80. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

6E/2017 FORU AGINDUA, martxoaren 30ekoa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, 2017an diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena, enpresa eta profesionalek antolatutako arte eszenikoen eta musikaren arloko jaialdiak eta lehiaketak egiteko (ARTEM Festival).

Kontuan harturik gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen helburua, baldintzak eta betebeharrak betetzen direla, eta kontuan harturik, halaber, espedientean kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela, Kultura Zuzendaritza Nagusiak eskatzen du onets dadila 2017an diru-laguntzak emateko deialdia, enpresa eta profesionalek antolatutako arte eszenikoen eta musikaren arloko ekitaldiak, jaialdiak eta lehiaketak egiteko (Artem Festival), eta onets daitezela deialdiaren oinarri arautzaileak; halaber, 70.000 euroko gastua baimen dadila, 2017ko gastuen aurrekontuko “Arte eszenikoen, musikaren, zinemaren eta ikus-entzunezkoen arloko ekitaldiak, jaialdiak eta lehiaketak egiteko laguntzak” izeneko A20002 A2510 4709 334103 kontu-sailaren kargura, eta foru agindua, oinarriak eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz.

AGINDU DUT:

1. 2017an diru-laguntzak emateko deialdia onestea, enpresa eta profesionalek antolatutako arte eszenikoen eta musikaren arloko jaialdiak eta lehiaketak egiteko (ARTEM Festival).

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak, onestea.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2510-4709-334103: Arte eszenikoen, musikaren, zinemaren eta ikus-entzunezkoen arloko ekitaldiak, jaialdiak eta lehiaketak egiteko laguntzak

2017

70.000.00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2017ko martxoaren 30ean.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, 2017an Nafarroan enpresa eta profesionalek antolatutako arte eszenikoen eta musikaren arloko jaialdiak eta lehiaketak egiteko diru-laguntzak emateko deialdiarenak (ARTEM Festival)

1. Diru-laguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Deialdi honen xedea da laguntzak arautzea, Nafarroako Foru Komunitatean enpresa eta profesionalek antolatutako arte eszenikoen eta musikaren arloko jaialdiak eta lehiaketak egiteko, Kultur Ekintza Zerbitzuaren eskumenen barnean, horrela arte eszenikoak eta musikalak sustatzeko eta ikusleentzat interesa duen eta kalitatezkoa, anizkoitza eta berritzailea den arte eskaintzari laguntzeko.

1.2. Jaialdiak eta lehiaketak 2016ko azaroaren 10etik 2017ko azaroaren 1era bitarte egin behar dira.

1.3. Eskatzaile bakoitzak proiektu bakar bateko proposamen bat baino ezin izanen du aurkeztu.

2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Laguntza hauen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatutako betebehar orokorrak.

2.2. Honako hauek izan daitezke onuradunak:

a) Pertsona fisikoak.

b) Ondasun-erkidegoak.

c) Nortasun juridikorik gabeko beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate.

d) Merkataritza sozietateak.

e) Nortasun juridikoa duten eta merkataritza sozietateen forma juridikorik hartzen ez duten sozietate zibilak.

2.3. Kanpoan gelditzen dira, espresuki:

a) Toki entitateak, beren erakunde autonomoak eta nagusiki Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateen partaidetza duten enpresa publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

b) Nafarroako Gobernuaren 2017ko aurrekontuetan partida izenduna duten entitateak.

c) Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan inskribaturik dauden museoen eta bilduma museografiko iraunkorren titularrak, aldi baterako baimenduta daudenak barne.

d) Arte ikasketen ikastetxeak, musikako, dantzako eta beste arte arlo batzuetako eskolak eta/edo akademiak.

2.4. Forma juridikoa edozein izanik ere, jarduera eta helbide fiskala Nafarroako Foru Komunitatean behar dituzte izan, gutxienez 2016ko urtarrilaren 1etik.

2.5. Ezin izanen dira onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutako kasuren batean dauden entitateak.

3. Aurrekontu egozpena eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

3.1. Laguntza hauek, gehienez ere 70.000 euro, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2017ko gastuen aurrekontuaren kargura finantzatuko dira.

3.2. Diruz lagundutako proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa.

Onartutako aurrekontua entitateak aurkeztutako aurrekontua izanen da, baina diru-laguntzan sartzen ez diren gastuei dagozkien diru kopuruak kenduta, deialdi honen 6. oinarrian ezarritakoarekin bat.

Diruz lagundutako proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa 15.000 eurokoa izanen da, gehienez ere.

3.3. Onuradunen batek laguntzari uko egiten badio, hori banatzen ahalko da eskatutako gutxieneko puntuazioa gainditu duten proiektuen artean, lortutako puntuazioaren arabera.

3.4. Proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaerakoa baino txikiagoa denean, onuradunari eskatuko zaio eskaera alda dezan, konpromisoak eta baldintzak ematen ahal zaion diru-laguntzara egokitzeko.

Nolanahi ere, eskaera berregitean diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.

Ondoko irizpideei jarraikiz eginen da doikuntza hori:

a) Enpresaren edo profesionalaren beraren baliabideekin (diruz laguntzen ahal den jarduerak sortzen ez dituenekin) eta jardueraren berariazko baliabideekin (cachea, sarreren salmenta...) finantzatzen den kopurua, hasierako eskaeran adierazitakoa, ezin izanen da murriztu.

b) Eskaera berregin ondoren banatzen diren azkeneko diru-laguntzak finkatzean, deialdian ezarritako gehieneko ehunekoak errespetatu beharko dira.

Berregindako proiektuak Ebaluazio Batzordearen adostasuna beharko du, laguntza ematea proposatu aurretik.

4. Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak.

4.1. Deialdi honetan aurkeztutako jaialdi eta/edo lehiaketa proiektuan 8. oinarrian aipatzen diren atalak jasoko dira (bertan adierazitako izenarekin eta ordenarekin), eta, edozein kasutan, atal hauek izanen ditu:

a) Izena.

b) Deskribapen zehatza. Atal honetan zehaztuko dira jaialdiaren/lehiaketan helburuak (orokorrak eta zehatzak), horiek lortzeko eginen diren ekintzak eta/edo jarduerak, eta deialdi honetan baloratuko diren gainerako alderdiak.

c) Zabalkunde plana. Atal honetan zehaztuko dira jaialdiaren/lehiaketaren sustapena, komunikazioa eta publizitatea egiteko jarduerak, bai eta ikusleei zuzendutako prestakuntza eta bitartekaritza jarduerak ere.

d) Aurrekontua. Atal honetan jaialdiaren/lehiaketaren aurrekontu osoa aurkeztu beharko da, eta bertan argi geldituko da entitateak dituen baliabide ekonomikoak (diru-sarrerak eta gastuak), giza baliabideak (bazkideak, boluntarioak, kontratudunak) eta baliabide materialak (azpiegiturak) koherenteak direla, jaialdiari/lehiaketari aurre egiteko. Aurrekontuaren deskribapena III. eranskineko ereduarekin bat etorriko da.

4.2. Oro har, jaialdiaren/lehiaketaren proiektua II. eta III. eranskinetan jasotako ereduko zehaztapenei jarraikiz aurkeztu beharko da.

5. Eskaeren aurkezpena eta dokumentazioa.

5.1. Laguntza eskaerak aurkeztuko dira oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduarekin bat eta bertan aipatzen diren agiriak nahitaez erantsita.

5.2. Eskaerak aurkeztuko dira Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan eta Erregistro Orokor Elektronikoan. Eskaerak erregistro elektronikoaren bidez tramitatzeko sinadura elektronikoa beharko da.

Postetxean aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehen orrialdearen idazpuruan bulegoaren izena, harrera data eta tokia agerrarazteko. Argibide horiek eskaera aurkeztu dela frogatzen duen gordekinean ere agertu beharko dira.

Aurkezpena Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez egiten denean izan ezik, eskabidearekin batera aurkezten den dokumentazioa paperean eta euskarri digitalean aurkeztu beharko da, tramitazioa eta balorazioa errazte aldera.

5.3. Eskabidearekin batera (I. eranskina), agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Profesionala edo enpresa den kontuan hartuta, agiri hauetako bat:

–Pertsona fisikoak, ondasun komunitateak edo nortasun juridikorik gabeko beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate izanez gero: nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia –edo, hala bada, nortasun txartelarena– eta pertsonaren edo pertsonen, parte-hartzaileen edo bazkideen identifikazio fiskaleko zenbakia. Halaber, jarduera profesionalean 2016ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik ari dela frogatzen duen agiria (EJZko erregistroa). Enpresen eta profesionalen jarduerak Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Tarifak eta Jarraibidea onesten dituen maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legearen sekzio hauetan sartutakoa izan beharko du: lehen sekzioa (enpresa jarduerak), 96. multzoa, 965. eta 983. taldeak, eta 99. multzoa; bigarren sekzioan (jarduera profesionalak), 85. multzoa, 853. taldea; hirugarren sekzioan (arte jarduerak), 01, 02 eta 03. multzoak.

–Merkataritza sozietateen forma juridikorik hartzen ez duten eta nortasun juridikoa duten sozietate zibilak izanez gero: sozietatearen kontratuaren kopia eta identifikazio fiskalaren kodearena.

–Merkataritza sozietateen kasuan: eraketaren edo, hala denean, aldaketaren eskrituraren kopia; Merkataritza Erregistroan egindako inskripzioaren estatutuena eta identifikazio fiskalaren kodearena.

b) Proiektuaren deskribapen memoria, II. eranskinean jasotako ereduaren araberakoa (zabalkunde/merkaturatze plana barne). Proiektuaren deskribapena gehienez ere 30 foliotan egin beharko da, eta, horietatik, zabalkunde planaren deskribapena Din A4 neurriko 6 orritan eginen da, gehienez ere, alde batetik idatzirik, gutxienez ere 11 puntuko letra mota arruntarekin.

c) Aurrekontu zehaztua. Memorian proiektuari buruz agertzen diren datu ekonomikoak III. eranskineko ereduari jarraikiz bete beharko dira, eta nahitaezko baldintza da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

5.4. Kultura Zuzendaritza Nagusiaren aurreko deialdietan parte hartu duten eskatzaileek ez dituzte aurreko puntuko a. atalean aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non ez den agiri horietan aldaketaren bat izan.

5.5. Eskabide ereduak, deskribapen memoria eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez bete eta tramitatu beharko dira: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/.

5.6. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.7. Diru-laguntzarako eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1. artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, hamar eguneko epean okerra zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio interesdunari posta elektroniko bidez, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

5.8. Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

6. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

6.1. Deialdi honen ondorioetarako, diru-laguntza jasotzen ahalko duten gastuak dira inolako zalantzarik gabe diruz lagundutako jardueraren ezaugarriekin bat datozenak eta oinarri hauetan ezarritako epean egiten direnak.

Diruz lagun daitezkeen gastuen kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Entitateak proiektua garatzean egiten dituen gastu hauek kontuan hartuko dira:

a) Zuzeneko kostuak.

–Proiektuan aurreikusitako ekintzak gauzatzeko beharrezkoak diren langileen eta artisten lansarien eta gizarte segurantzaren kostuak.

–Ostatu gastuak eta dietak.

Nafarroako Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartutako Erabakian agertzen diren baldintzetara mugatutako gastuak (erabaki hori 2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 17an, argitaratu zen).

Deialdi honen ondorioetarako, dieten gastutzat hartuko dira otordu nagusiei dagozkienak soilik (bazkaria eta afaria).

–Joan-etorriak.

Autoa erabiliz gero, zero koma hogeita hamar (0,30) euro km bakoitzeko, gehi autobideko (bidesariak) eta aparkalekuetako gastuak. Kilometro kopurua kalkulatzeko, abiapuntua pertsona fisiko edo juridikoaren egoitza soziala edo establezimendua izanen da.

Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere klase turistako txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da.

–Proiektua ekoitzi eta gauzatzeko beharrezkoak diren kanpoko baliabideak kontratatzearen ondorioz sortutako gastuak, hala nola tokien, ekipamenduen eta baliabide materialen alokairuak.

–Proiektuan sartutako jardueren zabalkunderako eta merkaturatzeko gastuak, gehienez ere %15.

Diru-laguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosiz gero, diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko da haien amortizazioa, proiektuari egozten ahal zaion proportzioan, kontabilitateko irizpide orokorren arabera (282/1997 Foru Dekretua).

b) Zeharkako kostuak.

–Zeharkako kostuen barrenean daude bai gastu orokorrak, onuradunak betetzen dituen jardueretako batzuei egozten ahal zaizkienak, bai gastu finkoak, jarduera jakin bati egotzi ezin zaizkionak baina beharrezkoak direnak diruz laguntzen den jarduera gauzatzeko.

–Proiektu bakoitzean diruz laguntzen ahal diren zeharkako kostuek proiektuaren aurrekontuan sartuta egon beharko dute, eta ez dira proiektuaren kostu osoaren %15etik gorakoak izanen.

–Finantza gastuak, aholkularitza juridiko edo finantzarioko gastuak, notario eta erregistro gastuak, diruz lagundutako proiektua egiteko peritu gastuak eta berariazko administrazio gastuak, horiek guztiak diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira, baldin eta zuzeneko lotura badute diru-laguntzaren xedeko jarduerarekin eta ezinbestekoak badira hura behar bezala prestatu nahiz burutzeko. Salbuespen gisa, bankuko bermeen gastuak diruz laguntzen ahalko dira diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute. Ez dira inolaz ere diruz lagunduko bankuko kontuen interes zordunak, ez eta interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak.

6.2. Gastu hauetarako ez da diru-laguntzarik emanen:

a) Ondasun higigarrien eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak. Azken kasu horretan, salbuetsita dago 6.1 puntuan ezarritakoa, diru-laguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erostekoa.

b) Proiektua garatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

c) Balio erantsiaren gaineko zerga, baita antzeko beste zerga batzuk ere, entitateak berreskura ditzaketenak.

d) Entitateko langileen ordainsariak, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 3 baino gehiago badira.

e) Ez dira onartuko laguntza eskatzaileak egindako lanen gastuen fakturak, Fakturazio betebeharrak arautzeko Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren 27. artikuluan ezarritakoa betez.

6.3. Antolaketako lankidetza proiektuei buruzko eskaeren kasuan, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluan ageri den moduan, onuradun izaten ahalko dira pertsona fisiko edo juridikoen, publikoen edo pribatuen elkarteak, ondasun-erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate, nortasun juridikorik ez izan arren proiektuak, jarduerak edo jokabideak gauzatzen ahal badituzte, edo diru-laguntza ematearen arrazoi den egoeran badaude.

Kasu horietan, espresuki agerrarazi beharko dira, bai eskabidean bai kontzesioaren ebazpenean, honako hauek:

a) Gauzatzeko konpromisoak, elkarteko kide bakoitzak bere gain hartuak.

b) Horietako bakoitzarengatik aplikatu beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa, horiek ere onuraduntzat joko baitira.

c) Nolanahi ere, pertsona bat izendatu beharko da elkartearen ordezkari edo ahaldun bakarra izan dadin, onuradun gisa elkarteari dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalmenen jabe. Foru Legean ezarritako preskripzio epea bukatu arte elkartea ezin da desegin.

Antolaketako lankidetza proiektuen kasuan, eskatzaile bakar batek bere izenean eskatzen badu proiektu baterako laguntza, eta proiektu horretan enpresa edo profesional batek baino gehiagok jartzen baditu baliabideak, ez nahitaez proportzio berean, proiektu bakar bat egiteko, orduan laguntza eskatzaileak espresuki agerrarazi beharko ditu alderdi hauek:

a) Antolaketako lankide bakoitzak bere gain hartutako exekuzio konpromisoak, alderdien arteko hitzarmen baten edo kontratu baten bidez.

b) Antolaketako lankide bakoitzak proiekturako egindako ekarpenaren zenbatekoa eta bakoitzak bere gain hartzen dituen gastuak.

c) Edonola ere, eskatzaileak frogatu beharko du diruz lagundutako gastuaren guztirakoa eta proiektua erabat gauzatu dela.

Antolaketako lankidetza kasuan, diru-laguntzaren onuradunak egiaz egiten eta justifikatzen duen gastuak bakarrik jaso dezake diru-laguntza.

Informazio hori guztia eskaerari eransten zaion memorian xehakatu beharko da.

7. Tramitazioa eta ebaluazioa.

7.1. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak tramitatuko ditu eskaerak, norgehiagokako araubidean.

7.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak izendatutako ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Honako hauek osatuko dute:

a) Batzordeburua: Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria eta, hori izan ezean, zuzendaritza horretako beste zerbitzu bateko zuzendaria.

b) Idazkaria: Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Ataleko teknikari bat, hitzarekin baina botorik gabe. Hori izan ezean, Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikari bat.

c) Batzordekideak: Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Ataleko burua eta kultura eta/edo ekonomia arloetako hiru aditu, horietako bat gutxienez Nafarroako Kultura Kontseiluko kide.

7.3. Balorazio eta esleipen prozesua.

1. Batzordeko kideek proiektuei buruzko dokumentazioak jasoko dituzte, baloratzeko.

2. Eskatzaileek ebaluazio batzordearen aurrean defendatzen ahalko dute beren proiektua, gehienez ere 15 minutuko azalpenak emanez. Horretarako, I. eranskinean dagokion laukian eskatu beharko dute. Batzordeak, edozein unetan, eskatzaileetako baten agerraldia eska dezake, aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko.

3. Behin onartutako aurrekontuak ezarririk, ebaluazio batzordeak proiektuen balorazioa eginen du, eta zehaztuko du 8. oinarrian eskatutako gutxieneko puntuazioak lortu dituzten proiektuei zer zenbateko dagokien, 3. oinarrian ezarritako mugak kontuan harturik.

–Gutxieneko puntuazioak lortu dituzten entitate eskatzaileek eskatzen dituzten zenbatekoen batura deialdiko kredituaren parekoa edo txikiagoa bada, eskatutako zenbatekoa emanen zaio eskatzaile bakoitzari.

–Batura hori deialdiko kreditua baino handiagoa bada, banaketa hainbanatua eginen da onuradunen artean. Horretarako, gutxieneko puntuazioak lortu dituzten eskatzaile guztien puntuak batuko dira, kreditu erabilgarria zenbateko horretaz zatituko da, eta horrela lortuko da puntuaren balioa. Eskatzaile bakoitzak jasoko duen zenbatekoa kalkulatzeko, balio hori lortutako puntuez biderkatuko da.

4. Batzordeak irizpen loteslea emanen du, lortutako emaitzak bilduko dituena.

7.4. Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

8. Proiektuen balorazioa.

8.1. Proiektuen balorazioa egin ahal izateko, entitate eskatzaileak deialdi honen II. eranskinean ageri den deskribapen memoriako ereduaren araberako eskabidea aurkeztu beharko du; eranskin horretan zehatz-mehatz jasotzen dira irizpide bakoitzaren barrenean baloratu beharreko alderdiak.

Informazio ekonomikoa III. eranskinean jasotako informazio ekonomikoari buruzko inprimakian osatuko da.

8.2. Aurreko irizpideak aplikatuta, gehienez ere 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari.

Diru-laguntza jasotzeko, 60 puntu eskuratu beharko dituzte gutxienez eta, horietatik, 35 puntu gutxienez, “Proiektua deialdiaren xedearekin, helburuarekin eta aplikazio eremuarekin bat etortzea” atalean lortu behar dira.

Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira proiektuak:

1. Proiektua deialdiaren xedearekin, helburuarekin eta aplikazio eremuarekin bat etortzea (70 puntu bitarte).

1.1. Proiektua. (50 puntu bitarte).

–Proiektuaren deskribapen laburpena (10 lerro).

–Jaialdiaren programazioa edo gidoia edo, hori izan ezean, ekitaldiaren edo ekitaldien laburpena, balorazioa egin ahal izateko.

–Zuzendaritzako memoria, talde artistiko eta teknikoaren deskribapena barne.

–Proiektuaren interes artistiko eta kulturala (helburuak, kalitatea, berrikuntza, sariak, aipamenak, zein ikusle motarentzat den...).

–Proiektuaren garrantzia eta egokitasuna, Foru Komunitateko arte eszenikoen eta musikaren arloan.

–Proiektuaren edukien eta helburuen arteko koherentzia.

–Esleitutako aurrekontuko kontu-sailen koherentzia.

–Sarreren salmenta prezioa edo inskripzioena, halakorik bada, antzeko beste proiektu batzuekin alderatuta.

–Proiektua gauzatzeko eguna/k eta tokia/k.

1.2. Titularraren ibilbidea eta jarduna. (5 puntu bitarte).

–10 urtetik gora. 5 puntu.

–7 urtetik 10 urtera bitarte: 3,5 puntu.

–5 urtetik 7 urtera bitarte: 2,5 puntu.

–3 urtetik 5 urtera bitarte: 1,5 puntu.

–Urte 1etik 3 urtera bitarte: puntu 1.

1.3. Nafar kultura egileen bitartez zabaltzea (5 puntu bitarte).

1.4. Euskararen presentzia proiektuan eta/edo haren zabalkundean eta sustapenean (5 puntu bitarte).

1.5. Berrikuntzako ekintzak esparru artistikoan (5 puntu bitarte).

–Lengoaia berriak eta ikuspegi originalak sartzea, proiektuan beste esparru artistiko batzuetako profesionalak sartzea.

2. Proiektuaren bideragarritasun eta koherentzia ekonomikoa (30 puntu bitarte).

2.1. Eskatutako diru-laguntzaren portzentajea, proiekturako onartutako aurrekontu osoa kontuan hartuta (BEZik gabe), (5 puntu bitarte).

–%30 arte: 5 puntu.

–%30etik gora %40 arte: 4 puntu.

–%40tik gora %45 arte: 3 puntu.

–%45etik gora %50 arte: 2,5 puntu.

–%50etik gora %55 arte: 2 puntu.

–%55etik gora %60 arte: 1,5 puntu.

–%60tik gora %65 arte: puntu 1.

–%65etik gora %70 arte: 0,5 puntu.

2.2. Bermatu edo berretsitako finantzaketaren portzentajea, proiekturako onartutako aurrekontu osoa (BEZik gabe) kontuan hartuta, diru-laguntza hau gabe. (5 puntu bitarte).

Hurrengo agirietakoren bat beharko da aurkeztu: baliabide berekiak (bankuko dokumentua edo zinpeko aitorpena, entitatearen legezko ordezkariak egina), maileguak, jarduteko kontratuak (kuantifikatuta eta sinatuta), berretsitako diru-laguntzak (haiek ematen dituen ebazpena), entitateari laguntza ekonomikoa emanen dioten entitateen ziurtagiriak.

–%41etik gora: 5 puntu.

–%31tik gora %41 arte: 4 puntu.

–%21etik gora %31 arte: 3 puntu.

–%11tik gora %21 arte: 2 puntu.

–%11 arte: puntu 1.

2.3. Diru-sarreren eta gastuen egituraren eta proiektuaren bideragarritasunaren arteko koherentzia (10 puntu bitarte).

2.4. Proiektuaren zabalkundea eta marketina: Komunikazio, publizitate, merkaturatze eta salmenta plana (10 puntu bitarte).

9. Diru-laguntza emateko ebazpena.

9.1. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita gehienez ere hiru hilabeteko epean. Epe hori berariazko ebazpenik argitaratu gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.

9.2. Diru-laguntza hau emateko prozeduran egiten diren ebazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web orrian argitaratuz jakinaraziko dira (http://www.navarra.es/home_es/servicios). Gainera, eskatzaileak berak emandako posta elektronikoaren helbidea baliatuko da eskatzaile bakoitzari jakinarazteko. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko iragarki oholean ere jarriko da deialdiaren ebazpena (Navarrería kalea, 39, Iruña).

9.3. Berariazko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz. Ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, noiznahi isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

9.4. Deialdi honi buruzko komunikazio oro bideratu beharko da Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan eta Erregistro Orokor Elektronikoan.

9.5. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, hura kudeatzen duen organora jo daiteke, difusion@navarra.es helbide elektronikoaren bidez edo 848424683 telefonoaren bidez.

10. Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, Kultur Mezenasgoaren ondorioetarako.

10.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuek, baldin eta helbide fiskala Nafarroan duten pertsona fisikoek egiten badituzte eta horiek ekonomia jardueren gaineko zergaren epigrafeetako batean alta emanda badaude (legearen 4.f) atalean aipatzen dira), interes soziala dutela esanen da, foru lege horrek dohaintzei, erabilera mailegu edo komodatuei eta lankidetza-hitzarmenei ezartzen dizkien zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako, baita sozietateen gaineko zergaren araudiak babes-kontratuen ondoriozko publizitate gastuei ezartzen dizkien kenkarien aplikazioaren ondorioetarako ere.

10.2. Kultur mezenasgorako zerga-pizgarriak aplikatuko dira baldin eta onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta aplikatu behar den gainerako araudian ezarritako betebeharrak eta baldintzak betetzen badituzte. Bereziki, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako betebeharrak betetzen badituzte, alegia, ziurtagiriak luzatzeari eta kasuan kasuko informazioa Nafarroako Zerga Ogasunari bidaltzeari buruzkoak. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

10.3. Orobat, haien proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek 13.1 oinarrian aipaturiko azken memoria batean zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina.

11. Onuradunen betebeharrak.

11.1. Onuradunek (salbu eta pertsona fisikoak direnak) diru-laguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko dute, telematika bidez, diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena eta, hala badagokio, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios, edo Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalaren bidez, deialdi hau kudeatzen baitu.

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

11.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen zaion proiekturako baizik ez da erabiliko laguntza, eta, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako beharkizunak beteko dira.

11.3. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako programa gauzatu dela eta zer gastu egin den.

11.4. Onuradunak laguntza jasotzen duten proiektuei buruzko ahozko edo idatzizko informazio edo komunikazio guztietan adierazi beharko du proiektu horiek Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren diru-laguntza jaso dutela.

11.5. Kultur Ekintza Zerbitzuari jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, hura gertatu eta berehala, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu.

Proiektuan edozein aldaketa egiteko Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da; zerbitzu horrek adostasuna emanen du baldin eta aldaketak onetsitako proiektua funtsean aldatzen ez badu, Ebaluazio Batzordearen ustean.

11.6. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso duela.

Diruz lagundutako proiektuaren egitarauan, afixetan, iragarkietan edo edozein motatako publizitatean Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute, eta jasotako finantzaketa deskribatzen duen testu bat ezarri.

Logotipoa jartzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web orrian kontsulta daitezke (/www.navarra.es/home_es/Gobierno+de+Navarra/Simbolo+oficial/), eta/edo Argitalpen Atalean.

Proiektua diru-laguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (esku-orriak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, diru-laguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logoa sartuko, aurreko ataleko baldintzei jarraituz.

11.7. Noiznahi ere onartzea Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana.

11.8. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

11.9. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, deialdietako oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistroak edukitzea.

11.10. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

11.11. Diru-laguntzaren onuradunek ebaluazio txosten bat aurkeztu beharko dute, proiektua amaituta. Txosten horretan, jaialdiaren/lehiaketaren alderdiak noraino bete diren adieraziko da, eskabidearekin batera aurkeztutako deskribapen memorian jasotakoarekin alderatuta.

11.12. Kudeaketa lanean konpromiso etikoa begiratzearren, eskatzaileak konpromisoa hartu beharko du, jardun egokiak izateko diruz laguntzen den jardueraren garapenean, bereziki lan harremanen esparruan.

12. Ordaintzeko moduak.

Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

12.1. Oro har:

Oro har, behin entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Proiektua bukatutakoan egin daiteke justifikazio hori, edo partzialki, proiektuaren %25, 50 eta 75 egindakoan.

Entitateak ondoko dokumentazioa aurkeztuko du justifikazio partzialean edo bukaerako justifikazioan:

a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta, egindako gastuen fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko frogagirien eta egindako ordainketen frogagirien zerrenda zehaztua, zenbakiz zenbaki emana, honako hauek adierazita: hornitzailea/emailearen izena, IFZ, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta osoa), ordainketaren data; zerrenda Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko frogagiriak eta egindako ordainketen frogagiriak, diru-laguntzaren helburua betetzen dela egiaztatzen dutenak.

c) 100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagiriaren bidez frogatuko dira. Zenbateko hori edo txikiagoa duten gastuen kasuan, berriz, fakturen bidez edo balio frogagarri bera duten gainerako dokumentuen bidez frogatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatu eta zigilatuta daudela, edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu.

d) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren baliabideekin edo beste diru-laguntza batzuekin finantzatu direnean, horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

e) Egindako jarduketak azaltzen dituen memoria laburra.

f) Diruz lagundutako proiektuari lotutako eta kontabilizatutako gastu eta diru-sarreren zerrenda.

Dokumentazio hori erregistroan aurkeztuko da eskaerarekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

12.2. Konturako ordainketa.

Konturako ordainketak egiten ahalko dira, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren.

Entitateak ondoko dokumentazioa aurkeztuko du justifikazioetan:

a) Gastuen fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailea/emailearen izena, IFK, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta osoa); zerrenda Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko frogagiriak, diru-laguntzaren helburua betetzen dela egiaztatzen dutenak.

c) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, baliabide berekiekin, besteren baliabideekin edo beste diru-laguntza batzuekin finantzatu direnean, diru-laguntza horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

d) Egindako jarduketak azaltzen dituen memoria laburra.

Dokumentazio hori erregistroan aurkeztuko da eskaerarekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

12.3. Salbuespenez:

Salbuespenez, jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira laguntzak, emandako diru-laguntzaren %50 aurreratuta, gehienez ere.

Horretarako, entitateak Kultur Ekintza Zerbitzuari eskatu beharko dio, diru-laguntzaren helburuak betetzeko funtsik ez duela frogatzeko dokumentazio egokia aurkeztuz (egoera-balantzea edo diruzaintzako egoera-orria, ordaintzeko dauzkan gastuak eta jasotzeko dauzkan ordainketak –proiektuarekin lotutakoak–).

13. Justifikatzeko epea eta modua.

13.1. Aurreko atalean aipatutako ordainketa moduen artean zein aukeratzen den ere, diru-laguntzaren likidaziorako onuradunek, 2017ko azaroaren 8a arte, hori barne, aurkeztu beharko dituzte erregistro bidez ondoren adierazten diren frogagiriak, paperean eta euskarri digitalean:

–12.1. oinarrian adierazitako dokumentazioa.

–Proiektuaren amaierako memoria.

–Proiektuan egindako jarduerei buruzko ebaluazio txostena.

–Elementu inprimatuak eta publizitatekoak eta/edo zabalkundea egiteko erabili diren web orrietarako lotura.

–Diru-sarreren eta gastuen zerrenda, aurrekontua orekatua dela egiaztatzeko. Aurrekontuaren aurreikuspenerako III.1 eranskinean eskatzen diren atalak eta kontzeptuak kontuan hartuta aurkeztu beharko dira, baina kasu honetan exekutatutako zenbatekoekin.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

Hala ere, konturako ordainketaren bat egin bada, onuradunek frogagiriak hiru hilabeteko epean aurkezten ahalko dituzte, diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko epea bukatzen denetik hasita, betiere horietan agertzen bada gauzatze epe horren barnean dauden gastuei dagokien ordainketa dela (fakturak eta merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten agiriak). Agiri horiek jaso eta aztertutakoan, organo kudeatzaileak espedientea ixteko txostena eginen du edo, bestela, oker kobratutako kopuruak itzultzeko espedientea hasiko du.

Ordainketa partzialen bat edo konturako ordainketaren bat egina badago, ez da beharrezkoa izanen aurkeztutako dokumentazioa berriz aurkeztea.

13.2. Ezarritako epean, edo zuzenketak egiteko ematen den epean, justifikatu ezean, justifikatu gabeko gastuei dagokien diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

13.3. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntzaren kontzesioan aipatzen den portzentajea aplikatuko zaie onartutako gastuen frogagiriei, jarduera egin eta gero onartutakoei, ordainketaren frogagiriak badituzte.

14. Bateragarritasuna beste diru-laguntza batzuekin.

14.1. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak.

Dena dela, bateraezina izanen da Nafarroako Gobernuak proiektu bererako ematen duen beste edozein diru-laguntzarekin.

14.2. Diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

14.3. Diru-laguntza hauek, norgehiagokako araubidean, bateragarriak dira merkatu bateratuarekin, Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren 53.d) artikuluari jarraikiz. Erregelamendu horren bidez, merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

15. Dirua itzultzea.

Onuradunak programa gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatzen ahalko zaio, bai eta diru-laguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

16. Arau-hausteak eta zehapenak.

16.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

16.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

17. Hornitzaileak kontratatzea.

Diru-laguntza jaso dezakeen kostua 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipamenduko ondasunen horniduraren kasuan edo aholkularitza eta laguntza enpresen zerbitzuen kasuan, onuradunak frogatu beharko du, organo emailearen aurrean, hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu duela.

Baldintza hori betetzen dela ulertuko da gutxienez hiru eskaintza eskatu, eta jasotako proposamenetatik onena hautatzen denean, salbu eta, diruz lagun daitezkeen gastuen ezaugarri bereziengatik, ez badago merkatuan hura hornitu edo ematen duten entitate kopuru nahikoa, edo gastua diru-laguntza eskatu aurretik egina bada.

18. Diru-laguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

19. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua.

II. ERANSKINA

Jaialdiko/lehiaketako proiektuaren deskribapen memoria.

III. ERANSKINA

Informazio ekonomikoa.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1704242