Iragarkia
80. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 26a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
92E/2017 EBAZPENA, martxoaren 1ekoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Sunbillako Udalak sustatutako Sunbillako Hirigintzako Udal Planari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena.
Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3.A eranskinaren B)1 atalean ezarritakoaren arabera, udal plan orokorrak Ingurumen ebaluazio estrategikoaren mende jarri behar dira eta Ingurumen ondorioen adierazpena behar dute, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.
Sunbillako Udal Plan Orokorraren Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura lurraldea okupatzeko estrategia eta eredua aurkeztearekin batera hasi zen. Hari 2006ko apirilaren 27an egin zitzaion txostena. Txosten horretan, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak adierazi zuen zer alderdi hartu behar den kontuan ingurumenaren aldetik Hirigintzako Udal Plana prestatzean.
Ondoren, 2013ko urriaren 4an egin bilkuran, Sunbillako Udalak Hirigintzako Udal Plana onetsi zuen hasiera batez. Planeko dokumentazio osoa jendaurrean paratu zen 2013ko 204. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, urriaren 22an.
Hirigintzako Udal Planaren azterketak, diagnostikoak eta proposamenek udal mugape osoa ukitzen dute. Bidasoa ibaiaren sakonunean dago kokatua, Bidasoa, Berroaran eta Kokoriko mendien artean. Sunbillaren lurraldearen ereduan, hirigunea Bidasoa ibaiaren ondoan dago, Bidasoa, Berroaran eta Kokoriko mendien artean. Ibar-behean, Bidasoa ibaiak lehen mailako korridore ekologiko bat osatzen du, eta, harekin batera, azpiegituren korridore bat dago: N-121-A errepidea, lehengo NA-1210 errepidea eta Bidasoaldeko trenaren bide berdea.
Hirigintzako Planaren helburu partikularretako bat da lurraldea okupatzeko ereduari eustea, bizitegitarako eta ekipamendutarako lurzorurako atzeman diren beharrei erantzunez. Ildo horretan, bizitegitarako zenbait tipologia proposatzen dira, baita lurzoruaren erreserba eskuratzea eskola kokatzeko eta arkitektura tradizionala babestea ere, aukera emanez eraberritzeak egiteko.
Hirigintzako Udal Planaren eta Ingurumen ondorioen azterlanaren proposamenak I. eranskinean zehazten dira.
Planak, hiri barnean, bizitegitarako garapen berriak zehazten ditu, batetik lurzoru urbanizagarriko bi eremutan (Allidi eta Sunbilanda alderdiak) eta, bestetik, hiri lurzoru finkatu gabeko batean (Iragieta alderdia). Erabilera aldaketa horiek, gehienetan, nekazaritzako lurzatietan, belardietan eta baratzeetan gertatzen dira, eta ez dute intereseko habitat edo ingurumen balioko edo paisaia intereseko eremu garrantzitsurik ukitzen; beraz, ez da ingurumeneko ukipen nabarmenik sortzen.
Lurraldearen baldintza nagusia Bidasoa ibaiak gainezka egiteko arriskua da, oraingo hiri lurzoruetan nahiz planean jasotako zenbait proposamenetan uholde arriskua dagoelako. Planean irizpide bateragarria eta uholde arrisku handiarekin bat datorrena aplikatzearen ondorioz, hiri lurzorutik baztertu dira 100 urteko birgertatzealdiko uholde arriskuak ukitzen dituen lurzatiak (Allidi alderdia); hortaz, garapen eredutik zaindu beharreko lurzoru urbanizaezintzat jo dira.
Planaren ingurumen ebaluazioaren barnean, Kantauriko Ur Konfederazioaren irizpenen balorazioa (arriskuaren gaineko informazioa barne) eta Uraren Zerbitzuaren balorazioa daude sartuta.
Uholde arriskuak hein batean edo bestean ukitzen dituen gainerako eremuei dagokienez eta abiapuntutzat hartuta PN5eko Lurralde Antolamenduko Planaren irizpideak eta “Nafarroako Bidasoa ibaian uholdeak izateko arriskuaren ebaluazioari, kudeaketari eta ur antolamenduari buruzko 2013ko azterlana”, Uraren Zerbitzuak honako hau adierazi zuen 2015eko abenduaren 16ko txostenean:
–Lehentasunezko jarioaren eremutik kanpoko AR1 eremua baimengarria da baldin eta bizitegitarako eremua, sotoak barne, kokatzen bada 100 urtean behingo uholdeak ukitzen ez dituen kota batean.
–Ez da gomendagarria AR2-S2 banaketa eremua garatzea, uholde arrisku handia baitu azalera gehienean, eta, bereziki gomendagarria da UE A ez baimentzea, ibairainoko tartea 50 metrotik beherakoa baita eta ibaiak urloan egiten duen kurbak ukitzen baitu.
–Uholde arrisku handiko lurzoruetan egin beharreko AA2, AA3, AA18, AA20, AA21 eta AA36 jarduketez bezainbatean, segurtasun neurriak hartuz egin daitezke, baldin eta inguruneko uholde arriskua okertzen ez badute. Nolanahi ere, Uraren Zerbitzuak ez du komenigarritzat jotzen jarduketa horiek garatzea, hurbil egoteagatik ibaitik, batik bat AA18 eta AA36.
Hezkuntzako ekipamendutarako eremua kokatzeko, Udal Planak aukerak aztertu ditu, irisgarritasunaren, zentraltasunaren, uholde arriskuaren eta tramitazioaren irizpideei jarraikiz. Azkenean hautatutako aukera (1. poligonoko 13., 14., 15. eta 881. lurzatiak) ez dago 100 urteko birgertatzealdiko uholde arriskuak ukiturik; horrenbestez, bateragarria da uholde arriskuaren baldintzekin eta batez besteko arriskuarekin. Araudiaren bitartez, beste neurri batzuk ere hartu dira, hala nola uholde arriskua duen polizia-eremutik kanpoko eraikina xedatzea.
Iragieta alderdian (UE1) hiri lurzorua handitzea bateragarria da ingurumenaren aldetik eremuaren ezaugarriekin, eta aldeko neurritzat hartzen da bide berdearen eta Iragieta errekaren inguruko berdeguneak antolatzea. Kasu horretan gomendagarria da berdegune horiek kudeatzeko irizpideei eranstea ibai ertzeko espezieak erabiltzekoa, hala nola Fraxinus excelsior-a edo Alnus glutinosa, eta ez landatzea espezie inbaditzaileak, akaziak kasu.
Lurzoru urbanizagarrirako gainerako proposamenak Sunbilanda alderdian kokatzen dira (S1 eta S3). Kota altuetan kokatuta, agerikoagoak dira hirigunetik eta komunikazio bide nagusietatik, eta, hortaz, topografian eta paisaian bat egiteko neurriak hartu behar dira; neurri horiek ordenantzetan eta araudian jaso dira. Dena dela, azpimarratzen ahal da eraikinak lurraldearen topografiara egokituko direla, harri-lubetak eta hondeaketako ezpondak sortuko dituzten lur-mugimenduak eta plataforma handiak egin gabe.
Honako neurri hauek, besteak beste, nabarmentzen dira plana ingurumenaren aldetik hobetzeko eta integratzeko erantsitako neurrien artean: baldintzak aplikatzea eremu maldatsuetan esku hartzean, lurzatiko lerrokadurak eta itxiturak zehaztea erreketako zortasun eremutik kanpo, errekei erantsitako berdeguneen kokalekua edo Sollenea alderdiko eta hirigunearen barneko zuhaitzak babestea.
Izan daitezkeen ukipen akustikoei dagokienez, bizitegitarako proposamen berriak N-121 errepidetik urrun kokatzen dira. Hiri lurzoruan aurreikusten direnen kasuan soilik (AA1, AA2, AA3, AA4 eta AA5) jasotzen du planak eraikinek isolamendu akustikoa izan behar dutela eta etxebizitzen barnean zarataz eskatzen dena bete behar dutela, eta, beharrezkoa bada, zarataren kontra babesteko neurriak hartuko dira lurzoru libre pribatuan. Planak udalerriko zonifikazio akustiko egokia dakar.
Landa lurzorua antolatzeko, ingurumenaren, paisaiaren, nekazaritzaren, oihangintzaren eta kulturaren aldetik balioa duten eremuak edo enklabeak identifikatu eta zedarritu behar dira, lurzoru urbanizaezinaren sailkapenean hirigintzako azpikategoria desberdinak esleitu behar dira dauden balioen arabera, eta erabileren araubide bat zehaztu behar da azpikategoria bakoitzerako.
Behin-behinekoz onetsi den dokumentazioan behar den moduan daude erantsita 2014ko abenduaren 1eko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuaren txosteneko irizpenak. Ondotik zehazten diren alderdiak planeamenduan erantsi behar dira:
–Nekazaritzako eta abeltzaintzako instalazioen tarteei dagokienez (ordenantzen 89. artikuluan daude jasota), sektoreko legedia bete beharko da (azaroaren 6ko 76/2006 Foru Dekretua, ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretua aldatzen duena).
–Uholde arriskua duten eremuen zonifikazioa, Uraren Zerbitzuaren txostenean zehazten den moduan, PN4 eta PN5eko eranskinetako irizpideetara egokituko da.
–Ibai eremua egoki mugatzea. N-1210 errepidetik ekialdera dauden eremuak, topografiagatik eta kokalekuagatik, ez dira ibai eremuak. Hortaz, mugatze hori berriz aztertu beharko da N-1210 errepideko 30, 29 eta 28.5 KPen inguruan.
Espedientean jasota daude Uraren Zerbitzuaren 2015eko abenduaren 16ko txostena eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuaren 2014ko abenduaren 1ekoa eta 2015eko abenduaren 18koa.
Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak, Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egin dela eta ingurumen baldintzak Planari nola gehitu zaizkion ikusita, aldeko txostena egin du, zenbait baldintzarekin.
Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ondorioen adierazpena egitea Sunbillako Hirigintzako Udal Planaren alde. Sunbillako Udalak sustatu du.
2. Ingurumen ondorioen adierazpen hau ematea baldin eta determinazio hauek betetzen badira:
–AR1 eremua garatzeko, bizitegitarako erabilerak, sotoena barne, kokatu behar dira 100 urtean behingo uholdeak ukitzen ez dituen kota batean.
–AR2-S2 lurzoru urbanizagarriaren garapena ez da baimendu behar arrisku handiko eremu batean egoteagatik.
–Ikusita dagoen arriskua, ez da gomendagarria AA2, AA3, AA18, AA20, AA21, eta AA36 jarduketak garatzea, eta, dena dela, garapen horretan, segurtasun neurriak hartu behar dira, baldin eta ez badute inguruneko uholde arriskua okertzen.
–Arriskuaren zonifikazioa erantsiko da, “Nafarroako Bidasoa ibaian uholdeak izateko arriskuaren ebaluazioari, kudeaketari eta ur antolamenduari buruzko azterlana” (2013) oinarritzat hartuta, eta arriskuei aurrea hartzeko lurzoruaren araudia LAP 2ko PN4 eta PN5ean ezarritakora egokituko da.
–Ordenantzetako 89. artikulua aldatuko da, nekazaritzako eta abeltzaintzako instalazioetatik hirigunerainoko tarteek bat egin dezaten sektoreko araudian ezarritakoarekin (azaroaren 6ko 76/2006 Foru Dekretua).
–Ibai eremuaren mugatzea egokituko da N-1210 errepidearen ingurunean.
–Oro har, Hirigintza Planaren aplikazio eta garapenean, Ingurumen ondorioen azterlanean bildutako neurri zuzentzaileak eta prebentziokoak aplikatuko dira.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau Udalen Hirigintza Planeamendurako Atalari eta Sunbillako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2017ko martxoaren 1ean.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.
I. ERANSKINA
Hirigintzako Udal Planaren eta Ingurumen
ondorioen azterlanaren laburpena
Hirigintzako Udal Planean garatutako proposamenek udal mugape osoa ukitzen dute, hau da, 10,33 km². Udalerria Bortzirietako mendigunean kokatzen da, eta Bidasoa ibaiaren sakongunearen inguruan eratzen da, Bidasoa, Berroaran eta Kokoriko mendien artean. Sunbillak eta ondoko beste udalerri eta kontzeju batzuek gobernatzen dituzte erabilera publikoko mendi horiek, fazeria moduan, ez baitira inongo udal mugaperen parte.
Lurraldea okupatzeko ereduan, hirigune zentral bat, Bidasoa ibaiaren inguruan kokatua, tipologia eta okupazio eredu desberdina duten bi auzotan banatzen da; halaber, sakabanatuta dauden baserriak zazpi auzo tradizionaletan biltzen dira.
Planak lurraldearen okupazio eredua zehaztean, haren osagai nagusiak identifikatzen ditu: Bidasoa ibaia eta ondoko eremuak, urak har ditzakeenak, bide azpiegituren korridorea, herria iparraldetik hegoaldera zeharkatzen duena (N-121-A, lehengo NA-1210 eta Bidasoaldeko trenaren bide berdea) eta auzoak. Sunbillako herria Bidasoa ibaiaren bi aldeetan kokatzen da, bi ardatzetan bermatutako egitura batean: kale-herria, iparraldetik hegoaldera, eta zubi-herria, ekialdetik mendebaldera. Lurraldearen baldintza nagusietako bat Bidasoa ibaiaren uholde arriskua da, eragina izan eta izaten duena herriaren oraingo hiri egituraren gainean.
Honako helburu hauek garatu behar dira planeamenduan:
–Planeamendua aztertzea eta hirigintza arloan indarra duen araudira egokitzea.
–Bidasoa ibaia ingurumenaren aldetik zaintzea, osagai egituratzaile babestua den aldetik, baita errekak eta ibai ingurunea ere.
–Lurzoru urbanizaezinaren kategorizazio zorrotza.
–Bordak eta baserriak eraberritzea jatorrizko erabileran oinarrituta.
–Lurzoru urbanizaezinean bizitegitarako eraikinak izan ditzaketen eremuak murriztea (auzo tradizionaletan baino ez).
–Egungo okupazio ereduari eustea.
–Egindako azterketaren arabera bizitegitarako aurreikusten den garapenera egokituta sortzea bizitegitarako eremuak.
–Sailkatutako hiri lurzoruei eustea eraikigarritasuna handituz, behar baino lurzoru gehiagorik ez sailkatzeko. Bizitegitarako tipologia desberdinak izateko aukera.
–Ekipamenduen eta ekipamendu publikoen arazoa konpontzea (eskolarena, esaterako).
–Oraingo arkitektura tradizionala babestea, hura eraberritzeko aukera emanez.
Hiri ingurunea antolatzeko proposamenak planteatu du lurzoru eraikigarriak handitzea Sunbillaren populazioa aintzat hartuta, hiri bilbeari jarraikiz leku egokietan, oraingo sarbideetan oinarrituta, eta, halaber, aurreikusi du horietako zati txiki bat bizitegi kolektiborako izatea, tipologia desberdinak egon daitezen.
Proposamen horren ondorioz, hiri lurzoruan indarra duen mugatzea aldatu da; izan ere, batetik, hiri lurzoruko zenbait lurzati baztertu dira (Allidi alderdia), 100 urteko birgertatzealdiko uholde arriskuak ukituta baitaude, eta, bestetik, bizitegitarako eremu berriak erantsi dira (Allidi, Sunbilanda eta Iragieta alderdiak), hiri bilbeari segida emanez.
Proposamen horiek 36 jarduketa asistematikotan zehazten dira: 74.354 m² 48 etxebizitzatarako, 25.520 m² hiri lurzoru finkatu gabe gisa (UE1) 17 etxebizitzatarako, eta 19.066 m² lurzoru urbanizagarri sektorizatuan (AR1 eta AR2) 41 etxebizitzatarako. AR2 banaketa eremuak hiru sektore ditu: S2 (Allidi), uholde arriskuak ukitua, eta S1 eta S3 (Sunbilanda), hirigunea herriko mendebaldeko magalean handitzen dutenak.
Hirigunearen ingurunea, batik bat mendebaldean dagoena, garapen eredua zaintzeko lurzorua izatera pasa da.
Eraikuntzaren babesa, batetik katalogoan jasotzen da, non babestutako eraikuntza guztiak baitaude, baita babestu beharreko balioak eta egiten diren obrek bete beharreko ezaugarriak ere. Eta, bestetik, planeko ordenantzek helburu dute arkitektura berria arkitektura tradizionalera egokitzea. Alde horretatik, eraikitako ondareari eusteko, funtsezkotzat jotzen da eraberritzea sustatzea.
Ekipamendurako eremuei dagokienez, 10 aukera aztertu ondoren zenbait irizpideren arabera, hezkuntzarako lurzorua aurreikusten da hiri barnean.
Sollenea eremua industriarako finkatzen da, eta eremu berririk ez da aurreikusten.
Landa eremuaren antolaketan, ingurumenaren, paisaiaren, nekazaritzaren, oihangintzaren edo kulturaren aldetik balioa duten eremuak edo enklabeak identifikatu eta zehazten dira. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen azpikategoriak eta LAP2ren ondoriozkoak kontuan izanik:
Honako hauek sartzen dira babestu beharreko lurzoruan ingurumeneko balioengatik:
–Bidasoa ibaia kontserbazio bereziko eremua (gisa horretan lehen mailako korridore ekologiko bat osatzen da ibar-behean) eta Bidasoara joaten den ibai sare osoa (ibai eremua, ubide eta ur-bazterren sistema).
Batasunaren intereseko habitatak eta lehentasunezkoak planaren araudian identifikatzen dira. Hona hemen: ibai ertzeko haltzadiak (91EO*), pagadi azidofiloak (9120), txilardiak eta sasiak (4030), urpekoak edo ur gaineko komunitate akuatikoak dituzten ibaietako beheko tarteak (3260) eta ertz lohitsuko ibaiak.
Erabilera publikoko mendiak (608 Bidasoa, 609 Berroaran, 610 Kokoriko) fazeriak dira, beste udalerri batzuekin partekatuak. Eremu horiek, beraz, udal mugapetik kanpo daude. Eremu horien kudeaketan, Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legea eta ondorengo aldaketak bete behar dira. Fazeria horiek mendiko loturagunetzat hartzen dira eta bertan aztarnategi arkeologiko ugari daude (Oiantzar, Ugatza, Artaleku, Bulatsegi, Buztizko Lepoa, Ugartza 2 Ekialde), kontuan hartu beharrekoak kultura aldetik duten balioagatik. Bidasoa bide berdea ere kultura balioko osagai gisa sartzen da.
–Arriskuak prebenitzeko lurzoruak dira Bidasoa ibaiaren ingurunean 500 urteko birgertatze-aldiak ukitzen dituen eremuak.
Zaindu beharreko lurzorua lurzoruaren bi azpikategoriatan banatzen da nagusiki. Azpikategoria bat basokoa da, non hariztiak eta koniferoen birlandaketak nagusitzen baitira, eta bestean, berriz, abeltzaintza estentsiboak paisaia irekia sortu du, belardiez, larreez eta zuhaitz multzoez osatua.
Jarduera berezietarako lurzoruaren azpikategorian, araztegia, Zubizargaina kanpina eta Larrakaizko lurzoru andeatua daude sartuta. Eremu horietako bakoitzak bere araudia darama loturik.
Baserriak sortzen duen jendeztatze era funtsezkoa izan da Sunbillako paisaia eratzeko. Baserriak zazpi auzo tradizionaletan biltzen dira: Añerdi, Aritzeder, Askigin, Bidasoa Ekialde, Bidasoa Mendebalde, Meaka eta Mendaur. Udal mugape osoa auzo horietako bati atxikitzen zaio.
Ingurumen ondorioen azterlana.
Ingurumen ondorioen azterlanak hirigintza planaren helburuak eta udal mugape osorako egindako proposamenak identifikatzen ditu. Halaber, Sunbillako okupazio eredua zehaztean kontuan hartu diren bi aukerak deskribatzen ditu.
Udalerriko ingurumenaren azterketak eta diagnostikoak datu sozioekonomikoak eta ingurune naturalaren datuak biltzen ditu, klimaren, geologiaren, geomorfologiaren, hidrologiaren, biogeografiaren eta landareria serieen, habitaten, mehatxupeko floraren, faunaren, babestutako naturaguneen, paisaiaren, kultur ondarearen gaineko informazioari buruz. Hortik abiatuta, proposatutako lurzoru urbanizaezinaren kategoriak baloratzen dira ingurumenaren aldetik. Orobat, landa lurzorua eta hiri lurzorua hirigunearen ondoan ukitzen dituzten eraldaketak identifikatu eta baloratzen ditu.
Ingurumen ondorioen azterlanaren 7. kapituluan, hiri lurzoruan, lurzoru urbanizagarrian eta lurzoru urbanizaezinean aplikatu beharreko neurri zuzentzaileak, prebentziokoak eta konpentsaziokoak zehazten dira, baita ingurumena babesteko plan bat ere, neurri horiek bete eta aplikatuko direla bermatzeko.
Iragarkiaren kodea: F1702808
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
