8. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

CÁRCAR

Deialdia, Udalaren zerbitzuko administrari laguntzailearen lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez aldi baterako betetzeko

1. oinarria. Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da administrari laguntzailearen lanpostu bat hautaproben bitartez aldi baterako betetzea, administrazio araubideko kontratazioaren bidez, batik bat La Caja Kultur Etxean aritzeko, nahiz eta Carcarko Udaleko bulegoetan ere aritu ahalko den.

1.2. Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua arautzen duen Foru Legean ezarritako mailetatik D mailari dagozkion ordainsariez hornituko da lanpostua, baita lanpostuari Carcarko Udalaren plantilla organikoan esleitzen ahal zaizkion ordainsari osagarriez ere bai.

1.3. Bi hilabeteko probaldia izanen da, eta bitarte horretan Udalak kontratua deuseztatu edo desegiten ahalko du, baldin eta denbora horretan Udalari iruditzen bazaio lanpostuaren zereginak ez direla berak nahi bezala bete.

1.4. Hautaprobak gainditurik deialdi honetako lanposturako kontratatzen den izangaia Gizarte Segurantzaren Sistema Orokorreko kide eginen da eta hartan inskribatuko.

1.5. Lanaldi osoan arituko da eta hura zerbitzuaren beharretara egokituko da. Administrazio organo eskudunek edozein unetan aldatzen ahalko dute.

Lan-ordutegia astelehenetik larunbatera bitartekoa izanen da, goizez edo arratsaldez, nahiz eta goizez eta arratsaldez aritzeko ordutegia ere ezarri ahalko den.

1.6. Lanpostuari dagozkion eginkizunak hauek dira:

–Jendeari harrera egitea La Caja Kultur Etxean edo Carcarko Udalaren bulegoetan.

–La Caja Kultur Etxean ematen diren zerbitzuen edo etorkizunean ematen ahal direnen antolaketan laguntzea (Liburutegia, Gimnasioa, Musika-gela, Ekitaldi-aretoa eta abar).

–Unean uneko udal batzordearekin lankidetzan aritzea kultur, kirol eta gizarte arloko jarduerak antolatzen.

–Udal kudeaketarako ANIMSAren programa informatikoak erabiltzea.

–Honako gai hauekin lotutako lanak egitea: kontabilitatea, biztanleen udal errolda, katastroa, jarduera ekonomikoen gaineko zerga, zirkulazioaren gaineko zerga, tasak eta kontribuzioak, obra-lizentziak, eraikuntzen gaineko zerga, erregistro zibila eta abar.

–Alor hauetan administrazio-lanetan laguntza ematea: Alkatetza, Idazkaritza, Kontabilitatea, Kultura eta Kirola.

–Udalaren web-orriaren mantentze-lanak egitea eta administrazio elektronikoarekin zerikusia duten lanetan aritzea.

–Microsoft Excel 2003 eta Microsoft Word 2003 testu prozesadorea erabiltzea.

–Alkatetzak agintzen dion beste edozein zeregin; betiere, bere eskumen, maila eta kategoriaren barrenean.

1.7. Probak gainditu ondotik, lanposturik gabe gelditzen diren gainerako izangaiei, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, aldi baterako kontratua egiten ahalko zaie, indarra duen araudian aurreikusitako kasuetan, harik eta zerrenda berri bat egin arte. Lan poltsa honek 5 urteko indarraldia edukiko du, eta Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.2.d) artikuluan ezarritakoa aplikatuz sortu da.

1.8. Hautapen probak 6. oinarrian azaltzen dira.

2. oinarria. Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea edukitzea, edo Europar Batasuneko edozein estatutakoa; bestela, ahaidetasun harremana izatea maiatzaren 24ko 10/2001 Foru Legean adierazi bezala. Halaber, langileen zirkulazio librea jasorik Europar Erkidegoak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio eremuko pertsonak izatea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, DBHko graduatuaren titulua, Eskola graduatuen titulua, erdi mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez izanik parte hartu nahi dutenek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.

2.2. Oinarri honen 2.1.c) atalean eskatzen den titulazio betebeharrak agiri bidez frogatu beharko dira, deialdi honen 9 atalean ezarritakoarekin bat.

2.3. Oinarri honetan ezarritako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

3. oinarria. Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Carcarko Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, edo Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aipatzen diren baliabideen bidez.

Eskabideak I. eranskinean argitaratzen den ereduari beharko zaizkio lotu.

Parte hartzeko eskabidean izangaiek adierazi behar dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera izangaiek Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia edo izangaiaren nortasuna frogatzen duen agiriarena aurkeztu beharko dute, bai eta titulazioarena eta bigarren oinarrian eskatzen diren gainerako baldintzena ere.

3.2. Minusbaliotasuna duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, minusbaliotasuna dutela frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, adierazi beharko dute zer minusbaliotasun duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

4. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

5. oinarria. Hautagaien onarpena.

5.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Carcarko alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Udalaren iragarki oholean eta web-orrian argitaratuko da.

Egun horretatik aurrera eta ondoko bost egun baliodunean, izangaiek erreklamazioak egiten ahalko dituzte edo eskabidean egindako akatsak zuzendu.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Udalaren iragarki oholean eta web-orrian argitaratuko da, deialdi honetan aipatzen diren hautapen probak egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.

5.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioetarako epea burututakoan eta haiei erantzun ondotik, Carcarko alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Udalaren iragarki oholean eta web-orrian argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5.3. Onartu eta baztertuen zerrenda argitaratzearekin ulertuko da jakinarazpena egina dela.

6. oinarria. Hautaproben nondik-norakoak eta balorazioa.

6.1. Lehiaketaldia. 10 puntu gehienez.

–Nafarroako toki entitate batean, administrazio alorrean egindako zerbitzu urte bakoitzeko: 3 puntu, urteko.

–Udaletako aplikazio informatikoei buruzko ikastaro bakoitzeko (errolda, kontabilitatea, diru-bilketa, katastroa eta abar). 0,05 puntu, ikastordu bakoitzeko.

6.2. Proba teorikoa. 90 puntu.

Bi ariketa egin beharko dira:

Lehenengo ariketan aukera anitzeko galdera sorta bati erantzun beharko zaio, erantzun zuzena bakarra izanik, hizkuntza, matematika eta ortografia inguruko gaitasunei eta, orobat, deialdiko II. eranskinean ageri diren gaiei buruzkoak.

Galdera guztiendako hiru erantzun emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Galdera guztiek balio bera izanen dute. Erantzun okerrek galdera bakoitzari emandako balorazioaren laurden bateko zigorra izanen dute. Ariketa hau egiteko izangaiek izanen duten denbora epaimahaiak adieraziko du, azterketa hasi baino lehen.

Proba honen balorazioa 60 puntukoa izanen da gehienez ere, eta gehieneko puntuazioaren erdia (30 puntu) gutxienez lortzen ez duten izangaiak kanpoan geldituko dira.

Bigarren ariketan epaimahaiak gai zerrendari buruz egiten dituen galderei erantzun beharko zaie eta/edo zenbait dokumentu idatzi beharko dira.

Proba honen balorazioa 30 puntukoa izanen da gehienez ere, eta gehieneko puntuazioaren erdia (15 puntu) gutxienez lortzen ez duten izangaiak kanpoan geldituko dira.

Proba hau egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere, bolaluma izan ezik.

Bi ariketa horiek egun berean, jarraian, eginen dira eta plika sistema erabiliko da.

Epaimahaiak Udalaren iragarki oholean jarriko du izangaien zerrenda, bakoitzak lortu dituen puntuekin.

6.3. Probetarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala edo pasaportea. Agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.

6.4. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua dutenentzat beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak ezarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7. oinarria. Epaimahaia.

7.1. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

7.2. Epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: María Teresa Insausti Sola, Carcarko Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Eduardo Sanz Arróniz, Carcarko Udaleko alkateordea.

Epaimahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko ordezkaria.

Epaimahaikidea: Mónica Pardo Pellejero, Carcarko Udaleko administrari laguntzailea.

Ordezko epaimahaikidea: Naiara Garcia Mir, Alloko Udaleko idazkaria.

Epaimahaikidea: Julio Sádaba Martínez, Sartagudako Udaleko kultura koordintzailea eta liburutegiko arduraduna.

Ordezko epaimahaikidea: Pablo Echeverria Ajona, Arroizko Udaleko idazkaria.

Mahaikide-idazkaria: José Joaquín Legarda Araiz, Carcarko Udaleko idazkaria.

Ordezko epaimahaikidea: Flor Laparte Rodríguez, Andosillako Udaleko idazkaria.

7.3. Epaimahaiko idazkariak behar diren aktak eginen ditu eta horietako bakoitza sinatu beharko dute mahaikide guztiek.

7.4. Epaimahaia modu baliodunean eratzeko eta jarduteko, beharrezkoa izanen da hura osatzen duten kideen gehiengo osoa bertan izatea.

7.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sortzen diren arazo guztiak, eta berdinketa suertatuz gero, mahaiburuak kalitateko botoa erabil dezake.

7.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

7.7. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta organo dei egileari hala adierazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen direnean.

Halaber, izangaiek mahaikideak errefusa ditzakete, arrazoi horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jendaurrean agertuko da hori, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

8. oinarria. Emaitzak.

8.1. Puntuazioan berdinketarik gertatzen bada, epaimahaiak eginen duen zozketa bakar baten bidez erabakiko da.

Zozketaren emaitzak Carcarko Udalaren iragarki oholean argitaratuko dira.

8.2. Behin proben kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak Udalaren iragarki oholean eta web-orrian jarriko du probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, guztira lortzen duten puntuazioaren ordenaren arabera.

Proba teorikoa gainditu duten izangaiak aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendetan sartuko dira.

8.3. Epaimahaiak probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeraren araberakoa, igorriko dio Carcarko Udaleko Osoko Bilkurari, eta puntuazio handiena lortu duen izangaia kontratatzeko proposamena eginen dio. Udalaren iragarki oholean eta web-orrian argitaratuko da.

9. oinarria. Agiriak aurkeztea.

Proposatutako izangaiak, proposamena Carcarko Udaleko iragarki oholean argitara eman eta hamabost egun naturaleko epean, udal bulegoetan ondoko agiriok aurkeztu beharko ditu:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia edo jaiotze aktaren ziurtagiria.

b) Eskatzen den titulazioaren fotokopia konpultsatua.

c) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

Epearen barrenean interesdunak agiri horiek aurkezten ez baditu, ezinbestean eta aski justifikatutako kasuetan salbu, ezin izanen da izendatu eta dagozkion eskubideak galduko ditu. Horrela gertatuz gero, gainditu dutenen puntuazioen zerrendan ondotik heldu diren izangaiei luzatuko zaie, hurrenez hurren, izendapen proposamena.

10. oinarria. Izendapena eta jabetza hartzea.

Izendatutako izangaiak hamabost eguneko epean jabetu behar du lanpostuaz, izendapena jakinarazten zaionetik hasita. Epe horretan, eta ezinbesteko kasuak salbu, jabetza hartzen ez badu, eskubide guztiak galduko ditu, eta, kasu horretan, alkate udalburuak probak gainditu dituztenen zerrendan ondo-ondotik heldu denarekin beteko du lanpostua.

11. oinarria. Aldi baterako kontratatzeko dei egitea.

11.1. Gainditu duten izangaiei Carcarko Udalean gertatzen diren beharren arabera eginen zaie dei, deialdi honetan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

11.2. Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), baita helbide elektroniko bat ere. Informazio hori etengabe eguneratua eduki behar dute.

11.3. Lanpostu baterako aldi baterako kontratazioa egin behar denean, une horretan zerrendako lehenbiziko lekuan dagoen izangaiari deituko zaio. Izangai bakoitza lokalizatzeko bi saiakera eginen dira telefonoz bi lanegun jarraituetan, eta dei horren frogak utziko dira, alegia, eguna, ordua eta inguruabarrak. Telefonozko harremana izateko lehenbiziko saiakerarekin batera, posta elektroniko bat bidaliko da izangaiak emandako helbide elektronikora. Mezu elektroniko hori egiten denetik egun bateko epean erantzunik lortzen ez bada, eta telefonoz hitz egiterik ere ez bada, zerrendako hurrengoari deituko zaio.

Izangai batekin harremanetan jarri, eta kontrataziorako eskaintza bat eginik, izangaiak erantzuten ez badu edo uko egiten badio, zerrendako azkeneko postura igaroko da, salbu frogatzen badu arrazoi justifikatuengatik uko egiteko kasu batean dagoela, 9.4 atalean xedatutakoarekin bat.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan duen lehentasunari eutsiko dio eta zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.

Izendapena eginda, eskaera egin duen toki entitateak aldi baterako kontratatuko du proposaturiko izangaia.

Deia eginda kontratu bat onartzen dutenei ez zaie zerrenda bereko beste lanposturik eskainiko kontratua indarrean den bitartean.

11.4. Honako hauek onartuko dira eskainitako lanpostua kontratatzeari uko egiteko arrazoi justifikatu gisa eta, beraz, ez dute izangaiaren lehentasun ordena aldatuko aldi baterako kontratazioko izangaien zerrendetan:

a) Aldi baterako ezintasuna.

b) Amatasun edo aitatasun baimena.

c) Hiru urtez azpiko haurra zaintzea edo hiru urtez azpiko adingabea harrera iraunkorrean edo adoptatua izatea.

d) Zaindu behar badu bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, adina, istripua edo eritasuna dela-kausa bere burua ezin gobernatu duena.

e) Norberaren ezkontza edo Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera parekatutako egoera, baldin eskainitako kontratazio administratiboaren hasiera eguna hura eratu ondoko edo aurreko hamabost egun naturalean bada.

f) Kontratazioren bat indarrean izatea, administrazio araubidekoa edo lanekoa izan.

g) Desgaitasunen bat behar bezala onartua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren ezaugarri bereziekin.

2.–Aipatu egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izanen dute, errefusatu duten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, agiri bidez eta fede emanez justifikatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

Kontratazio eskaintzari uko egiteko arrazoi justifikatua frogatzen duen dokumentazioa epe barrenean aurkezten ez bada, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.

Uko egiteko arrazoi justifikatua dagoenean, idatziz adierazi beharko dute noiz dauden berriz lanerako prest, uko egitea ekarri zuen egoera bukatzen den egunetik hasita. Jakinarazpen hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

11.5. Deia eragiten duen zerrendatik baztertuko dira ondoko egoera hauetako batean dauden izangaiak:

a) Kontratazio eskaintza onartuta dela, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoiagatik.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu horren arrazoia baldin bada beste kontratu bat sinatu dela beste entitate publiko edo pribatu batekin. Agiri bidez eta modu fede-emailean frogatu beharko da hori, ukoaren formalizaziotik 7 egun naturaleko epean. Kasu honetan, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.

c) Lanpostua bertan behera uztea.

d) Probaldia ez gainditzea, kontratuan aurreikusi den kasuetan.

e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.

11.6. Deia jasotzen dutenek deialdian titulazioari eta bestelakoei buruz eskatutako betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua edo jaiotze aktaren ziurtagiria.

b) Eskatzen den titulazioaren fotokopia konpultsatua.

c) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

11.7. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertuko dira, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

12. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien edo hura aplikatzeko epaimahaitik etortzen ez diren egintzen kontra, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkezten ahalko da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian eskumena duen organoari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiak ematen dituen egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da deialdia egin duen udal organoari zuzenduta, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik, hilabeteko epean.

Carcarren, 2016ko abenduaren 28an.–Alkatea, M.ª Teresa Insausti Sola.

1. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

2. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.–Carcarko udalerria. Kaleen, bideen, herri-lurretako finken, mendien eta landa bazterren izena eta kokalekua. Udal ondarea, festak, historia, herriko tradizioak, usadioak eta ohiturak. Elkarteak: udal mugapeen, eraikinen eta lurzatien identifikazioa.

2.–Administrazio agiriak. Ofizioa, eskabidea, errekerimendua, ziurtagiria, akta, zirkularra, egintzen eta erabakien igorpena eta jakinarazpena.

3.–Hizkuntza, ortografia eta zenbakien arloetako gaitasuna.

4.–Testu prozesadoreak: oinarrizko kontzeptuak. Microsoft Word 2003: lan esparrua; idatzi eta editatzea; testu formatua; orrialdea diseinatu eta konposatzea; estiloak; txantiloiak; tresnak; taulak; artxiboak administratzea; korrespondentzia konbinatzea; eremuekin lan egitea; lan ingurunea pertsonalizatzea; inprimatzea.

5.–Kalkulu-orriak: oinarrizko kontzeptuak. Microsoft Excel 2003: oinarrizko kontzeptuak; laneko liburuak; orriak; gelatxoak; gelatxoak eta komandoak hautatzea; datuak sartzea; formulak eta loturak sortzea; funtzioak erabiltzea; kalkulu-orri bat editatzea; formatuak; grafikoak; taula dinamikoak; inprimatzea.

6.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

7.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa. Atariko titulua. I. titulua. Toki Ogasunen baliabideak. II. titulua. Udal zergak.

8.–Udal errolda: Biztanleen udal erroldaren ezagutza orokorra. Biztanleen udal erroldako tramiteak eta prozedurak.

9.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua: Udalerria, Nafarroako toki entitate. III. titulua: Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea. IV. titulua. Toki entitateen ondasunak. VIII. titulua. Toki ogasunak. IX. titulua: Nafarroako toki entitateen jarduketak: prozedura eta araubide juridikoa, inpugnazioa eta kontrola:

10.–35/2002 Foru Legea, abenduaren 20koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzkoa. V. titulua: Administrazioaren esku-hartzea eraikuntzan eta lurzoruaren erabileretan, eta hirigintzako diziplina: Hirigintzako lizentziak.

11.–4/2005 Foru Legea, martxoaren 22koa, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzkoa: III. titulua: Udalaren lizentzia behar duten jarduera sailkatuak.

12.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena: I. titulua: Xedapen orokorrak.

13.–507/2016 Foru Agindua, ekainaren 10ekoa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, 15.000 biztanletik beherako Nafarroako toki-entitateen artxiboak antolatu eta kudeatzeko jarraibideak onesten dituena (2016ko 137. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 15ekoa).

Iragarkiaren kodea: L1614881