82. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

EBAZPENA, 2017ko apirilaren 10ekoa, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak emana. Horren bidez onesten da Nafarroako Kontuen Ganberaren zerbitzuko auditoretzako teknikari izateko lau lanpostu huts oposizio bidez betetzeko deialdia (horietako baterako euskaraz jakin behar da).

Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak, apirilaren 10ean, honako ebazpen hau eman du:

Ganberaren 2017rako plantilla organikoan aurreikusirik daude Ganberaren zerbitzuko auditoretzako lau lanpostu huts (horietako baterako euskaraz jakin behar da); lanpostu horiek oposizio bidez betetzeari dagokionez, Nafarroako Kontuen Ganberako idazkari nagusiak proposamena igorri du. Halaber, erakundearen zerbitzu juridikoek, kontu-hartzailetzakoek eta administratzaileak aldeko txostenak eman dituzte. Horiek horrela, proposamena ikusirik, lehendakaritza honek, indarrean dagoen araudiarekin bat, aurretik egin den lekualdatze lehiaketaren deialdia bete gabe gelditu dela deklaratu ondoren,

EBATZI DU:

Lehena.–Nafarroako Kontuen Ganberaren zerbitzuko auditoretzako teknikari izateko lau lanpostu huts (horietako baterako euskaraz jakin behar da) oposizio bidez betetzeko deialdia onestea. Ondoren ematen dira haren oinarriak.

Bigarrena.–Deialdi hau Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Kontuen Ganberaren web orrian argitara dadila xedatzea. Iruñean, 2017ko apirilaren 10ean. Lehendakaria, Asunción Olaechea Estanga.

Deialdia, Nafarroako Kontuen Ganberaren zerbitzuko auditoretzako teknikari izateko lau lanpostu huts oposizio bidez betetzeko (horietako baterako euskaraz jakin behar da).

Hona hemen deialdi horren:

OINARRIAK

1. oinarria. Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Kontuen Ganberaren zerbitzuko auditoretzako teknikari izateko lau lanpostu huts oposizio bidez betetzea (horietako baterako euskaraz jakin behar da):

–Lehendabizikoa eta hirugarrena txanda irekikoak dira. Horietako baterako euskaraz jakitea berariazko baldintza da eta eskuratu ahal izateko baldintza hori frogatu beharko da.

–Bigarrena eta laugarrena igoera txandakoak dira.

1.2. 1991ko martxoaren 21eko Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuan eta, modu osagarrian, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta hori garatu eta betearazteko sarrera erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuan xedaturikoarekin bat burutuko da oposizioa.

1.3. Igoera txandako lanpostuak, izangairik ez dagoelako edo izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako bete gabe geldituz gero, txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Bestalde, igoera txandan lanpostu hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditu arren lanposturik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

Era berean, euskaraz jakitea berariazko baldintza duen lanpostua eskuratu nahi dutenen artean izangai bat baino gehiagok gainditzen badituzte probak, probak gainditurik ere lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute deialdiko gainerako lanpostu hutsak eskuratzeko, gainerako izangaiekin lehia garbian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera. Bestaldetik, euskaraz jakitea berariazko baldintza duen lanpostu hutsa bete gabe gelditu dela deklaratzen bada, ez zaie hori gainerako lanpostuei gehituko eta beste deialdi baten xedea izan beharko da.

1.4. Deialdi honen bidez izendatutako izangaiek Nafarroako Kontuen Ganberako funtzionarioentzat eta, bereziki, auditoretzako teknikari lanpostuarentzat ezarritako eginkizunak bete eta horien eskubide eta betebeharrak izanen dituzte.

Beren eginkizunak Nafarroako Kontuen Ganberaren Antolaketarako Erregelamenduaren 11. artikuluan ezarritakoak dira. Erregelamendua Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak onetsi zuen 2007ko otsailaren 16ko Ebazpenaren bidez (2007ko 19. Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofiziala, martxoaren 2koa). Hona hemen eginkizun horietako batzuk: a) orokorki, auditoreek ezartzen dizkieten irizpideei jarraituz, kontuen, finantzen egoera-orrien, barne kontrolaren eta orotariko antolamenduaren gorabeherak aztertu eta gainbegiratzea; unean-unean kontrolatzen diren zentro, erakunde eta bulegoetako eraginkortasun eta efizientziaz arduratzea; b) beren eginkizunetan arituz lortzen dituzten emaitzei eta ondorioei buruzko txostenak ematea auditoreei; c) auditoreei laguntza ematea taldeari esleitutako lanaren plangintzan eta antolaketan, baita egindako kontrol lanaren garapenean lortutako behin-behineko emaitzen eta ondorioen berrikuspenean ere; eta d) beren eskumenen barruan, nagusi duten auditoreak esleitzen dizkien laguntza eta lankidetzako lan guztiak.

Eginkizun horietan jarduteko euskaraz jakitea beharrezkoa denean, hizkuntza hori jakin behar duen izangaiari esleituko zaizkio.

1.5. Izendapena dela bide, izendatua Kontuen Ganberako plantillako nominadun funtzionario bihurtuko da eta indarra duten xedapenetan ezarritako eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu.

1.6. Lanpostuak lanpostuen egungo sailkapenaren B mailan sartzen dira eta horri dagozkion lansariak izanen dituzte, eta Nafarroako Kontuen Ganberaren indarreko plantilla organikoan zehazten diren osagarriak gehituko zaizkie.

1.7. Izendatzen diren funtzionarioak Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartu eta afiliatuko dira, araubide horren babesean, salbu eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuan eta hori osatzen duten xedapenetan aipatzen den eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubideko kideak badira, kasu horretan aukera izanen baitute araubide horretan segitzeko edo Gizarte Segurantzan afiliatzeko.

1.8. Lanaldia, oro har, ordutegi jarraian eginen da, astelehenetik ostiralera, 7:45etik 15:15era, Kontuen Ganberako lehendakariak noiznahi aldatzen ahal badu ere, zerbitzuaren beharretara egokitzeko.

2. oinarria. Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, agiriak aurkezteko epean (deialdiaren 7.3 atalean adierazia) eta lanpostuaren jabetza hartu arte, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Adin nagusikoa izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Unibertsitateko diplomadun titulua, ingeniari teknikoarena edo arkitekto teknikoarena, gradua edo ofizialki baliokidetzat jotzen den titulazioa edukitzea, edo eskuratzeko baldintza guztiak betetzea eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edo lizentzia edo ingeniaritza bateko edo arkitekturako lehenengo hiru ikasmailak osorik gaindituak izatea.

d) B motako ibilgailuentzako gidabaimena izatea. Beharkizun horretatik salbuetsita egonen dira frogatzen dutenak legezko eragozpenengatik ezin dutela baimen hori lortu.

e) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

f) Dagozkion eginkizun publikoak betetzeko desgaiturik edo bazterturik ez egotea eta administrazio publikoren bateko zerbitzutik bereizia ez izatea.

g) Euskaraz jakitea berariazko baldintza duen lanpostua eskuratu nahi bada: Euskararen Gaitasun Agiria edo Euskarako Goiko Ziklokoa edukitzea, EGA edo C1 mailakoa, hizkuntza eskola ofizial batek luzatua edo ofizialki baliokidetzat jotzen den erakunde batek luzatua, edo aski den hizkuntz maila frogatzeko proba bat gainditzea.

2.2. Igoera txandako izangaiek, aurreko atalean aipatu diren baldintzez gain, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, deialdi honetako 7.3. oinarrian agiriak aurkezteko epeak iraun bitartean eta lanpostuaren jabetza hartu arte, honako hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Kontuen Ganberako funtzionario izatea, eta jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo apalagokoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua frogatzea.

2.3. Aurreko baldintzak deialdiaren 3. oinarrian ezarritako epean eta eran frogatu beharko dira. Baldintza horiek eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean bete behar direla ulertuko da. Era berean, izangaiek 2. oinarri honen 1. atalean aipatzen diren baldintza guztiak hautapen prozesuak iraun bitartean bete beharko dituzte. Hautapen prozesua izendapenarekin bukatzen dela ulertuko da.

3. oinarria. Eskaerak.

3.1. Oposizioan parte nahi dutenek behar den eskaera aurkeztu beharko dute, eskabide baten bidez, eredu ofizialarekin bat (deialdiaren I. eranskina). Bertan jarriko dituzte izen-deiturak, adina, nortasun agiriaren zenbakia, helbidea, helbide elektronikoa eta telefonoa, baita parte hartu nahi duten txanda ere, eta, txanda irekiaren kasuan, adierazi beharko dute euskaraz jakitea berariazko baldintza duen lanpostua eskuratu nahi duten.

3.2. Eskabidean deialdi honen 2. oinarrian aipatzen diren baldintza guztiak betetzen direla espresuki agerrarazi beharko da, eta horiek frogatu beharko dira deialdiaren 7. oinarrian ezarrita dagoen moduan.

3.3. Eskabideak Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariari zuzenduko zaizkio eta Nafarroako Kontuen Ganberaren erregistro orokorrean aurkeztuko dira (Iruñeko Ansoleaga kalea, 10), egun eta ordu baliodunetan (goizeko 9:00etatik 14:00etara bitarte, astelehenetik ostiralera), hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan adierazitako bideetakoren bat erabiliz.

Eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek eskabideari data eta zigilua jarri diezazkioten, ziurtatu eta Nafarroako Kontuen Ganberaren Erregistro Orokorrera igorri baino lehen.

Eskabideak Kontuen Ganberaren Erregistro Orokor Elektronikoan ere aurkezten ahalko dira, bere egoitza elektronikoaren bidez.

3.4. Desgaitasun aitortua duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskatzea; horretarako, eskaeran adierazi beharko dute eta aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera desgaitasunen bat dutela frogatzen duen agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.5. Eskabide eredua interesdunen eskura egonen da Kontuen Ganberaren Erregistro Orokorrean, bai eta erakundearen web-orrian ere.

4. oinarria. Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Kontuen Ganberaren iragarki-oholean eta web-orrian argitaratuko da. Zerrendan izangai onartuen eta baztertuen izen-abizenak agertuko dira, baita zein txandatan (txanda librea ala igoera txanda) aurkezten diren ere. Izangai bazterturik ez badago, behin betiko zerrenda argitaratzen ahalko da zuzenean.

4.2. Interesdunek egoki jotzen dituzten erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko zerrendaren aurka eta, akatsik izan bada, haiek zuzendu, zerrenda hori Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hamar egun balioduneko epearen barruan.

4.3. Erreklamazioak egiteko epea iraganik eta horiek ebatzita, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta Parlamentuko Aldizkari Ofizialean, Ganberako iragarki-oholean eta web-orrian argitaratuko da.

5. oinarria. Epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.

5.1. Hona hemen oposizioaren epaimahaiko kideak:

Mahaiburua:

–Karen Moreno Orduña andrea, Nafarroako Kontuen Ganberako auditorea.

Ordezkoa: Ignacio Cabeza del Salvador, Nafarroako Kontuen Ganberako auditorea.

Mahaikideak:

–Francisco Javier Aurrecoechea Gutiérrez, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketa Ekonomikoaren Ataleko burua.

Ordezkoa: Elena Garde Macías, Nafarroako Gobernuko Kontu-hartze Orokorraren Zerbitzuko zuzendaria.

–Marta Sabalza Navallas andrea, Nafarroako Kontuen Ganberako auditoretzako teknikaria, erakundeko langileen batzordeak izendatua.

Ordezkoa: José Miguel Biurrun Martiarena, Nafarroako Kontuen Ganberako auditoretzako teknikaria, erakundeko langileen batzordeak izendatua.

–Ignacio Barquero Solanes, Aragoiko Kontuen Ganberako auditoretzako zuzendaria

Ordezkoa: Miguel Luque Magaña, Aragoiko Kontuen Ganberako auditoretzako teknikaria.

Idazkaria:

–Gemma Angélica Sánchez Lerma, Nafarroako Kontuen Ganberako legelaria.

Ordezkoa: José Luis Ezquerro Royo, Nafarroako Kontuen Ganberako legelaria.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi aitzin osatu beharko da. Ez du eratzerik izanen, ez eta aritzerik ere, bertan mahaikide gehienak ez badira.

5.3. Epaimahaiaren eraketak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.4. Deialdi honen oinarriak ulertu edo aplikatzean sor daitezkeen zalantzak edo erreklamazioak, bai eta aurreikusita ez dauden kasuetan egin beharrekoa ere, epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu.

5.5. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo deitzaileari horren berri emanen diote, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean badaude. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria. Oposizioaldia nola egin.

6.1. Oposizioaldia 2018ko urtarriletik aurrera hasiko da. 2017ko azaroaren 30a baino lehenago tokia, eguna eta ordua argitaratuko dira Kontuen Ganberako iragarki-oholean eta web-orrian.

6.2. Oposizioaldiak hiru ariketa izanen ditu; horietako bi, praktikoak izanen dira eta bestea, teorikoa. Proba horien edukia eta puntuazioa honako hauek izanen dira:

a) Lehenengo ariketa, praktikoa; bertan 4 orduz, kontabilitate publiko eta/edo pribatuko kasu bat edo batzuk ebatzi beharko dira (halaber, matematika finantzario eta/edo estatistikako kasu praktikoren bat izaten ahalko du). Ariketa hori egiteko, oposiziogileek kontuen taula izaten ahalko dute. Kontuen Ganberak emanen du hori eta erreferentzia gisa honako araudi hau hartuko da kontuan: 1514/2007 Errege Dekretua, azaroaren 16koa, Kontabilitate Plan Orokorra onesten duena; EHA/1037/2010 Agindua, apirilaren 13koa, Kontabilitate Publikoaren Plan Orokorra onesten duena; 270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aurrekontuen eta gastu publikoaren alorretan garatzen duena; 271/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea garatzen duena aurrekontu egituraren arloan; 272/1998 Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Foru Administraziorako Kontabilitate Jarraibide Orokorra onesten duena.

Lehendabiziko ariketa honetan 35 puntu lortzen ahalko dira, gehienez ere, eta gutxienez 17,50 puntu atera beharko dira proba gainditzeko.

b) Bigarren ariketa, praktikoa; bertan lau orduz, auditoretza publiko edo/eta pribatuko kasu bat edo batzuk ebatzi beharko dira, epaimahaiak jarriko dituenak. Proba honetan 35 puntu lortzen ahalko dira, gehienez ere, eta gutxienez 17,50 puntu atera beharko dira proba gainditzeko.

c) Hirugarren ariketa, teorikoa; gehienez ere 5 ordu iraunen du, eta 30 puntuko balorazio globala izanen du. Bi zatitan garatuko da; honela:

1. Deialdiaren II. eranskinean adierazitako gai zerrendatik zozketa bidez ateratako gai bat idatziz garatu beharko da. 15 puntu lortzen ahalko dira, gehienez ere, eta gutxienez 7,5 puntu atera beharko dira proba gainditzeko.

2. Deialdiaren II. eranskineko gai zerrendari lotutako 10 galdera planteatuko ditu epaimahaiak eta idatziz erantzun beharko dira. Zati horretan 15 puntu lortzen ahal dira gehienez, hau da, 1,5 puntu galdera bakoitzeko. Proba gainditzeko, gutxienez, gehieneko puntuazioaren erdia lortu beharko da, hau da, 7,5 puntu, eta 10 galderetako 8etan, gutxienez, puntuazioa eskuratu.

6.3. Lehen bi ariketa praktikoen kasuan, plika itxien sistemaren bidez eginen da zuzenketa. Horretarako, izangaiek, ariketa bakoitza bukatzean, idatzitako orriak gutun-azal batean sartuko dituzte, izenik jarri gabe. Izen-deiturak bestearekin batera aurkeztuko den gutun-azal txikiago batean idatziko dituzte. Bi gutun-azaletan epaimahaiak zenbaki bera jarriko du. Ariketak zuzendu ondoren eta kasuan kasuko plika zenbakiari puntuak eman ondoren, gutun-azal txikia jendaurrean irekiko da, ariketa bakoitzaren egilea zehazteko.

6.4. Ariketa teorikoaren kasuan, hori bukatu ondoren, izangaiek gutun-azal batean sartuko dituzte idatzitako orriak. Interesdunak eta epaimahaiko idazkariak sinatuko dute hegalean eta idazkariak gordeko du gutun-azala. Bidezko denean, alfabetozko hurrenkerari jarraituz, izangaiak, epaimahaiaren aurrean, berak sinaturiko gutun-azalak ireki eta ariketa jendaurrean irakurriko du. Gero, epaimahaiak kalifikatuko du.

6.5. Kalifikazioaren ondoren epaimahaiak ariketa bakoitzaren emaitza Kontuen Ganberako iragarki-oholean eta web-orrian argitaratuko du eta hurrengo probaren lekua, eguna eta ordua adieraziko ditu, 48 ordu lehenago gutxienez.

Ariketa bakoitzaren puntuazioa aurreko probetan izangaiek lortzen dutenari gehituko zaio eta, horrela, oposizioaldiaren guztizko puntuazioa aterako da.

6.6. Probarako dei bakarra eginen da. Hartara nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute izangaiek. Azterketan azaltzen ez direnak edo haien nortasuna egiaztatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.

6.7. Oposizioaldiko probak egiteko orduan, halaxe eskatzen duten minusbaliatuek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

7. oinarria. Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Oposizioaldia bukatu ondoren, epaimahaiak gainditu duten izangaien zerrenda (txanden arabera eta txanda bakoitzean ateratako puntuazioaren arabera) argitaratuko du Nafarroako Kontuen Ganberako iragarki-oholean eta web-orrian.

7.2. Epaimahaiak puntu gehien lortu dituen izangaia izendatzeko proposamena igorriko dio Kontuen Ganberako lehendakariari, oposizioko aktak eta gainerako agiriekin batera. Proposamen hori Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

7.3. Izendatzeko proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturalen barrenean, proposatutako izangaiek honako agiriok aurkeztu beharko dituzte Nafarroako Kontuen Ganberan:

7.3.1. Nafarroako Kontuen Ganberako funtzionarioak ez diren izangaiek:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen bertze agiri baliokideren batena.

b) Deialdiaren 2. oinarrian eskatu den tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua lortzeko eskubideen ordainagiriarena.

c) B motako ibilgailuen gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

d) Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalak emandako txostena, interesdunak karguan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzeko.

Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

e) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

f) Nafarroako Foru Araubidea errespetatzeko, Konstituzioari eta legeei men egiteko eta karguaren eginkizunak zintzo betetzeko zina edo agindua.

Nafarroako Kontuen Ganberakoa ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko funtzionarioek edo langile finkoek, gainera, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria beharko dute aurkeztu, hots, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboei eta abarrei buruzkoa.

7.3.2. Nafarroako Kontuen Ganberako funtzionarioak diren izangaiek:

a) Deialdiaren 2. oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

b) B motako ibilgailuen gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

Minusbaliotasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

7.4. Aipatu epearen barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe beren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

7.5. Aurreko atalean azaldutakoa gertatuz gero, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak oposizioa gainditzen dutenen zerrendan -7.1 atalak aipatzen duen hartan- ondotik heldu den izangaiarekin beteko du utzitako hutsunea, eta harekin ere aurreko ataletan adierazi bezala jokatuko da.

8. oinarria. Behin-behineko izendapena.

8.1. Goiko 7.3 puntuan aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoren, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak, ebazpen baten bidez, proposaturiko izangaia behin-behinekoz izendatuko du. Ebazpen hori Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.2. Izendatzen diren izangaiek hilabeteko epean jabetu beharko dute lanpostuaz, izendapena jakinarazten zaienetik hasita.

8.3. Aski justifikaturiko ezinbesteko kasuetan salbu, deialdi honetako 7.3 oinarrian eskatzen diren agiriak aurkezten ez badituzte edo aipaturiko hilabeteko epean jabetza hartzen ez badute, izangaiek oposizioko jarduketetatik sortutako eskubideei uko egiten dietela ulertuko da, eta hala izanik, aurreko oinarrian adierazitako zerrendan hurrengo dagoen izangaiarekin beteko da lanpostua.

9. oinarria. Praktikaldia.

9.1. Auditoretzako teknikari gisa behin betiko izendatzeko beharrezkoa izanen da behin-behinekoz proposatu eta izendatutako izangaiek 6 hilabeteko praktikaldia gainditzea.

9.2. Praktikaldia hasiko da izendatutako izangaiak lanpostuaren jabetza behin-behinekoz hartzen duenean, hilabeteko epean eginen baita, izendapena jakinarazten den egunetik hasita.

9.3. Praktikaldian izangai izendatuek Kontuen Ganberako auditoretzako teknikariei dagozkien eskubide eta eginbeharrak izanen dituzte.

9.4. Kontuen Ganberako lehendakariak, bertako kideei entzun ondoren, izangaiek praktikaldian izaniko etekina baloratu eta hori bukatzean kalifikazioa emanen du, gai edo ez-gai, ebazpen arrazoitu baten bidez.

10. oinarria. Behin betiko izendapena auditoretzako teknikari gisa eta lanpostuaren jabetza hartzea.

10.1. Aurreko oinarrian aipatzen den praktikaldia bukaturik, izangaiak gai kalifikazioa lortuz gero, Kontuen Ganberako lehendakariak behin betikoz izendatuko du funtzionario. Izendapen hori Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabeteko epean, karguaz jabetu beharko du behin betiko izangaiek.

10.3. Ulertuko da izangai batek, epe horretan lanpostuaz jabetzen ez bada, oposizioaren ondoriozko eskubideei uko egiten diela. Kasu horretan, lanpostua deialdiko 7. oinarrian aipatzen den proposamenean hurrengo dagoen izangaiarekin beteko da, praktikaldia egin ondoren.

10.4. Aurreko atalean adierazitako modu berean jokatuko da behin-behinekoz izendatutako izangaiak aipatu praktikaldian gai kalifikazioa lortu ez badu.

11. oinarria. Aurkeztutako agiriak.

11.1. Izangaiek aurkezten dituzten agiriak berreskuratzen ahalko dituzte, halaxe berariaz eskatuz gero, betiere erreklamazio edo errekurtsorik jartzen ez bada. Agiriak berreskuratzeko eskaera hiru hilabeteko epean aurkezten ahalko da. Epe hori behin betiko izendapenaren ebazpena Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera hasiko da.

11.2. Aurreko atalean ezarritako epea bukatzen bada agiriak hartzeko eskaerarik egin gabe, izangaiak agiriak berreskuratzeari uko egin diola ulertuko da, eta, beraz, horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsitu eginen dira.

11.3. Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkezten baldin bada, aurkeztutako agiriak gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiriak berreskuratu ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak horretarako aukera ematen duenean.

12. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdiaren, bere oinarrien, izendatzeko erabakien eta Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak deialdia dela-eta hartzen dituen gainerako erabakien aurka errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariari zuzendua, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitara eman eta biharamunetik kontatzen hasita hilabeteko epean.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdi hau aurrera eramateko epaimahaiak hartzen dituen gainerako egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariari zuzendua, egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Deialdiaren programa

1. gaia.–Ekonomia Publikoaren justifikazioa. Oreka orokorraren eredu teorikoa. Ekonomiako esku-hartze publikoaren oinarriak. Estatuaren eginkizun fiskalak: esleitzea, banatzea eta egonkortzea. Ogasun publikoaren gaineko teoria positiboa eta arau-emailea. Ogasun publikoaren egungo gaiak.

2. gaia.–Ongizatearen ekonomiaren oinarriak. Eraginkortasun ekonomikoa kontsumoan eta ekoizpenean, eta eraginkortasun globala. Esku-hartze publikoa eraginkortasuna lortzeko: merkatuaren akatsak. Ondasun publikoak. Kanpo-efektuak. Ondasun pribatuen hornidura publikoa. Esku-hartze publikoa ekitatea lortzeko.

3. gaia.–Osasuna lehentasunezko ondasun gisa. Hezkuntza lehentasunezko ondasun gisa. Mendekotasunerako arreta.

4. gaia.–Enpresa publikoa. Kontzeptua. Enpresa publikoaren helburuak. Haren kudeaketaren oinarrizko ezaugarriak. Enpresan publikoaren kontrol sistema. Enpresa publikoaren finantzaketa. Kanpoko finantzaketaren iturriak. Egitura finantzarioa.

5. gaia.–Aurrekontu zuzenbidea: kontzeptua, edukia eta egungo erregulazioa. Estatuko Aurrekontu Orokorrak: prestaketa, eztabaida eta onespena. Aurrekontuen egitura eta aldaketak. Gai horien erregulazioa Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean.

6. gaia.–Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legea. Aplikazio eremua eta Ogasun Publikoaren araubidea. Nafarroako Aurrekontu Orokorrak.

7. gaia.–Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legea. Finantza-eragiketak. Diruzaintza. Kontabilitatea. Erantzukizunak.

8. gaia.–Barneko kontrola Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean eta 31/2010 Foru Dekretuan.

9. gaia.–Zerga Zuzenbidea: kontzeptua eta edukia. Iturriak. Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra: printzipio orokorrak eta tributudunen eskubide orokorrak. Tributuak eta horien motak. Kudeaketa eta tributu-bilketa. Tributuen gaineko ikuskapena.

10. gaia.–Aurrekontu egonkortasuna eta finantza iraunkortasuna arautzen dituen esparru juridiko berria. Printzipio orokorrak eta aplikazio esparrua. Aurreneurriak eta neurri zuzentzaileak. Autonomia erkidegoetan eta toki entitateetan aplikatzea.

11. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Atariko titulua. Koroa. Gorte Nagusiak. Konstituzioaren erreforma.

12. gaia.–Gobernua eta Administrazioa. Gobernuaren eta Gorte Orokorren arteko harremanak. Botere judiziala. Estatuaren antolakuntza lurraldeen arabera. Konstituzio Auzitegia.

13. gaia.–Administrazio Zuzenbidearen iturriak. Konstituzioa. Legea. Lege maila duten Gobernuaren xedapenak: lege dekretuak eta legegintzako dekretuak. Erregelamendua: kontzeptua, karaktereak eta motak. Erregelamenduen mugak: formalak eta funtsari dagozkionak. Legez kontrako erregelamenduak.

14. gaia.–Administrazio publikoaren kontzeptua. Espainiako estatuko antolaketa administratibo zentrala. Estatuaren administrazio periferikoa edo lurraldeetakoa. Administrazio organoen sorrera eta eskumenak. Entitate publikoen motak. Zerbitzu publikoak kudeatzeko moduak.

15. gaia.–Administrazio egintza: kontzeptua eta ezaugarriak. Administrazio egintzen sailkapenak. Administrazio egintzaren elementuak: subjektua, objektua, helburua eta forma. Administrazio egintzen arrazoibidea. Isiltasun administratiboa.

16. gaia.–Administrazio egintza: administrazio egintzaren eraginkortasuna. Jakinarazpena eta argitalpena. Administrazio egintzen betearazpena. Administrazio egintzen baliotasuna eta baliogabetasuna. Administrazio egintzen ofiziozko berrikuspena.

17. gaia.–Europa eraikitzeko prozesua. Europar Batasuna. Europar Batasuneko erakunde-sistema: Kontseilu Europarra, Europar Batasuneko Kontseilua, Europako Batzordea, Europako Parlamentua, Europar Batasuneko Justizia Auzitegia, Europako Kontuen Auzitegia eta Europako Banku Zentrala.

18. gaia.–Europako Erkidegoko zuzenbidea: kontzeptua, ezaugarriak. Erkidegoko zuzenbidearen iturriak. Jatorrizko zuzenbidea. Zuzenbide eratorria: erregelamendua, zuzentarauak eta erabakiak. Europar Batasunaren Funtzionamendurako Ituna. Europar Batasunaren zuzenbidearen eragina Foru Komunitatean.

19. gaia.–Sektore publiko instituzionala. Erakunde publikoak: tipologia eta oinarrizko araubide juridikoa. Zuzenbide pribatuko entitateak: tipologia eta oinarrizko araubide juridikoa.

20. gaia.–Unibertsitateko administrazioa. Unibertsitateei buruzko Lege Organikoa. Gai honen erreferentzia Foru Komunitatean. Nafarroako Unibertsitate Publikoa: sorrera, antolaketa eta funtzionamendua.

21. gaia.–Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoa. Aplikazio-eremua. Datu babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak. Datuak Babesteko Europako Erregelamendua: arauen ondorioak eta printzipio aplikagarriak.

22. gaia.–Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko Foru Legea. Legearen aplikazio eremua. Helburuak eta printzipioak. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea. Herritarren parte-hartzea eta elkarlana. Etika eta gardentasuna gobernuaren jardueran. Hori betetzeko bermeak. Arlo horren erregulazioa Estatuan eta horren aplikazioa Nafarroan.

23. gaia.–Espainiako Toki Administrazioa: Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legea. Gai horren foru araudia.

24. gaia.–1839ko urriaren 25eko Legea. 1841eko abuztuaren 16ko Lege Itundua. 1979ko urtarrilaren 26ko Errege Dekretu Itundua.

25. gaia.–Estatuarekiko Hitzarmen Ekonomikoak. 1990eko Hitzarmenaren eta ondoren egindako eguneraketa eta aldaketa garrantzitsuenen aipamen berezia.

26. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: haren oinarriak. Nafarroako foru erakundeak. Nafarroaren ahalmen eta eskumenak. Legearen aldaketa.

27. gaia.–Foru Komunitatearen Sektore Publikoa. osatzen duten entitaterik garrantzitsuenen deskribapena, tipologia eta definizioa. Nafarroako Toki Sektore Publikoa: Osatzen duten entitaterik garrantzitsuenen deskribapena, tipologia eta definizioa.

28. gaia.–Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: haren funtzioak. Osaera, antolaketa eta funtzionamendua. Kontuen Ganberarekiko harremanak. Langileen estatutua.

29. gaia.–Nafarroako Gobernuari eta haren Lehendakariari buruzko Foru Legea. Nafarroako Gobernuaren eskudantziak, antolaketa eta funtzionamendua. Parlamentuaren kontrola. Nafarroako Gobernuko lehendakariaren izendapena, eskudantziak eta estatutu pertsonala. Kontseilariak. Nafarroako Gobernuaren legegintzarako ekimena eta arauak emateko ahalmena.

30. gaia.–Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legea. Foru Komunitateko Administrazioaren antolaketa. Jarduketaren oinarri orokorrak. Administrazio prozedura. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ondare-erantzukizuna. Erakunde publikoak eta Administrazioaren menpeko beste entitate batzuk.

31. gaia.–Foru Komunitateko Arartekoa eta Nafarroako Kontseilua. Bi erakunde horien eginkizunak, antolamendua eta funtzionamendua.

32. gaia.–Nafarroako Ondareari buruzko Foru Legea. Edukia eta aplikazio esparrua. Ondasunak eskuratzea, besterentzea eta lagatzea. Ondarearen babesa eta defentsa. Jabari publiko eta pribatua. Enpresa-ondare publikoa.

33. gaia.–Nafarroako Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea. Aplikazio eremu subjektiboa eta objektiboa. Administrazio publikoen kontratazioak, aurreko jarduketak, esleitzeko prozedurak eta irizpideak, kontratuen burutzea, formalizazioa eta gauzatzea.

34. gaia.–Nafarroako Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea. Administrazio kontratu motak. Administrazio publikoak ez diren beste subjektu eta entitateen kontratu publikoak. Erreklamazioak kontratazioaren arloan.

35. gaia.–Diru-laguntza publikoak eman, kudeatu eta kontrolatzeko erregimen orokorra arautzen duen Foru Legea. Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorra: haren aplikazioa Nafarroan.

36. gaia.–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legea. Legearen xedea eta helburua. Lurralde eta hirigintza arloko antolamendua. Lurzoruaren hirigintza-araubidea. Plangintza egikaritzea. Esku-hartzeko instrumentuak.

37. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileak. Langile motak. Enplegu publikoa eskuratzea. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Langileen kategoriei aplikatzekoa zaien araubide juridikoa.

38. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileak. Egoera administratiboak, eskubide eta betebeharrak, lansari-araubidea eta diziplina-araubidea. Lan-kontratudunen funtzionarizazioa.

39. gaia.–Nafarroako Toki Administrazioa. Nafarroako toki entitateen antolaketa eta administrazioa. Funtzionamendua. Ondasunak. Prozedura eta araubide juridikoa. Nafarroako toki entitateen jarduketen inpugnazioa eta kontrola. Nafarroako Administrazio Auzitegia: aurrekariak, antolaketa eta eskumenak.

40. gaia.–Toki Ogasunei buruzko Foru Legea. Nafarroako toki entitateetako baliabideak. Toki diru-bilketa. Nafarroako Ogasun Publikoaren tributuetan parte hartzea. Udal zergak. Aurrekontua eta gastu publikoa. Diruzaintza, kontabilitatea, kontrola eta fiskalizazioa.

41. gaia.–Irailaren 21eko 270/1998, 271/1998, 272/1998 eta 273/1998 Foru Dekretuak, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea garatu eta Nafarroako toki entitateen aurrekontu eta kontabilitate araubidea ezartzen dutenak.

42. gaia.–Merkataritza-sozietatea: kontzeptua eta motak. Merkataritza-sozietatearen kontratua: oinarrizko elementuak. Eraketaren formalitateak. Erregistroko eskritura eta inskripzioa. Sozietate multzoak. Estatutuetako aldaketa nagusiak. Kapital sozietatearen funtsezko ezaugarriak.

43. gaia.–Sozietateen urteko kontuak. Motak, urteko kontuak egitea, egiaztatzea, onestea eta gordetzea. Merkataritza erregistroa: inskripzioaren kontzeptua, edukia eta esanahia.

44. gaia.–Konkurtsoa: aurrekontu objektiboa eta subjektiboa. Konkurtsoa deklaratzeko autoa eta haren eraginak. Masa aktiboa eta pasiboa zehaztea. Sailkapena eta ordainketa. Hitzarmena. Bukaera eta kalifikazioa.

45. gaia.–Kontabilitate publikoa eta pribatua: printzipio orokorrak eta helburuak. Kontabilitate Publikoaren eta Pribatuaren Plan Orokorra: printzipioak eta egitura. Espainiara egokitutako kontabilitateari eta finantza arloko informazioari buruzko nazioarteko arauak.

46. gaia.–Kudeaketari buruzko informazioa Kontabilitate Publikoaren Plan Orokorrean. Kontabilitate analitikoa toki kontabilitatearen ohiko ereduaren instrukzio berrian. Benetako kostua toki kontabilitate publikoaren esparruan.

47. gaia.–Kontuen Auditoretzari buruzko Legea eta haren erregelamendua. Kontabilitaterako eta Kontuen Auditoretzarako Institutua: antolaketa eta eginkizunak.

48. gaia.–Auditoretza eta haren motak. Sektore Publikoaren aipamen berezia.

49. gaia.–Auditoretzako printzipioak eta arauak. Sektore Publikoaren eta ISSAI-ES 100, 200, 300 eta 400en aipamen berezia.

50. gaia.–Auditoretzako plangintza: helburuak eta gauzatzeko faseak.

51. gaia.–Auditoretzako probak eta prozedurak. Hautapenaren eta laginketaren metodoak. Auditoriaren ebidentzia.

52. gaia.–Barneko kontrola: definizioa eta helburuak. Auditoreak barneko kontrola ebaluatzea.

53. gaia.–Auditoretzako txostenak. Ohar orokorrak eta edukia. Iritzi motak.

54. gaia.–Aurrekontuko diru-sarreretako kapituluen auditoretza.

55. gaia.–Aurrekontuko gastuetako kapituluen auditoretza.

56. gaia.–Balantzearen aktiboa osatzen duten elementuen auditoretza.

57. gaia.–Balantzearen pasiboa osatzen duten elementuen auditoretza.

58. gaia.–Auditoretza ingurune informatikoetan: printzipioak, metodologia eta berrikusteko teknikak. Sistema informatizatuen barneko kontrola eta segurtasuna.

59. gaia.–Goi mailako entitate fiskalizatzaileak edo Kontuen Auzitegiak. Ikuspegi orokorra. Kontrolerako eremua. Parlamentuekiko eta gobernuekiko harremanak.

60. gaia.–Administrazio publikoen kanpoko kontrola. Espainian duen konfigurazioa.

61. gaia.–Espainiako Kontuen Auzitegiaren egungo osaera, beraren lege organikoan eta funtzionamendu legean: antolaketa eta eginkizunak. Europar Batasuneko Kontuen Auzitegia.

62. gaia.–Kontabilitate arloko erantzukizuna: izaera eta helburua. Kontabilitate arloko erantzukizun kasuak eta hori eskatzeko prozedurak. Kontabilitateari buruzko jurisdikzioaren organoak.

63. gaia.–Nafarroako Kontuen Ganbera: bilakaera historikoa eta egungo erregulazioa. Izaera, esanahia eta eginkizunak. Harremanak Nafarroako Parlamentuarekin eta Kontuen Auzitegiarekin.

64. gaia.–Nafarroako Kontuen Ganbera: antolaketa eta funtzionamendua. Funtzionamenduari eta kudeaketa ekonomiko-finantzarioari buruzko erregelamenduak.

Iragarkiaren kodea: F1704520