1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
22E/2017 FORU AGINDUA, apirilaren 10ekoa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, urriaren 26ko 35E/2016 Foru Agindua aldatzen duena, hau da, enplegu sozial babestuari laguntzeko xedearekin toki entitateei diru-laguntzak emateko 2017. urteko deialdia onesten duena.
Eskubide Sozialetako kontseilariaren urriaren 26ko 35E/2016 Foru Aginduaren bidez, toki entitateei diru-laguntzak emateko deialdia onetsi zen, enplegu sozial babestuaren programa garatzeko. Deialdian horrelako proiektuak 2017. urtean gauzatzeko diru-laguntzak emateko prozeduraren oinarri arautzaileak jaso ziren.
2017rako proiektuak aurkezteko epea 2016ko azaroaren bukatu zen; guztira, 46 proiektu aurkeztu ziren.
Gero, 2017. urtearen hasieran, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko Kontabilitate Zerbitzuak zenbait ohartarazpen egin zituen 35E/2016 Foru Agindu horren 13. eta 14. oinarrien gainean, diru-laguntzen justifikazioari eta ordainketari dagokienez, zeinak araubide horren arabera indarreko aurrekontu-ekitaldian egin behar baitira.
Horretarako, oinarrietan aldaketa hauek egitea proposatzen da: Batetik, diru-laguntzaren ordainketa aurreratua egitea toki entitateek egiaztatzen dutenean, programa gauzatzeko, funtsak aldez aurretik behar dituztela; horretarako, 13. oinarria aldatu beharra dago.
Bestalde, ordainketa egiteko justifikazio eta bilakaera txostenak aurkezteko epearen azken eguna aldatzea: hasiera batean abenduaren 31 zen, eta orain 2017ko azaroaren 15a izanen da azken eguna.
Azkenik, justifikazio ekonomikoaren balorazioa arinago egiteko, dokumentazioa sinplifikatzeko eta toki entitateek eta mankomunitateek justifikazio kontu gisa proiektuari egotzitako gastuaren gainean egin beharreko ziurtapena errazteko, “Diru-laguntzaren justifikazioa” izeneko 14. oinarria aldatu beharra dago.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.2 artikuluaren b) idatz-zatiak, Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuaren 3.1. artikuluaren a) idatz-zatiari dagokionez, eman dizkidan eskudantziak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Eskubide Sozialetako kontseilariaren urriaren 26ko 35E/2016 Foru Aginduaren I. eranskineko hamahirugarren eta hamalaugarren oinarriak aldatzea, hemendik aurrera foru agindu honen I. eranskinean ezarritako testua izanen baitute. Foru agindu horren bidez, toki entitateei diru-laguntzak emateko deialdia onetsi zen, enplegu sozial babestuari laguntzeko.
2. Foru agindu hau Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiko Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarteratze-lanaren Zerbitzuari eta departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegoari igortzea, baita Diru-laguntzen Datu Base Nazionalari ere, behar diren ondorioak izan ditzan.
3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Foru agindu honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute toki entitateek, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazten denetik bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe aurretik errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1988 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2017ko apirilaren 10ean.–Eskubide Sozialetako Departamentuko kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.
ERANSKINA
Aldatutako oinarriak
1.–Eskubide Sozialetako kontseilariaren urriaren 26ko 35E/2016 Foru Aginduaren I. eranskineko hamahirugarren oinarria aldatzen da, eta hemendik aurrera honelako testua izanen du (foru agindu horren bidez, toki entitateei diru-laguntzak emateko deialdia onetsi zen, enplegu sozial babestuari laguntzeko):
“Hamahirugarrena.–Diru-laguntzaren ordainketa.
1. Oro har, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoari jarraikiz ordainduko da diru-laguntza, jarduera egin dela frogatu ondoren, 14. oinarrian xedatutakoari jarraikiz. Ordainketa partzialik egotera, horiek proportzionalki pagatuko dira, kasuan kasuko gastuak justifikatu ondotik.
2. Organo deitzaileak ordainketa aurreratua egin dezake, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarri bezala, betiere justifikatzen bada funtsak aldez aurretik behar direla diru-laguntzaren helburuak betetzeko. Horretarako, funts horniduraren beharra frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du entitateak, honako hauek erantsita: likideziaren behar iragankor hori frogatzen duen txostena, ordezkariaren ziurtagiri bat, entitatearen izenean dauden banku kontuak agertzen dituena, bankuko kontuetako uneko saldoak agertzen dituen bankuko ziurtagiri bat –banku elektroniko bidez lortutakoak ere onartuko dira–, eta diruzaintzako fluxuen hileroko aurreikuspen bat, kobrantzak, ordainketak, maileguak eta abar zehazten dituena, edo diru-laguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar direla frogatzen duen beste edozein ziurtagiri.
3. Ordainketa aurreratua egitea bidezkoa den kasuetan, honela jokatuko da:
a) Esleitzen den diru-laguntza 150.000 eurokoa edo txikiagoa baldin bada, epe bakarrean ordainduko da, aurrerakin gisa, diru-laguntza emateko ebazpenarekin batera.
b) Esleitzen den diru-laguntza 60.000,00 eurotik gorakoa bada, honela ordainduko da: esleitutako zenbateko osoaren %50 ebazpena sinatzearekin batera, eta beste %50a aurrerakin horren eta, baldin badago, kofinantzaketaren frogagiriekin batera.
4. Nolanahi ere, ordaintzeko azken txostena 2017ko azaroaren 15a baino lehen aurkeztu beharko da, eta onartutako diru-laguntzaren %100 ordaintzeko aski izanen da proiektuan parte hartzen duten langile guztien lan kontratuak aurkeztea. Justifikazio gisa lan kontratuak aurkeztea bakar-bakarrik onartuko da azaroan aurkezten diren justifikazioetan.
5. Hala ordainketa aurreratuak nola aurreko puntuaren arabera egiten direnak hurrengo oinarrian ezarritakoari jarraikiz justifikatu beharko dira.”
2.–Eskubide Sozialetako kontseilariaren urriaren 26ko 35E/2016 Foru Aginduaren I. eranskineko hamalaugarren oinarria aldatzen da, “Diru-laguntzaren justifikazioa” izenekoa, eta hemendik aurrera honelako testua izanen du (foru agindu horren bidez, toki entitateei diru-laguntzak emateko deialdia onetsi zen, enplegu sozial babestuari laguntzeko):
“Hamalaugarrena.–Diru-laguntzaren justifikazioa.
1. Entitate onuradunek diruz lagundutako programaren gauzatzeari buruzko txosten teknikoa eta ekonomikoa aurkeztu beharko dute, inprimaki ofizialean. Eredua Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarteratze-lanaren Zerbitzuan eskura daiteke, edo Nafarroako Atarian (www.navarra.es/AyudasyBecas).
2. Txosten partzialak edo azkenekoak justifikazio kontuaren itxura izanen du, eta elementu hauetaz osatuko da:
a) Tarteko ordainketak egiteko txosten partziala:
a.1) Diruz lagundu zaion programa nola garatzen ari den azaltzen duen txosten labur bat, horretarako ezarritako ereduari jarraikiz egina. Tarteko txosten horiek aurkezturik ere, programaren azken txostena aurkeztu beharko da hura bukatutakoan.
Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarteratze-lanaren Zerbitzuak proiektuaren bilakaerari buruzko txosten bat aurkezteko eskatzen ahalko du, ekitaldiko edozein unetan, diruz lagundutako jarduerak zenbateraino gauzatu diren azalduko duena.
a.2) Idazkariak edo entitatearen fede publikoa duen pertsonak luzatutako ziurtagiria, emandako diru-laguntzaren gastu osoari eta entitatearen ekarpen ekonomikoari buruzkoa, honako hauekin batera:
–Proiektuan parte hartzen duten eta kontratatu diren pertsonen zerrenda, eredu normalizatuaren arabera prestatua.
–Joan-etorrietarako kontzeptu gisa diruz lagundutako proiektuari aplikatutako gastuen zerrenda, hala proiektuko parte-hartzaileenak, nola laguntzarako langileenak eta obra-lekuko begiraleenak.
–Prestakuntza atalari dagozkion gastuen zerrenda, eta, orobat, entitateak proiektuari edo proiektuaren kofinantzaketari egotzi nahi dizkion beste gastu batzuena.
–Parte hartzen duten pertsonen lan kontratuak, hamahirugarren oinarriaren 4. puntuan ezarritako baldintza betetzen dela justifikatzeko, betiere azken ordainketa egiteko justifikazio bide hori aukeratzen bada.
b) Azken txostena, eredu ofizialaren araberakoa, proiektua bukatu ondoan:
b.1) Proiektuaren exekuzioari buruzko txosten teknikoa, eredu ofizialaren arabera prestatua, gutxienez honako atal hauek jasoko dituena, aurkeztutako proiektuan adierazitakoarekin bat:
–Lortutako helburuen zehaztapena.
–Lortutako emaitzak.
–Egindako jarduerak.
–Egindako jarduerak egiaztatzeko iturriak.
b.2) Proiektuaren diru-sarreren eta gastuen balantzea, kontzeptuen arabera sailkaturik.
b.3) Diruz lagundutako proiektuaren justifikazio ekonomikoa, oinarri honen aurreko paragrafoetan hurrengo ordainketak egiteko ezarritako baldintza beretan.
b.4) Beste edozein dokumentazio grafiko nahiz idatzizko, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako proiektuaren gauzatzearen edo martxa onaren berri emateko.
3. Egozten diren gastu guztietarako, behar diren gastu eta ordainketa frogagiriak aurkeztu beharko dira, kontrol organoak egiazta ditzan. Organo horrek lagin bat berrikustea erabaki dezake. Frogagiri horiek fakturak izanen dira, edo, hori ezean, banku-laburpenak, ordainagiriak eta fakturak, datu hauek jasoko dituztenak. jaulkitzailea, hartzailea, data, kontzeptua, prezioa eta ordaintzeko modua. Langileria gastuak haien gaineko dokumentazioaren bidez frogatuko dira (kontratuak, nominak, kotizazio buletinak, etab.).
4. Entitatea behartua dago aurreko puntuan zehaztutako gastu guztien frogagiriak bost urtez gordetzera (gastuen frogagiriak, ordainagiriak, fakturak, banku-laburpenak, etab.), baita sinatutako kontratuak eta horien gastuen gaineko dokumentazioa ere, bai proiektuan parte hartzen duten langileenak, bai laguntzarako langileenak eta obra-lekuko begiraleenak, dokumentazio hori berrikusi beharra gertatzen den kasuetarako.
5. Jarduerak diru-laguntzaz gain funts berekiekin edo beste diru-laguntza edo baliabide batzuekin ere finantzatu badira, funts horien zenbatekoa, jatorria eta jardueretan izan duten aplikazioa frogatu beharko dira, eta ziurtatu proiekturako hartutako finantzazioak ez duela proiektuaren guztirako gastuaren %100 gainditzen. Toki entitateko idazkari lanak egiten dituenak ziurtatu beharko du hori.
Diru-laguntzaren azken ordainketarako eskubidea ematen duen azken txosten partziala aurkezteko azken eguna 2017ko azaroaren 15a izanen da.
6. Azken txostena, beranduenez, 2018ko otsailaren 10ean aurkeztu beharko da, egun hori barne.
7. Justifikatzen den gastua ez bada iristen aurreratutako edo kontura ordaindutako guztizko zenbatekora, frogagiri bat aurkeztu beharko da erakusteko diru-sarrera bat egin dela Eskubide Sozialetako Departamentuaren alde, aurreratutako edo kontura ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa, deusetan galarazi gabe diru-laguntzaren espedientea ixten duen ebazpenean ezartzen dena. Diru-sarrera horren bidez entitateak adieraziko du itzuli duen zenbatekoari uko egiten diola.
Entitate onuradunak organo kudeatzaileari eskatuko dion ordainketa-gutunaren bidez eginen da diru-sarrera.”
Iragarkiaren kodea: F1704573