Iragarkia
82. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 28a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
6E/2017 FORU AGINDUA, apirilaren 11koa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak garatzen dituzten emakumeen elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko bestelako elkarte edo entitateei diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena.
Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren xedea da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politiken arloko eskumenak kudeatzea Nafarroako Foru Komunitatean.
Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen irailaren 30eko 240/2015 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, NABIren eginkizunak dira, besteak beste, emakumeen elkartegintza eta parte-hartze soziala bultzatu eta sostengatzea, planak eta estrategiak proposatzea emakumeen ahalduntzea bultzatzeko, eta elkarteetan emakumeen presentzia eta parte-hartzea sustatzea.
Nafarroako Foru Komunitateko emakumeen eta gizonen aukera berdintasunerako I. planaren (2006-2010) 8. arlo berariazkoak, “Emakumeen ahalduntzea eta parte-hartze sozial eta politikoa” izenekoak, bere helburuen artean, honako behar hauek finkatzen ditu: “Emakumeek arlo sozialean, politikoan eta sindikalean parte hartzeak egiazko berdintasuna lortzeko duen garrantziaren zabalkundea egin eta Nafarroako gizartea sentsibilizatzea”, “Nafarroako Foru Komunitateko erakunde publiko eta sindikaletan emakumeen presentzia eta parte-hartzea sustatzea” eta “Nafarroako elkarteetan emakumeen presentzia eta parte-hartzea sustatzea”; planaren xede eta helburuek indarra izanen dute, arlo horri buruzko bestelako planik onetsi bitartean.
Bestalde, 6. arlo berariazkoan, “Herrietako emakumeak” izenekoan, honako helburu hauek biltzen dira: “Nafarroako herrietako emakumeen egoerari buruzko informazioa zabaldu eta Nafarroako gizartea egoera horretaz sentsibilizatzea”, “Emakumeen presentzia eta parte-hartzea sustatzea Nafarroako Foru Komunitateko herrietako erakunde politiko, sindikal, profesional eta sozialetan” eta “Emakumeen laneratzea bultzatzea eta herrietako garapen ekonomikoari egiten dizkioten ekarpenak aitortzea”.
Orobat, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko 14/2015 Foru Legearen ekintza planak, Gobernuak 2016ko azaroaren 23an onetsiak, I. ardatz estrategikoan (“Balioak aldatzea eta baldintzak sortzea emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko bizimodurako”) neurri hau ezartzen du: emakumeen ahalduntze pertsonala sostengatzea, umetatik hasita, emakumeak ikusgai egiteko eta estereotipoak desagertzeko programak bultzatuz, eta emakumeen ahalduntzea (umetatik hasita) sostengatzeko programak egitea.
Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bitartez, bidezkotzat jotzen du, emakumeen herritartasun osoa garatzeko, laguntza eta baliabide ekonomikoak ematea Nafarroako Foru Komunitatean 2017an emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak garatzen dituzten emakumeen elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko bestelako elkarte edo entitateei.
Horrenbestez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuari lotuta, emandako eskudantziak erabiliz.
AGINDU DUT:
1. Deialdia onestea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak garatzen dituzten emakumeen elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko bestelako elkarte edo entitateei diru-laguntzak emateko.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak, onestea.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
B40001-B4100-4819-232203: Emakumeen elkarteentzako eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateentzako diru-laguntzak | 2017 | 150.000,00 |
Salbuespen gisa, deialdi honetarako zenbatekoa handitzen ahalko da, kontuan hartuta zenbat eskaera aurkezten diren; horretarako, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak foru agindu bat emanen du, beste deialdi bat egin gabe, eta Diru-Laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluan ezarritakoa bete beharko da.
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean argitaratzea.
5. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Iruñean, 2017ko apirilaren 11n.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.
ERANSKINA
Oinarri arautzaileak
1. oinarria. Xedea eta helburua.
Deialdi honen xedea da Nafarroako emakumeen elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko bestelako elkarte edo entitateei Nafarroako Berdintasunerako Institutuak eman beharreko diru-laguntzen araubidea ezartzea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko proiektuak egin ditzaten Nafarroako Foru Komunitatean, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat eta eta kredituek zehaztutako mugen barnean.
Diru-laguntza hauen xedea da emakumeen parte-hartze soziala bultzatzea, elkartegintzaren bidez, eta genero berdintasuna sustatzea gizartean eta herritarren artean.
2. oinarria. Onuradunak.
Deialdi honetan parte hartzen ahalko dute emakumeen elkarteek eta irabazi-asmorik gabeko bestelako elkarte eta entitateek, betiere haien estatutuetan helburu gisa berariaz agertzen badira emakumeen eta gizonen arteko egiazko berdintasuna bultzatzea eta bizitza sozial, ekonomiko, kultural edo politikoaren edozein eremutan emakumeen sustapena eta defentsa bilatzea. Onuradunek Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko proiektuak egin behar dituzte, eta oinarri hauetako baldintzak bete.
Ondorio horietarako, emakumeen elkartetzat hartuko da Nafarroako Foru Komunitateko emakumeen elkarteen zentsuan inskribatzeko baldintzak betetzen dituztenak, zentsu hori arautzen duen uztailaren 27ko 52/2016 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera.
3. oinarria. Baldintzak.
Diru-laguntzen onuradun izateko, elkarteek eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateek hurrengo baldintzak bete beharko dituzte eskaera aurkezteko unean, eta haiek betetzen jarraitu beharko dute diruz lagundutako jarduera gauzatzen den bitartean eta hura justifikatu arte:
3.1. Indarra duen legeriarekin bat eratuak egotea, nortasun juridikoa izatea eta dagokien erregistroan inskribatuak egotea, inskripzio hori bakarrik publizitate ondorioetarako eskatuta ere.
3.2. Nafarroako Foru Komunitatean jardutea.
3.3. Estatutuetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzea xede izatea, eta bizitza sozial, ekonomiko, kultural edo politikoaren edozein eremutan emakumeen sustapena eta defentsa bilatzen dituzten guztiak.
3.4. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.
4 oinarria. Gauzatzeko epea eta diru-laguntza izan dezaketen ekintzak eta proiektuak.
4.1. Diru-laguntzaren xedeko proiektuak gauzatzeko epea 2016ko abenduaren 8tik 2017ko abenduaren 1era arte izanen da.
4.2. Proiektu mota hauek jasoko dute diru-laguntza:
A mota: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko ekintzak dituzten proiektuak.
B mota: Nafarroako Foru Komunitateko emakumeen elkarteen lurralde-topaketarako proiektuak, elkarteen sare bat bultzatzeko eta, horrela, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko jarduerak gauzatzen dituen Nafarroako elkartegintza indartzeko. Topaketak Nafarroan egin beharko dira.
4.3. Helburu hauek betetzeko jarduera bat edo batzuk izanen dituzte proiektuek:
a) Emakumeen elkartegintza eta parte-hartze soziala bultzatu, sostengatu eta dinamizatzea, emakumeen ahalduntze kolektiboa sustatuz eta elkarteetan emakumeen presentzia eta parte-hartzea bultzatuz.
b) Genero rolei jarraitzen ez dieten eta generoan oinarritutako estereotipoak desagertzeko ereduak diren emakumeak ikusgai egitea.
c) Nafarroako Foru Komunitateko entitate sozial eta politikoetako kudeaketan eta zuzendaritzan emakumeen presentzia eta parte-hartzea bultzatzea eta egonkortzea.
d) Ikertzea, jendarteratzea eta/edo sentsibilizatzea arlo hauetan: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, emakumeen eskubideen sustapena eta defentsa, eta emakumeen erreferentziak eta genealogiak sortzea.
e) Prestakuntza ematea genero ikuspuntutik, gai hauetan: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, emakumeen eta nesken ahalduntzea, emakumeen presentzia bizitzaren arlo guztietan, edo antzeko edukia duten bestelakoak. Herritar guztiek parte hartzen ahalko dute prestakuntzan, baina bazkideek lehentasuna izan dezakete.
f) Emakumeen eta nesken aurkako indarkeria prebenitzea eta desagertzea.
g) Emakumeen eskubideekin eta eskaerekin lotutako garrantzi bereziko datak aldarrikatzea, toki, autonomia, estatu zein nazioarteko mailan.
h) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren inguruan gizartea sentsibilizatzeko programak gauzatzea, bai eta informazio hedabideetan eta komunikabideetan emakumeen eta gizonen berdintasunezko, askotariko eta estereotiporik gabeko irudia sustatzeko ekintzak ere.
i) Eten digitala murriztea, alfabetatze digitalaren bitartez, dokumentu-edizioaren, kalkulu-orrien eta posta elektronikoaren oinarrizko tresnak behar bezala erabiltzeko prestakuntzaren bidez.
4.4. Mota bereko proiektu batzuetarako eskaera aurkezten duten entitate edo elkarteak ez dira onartuko; hala ere, organo kudeatzaileak eskatuta proiektu horietako bakar bat aukeratzen badute, onartuko dira.
Irabazi-asmorik gabeko elkarte eta entitateek jardueren proiektu bat (A motakoa) eta topaketaren proiektu bat (B motakoa) aurkezten ahalko dute.
4.5. Diruz laguntzen ahal diren gastuak.
Diruz laguntzen den jardueraren izaerarekin bat datozen gastuek jaso dezakete diru-laguntza, betiere oinarri hauetan ezarritako epean gauzatzen badira. Zehazki, hurrengo gastu kontzeptuek jasoko dute diru-laguntza, merkatu balioa gainditu gabe.
4.5.1. Zuzeneko gastuak:
a) Aholkularitza teknikoa (enpresak kontratatzea, profesionalen ordainsariak, joan-etorriak, dietak eta ostatu-hartzea). Diru-laguntza jasotzeko baldintza izanen da kontratatzen diren pertsona fisiko edo juridikoek genero berdintasunaren arloan gutxienez 120 orduko prestakuntza izatea, organismo publikoek edo unibertsitate publiko zein pribatuek emana, edo arlo horretan gutxienez 3 urteko esperientzia. Pertsona juridikoen kasuan, frogatuko da proiektuaren talde arduradunak genero berdintasunaren arloan aipatu prestakuntza edo esperientzia duela, eta pertsona horiek proiektua gauzatzeko ardura zuzena dutela.
Entitateak emandako ziurtagiriaren bidez edo pertsonen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da prestakuntza eta esperientzia.
Diruz lagundutako jardueraren %100 arte azpikontrata daiteke.
Diru-laguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa bada, frogatu beharko da hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada diru-laguntza eskatu baino lehen. Onuradunaren txosten baten bidez frogatuko da.
b) Diruz lagundutako jardueren publizitate edo zabalkunde gastuak.
c) Materialak argitaratzeko gastuak. Dena den, soilik programaren xedea lortzeko ezinbestekoa den material inprimatuak jasoko du diru-laguntza, betiere NABIk baimendu ondoren.
Egutegien ediziorako eta inpresiorako diru-laguntza eskatzen bada, soilik 2018koek jasoko dute diru-laguntza.
d) Lokalak alokatzeko eta ekipamenduen gastuak, edo jarduera garatzeko beharrezko material suntsikorrarenak.
e) Diruz lagundutako jarduerak egiten diren bitartean beren kabuz balia ezin daitezkeen pertsonei arreta ematetik sortutako gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak zaintzea, etab.).
f) Joan-etorrien gastua, elkarteen topaketen proiektuetarako. Garraio kolektiboaren kasuan, soilik onuradunari fakturatzen zaion gastua onartuko da, 500 euroko muga gainditu gabe.
g) Gastu finantzarioak, aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak, eta antzekoak, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.
4.5.2. Proiektuarekin lotutako zeharkako gastuak:
Emandako diru-laguntzaren edo, hori baino txikiagoa bada, justifikatutako gastu guztiaren %10 erabiltzen ahalko da objektiboki, gehienez ere, zeharkako gastu hauetarako: kudeaketa administratiboa, entitatearen lokalaren alokairua, argia, ura eta telefonoa; betiere, behar bezala justifikatuta egon beharko dute eta jarduera gauzatzen den epean egindakoak izan.
4.6. Diru-laguntzetatik kanpo geratzen diren proiektu, jarduera eta gastuak:
4.6.1. Proiektu eta jarduera hauek deialdiaren esparrutik kanpo geldituko dira:
a) Diseinuan, abian jartzean eta ebaluazioan genero ikuspegia bere egiten ez duten proiektuak.
b) Aisialdiko jarduerak, edo ludikoak.
c) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren berezko programak eta jarduerak.
4.6.2. Gastu hauek ezin dira lagundu deialdian:
a) Banku kontuetako interes zordunak.
b) Interesak, errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak.
c) Prozedura judizialen gastuak.
d) Aperitiboen, oturuntzen eta antzekoen gastuak.
e) Entitate edo elkarte beraren publizitate edo sustapenarekin lotutako gastuak, Nafarroako Gobernuaren logotipoa eta NABIrena ez badira agertzen.
f) Jardueran parte hartu dutenentzako edonolako sari edo opariak.
5. oinarria. Diru-laguntzaren zenbatekoa.
5.1. Emakumeen elkarteentzako eta irabazi-asmorik gabeko elkarte eta entitateentzako diru-laguntzaren zenbatekoak muga hauek izanen ditu:
–Emakumeen elkarteen kasuan: 10.000 euroko diru-laguntza eman daiteke gehienez, proiektuaren kostua handiagoa bada ere.
–Irabazi-asmorik gabeko bestelako elkarte eta entitateen kasuan: 5.000 euroko diru-laguntza eman daiteke gehienez, proiektuaren kostua handiagoa bada ere.
5.2. Diru-laguntzaren zenbatekoa irizpide hauen arabera kalkulatuko da, betiere proiektuak gutxienez 50 puntuko balorazioa lortu badu deialdian ezarritako irizpideen arabera:
–3.000 euro edo gutxiago eskatzen duten proiektuei, eskatutakoaren %100 emanen zaie.
–3.000 euro baino gehiago eskatzen duten proiektuei, portzentaje hauen arabera emanen da diru-laguntza:
- 91-100 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, eskatutako zenbatekoaren %100.
- 81-90 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, eskatutako zenbatekoaren %90.
- 71-80 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, eskatutako zenbatekoaren %80.
- 61-70 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, eskatutako zenbatekoaren %70.
- 50-60 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, eskatutako zenbatekoaren %60.
5.3. Honela banatuko da aurrekontuko diru-izendapena:
–100.000 euro emakumeen elkarteek aurkeztutako proiektuetarako.
–50.000 euro irabazi-asmorik gabeko bestelako elkarte eta entitateetarako.
Onuradun mota bakoitzari (emakumeen elkarteei/irabazi-asmorik gabeko elkarteei) erreserbatutako kreditua agortzen ez bada, soberakina beste onuradun motarako kredituari gehituko zaio.
6. oinarria. Dokumentazioa.
6.1. Diru-laguntza eskatzen duten elkarte edo entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Eskabidea eta eranskinak, behar bezala beteak, eskatutako zenbatekoa eta proiektuaren zenbatekoa adierazita eta jardueren aurrekontua xehakatuta. Diru-laguntzen eskaerak ereduaren arabera aurkeztuko dira nahitaez; Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) izapideen katalogoko laguntzen fitxan eskuratzen ahal da eskabide eredua. Helbide elektroniko bat adierazi beharko da, Administrazioarekiko harremanetarako lehentasunezko bide gisa.
b) Nortasuna egiaztatzen duten agiriak, estatutuak (horietan jasoko da elkarteak edo entitateak duen konpromisoa bizitzaren arlo guztietan emakumeen eta gizonen arteko egiazko berdintasuna lortzeko), eta dagokion erregistroko inskripzioa.
c) Baimena, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak egiazta dezan elkarteak edo irabazi-asmorik gabeko entitateak tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta dauzkala. Baimen hori eman ezean, ziurtagiri eguneratua aurkeztu beharko dute, deialdia argitaratu ondotik egindakoa, non jasoko baita elkarteak edo entitateak eguneratuak dituela zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
d) Elkartearen edo entitatearen ordezkariak sinatutako adierazpena, ordezkaritza organoa osatzen dutenen identitate eta sexuaren berri ematen duena.
e) Elkarteen kasuan: elkartearen ordezkariak sinatutako adierazpena, emakumezko bazkideen kopurua, gizonezko bazkideen kopurua eta 30 urtetik beherako emakumezko bazkideen kopurua zehazten dituena.
f) Elkartearen edo entitatearen ordezkariak egindako erantzukizunpeko adierazpena, puntu hauek baieztatzen dituena:
–Elkartea edo entitatea ez dagoela sarturik Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako ezein debekutan.
–Entitate eskatzaileak beste edozein administrazio publikoren edo entitate pribatu baten laguntzak edo diru-laguntzak jaso eta/edo eskatu dituela xede eta helburu bererako, emanak nahiz ebatzi gabe egon, edo halakorik jaso eta/edo eskatu ez duela.
–Entitateak zigor edo administrazio arloko zehapen baten ondorioz diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu ez duela, eta horretarako desgaikuntza ekartzen duen legezko debekurik jaso ez duela.
g) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.
h) Halakorik bada, funtsen aurrerakinaren eskaera; diru-laguntzaren helburuak betetzeko diru-funtsak behar direla frogatzen duen txostena aurkeztuko da, 2017ko diru-sarreren eta gastuen mugimendu aurreikusiak, edo funtsen eskasia frogatzen duen edozein agiri.
6.2. Baldintza horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituztenean edo datuak administrazio horren esku daudenean, ez da eskatuko dokumentazio hori aurkeztea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatu bezala. Azken kasu horretan, agiria zein espedientetan jasotzen den zehaztu beharko da, eta hala egin dadila eskatzen ahalko da. Orobat, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan xedatutakoa hartuko da kontuan.
7. oinarria. Eskaerak aurkezteko modua eta epea.
7.1. Eskabideak eta atxikitako dokumentazioa Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren erregistroan aurkeztuko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako bideren baten bidez, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean.
Dokumentazioa erregistro orokor elektronikoan aurkezten bada, eskabideari eskaneatuta erantsiko zaizkio agiriak; dokumentu banatan aurkeztuko dira eta bakoitzari bere izena jarriko zaio.
Eskaera posta bulegoen bitartez aurkezten bada, posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan aurreikusitako moduan aurkeztu beharko da.
Eskaera erregistro orokor elektronikoan aurkezten ez bada, Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinarazi beharko zaio aurkezpenaren tokia, gestionrecursosinai@navarra.es helbide elektronikoaren bidez.
7.2. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo akatsak baditu, toki entitateari eskatuko zaio 10 egun naturaleko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala; halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera ezetsi, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekiko harremanetarako lehentasunezko bide gisa eskaeran adierazitako helbide elektronikoaren bidez eskatuko da akatsak zuzentzeko.
Ez da inoiz zuzenduko proiektua deskribatzen duen dokumentazioa.
8. oinarria. Balorazioa eta diru-laguntza emateko prozedura.
8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Sustapenaren eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari (Informazioaren, Sentsibilizazioaren eta Partaidetza Sozialaren Atalari) dagokio diru-laguntza emateko prozeduraren instrukzioa.
Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da. Diru-laguntzaren xede izateko gutxieneko puntuaziora iristen diren eskaera guztiei erantzun gabe agortuz gero aurrekontuko kontu-saila, hainbanatu eginen da zenbateko orokorra, 5. oinarrian adierazitako zenbatekoen arabera.
Modalitate batean diru-laguntzarik esleitzen ez badira edo aurreikusitako aurrekontua agortzen ez bada, soberakina beste modalitatearen aurrekontuari gehituko zaio.
8.2. Eskaerak I. eranskinean zehaztutako irizpideei jarraikiz ebaluatuko dira, eta, horretarako, instrukzio organoak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko edo beste departamentu batzuetako teknikarien laguntza izaten ahal du, eta egoki iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.
8.3. Gutxienez ere 50 puntu lortzen ez dituzten proiektuak ezetsiko dira.
Proiektuak diruz lagundu ezin diren ekintzak baditu, soilik diruz lagundu daitezkeenak hartuko dira kontuan.
8.4. Sustapenaren eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio ebazpen proposamena. Proposamenari txosten bat gehituko zaio, non adieraziko baita entitate onuradunek diru-laguntzak jasotzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.
9. oinarria. Ebazpena.
9.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du diru-laguntzei buruzko ebazpena eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 2 hilabeteko epean, gehienez ere. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, diru-laguntzaren fitxan. Bi hilabeteko epe hori bukatuta, ebazpen espresik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.
9.2. Diru-laguntzak ematen dituen ebazpenean honako hauek adieraziko dira: entitate eskatzaileen zerrenda, diruz laguntzen diren proiektuak eta proiektu bakoitzerako diru-laguntzaren zenbatekoa eta, kasua bada, zein eskaerari esan zaion ezetz (arrazoia zehaztuta).
Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen 20. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak, jakinarazi ondoko hilabetean, jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren atarian eta web-orrian (www.nafarroa.eus), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.
9.3. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.
10. oinarria. Proiektuak gauzatzean gertatzen diren gorabeherak.
10.1. Proiektuak deialdian ezarritako epeetan gauzatu beharko dira, eta eskaeran eta diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako moduan. Hala ere, proiektuaren aurreikusitako gauzatzea aldatzen duten inguruabarrak gertatzen direnean, aldaketa hauek egiten ahalko dira:
a) Proiektuan egin beharreko jardueren aldaketak.
b) Proiektuan egin beharreko ekintzen berrantolaketa ekonomikoa.
10.2. Proiektuan egin beharreko ekintzak aldatzeko, aldez aurretik baimena eskatu behar zaio organo kudeatzaileari. Interesdunak proiektuan ez dagoen beste jarduera bat, diru-laguntzaren helburua kontuan hartuta egokitzat jotzen dena, egitea proposatzen ahalko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuari.
Proposatutako aldaketak behar bezala arrazoitu eta aurkeztu beharko dira, aurreikusitako jarduera baino gutxienez 20 egun lehenago.
Balorazioa egiteko, oinarriotan ezarritako irizpideei jarraituko zaie, eta epe eta baldintzak beretan justifikatu beharko dira.
Proposatzen den jarduera berriak baldintza hauek bete beharko ditu:
a) Ordezten duen jardueraren maila tekniko berbera izatea.
b) Oinarrietan ezarritako baldintza eta forma berak betez aurkeztea.
Instrukzio organoak baloratuko du salbuespenekoak ote diren aldaketak eta horietarako ematen diren arrazoiak, haiek onartu edo ukatzeko.
Balorazioa eginda, aipatutako aldaketa berariaz baimendu edo ukatuko du Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak, eta, behar izatera, egokiak diren doikuntza ekonomikoak eginen dira.
10.3. Aldaketarako aldez aurreko baimena ez da eskatu behar proiektuan onartutako jardueraren bat egiten ez denean. Hala ere, jarduera horretarako aurreikusitako zenbatekoa ezin zaio gainerako jardueren aurrekontuari gehitu. Aurrekoa gorabehera, onuradunak behar bezala adierazi beharko ditu aldaketa horiek justifikazio agiriak aurkezten dituenean.
11. oinarria. Diru-laguntzen ordainketa eta justifikazioa.
11.1. Oro har, diru-laguntza ordainduko da haren xede den proiektua bukatu eta frogagiriak aurkeztu ondotik.
Hala ere, gizarte ekintzako programak direnez, diru-laguntza emateko ebazpenean erabakiko da diru-laguntzaren aurrerakina eskatu duten entitateei emandakoaren %100 aldez aurretik ordaintzea, Diru-Laguntzei buruzko Foru Legearen 33.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, betiere justifikatzen bada funtsen hornidura beharrezkoa dela diru-laguntzaren xedeak betetzeko.
Funtsez hornitu beharra justifikatzeko, entitateak kontuen egoera orria aurkeztu beharko du aurreko urtearen bukaeran diru-laguntzaren eskaerarekin batera, bai eta 2017ko diru-sarrera eta gastuen mugimenduen aurreikuspena ere, edo beste edozein egiaztagiri, diru-laguntzaren xedeak betetzeko aldez aurretik funtsez hornitu beharra frogatzeko.
Edozein ordainketa egin baino lehen, gardentasun betebeharrak bete beharko dira.
11.2. Diru-laguntzaren xedeko jarduketak egin ondoren, elkarte eta entitate onuradunek diruz lagundutako ekintza guztiak justifikatu beharko dituzte. Horretarako, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 2017ko abenduaren 1ean, beranduenez:
–Memoria, horretarako diseinatutako ereduaren araberakoa (“Memoriaren eredua”), Nafarroako Berdintasunerako Institutuan eskuratzen ahalko dena, edo, Internet bidez, web-orri honetan: www.igualdaddegenero.navarra.es.
Memoriarekin batera, egindako ekintzen frogagiriak aurkeztuko dira, bai eta ekintza horien ondoriozko produktuen edo zabalkunde eta publizitaterako prestatutako produktuen frogagiriak ere.
–Proiektua gauzatzeko enpresa bat kontratatuz gero, horren adierazpena, frogatzeko generoaren arloan prestakuntza eta eskarmentua duten pertsonak dituela eta horiexek direla proiektua gauzatzeko zuzeneko arduradunak.
–Egindako gastuen eta ordainketen frogagirien zerrenda (“Gastuen eredua”).
Justifikazio kontu baten bidez justifikatuko dira izandako gastuak eta ordainketak. Kontuak diru-laguntzaren xede diren jardueren eta haien kostuaren adierazpena bildu beharko du, jarduerak egiteko gastu guztiak zehazturik. Horretarako, jatorrizko fakturak eta ordainketa benetan egin dela frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira. Frogatzeko balio bera duten beste agiri batzuk eta faktura elektronikoak onartuko dira, baldin eta zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak betetzen badituzte.
–Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatik diruz laguntzen ahal den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada, entitateak frogatu beharko du enpresa eragimeneko eta ekonomiako irizpideei jarraikiz hautatu dela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.
–Agiri bidez frogatzea bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako ekintzetan izandako parte-hartzearen berri emateko betebeharra, egiten den publizitatean eta zabalkundean eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta honako testu hau txertatuz: “Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz laguntzen du”, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoekin bat.
–Proiektuak bestelako laguntzarik edo diru-laguntzarik jaso ote duen azaltzen duen berariazko adierazpena. Hala bada, jasotako zenbatekoen eta nondik jaso dituen zehatz-mehatz adieraziko da.
11.3. Instrukzio organoaren iritziz, gastuen justifikazioa eta haiek frogatzeko egindako ordainketena nahikoa ez bada, errekerimendua eginen dio elkarte edo entitate eskatzaileari, beharrezko frogagiriak erants ditzan hamar egun naturaleko epean. Eskabidean adierazitako helbide elektronikora eginen da errekerimendu hori.
11.4. Oro har, egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena. Aurrekoa gorabehera, ez da eskatuko 2017ko abenduaren 1a baino lehen ordaindu ezin diren finantza eta zerga gastuen benetako ordainketa, likidatzeko borondatezko aldia irekita ez egoteagatik.
12. oinarria. Bateragarritasuna.
Deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek Estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publikok zein pribatuk edo nazioarteko erakundeek helburu edo xede bererako emandako diru-laguntzak eta laguntzak jasotzen ahalko dituzte, haiek, guztira, proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute.
13. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.
Deialdi honen babesean diru-laguntza jasotzen duten elkarte eta entitateek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain:
a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea eta deialdiaren helburua betetzea.
b) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari diru-laguntzaren xede den proiektua dela-eta sortzen den edozein gorabeheraren berri ematea, eta aurkeztutako proiektuaren kudeaketa nahiz garapena aldatzeko baimena eskatzea idatziz, bestelako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortzea barne.
c) Justifikatzea betekizunak eta baldintzak bete direla, eta diruz lagundutako proiektua gauzatu eta diru-laguntzaren xedea bete dela.
d) Emandako diru-laguntzei buruz, egiaztatze lana eta kontrol teknikoa egiten uztea Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, baita horretarako eskumena duen edozein organori ere; jarduketa horietan eskatzen zaion informazio eta dokumentazio guztia aurkeztuko du.
e) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortzen diren bestelako laguntzak, diru-laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.
f) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak egoki erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatu behar zaion araudian agindutako moduan.
g) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.
h) Diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren egiten diren idatzizko eta ahozko publizitate eta zabalkundeetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren parte-hartzearen berri ematea.
i) Diru-laguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat (dekretu horrek arautzen ditu Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak). Betebehar hori betetzen ez bada, aipatu foru dekretuaren 7. artikuluan aurreikusitako ondorioak etorriko dira.
14. oinarria. Inbertitu gabeko gerakinak.
14.1. Diru-laguntza eman zeneko helburuak bete ondoren eta baliabideak efizientziaz erabiltzearen poderioz gerakin inbertitugabeak baldin badaude, horren barne direla diruz lagundutako jarduerari aplikatu ez zaizkion balizko finantza etekinak, onuradunek Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari eskatzen ahalko diote haiek erabiltzea izaera bereko edo antzeko izaerako beste jarduera batzuetan; hain zuzen ere, oinarri arautzaile hauen arabera diruz laguntzeko modukoak izan eta elkarte edo entitate onuraduna gauzatzen ari den jardueretan.
14.2. Inbertitu gabeko gerakinak erabiltzea baimentzeko eskaeran, abiatutako edo, hala bada, bukatutako proiektuaren helburuen zabalpena eta dagokion aurrekontua zehaztuko dira.
14.3. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak, Sustapenaren eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak proposatu ondoren, ebatziko du gerakina aplikatu behar dela eta, horren ondorioz, gerakinaren xedeko diru-laguntza emateko ebazpena aldatu, edo deskribatutako gerakinak itzuli behar direla.
15. oinarria. Diru-laguntzak itzultzea.
Diru-laguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko zioek (Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan bildutakoek) eta foru lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuek jasotako zenbatekoa, osorik edo partez, itzuli behar izatea ekarriko dute, baita berandutza interesak pagatzeko eskatzea ere, diru-laguntza eman zenetik hori itzuli behar dela erabaki bitarte.
16. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.
17. oinarria. Errekurtsoak.
Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.
18. oinarria. Arau osagarriak.
Oinarriotan ezarri gabeko orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoa den gainerako araudian xedatutakoak aginduko du.
I. ERANSKINA BALORAZIO IRIZPIDEAK Proiektuari lotutako irizpideak (70 puntu bitarte) |
IRIZPIDEAK | NEURTU BEHARREKO ALDERDIAK | APLIKAZIOA |
KALITATEA (60 puntu) | Koherentzia (Gehienez ere 20 puntu) | –Helburu orokorra definitzea: 5 P –Jarduerak deskribatzea, eta berariazko helburuekin eta xedeko publikoarekin lotzea: 5 P –Egutegia eta xedeko publikoa:5 P –Ebaluazioaren adierazle neurgarriak: 3 P –Baliabide berekiak erabiltzea: 2 P |
Genero ikuspuntuaren ezartze maila (Gehienez ere 20 puntu) | –Hizkera inklusiboaren erabilera: 5 P –Diagnostikoan emakumeen perspektiba eta egoera kontuan hartzea: 5 P –Sexuaren arabera bereizitako datuak, eta datuen analisia:5 P –Ebaluazio adierazleak, xedeko populazioaren sexuaren arabera bereiziak: 5 P | |
Entitateak/elkarteak berdintasuna bultzatzeko egiten dituen beste proiektu eta jarduketa batzuekiko harremana (Gehienez ere 5 puntu) | –2 programekin: 5 P –Programa batekin: 3 P –EZ: 0 P | |
Aurreikusitako eragina/emaitza (Gehienez ere 5 puntu) | Nafarroan: 5 P Eskualde batean edo herri batzuetan: 3 P Herri batean: 1 P | |
Elkartean emakume gazteen (14 urtetik 30era bitarteko emakumeen) parte-hartzea sustatzea (Gehienez ere 5 puntu) | –Sustapenerako berariazko ekintzak programatzea: 2,5 P –Elkarteko emakume gazteei buruzko adierazpena: 2,5 P | |
Emakumeen beste elkarteekin lankidetzan aritzea, proiektua egin eta garatzeko (Gehienez ere 5 puntu) | 2 baino gehiagorekin: 5 P 2rekin: 4 P 1ekin: 3 P | |
BERRIKUNTZA (5 puntu) | Balioak aldatzeko, emakumeak ahalduntzeko, eta berrikuntzaren aldetik emaitza ona lortu duten esperientziak transmititzeko (Gehienez ere 5 puntu) | Presentzia sare sozialetan: 3 P Ekintza berritzaileak bere lurraldean: 2 P |
SAREKO LANA (5 puntu) | Beste elkarte eta/edo entitate batzuekin (Gehienez ere 5 puntu) | |
PROIEKTUA, GUZTIRA: 70 puntu | ||
Entitate eskatzaileari dagozkion irizpideak (30 puntu bitarte) |
IRIZPIDEAK | NEURTU BEHARREKO ALDERDIAK | APLIKAZIOA |
EMAKUMEZKO BAZKIDEAK (14 puntu) | Bazkideen %80tik %85era bitarte, emakumeak Bazkideen %85etik gora, emakumeak | 10 puntu 14 puntu. |
KOKAPEN GEOGRAFIKOA (4 puntu) | Elkarte edo entitatearena | 0-1000: 4 P 1001-3000: 3,5 P 3001-5000: 3 P + 5000: 2,5 P |
ESPERIENTZIA (4 puntu) | Genero berdintasunaren arloan gauzatutako proiektuak. Egindako 2 lan deskribatzea, gehienez 4 orrialdetan (4 P) | Kalitatea Irismena Berdintasuna lortzeko ekarpena |
AUKERA BERDINTASUNEKO AGENTEA (3 puntu) | Berdintasuneko teknikaria (3 P) | BAI: 3 P EZ: 0 P |
ZUZENDARITZA/LEHENDAKARITZA (5 puntu) | Emakume bat izatea irabazi-asmorik gabeko entitatea ordezkatzen duen zuzendaritza batzordeko (edo organo baliokideko) burua. | 5 P |
ENTITATEA, GUZTIRA: 30 puntu | ||
A motako eskaera. Jardueren proiektua.
1. eranskina.–Jardueren proiektua.
2. eranskina.–Zuzendaritza batzordearen osaerari buruzko adierazpena.
3. eranskina.–Bazkideei buruzko adierazpena.
4. eranskina.–Onuradun izateko erantzukizunpeko adierazpena.
5. eranskina.–Funtsen aurrerakinaren eskaera.
6. eranskina.–Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.
7. eranskina.–Baimena.
B motako eskaera. Topaketaren proiektua.
1. eranskina.–Topaketaren proiektua.
2. eranskina.–Zuzendaritza batzordearen osaerari buruzko adierazpena.
3. eranskina.–Bazkideei buruzko adierazpena.
4. eranskina.–Onuradun izateko erantzukizunpeko adierazpena.
5. eranskina.–Funtsen aurrerakinaren eskaera.
6. eranskina.–Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.
7. eranskina.–Baimena.
8. eranskina.–Topaketaren antolakuntzan parte hartzen duten elkarteei buruzko adierazpena.
Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.
Iragarkiaren kodea: F1704727
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
