1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
97E/2017 EBAZPENA, martxoaren 9koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren urtarrilaren 11ko 2E/2017 Ebazpena aldatzen duena. Ebazpen horren bidez, Ingurumen ukipenetarako baimena eman zen, neurri batean eta baldintzapean, “BTT Zentroa-Trailrunning Kintoa” proiekturako, Esteribarko, Erroko, Baztango, Lantzeko eta Anueko udal mugapeetan. Sustatzailea Bike Eremua Elkartea da.
2017ko urtarrilaren 31n sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren urtarrilaren 11ko 2E/2017 Ebazpena aldatzeko eskaera, zeinaren bidez eskatzen baitzen 10 eta 15 ibilbideak baimentzea, hasiera batean proposatutako trazadura aldatzearen ondorioz, eta ezarritako fidantza kentzea.
Aurkeztutako dokumentazioa aztertuta eta kontuan izanik sustatzaileak emandako argudioak eta informazioa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak aldeko txostena egiten dio urtarrilaren 11ko 2E/2017 Ebazpena aldatzeko eskaerari, ikusi baita 10 eta 15 ibilbideen trazaduran proposatutako aldaketek ez dutela ukipen nabarmenik edo osagarririk sortzen ingurumenaren aldetik, hasierako proiektuan ebaluatutakoen aldean.
Era berean, jardueraren obrek kalterik sortzen badute haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko jarritako 3.000 euroko fidantza kentzeko eskaera onartu da, ulertzen baita proposatutako aldaketek ez dutela ukipen nabarmenik izanen ingurumenean.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.
Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren indarrez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren urtarrilaren 11ko 2E/2017 Ebazpena aldatzea. Ebazpen horren bidez, Ingurumen ukipenetarako baimena eman zen, neurri batean eta baldintzapean, “BTT Zentroa-Trailrunning Kintoa” proiekturako, Esteribarko, Erroko, Baztango, Lantzeko eta Anueko udal mugapeetan. Sustatzailea Bike Eremua Elkartea da.
Zehazki, 9, 10 (aldatua), 11, 12, 13, 14 eta 17 ibilbideetarako Ingurumen ukipenetarako baimena ematen da. Era berean, 3, 15 (aldatua), 16 eta 18 ibilbideetarako baimena ematen da, betiere Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren urtarrilaren 11ko 2E/2017 Ebazpenean zehaztutako baldintza orokorrak betetzen badira. Gainerako ibilbideetarako ez da ematen Ingurumen ukipenetarako baimena.
2. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Esteribarko, Erroko, Baztango, Lantzeko eta Anueko Udalei, Basozaintzari (Aezkoa-Kintoa eta Ultzama-Arakil barrutiak) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2017ko martxoaren 9an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.
Iragarkiaren kodea: F1703246