80. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

49E/2017 EBAZPENA, apirilaren 4koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, diru-laguntza publikoak emateko deialdia eta haren oinarri arautzaileak onesten dituena, batez ere langabeak kontratatzeko konpromisoa atxikita duten prestakuntza ekintzak finantzatzeko.

Enplegurako Lanbide Prestakuntzaren Sistema lan arloan arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legeak biltzen ditu, enplegurako lanbide prestakuntzaren ekimenen barrenean, kontratazio konpromisoa duten prestakuntza programak, langabeei zuzendutakoak (8.1.c artikulua) eta xedatzen du haiek finantzatzeko diru-laguntzak norgehiagokako araubidean emanen direla.

Martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretuak, enplegurako lanbide heziketako azpisistema arautzen duenak, indarrekoa baita aipatu 30/2015 Legearen aurkakoa espresuki ez den orotan, arautzen ditu, eskaintzako prestakuntzaren ekimenaren barrenean, langileak kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza ekintzak.

Langabeak kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza ekintzak emateko diru-laguntzak kudeatutako diru-laguntzak dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 3.4.a) artikuluaren arabera. Estatuari dagokio haiek arautzea, bere osoan edo oinarrian eta kudeatzea, berriz, beste administrazio publiko batzuei, osoki zein partzialki.

395/2007 Errege Dekretua garatzen duen TAS/718/2008 Aginduak ezartzen ditu haiek finantzatzeko diru-laguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak.

Aipatu 30/2015 Legearen zioen azalpenaren arabera, enplegurako lanbide prestakuntza funtsezkoa da gure ekonomiaren berreskuratze iraunkorrerako eta giza kapitala eta haren enplegagarritasuna indartu behar da, haren lanbide-gaitasunak hobetuz. Orobat, beharrezkoa da egokitze bat kualifikazioen eskaintzaren eta eskariaren artean. Horrek dakar enpresek behar dutena jakitea, eta eskaintzea gazteei eta, oro har, langile guztiei, behar horietara egokitutako prestakuntza. Enplegurako lanbide prestakuntza sistemak lan eremuan, bide eman du gure lurraldeko langile askoren enplegagarritasuna eta kualifikazioa hobetzea. Enplegurako lanbide prestakuntzaren xedea da landunei eta langabeei lan merkatuaren beharrekin bat datorren prestakuntza ematea, hau da, enpresen lehiakortasun beharrei erantzuteko moduko prestakuntza eta, aldi berean, langileen lanbide sustapena eta garapen pertsonala lortzeko nahikundeak asetzeko modukoa, zenbait lanbidetan modu kualifikatuan aritzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko gaitasuna emanez.

Ematen den prestakuntzak errealitatearen diagnostiko bati erantzun behar dio, enpresen eta langileen oraingo eta etorkizuneko beharren azterketa bati, bere xedeak eraginkortasunez betetzeko. Horretarako, lan merkatuaren azterketa eta prospekzioa egiten duten tresna eta eragileen koordinazio ahalmenaz baliatu behar dute. Zalantzarik gabe, lanbide prestakuntza lehentasunezko balore estrategikoa da aldaketa teknologiko, ekonomiko eta sozialeko prozesuetan, eta, beraz, enpleguan eta gizarte kohesioan egonkortasuna lortzeko funtsezko lanabesa.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Diru-laguntza publikoak emateko deialdia onestea, batez ere langabeak 2017an kontratatzeko konpromisoa atxikita duten prestakuntza ekintzak finantzatzeko Nafarroako Foru Komunitatean.

2. Deialdia arautuko duten oinarriak onestea. Ebazpen honi atxikirik daude.

3. 900.000 euroko gastua baimentzea, 2017ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Enplegu konpromisoa duten eta hainbat taldetarako prestakuntza ekintzak. Konferentzia sektoriala” izeneko 950002 96200 4709 242104 partidaren kargura, betiere aurrekontuan diru erabilgarririk badago.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2017ko apirilaren 4an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

ERANSKINA

Kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza ekintzetarako diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarriak

1.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da diru-laguntzak emateko prozedura arautzea, batez ere langabeak kontratatzeko konpromisoa atxikita duten prestakuntza ekintzak finantzatzeko Nafarroako Foru Komunitatean. Ekintza horiek konpromisoa hartzen duten enpresek edo entitateek egin behar dituzte.

2.–Diru-laguntzen finantzaketa eta zenbatekoa.

2.1. Entitate onuradunak programatzen dituen ekintzetatik gehienez 300 prestakuntza ordurako diru-laguntza emanen da pertsona bakoitzeko.

2.2. Parte-hartzaileko eta prestakuntza orduko modulu ekonomiko bereziko araubidea ezartzen da: 6,63 euro presentziazko prestakuntza bada, eta 5,5 euro teleprestakuntza bada.

2.3. Deialdi honetan aurreikusitako ekintzak 2017ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Enplegu konpromisoa duten eta hainbat taldetarako prestakuntza ekintzak. Konferentzia sektoriala” izeneko 950002 96200 4709 242104 partidaren kargura finantzatuko dira, betiere aurrekontuan diru erabilgarririk badago.

2.4. Prestakuntza ekintza bakoitzagatik eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko 2.1 eta 2.2 oinarrietan xetutakoa izanen da kontuan.

3.–Entitate onuradunak.

3.1. Honako hauek jasotzen ahalko dituzte oinarri arautzaile hauetan aurreikusten diren diru-laguntzak: Nafarroako Foru Komunitatean kokaturik dauden enpresek, enpresa elkarteek edo bestelako entitateek, prestakuntza jasotzen duten langileak kontratatzeko konpromisoa (ebazpen honetan ezarria) hartzen badute. Kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza ekintzak entitate onuradunek beraiek ematen badituzte, behar den ekipamendua eduki beharko dute.

Enpresen elkarteek ere parte hartzen ahal dute deialdian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan ezarritakoarekin bat. Elkarte horren eraketa agiri pribatu batean jaso beharko da, eta bertan elkartearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko da, entitate onuraduna den aldetik dagozkion eginbeharrak betetzeko adina ahalmen izan beharko duena. Kasu horretan, berariaz adieraziko dira, laguntzaren eskabidean, elkarteko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, baita haietako bakoitzak aplikatuko duen diru-laguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere entitate onuraduntzat hartuko baitira. Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako preskripzio epea bukatu arte elkartea ezin da desegin.

3.2. Enpresa publikoak ezin daitezke oinarri hauetan araututako diru-laguntzen onuradun izan.

3.3. Eskaera egin aurreko sei hilabetean langile kopurua murriztu duten enpresak ezin dira diru-laguntza hauen onuradun izan. Ondorio horietarako, kontratu mugagabea dutenak eta, hala badagokio, bazkide langileak edo laneko bazkideak baino ez dira kontuan hartuko. Ez dira konputatuko heriotzaren, erretiroaren edo baliaezintasunaren ondoriozko bajak.

3.4. Enpresak, enpresa elkarteak edo bestelako entitateak ezin daitezke diru-laguntzen onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatutako egoeretako batean badaude.

4.–Kontratatzeko konpromisoa.

4.1. Entitate onuraduna behartua egonen da, bere kabuz edo bere kideen edo bazkideen bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak finantzatutako prestakuntza jaso eta bukatzen duten pertsonen %60 gutxienez kontratatzera. Baldintza hori betetzat joko da, orobat, baldin eta, kontratazioaren ordez, ikasleak sartzen badira kooperatibetan eta lan sozietateetan bazkide langile gisa edo laneko bazkide gisa.

4.2. Kontratazioa prestakuntzaren bigarren egunetik aurrera egin daiteke, eta hiru hilabeteko epean egin beharko da, kasuko prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik hasita. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak epe hori luzatzen ahalko du, entitate onuradunak eskaera arrazoitua egin ondoren.

4.3. Lan kontratuak lan arloko araudiarekin bat etorriko dira eta, ahal bada, mugagabeak izanen dira. Nolanahi ere, gutxienez sei hilabeteko kontratuak izanen dira, lanaldi osokoak, edo horien baliokideak lanaldi partzialean, eguneko lanaldia %50ekoa dela, gutxienez ere.

4.4. Kontratatzeko konpromisoa ez bada betetzen, hurrengo deialdietako baremoan zigorrak jar daitezke.

5.–Prestakuntza ekintzak.

5.1. Diru-laguntza emateko ebazpena eman eta biharamunetik gauzatu daitezke prestakuntza ekintzak, eta urte bakoitzean azaroaren 20a baino lehen bukatu behar dira.

Prestakuntza ekintzak egiten ez badira, hurrengo deialdietako baremoan zigorrak jar daitezke.

5.2. Prestakuntza ekintzatzat hartzen da lanbide gaitasunak, teorikoak eta/edo praktikoak, eskuratzera bideratzen dena. Ekintzak unitate pedagogiko batean egituratua egon beharko du eta berezko helburuak, edukiak eta iraupena eduki beharko ditu, parte-hartzaile guztientzat berdinak.

Profesionaltasun ziurtagiriak eskuratzera bideratutako prestakuntza egiaztatzeko, martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretuaren 11. artikuluko 1. eta 3. ataletan eta Profesionaltasun ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuan eta gainerako arauetan ezarritakoari jarraituko zaio.

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren fitxategiko espezialitateekin lotutako prestakuntza ekintzak antolatuz gero, kasuan kasuko espezialitateari dagokion prestakuntza programan ezarritakoarekin bat garatuko dira.

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren fitxategiko espezialitateekin lotu gabeko prestakuntza ekintzetarako, entitate onuradunak dagokion prestakuntza programa ezarri beharko du.

Ez dira prestakuntza ekintzatzat hartuko informazio edo zabalkundeko jarduerak, beren helburua prestakuntza prozesu bat garatzea ez bada, hala nola, jardunaldiak, azokak, sinposioak eta kongresuak.

5.3. Prestakuntza izan daiteke presentziazkoa, teleprestakuntza edo mistoa, salbu profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzera bideratutako prestakuntza, hori presentziazkoa izanen baita.

Prestakuntza ekintzaren iraupena, eguneko, ez da 8 ordu baino luzeagoa izanen, eta asteko, ezta 40 ordu baino luzeagoa ere.

5.4. Presentziazko prestakuntza ekintzak taldeka antolatu beharko dira, eta horietako bakoitzean 25 parte-hartzaile izanen dira gehienez.

5.5. Teleprestakuntzaren kasuan, tutore bat izan beharko da 80 parte-hartzaileko, gehienez. Teleprestakuntza modalitatean prestakuntza ematen duten tutore-prestatzaileek esperientzia izan beharko dute modalitate horretan.

Teleprestakuntzako plataformak ikasteko on-line sistema bat izan beharko du, ikasleen prestakuntza kudeatzeko eta bermatzeko behar den ahalmena. Baldintza hauek izanen ditu:

–Aplikatzekoa den arau teknikoan adierazten diren mailak izatea, fidagarritasunaren, segurtasunaren, irisgarritasunaren eta elkarreraginaren aldetik.

–Balizko erabiltzaile guztiak aldi berean sartzeko bide ematea, kurtsoaren etapa guztietan plataformaren banda-zabalera uniformea dela bermatuz.

–Plataforma erabiltzeko behar diren lizentziak izatea.

–24 × 7 erabiltzeko prest egotea.

–Backupa, sistema eroriz gero datu guztiak errekuperatzen ahalko direla bermatzeko behar den aldizkakotasuna duena.

–Ikasleen eta egiten diren jarduera guztien erregistroak, eta txostenen edizioa.

Entitate onuradunak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko langile teknikoei plataformarako sarbidea emanen die, dagokion gakoaren bidez, prestakuntza ekintza guztien kontrola eta jarraipena egin ahal ditzaten.

5.6. Deialdi honetan eta irailaren 9ko 30/2015 Legearen 14. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta gauzatuko ditu prestakuntza ekintzak entitate onuradunak, bere baliabideak erabiliz edo beste norbait kontratatuz.

Enpresak kanpoko entitate bati agintzen badio prestakuntza, dagokion erregistroan inskribatua egotea eskatuko zaio entitateari, prestakuntzako entitate gisa, prestakuntzako espezialitateen katalogoan diren espezialitateak eman ahal izateko. Katalogo horretan bildu gabeko prestakuntza bada, Nafarroako Atarian eskura dagoen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko du entitateak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan.

6.–Prestakuntza ekintzetako parte-hartzaileak eta egiaztagiriak.

6.1. Deialdi honetan adierazitako prestakuntza ekintzetan honako hauek parte hartzen ahalko dute, deialdian ezarrita dauden baldintzetan:

a) Langabeak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko enplegu agentzietan lan-eskatzaile gisa inskribaturik badaude.

b) Kolokako enplegua duten langileek. Ulertuko da pertsona batek kolokako enplegua duela lanbide arteko gutxieneko soldatatik beherako soldata duenean.

6.2. Honako pertsona hauek ezin izanen dute parte hartu ebazpen honetan araututako prestakuntza ekintzetan:

a) Administrazio eta enpresa publikoetako langileek.

b) Honako enpresa hauetan lan egiten ari direnek: enpresetan, diru-laguntzaren onuradun diren enpresa elkarteetako edo bestelako entitateetako enpresetan, edo diru-laguntza emateko oinarri izan ziren konpromisoak (langileak kontratatzekoak) beren gain hartu zituzten enpresetan (kolokako enplegua duten langileak salbu).

6.3. Parte-hartzaileak aukeratzea diru-laguntzaren entitate onuradunari edo/eta prestakuntza ekintzak ematen dituen entitateari dagokio, objektibotasun eta berdintasun irizpideei jarraikiz. Xede horretarako entitateak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren lankidetza eska dezake.

6.4. Ikasleek prestakuntza ekintzetara joan beharra dute, eta haiek aprobetxatu. Honako hauek dira baztertuta gelditzeko arrazoiak:

a) Prestakuntza ekintza ez aprobetxatzea.

b) Prestakuntza ekintzaren garapen arrunta trabatzea.

c) Begirune edo adeitasun falta irakasleekiko, ikaskideekiko edo prestakuntza ematen duen entitate edo zentroko langileekiko.

d) Prestakuntza ematen duen entitate edo zentroko instalazioak eta ekipamenduak behar bezala ez erabiltzea.

6.5. Parte-hartzaileren batek prestakuntza ekintza uzten badu haren iraupen denboraren lehenbiziko %25 bete gabe dagoela, beste pertsona batzuk sartzen ahalko dira joandakoen ordez, salbu eta prestakuntza ekintzak lotuta badaude profesionaltasunaren-ziurtagiriei, zeren, kasu horretan, ordezpena onartzeko, betiere portzentaje hori gainditu gabe, lehenengo 5 ikastegunean egin beharko baita, prestakuntza ekintza hasten denetik hasita.

6.6. Entitate onuradunak bertaratze ziurtagiria emanen dio prestakuntza ekintza bukatzen duen parte-hartzaile bakoitzari, eta egiaztapen diploma bat, berriz, prestakuntza ebaluazio positiboarekin gainditu duen parte-hartzaile bakoitzari. Norbaiten prestakuntza bukatutzat emateko, ikastaroko ikastorduen %75ean, gutxienez ere, parte hartu behar du, presentziazko prestakuntza denean edo haren ikaskuntzaren aldizkako jarraipen kontrolen %75 egin behar du, teleprestakuntza denean.

Bi agirietan honako hauek agertu beharko dira, gutxienez ere: ekintzaren izena, prestakuntza eman duen zentroa, prestakuntzaren edukiak, zein egunetan egin den eta zenbat prestakuntza ordu jaso diren.

Aurreko lerroaldean aipatu diren egiaztagiriek, gutxienez, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erakutsi beharko dute, toki ikusgarri batean. Logotipo hori ez da inolaz ere izanen entitate sustatzailearen nahiz antolatzailearen ikurra baino txikiagoa. Betiere proportzioak eta jatorrizko gama kromatikoa errespetatuko dira.

Ziurtagiriak edo diplomak parte-hartzaileei emateko edo igortzeko gehieneko epea bi hilabetekoa da, parte hartu duteneko prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik aurrera. Aipatu ziurtagiriak edo diplomak eman ziren daten erregistro bat gorde beharko du entitateak.

7.–Lanekoak ez diren praktikak.

7.1. Deialdi honetako prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenek lanetik kanpoko praktika profesionalak egiten ahalko dituzte. Praktika horietan parte hartzen dutenek asegurua izan beharko dute, prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenen baldintza berberetan. Diru-laguntzaren justifikazio ekonomikoari dagokionez, praktika horiek ez dira inolako ondorioetarako kontuan hartuko.

7.2. Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratzen ez diren praktikak prestakuntza ekintza egin bitartean nahiz hori bukatu ondoren egin daitezke. Ekintza bukatu ondoren hasten badira, ez dira 30 egunetik gora iraganen horren bukaeraren eta praktiken hasieraren artean. Praktiken iraupenari dagokionez, haiek sortzen dituen ikastaroaren iraupenaren %20tik %100era bitartekoak izanen dira.

Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratzen diren lanetik kanpoko praktiken kasuan, urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuan eta gainerako arau aplikagarrietan ezarritakoari jarraituko zaio.

7.3. Praktikak hasi baino lehen, idazki bat aurkeztu beharko da Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan, honako datu hauekin: parte-hartzaileen izen-abizenak, enpresaren izena eta praktikak eginen diren helbidea, iraupena, ordutegia eta praktikak lanez kanpokokoak direla dioen ohartarazpena. Praktikaldi horiek izan ditzaketen gastuak enpresaren kargura izanen dira. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak informazio hau igorriko dio Probintziako Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari.

8.–Eskabideak, dokumentazioa eta haiek aurkezteko epea.

8.1. Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira Nafarroako Atarian (http://www.nafarroa.eus), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan, “Tramitatu” aukeratuz.

Bestela, Nafarroako Gobernuko enpleguaren atariko web orrian dagoen eskabidea bete beharko da, eta bertan zerrendatutako agiriekin aurkeztu, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren erregistroan.

Eskaerak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatutako tokietan ere aurkez daitezke.

Postetxean aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehen orrialdearen idazpuruan bulegoaren izena, harrera data eta tokia agerrarazteko. Argibide horiek eskaera aurkeztu dela frogatzen duen gordekinean ere agertu beharko dira.

8.2. Enpresek, enpresa elkarteek edo bestelako entitateek eskaera bakarra aurkeztuko dute diru-laguntzaren xede diren prestakuntza ekintza guztietarako.

8.3. Entitate eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen hauek sinatu beharko ditu:

a) Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatu egoeretakoren batean ere ez dagoela dioen aitorpena, horrek onuradun izatea galaraziko bailioke.

b) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako bestelako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen gaineko aitorpena.

Eskabidea aurkeztearen bidez frogatzen dira aitorpen horiek.

8.4. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskaera egiten duen lege ordezkari baimenduaren identifikazioa. Ordezkaritza hori notario-ahalordearen bidez edo zuzenbidean onartzen den beste edozein baliabideren bitartez frogatuko da.

b) Identifikazio Fiskaleko Txartelaren fotokopia.

c) Aurretik Nafarroako Gobernuaren inolako diru-laguntzarik jaso ez bada, “transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren” inprimakia aurkeztu beharko da.

d) Prestakuntza proiektua justifikatzeko memoria.

e) Prestakuntza ekintza bakoitzerako berariazko agiriak, behar bezala beteak. Teleprestakuntzaren kasuan, ikasteko metodologia, jarraipena eta ebaluazioa zehaztu beharko dira.

f) Diru-laguntzaren xede diren prestakuntza ekintza guztien laburpen zerrenda. Bakoitzaren aurrekontua ere erantsi beharko da.

g) Aurrekoaz gain, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak aurkezten zaizkion eskaeren gainean behar bezala ebazteko behar dituen argibide eta agiri osagarri guztiak eskatzen ahalko dizkie eskatzaileei. Orobat, kopiak aurkeztu badira, dokumentazioaren jatorrizkoa eskatzen ahalko du, beharrezkotzat jotzen badu.

Administrazioari lehendik aurkeztutako a) eta b) idatz-zatietako agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko. Kasu horretan, eskatzailea Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoaz baliatzen ahalko da, betiere adierazten badu noiz eta zein organo administratibotan aurkeztu zituen agiri horiek.

d), e) eta f) idatz-zatietan aipatutako eskaera eta agiriak Nafarroako Atariko tramiteen atalean den eredu normalizatuan aurkeztu beharko dira (www.nafarroa.eus).

Entitateak eskaera aurkezteak berarekin dakar organo kudeatzaileari baimena ematea Nafarroako Zerga Ogasunak eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak luzatu beharreko zerga betebeharrei eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrei buruzko ziurtagiriak edo informazioa eskatzeko, baita IFZ eta NANa kontsultatzeko ere bere artxibo, datu base edo Nafarroako Gobernuaren beste funts dokumentaletan edo Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Datuak egiaztatzeko eta kontsultatzeko zerbitzuan. Eskatzaileak ukatu dezake espresuki baimena. Beraz, dagokion ziurtagiria edo dokumentazioa aurkeztu beharko du.

8.5.–Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdia argitaratzen denetik hasita. Aurrekontuan horretarako diru erabilgarririk bada, eskaerak aurkezteko beste epe batzuk irekiko dira ekainean eta abuztuan. Kasuan-kasuan erabilgarri dagoen aurrekontua epe bakoitza ireki aurretik argitaratuko da Nafarroako web-atarian laguntzari buruz dagoen fitxan eta aurreko faseko laguntzak emateko ebazpenean.

9.–Errekerimenduak eta tramitera ez onartzea.

9.1. Diru-laguntza eskaera aurkeztuta, deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, entitateari 10 eguneko epea emanen zaio, idazkia jaso eta biharamunetik hasita, behar diren argibideak edo agiriak aurkez ditzaten, eta adieraziko zaie, halaber, hala egin ezean eskaerari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

9.2. Ez dira tramitera onartuko deialdi honetan ezarritako epean aurkezten ez diren eskaerak; horrelakoetan ez da akatsak zuzentzeko aukerarik izanen, eta artxibatu eginen dira.

10.–Balorazio irizpideak:

a) 2 puntu formalizatzen den lan kontratu bakoitzagatik.

b) 2 puntu talde hauetako pertsonekin formalizatzen den lan kontratu bakoitzagatik: gizarteratze-errenta jasotzen duten pertsonak, gutxienez ere %33ko desgaitasuna frogatzen duten pertsonak, emakumeak, 45 urtetik gorako gizonak edo iraupen luzeko langabeak diren 30 urtetik gorakoak (gutxienez 12 hilabetez langabezian azken 18 hilabetean).

c) 2 puntu formalizatzen den lan kontratu mugagabe bakoitzagatik.

d) Puntu bat formalizatu behar den lan kontratua sei hilabetetik gorakoa denean edo horren baliokidea lanaldi partzialean, eguneko gutxieneko %50eko lanaldia duela.

11.–Esleitzeko irizpideak.

11.1. Kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza ekintzen esleipena, Nafarroako enpresa txiki eta ertainen artean ekintza horiek sustatzeko beharra kontuan hartuz eginen da.

Horrela, esleituko dira puntu gehienetik gutxienera, lehenik, enpresa txiki eta ertainentzako kontratatzeko konpromisoa duten ekintzak, deialdi honetan aurreikusi diru-laguntzatik ehuneko 20, gehienez ere. Portzentaje honen barrenean eman beharreko azken ekintzaren diru-laguntzak aipatu ehuneko 20a gainditzen badu, prestakuntza ekintzaren diru-laguntza osoa emanen da.

Hurrena, esleituko dira puntu gehienetik gutxienera, eman beharreko diru-laguntza bukatu arte, kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza ekintzak, enpresa txiki eta ertainentzat izan edo ez.

11.2. Puntuazioan berdinketarik bada, ondoko irizpideak aplikatuko dira hori hausteko, lehentasun hurrenkera honen arabera:

–Lan kontratuak iraupen luzeagokoak izatea, oro har.

–Eskaeraren erregistroaren data eta ordua.

12.–Organo eskudunak eta laguntzak emateko prozedura.

12.1. Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoaren arabera.

12.2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea da deialdi honen xedeko eskaerak ebazteko eskumena duen organoa.

12.3. Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuari dagokio.

12.4. Espedientea ikusirik, instrukzio organoak behin betiko ebazpen proposamena eginen du, behar bezala arrazoitua, Zerbitzuko zuzendariak ontzat emana, eta onetsitako prestakuntza ekintzak biltzen dituen eranskina gehituko du.

Instrukzio organoak aurkeztutako ebazpen proposamena ikusirik, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak espedientearen gaineko ebazpena emanen du.

12.5. Prozedura ebatzi eta jakinarazteko epea bi hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkeztu eta biharamunetik hasita. Epe hori ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

13.–Entitate onuradunen betebeharrak.

13.1. Deialdi honetan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak ukatu gabe, entitate onuradunek betebehar hauek ere izanen dituzte:

a) Deialdi honetako prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenentzako nahitaezko doakotasuna errespetatzea.

b) Diru-laguntzaren sarrera eta prestakuntza ekintzen exekuzio gastuak kontabilitateko kontu bereizietan edo berariazko epigrafe batean identifikatzea, guztietan “enplegurako prestakuntza” erreferentzia jarrita.

c) Diru-laguntza zein prestakuntza jardueratarako eskatu den, hura egitea deialdi honen baldintza eta beharkizun formal eta materialei jarraikiz, baita diru-laguntza emateko oinarri izan ziren onespen baldintzekin bat ere.

d) Deialdi honen babesean kontratatutako langilea mugagabe mantentzea enpleguan edo, nolanahi ere, gutxienez sei hilabetez, lanaldi osoko lan kontratua sinatzen denetik, edo, lanaldi partziala badu, horri dagokion denbora, eguneko lanaldia %50ekoa izanik gutxienez ere. Edozein arrazoi dela-eta langileak enpresa uzten badu, bere ordez diruz lagundutako prestakuntza jaso duen beste ikasle bat kontratatu beharko du onuradunak 15 egun naturaleko epean, dagokion enplegu agentziaren bidez. Lerroalde honetan xedatutakoa betetzen ez bada, 19. oinarrian xedatutakoari jarraituko zaio.

e) Prozedura instruitzeko eta prestakuntza ekintzak gauzatu eta justifikatzeko faseetan behar diren argibide eta agiriak aurkeztea, eta kontrol organo eskudunen eskura edukitzea parte-hartzaileak prestakuntza ekintzetara agertu direla frogatzen duten agiriekin batera, parte-hartzaileek sinatuak eta ezartzen diren gutxieneko betebeharren arabera.

f) Deialdi honetako prestakuntza jardueretan parte hartzen dutenentzat, entitate onuradunak asegurua izanen du jardueren ondoriozko arriskua estaltzeko, lanetik kanpoko praktikenak barne, frankiziarik gabeko poliza bat kontratatuz edo, horrelakorik izan ezean, horren berme gutuna, estaldura hau izanen duena, gutxienez: laguntza medikoa, farmazeutikoa eta ospitalekoa, ikastaroaren orduetan gertatzen den edozein istriputarako; horren barnean sartuko dira bisitak egiteko irteera baimenduak eta parte-hartzailea bere ohiko bizilekutik ikastaroa ematen deneko tokira joateko behar den denbora (garraiobide zein den ere); gutxieneko kalte-ordaina 36.000 eurokoa izanen da heriotzagatik eta 72.000 eurokoa baliaezintasun iraunkorragatik, baldin eta egoera horiek ikastaroan, bisitetan eta irteeretan eta in itinere joan-etorrietan sortzen badira.

g) Bertaratze ziurtagiria ematea prestakuntza ekintzaren parte-hartzaile bakoitzari, edo aprobetxamendua egiaztatzen duen diploma bat, deialdi honetan ezarritako moduan.

h) Diru-laguntza emateko beharkizunak eta baldintzak betetzen direlako froga aurkeztea.

i) Administrazio eskudunari Diru-laguntzaren xede diren jarduerak finantzatzen dituzten beste diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuk hartuz gero, 15.3 eta 15.4 oinarrietan aipatutako prestakuntza ekintzak egin direla justifikatu baino lehenago.

j) Prestakuntza ekintzak ebaluatu, kontrolatu eta begiratzeko Nafar Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta kontrol organoek sustatzen dituzten jarduketak onartu eta haiei modu aktiboan laguntzea, eskatzen dituzten argibide eta agiri guztiak noiznahi emanez.

Horretarako, prestakuntza ekintzak abian jarri, gauzatu eta justifikatzeko prozesuari buruzko dokumentazioa eta informazioa (parte-hartzaileek jasotzen ez dituzten bertaratze ziurtagiriak eta aprobetxamendu diplomak barne) zentroan gorde beharko da, ikuskapen eta kontrolaren eskura, gutxienez lau urtez. Epe hau zenbatuko da entitate onuradunak diru-laguntzaren frogagiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori iragan gabe haien jarduera eten edo bertan behera uzten duten entitateek, organo eskudunari igorri beharko diote haien entitateetan gordailuan utzitako agirien kopia.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egokiak iruditzen zaizkion informazio eta agiri osagarriak eskatzen ahalko dizkie eskatzaileei.

k) Eskabidean edo eskaerak tramitatzeko eta diru-laguntzak emateko organo eskudunei aurkeztutako agiri edo ziurtagirietan gezurrezko daturik ez ematea.

l) Deialdi honen babesean antolatzen diren ekintzen gaineko informazio eta publizitate jardueretan adieraztea finantzaketa publikoa izan dutela, eta, horrekin batera, diru-laguntza zein administraziok eman duen.

Horretarako, entitate onuradunak bere jakinarazpen, argitalpen, material didaktiko eta ziurtagiri guztietan gutxienez Nafarroako Gobernuaren logotipoa izan beharko du agerian, lehentasunezko tokian eta inolaz ere izan gabe entitate sustatzailearena edo antolatzailearena baino txikiagoa. Betiere proportzioak eta jatorrizko gama kromatikoa errespetatuko dira.

m) Nafarroako Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko tributu betebeharrak eguneratuak izatea.

Prestakuntza ekintzak osorik edo partez gauzatzeko hirugarren pertsona fisiko edo juridikoekin kontratu bat sinatzen den kasuetan, entitate onuraduna ez da aipatu diren betebeharretatik salbuetsita egonen.

13.2. Gardentasunari buruzko betebeharrak.

13.2.1.–Entitate eta pertsona juridiko onuradunek gardentasunez aritzeko betebeharra izanen dute, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa hain justu, betiere Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta honako bi inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntzaren zenbatekoak 20.000 euro gainditzea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Hori helburu, diru-laguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, entitate eta pertsona juridiko onuradunek, beren baitan bi inguruabar horiek gertatzen badira, ondotik adierazten den informazioa igorri beharko diote telematika bidez Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, entitatearen legezko ordezkariak sinatua:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura.

13.2.2.–Entitateak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, aurreko ataleko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du hilabeteko epean, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

13.2.3.–Aurreko bi puntuetan aipatutako gardetasun betebeharrak betetzeko, bada Nafarroako Atariko tramiteen atalean adierazpen eredu normalizatu bat (www.nafarroa.eus).

14.–Prestakuntza gauzatzea eta haren hasiera jakinaraztea.

14.1. Entitate onuradunek garatu behar duten prestakuntza ekintza bakoitzaren “hasieraren jakinarazpena” igorriko diote Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, ekintza bakoitza hasi baino 2 egun natural lehenago, gutxienez ere. Jakinarazpen horretarako, Nafarroako Atariko tramiteen atalean den eredu normalizatua erabiliko da (www.nafarroa.eus).

Hasieraren berri eman ondoren ekintza aldatu edo bertan behera utziz gero, ekintza hasteko aurreikusitako data baino lehenago jakinarazi beharko zaio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, salbu eta tokia, eguna nahiz ordutegia aldatzea edo ekintza eten eta berriz hastea eragin duten arrazoiak justifikatuta badaude eta garaiz aurreikusi ezinak badira, edo ekintza hasi ondoren gertatzen bada.

Ezarritako epeetan jakinarazi ezik, prestakuntza ekintza “ez egintzat” joko da, diru-laguntzaren likidazio ekonomikoari dagokionez, salbu eta ezinbesteko arrazoiengatik gertatu bada, behar bezala frogaturik eta gorabehera horiek gertatzean jakinarazirik.

14.2. Halaber, prestakuntza ekintza hasi eta hirugarren eskola eguna arteko epean, hori barne, honako dokumentazio hau igorri beharko zaio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari:

a) Ikastaroa hasten duten parte-hartzaileen zerrenda. Zerrenda horretan azalduko da parte-hartzaileek prestakuntzaren hasieran zer lan egoera duten, hau da, landunak ala langabeak diren. Teleprestakuntzako ekintzetan, ikasturtea hasi dutela kontsideratuko da lehen aldiz plataforma konektatu duten guziak, ikasturtearen ordu guzien %25 iragan arte.

b) Ikasleen izen emateko fitxa.

Hirugarren eskola egunera bitarte (hori barne) emandako orduak prestakuntza ekintzaren orduen %25 baino gehiago badira, dokumentazio hori bidali beharko da prestakuntzaren %25 hori bete baino lehen. Dokumentazioaren bidalketa ontzat emanen da baldin eta ehuneko hori gainditzen den eskola egunera arteko epearen barrenean bidaltzen bada, egun hori barne.

15.–Justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

15.1. Diru-laguntzaren justifikazioa, moduluen bidezko egiaztapen moduan eginen da, hurrengo ataletan xedatutakoari jarraikiz.

15.2. Diru-laguntza ordaintzeko, prestakuntza ekintzak likidatu eta ekintzak egin direla justifikatu behar da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoaren arabera.

13.2 oinarrian aipatutako gardentasuri buruzko betebeharra betetzen ez badu, ez da ordainduko onartutako diru-laguntza.

15.3. Emandako diru-laguntzen likidazio ekonomikoa 2.1 eta 2.4 oinarrietan xedatutakoaren arabera eginen da, kontuan harturik prestakuntza oso-osorik jasotzen duten parte-hartzaileengatik bakarrik ordainduko dela. Parte-hartzaile batek prestakuntza osoa jaso duela ontzat emateko, 6.6 oinarrian xedatutakoaren arabera jokatuko da.

15.4. Diru-laguntzaren azken likidazioa egiteko, entitate onuradunak egindako prestakuntza ekintzen justifikazioa aurkeztu beharko du, prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik 15 egun naturaleko epean gehienez ere, beheko dokumentazioa aurkeztuta. Agirien eredu normalizatuak Nafarroako Atariko tramiteen atalean daude (www.nafarroa.eus):

a) Ikastaroa bukatu duten parte-hartzaileen zerrenda.

b) Presentziazko prestakuntzaren kasuan, asistentzia kontrolaren jatorrizkoa, saio guztiak agerrarazten dituena, parte hartzen duten ikasleek eta prestatzaileak edo prestakuntza arduradunak sinatua, eredu normalizatuan. Teleprestakuntzako ekintzak badira, plataformak behar diren tresnak erraztuko ditu, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak asistentzia kontrasta dezan.

c) Material didaktikoa jaso duten ikasleen zerrenda, non banatutako materiala eta haiek hartu izanaren agiria edo eman izana frogatzen duen agiri fede-emailea agertuko baitira.

d) Diru-laguntza ematerakoan ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko jarduketa memoria bat, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak azalduko dituena.

e) Frogatzeko memoria ekonomikoa, gutxienez honakoak bilduko dituena:

–Onuradunaren egiaztapena edo, hori ez bada, adierazpena modulutzat hartutako unitate kopuruari buruz (prestakuntza bukatzen duten pertsona kopurua eta prestakuntza orduak).

–Diru-laguntzaren zenbatekoa, kalkulatua jarduketa memoriako jarduera-datuetan eta oinarri arautzaileen moduluetan oinarriturik.

15.5. Prestakuntza jarduerak diru-laguntzaz gain berezko funtsekin edo bestelako diru-laguntza edo baliabideekin finantzatuak izanez gero, justifikazioa aurkezten denean funts horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira.

15.6. Aurkeztutako agiriak justifikaziorako aski ez badira, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak atzemandako akatsak jakinaraziko dizkio entitate onuradunari, 10 egun naturaleko epean zuzen ditzan.

15.7. Azken frogagiriak aztertu ondoren, Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuak prestakuntza ekintzaren espedientea amaitzeko eta azken likidazioa egiteko ebazpen proposamena igorriko dio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari, Zerbitzuko zuzendariak ontzat emanda.

Instrukzio organoak aurkeztutako ebazpen proposamena ikusirik, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak espedientearen gaineko ebazpena emanen du.

16.–Prestakuntzaren kontrola, ebaluazioa eta jarraipena egiteko plana.

16.1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jarraipen eta kontroleko jarduketa hauek egiten ahalko ditu:

a) “Denbora errealeko” jarduketak. Atal honetan sartzen da prestakuntza jardueraren jarraipena egitea, ematen den tokian bertan eta egiten den bitartean, froga fisikoak eta testigantzak erabiliz, prestakuntzaren arduradunei, ikasleei eta prestatzaileei elkarrizketen bidez eskatuko baitzaizkie, teknikoki egiaztatzeko prestakuntza ekintza nola egin den, emandako edukiak, parte-hartzaileen benetako kopurua, instalazioak eta baliabide pedagogikoak. Horrez gainera, argitalpenetan eta bestelako hedabideetan ekintzak Nafarroako Gobernuak finantzaturik antolatu direla adierazi ote den begiratuko da.

b) “Ex post” jarduketak. Prestakuntza ekintzak bukatu ondoren egiten ahalko dira, entitate onuradunei, prestakuntzako arduradunei, ikasleei eta/edo prestatzaileei eginen zaizkien elkarrizketen bidez jasoko diren froga fisikoak, lekukotzak eta agiriak erabiliz, besteak beste, honako hauek teknikoki egiaztatzeko:

–Prestakuntza ekintzak egin direla.

–Parte-hartzaileen benetako kopurua.

–Parte-hartzaileei prestakuntzaren ziurtagiria edo diploma eman zaiela eta bertan Nafarroako Gobernuaren logotipoa agertzen dela.

Horretarako, entitate onuradunei edozein dokumentazio eskatu eta/edo kanpoko auditoretza egiten ahalko die, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren iritziz lan horiek betetzeko bidezkoa bada.

16.2. Parte-hartzaileek prestakuntza ekintzen kalitatea ebaluatuko dute. Ebaluaziorako “Kalitatea ebaluatzeko galdetegia” erabiliko da, Nafarroako Atariko tramiteen atalean den eredu normalizatua baliatuz (www.nafarroa.eus).

Era berean, Nafar Lansare–Nafarroako Enplegu Zerbitzuak prestakuntza guztiaren kanpoko ebaluazioa egiten ahalko du, enplegurako lanbide prestakuntzako azpisistema hobetzeko asmoz.

17.–Langileak kontratatzeko konpromisoa bete dela egiaztatzea.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko du langileak kontratatzeko konpromisoa bete dela eta onartutako gainerako betebeharrak mantentzen direla.

Horretarako, honako hau eginen da:

a) Gutxienez zenbat parte-hartzaile kontratatu behar diren ezarriko da, honela kalkulatuta: prestakuntza ekintza bukatu dutenen %60. Emaitza hori gora biribilduko da, osoko zenbakitan emateko.

b) Egiaztatuko da kontratazioak 4.2 eta 4.3 oinarrietan ezarritakoa errespetatuz egin direla.

c) Aurrekoa bete ez bada, 19. oinarrian xedatutakoari jarraituko zaio.

18.–Azpikontratazioa.

18.1. Entitate onuradunak prestakuntza jarduera azpikontratatzen ahalko du, osorik edo partez, baina behin bakarrik eta oinarri hauetan ezarri bezala. Entitateak diruz lagundutako prestakuntza emateko irakasleren bat kontratatzea ez da azpikontrataziotzat hartuko.

Nolanahi ere, entitateak diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizuna hartuko du bere gain administrazio publikoaren aurrean, eta berak zein azpikontratistak bermatu beharko dute jarraipen eta kontrol erakundeen eginkizunak behar bezala betetzen direla.

Behin ere ez da azpikontraturik eginen hirugarrenekin jardueraren kostua handitzen bada eta, horren ordainean, edukiari balio erantsia gehitzen ez badiote.

Azpikontratatuak izateko, prestakuntza zentro eta entitateek prestakuntza emateko behar den ekipamendua izan beharko dute.

18.2. Azpikontratazioa entitateari lotutako entitateekin egiten bada, ondoko inguruabar hauek gertatu beharko dira:

–Kontratazioa merkatuko ohiko baldintzetan egitea.

–Aldez aurretik organo emailearen baimena eskuratzea.

18.3. Aurreko atalean aipatutako organo emaileak aldez aurretik eman beharreko baimenari dagokionez, espresuki ematen ahalko da diru-laguntza emateko ebazpenaren bidez, edo baimena eskatu eta biharamunetik 15 egun naturaleko epean igorritako ebazpenaren bidez. Baimena eman dela ulertuko da aipatu epea igaro denean laguntza ematen duen organoaren erabakirik gabe.

18.4. Hirugarrenekin itundutako jarduera diru-laguntzaren %20 baino handiagoa denean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, kontratua agiri baten bidez formalizatu beharko da. Ezin izanen da kontratu bat zatikatu haren zenbatekoa gutxitzeko eta baldintza hau saihestearren.

18.5. Edonola ere, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 11/2005 Lege Orokorraren 26. artikuluan jasotzen diren mugak eta betebeharrak aplikatuko zaizkie entitate onuradunei eta kontratistei.

19.–Ez-betetzeak eta diru-laguntzaren itzulketa.

19.1. Deialdi honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako betebeharrak eta emate-ebazpenean ezarritako baldintzak ez betetzeak diru-laguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galtzea ekarriko du, eta, aldez aurretik bidezko den itzulketa-prozeduraren ondoren, jasotako diru-laguntza osorik edo partez itzuli beharra, bidezko berandutze-interesak eta guzti (ordainketa agintzen denetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera artekoak).

19.2. Aurreko atalean aipatutako ez-betetzeen maila honako irizpide hauen arabera zehaztuko da:

a) Prestakuntza ekintza ez-betetzea: ez-betetzea erabatekotzat hartuko da, baldin eta prestakuntza ekintzaren %35era ez bada ailegatzen (orduen kopurua bider prestatutako pertsonen kopurua adierazlearekin neurtuta). Horrek diru-laguntza deuseztatzea ekarriko du. Prestakuntza partez gauzatzen bada, gauzatu ez den zatian gutxituko da, betiere hori %35 baino gehiago bada.

b) Ez-betetzeak kontratazioan.

1. Diru-laguntza emateko baloratutako kontratazio konpromisoa betetzen ez bada, entitateari likidatu beharreko zenbatekoa gutxituko da, prestatu bai baina laneratu ez diren ikasleei dagokien diru-laguntzaren hainbatekoan.

2. 10. oinarriaren b, c) eta d) ataletan aipatutako baldintzak, diru-laguntza emateko baloratutakoak, betetzen ez badira, entitateari likidatu beharreko zenbatekoa %10 gutxituko da, prestatu bai baina laneratu ez diren ikasleei dagokien diru-laguntzaren hainbatekoan. Gutxitzeko %10a ez-betetze bakoitzeko aplikatuko da.

3. 4.1 eta 13.1.d) oinarrian aipatutako konpromisoa betetzen ez bada, proportzionaltasun irizpidea aplikatuz murriztuko da diru-laguntza, kontuan hartuz kontratazioaren %60 likidatu beharreko zenbatekoaren %100 dela, ez badira gertatzen hura betetzea galarazten duten arrazoiak edo inguruabarrak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onartuak.

4. Aurreko kasu bat baino gehiago betetzen ez bada, aurreko hiru puntuen ordenari jarraikiz kalkulatuko da murriztu beharreko azken zenbatekoa.

5. 13.1.d) oinarrian ezarritako betebeharra betetzen ez bada, bidegabeko kaleratze batengatik, emandako diru-laguntzaren %100 itzuli beharko da.

19.3. Aurreko lehenengo atalean dirua itzultzeko aurreikusitako kasuren bat gertatu dela jakitean ofizioz hasiko da dirua itzultzeko prozedura, ezarritako prozedurarekin bat eta, bidezko bada, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

19.4. Itzuli beharrak ez du galarazten Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean “diru-laguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboei” buruz ezarritakoa.

20.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Entitate onuradunek diru-laguntza honen xedeko jarduera berak finantzatzen dituzten beste diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuk hartu badituzte, betiere prestakuntza ekintzaren gastuaren %100 gainditu gabe, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko diote, hartutako diru-laguntza justifikatu baino lehen.

21.–Datuak babestea.

Interesdunen identifikazio datuak fitxategi informatikoetan sartuko dira, bidezkoak diren ondorioetarako eta, horri dagokionez, interesdunak Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hura garatzeko gainerako arauetan oro har aitortzen diren eskubideez baliatzen ahalko dira.

22.–Aplikatu beharreko araudia.

Deialdi honetan aurreikusita ez dagoen guztian arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legea, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen entitate onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua eta martxoaren 7ko TAS/718/2008 Agindua (abuztuaren 2an eman zen ESS/1729/2012 Aginduak aldatua).

23.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako Atarian (www.navarra.es), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, entitate onuraduna, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren xedea.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web orrian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

24.–Errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen aurka eta haien aplikazioan ematen diren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesa duten pertsona edo entitateek, Eskubide Sozialetako Departamentuko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo haiek jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1704243