodegeneratiboak | Af |
Arnasbideetako eritasunak, bereziki asma eta buxadurazko arnas eritasun kronikoa | Ag |
Aholku genetikoa, erditu aurreko diagnostikoa, jaiotza inguruko laguntza, sortzetiko metabolopatiak eta laguntza goiztiarra | Ah |
Eritasun kronikoak eta paziente pluripatologikoak | Ai |
Hauskortasuna eta zahartzea | Aj |
Genetika | Ak |
Eritasun arraroak | Al |
Min kronikoa | Am |
Zainketa aringarriak | An |
ARLOA.–Ikerketa osasun publikoan eta osasun zerbitzuetan | |
Desgaitasunaren prebentzioa | Ba |
Mendekotasuna eta berez baliatzearen sustapena | Bb |
Nork bere burua zaintzearen sustapena | Bc |
Osasunaren eta bizitzeko estiloen sustapena | Bd |
Eritasunen prebentzioa | Be |
Osasuna eta generoa | Bf |
Desberdintasunak osasunaren arloan | Bg |
Laguntzarako eredu berriak | Bh |
Emaitzen ebaluazioa (PROMS, erabilgarritasunaren azterketa, etab.) | Bi |
Pazienteen segurtasuna eta kalitatea hobetzea | Bj |
Laguntza soziosanitarioa | Bk |
Laguntza larrialdi bitaletan | Bl |
Ezagutza, konpromisoa eta garapen profesionala kudeatzea (kudeaketa klinikoa, klinikoen eta kudeatzaileen arteko harremana, etab.) | Bm |
Informazio sistemak (historia klinikoa, pazienteen segmentazioa, lehentasuna, sistema adituak, adierazleen garapena, etab.) | Bn |
Zerbitzuen koordinazioa (oinarrizkoa-espezializatua, konponbide azkarreko kontsultak, etab.) | Bo |
Jardun klinikoaren aldakortasuna, teknologien ebaluazioa eta baliabideen arrazoizko erabilera | Bp |
Herritarren eta pazienteen parte-hartzea eta haien espektatiben eta beharren identifikazioa, atxikidura terapeutikoa, etab. | Bq |
Osasun arreta atzeratzea eta itxaron-zerrendak | Br |
ARLOA.–Bioteknologietako ikerketa | |
Omikoa | Ca |
Teknologia biomedikoa | Cb |
Metodo diagnostikoak | Cc |
Irudi bidezko diagnostikoa | Cd |
III. ERANSKINA
Ikerketa proiektuak ebaluatzeko baremoa
Eskaerak irizpide hauek aplikatuz ebaluatuko dira:
1. Kalitatearen eta interes zientifikoaren balorazioa (50 puntu gehienez). Honako hau baloratuko da:
a) Hipotesia eta helburuak: hipotesia eta gaiaren gaineko jakite maila; proposamenaren berritasuna, originaltasuna eta berrikuntza; argitasuna eta zehaztasuna helburuak adierazteko orduan (25 puntu gehienez).
b) Metodologia: metodologia nola egokitzen den proposatutako helburuen arabera (xedeko biztanleria, diseinua, neurketak, kalitatea kontrolatzeko baliabideak, analisi estatistikorako plana,...). (25 puntu gehienez).
2. Ikerketa proiektuaren emaitzen eraginaren aurreikuspena epe laburrean eta epe ertainean (25 puntu gehienez). Honako hauek baloratuko dira:
a) Eragina, osasunean dituen emaitzen ikuspegitik (heriotza-tasa, gaixotze-tasa, pazientearen autonomia eta bere buruaz baliatzeko gaitasuna) eta ekitatea (kolektibo kalteberekin egindako jarduketak, osasunari lotutako afera sozialak, etikoak edo lege arlokoak ebaluatzeko gaitasuna) (10 puntu gehienez).
b) Osasun zerbitzuen antolaketa eta kudeaketa hobetzeko gaitasuna (segurtasuna, zerbitzuen koordinazioa eta informazio sistemak hobetzea, jardun klinikoaren aldakortasuna murriztea, etab.) (10 puntu gehienez).
c) Patenteak sortzeko, produktuak merkaturatzeko eta spin-off konpainiak sortzeko aukera (5 puntu gehienez).
3. Egingarritasuna: ikerketa taldearen gaitasuna proiektuan programatutako jarduerak egiteko (25 puntu gehienez). Honako hauek baloratuko dira:
a) Ikertzaile nagusiaren eta ikerketa taldeko gainerako kideen gaitasun zientifiko-teknikoa: jakintza arloa, eragin faktorea eta beste ikerketa proiektu batzuetan izandako parte-hartzea (15 puntu gehienez).
b) Lan plana: eginkizunen banaketa eta kronograma; azpiegitura erabilgarriak eta kudeatzeko gaitasuna; eskatutako aurrekontua nola egokitzen den proiektuaren helburuetara (10 puntu gehienez).
4. Egokitzapen estrategikoa (10 puntu). Baloratuko da nola egokitzen den proiektua Nafarroako 2014-2020 Osasun Planean lehenetsitako arlo eta ildoetara.
5. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarentzat interes berezia duten arloak (15 puntu).
a) Oinarrizko Osasun Laguntzako zentro batean ari den ikertzaile nagusi batek aurkeztutako proiektuak: 3 puntu.
b) Ikerketa taldeko kideen %50 edo gehiago (ikertzaile nagusia barne, aukeran) Oinarrizko Osasun Laguntzako zentroetan ari badira: 2 puntu.
c) Osasunaren sustapenerako eta prebentziorako proiektuak: 5 puntu.
d) Osasun zerbitzuen antolaketarekin, ebaluazioarekin eta eragimenarekin zerikusia duten proiektuak: 5 puntu.
Iragarkiaren kodea: F1704494
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
